
215. zk., 2023ko azaroaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 14 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5065
EBAZPENA, 2023ko urriaren 31koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistema sortzeko eta informatzaileak babesteko Arautegia argitaratzekoa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauak –Batasuneko Zuzenbidearen arau hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoak–, funtsezkotzat jotzen du, interes publikorako kaltegarriak diren Batasuneko Zuzenbidearen arau hausteak aurkitu eta prebenitzeko orduan, beren lan jardueren testuinguruan arau hauste horien berri izan duten pertsonek betetzen duten eginkizuna arau hauste horien berri ematen dutenean.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legeak, Arau hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzekoak, Espainiako zuzenbidean txertatzen du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 Zuzentaraua, eta, bere egiten du helburu nagusia, hau da: lan edo lanbide testuinguru batean arau hausteak hautematen dituzten eta bertan araututako mekanismoen bidez arau hausteok komunikatzen dituzten pertsonak babestea.
Helburu horiekin, otsailaren 20ko 2/2023 Legeak ezartzen du II. tituluko xedapenek behartutako pertsona juridikoek barneko informazio sistema bat izan beharko dutela, bertan ezarritako baldintzetan, eta 13. artikuluan, pertsona juridiko horien artean berariaz jasotzen dira unibertsitate publikoak.
Testuinguru horretan, eta otsailaren 20ko 2/2003 Legea betetzeko, 2023ko urriaren 19an Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zuen Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistema sortzeko eta informatzaileak babesteko Arautegia.
Bestalde, aipatutako erabakian xedatu zen arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabaki baten bidez, eta indarrean sartzea argitaratu eta hurrengo egunean.
UPV/EHUren Estatutuen 187.1 d) artikuluak idazkari nagusiari ematen dio UPV/EHUren erabaki guztien publizitatea bermatzeko eginkizuna. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, berriz, 10. artikuluan ezartzen du antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita eta horien aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengoa.– Bidaltzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistema sortzeko eta informatzaileak babesteko Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2023ko urriaren 19an onartua, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira eta Estatuko Aldizkari Ofizialera, haietan argitara dadin, eranskinean jasotzen den moduan.
Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, bere aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango zaio erabakia eman zuen organo berari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ezin izango dira bi errekurtsoak batera aurkeztu.
Leioa, 2023ko urriaren 31a.
UPV/EHUko idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO BARNEKO INFORMAZIO SISTEMA SORTZEKO ETA INFORMATZAILEAK BABESTEKO ARAUTEGIA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
ARAUTEGIAREN XEDEA ETA EZARPEN PRINTZIPIOAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Arautegi honen xedea da Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistema sortu eta arautzea errepresalien aurrean babes egokia emateko arautegi honetan zehazten diren ekintzen edo omisioen berri ematen duten pertsona fisikoei, otsailaren 20ko 2/2023 Legea, Arau hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteari buruzkoa, betetzeko (aurrerantzean, otsailaren 20ko 2/2023 Legea).
2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, informazio, komunikazio edo salaketatzat hartuko da barneko informazio kanala erabilita unibertsitatearen eskumenen arloan era daitezkeen gertakari edo jokabide baten edo batzuen berri ematea, baldin eta gertakari edo jokabide horiek:
a) Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau haustea izan badaitezke, otsailaren 20ko 2/2023 Legeak zehaztutakoari jarraikiz.
b) Arau hauste penala edo arau hauste administratiboa, larria edo oso larria, izan badaitezke. Horien artean sartzen dira Ogasun Publikoari eta Gizarte Segurantzari kalte ekonomikoa eragiten dieten arau hauste penal edo administratibo larri eta oso larri guztiak.
c) Laneko segurtasun eta osasunaren arloan osasun zuzenbideko arau hausteei buruzko informazioa ematen duten langileen kasuan, arautegi honetan zehaztutako babesa eta otsailaren 20ko 2/2023 Legean zehaztutakoa ez da eragozpen izango kasuan kasuko berariazko araudia ezartzeko.
3.– Artikulu honetako 1. atalean zehaztutakoaren ondorioetarako, informatzaileak dira arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutakoak.
2. artikulua.– Barneko informazio sistema zuzentzen duten printzipioak.
Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistemak, bai eta arautegi honen ezarpenak ere, printzipio hauek ditu gidari:
– Fede onaren printzipioa: barneko informazio kanalaren bidez informazioa ematen duten pertsonek fede onez jardungo dute, eta ez dute akusazio faltsurik egingo bitarteko horren bidez. Nahita adierazpen faltsuak, engainagarriak edo fede txarrekoak egiten dituzten langileei erantzukizun zibil, penal edo administratiboa ezarri ahal izango zaie, indarrean dagoen legeriaren arabera.
– Informatzailearen aurkako errepresaliak debekatzearen printzipioa: Euskal Herriko Unibertsitateak salatzaileen aurkako errepresaliak debekatzeko neurri egokiak hartuko ditu, errepresalia mehatxuak eta errepresalia saiakerak barne, arautegi honek eta otsailaren 20ko 2/2023 Legeak, Arau hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautu eta ustelkeriaren aurka borrokatzekoak, zehaztutakoari jarraikiz.
– Konfidentzialtasun printzipioa: neurri egokiak hartuko dira barneko informazio kanalaren bidez aurkeztutako informazioak eragindako pertsona guztien identitatea babesteko eta haien datuen konfidentzialtasuna bermatzeko ikerketa prozesuaren etapa guztietan; hala ere, egoki denean, epaitegi eta auzitegi eskudunetara, Fiskaltzara eta gainerako agintaritza eskudunetara bidali ahalko da, informazioak eragindako ikerketen ondorioz bidezkoak diren prozedura judizialak izapidetzeko beharrezkoa denean.
II. KAPITULUA
APLIKAZIO EREMUA
3. artikulua.– Ezarpen eremua.
Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistema bere eskumeneko arloan egindako ekintza eta omisioei buruzko informazioa emateko bide nagusia da, ekintza eta omisioak arau hauste penal edo administratibo larria edo oso larria edo Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau haustea izan daitezkeenetan, betiere, arau haustea modu eraginkorrean tratatu badaiteke eta informatzailearen ustez, kontuan izanda hurrengo artikulua, errepresalietarako arriskurik ez badago.
4. artikulua.– Aplikazio eremu pertsonala.
1.– Arautegi hau ezarriko zaie UPV/EHUko lan edo lanbide arloan aurreko artikuluan zehaztutako arau hausteei buruzko informazioa legez lortu eta Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistema erabilita horren berri eman duten pertsonei, batez ere, unibertsitateko langile direnei, lan kontratudunei zein funtzionarioei.
2.– Arautegi hau ezarriko zaie, era berean, amaitutako enplegu publikoko zerbitzua eman bitartean lortutako arau hausteei buruzko informazioa jakinarazten duten pertsonei, bekadunei, bai eta funtzionario edo lan harremana hasi gabe duten langileei ere, baldin eta arau hausteei buruzko informazioa hautaketa prozesuan zehar lortu badute.
3.– otsailaren 20ko 2/2023 Legean jasotako informatzailea babesteko neurriak, Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sisteman ezarriko direnak, honako hauei ere ezarriko zaizkie:
a) Langileen legezko ordezkariei, informatzaileari aholku eta laguntza emateko eginkizunak betetzen ari direnean.
b) Informatzailearekin harremana duten eta errepresaliak jasan ditzaketen pertsona fisikoei, hala nola haren lankideei edo senideei;
c) Euskal Herriko Unibertsitateko araudiaren babesean unibertsitatean zerbitzuak betetzen dituen informatzaileari laguntza ematen dioten pertsona fisikoei.
II. TITULUA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO BARNEKO INFORMAZIO SISTEMAREN ANTOLAKETA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
5. artikulua.– Antolaketa.
Arautegi honen ondorioetako, barneko informazio sistema osatzen dute: barneko informazio kanalak, horren bidez aurkeztutako informazioa kudeatzeko prozedurak eta sistemaren arduradunak.
6. artikulua.– Barneko informazio sistemaren ezaugarriak.
Barneko informazio sistemak ezaugarri hauek izango ditu:
a) Arautegi honetako 4. artikuluan zerrendatutako edozein pertsonak jo ahal izango du sistema honetara 3. artikuluan zehaztutako arau hausteen berri emateko.
b) Modu seguruan diseinatu, ezarri eta kudeatuko da, bermatuta egon behar baita informatzailearen eta komunikazioan aipatutako beste edozeinen konfidentzialtasuna, eta, era berean, bermatuta egon behar da komunikazioa kudeatzeko faseetan egiten diren jardueren konfidentzialtasuna eta datuen babesa, eta eragotzita egon behar da baimenik ez duten langileak sartzea informazio guzti horretan.
c) Komunikazioak idatziz zein ahoz aurkeztu ahal izango dira.
d) Bermatuko du aurkeztutako komunikazioak eraginkortasunez tratatzea Euskal Herriko Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatea izan dadin ustezko irregulartasuna jakiten lehena eta konponbidea ematen lehena.
e) Sistemak arduradun bat izango du otsailaren 20ko 2/2023 Legeak 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.
f) Prozedura bat izango du bidalitako informazioa kudeatzeko arautegi honi jarraikiz.
II. KAPITULUA
BARNEKO INFORMAZIO KANALA
7. artikulua.– Barneko komunikazio kanala sortzea.
1.– Barneko komunikazio kanala eratuko da, egoitza fisikoa eta elektronikoa izango dituena, Euskal Herriko Unibertsitateko Barneko informazio sistemaren funtzionamendua antolatzeko.
2.– Barneko kanal horretan, komunikazioak idatziz edo ahoz –ahots artxibo baten bidez– egin ahal izango dira, edo bietara.
Informatzaileak hala eskatuz gero, aurrez aurreko bilera egin ahal izango du sistemaren arduradunarekin, gehienez ere zazpi eguneko epean.
8. artikulua.– Irisgarritasuna.
Barneko komunikazio sistemara Euskal Herriko Unibertsitatearen hasierako web orritik sartu ahal izango da.
9. artikulua.– Konfidentzialtasuna.
1.– Barneko informazio kanalera heltzen diren komunikazioak aurkezten diren unetik bertatik kudeatuko dira, konfidentzialtasuna zorrotz beteko da, eta informatzailearen anonimotasuna eta hari buruzko gainerako datuak babestuko dira beti, bai eta aurkeztutako komunikazioaren inguruabarrak ere.
2.– Barne kanalaren bitartez aurkeztutako informazioa kudeatzean konfidentzialtasuna hautsiz gero, ordenamenduaren ez-betetze larritzat hartuko da, eta erantzukizunak exijituko zaizkie egileei, barneko informazio sistemaren arduradunak egindako proposamenari jarraikiz.
III. KAPITULUA
KOMUNIKAZIOEN KUDEAKETA
1. ATALA
ALDERDI FORMALAK
10. artikulua.– Komunikazioak aurkezteko era.
1.– Barneko kanal horretan, komunikazioak edo salaketak idatziz edo ahoz aurkeztu ahal izango dira: ezarritako egoitzan aurrez aurreko bilera eginda edo horretarako prestatutako edozein bitarteko elektronikoren bitartez edo telefonoz edo ahots mezuaren bidez.
2.– Ahozko komunikazioak dokumentatu egin beharko dira, informatzailearen aldez aurreko baimena eskuratuta. Horretarako, elkarrizketa grabatuko da, edo hura osorik eta zehatz-mehatz transkribatu, informatzaileak egiaztatu eta onartu ondoren. Bestalde, informatzaileari ohartaraziko zaio bere datuak tratatuko direla Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoan, xedatutakoaren arabera. Datuak babesteko araudiaren arabera informatzaileak dituen eskubideei kalterik egin gabe, aukera emango zaio elkarrizketaren transkripzioa egiaztatu eta zuzentzeko, eta onartzeko transkripzioa sinatuta.
3.– Komunikazioa barneko kanal horren bidez bideratzen dutenei modu argi eta irisgarrian emango zaie kanpoko informazio kanalen berri, agintari eskudunen aurrean eta, hala badagokio, Europar Batasuneko erakunde eta organismoen aurrean baliatzeko.
4.– Barneko informazio kanalak komunikazio anonimoak aurkeztea eta izapidetzea onartuko du. Horrela egin ezean, informatzaileak helbide bat, posta elektroniko bat edo leku seguru bat adierazi ahal izango du jakinarazpenak jasotzeko.
5.– Komunikazio bat jasotzen denean arautegi honetan jasotako bidea erabili gabe, edo komunikazio hori tratatu eta kudeatzeko ardura ez daukaten langileen bidez, bermatuko da komunikazio hori jaso duten langileek ez dutela informaziorik emango ahalbidetuko duenik informatzailea edo eragindako pertsona identifikatzea, eta, era berean, bermatuko da komunikazio hori, bere horretan, aldaketarik egin gabe, berehala bidaliko zaiola sistemaren arduradunari.
11. artikulua.– Komunikazioa hartu izanaren agiria.
Sistemaren arduradunak komunikazioa edo salaketa jaso izanaren agiria bidaliko dio informatzaileari komunikazioa edo salaketa jaso eta gehienez ere zazpi egun naturaleko epean. Hala ere, ez da jaso izanaren agiririk bidaliko informatzaileak uko egin badio jakinarazpenak jasotzeari edo sistemaren arduradunaren ustez, behar bezala arrazoituta, arriskuan egon badaiteke informatzailearen identitatearen babesa.
12. artikulua.– Erregistroa.
1.– Barneko kanal honen bidez bidalitako komunikazio edo salaketa guztiak, formatua edozein dela ere, behar bezala erregistratuko dira, eta bertan jasoko dira horiek kudeatzeko oinarrizko mugarriak. Erregistroak erabateko konfidentzialtasuna gordeko du beti, eta sistemaren arduraduna eta bere bulegoko langileak baino ezin izango dira sartu.
2.– Erregistroa egiterakoan, gutxien dela, hauek zehaztuko dira:
a) komunikazioa zein gunetan hartu den
b) identifikaziorako esleitu zaioen zenbakia edo kodea
b) egin diren jarduerak
c) arautegi honetako artikuluan zehaztutako txostenaren laburpena
d) amaiera data.
2. ATALA
IKERKETAREN FASEAK
13. artikulua.– Komunikazioa jasotzea eta onartzea.
1.– Komunikazioa behin erregistratuta eta jaso izanaren agiria behin bidalita, sistemaren arduradunak begiratuko du ea bertan azalduko gertakariak edo jokabideak arautegi honetako 3. artikuluan jasotako aplikazio eremuaren barruan dauden, eta informazioa erregistroan sartu denetik hamar egun balioduneko epean, hauetakoren bat egin ahal izango du:
a) Komunikazioa tramitera ez onartzea, kasu hauetarakoren batean dagoelako:
– Kontatutako gertakariek ez dute inolako egiantzik.
– Kontatutako gertakariak ez dira ordenamendu juridikoaren arau hauste bat.
– Argi dago komunikazioak ez duela oinarririk edo badago nahiko zantzurik delitu bat eginez lortu dela pentsatzeko. Azken kasu horretan, komunikazioa tramitera ez onartzeaz gain, delitutzat jotzen diren gertaeren zerrenda igorriko zaio Fiskaltzari.
– Bukatua dagoen beste prozedura bateko informazioarekin alderatuta, komunikazioak ez dauka arau hausteei buruzko informazio berri eta esanguratsurik, eta ez dago bestelako segimendu bat justifikatzen inguruabar berririk.
Komunikazioa onartzen ez bada, horren berri emango zaio informatzaileari, salbu eta komunikazioa anonimoa izan bada edo informatzaileak uko egin badio komunikazioak jasotzeari.
b) Komunikazioa tramitera onartzea. Komunikazioa onartzen bada, horren berri emango zaio informatzaileari, salbu eta komunikazioa anonimoa izan bada edo informatzaileak uko egin badio komunikazioak jasotzeari.
c) Informazioa Fiskaltzari bidaltzea, komunikazioan jasotako gertakariak, zantzuen arabera, delitua izan badaitezke.
d) Komunikazioa bidaltzea hori tramitatzeko eskumena duen agintaritza, erakunde edo organismoari.
2.– Komunikazioaren lehen azterketa hori egiteko funtsezko alderdiren bat osatu behar dela ikusiz gero, sistemaren arduradunak informazio gehigarria eskatuko dio informatzaileari bost egun balioduneko epean, informatzaileak uko egin ez badio komunikazioak jasotzeari. Behin komunikazioa osatuta, artikulu honetako lehen puntuan aipatutako epea hasiko da.
Informatzaileak aurkeztuko ez balu eskatu zaion informazio gehigarria, eta hori ezinbestekoa balitz komunikazioa kudeatzeko, arduradunak artxibatu ahal izango du, eta horren berri emango dio informatzaileari, aldi berean jakinaraziz ezen arau hausteei buruzko informazioaren kanpoko kanalera jotzeko aukera duela, kasuan kasuko erakunde publikoen aurrean.
14. artikulua.– Instrukzioa.
1.– Informazioa tramitera behin onartu ondoren, eta informatzaileari horren berri eman eta gero, instrukzioari ekingo zaio, eta behar diren ikerketa zereginak egingo dira gertakariak egiaztatzeko.
2.– Komunikazioan jasotako gertakariak, zantzuen arabera, delitua izan badaitezke, sistemaren arduradunak berehala bidaliko dio informazioa Fiskaltzari, eta amaitutzat emango du bere jarduna. Horren berri emango die informatzaileari eta errektoreari.
3.– Informazioan jasotako gertakariak ikertu eta egiaztatzean ahalik eta begirune eta konturik handienaz zainduko dira informazioak eragiten dien pertsonen errugabetasun presuntzioa eta ohorea, eta datu pertsonalak babesteari buruzko legeak beteko dira.
4.– Informazioak eragiten dion pertsonari jakinaraziko zaio ikerketa abian dagoela eta komunikatu diren gertakarien laburpen bat bidaliko zaio, bere burua defendatzeko eskubidea bermatzeko. Jakinaraziko zaio, halaber, alegazioen idatzi bat aurkezteko eskubidea duela, bere datu pertsonalak tratatuak izango direla, eta aukera duela prozeduran abokatu batez edo bestelako ordezkari batez lagunduta azaltzeko. Era berean, eskubidea izango du espedientea ikusteko, betiere informatzailea identifika dezakeen informazioa kenduta. Hala ere, ikerketari begira egokitzat jotzen den garaian eta moduan emango zaio horren berri informazioak eragiten dion pertsonari.
5.– Sistemaren arduradunak ikerketa egiteko laguntza eskatzen badie Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegi, organo, egitura eta atal administratiboetako arduradunei, horiek albait lasterren eta ahalik eta prestutasun handienarekin erantzun beharko diote, eskaera jaso eta gehienez ere zazpi eguneko epean. Adierazitako epea igarota, eskaerak ez badu ondoriorik izan eta ez bada behar bezala bete, sistemaren arduradunak idazkia bidaliko dio betebeharra konplitu ez duenaren nagusi hierarkikoari eta, halakorik ez badu, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari.
Komunikazioa behin jasota, errektoreak bermatuko du hamabost eguneko epearen barruan helarazten zaiola informazio hori sistemaren arduradunari, eta aurretiko jardunetarako aldi bat irekiko du, dagokionari erantzukizunak eskatzeko. Aurretiko jardunetatik ateratako ondorioa sistemaren arduradunari jakinaraziko zaio.
15. artikulua.– Jardunak amaitzea.
1.– Aurkeztutako informazioaren argitan egin beharreko jardunak amaitzeko, hiru hilabeteko epea egongo da, informazioa jasotzen denetik hasita. Kasuak bereziki konplexuak badira, epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da, informatzaileari behar bezala jakinarazita eta horretarako arrazoiak azalduta.
2.– Ikerketa amaituta, sistemaren arduradunak txosten bat egingo du, honako hauek bilduko dituena:
a) Gertakarien azalpena, komunikazioa identifikatzeko kodearekin eta erregistroaren datarekin.
b) Gertakariak egiaztatzeko egindako lanak.
c) Instrukzioan ateratako ondorioak.
3.– Txostena eginda, sistemaren arduradunak hauetako bat egingo du:
a) Arau hauste administratiborik ez dagoela ondorioztatzen bada, sistemaren arduradunak espedientea artxibatuko du eta horren berri emango dio informatzaileari, eta, hala badagokio, baita informazioak eragiten dion pertsonari ere. Dena den, arau hausterik aurkituz gero, behar diren zuzenketa neurriak aplikatzea eskatu ahal izango du.
b) Ikerketa amaitu ondoren ikusten bada, zantzuen arabera, delitua egon daitekeela, sistemaren arduradunak informazioa eta ikertutako gertakariak bidaliko dizkio idazkari nagusiari, hark Fiskaltzara bidaltzeko, amaitutzat emango du bere jarduna eta horren berri emango dio errektoreari. Ustezko delituak Europar Batasunaren finantza interesei eragiten badie, informazioa Europako Fiskaltzara bidaliko da.
c) Arau hauste administratiboa egon daitekeela ondorioztatuz gero, txostenean erabaki proposamen bat jasoko da, organo eskudunari zuzendua, diziplina espedientea ireki dezan falta larriagatik edo oso larriagatik, edo, hala badagokio, aurretiko jardunetarako aldia ireki dezan.
d) Arautegi honetako 13.1.d) artikuluko kasua gertatuz gero, egindako guztiaren berri eman beharko zaio agintaritza eskudunari.
4.– Erabakia edozein dela ere, haren berri emango zaio informatzaileari, informazioa jasotzeari uko egin ez badio edo komunikazioa anonimoa izan ez bada.
16. artikulua.– Ikerketaren ondorioz hartutako erabakien irmotasuna.
Jakinarazi zaizkion informazioei dagokienez barne sistemaren arduradunak hartu dituen erabakien aurka ezin izango da errekurtsorik jarri administrazio bidean, ez eta administrazioarekiko auzien bidean ere, horrek eragotzi barik errekurtsoa jartzea Euskal Herriko Unibertsitateak komunikazioetan oinarrituta hartzen dituen erabakien eta egiten dituen egintzen aurka, aplikatu beharreko legeari jarraituz.
3. ATALA
BARNEKO INFORMAZIO SISTEMAREN ARDURADUNA
17. artikulua.– Definizioa eta araubidea.
1.– Barneko informazio sistemaren arduraduna edo sistemaren arduraduna Euskal Herriko Unibertsitatean sistemaren funtzionamenduaz arduratzen den pertsona fisiko bat da, babes neurriak hartzea eta aurkeztutako arau hausteen jakinarazpenak kudeatzea eginkizun duena, arautegi honetan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Euskal Herriko Unibertsitatean Aldezleari, hots, unibertsitateko kideen defendatzaileari, dagozkio eginkizun horiek, zeinak zehazten diren otsailaren 20ko 2/2023 Legean.
3.– Otsailaren 20ko 2/2023 Legeak ematen dizkion eskumenak erabiliz, Aldezleak, sistemaren arduraduna den aldetik, modu independentean beteko ditu bere eginkizunak, eta ezingo du inolako jarraibiderik jaso horretan.
III. TITULUA
BABES NEURRIAK
18. artikulua.– Xedapen orokorra.
Arau hausteei buruzko informazioa arautegi honetan ezarritakoaren arabera jakinarazten edo ezagutzera ematen duten pertsonek eskubidea izango dute erabateko ukigabetasuna atxikitzeko eta errepresalien aurkako laguntza eta babes neurriak jasotzeko, 2023ko otsailaren 20ko 2/2023 Legearen arabera.
19. artikulua.– Baldintzak.
1.– Arautegi honetako 3. artikuluan aipatzen diren arau hausteak jakinarazten edo ezagutzera ematen dituzten pertsonek babeserako eskubidea izango dute baldin eta:
a) Informatzaileak nahiko arrazoirik badauka pentsatzeko informazioa egia zela berak jakinarazi edo ezagutzera eman zuen unean, eta otsailaren 20ko 2/2023 Legearen eta arautegi honen aplikazio eremuan sartzen dela.
b) Jakinarazpena edo errebelazioa egin bada lege horretan eta arautegi honetan zehaztutako eskakizunak betez.
2.– Informatzaileei ez zaie emango otsailaren 20ko 2/2023 Legean aurreikusitako babesa baldin eta:
a) Eman duten informazioa dagoeneko emana bazegoen tramitera onartu ez den komunikazioren batean, hau da, barne kanal batek edo otsailaren 20ko 2/2023 Legean aurreikusitako agintaritza independenteak onartezintzat jo duen jakinarazpenen batean.
b) Jakinarazitako informazioa pertsonen arteko gatazkei buruzkoa bada, edo informatzaileari eta komunikazioan aipatzen diren pertsonei baino ez badagokie.
c) Jakinarazitako informazioa dagoeneko guztien esku badago edo zurrumurru hutsa bada.
d) Jakinarazitako informazioa artikulu honen 1. puntuan jasotzen ez diren ekintza edo omisioen ingurukoa bada.
3.– Otsailaren 20ko 2/2003 Legearen arabera ekintza edo omisioen inguruko informazioa modu anonimoan jakinarazi edo publikoki ezagutzera eman duten baina gerora identifikatuak izan diren pertsonek ere izango dute eskubidea lege horretan aurreikusitako babesa jasotzeko, bertako 28. artikuluko baldintzetakoren bat betetzen badute.
4.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 (EB) Zuzentarauaren aplikazio eremuko arau hausteen berri ematen dietenek Europar Batasuneko erakunde, organo edo organismo eskudunei eskubidea izango dute legean aurreikusitako babesa jasotzeko, kanpoko kanalak erabili dituzten pertsonen baldintza berberetan.
5.– Informatzailea babesteko neurriak honako hauei ere aplikatuko zaizkie:
a) Euskal Herriko Unibertsitatearen esparruan, komunikazioa kudeatzeko prozesuan informatzaileari laguntzen dioten pertsona fisikoei.
b) Informatzailearekin harremana duten eta errepresaliak jasan ditzaketen pertsona fisikoei, hala nola lankideei edo senideei.
20. artikulua.– Errepresalien debekua.
1.– Euskal Herriko Unibertsitatean guztiz debekatuta geratzen da arautegi honen arabera komunikazioren bat aurkezten duten pertsonen aurkako errepresalia oro, horretarako mehatxuak eta ahaleginak barne.
2.– Errepresalia da ekintza edo omisio bat, legeak debekatzen duena edo, zuzenean edo zeharka, pertsona baten kalterako egiten dena, testuinguru laboral edo profesionalean hura desabantailan jarriz, informatzailea izate hutsagatik edo zerbait publikoki ezagutzera emateagatik.
3.– Artikulu honetako 1. puntuan aipatutako debekuari dagokionez, honako hauek hartuko dira errepresaliatzat:
a) Lan kontratua etetea, langilea kaleratzea edo lan kontratu edo estatutu bidezko harremana azkentzea, horren barne dela aldi baterako kontratua ez berritzea edo, probaldia behin gaindituta, kontratu hori garaia baino lehenago amaitzea, edo ondasun edo zerbitzu kontratuak lehenago amaitzea edo deuseztatzea, langilearen kontrako diziplina neurriak ezartzea, mailaz jaistea edo hari mailaz igotzea ukatzea, eta lan baldintzen bestelako funtsezko aldaketak, eta aldi baterako lan kontratu bat ez bihurtzea mugagabeko kontratu, langileak mugagabeko kontratu baten eskaintza jasotzeko uste ondo oinarritua zuelarik, hori guztia salbu eta halako neurriak hartzen badira zuzendaritza ahalmenaren ohiko erabileran eta lan kontratudunen arloko legeen edo enplegatu publikoen estatutua arautzen duten legeen babespean, eta egoera, gertaera edo arau hauste egiaztatuen ondorioz eta komunikazio bat aurkeztu izanarekin inongo zerikusirik izan gabe.
b) Larderia, jazarpena edo ostrazismoa.
c) Lan jardunaren edo jardun profesionalaren ebaluazio edo erreferentzia negatiboak ematea.
d) Interesduna zerrenda beltzetan sartzea edo sektore jakin batean informazioak zabaltzea, pertsona horri lanpostua edo obra edo zerbitzuetarako kontratuak lortzea zaildu edo oztopatzen diotenak.
e) Lizentzia edo baimen bat ukatzea edo deuseztatzea.
f) Prestakuntza ukatzea.
g) Diskriminazioa edo tratu kaltegarria edo bidegabea.
4.– Komunikazio bat egiteagatik edo zerbait ezagutzera emateagatik bere eskubideak urratuta ikusten dituen pertsonak, bi urteko epea behin igarota, babesa luzatzea eskatu ahal izango dio agintaritza eskudunari, eta hark, salbuespenez eta behar bezala arrazoituta, onartu ahal izango dio eskaria, luzapen horrek eragin liezaiekeen pertsona edo organoei entzun eta gero.
5.– Komunikazioak edo errebelazioak eragoztea helburu duten administrazio egintzak edo arautegi honen babespean halako informazioak aurkeztu izanaren kontra hartutako errepresaliak edo gauzatutako diskriminazio ekintzak erabat deusezak izango dira, eta diziplina neurriak edo erantzukizunak eskatzekoak ekarri ahal izango dituzte, kaltetuari kalte ordainak ordaindu beharra barne.
21. artikulua.– Babes neurriak hartzea.
1.– Sistemaren arduradunak hautematen badu –zuzenean, zeharka, edo hala jakinarazi diotelako informazioak eragiten dion pertsonak edo arautegi honen 19. artikuluko 5. puntuan aipatzen direnek– murrizketa edo errepresaliaren bat aplikatu zaiela arautegi honetako 4. artikuluan zerrendatutako pertsona eta subjektuei barneko informazio kanalean arau hausteak jakinarazteagatik, egoera horren berri emango dio idatziz errektoreari, jokabide hori berehala amai dadin.
2.– Hamabost eguneko epe luzaezinean, errektoreak edo eskumenen eskuordetzaz haren izenean diharduen agintariak sistemaren arduradunari helaraziko dio aplikatutako babes neurrien eta errepresaliak ez errepikatzeko emandako pausoen zerrenda.
22. artikulua.– Informazioak eragindako pertsonak babesteko neurriak.
Komunikazioak kudeatzeko prozeduran, informazioak eragiten dien pertsonek eskubidea izango dute erruduntasun presuntziorako, defentsarako eta egindako jardunaren berri izateko, otsailaren 20ko 2/2023 Legean eta arautegi honetan zehazten den bezala, bai eta informatzaileentzat ezarritako babes bera izateko ere, haien identitatea isilpean gordetzen delarik eta gertaeren eta prozeduraren datuen konfidentzialtasuna bermatzen delarik.
IV. TITULUA
DATU PERTSONALEN BABESA
23. artikulua.– Datu pertsonalaren tratamendurako araubidea.
Arautegi hau aplikatzeko eskuratzen diren datu pertsonalak tratatu behar direnean honako lege hauek beteko dira: 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena; abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa.
Ez da jasoko informazio jakin bat lantzeko ezinbestekoa ez den daturik, eta nahigabe eskuratuz gero, suntsitu egingo dira premia bariko atzerapenik gabe.
24. artikulua.– Datu pertsonalen babesari eta horren inguruko eskubideei buruzko informazioa.
1.– Interesdunek beren datu pertsonalak zuzenean ematen dituztenean, datuen babesari buruzko informazioa emango zaie, zehazki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduko 13. artikuluan aipatzen dena eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko 11. artikuluan zehazten dena.
Informatzaileei eta zerbait publikoki ezagutzera ematen dutenei argi eta garbi jakinaraziko zaie, gainera, beren identitatea isilpean gordeko dela, eta ez zaiela jakinaraziko ez informazioak eragindako pertsonei ez beste inori.
2.– Informazioak eragiten dion pertsonari ez zaio inolaz ere esango nor den informatzailea edo errebelazio publikoa egin duena.
3.– Interesdunek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduko 15. eta 22. artikuluetan aipatzen diren eskubideak baliatu ahal izango dituzte.
4.– Informazioak eragiten dion pertsonak bere datuen tratamenduaren aurka jotzeko eskubidea baliatuz gero, uste izango da ezen, kontrakoa frogatu artean, badagoela arrazoi zilegizko eta premiatsurik haren datu pertsonalak tratatzeko.
25. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua barneko informazio sisteman.
1.– Honako hauek bakarrik ezagutu ahal izango dituzte barneko informazio sisteman bildutako datu pertsonalak, eta hori beren eskumen eta eginkizunak betetzeko baino ez:
a) Aldezleak, sistemaren arduraduna den aldetik, eta haren izenean sistema zuzenean kudeatzen duenak, hala dagokionean.
b) Giza baliabideen arduradunak edo ardura hori daukan organoak, edo eskumenen eskuordetzaz haren izenean diharduenak, eta hori bakar-bakarrik unibertsitateko langile baten kontrako diziplina neurririk hartu behar balitz.
c) Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiak, komunikazioan azaldutako gertaeren inguruan neurri legalik hartu behar balitz.
d) Tratamenduaren arduradunek, hala dagokionean.
e) Euskal Herriko Unibertsitateko datuak babesteko ordezkaria.
2.– Zilegi izango da datuak beste batzuek tratatzea, edo are beste batzuei ematea ere, hori beharrezkoa bada Euskal Herriko Unibertsitatean zuzenketa neurriak aplikatzeko edo zehapen edo zigor prozedurak tramitatzeko, hala balegokio.
Ezin izango da inola ere datu pertsonalik tratatu ez bada arautegi honetako 1.3 artikuluan aipatzen diren ekintza edo omisioak ezagutzeko eta ikertzeko. Beraz, horretarako behar ez diren guztiak ezabatu egingo dira berehala. Hala berean, arautegi honetako aplikazio eremukoak ez diren jokabideen inguruko datu pertsonal guztiak ezabatuko dira, halakorik eman balitz.
Jasotako informazioan agertuko balitz datuen kategoria espezialetako daturik, berehala ezabatuko dira, eta ez dira ez erregistratuko ez tratatuko.
3.– Tratatzen diren datuak bakarrik gordeko dira informazio sisteman gertaerak ikertu behar diren ala ez erabakitzeko behar den denboraz.
Frogatuko balitz informazioa, bere osoan edo parteren batean, ez dela egiazkoa, ezabatu egingo da hori jakin bezain laster, salbu eta uste bada egiazkotasun falta hori bera ez-zilegi penala izan daitekeela. Kasu horretan informazioa gordeko da prozedura judiziala amaitu arte.
4.– Edozelan ere, komunikazioa egiten denetik hiru hilabete igaro badira ikerketari ekin barik, ezabatu egin beharko dira, non eta ez diren gorde nahi sistemaren funtzionamenduaren froga legez. Tramitatzen ez diren komunikazioak anonimizatuta baino ezin izango dira eduki, eta, beraz, ez zaie aplikatuko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitako blokeoa (32. artikulua).
5.– Arautegi honen arabera egiten den datu pertsonalen tratamendua Euskal Herriko Unibertsitateko datu pertsonalen tratamenduaren erregistroan sartuko da.
26. artikulua.– Informatzailearen eta informazioak eragiten dien pertsonen identitatea isilpean gordetzea.
1.– Komunikazio bat aurkezten duen edo informazio bat publikoki ezagutarazten duenak eskubidea dauka bere identitatea beste inori jakinaraz ez dakion.
2.– Euskal Herriko Unibertsitateko barneko informazio sistemak ez du bilduko informatzailea identifikatzeko moduko daturik, eta behar diren neurri teknikoak eta antolakuntzakoak izango ditu informazioak eragiten dien eta komunikazioan aipatzen den edonoren identitatea isilpean gordetzeko eta haien datuen konfidentzialtasuna bermatzeko, batez ere informatzailearen identitatea, bere burua identifikatu badu.
3.– Informatzailea nor den bakarrik jakinarazi ahal izango zaio agintaritza judizialari, Fiskaltzari edo agintaritza administratibo eskudunari ikerketa penal baten edo diziplinazko ikerketa baten barruan.
Atal honetan azaldutakoagatik horietakoren bati jakinarazi behar bazaio informatzaileen identitatea, gai honen inguruko legerian ezarritako bermeen babespean egingo da. Zehazki, informatzailearen identitatea ezagutzera eman aurretik, horren berri emango zaio berari –hala egiteak arriskuan jartzen ez badu ikerketa edo prozedura judiziala– eta horretarako arrazoiak azalduko zaizkio.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Errektorearen eskumenak.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak arautegi honen arabera dituen eskumenak beste agintari batek erabili ahal izango ditu haren izenean, une bakoitzean indarrean dagoen eskumenen eskuordetzaren arabera.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Urteko memoria.
Sistemaren arduradunak memoria bat idatziko du urtero, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari bidaliko dio eta unibertsitateko Gardentasun Atarian argitaratuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– UPV/EHUko Iruzurren Aurkako Batzordearen Arautegia aldatzea.
1.– Aldatzen da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Iruzurraren Aurkako Batzordearen Arautegia, 2022ko urriaren 20koa, 2022ko abenduaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua. Zehazki, 6.1 puntua aldatzen zaio eta honela geratuko da:
«6.1.– Batzordearen oinarrizko helburua denez unibertsitatearen ardurapeko prozesu guztietan iruzurra prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak sustatzea, batzordeak horretarako ekintza planifikatuak burutuko ditu arautegi honi jarraituz.»
2.– Edukirik gabe uzten da arautegi bereko 6.3 puntua (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Iruzurraren Aurkako Batzordearen Arautegia, 2022ko urriaren 20koa, 2022ko abenduaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).
3.– Edukirik gabe uzten da arautegi bereko IV. titulua (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Iruzurraren Aurkako Batzordearen Arautegia, 2022ko urriaren 20koa, 2022ko abenduaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arautegia indarrean jartzea.
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
RSS