Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2023ko urriaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4929

EBAZPENA, 2023ko urriaren 23koa, Kulturako sailburuordearena. Horren bidez, hasiera ematen zaio bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun immaterial deklaratzeko espedienteari, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldian jartzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek EAE-Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Bertsolaritzaren balio kulturalak ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bertsolaritza babes bereziko kultura-ondasun immaterial deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, aintzat harturik ebazpen honen eranskinean dauden identifikazioa, kategoria, espazio- eta denbora-esparruak, deskribapena eta elementuak, komunitate-eramailea eta transmisioa, arriskuak eta babes-, sustapen- eta hedapen neurriak.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du bertsolaritzari berehala eta behin-behinean babes-araubide partikularra aplikatzea, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena.– Bertsolaritza babes bereziko kultura ondasun immaterial deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, kontuan harturik ebazpen honen eranskinean dauden identifikazioa, kategoria, espazio-esparrua eta denbora-esparrua, deskribapena eta elementuak, komunitate-eramailea eta transmisioa, arriskuak eta babes-, sustapen- eta hedapen neurriak. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Laugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Euskal Herriko Bertsozale Elkarteari, Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari, Eudeli, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru lurralde historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 23a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

ERANSKINA

1.– Identifikazioa.

a) Izena: Bertsolaritza

b) Eremu geografikoa: hiru lurralde historikoak.

2.– Kategoria.

Euskadin, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2.3 artikuluan azaltzen da kultura-ondare immateriala zer den:

«Kultura-ondare immateriala deitzen da komunitateek, taldeek eta, hala badagokio, pertsonek onartzen dituzten praktikak, esamoldeak eta ezagutzak eta jakitateak, bai eta tresnak, objektuak eta lotutako kultur espazioak ere, beren kultura-ondaretzat onartzen dituztenak. Kultura-ondare immaterial hori, komunitateek eta taldeek belaunaldiz belaunaldi helarazia, birsortzen dute etengabe, naturaren eta beren historiaren elkarreraginez. Ematen die identitate eta jarraipen sentimendu bat, kultura aniztasunaren errespetua eta giza sorkuntza sustatzen dutena».

Legearen 11. artikuluak, EAEko «bertsolaritza» euskal kultura-ondarea osatzen duten kategorietako bat bezala aurreikusten du. Legearen 8.1.a) artikuluan ezarritakoa aintzat harturik, babes berezia jasoko dute EAEko kultura-ondasun immaterial nabarmenenek.

3.– Espazio-esparrua eta denbora-esparrua.

Bertsolaritza euskarazko ekintza izanik, euskara hitz egiten den lekuetan dago: Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean (Frantziako Euskal Herrian); diasporako euskaldunen artean ere egon dira eta badaude bertsolariak, esaterako Amerikan. Datuen arabera, Gipuzkoa da jaialdi eta ekitaldi gehien antolatzen dituen lurraldea, lekuko errealitate soziolinguistikoari erantzuten baitiote.

Denbora-esparruari dagokionez, bertsolaritza urtean zehar aurrera eramaten den ekintza da, jaialdi, txapelketa, festa, lagunarte edo bestelako ekitaldietan. Baina aipatu beharra dago azken urteotan garrantzia berezia hartu duela Bertsolari Txapelketa Nagusiak, beste edozein ekitaldiren gainetik, 4 urtean behin antolatuta.

4.– Deskribapena eta elementuak.

Izendatzeko moduari dagokionez, EAEn bertsolaritza izenarekin agertzen bazaigu ere, bai hiztegietan (Harluxet, Labayru, etab.) eta entziklopedietan (Euskaltzaindiaren Orotarikoan), bai gainerako euskarri digitaletan eta beste lurralde batzuetan bertsularitza edota pertsularitza izenarekin ere da ezaguna.

Euskarazko eta gaztelaniazko hitzaren erroa berdintsua izan arren, itzulpenaren esanahiari dagokionez, ezberdinak dira eta gauza ezberdinak adierazten dituzte. Gaztelaniazko «verso» delakoak poesiaren lerro bat adierazten du, euskarazko «bertso» delakoak, berriz, estrofa oso bat.

Bertsolaritzak bi tradizio nagusi ditu: idatzia eta bat-batekoa. Biek garrantzia izan duten arren, gaur egun bat-batekotasuna gailendu da. Bat-bateko bertsolaritza jendaurrean eta euskaraz eginiko ekintza-poetiko musikala da.

Alderdi teknikoari begiratuta, doinua, errima eta neurria dira kontuan hartu beharreko elementuak.

Egun ez dago jakiterik bertsolaritza noiz eta nola sortu zen. Koldo Mitxelenaren arabera, ekintza komunikatibo horrek Erdi Aroan du jatorria. Hala ere, beste ikertzaile batzuek historiaurrean kokatzen dute, besteak beste, Manuel Lekuonak.

Bertsolaritzari buruzko lehen aipamen idatzia Bizkaiko 1452ko Foruetan agertzen da. Hala ere, XVIII. mendearen amaierara arte itxaron behar da erreferentzia zehatzak eskuratu ahal izateko. Garai horretan bertsopaperak agertu ziren, eta horiek bertsolariek sortu, transkribatu eta saldutako bertso idatziak ezagutzeko aukera eman dute. Horiei esker, hainbat bertso eta historiako pasarte ezagutu ahal izan dira.

Bertsopaperen testuinguru honetan, bertsoak interpretatu edo ulertzeko gutxienez hiru modu daudela esan dezakegu: lehenik, bertsolaria bere garaiko prozesu sozialak hauteman eta bertsoen bidez aurkezten dituen elite kultural bateko partaidetzat har dezakegu; bigarrenik, bertsolariaren jatorri herrikoia kontuan hartuta, haren ekoizpena herritar xeheen interes eta kezken azterketan murgiltzeko modu bat da; hirugarrenik, eguneroko gaietan inguruko pertsonak baino interesdun handiagotzat jo daiteke, gertakariei buruz ematen zuen iritziagatik, eta, beraz, gizarte-eragiletzat ere har daiteke.

Ekoizpen mota honen urrezko aroa XIX. mendearen erdialdetik Gerra Zibilera arte izan zen, batez ere Gipuzkoan. XX. mende hasieran, bertsolaritza mota berri baten oinarria jarri zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen edizioarekin. Horrek egituratu eta antolatu egin zituen saioak, bai eta laburtu ere. Gerra Zibilarekin eta Francoren diktadurapean, zentsura nagusi izan zen eta txapelketa ez zen itzuli 1960. urtera arte, Euskaltzaindiaren eskutik. 1986tik aurrera, Bertsozale Elkarteak antolatzen du txapelketa, lau urtean behin.

Bertsolaritza gehienbat testuinguru sozial batean sortzen da, bat-batekotasunarekin erlazionatuta: lagunarteko eta familiako eremu pribatuan, baina bereziki eremu publikoan, jaialdi eta ekitaldi anitzetan. Forma desberdinak dauden arren, bi eragile nagusi ditu: batetik, bertsolariak; bestetik, bertsolariek lortu duten publikoa, ikuskizunetara joaten diren zaleak. Eta beste ekitaldi batzuetan, gai-jartzaileak eta epaimahaia ere gehitu beharko genituzke.

Ekitaldi mota desberdinak dauden arren, gaur egun hurrengo saio motak dira nagusienak: jaialdiak, lagunartekoak (bertso bazkari edo afariak), plaza libreko saioak eta bat-bateko bereziak (musikatuak, tramak...). Azken urteetan, formatu berri eta esperimentaletan ere sortu dira, beste arte batzuekin harremanetan, adibidez antzerkia, musika edo dantza. Horietaz gain, lehen aipatu bezala, txapelketak egiten dira, maiztasun askotakoak, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroak eta Iparraldean. Horietan txartela lortzen dutenek parte hartzen dute txapelketa ezagunenean, hau da, Bertsolari Txapelketa Nagusian.

5.– Komunitate eramailea eta transmisioa.

Komunitate eramailea, alde batetik, bertsolariek osatzen dute eta, bestetik, bertsozaleek eta beste eragile batzuek (gai-jartzaileak, ikerlariak, kazetariak, etab.). Komunitate hori Euskal Herrian gehienbat antolatzen duen erakundea Bertsozale Elkartea da. 1985ean Euskaltzaindiaren eta bertsolarien arteko desadostasunak zirela eta, 1986ko Txapelketa Nagusia bertsolariek beren kabuz antolatzea erabaki zuten. Erabaki horren ondorio gisa sortu zen 1987an Euskal Herriko Bertsolari Elkartea, 1995ean Bertsozale Elkartea izatera pasa zena.

Bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititu da modu naturalean, bai familian, bai lagunartean. Denbora joan ahala, ordea, transmisio modu horri beste batzuk gehitu zaizkio, besteak beste, garrantzitsuena, bertso-eskola. XX. mendearen bigarren erdialdean sortu ziren lehenengoak, bertsolari eta zaletu batzuen eskutik; gaur egun, 117 daude, 98 Euskal Autonomia Erkidegoan.

6.– Arriskuak eta babes-, sustapen- eta hedapen-neurriak.

Bertsolaritza guztiz euskaraz egiten den ekimena izanik eta euskara hizkuntza gutxitua dela kontutan izanik, euskararen erabileraren beherakada da arriskurik nabarmenena. Izan ere, jendartea zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta bertsozaletasun handiagoa baitago.

Babes-neurriei dagokienez, hauek proposatzen dira:

– Komunikazio- eta publizitate-kanpainak, ikerketak, jardunbide egokiak, aintzatespenak eta transmisio-planak sortu eta bultzatzea.

– Prestakuntza-programei, zabalkundeari, dokumentazioari eta adierazpen-modu hori aztertzeko eta beste eremu batzuetatik egin daitezkeen ekimenetarako laguntza.

– Euskal Autonomia Erkidegoa gainditzen duen jarduera kulturala izanik, 6/2019 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutakoaren moduko kooperazio-akordioa sustatzea Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Hirigune Elkargoarekin, kultura-ondarearen alorrean (errealitate eta afinitate historikoak, kulturalak eta linguistikoak kontuan hartuta).

– Beste administrazio batzuekiko hitzarmenak egitea, manifestazio horren esparru globalean jarduerak sustatzeko.

– Adierazpen horren garapena jatorritik eta bilakaeratik ikertuko duten beste kultura-arlo batzuekiko eta ezagutza-arloekiko harremanak eta ikasketa-programak areagotzea.


Azterketa dokumentala