Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2023ko azaroaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5031

EBAZPENA, 2023ko urriaren 16koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako geltokiaren atari berria eraikitzeko proiektua».

Gernikako geltokia da gaur egun ETSren Amorebieta-Bermeo linearen gune nagusia. Duela gutxi, esaterako, autobus eta taxien geltokiak eraiki dituzte inguruan, eta horrek intermodalitatea areagotu du, baita eskualdeko garraio jasangarrian duen posizioa ere.

Adar horren eta, zehazki, Gernikako geltokiaren garrantzia dela eta, ETSk hainbat proiektu eta jarduera bultzatu ditu bidaiaren zerbitzua eta kalitatea hobetzeko.

Euskal Trenbide Sareak (ETS), 2022ko ekainean, ETSren Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako geltokiaren atari berria eraikitzeko proiektua idazteko zerbitzu-kontratua TYPSA ingeniaritzari esleitu zion lehiaketa publiko bidez.

Eraikuntza Proiektu horren helburua da Gernikan geltoki berria egitea, bidaiarien irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko, honako jarduera hauen bidez:

– Bidaiariak zerbitzatzeko geltokiko atari berria diseinatzea Bermeorako nasan, Gernikako herrigunearen aldean, geltokiko eraikin historikoaren hegoaldean eta autobus-geltokitik gertu.

– Nasen arteko trenbide-pasagunea kentzea, trenbidearen gaineko pasabide bat, igogailu egokituak eta eskailera finkoak diseinatuz eta proiektatuz.

– Eraikin historikoaren inguruan eta hegoaldean gaur egun dagoen txartelak baliogabetzeko linearen babes-markesina desmuntatzea.

– Gernikako egungo geltokiaren eraikin historikoa egokitzea.

– Geltokiko instalazioak konfigurazio berrira eguneratzea, harguneak, linea eta koadro berriak, estazioko eta nasetako argiztapena eta zerbitzuan jartzeko behar diren gainerako elementuak barne.

– Eraikin historikoaren eta eraikin osagarriaren artean dauden komun publikoak eraistea.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua lau milioi bederatziehun eta berrogeita hemeretzi mila laurogeita hamabost euro eta hamaika zentimo (4.959.095,11) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua sei milioi bostehun eta bost euro eta zortzi zentimo (6.000.505,08) dela, BEZ barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: lau milioi bederatziehun eta hirurogei mila zazpiehun eta hirurogeita bost euro eta berrogeita bat zentimo (4.960.765,41) da BEZik gabe.

Obrak egiteko hamazortzi (18) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Amorebieta-Bermeo lineako Gernikako geltokiaren atari berria eraikitzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZ barne, sei milioi bostehun eta bost euro eta zortzi zentimo (6.000.505,08) da, eta obrak egiteko epea hamazortzi (18) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Jendaurrean jartzen da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 16a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala