Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

213. zk., 2023ko azaroaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5041

155/2023 DEKRETUA, urriaren 24koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Data Center Euskadi SL sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko partaidetzen ordezkariei sozietate horren estatutuen 5. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Data Center Euskadi SL sozietatearen kapital sozialean partaidetza du.

Data Center Euskadi SL sozietatearen xedea da datu-zerbitzuak eta informatika-sistemen azpiegiturak prozesatzea eta modu zentralizatuan kudeatzea, edozein erakunde publiko edo pribaturentzat, eta zerbitzu horiek eskaintzeko aholkularitza ematea.

Data Center Euskadi SL sozietatearen Administrazio Kontseiluak erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea hainbat kapital-gehikuntza egitea, euren inbertsio-proiektua abiarazteko inbertsioei ekiteko xedearekin.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluak ezartzen duenez (lege horren testu bategina azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena behar da, dekretu bidez emana.

Aurreikusitako operazioan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari kapital-gehikuntzan dagokion guztirako zenbatekoa 660.000 eurokoa da, proposatutako gehikuntza osoaren % 15. Gehikuntzari dagokion zenbateko osoa 4.400.000 eurokoa da; beraz, Data Center Euskadi SL sozietatean izango duen partaidetza bere horretan geldituko da % 15ean.

Horren ondoren, beste kapital-gehikuntza batean parte hartuko du, 750.000 euroko zenbatekoarekin –gehikuntza osoaren % 15–. Gehikuntzari dagokion zenbateko osoa 5.000.000 eurokoa izango da; beraz, Data Center Euskadi SL sozietatean izango duen partaidetza bere horretan geldituko da % 15ean.

Kapital-gehikuntzak kapital-sozietateen estatutu sozialen artikulua berridaztea dakar. Hori dela eta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua aplikatu behar da. Artikulu horrek ezartzen duenez, zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo Instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko eta aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak elkarrekin proposatuta.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urriaren 24ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Data Center Euskadi SL sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Horretarako, seiehun eta hirurogei mila (660.000,00) euroren akzioak harpidetuko ditu, hau da, kapital-gehikuntzaren % 15. Kapital-gehikuntzaren guztirako zenbatekoa lau milioi eta laurehun mila (4.400.000) eurokoa izango da. Eragiketa horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetza % 15ekoa izango da.

2. artikulua.– 2024ko aurrekontuan zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euroko kreditua konprometitzea, hau da, Data Center Euskadi SL sozietateak 2024an egingo duen bost milioi (5.000.000) euroko kapital-gehikuntzaren % 15.

3. artikulua.– Baimena ematen zaio Data Center Euskadi SL sozietatearen partaidetzen –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoen– ordezkariari, kapital-gehikuntzaren ondorioz, Data Center SL sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala