Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2023ko azaroaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5018

156/2023 DEKRETUA, urriaren 24koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, eskubide eta ondasun hauek okupatzea Valle de Trápaga-Trapagarango udalerrian: Trapagaranen, Barrionuevo auzoko ur sarearen hobekuntza proiektua gauzatzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Trapagaranen, Barrionuevo auzoko ur sarearen hobekuntza» proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, adierazi zuen proiektua gauzatzeko lursail guztiak erabilgarri behar zituela.

2023ko otsailaren 13an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea hamabost eguneko epean, prentsan eta 2023ko martxoaren 3ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (44. zk.) egindako iragarkien bidez. Geroago, 2023ko uztailaren 6an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

«Gaur egun, Trapagarango Barrionuevo auzuneko hornidura-sarean matxurak izaten dira behin eta berriz, hodiak eta sarea osatzen duten elementuak egoera txarrean daudelako. Ondorioz, presio-galerak eta emari-gabeziak jasaten dituzte auzo horretako erabiltzaileek.

Beraz, proiektu honek egungo sarea hodi berriez ordezkatzeko beharrezko diren jarduketak jasotzen ditu. Ordezkapena ur-biltegiaren irteeratik azken harguneraino egingo da (23 zenbakidun etxebizitzan) eta hodi berriak 16PNko PEADkoak izango dira.

Goian azaldutako aurrekariak ikusita, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren ustez (BBUP), auzo horretako gaur egungo hornidura-sareak, dagoen egoeran, ez die ur-hornidura jarraitua bermatzen gune horretako abonatuei.

Hodiek pitzadurak izaten dituzte behin eta berriz. Ondorioz, beharrezkoa da hodi horiek berritzea BBUParen abonatu guztiei hornidura egokia bermatzeko (uraren kalitate eta kantitateari dagokienez).

Sarea ordezkatuz, abonatuek jasaten dituzten eragozpenak ekiditea lortuko da (ur-jarioen ondorioz jasaten diren ur-galerak ekiditeaz gain).»

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2023ko urriaren 24ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Trapagaranen, Barrionuevo auzoko ur sarearen hobekuntza» proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, betiere dekretua azkenekoz argitaratu zen egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 24an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala