Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

203. zk., 2023ko urriaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4838

98/2023 EBAZPENA, urriaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-ustiategien egiturari buruzko inkesta (2023) egitekoa.

Euskal Estatistika Erakundeak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Estatistika Erakundearen eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-ustiategien egiturari buruzko inkesta (2023) egitekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 18KO 98/2023 EBAZPENARENA
ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKO HITZARMENA, NEKAZARITZA-USTIATEGIETAKO EGITURARI BURUZKO INKESTA (2023) EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN LURRALDE-EREMUAN EGITEKO
BILDU DIRA:

Batetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak esleitutako eskuduntzak betez, Gobernu Kontseiluak 2023ko ekainaren 6ko bilkuran emandako baimena dela bide.

Beste aldetik, Carlos Javier Ballano Fernández jauna, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia, urriaren 5eko 835/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua, erakunde horren izenean jardunez, erakundeko lehendakariak eskuordetuta eta eskumenak eskuordetzeko den EINeko lehendakariaren 2022ko urriaren 24ko Ebazpenaren aurreneko paragrafoaren 1.f) puntuan ezarritakoarekin bat etorriz (urriaren 28ko BOE, 259. zk.).

ADIERAZTEN DUTE:

Abenduaren 15eko 1110/2020 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2021-2024ko Estatistika Plan Nazionalean dago xedatuta Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, EIN) erantzukizuna dela nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko 2023ko inkesta deritzon estatistika-eragiketa egitea estatu-mailan; Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, ekainaren 27ko 8/2019 Legearen bidez onartutako 2019-2022ko Euskal Estatistika Planak Eustati esleitu dio nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko inkesta egiteko betebeharra, Estatukoaren antzeko ezaugarriekin.

Nekazaritza Ustiategien Egiturari buruzko 2023ko Inkesta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1091 (EB) Erregelamenduaren esparruan –nekazaritza-ustiategiei buruzko estatistika integratuei buruzkoa–, administrazio-erregistroen erabilera masiboa oinarri hartuta egingo da, erregistro-informazioa zuzenean sartzeko eta zuzenean biltzea saihesteko. Zehazki, nekazaritza-politika erkideko (aurrerantzean, NPE) laguntzak eskatzen dituztenen direktorioko ustiategietarako, zuzenean baliatuko da aitortutako administrazio-informazioa.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes komuna dutenez ikerketa estatistikoan, komeni da ahaleginak batzea; batez ere, kontuan hartuta Estatuak eskumen esklusiboa daukala estatu-helburuetarako estatistikan (Konstituzioaren 149.1.31 artikulua) eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa daukala bere helburu eta eskumenetako estatistikan (abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikulua).

Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 26.r) artikuluan xedatuta dagoenez, Estatistikako Institutu Nazionalari dagokio beste administrazio publiko batzuekin akordioak eta hitzarmenak egitea, agindu zaizkion estatistikei dagokienez. Era berean, arau bereko 41.1 artikuluan dago adierazita «Estatuko Administrazioko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek estatistika-eragiketen garapenerako hitzarmenak egin ahal izango dituztela, eragiketa horiek hobetzeko eta eraginkorrak izateko komeni bada edo alferrikako bikoiztasunik eta gasturik ez izateko».

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 3. artikuluko 2. apartatuan, hauxe dago xedatuta: Euskal Autonomia Erkidegoak estatuarekiko lankidetza-hitzarmenak egin ditzake, autonomia-erkidegoaren estatistikarako eta estatu-helburuetako estatistikarako aldi berean balio duten estatistikak baliatu ahal izateko biek.

Hori dela eta, kontuan hartuta EINek eta Eustatek zenbait lankidetza arrakastatsu izan dituztela arlo horretan, eta, horretaz gain, garrantzitsua denez informatzaileen karga murriztea eta baliabide eta ahalegin publikoak aurreztea, bi alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen helburua da Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko 2023ko inkesta egiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Bigarrena.– Nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko 2023ko inkesta garatzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

1.– Inkestetako metodologia, direktorioa eta aldagaiak.

a) EINek Eustati emango dizkio, hitzarmena indarrean jartzen denean, nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko 2023ko inkestaren proiektua eta eragiketaren informazio metodologiko guztia. Bilketa hasi baino hamabost egun lehenago, Eustatek EINi hauek emango dizkio: metodologia hori bere bilketara egokitzeko sartutako ezaugarriak eta ikertzen diren aldagai gehigarriak.

b) EINek Eustati bidaliko dio ustiategien direktorioa, hitzarmen hau sinatzean. Marko hori marko nazionalerako hartutako metodologiaren arabera sortu da. Bertan adieraziko da ea ustiategi hori NPEko aurreko urteko fitxategian egon den.

c) EINek, abuztuaren 15a baino lehen, lagin-unitateak igorriko ditu. Horiek zuzenean hartuko dira bai NPEko laguntza-eskaria egin ez duten ustiategien Europako Erregelamenduaren III. eranskineko aldagaietatik, bai aipatu Erregelamenduaren IV. eranskineko aldagaien informazioa bete behar duten ustiategietatik. Azken kasu horretan, lagin-unitate bakoitzak bete behar dituen moduluak zehaztu beharko dira.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako Erregelamenduaren III. eranskineko datuak biltzeko –NPEko laguntzen eskaera bakarrean jaso ez diren nekazaritza-ustiategiei buruzko datuak dira horiek–, Estatu osorako galdera-sorta komuna erabiliko da, edukiari dagokionez; baina formatu elebidunean egongo da, euskaraz eta gaztelaniaz, eta bi erakunde sinatzaileen anagrama gehituko da guztietan. Eustat arduratuko da galdera-sortaren itzulpenaz, fotokonposizioaz eta tiradaz, bai eta gainerako bilketa-bitartekoetan instrumentalizatzeaz ere. Halaber, postako galdera-sorta nazionalari dagokion jarraibide-orria ere euskaratuko du Eustatek.

Era berean, Europako Erregelamenduaren IV. eranskineko informazioa eskuratzeari ekingo zaio. Horretaz gain, Eustatek bere galderak sar ditzake Euskal Autonomia Erkidegoaren interes esklusiboari loturiko informazioa lortzeko.

2.– Inkestaren sustapena.

a) Erakunde biek gutun bat bidaliko diete galdera-sorta erantzun behar duten ustiategi guztiei, nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko 2023ko inkestaren bi jarduketen berri emateko; gutun hori formatu elebidunean idatziko da, euskaraz eta gaztelaniaz; EINen Estatistika Produktuen zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuko dute, eta bertan iragarriko dute nola garatuko den inkesta Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan, erakunde biek batera egoki irizten dioten beste edozein sustapen egingo dute, inkestan jasotako datuen estaldura eta kalitatea hobetzeko; eta institutu bien izenak agertu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoan berariaz erabiltzen diren publizitate-euskarri guztietan.

3.– Informazioa biltzea.

a) EINek NPEko fitxategiaren bidez jaso diren direktorioko unitateen zerrenda igorriko dio Eustati 2023ko abuztuaren 31 baino lehen. Erregelamenduaren III. eranskineko informazioa biltzeko fasetik aterako dira unitate horiek.

b) Lana antolatzeko beharrezkoa bada, EINek prestakuntza-ikastaroak antolatu eta emango dizkie, informazioa biltzen hasi aurretiko hilabetean zehar, agenteak prestatzeko eta errolda-informazioa kontrolatu eta arazteko ardura izango duten Eustateko langileei. EINek bilketa nazionalerako prestatutako eskuliburuak emango dizkio Eustati.

c) Eustatek aukeratu, kontratatu eta prestatuko ditu datuak biltzen parte hartzen duten langile guztiak.

d) Eustat arduratuko da landa-lan osoaz, EINen proiektuan jasotako arauekin eta bilketa-prozedurarekin bat etorriz, bai eta, hala badagokio, klausula honen a) apartatuan aipatutako prestakuntza-ikastarotik edo bilketan zehar Eustatek eta EINek adosten duten beste edozein arau orokorretatik eratorritakoekin ere.

e) EAEko informazio-bilketa 2023ko azken hiruhilekoan hasiko da, eta 2024ko martxoaren 15ean amaituta egon beharko du.

f) EINek eta Eustatek ikuskapen- eta kontrol-sistema ezarriko dute. Bereziki, bi erakundeek adostuko dute datu-bilketari buruzko txostenak bidaltzeko egutegia, landa-lanaren gorabeherak barnean izanik.

g) NPEko fitxategietako eta beste administrazio-erregistro batzuetako datuak biltzeko, EINek informazioa zuzenean irauliko du bi alderdiek adostutako formatura, eta lortutako datu horiek igorriko dizkio Eustati 2023ko urriaren 15a baino lehen.

4.– Informazioa araztu, grabatu eta balidatzea.

a) Hitzarmena indarrean jartzen den egunean, EINek Eustati hauek bidaliko dizkio: eskuz arazteko arauak, eta galdera-sortako aldagaien balidazioak eta formatua grabatzeko erregistroaren diseinua, bai zuzenean bildutako informaziorako, bai NPEko fitxategietatik eta beste administrazio-erregistro batzuetatik lortutako informaziorako.

b) Grabatutako datuak eta administrazio-erregistroetatik lortutako datuak balidazioko eta kontrol logikoko prozesu automatiko batean sartuko dira. Gero, EINera bidaliko dira informatikoki trata ditzaten. Eustatek EINi bidaliko dio grabatutako eta balioetsitako informazioa, EINek finkatutako erregistroaren diseinuari jarraikiz, 2024ko apirilaren 15a baino lehen, NPEren sistemaren bidez bete ez diren datu-bilketarako erabilitako laginean agertzen diren titular guztiei eta Erregelamenduaren IV. eranskineko aldagaiak dituzten unitate guztiei buruzko informazioarekin. Horrez gain, datuek jasan duten balidazio- eta kontrol-prozesuari buruzko txosten bat aurkeztuko da.

c) Fitxategia jaso ondoren, EINek datuak egiaztatu eta balidatuko ditu. Hilabeteko epean jakinaraziko dio Eustati datu horiek onartu edo baztertzen dituen. Onartu ezean, itzuli egingo dizkio, eta arrazoiak azaldu. Eustatek 15 eguneko epea izango du zuzentzeko eta atzera bidaltzeko.

d) EINek bi fitxategi hauek itzuliko dizkio Eustati:

– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ustiategiei buruzko galdera-sortako informazio guztiz araztu eta balidatua daukan fitxategi bat, b) apartatuan adierazitako erregistro-diseinuari eutsita. EINek erregistroak aldatu nahi baditu, Eustatekin adostu beharko du edozein aldaketa.

– Amaierako fitxategiaren kopia bat, bertan aldagai deribatuak eta jasokariak sartuta, fitxategi bien arteko korrespondentziarekin batera.

2024ko ekainaren 15a baino lehenago, fitxategien lehenengo bidalketa batean, III. eranskineko aldagaiei dagokien informazioa bidaliko da, eta, 2024ko azaroaren 30a baino lehenago, bigarren bidalketa batean, IV. eranskineko aldagaiei dagokien informazioa.

Hirugarrena.– Emaitzak ustiatzea eta argitaratzea.

a) Eustatek egokitzat jotzen dituen nekazaritza-ustiategietako egiturari buruzko 2023ko inkestako emaitzak ustiatu eta argitaratu ahalko ditu, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak badira, betiere laginaren diseinuak horretarako aukera ematen badu.

b) Behin betiko fitxategietan oinarrituta EINek emaitzen zabalkunderako erabiltzen dituen produktu guztietan hau adierazi behar da: «Iturria: INE, Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística (Eustat) erakundearen lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».

c) Era berean, behin betiko fitxategietan oinarrituta Eustatek emaitzen zabalkunderako erabiltzen dituen produktu guztietan hau adierazi behar da: «Iturria: Eustat, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».

d) Bi erakunde sinatzaileek adostuta zabalduko dituzte behin betiko emaitzak, aurrez erabaki duten datan. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako testuinguruan jartzeko, EINek Eustati Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio, emaitzen zabalkundea egiteko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.

Laugarrena.– Finantzaketa.

Gastuen aurrekontuaren 6. kapituluaren 27.101.923C.640.08 kargura, EINek honenbeste ordainduko dio Eustati: berrogeita bederatzi mila hirurehun eta hogeita bost (49.325)) euro, Erregelamenduaren III. eta IV. eranskinetako informazioa biltzeko kostu zenbatetsia, NPEko laguntzen eskaera bakarrean jaso ez diren nekazaritza-ustiategiei buruzkoa izan eta zuzenean bildu behar den informazioa biltzeko behar dena.

Honela ordainduko dio EINek Eustati:

Kopuru osoaren % 50, hau da, hogeita lau mila seiehun eta hirurogeita bi euro eta bost zentimo (24.662,5), 2023ko gastu-aurrekontuaren kontura, hasierako direktorioa osatzen duen lagineko unitateen % 30 bildu dela dioen ziurtagiria jasotzen duenean Eustatek, bai eta aurreko zereginetarako beharrezkoak diren aplikazio informatikoak garatzea ere, EINen erabateko adostasunarekin.

Gainerako % 50a, hau da, hogeita lau mila seiehun eta hirurogeita bi euro eta bost zentimo (24.662,5), EINek fitxategiko informazioa baliozkotu eta onartu duenean, 2024. urteko gastuen aurrekontuaren kargura.

Bosgarrena.– Sekretu estatistikoa.

EIN eta Eustat arduratuko dira informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zaintzeaz; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordetzeko betebeharra izango dute, eta, horretaz gainera, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte. Era berean, konpromisoa hartzen dute administrazio publikoen artean informazioa trukatzeari buruz indarrean dagoen legeriatik eratorritako beste edozein eskakizun errespetatzeko, eta, bereziki, datu pertsonalak babesteari dagokionez, zorrotz beteko dute Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta datu pertsonalak babesteari buruzko barne-ordenamenduko erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa.

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen betetze, jarraipen, ikuskaritza eta kontrolerako batzorde bat eratzen da, balizko interpretazio- eta betetze-arazoak ebatziko dituena.

Batzordea alderdi bakoitzeko hiru ordezkariz osatuko da, eta beharrezkoa den guztietan bilduko da.

EINen aldetik:

– Sektore Ekonomikoen Estatistiken Zuzendariordetza Nagusiko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

– Laginen Diseinu eta Metodologiako Zuzendariordetzako titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

– Nekazaritzako estatistikak koordinatzeko arloburu titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Eustaten aldetik:

– Estatistikaren Produkzio eta Analisirako Zuzendariordetzako titularra.

– Estatistika Azpiegituraren Arloko titularra.

– Arlo Juridiko Administratiboko arduraduna.

Erabakiak aho batez hartuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau alderdien adostasunarekin burutuko da, eta eraginkorra izango da formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean; 2025eko martxoaren 31ra arte egongo da indarrean. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izatea. Ez da aurreikusten hitzarmena luzatzerik.

Zortzigarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko araubidea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau bere xede diren jarduketak betetzen direnean azkenduko da, edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzen direnean.

Suntsitzeko arrazoiak dira:

• Indarraldia amaitzea hitzarmena luzatzea erabaki gabe.

• Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

• Sinatzaileetako batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

• Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala.

• Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiaraziz gero alde bakarreko ez-betetzeaz bestelako arrazoiengatik, elkarrekiko adostasunik ez bada, suntsiarazpena beste alderdiari komunikatu beharko zaio modu frogagarrian, gutxienez bi hilabete lehenago.

Sinatzaileetako batek ez baditu betetzen bere gain hartutako betebeharrak, beste alderdiak jakinarazpen bidez eskatu ahal izango dio ez-betetzea konpon dezala 15 egun naturaleko epean. Epea igaro eta ez-betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak beste alderdi sinatzaileari jakinaraziko dio egon badagoela hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Hitzarmenean edo legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik hitzarmena suntsiarazten bada, Jarraipen Batzordeak ezarriko du hitzarmen horren ondorioz gauzatzen ari diren jarduketak amaitzeko epea, eta epe hori ezin izango da luzatu.

Bederatzigarrena.– Aldaketa.

Bi alderdiak ados jarrita alda daiteke hitzarmen hau, alderdietako edozeinek proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-akordioa sinatu beharko dute, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, nahitaezkoak diren legezko izapide guztiak burututa.

Hamargarrena.– Izaera, araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Administrazio-hitzarmena da hitzarmen hau, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.

Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen bitartean auzirik badago eta hitzarmeneko Jarraipen Batzordeak ezin izan badu ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko da auzia, Jurisdikzio-ordena hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta, alderdiek ados daudela adierazteko, elektronikoki eta ondorio bakarrerako sinatzen dute hitzarmen hau, eta 2023ko abuztuaren 2a hartuko da sinadura-datatzat.

Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.

Estatistika Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia,

CARLOS JAVIER BALLANO FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala