
204. zk., 2023ko urriaren 25a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (341 KB - 23 orri.)
- EPUB (496 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4865
EBAZPENA, 2023ko urriaren 11koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei dirulaguntzak emateko oinarriak ezartzen baitira eta horietarako deialdia egiten baita gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzea helburu duten toki mailako ekimenak bultzatzeko 2023. urtean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola gazte-politikaren arloko eskumen esklusiboa. Bestalde, Lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duenak, Lehendakaritzari esleitzen dizkio gazteriaren arloko egitekoak eta jardun-arloak.
Bestalde, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 11. artikuluko e) idatz-zatiak toki-erakundeei esleitzen die udal-eremuan edo udalaz gaindiko eremuan gazteen emantzipazioa bultzatzeko zeregina, foru-aldundiekin eta gazteriaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin koordinatuta bete beharrekoa.
Lehendakaritzaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzen duen martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuaren bidez, dekretu haren egitura eta edukia egokitu egiten dira Gazteriaren jardun-arloa Lehendakaritzan sartzeko erabakira, eta Gazteria Zuzendaritza Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendako Idazkaritza Nagusiari atxikitzen zaio.
Azken urteetan, arrakala nabarmena sortu da gazteek emantzipatu nahi luketen adinaren eta familiatik emantzipatzeko eta etxebizitza eskuratzeko baldintzak betetzen diren adinaren artean. Horrek oso ondorio txarrak ditu bai pertsona horien egoera emozionalean eta autoestimuan, bai maila sozial eta ekonomikoan, jaiotza-tasak eta lan-merkatuaren malgutasuna apalak izatea baitakar, besteak beste.
Gazte-emantzipazioa honela definitzen du Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak: gazteak gizartean osorik integratzea lortzea, aukera-berdintasunean, modu autonomoan eraiki ahal izateko beren bizi-proiektua eta guztiz baliatu ahal izateko beren eskubideak, zaurgarriagoak diren gazteen artean arreta berezia jarrita. Gazteei emantzipatzen lagunduko dien egoera sortzea da, hain zuzen ere, legearen helburuetako bat.
Helburu hori lortzeko, administrazio publiko guztiek parte hartu behar dute, bereziki tokiko administrazioak, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen dagoen instantzia den aldetik. Ildo horretan, Gazteriaren Legeak erantzukidetasuna ezartzen die administrazio publikoei, bai eta gazteen emantzipazioa eta autonomia bultzatuko duten politika publikoak garatzeko konpromisoa ere.
Hori guztia dela eta, ebazpen hau tresna bat da gazteak gizartean integratzen direla sustatzeko eta beren bizi-proiektuak modu autonomoan garatzeko. Horretarako, nahikoa babes-esparru zabala diseinatu du, autonomia-erkidegoko toki-erakundeei zuzendua, diagnostiko-azterketak egiteko, gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egiteko, plan horien jarraipena edo ebaluazioa egiteko, bai eta gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzea helburu duten edo helburu horrekin lehendik egindako ekimenak sistematizatzea eta ebaluatzea helburu duten toki-mailako beste ekimen batzuk egiteko ere. Hori guztia dirulaguntzen deialdi honetan zehazten da, publikotasunaren, norgehiagokaren eta objektibotasunaren irizpideen arabera.
Deialdi hau 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, zeina Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2023ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez onartu baitzen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan jasotako aurreikuspenak betez. Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta https://www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago.
Horregatik guztiagatik, bat etorrizEuskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. Kapituluan ezarritakoarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina) eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hori garatzen duen erregelamenduan ezarritakoarekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta deialdia egitea, 2023. urtean honako jarduera hauek sustatzeko: azterketa diagnostikoak egitea, gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egitea, plan horien jarraipena edo ebaluazioa egitea, eta toki-mailako beste ekimen batzuk egitea, gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzea helburu dutenak edo helburu horretarako lehendik egin diren ekimenak sistematizatzea eta ebaluatzea helburu dutenak.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, hau da gazte-emantzipazioa: gazteak gizartean osorik integratzea lortzea, aukera-berdintasunean, modu autonomoan eraiki ahal izateko beren bizi-proiektua eta guztiz baliatu ahal izateko beren eskubide guztiak, zaurgarriagoak diren gazteen artean arreta berezia jarrita.
3.– Ebazpen honen bidez diruz lagunduko diren jardueren xede diren gazteen artean, 18 eta 34 urte bitarteko pertsonak sartzen dira, bi adin horiek barne.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honen helburua betetzeko jarriko diren baliabide ekonomikoak –300.000 euro dira guztira– aurrekontuetan xede horretarako propio ezarritako kredituetatik etorriko dira.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Ebazpen honetan aurreikusten diren dirulaguntzak nortasun juridiko propioa duen Euskal Autonomia Erkidegoko edozein toki-erakundek eskura ditzake: udalerriek; kontzejuek, eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko beste toki-erakunde batzuek, lurralde bakoitzeko foru-araudiaren arabera eta tokiko araubidearen oinarrizko legedian ezarritakoaren arabera; Arabako Lurralde Historikoko kuadrillek; mankomunitateek eta nortasun juridiko propioa duten eta indarreko legediaren arabera eratuta dauden udalerriaz gaindiko beste entitate batzuek. Horiek guztiek, beren estatutuetan xedatutakoaren arabera, gaitasun eta helburu egokiak eduki beharko dituzte beren jarduera-eremuaren barruan garatu ahal izateko kasuan kasuko jarduerak.
4. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.
1.– Ezin izango dute ebazpen honetako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuko egoeraren baten eraginpean daudenek. Egoera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4., 5. eta 6. apartatuetan ezarritakoa hartuko da aintzat, eta egoera bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.
2.– Onuradun izateko eta dirulaguntzak likidatzen diren arte hala izateko, erakundeek beteta eduki beharko dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
3.– Nolanahi ere, bat etorriz Euskadiko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina), onuradunei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eman eta ordaintzeko, amaituta beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta horren organismo autonomoek ematen dituzten izaera bereko dirulaguntzen edo bestelako laguntzen arloan hasi den eta izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozedura orok.
4.– Ezingo zaie dirulaguntzarik eman sexu-bereizkeria eragiten duten jarduerei, ezta sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, zehapenean ezarritako epean.
Toki-erakundeek bete egin behar dute Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoa.
5.– Ez dira onuraduntzat joko udalaz gaindiko erakunde baten parte izanda erakunde horrek eskatutako dirulaguntzaren antzeko beste bat beren kasa eta beren jarduerarako eskatzen duten toki-erakundeak, baldin eta toki-erakunde horien jarduera hori udalaz gaindiko erakundearen jarduerari atxikitzeko aukera egon bazen.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira kasuan kasuko toki-eremuan gazte-emantzipazioarekin lotuta dauden jarduera hauek:
a) Gazteen emantzipazioaren egoerari eta aukerei buruzko azterketa diagnostikoak egitea. Datuak eta informazioa sistematikoki jasotzeko eta horiek antolatu eta aztertzeko prozesuari deitzen zaio diagnostiko. Horren ondorioz, hobeto ezagutu daiteke toki-erakunde zehatz baten errealitatea.
b) Foroak, jardunaldiak eta bestelako topaketak garatzea gazteen parte-hartzea dutenak, horiekin elkarrizketan aritzeko espazio informal bat sortzeko, hala komunikazioa hobetu, gazteen kolektiboaren egoerak, nahiak eta beharrizanak aztertu eta aurreko gai horiei buruzko diagnostiko bat adostu ahal izateko, ondoren gazte-emantzipazioaren eremuan jarduteko proposamenak garatu daitezen.
Ebazpen honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da herritarren parte-hartzerako tresnei buruzko prozesuak garatzea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak aurreikusitakoaren arabera.
c) Gazte-emantzipazioko plana egitea: agiri bat diseinatu eta idaztea, modu estrategikoan jaso ditzan toki-erakunde batek gazte-emantzipazioko politika espezifiko bat garatzeko epe jakin batean garatuko dituen helburuak, jarduera-lerroak, plangintza, baliabideak, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak.
d) Gazte-emantzipazioko ekimenak jasotzen dituen gazte-plan bat egitea: agiri bat diseinatu eta idaztea, modu estrategikoan jaso ditzan toki-erakunde batek gazteriaren arloko politikak garatzeko epe jakin batean gauzatuko dituen helburuak, jarduera-lerroak, plangintza, baliabideak eta jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak. Halakotzat joko dira gazteen garapen sozial eta kulturala sustatzeko haiek bizitzako eremu bakoitzean dituzten beharrizanak betetzeko egiten diren esku-hartzeak. Horien artean egon beharko dira gazte-emantzipazioko ekimen espezifikoren bat edo batzuk.
e) Dagoeneko onartu den eta egikaritze-fasean dagoen gazte-emantzipazioko plan baten edo gazte-plan baten jarraipena egiteko jarduerak.
f) Dagoeneko gauzatu den gazte-emantzipazioko plan bat edo gazte-plan bat ebaluatzea.
g) Ekimenak diseinatu eta planifikatzea, plan baten irismena, egitura eta denbora-ikuspegia eduki gabe, emantzipazio-prozesuetan eragina duen faktore batean edo hainbatetan eragiteko helburua duen ekintza zehatz bat edo hainbat garatzeko jarduera-programa bat jasota.
h) Deialdi hau indarrean jarri aurreko bost urteetakoren batean gauzatutako emantzipazio-ekimenak sistematizatzea eta ebaluatzea. Sistematizatzeko eta ebaluatzeko lan horren barruan sartuko da ekimena aztertzea eta deskribapen sistematikoa egitea. Bertan, informazioa jasoko da xede-kolektiboari, egindako jarduerei, emantzipazioarekin lotuta landu nahi diren faktoreei, lortutako emaitzei, arrakasta-faktoreei eta emaitzak beste eremu batzuetara transferitzeko aukerei buruz.
2.– Deialdian aurreikusten diren jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Argi eta garbi definituta edukitzea helburuak, egin beharreko jardueraren edo egindako jardueren xede-taldeak eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.
b) Gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egitean eta emantzipazio-ekimenak diseinatu eta planifikatzean, nahitaez hartu beharko da oinarritzat diagnostiko bat, dela jarduera horiek jasotzen dituena, dela modu independentean egin dena, ebazpen hau indarrean jarri baino lehen.
c) Diruz lagundutako jarduerak 2023ko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenez, 2023ko azaroaren 16an amaitu beharko dira.
3.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen Testu Bateginaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ez zaie inolako dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik emango sexuagatiko edo bereizkeria anizkoitzeko faktoreengatiko bereizkeria eragiten duten jarduerei.
4.– Deialdi honen helburua ez da plan edo ekimenetan aurreikusitako ekintza zehatzen betearazpena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira behar-beharrezkoak diren, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten dioten eta proiektua gauzatzeko aurreikusitako epea amaitu baino lehen egiten diren horiek; nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
2.– Ebazpen honen aplikazio-eremutik kanpo gelditzen dira gastu hauek:
a) Diruz lagundutako jarduera sustatzen duten toki-erakundearen plantilla organikoko langileen gastuak.
b) Inbertsio-ondasunen gaineko gastuak.
c) Erakunde eskatzaileen egituraren gastuak edo zeharkako gastuak.
3.– Zergei loturiko diru-zenbatekoak dirulaguntza jasotzeko modukotzat joko dira, baldin eta dirulaguntzaren onuradunak berak benetan ordaintzen baditu eta ezin badira errekuperatu edo konpentsatu.
4.– Diruz lagundu ezin daitezkeen gastuak agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, ezabatu edo egokitu egingo dira gastuok, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
7. artikulua.– Diruz lagundutako jarduera betearazteko azpikontratazioa.
1.– Diruz lagundutako jarduera % 100era arte azpikontratatu ahalko du erakunde onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa betez, erakunde onuradunak azpikontratatu egiten duela iritziko zaio, baldin eta hirugarren pertsonekin ituntzen badu diruz lagunduko den jarduera osorik edo partzialki gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira pertsona onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.
Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitzen badu baina jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio.
2.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte obligazioak, eta onuradunak bere gain hartu beharko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun guztia.
Aurretik jasotakoa betetzeko, erakunde onuradunei dagokie: dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak errespetatuko direla ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharrari lotuta egongo dira kontratistak, aipatutako mugak betetzen direla egoki egiaztatu ahal izan dadin.
3.– Alabaina, erakunde onuradunak hauekin ezin izango du itundu diruz lagundutako jarduera osorik edo partzialki gauzatzea:
a) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsonak edo entitateak.
b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo entitateak.
c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin bat bada, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan duten balioaren erreferentziaren arabera.
d) Erakunde onuradunarekiko loturaren bat duten pertsonak edo entitateak, egoera hauetako batean izan ezik:
1) Dirulaguntza ematen duen organoaren aurretiazko baimena lortzea.
2) Diruz lagun daitekeen zenbatekoa ez izatea lotura duen entitateak izandako kostua baino handiagoa. Justifikazioan egiaztatu beharko da kostua, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.
e) Deialdi edo programa berean dirulaguntza edo bestelako laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren erakunde eskatzaileak.
8. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura honetan eskaerak, zuzenketak, justifikazioak eta izapide guztiak egiteko.
3.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1201803
4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta egon daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea (edukia I. eranskinean ageri da) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan egin behar da, eta, bertan, agiri hauek gehitu behar dira:
a) Erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, dirulaguntzaren xede den jarduera egitea onartzen duen erabakia jasotzen duena, edo ordezkariak erakundearen izenean erabaki hori hartzeko adina botere duela adierazten duena.
b) Eskumena duen organoak erakunde eskatzaileari emandako finantzaketa ordaintzeko nahikoa kreditu dagoela adierazten duen ziurtagiria.
c) Udalaz gaindiko erakundeen kasuan, gainera, sortzeko araua adierazi beharko da, edo, hala dagokionean, dagokion erregistro publikoko inskripzioa.
d) Gazte-emantzipazioko planen edo gazte-planen jarraipena edo ebaluazioa egiteko dirulaguntzen eskabideetan, bai eta lehendik egindako emantzipazio-ekimenen sistematizazio eta ebaluazioari buruzko horietan ere, onartutako plana edo ekimena aurkeztu beharko da, finantzatu nahi diren jarduerekin lotutakoa.
e) Era berean, eskabideak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.
2.– Erakunde batek, 5. artikuluaren 1. paragrafoan deskribatutako jarduera bat baino gehiago egin nahi baditu, jarduera beste eskabide-inprimaki aurkeztu beharko ditu, horiei dagokien dokumentazio erantsiarekin.
3.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio Gazteria Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari.
10. artikulua.– Erakunde eskatzailearen baldintza eta betebeharrak egiaztatzea.
1.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, haiei dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik. Laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiten den arte bete behar dira gutxienez, 20.3 artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe.
2.– Dirulaguntza eskatzen duen erakunde eskatzaileak berariaz adieraz dezake baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta lehen aipatutako 2023ko otsailaren 13ko Agindua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira eskabide-orri normalizatuan:
– Ez izatea Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko aurreikusitako debeku bat bera ere.
– Dirulaguntzak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ez izatea, ezta laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ere, bereziki sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura batean sartuta ez egotea. Bestela, adierazi beharko dira prozedura horiek.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteta edukitzea.
– Helburu bererako dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu direla eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, zeinahi dela ere haiek ematen dituen administrazioa edo erakunde publikoa zein pribatua.
– Era berean, erakunde eskatzaileak berariaz adierazi behar du eskabidean bildutako eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla.
– Sexuan oinarritutako bereizkeria eragiten duen jarduerarik ez egitea, ez eta sexuan oinarritutako bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik jaso izana ere, zehapenean ezarritako aldian.
– Berdintasun-plan bat indarrean izatea, nahitaez eduki behar badute.
– Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoa beteko dute.
Edozein daturen, adierazpenen edo batera edo barnean hartuta doan dokumentuaren zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo omisioak, funtsezkoa bada, prozeduran aurrera ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, eta erantzukizun penal, zibil edo administratiboei aurre egin beharko zaie, hala badagokio. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.
11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Ikusiz gero eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo akatsak aurkituz gero eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu pentsatuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da. Zuzenketak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada paperean, bide elektronikoz aurkeztu behar duela jakinaraziko zaio erakunde interesdunari. Ildo horretatik, bide hori erabilita aurkeztu zenekoa hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Deialdia lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabideak alderatuko dira dirulaguntzak ematean, horien arteko hurrenkera ezartzeko, 14. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideen arabera. Beraz, soilik 40 puntu baino gehiagoko balorazioa lortu duten eskabideei esleituko zaie laguntza, beheranzko ordenan, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera, harik eta ebazpen honen 2. artikuluan jasotako aurrekontu-kreditua amaitzen den arte, hala badagokio.
Lortutako puntuazioan bi eskabide edo gehiagoren artean berdinketa badago, dirulaguntza esleitzeko, kontuan hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak haietako bakoitzari esleitzen dion hautazko zenbakiaren goranzko ordena; zenbaki hori aplikazio telematikoan sortutako eskabide-inprimakian agertzen da.
13. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteriako arduraduna.
– Batzordekidea: Beñat Martínez Castillo, Gazteriako teknikaria. Ordezkoa: Agurtzane Iriondo Goti, Gazteriako teknikaria.
– Batzordekidea: María Jesús Emazabel Lekuona, Gazteriako teknikaria; idazkari ere jardungo du. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocariz Sorolla, Gazteriako teknikaria.
2.– Eskabide guztiak balorazio- eta esleipen-irizpideen arabera baloratu ondoren, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena igorriko dio Gazteriako zuzendariari, bertan jasota onartu diren eta onartu ez diren eskabideak, baztertzeko arrazoi eta guzti, bai eta ekimenen balorazioa ere, eskatutako dirulaguntzak baiesten edo ezesten dituena.
14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Aurkeztutako eskabideek lortzen duten puntuazioa irizpide hauek aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:
a) Proposatutako jardueraren kalitatea: 38 puntu, gehienez. Atal honen barruan alderdi hauek baloratuko dira:
– Helburuen egokitzapena: kontuan hartuko da zenbateraino egokitzen diren jardueraren helburuak deialdi honen helburura, zenbateraino dauden argi eta garbi zehaztuta, zenbateraino diren errealistak eta zenbateraino dauden oinarrituta jardueraren xede diren gazteek emantzipazioaren arloan dituzten beharrizanetan. 12 puntu, gehienez.
– Jardueraren helburuak lortzeko metodologia egokiaren erabilera: 10 puntu, gehienez.
– Diruz lagunduko den jardueraren helburuen, helburu horiek lortzeko proposatutako ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia: 8 puntu, gehienez.
– Genero-ikuspegia: kontuan hartuko da zer neurritan hartzen diren kontuan sistematikoki jardueraren fase guztietan zehar emakume eta gizonen egoera, baldintza, nahi eta beharrizan desberdinak. Bereziki baloratuko da, datuak edo adierazleak sexuaren arabera banatzea ez ezik, emakumeen eta gizonen egoera desberdinen azterketan eta interpretazioan sakontzea ere, eta helburu eta jarduera espezifikoak sartzea parekidetasunik eza ezabatu eta berdintasuna sustatze aldera. 8 puntu, gehienez.
b) Jarraitutasuna eta ikuspegi integrala: diruz lagundutako jarduerak erakunde horrek gazte-emantzipazioaren gainean aldez aurretik garatu dituen eta, hala badagokio, eremu horretan etorkizunean garatu nahi dituen beste jarduera batzuekin duen lotura eta koherentzia baloratuko dira. 20 puntu, gehienez.
c) Proposamenaren irismena; horretarako, jardueraren eragina baloratuko da, ikuspegi kualitatibotik, jarduera motaren arabera ezartzen den hurrenkerari jarraikiz. Gehienez, 48 puntu:
– Emantzipazio-plan bat egitea: 17 puntu.
– Gazte-plan bat egitea: 15 puntu.
– Azterketa diagnostiko bat egitea, gazte-emantzipazioko plan baten edo gazte-plan baten jarraipenerako edo ebaluaziorako jarduerak egitea eta emantzipazio-ekimenak sistematizatu eta ebaluatzea: 10 puntu.
– Foroak, jardunaldiak eta bestelako topaketak egitea gazteen parte-hartzearekin, eta emantzipazioaren arloan ekimenak diseinatu eta planifikatzea: 6 puntu.
d) Arreta espezifikoa ematea 24-34 urteko gazteen taldeari: 10 puntu, gehienez.
e) Arreta berezia ematea azken 24 hilabeteetan beren emantzipazio-prozesua eten behar izan duten gazteei: 10 puntu.
f) Erakunde eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa; bitartekoen ehunekorik handiena baloratuko da: 5 puntu, gehienez.
15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Diruz lagunduko diren jardueren kostuaren % 100era arte lagundu ahalko da diruz, baina erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzen zenbateko osoa ezin izango da izan 60.000 eurotik gorakoa.
16. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.
Lehendakaritzako Gazteria Zuzendaritzaren ardura izango da ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura kudeatzea.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Gazteriako zuzendariak ezarriko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena, Balorazio Batzordeak igorritako proposamena ikusita.
2.– Ebazpena erakunde interesdun guztiei jakinaraziko zaie, sei hilabete igaro baino lehen, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Jakinarazpenak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke goragoko organo hierarkikoan, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako epea igaro eta ez bada ebazpenik jakinarazi, erakunde interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte beren eskabideak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Denek jakin dezaten, eta hargatik eragotzi gabe erakunde interesdunei espresuki eta banaka jakinarazpena bidaltzea, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, emandako laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda jasoko duena, laguntzen diru kopuruak eta destinoak barne.
18. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako emandakoekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetako betebeharrak bete behar dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete behar dituzte:
– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
– Gazteria Zuzendaritzak egiten dituen egiaztapenen eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen ikuskatzeen mende egotea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren dirulaguntzei edo bestelako laguntzei dagokienez. Baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende egotea ere.
– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea diruz lagundutako jardueren ondoriozko ekintza eta material guztietan; idatzizkoetan nahiz multimediakoetan.
– Hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako arlo guztietan eta emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatua bermatzea diruz lagundutako jardueretan.
– Berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Gazteria Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, dirulaguntza ematen duen ebazpenaren berri duten egunetik aurrera dirulaguntza jaso duen jarduera dela-eta egiten diren azterketa, plan edo prozeduren aleetan edo horren ondorioz argitaratzen diren idatzizko nahiz multimediako bestelako materialetan. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren azterketa, plan edo prozeduren ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Betebehar horretatik salbuetsita daude behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta dirulaguntza jasotzen duten erakundeak, baita dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.
– Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak oro har gazteen alorrean eta zehazki diruz lagundutako jarduketarekin lotura duten alorretan eskatzen dizkion datu estatistikoak ematea. Datu horiek sexuaren arabera banakatuta eduki behar dira.
– Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero –eta, hala badagokio, eskuratuz gero–, horren berri ematea organo kudeatzaileari.
– Diruz lagundutako jardueran gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinaraztea. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.
20. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Ordainketa bakarra egingo da, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoa, dirulaguntzaren erabilera Gazteria Zuzendaritzan justifikatu ondoren, eta hurrengo artikuluan aurreikusitako eran.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
3.– Nolanahi ere, dirulaguntza horiek ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
Era berean, ez da inolako ordainketarik egingo, onuradunak beteta ez badauzka zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen baten arabera zordun bada.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duenak) 75. artikuluan ezarritakoa, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean eta 2023ko abenduaren 1a baino lehen, erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta):
a) Justifikazioko kontu sinplifikatua, honako hauek jasoko dituena: egindako jardueraren memoria xehatua, diru-sarreren eta gastuen aurrekontu betearazia eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu betearazian xeheki azaldu behar da diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira. Halaber, hauek agertuko dira gastuen zerrendan: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, igorpen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Justifikazioko kontu sinplifikatuaren eredua euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daiteke (https://www.euskadi.eus/servicios/1201803) eta haren edukia II. eranskinean agertzen da.
b) Egindako azterketa, plan eta prozeduren bertsio linguistikoen aleak, bai eta material grafiko, idatzizko edo multimediakoenak ere, jasotako dirulaguntza zertan erabili den dokumentatzen dutenak. Horietan guztietan berariaz aipatu beharko da Lehendakaritzaren Gazteria Zuzendaritzaren laguntza jaso dela.
2.– Gazteria Zuzendaritzak, hemen zehazten den laginketa-prozedura aplikatuz, diruz laguntzeko hautatutako proiektuen gastu-egiaztagiriak egiaztatuko ditu. Laginketa egiteko, diruz lagundutako proiektuen zerrenda alfabetikoki ordenatuko da, erakunde onuradunen izenaren arabera, eta zenbaki korrelatibo bat esleituko zaie. Diruz lagundutako proiektuari esleitutako zenbakiaren azken digitua ebazpen hau argitaratzen den Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren zenbakiaren azken digituarekin bat datorrenean, proiektu horiexen erakunde onuradunek proiektu hautatuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte (adibide gisa, ebazpena 234 zenbakia duen aldizkarian argitaratzen bada, 4., 14., 24., 34. eta abarren zenbakiak esleitu zaizkien diruz lagundutako proiektuen gastuen egiaztagiri guztiak aurkezteko eskatuko da).
22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste laguntzarik eta dirulaguntzarik jaso bada, aldatu ahal izango da dirulaguntza emateko ebazpena. Hala, Gazteria Zuzendaritzak behar den ebazpena emango du, emandako dirulaguntza aldatu edo likidatzeko. Ebazpen horretan, hala badagokio, zenbatekoa egokituko da.
Zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz egokituko da, eta kontuan hartuz xedea ia guztiz bete den eta onuradunek beren konpromisoak argi eta garbi bete dituztela egiaztatzen duten. Hala, helburu partzialak edo jarduera zehatzak betetzen ez badira, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da; zehazki, horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia.
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat ebazpen honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezartzen direnak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko gainerako ez-betetzeak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikulukoak.
2.– Baldin eta egiaztatzen bada egoera horietakoren bat gertatu dela, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio bai jasotako kopuruak, bai dirulaguntzen arloan aplikagarria den legezko berandutze-interesa. Bi arau hauek agindutako moduan eta berauek arautzen dutena beteta egingo da itzulketa hori: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskabidean ageri diren izaera pertsonaleko datuak tratatuko dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Gazteriaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.
– Helburua: Gazteriaren arloko laguntzen kudeaketa.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta deuseztatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren eskubideak ere.
– Informazio gehigarria: webgune honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa1-eu.shtml
Xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf
– Datu Pertsonalen Babeserako eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa:
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete entitateek Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 11.
(13/2023 Dekretuaren bidez eskumenak eskuordetzearen ondorioz; 13/2023 Dekretua, apirilaren 21ekoa, lehendakariarena, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari eginkizunak eskuordetzan ematen dizkiona; 2023ko maiatzaren 2ko EHAA, 81. zenbakia).
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia,
JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.
RSS