Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2023ko azaroaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5088

AGINDUA, 2023ko urriaren 25ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Gobernu Idazkaritzako «Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari laguntzeko» lanpostua izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzan «Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari laguntzea» izeneko lanpostua (370000 lanpostua, 1 dotazioa) hutsik dagoenez, aipatutako lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten da, Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen 1451/2005 Errege Dekretuaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Lanpostu horren izena, kokapena eta ordainsaria ebazpen honen eranskinean zehazten dira, honako klausula hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko eta Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoetako karrerako funtzionarioek eskatu ahal izango dute deialdi honetako lanpostua, baldin eta zerbitzu aktiboan edo lanpostua gordetzea dakarren beste edozein egoeratan badaude eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak hamar egun balioduneko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideetan, datu pertsonalak eta egungo lanpostua adieraziko dira. BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzerik ez badago, BOEn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira epeak.

Eskabideak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio, eta honako toki hauetan aurkeztuko dira: erregistro elektroniko orokorrean, Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATetako sarrera-erregistroetan, edo Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo administrazio-prozeduraren indarreko araudian aurreikusitako moduan.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta azaldutako merezimenduen egiaztagirien fotokopia konpultsatuez gain, curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, zeinetan hauek adieraziko baitira:

a) Titulu akademikoak.

b) Betetako lanpostuak, bai Administrazioan, bai enpresa pribatuan.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, argitaratutako lan zientifikoak, aurkeztutako txostenak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki ikusten duen gainerako merezimendu oro.

Hirugarrena.– Ebazpena eta destinoa esleitzea.

1.– Izendapena egin ahal izateko, lanpostu-zerrendetan lanpostuaren arduradun denak txostena egin behar du aurrez, bat etorriz Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegia onartzen duen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 59. artikuluan ezarritakoarekin.

2.– Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da gehienez bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, zeina, salbuespenez, hilabetez luzatu ahal izango baita gehienez. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. BOEn eta EHAAn aldi berean argitaratzea ezinezkoa balitz, BOEn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

3.– Izendatutako funtzionarioa destino berriaz jabetzeko, Justizia Administrazioko funtzionarioen sarbiderako, lanpostu-hornikuntzarako eta lanbide-sustapenerako Arautegiaren 52. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Lanpostuaz jabetu aurretik, interesdunak fede emanez adierazi beharko du ez dagoela arautegian aurreikusitako bateraezintasun-kasuren batean.

4.– Izendapena egin zuen agintariak berak kendu dezake lanpostutik izendatutakoa, diskrezionalki. Izendatutakoak uko egin diezaioke lanpostuari, eskabide arrazoitu baten bidez egin ere, eta lanpostuan gutxienez urtebetez jardun ostean, betiere. Eskabidean, bestalde, ukoaren arrazoi profesional eta pertsonalak adierazi beharko ditu. Lanpostutik kendu den edo lanpostuari uko egin dion funtzionarioa, behin betiko beste lanpostu bat lortu bitartean, behin-behinean atxikiko zaio bere kidegoko beste lanpostu bati, udalerri berean. Atxikitze horrek kargugabetze-ebazpena edo ukoa onartzekoa eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Lanpostutik kendu den edo lanpostuari uko egin dion funtzionarioak lehentasuna izango du, jardunean aritzen zen herriko lanpostu generikoak betetzeko, lehiaketara deitzen diren lehenengo aldian; gainera, herri horretan deitutako lanpostu guztiak eskatu beharko ditu. Lehiaketa horretan parte hartu ezean, edo eskatutakoetarik bat ere lortzen ez badu, esleitu gabeko edozein lanpostu behin betiko esleituko zaio.

Laugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da dagokion administrazioarekiko auzien organoan, bi hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 25a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala