
203. zk., 2023ko urriaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 5 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4839
EBAZPENA, 2023ko urriaren 2koa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, ikuskapen-zereginak dituzten langileen datuak jasotzen dituzten agiriak izengoitiarekin sinatzeari buruzkoa.
AURREKARIAK
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez, Saileko ikuskatzaileentzako txartel-eredu bateratua onartu zen (2023ko otsailaren 10eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 29. zenbakia). Txartel-eredu berriak langile horien datuak izengoiti bihurtzen ditu. Izan ere, argazkiarekin batera, txartela duen funtzionarioari buruz agertzen den identifikazio-datu bakarra zenbakia da. Horrek, hala ere, ez du salbuesten agiriak izen-abizenekin sinatu beharra.
Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Ingurumen Ikuskaritzako Zerbitzuaren arduradunak 2023ko ekainaren 1eko idazkian honako hau eskatu zuen: «beharrezkotzat jotzen diren neurriak ezartzea Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ikuskaritza- eta kontrol-lanak egiten dituzten pertsonen izengoitiak jartzeko figura juridiko egokia ezartzeko, identifikazio profesionaleko zenbakia duen enplegatu publikoaren ziurtagiri elektronikoak edukitze aldera».
Eskabideak hainbat aurrekari ditu oinarrian. Izan ere, kasu batzuetan, Zuzendaritzako teknikarien izen-abizenak argitaratu dira zenbait hedabidetan, teknikari horiek ikuskatzaile-lanetan profesionalki aritu diren espedienteekin lotuta. Gainera, datu pertsonal horiek argitaratzearen ondorioz, aipatutako profesional horietako baten kontrako pintaketak egin dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
I.– Aurrekaria: URA.
URA-Uraren Euskal Agentziak bere ikuskatzaileen datuak goitizen bihurtu zituen, 2020an, agiriak sinatzeko orduan. Izan ere, 2019ko urtarrilaren 8ko txosten juridikoan baieztatutakoaren arabera, «Agentzian zaintza- eta kontrol-lanak egiten dituzten langileak presio handia eta gehiegizko esposizioa jasaten ari dira, interesdunek beren datu pertsonalak zabaldu ditzaketelako, beren eginkizunak betetzean idazten dituzten txosten eta akten kopiak eskatzean. [...] Gertatu izan da arau-hausteak jazo diren herrietan bertan bizi diren ikuskatzaileak egotea, eta, arau-hauste horien ondorioz, gero zehapen-espedienteak sortzea. Kasu horietan, ezin da saihestu arau-hausleak, hala badagokio, ikuskatzailearen izen-abizenaren eta NANaren berri izatean, ikuskatzailea aurkitzeko saiakera egitea, espedientea irekitzea ekiditeko». Azaldutakoaren arabera, «frogatuta dago ezohiko egoerak gertatzen ari direla Uraren Euskal Agentziako enplegatu publikoentzat, garatzen dituzten zeregin publikoetan».
Ondorioz, 2020ko apirilaren 15ean, URAko zuzendari nagusiak ebazpena ezarri zuen, «Uraren Euskal Agentziako ikuskatzaileek izengoitiarekin sinatzeko baimena izan dezaten, erantsitako lanpostuen zerrendari jarraikiz». Horretarako, IZENPEn «ziurtagiri elektronikoak egitea izapidetu zen, erakunde horrek berak langileen datuekin eta horien goitizenekin emandako formularioak bidalita, zaintzapean gorde zitezen».
II.– Agintaritzaren agenteen izaera.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 93.2 artikuluaren arabera, «Ingurumen-alorreko ikuskapen-lana egiteko izendatutako administrazio publikoen zerbitzuan ari diren langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira beren eginkizun horiek egikaritzeko».
Ildo beretik, Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak honako hau ezartzen du 105.1 artikuluan: «ikuskaritza-lanak egingo dituzte arau aplikagarrien arabera behar bezala aitortzen diren funtzionarioek, agintaritzaren agenteen izaera edukita».
Bestalde, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 52.3 artikuluan ezartzen duenez, «Ikuskatze-lanak egiten dituzten ingurumen-organoko langileak, eginkizun hori betetzean, agintaritzaren agente izango dira».
Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 26.2 artikuluaren arabera, «Aurreko puntuan aipatzen diren ikuskapen-lanak betetzen dituzten funtzionarioak agintaritzaren agenteak izango dira».
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua onartzekoak, «ingurumen-ikuskatzaileen» definizioa jasotzen du 2.14 artikuluan: «Ingurumenaren arloko eskumenak dituzten eta ingurumen-ikuskaritzak egiten dituzten administrazio-funtzionarioak. Haien eginkizunak betetzen ari direnean, agintaritzaren agenteak izango dira».
Izaera hori bera errepikatzen da 22.2 artikuluan, honako hau ezartzean: «Ingurumen-ikuskatzaileak ingurumen-ikuskaritzaren gaineko eskumenak beteko dituen organora atxikitako funtzionarioak izango dira, eta eginkizunak betetzen ari direnean, agintaritzaren agenteak izango dira».
Azkenik, Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legeak 93.2 artikuluan ezartzen duenez: «Lege honen ondoreetarako, aurreko paragrafoan aipatutako funtzionarioak agintaritza-agenteak izango dira» (aipatzen duen paragrafoak beste funtzionario batzuen artean jasotzen ditu «Natura-ondarearen arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak horrela izendatutako langileak»).
III.– Sinadura elektronikoa: goitizena jartzeko aukerak.
Datuak Babesteari buruzko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrak honela definitzen du goitizenak jartzeko prozedura 4.5 artikuluan: «Informazio osagarria erabili ezean datu pertsonalak interesdun jakin bati ezin egoztea posible egiten duen datu pertsonalen tratamendua, betiere informazio osagarri hori bereiz kontserbatzen bada eta datu pertsonalak pertsona fisiko identifikatu edo identifikagarri bati ez zaizkiola egotziko bermatzen duten neurri tekniko eta antolakuntzakoak betetzen baditu».
Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 43.2 artikuluaren arabera: «Administrazio publiko bakoitzak zehaztuko ditu bere langileek erabili behar dituzten sinadura elektronikoko sistemak. Sistema horiek aldi berean identifikatu ahalko dute nor den lanpostuaren edo karguaren titularra eta zer administrazio edo organotan ematen dituen zerbitzuak. Segurtasun publikoko arrazoiengatik, zilegi da sinadura elektronikoko sistemek enplegatu publikoaren identifikazio profesionaleko zenbakia besterik ez adieraztea».
Aukera horrekin bat, Sektore publikoaren bitarteko elektroniko bidezko jarduera eta funtzionamendurako Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak honako hau ezartzen du 23.1 artikuluan: «konfiantzazko zerbitzuen emaile kualifikatuek identifikazio profesionaleko zenbaki bat jarri ahal izango dute enplegatu publikoaren ziurtagiri elektronikoan, dagokion langileak zerbitzuak ematen dituen administrazioak hala eskatuta, baldin eta ziurtagiri hori informazio sailkatuari, segurtasun publikoari, defentsa nazionalari edo anonimotasuna legez justifikatuta duten beste jarduketa batzuei eragiten dieten jardueretan erabiliko bada. Ziurtagiri horiei "identifikazio profesionaleko zenbakia duten enplegatu publikoaren ziurtagiri elektroniko" deituko zaie».
Bestalde, Konfiantzako zerbitzu elektronikoen zenbait alderdi arautzen dituen azaroaren 11ko 6/2020 Legeak ezartzen duenez, ziurtagiri kualifikatuetan titularraren nortasuna «izen horrekin argi eta garbi jasota dagoen izenorde bat» erabiliz agertu ahalko da (6.1.a artikulua).
Azken batean, sinadura elektronikoko sistemetan jasotako datuak goitizen bihurtu ahal dira, segurtasuneko arrazoien ondorioz, eta enplegatu publikoek egin behar dituzten jardueren nolakotasunak hala gomendatzen badu.
IV.– Neurriaren proportzionaltasuna.
Espedientean, Zuzendaritza honetako aholkulari baten txosten juridikoa azaltzen da. Bertan, nahitaezkotzat jotzen da goitizenak langileei ematen dien babesaren eta horrek interesdunen eskubideetan eragiten duen sakrifizioaren arteko proportzionaltasuna aztertzea.
Era berean, URAn goitizenak jartzeko prozeduraz baliatzea erabaki zenean, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak (51/2019 DDLCN-OL txostena) baieztatu zuen nahitaezkoa zela «neurri hori anonimo bihurtutako funtzionarioen ikuskaritza-lanak zaintzeko beharrezkoa eta egokia dela adierazten duen ebazpen arrazoitua» igortzea. Era berean, azaltzen zuenez, «datuak anonimo bihurtzeko neurria gardentasunaren arauaren salbuespena denez, soilik erabili ahalko da ikuskapen, zaintza eta kontrolaren eremuan, baina ez osorik eta bereizkeriarik gabe zaintza, ikuskaritza eta kontroletako lanetan ari diren funtzionarioak izate hutsagatik, baizik eta batez ere modu sektorialean, baldin eta gertaera, inguruabar eta arrazoi espezifikoak badaude Administrazio honi pentsarazten diotenak neurri hori beharrezkoa dela eginkizunok babesteko».
Jakin badakigunez datu pertsonalak goitizen bihurtzeko prozesuak mugatu egiten duela interesdunak duen eskubidea «prozedurak izapidetzeko ardura duten administrazio publikoetako agintari eta langileak identifikatzeko» (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.b artikulua) –Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak 64.3.I artikuluan errepikatzen duen eskubidea–, neurria saihestezina dela uste dugu, beharrezkoa baita. Ez dago beste mekanismorik ikuskatzaileek beren eginkizunak bete ditzaten beren pribatutasunean eskua sartu gabe eta beren datu pertsonalak hedabideetan zabalduta ikusi gabe, esposizio horrek dakartzan ondorioekin. Babes hori eman behar zaie, beraz, ikuskaritza- eta kontrol-lanak esleituta dituzten lanpostuak betetzen dituzten profesional guztiei.
V.– Ebazpen hau ezartzeko eskumena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan araututa dago (6.t, 20.1.c eta 20.2.f artikuluak).
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ikuskaritza- eta kontrol-lanak esleituta dituzten enplegatu publikoei goitizenarekin sinatzeko baimena ematea, eransten den lanpostuen zerrendaren arabera.
Bigarrena.– Izenpen ziurtagiri elektronikoen igorpena izapidetzea, kasuan kasuko formularioak bidaliz; formulario horietan lanpostuok betetzen dituzten pertsonen datuak eta horiei dagozkien goitizenak agertuko beharko dira.
Hirugarrena.– Ebazpen honek goitizenarekin sinatzeko aukera ematen die, era berean, ondoren sortzen diren lanpostuak betetzen dituzten pertsonei edo zereginak metatu eta gehiegi izatearen ondorioz edo behin-behinean ikuskaritza- eta kontrol-lanak dituzten programak betetzeko barne mailan izendatzen diren pertsonei.
Laugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion gardentasun-atarian (Gardena) argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 2a.
Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,
AITOR ALDASORO ITURBE.
RSS