Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2023ko azaroaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5030

AGINDUA, 2023ko urriaren 19koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Bilboko udalerriko Arangoitin 55 babes bereziko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza hauen esleipen prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio, Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak nahiz Araubide Autonomikoko Zuzkidura-bizitokiak Esleitzeko Prozedurei Buruzkoa. Izan ere horrela ezartzen du Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Aipatutako sailburuaren Aginduak, 2012ko urriaren 15ekoa, aldaketak izan ditu (batik bat alokairuko etxebizitzen esleipen prozedurari dagokion atalean) 2020ko urtarrilaren 20an EHAAn argitaratu zen dekretuak eraginda (210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Arteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Arloko Finantza-lankidetzakoa, eta Etxebizitzaren Arloko Erregelamendu-xedapenak Aldatzekoa).

Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinek, alde batetik, Azken Xedapenetako Lehenengoaren bidez aldatu egiten du martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, Azken Xedapenetako Bigarrenaren bidez aldatu egiten du 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako orduko Lurralde Antolamentu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak eta Bilboko Udalak 2013ko uztailaren 23an Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten, Bilboko udalerrian, Iturrigorri, Gardeazabal, Armotxabidea, Penaskal bidea, Arangoitiko (130.02 egikaritze unitatea) eta Txurdinaga alorretan, babes ofizialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko. Aipatu hitzarmenaren seigarren atalean zehazten dira etxebizitzak esleitzeko irizpideak eta ezartzen da Bilboko Udala dela sustapen honetako udal interesdun bakarra. Hitzarmen honek badu eragina Arangoitiko sustapen honengan.

Hirugarrena.– 2017ko azaroaren 10eko Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariaren ebazpenaren bidez babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu zuen Bilboko udalerriko Arangoitiko 55 babes bereziko etxebizitzako sustapenak. Eusko Jaurlaritzak sustatzen ditu etxebizitza hauek eta EB2-1883/17-EE-000 da espediente zenbakia.

Laugarrena.– Alokairuan esleituko diren 55 etxebizitza horietako 3, bi logelakoak, 70,12 m2 eta 81,69 m2 bitarteko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 52 etxebizitzetatik, 3 logela bakarrekoak dira eta 35,30 m2 eta 47,09 m2 bitarteko azalera dute; beste 29 etxebizitza bi logelakoak dira eta 47,09 m2 eta 66,28 m2 bitarteko azalera dute, gainerako 20 etxebizitzak hiru logelakoak dira eta 69,25 m2 eta 85,04 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da. Etxebizitza hauek kupotan bananduko dira bosgarren ebazpenean ezartzen den bezala.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio honako Agindu hau xedatzea, Babes Publikoko Etxebizitzen Erregimenari eta Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Inguruko Finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera; eta 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, Etxebizitza-eskatzaileen Erregistroari eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak nahiz Araubide Autonomikoko Zuzkidura-bizitokia Esleitzeko Prozedurei Buruzko Aginduko (hemendik aurrera 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Agindua) 48. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Bigarrena.– 210/2019, abenduaren 26koa, Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Etxebizitzaren eta Lurzoruaren Arloko Finantza-Lankidetzakoa, eta Etxebizitzaren Arloko Erregelamendu-xedapenak aldatzekoa) azken xedapenetako zazpigarren artikuluko 4. puntuan, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua aldatzen du zeinek babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen prozedura arautzen duen. Aipatu Dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduan 47 bis artikulua txertatzen du eta bertan esaten denez, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: elbarritasun fisikoa duten pertsonentzat, 36 urtetik beherako pertsonentzat (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne). etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. 47 bis artikuluko 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte kupoek sustapen bakoitzeko.

Hirugarrena.– 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzak 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo dela hots kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honakoa kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela bateko etxebizitzetarako: puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako: 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Laugarrena.– 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Bosgarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5.artikuluko 4, 5 eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa,Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).

Seigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.

Zazpigarrena.– 147/2023 Dekretuak, urriaren 10ekoa, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoak, aldatu egiten du martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, besteak beste 19. artikuluari 3. atal bat eranzten dio eta horrela babestutako etxebizitza bat eskuratzeko gehieneko diru-sarrera haztatuak aldatzen ditu.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Arangoitin 55 babes bereziko sustapeneko etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea, sustapen honen espedientea EB2-1883/17-EE-000 da.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Hirugarrena.– Araudiak egokitzapenaren inguruan esaten duenari jarraituta sustapen honetan ezin izango dute parte hartu 6 kide baino gehiagok osatutako bizikidetza unitateek.

Laugarrena.– 55 etxebizitzako esleipen prozedura honetan Agindu hau argitaratzen den egunean parte hartu dezakete betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Bilboko udalerrirako edo Bilbao Metropolitarreko udalerriren batean altan daudenek. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek parte hartu ahal izango dute edozein dela eskatzen duten udalerria.

b) Agindu hau publikatzen den egunean Bilboko udalerrian erroldatuta egon behar da behintzat bizikidetza unitateko eskatzaileetako bat. Dena dela, mugikortasun murriztua duten pertsonek, zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute egiaztatu behar errolda udalerri honetan.

c) 2022. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 27.125 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza hau egiaztatzeko eskabidearen titular guztien diru-sarrerak kontuan hartuko dira. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek ere.

d) Bizikidetza unitateek ez ditu izango 6 kide baino gehiago.

e) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den egunean. Dena dela, kontuan hartuko dira etxebizitza-premiaren salbuespenak 2012ko urriaren 15eko Aginduari jarraituz, betiere agindu honi urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren, Azken Xedapenetako Bigarrenak egiten dizkion aldaketak kontuan izanda.

Bosgarrena.– Esleitu beharreko 55 etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:

a) 3 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza hori esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorriz 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena).

Lehenik eta behin, egokitutako zuzkidura-bizitokiak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

b) 52 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira kupo hauek errespetatuko delarik.

– 20 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 38,46a) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne, esleituko zaizkie.

– 6 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 11,53a) etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira.

– 13 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00a) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira.

– 13 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 25,00a) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira.

Kupo hauetako batean etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira etxebizitza hauek handitu egingo lukete kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

Era berean, kupo orokorreko etxebizitzarik esleitu gabe geratuko balira, soberako etxebizitza hauek, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean esleituko dira.

Seigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak, etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.

Zazpigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2023ko azaroaren 9tik 30era bitartean (biak barne) hauetako bide baten bitartez:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Bizkaiko Etxebizitza Ordezkaritza, Kale nagusia 85, 6. solairua, 48011 – Bilbao.

– Postaz: Bidali dokumentazioa Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 – Bilbao. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.

Zortzigarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz.

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.765 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.766 eta 16.275 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 16.276 eta 27.125 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 27.126 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu bat 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei, 5 puntu 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei, 3 puntu 4 kide dituzten bizikidetza- unitateei eta puntu bat 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan alokairuan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Bederatzigarrena.– Kontuan izango den baremazioa Agindua hau publikatuko den egunekoa izango da. Berdinketa kasuan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

Hamargarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak gehienez 2 kideko bizikidetza unitateei esleituko zaie; bi logelako etxebizitzak esleitzerakoan gehienez 4 kideko bizikidetza unitateei esleituko zaie, hiru logelako etxebizitzak esleitzerakoan gehienez 6 kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaie.

Hamaikagarrena.– 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 50. artikuluko bertsioa eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamabigarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron zerrendak amaitu ondoren 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduaren 59. Artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.

Hamahirugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamalaugarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 19a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala