Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2023ko urriaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4927

AGINDUA, 2023ko urriaren 20koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria, Monumentu kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumenaz baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserriaren ondare-interesa ikusita, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena, eta aplikatu beharreko araudian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak hasiera eman zion Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria, monumentu-multzoaren kategorian, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari, 2023ko urtarrilaren 10eko Ebazpenaren bidez (2023ko urtarrilaren 19ko EHAA, 13. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 13. artikuluan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea irekita, ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Kontseilua arautzen duen urriaren 26ko 228/2021 Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Kontseilu horrek aldeko txostena eman zion, 2023ko urriaren 10ean egindako bilkuran, Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria Monumentu kategoriako Babes Ertaineko Kultura Ondasun izendatzeari.

Horren ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Monumentu kategoriako Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzea Zeberioko Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserria, eta Agindu honen III. eranskinean jasotzen den babes-araubide partikularra aplikatzea.

Bigarrena.– Babestutako kultura-ondasunaren mugaketa.

Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserriaren mugaketa ezartzea, Agindu honen I. eranskinean jasotzen dena, eranskin horretan bertan adierazten diren arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Kultura-ondasunaren deskribapen formala.

Zeberioko (Bizkaia) Solatxi auzoko 6. zenbakian dagoen Urrutza baserriaren deskribapen formala egitea, Agindu honen II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

Laugarrena.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Zeberioko Udalari (Bizkaia) eskatzea ondasun hori babesteko, udaleko hirigintzako plangintza-tresna egokituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47. artikulua betetzeko asmoz.

Bosgarrena.– Argitalpena.

Agindu hau argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dekretu honen berri emango die Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, Bizkaiko Abokatuen Elkargoari, bai eta Nerea Atutxa andreari eta Iraitz Beldarrain jaunari ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Agindu honen berri emango dio Jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultura-ondasun babestuan esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honek babesten dituen kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira monumentuari eragiten dioten obrak edo jarduerak egiteko aurreko apartatuan aipatu diren baimenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitalpenaren hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 20a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak, alde batetik, eraikin-multzoa hartzen du, hau da, baserria eta labearen eranskina; eta, bestetik, eraikin-multzoaren ingurua. Horrela, eremuak muga hauek ditu:

– Ipar-mendebaldean, sarbidearen aurrean, lerro paralelo bat baserriaren fatxada nagusitik 20 metrora, bide horren mugaraino, bat datorrena 025-0007-00100 lurzatiaren mugarekin.

– Hego-mendebaldean, 025-0007-00100 lurzatiaren mugarekin bat datorren lerroa, baserriaren hego-mendebaldeko alboko fatxadatik 18 metro ingurura.

– Hego-ekialdean, ondoko baserriaren mehelinarekin bat datorren lerroa.

– Eta, azkenik, ipar-ekialdean, baserriaren ipar-ekialdeko alboko fatxadarekiko lerro paralelo bat, 20 metro ingurura.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketaren arrazoia da Urrutza baserriaren inguruko ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla. Inguruaren mugaketa beharrezkoa da ondarea behar bezala babesteko eta hari balioa emateko, eta berekin dakar baserriaren ondoko espazioak (hau da, inguruan dituen lursailak) babestea, baserriaren berezko izaera mantendu ahal izateko. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, baizik eta eraikinaren ingurua ere.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Urrutza baserria Solatxiko herrigunea baino lehenago dago, auzo horretako 6. zenbakian, eta horra doan bidetik heltzen da bertara. 3,7 hektarea inguruko lurzati batean dago kokatuta.

Bolumen handiko eraikina da, oinplano angeluzuzenekoa, gutxi gorabehera 16x11 metroko oinplano-okupazioarekin (zabalera handiagoa du, sakonera baino). Bi isurkiko estalkia du, eta teilatu-gailur perpendikularra fatxada nagusiarekin. Etxea hiru mailatan egituratzen da: behekoa ukuilurako, tartekoa etxebizitzarako, eta teilatupekoa. Gainera, labea hartzen duen atal bat du atxikita, fatxada nagusiaren ezkerreko aldean.

Fatxada nagusia (ipar-mendebaldea) harlangaitzez eraikita dago, sare-formako egurrezko bilbadura baten gainean, eta harlanduzko eskantzuekin. Ukuilura sartzeko, atetzar dinteldu bat dago, eta etxebizitzara, hau da, lehenengo solairura igotzeko, berriz, fatxadari atxikitako harrizko mandio bat. Gainerako altxaeran, baoak modu irregularrean daude jarrita, ganbararen zuloa irekita dagoela. Teilatu-hegala luzatu egiten da, mandioa estaltzen du, eta tailu barrokodun jabaloi luzeen gainean bermatzen da. Tailuei dagokienez, bereziki aipatu beharrekoa da erdikoan emakume baten irudia dagoela.

Fatxada horri atxikita, estalpe moduko eraikin txiki bat dago. Eraikin horren habeak toskanar erako zurezko harroin eta zutabeen gainean daude, eta labea ere eraikin horretan dago. Bi isurialdeko estalkia du, zeina luzatu egiten baita, aurrealdean arkupe txiki bat osatzeraino.

Alboetako fatxadak ere (ipar-ekialdekoa eta hego-mendebaldekoa) harlangaitzezkoak dira, eta modu irregularrean jarritako zenbait bao dituzte. Atzeko fatxadak mehelin gisa jokatzen du, geroago eraikitako beste baserri batekiko.

Eraikinaren barne-egiturak luzetarako hiru hormarte eta zeharkako bi ditu. Ez dauka karga-hormarik barruan, eta, beraz, barne-euskarriak zapatadun zutikoak dira. Teilatupeko solairuan, besoek barne-egitura sendotzeko balio dute; eta, hain zuzen ere, egitura horren gainean bi isurkiko estalkia dago osatuta, kontragoihabeekin, gapirioekin eta oholeriarekin.

Antolamendu funtzionalari dagokionez, ez zen etxebizitzarik jarri beheko solairuan, eta, horren ordez, ukuilua prestatu zen. Etxebizitza lehenengo solairuan dago.

Mandioaren goiko aldetik, hormarte nagusira sartzen da: horixe bera da egongela, eta hortik abiatuta banatzen dira gainerako gelak ere, zeinak eraikinaren alboetan baitaude; besteak beste, sukaldea. Gelek argi naturala jasotzen dute alboetako bi fatxadetatik. Hormarte nagusiaren amaieran dagoen eskailera batek lehenengo solairua eta teilatupea lotzen ditu.

Tipologiari dagokionez, Urrutza bilbaduradun fatxadak dituzten baserri barrokoen familia zabalaren barruan dago kokatuta; gainera, «arratiar ereduaren» berezko ezaugarriak ditu (lehenengo solairura kanpotik sartzeko sistema, eta barneko antolaketa funtzionala eta egiturazkoa). Kokapen kronologikoari dagokionez, XVII. mendearen azken herenekoa da.

Gaur egun, baserria etengabe hondatzen ari da, eta sendotzeko obrak egin behar dira.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Babes-araubide partikular hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluan ezarritako beharrarekin justifikatzen da, eta helburu du Urrutza baserria, Monumentuaren kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura Ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

Ondoren zehazten den babes-araubide partikularra I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.– Balio kulturalak.

1.– Urrutza baserriaren balio kulturaltzat hartzen dira, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-ondasunari izaera esanguratsua ematen diotenak, eta ondorioz monumentua interesgarri bihurtzen dutenak, belaunaldiz belaunaldi berau aintzat hartzeko eta transmititzeko.

2.– Hauek dira Urrutza baserriaren balio kulturalak:

2.1.– Balio historiko-antropologikoa eta ingurumenekoa:

Historiaren eta antropologiaren ikuspegitik, XVII. mende amaierako eraikina da, han bizi zen familiaren (Urraza edo Solatxi Urraza izenekoa, garai hartako kreditu-kontratuen arabera) nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari lotutakoa.

Solatxi auzoaren hasieran dago, auzora heltzeko bidearen ondoan, eta kokapen horrek ingurumen-balioa ematen dio eraikinari.

2.2.– Balio artistiko eta arkitektonikoa:

Ezaugarri aipagarriak:

– Tipologia: Bilbaduradun fatxada duten baserri barrokoen multzoan sar daiteke, eta «arratiar ereduaren» ezaugarriak ere baditu. Azken horrek esan nahi duena da, batez ere, kanpotik sartzeko sistema duela, eta eredu horren barne-antolaketa funtzionala eta egiturazkoa ere badituela.

– Konposizio bolumetriko berezia: Eraikin nagusia eta erantsitako labea ditu, eta horrek hautsi egiten du familia-premia guztiak eraikin bakarrean bateratzeko eskema tradizionala, ziurrenik etxea suteetatik babestu beharra zegoelako.

– Haritz-egurrez egindako egitura, oso erabilia egituran eta itxituretan.

– Antolaketa espaziala eta funtzionala: Espazioen banaketa funtzional berezia (beheko solairuan ukuilua dago, eta lehenengo solairuan, berriz, etxebizitza) eta kanpoaldetik sartzeko modua (mandio bidez heltzen da lehenengo solairura).

– Kanpoaldeko elementu estetikoak eta konposizio-elementuak: Nabarmentzekoa da sare-formako bilbaduraren artean dauden baoen kokapen irregularra, ganbararen zuloa irekita dagoela. Maila artistikoan, besoetako tailuak nabarmendu behar dira, bai eta labearen eraikineko zutabe toskanarrak ere.

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide partikular honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte. Tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-agindua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

5. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Babes-araubide partikular honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honen eraginpeko ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek agintaritza eskudunei edo funtzionario arduradunei eman beharko diete Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko beharrezkoa den informazioa eta hura eskuratzeko modua, eta hura aztertzeko baimena eman beharko diete Bizkaiko Foru Aldundiaren berariazko baimena duten ikertzaileei, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.2 artikuluan adierazitako baldintzetan. Era berean, babestutako kultura-ondasunaren jabe edo edukitzaile legitimoek baimena eman beharko dute ondasuna modu publikoan bisitatzeko, aipatutako Legearen 32.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Babestutako ondasuna osorik edo zati batean eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da ezinbestean.

II. KAPITULUA: ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA: ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE KOMUNAK

6. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzea.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera, babes-araubide partikular honi lotutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek, oro har, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-arloko organo eskudunaren baimena beharko dute. Era berean, lege horren 46. artikuluak ezartzen duenaren arabera, baimena nahitaezkoa izango da hirigintzako lizentziak eman aurretik.

7. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

Babestutako ondasunean egiten diren esku-hartzeetan, haren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea bermatuko da bere balioa nabarmentzeko, zientziaren eta teknikaren bitarteko guztien bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide partikular honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

8. artikulua.– Baimendutako eta debekatutako erabilerak.

1.– Monumentuaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak haien kontserbazioa eta balioa bermatu beharko ditu, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, erabilera onargarritzat joko dira, oro har, ondasunari balioa emateko aukera ematen duten erabilera guztiak. Hala ere, honako hauek hartzen dira Urrutza baserriaren lehentasunezko erabileratzat: etxebizitza-erabilera, hirugarren sektoreko erabilera, ekipamendu-erabilera, bai eta turismoarekin eta landa-ostatuarekin lotutako erabilerak ere.

3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunari kalteak eragiten dizkioten edo 3. artikuluan zehaztutako balio kulturalen baten aurka egiten duten erabilerak.

9. artikulua.– Araudi sektoriala eta irisgarritasun-araudia aplikatzea.

1.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, babestutako ondasunaren balio kulturalak ez kaltetzea bilatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16.g eta 32.4 artikuluetan ezarritakoa betez, arrazoizko doikuntza eta proposamen batzuk egin ahalko dira mugikortasun murriztuko pertsonak modu autonomoan sartu daitezen, baldin eta egiten diren jarduerak bat badatoz ondasunaren balio kultural babestuekin. Horri dagokionez, Urrutza baserrira eraikinaren beheko solairutik sar daiteke. Barrualdean, baserriak irisgarritasuna bermatu beharko luke, izango duen erabileraren arabera. Etxebizitza gisa erabiliko balitz, bere mugen barruan, irisgarritasun-baldintzak soilik eskatu beharko lirateke irisgarriak izan behar dutenetan, aplikatu beharreko araudiak ezartzen duen erreserbaren arabera. Irisgarritasuna beti eskatu behar den beste erabilera batzuetarako, deklaratutako ondasunaren balio kulturalekin bateragarria den igogailu bat instalatzeko aukera aztertu beharko litzateke; hau da, jatorrizko egitura mantentzearekin bateragarria den eta eraikinaren estalkiaren gainean kasetoiak jartzea saihestuko duen igogailu bat.

3.– Aurreko puntuan adierazitako esku-hartzea gauzatzen bada, proiektu tekniko baten bidez zehaztu eta justifikatu beharko da. Proiektu horrek balizko jardueraren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa egiaztatuko ditu, baita ondasunaren balio kulturalak mantenduko direla ere. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.

10. artikulua.– Esku hartzeko proiektua eta memoria.

1.– Babes-araubide partikular honen eraginpeko ondasunaren xede-balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak proiektu hori aurkeztu beharko dio Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen Sailari, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatzeko eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko du Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanak ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikotik abiatu beharko dira. Profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte proiektua eta esku-hartzearen memoria, zeinek egiaztatu beharko duten gaitasun teknikoa dutela proiektua eta memoria berme osoz gauzatu ahal izateko, esku-hartzeak hala eskatzen duenean, baita ondasunaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea dutela ere. Obra horiek, edozelan ere, ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

2. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

11. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 43.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes-araubide honi lotutako ondasunaren gainean egiten diren esku-hartzeek eraikuntza-sistema guztiak zaharberritzea izango dute helburu. Halaber, erabileraren edozein aldaketa onartuko da, betiere, ondasunaren balio babestuei eragiten ez badiete, eta kontserbaziorako zein balioa emateko baldintza hobeak ekartzen badituzte, babes-araubide partikular honen 8. artikuluan ezarritako eran.

12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuak.

Babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatutako balio kulturalak kontuan hartuta, honako hauek dira babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuak:

– Egungo bolumenaren konfigurazioa: eraikin nagusia eta erantsitako labea, beren solairu, fatxada eta estalki guztiekin.

– Eraikinaren lerrokadurak, sestrak eta antolaketa kokalekuan.

– Fatxaden egungo osaera eta estetika: dauden baoak eta horien kokapenak, eta jatorrizko materialak, baliabide estetikoak eta konposiziorako baliabideak, apaingarriak, kromatismoa eta arotzeriak.

– Egurrez egindako egiturazko euskarria.

– Eraikinaren jatorrizko banaketa eta antolaketa espazio-funtzional orokorra, bai eta lehenengo solairura kanpotik sartzeko sistema ere mandio bidez.

13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Orokorrean, galarazita egongo dira esku-hartze hauek: higiezinaren eta zaindu beharreko elementuen balio kulturalei kalteak edo galerak ekar diezazkieketenak, eta babes-araubide partikular honen beste edozein alderdi urratzen dutenak. Aldiz, baimendutako esku-hartzeak eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen dituztenak izango dira.

2.– Horretarako, babestutako ondasunean eta zaindu beharreko elementuetan (babes-araubide partikular honen 12. artikuluan definitutakoak) aplikatu beharreko esku hartzeko araubidearen zehaztapen espezifikoak aipatzen dira ondoren:

a) Ez dira baimentzen eraikinaren (baserria eta eranskina) bolumen- eta azalera-aldaketak, aldaketa horiek berekin badakarte jatorrizko eraikinari eraikin gehiago gehitzea edo eraikinaren oinplanoa luzatzea edo zabaltzea. Estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere, ez da aldaketarik onartuko.

b) Fatxaden gaur egungo osaera eta materialak, fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta fatxadetako baoen kopurua mantendu behar dira, bai eta haien jatorrizko formak, tamainak eta proportzioak ere. Fatxadetan egiten den edozein esku-hartzeren helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak lehengoratzea eta zaharberritzea izango da. Hala ere, fatxadetan aldaketa partzialak egitea onartuko da, baldin eta ez badute funtsezko aldaketarik eragiten konposizio orokorrean, eta balio artistiko berezia duten elementuak errespetatzen badira.

Argiztapenerako eta aireztapenerako bao gehiago ireki behar badira, estalkian «velux» motako leihoak instalatzeari emango zaio lehentasuna, eta, hori nahikoa ez bada, bao gehiago irekiko dira alboko fatxadetan, baldin eta lehendik daudenen antzeko tamaina, ezaugarri eta materialetakoak badira eta zurezko arotzeria erabiltzen bada.

Fatxada nagusian bao gehiago irekitzea salbuespenezko esku-hartzea izango da, eta, organo eskudunak baimenduz gero, lehendik dagoen sare-bilbaduraren egitura errespetatu beharko da.

c) Ez dira garbiketa-tratamenduak baimenduko, baldin eta atzera-bueltarik gabe aldatzen badituzte eraikinaren kanpoko akaberen testurak eta osaerak.

d) Jatorrizko arotzeriako edozein elementu zaharberritu behar da, fatxadako baoetan zein ateetan.

e) Bere horretan mantendu behar da kultura-ondasunaren egiturazko antolaketa orokorra, egurrezko egitura batez osatuta.

Hala badagokio, finkapena baimentzen da berreskuratu ezin diren atalak puntualki ordeztuz, baina egiturazko eskema aldatu gabe. Horri dagokionez, egoera txarrean dauden egiturazko elementuen ordez berriak jartzea onartuko da, betiere, jatorrizko materiala mantentzen bada. Era berean, eta soilik behar bezala justifikatutako kasu berezietan, organo eskudunak baimena emango du materialak partzialki aldatzeko, itzulgarriak badira eta egituraren material generikoa errespetatzen badute.

Forjaketetako kotak aldatu egin daitezke, baldin eta kanpoko baoen kotak eta erlaitz-lerroa finko mantentzen badira.

f) Barne-berrantolaketa espazial eta funtzionala onartzen da, erabilera berrien beharretara egokitzeko; betiere, eraikinaren jatorrizko antolamendu globalaren ezaugarriak, kanpoko sarbide-sistema, egitura, fatxadak, bolumetria eta jatorrizko elementu artistiko eta arkitektonikoak errespetatzen badira.

g) Elementu itsusgarriak kentzeko esku-hartzeak baimenduko dira baldin eta 3. artikuluan definitutako balio kulturalei eta 12. artikuluan definitu diren babestutako kultura-ondasunetik zaindu beharreko elementuen balioei kalte egiten badiete. Halaber, hirigintzako legeria aplikagarriak eraikinen kontserbazio-betebeharrari buruz baimentzen dituen esku-hartzeak baimenduko dira.

h) Beharrezkoak diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean jarri beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehaztutako zaindu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.

14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunaren inguruan esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 49. artikuluak xedatutakoa aplikatuz, babes-araubide espezifiko hau gehitzen da I. eranskinean definitutako eta mugatutako babes-ingurunerako.

2.– Inguruaren landa-izaera zaintzera eta indartzera bideratutako esku-hartzeak baimentzen dira. Higiezinaren jarduerarekin lotutako altzari edo instalazio berriak jarri behar badira, altzari edo instalazio horiek bat egin beharko dute inguruaren landa-giroarekin, eta ez diete kalterik egin behar babestutako ondasunaren balio kulturalei; era berean, ez dira egongo jasota artikulu honen 3. puntuko zerrendan (kutsadura bisuala eta akustikoa eragiten duten elementuen zerrenda).

3.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten elementuak instalatzea, baldin eta elementu horiek monumentua ikustea eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badute, eta haren testuinguru-balioak hondatzen badituzte.

Horri dagokionez, I. eranskinean zehazten den ingurune babesturako, kutsadura bisuala eta akustikoa sorrarazten duten elementu hauek definitzen dira, beren eraikuntza- edo diseinu-ezaugarriengatik kultura-ondasunaren nahasmen bisuala edo akustikoa eragiten duten kasuetan:

– Eraikin berriak, babestutako ondasunaren inguruan.

– Altueragatik, bolumetriagatik edo distantziagatik, monumentuaren pertzepzioa eralda dezaketen eraikuntza edo instalazio iraunkorrak zein aldi baterakoak.

– Horniduretarako, energia-sorkuntzarako eta -kontsumorako eta telekomunikazioetarako instalazioak, haien forma edo tamainagatik ingurune babestuan eragin handia badute.

– Errotuluak, seinaleak, hesiak eta kanpoko publizitatea jartzea, beren ezaugarri eta kokapenengatik babes-araubide partikular honi lotutako ondasunaren balio kulturalak kaltetzen badituzte.

– Hiri-altzari handiak jartzea, hala nola olanak, mahaitxoak, kioskoak eta antzeko elementuak, babestutako ondasuna eta haren ingurunea desitxuratzen badute.

– Hiri-hondakinak biltzeko elementuak, baldin eta, tamainagatik (zabor-edukiontziak) eta kokapenagatik, babestutako kultura-ondasunaren pertzepzioa oztopatzen badute.

– Zarata-maila handia sorrarazten duten jarduerak edo instalazioak, monumentua ongizate akustikoko baldintzetan ikustea eragozten dutenak.


Azterketa dokumentala