
203. zk., 2023ko urriaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (570 KB - 82 orri.)
- EPUB (298 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4832
143/2023 DEKRETUA, urriaren 3koa, Euskadiko Ondarearen Erregelamendua onartzen duena.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginak (aurrerantzean, Euskadiko Ondareari buruzko Legea) Euskal Autonomia Erkidegoko ondarea edo Euskadiko Ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideei aplikatu beharreko araubide juridikoa ezartzen du.
Indarrean sartu zenetik, arau hori izan da Euskadiko ondarea kudeatzeko funtsezko arau-esparrua, zehatz-mehatz arautu baititu haren araubide juridikoaren funtsezko gaiak, bai eta, zehaztasun gutxiagorekin bada ere, kudeaketa horretarako beharrezkoak diren prozedura-alderdiak ere. Azken horiek integratzeko, eskuarki, irismen orokorreko beste arau batzuk aplikatu behar izan dira zuzenean edo modu osagarrian, hala nola administrazio-prozeduraren edo sektore publikoko kontratazioaren araudia, edo estatuko ondare-araudia aplikatu behar izan da, arau horietako batzuk orokorrak edo oinarrizkoak direlako, edo, batzuetan, Euskadiko Ondareari buruzko Legeak arau horietara jotzen duelako.
Azken urteotan, Euskal Autonomia Erkidegoan ondare-eragin nabarmena duten zenbait lege aldarrikatu dira, eta, horien arabera, komeni da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina erregelamendu bidez garatzea, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen azken xedapenetako zortzigarrenean aurreikusitako ahalmena erabiliz. Horren adibide dira Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 5eko 5/2015 Legea eta Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 5eko 5/2015 Legeari dagokionez, ondare-eragina nabarmendu behar da, bereziki, 117. artikuluan. Artikulu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren abintestato-deia egiten da, legez jaraunstera deitutako beste pertsona batzuk falta direnean. Eraginkorrak izan daitezen, oinordetzako lege-dei hori administrazio bidezko oinordeen deklarazioarekin osatu behar da, Herri Administrazioaren Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 20.6 artikuluan jasotzen diren aurreikuspenak aplikatuz. Horretarako, beharrezkoa da berariazko prozedura zehaztea.
Bestalde, Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legea argitaratzeak eragina izan du autonomia-erkidegoaren ondare-eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru Ondare Publikoa ondare independente gisa sortu baitu, bere araubide juridikoa duen gainerako ondaretik bereizita. Beharrezkotzat jo da ondare-araudi orokorrean berariazko ondare-araudi hori islatzea, Euskadiko Ondareari buruzko Legeak duen izaera osagarria kontuan izanda. Ordezko izaera ondare-arloko goiburu-arauaren bigarren xedapen gehigarrian dago jasota, eta lege-testuaren erregelamendu-garapenari ere heltzen dio.
Aurreko arauen aldarrikapenetik eratorritako aldaketak alde batera utzita, azken urteetan egindako ondare-kudeaketa arruntak agerian utzi du Euskadiko Ondareari buruzko Legearen aurreikuspen batzuk garatu eta zehaztu behar direla, aplikazio-eremuaren barruan dauden entitateei segurtasun juridiko handiagoa emateko, arau-tresna emanez, non ondarearen inguruko edozein jarduketa sustatu edo izapidetzeko beharrezkoak diren prozedura-izapideak jasotzen baitira.
Egiturari dagokionez, dekretu hau zortzi titulutan banatzen da, kapituluetan eta, hala badagokio, ataletan, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen banaketa berari jarraituz, ondare-erakundeen eta -jardueren azterketa osoa eta koordinatua errazteko.
I. tituluak, «Xedapen Orokorrak» izenburupean, hiru artikulu ditu. Lehenengoan Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 1. artikuluaren edukia berresten da; izan ere, bi arauen aplikazio-eremuak berdinak direnez, beste arau batean dauden manuak behin eta berriz aipatu beharra saihesten da.
II. titulua «Ondarea babestu eta defendatzeari» buruzkoa da, eta hiru kapitulutan egituratzen da: lehenengoan, lankidetza-betebeharra, orokorra eta berezia, arautzen da; bigarrenean, Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorraren ildo nagusiak eta gutxieneko edukia zehazten dira, ondare-kudeaketari laguntzeko tresna gisa; eta, hirugarrenean, mugaketa arautzen da, erregelamendu-garapena zuen ondare-ahal bakarra, eta, eguneratu ondoren, indargabetu dena.
III. tituluak ondasunen eta eskubideen eskuraketak arautzen ditu, eta bi kapitulutan egituratzen da. Lehenengoa doako eskuraketei buruzkoa da, eta lau ataletan egituratzen da; horien artean aipagarria da erabilera-lagapenaren arauketa berria, irakaskuntza- edo osasun-zerbitzuak emateko erabiltzen diren besteren ondasun higiezinen erabilerari estaldura ematen dien titulu juridiko gisa.
Halaber, aipagarria da autonomia erkidegoa abintestato jaraunsle gisa deklaratzeko prozeduraren arauketa. Gai honetan eragina duten arau substantibo zibil guztien aplikazio koordinatu eta koherentea lortzeko, prozedura bat eratu da, halako moldez non jaraunsleen deklarazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak egiten baitu. Deklarazioa egiteak esan nahi du jaraunspena inbentario-onuraren arabera onartu dela eta ondasunen eta eskubideen esleipena jaso behar duela haren alde, gero jaraunspen-ondasunak likidatzeko eta Euskadiko Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 5eko 5/2015 Legearen 117. artikuluan aurreikusitako moduan banatzeko.
III. tituluko bigarren kapitulua kostu bidezko eskuraketetarako da, eta bost ataletan banatuta dago, xedapen komun eta berezi batzuekin, ondasun higiezinak eskuratzeko edo errentan hartzeko, edo ondasun higigarriak edo jabetza gorpuzgabearen eskubideak eskuratzeko. Higiezinen kasuan, horiek eskuratzeko edo horien errentamendurako baldintzak eta izapideak zehazten dira, eta horren aplikazio osagarria aurreikusten da, bateraezina ez den guztian, ondasun higigarrien edo jabetza gorpuzgabeen eskubideen eskuraketetan.
IV. tituluan, Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak lotzeko, jaregiteko, atxikitzeko eta desatxikitzeko prozedurak xehetasunez arautzeaz gain, jabari publikoko aldaketaren figura garatzen da, eta Euskadiko ondareko ondasunen edo eskubideen aldaketa arautzeaz gain, beste administrazio edo entitate batzuek arau honen 1. artikuluan adierazitako entitateren baten alde adostu dezaketen aldaketa ere arautzen da.
V. tituluak, jabari publikoko baimenei eta emakidei buruzkoak, horiek emateko eta azkentzeko prozedurak arautzen ditu, eta arreta berezia jartzen du lehia bidez esleitzeko prozeduran. Hala eta guztiz ere, prozedura hori malgutu egiten da, porportzionaltasunagatik, jabari publikoaren okupazioa garrantzi gutxikoa denean eta irisgarritasunean edo markesinen edo bestelako hiri-altzarien instalazioan eragina dutelako toki-erakundeen interesekoak izan ohi diren egoerak konpontzeko denean.
VI. titulua, «Besterentzea, eta jabari pribatuko ondasunak xedatzeko beste modu batzuk» izenburukoa, lau kapitulutan banatzen da. Lehenengo biek xehetasun handiz zehazten dute zer izapide jarraitu behar diren lehia-araubidean (enkantea eta lehiaketa) gastu bidezko xedapen-egintzak esleitzeko prozeduretan, baita gastu bidezko eta doako egintzen zuzeneko esleipen-prozeduretan ere. Hirugarren kapituluan, ondasun higigarri galkorrei edo zerbitzurako egokiak ez direnei Euskadiko Ondareari buruzko Legean aurreikusten diren helburu edo erabileretako edozein emateko jarraitu beharreko izapideak ezartzen dira. Laugarren kapituluan, ondasunen edo eskubideen erabilerarako baimen puntuala eratzen da munta txikiko erabileretarako prozedura gisa, lortu nahi den bidezko helburua ez eragozteko izapide azkarra behar den kasuetarako.
Enpresa-ondarearen erregelamendu-garapena VII. tituluan jasotzen da. Bertan, ondare hori osatzen duten ondasun eta eskubideen gaineko ondare-espedienteak izapidetzeko aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da bereziki. Dokumentazio hori, funtsean, ondare-eragiketa egitea gomendagarri edo komenigarri egiten duten lege- edo aukera-arrazoiak dauden ikusteko behar den informazioa ematera bideratuta dago.
Azkenik, VIII. tituluak sektore publikoko entitateekin egindako hitzarmenen erregelamendu-garapenari heltzen dio, euren erregulazioa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean jasotako aurreikuspenetara egokitzeko.
Horrenbestez, dagozkion izapideen ondoren, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urriaren 3an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiko Ondarearen Erregelamendua onartzea.
Onartu egiten da Euskadiko Ondarearen Erregelamendua, zeinaren testua jarraian txertatzen baita.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru Ondare Publikoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak eta eskubideak euren arau espezifikoen arabera arautuko dira, eta, osagarri gisa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen eta erregelamendu honen arabera. Erregelamendu hori aplikatzean, etxebizitza-arloko eskumena duen sailak ondareari buruzko eskumenak izango ditu.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kudeaketa bateratuko higiezin deklaratutakoak.
Onartutako erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz baliatuko dira Euskadiko Ondarearen parte diren eta kudeaketa bateratuko higiezin deklaratu direnak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren organismo autonomoek edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako zerbitzuak edo sektore publikoko beste edozein entitateren esku utzitako zerbitzuak emateko erabiltzen direlako beren osotasunean.
Jabari publikoko eskumen horiek egikarituko dira kontuan izanda beste arau batzuek higiezinen kudeaketa bateratuaren arloan eskumenak dituen sailari esleitutako antolaketa-, kudeaketa- eta kontratazio-ahalmenak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Osasun-ikerketatik eratorritako jabetza intelektuala eta industriala.
1.– Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioak (BIOEF) kudeatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak diren Euskadiko Osasun Sistemaren ikerketa-jardueratik eratorritako jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak. Era berean, dohainik nahiz kostu bidez hirugarren pertsonengandik eskuratzen diren jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak kudeatuko ditu, osasun-arloarekin eta biozientziekin zerikusia dutenean.
2.– Jabetza intelektualaren eta industrialaren eskubideen kudeaketak jarduketa hauek hartuko ditu barnean:
a) Babesa. Horren barruan sartuko dira bai sorkuntzaren aurretiazko azterketa, bai erregistroetan inskripzioa izapidetzea, mantentzea eta berritzea, bai eta ordezkaritza eta defentsa estrajudiziala ere. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean inskribatuko dira.
b) Ustiatzea. Ikerketa-jardueratik eratorritako eskubideak, aprobetxamendu ekonomikoa izan dezaketenak, zuzenbidean onartutako edozein bitartekoren bidez ustiatu ahal izango dira.
Eskubide horiek dohainik eskualdatzen badira, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren aldez aurreko baimena beharko da. Baimen hori eskuratzailearen izaera publiko edo pribatuaren arabera edo eskualdaketa eragin duten xede edo interes publiko edo sozialen arabera emango du sail horrek.
3.– Aurreko paragrafoko jarduketak Euskal Autonomia Erkidegoko ondare-araudian xedatutakoaren arabera egingo dira, eta ondarearen arloko eskumena duen saileko buruak emandako jarraibideak betez.
4.– Ondarearen arloko eskumena duen sailburuak, agindu bidez, beste entitate bati esleitu ahal izango dio jabetza intelektual eta industrialeko eskubide horien kudeaketa.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren espedienteak.
Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak izapidetzen jarraituko dira prozedurok hastean aplikatu beharreko araudiaren arabera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da azaroaren 4ko 238/1986 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ondarea osatzen duten Ogasunetan Mugaketa eta Mugarriketak egiteko araudia onartzen duena, bai eta dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapenak ere.
AZKEN XEDAPENETAN LEHENENGOA.– Erregelamendu bidezko garapena.
Ondareari buruzko eskumenak dituen saileko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honen bidez onartutako erregelamenduan aurreikusitakoa garatzeko eta betearazteko beharrezko xedapen eta egintzak hartzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabetera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 3an.
Lehendakaria,
IŃIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
EUSKADIKO ONDAREAREN ERREGELAMENDUA
AURKIBIDEA
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK (1. artikulutik 3.era).
II. TITULUA. ONDAREA BABESTEA ETA DEFENDATZEA.
I. kapitulua. Laguntzeko betebeharra (4. artikulutik 5.era).
II. kapitulua. Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra (6. artikulutik 14.era).
III. kapitulua. Mugaketa (15. artikulutik 24.era).
III. TITULUA. ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK ESKURATZEA.
I. kapitulua. Doako eskuraketei buruzko xedapenak.
1. atala. Jaraunspen, legatu edo dohaintza bidez ondasunak eta eskubideak eskuratzea (25. artikulutik 27.era).
2. atala. Erabilera-lagapenak (28. artikulutik 30.era).
3. atala. Lehengoratzea (31. artikulutik 32.era).
4. atala. Euskal Autonomia Erkidegoa abintestato oinordeko izendatzeko prozedura.
1. azpiatala Xedapen orokorrak (33. artikulua).
2. azpiatala Abintestato jaraunslearen izendapena (34. artikulutik 39.era).
3. azpiatala Administrazioa, likidazioa eta banaketa (40. artikulutik 42.era).
II. kapitulua. Kostu bidezko eskuratzeei buruzko xedapenak.
1. atala. Xedapen orokorrak (43. artikulutik 48.era).
2. atala. Ondasun higiezinen gaineko jabetzaren eta gainerako eskubide errealen eskuraketak (49. artikulutik 53.era).
3. atala. Higiezinen errentamendua (54. artikulutik 59.era).
4. atala. Ondasun higiezinak eskuratzea (60. artikulua).
5. atala. Jabetza gorpuzgabearen eskubideak eskuratzea (61. artikulutik 64.era).
IV. TITULUA. LOTZEA, ATXIKITZEA ETA JABARI PUBLIKOKO ALDAKETAK.
I. kapitulua. Lotzea eta jaregitea.
1. atala. Lotzea (65. artikulutik 69.era).
2. atala. Jaregitea (70. artikulutik 73.era).
II. kapitulua. Jabari publikoko aldaketa.
1. atala. 1. artikuluko entitateen aldeko jabari publikoko aldaketa (74. artikulutik 76.era).
2. atala. Beste entitate batzuen aldeko jabari publikoko aldaketa (77. artikulutik 81.era).
3. atala. 1. artikuluko entitateen aldeko jabari publikoko aldaketak onartzea (82. artikulutik 83.era).
III. kapitulua. Atxikipena eta desatxikipena.
1. atala. Atxikipena (84. artikulutik 88.era).
2. atala. Desatxikipena (89. artikulutik 90.era).
V. TITULUA. JABARI PUBLIKOAREN GAINEKO BAIMENAK ETA EMAKIDAK.
I. kapitulua. Jabari publikoko baimenak eta emakidak emateko prozedurak (91. artikulua).
II. kapitulua. Lehia bidez emateko prozedura (92. artikulutik 96.era).
III. kapitulua. Jabari publikoko baimenak eta emakidak zuzenean emateko prozedura (97. artikulutik 99.era).
IV. kapitulua. Jabari publikoaren gaineko baimen eta emakidak azkentzeko prozedura (100. artikulua).
V. kapitulua. Araudia bereziaren mendeko baimenak eta emakidak (101. artikulua).
VI. TITULUA. BESTERENTZEA, ETA JABARI PRIBATUKO ONDASUNAK XEDATZEKO BESTE MODU BATZUK.
I. kapitulua. Kostu bidezko xedapen-egintzak lehia-araubidean esleitzeko prozedura (102. artikulutik 110.era).
II. kapitulua. Kostu bidezko eta doako xedapen-egintzak zuzenean esleitzeko prozedura (111. artikulutik 114.era).
III. kapitulua. Ondasun higigarri galkorren edo zerbitzurako egokiak ez direnen gaineko xedapen-egintzak (115. artikulutik 122.era).
IV. kapitulua. Ondasunak edo eskubideak erabiltzeko baimen puntuala (123. artikulutik 125.era).
VII. TITULUA. ENPRESA-ONDAREA (126. artikulutik 131.era).
VIII. TITULUA. HITZARMENAK SEKTORE PUBLIKOKO ENTITATEEKIN (132.-137. artikuluak).
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Erregelamendu hau Euskal Autonomia Erkidegoko ondarea edo Euskadiko ondarea (aurrerantzean, Euskadiko ondarea) osatzen duten ondasun eta eskubide guztiei aplikatuko zaie, baldin eta, edozein titulu dela eta, entitate hauei badagozkie edo esleitzen bazaizkie:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, haren erakunde autonomoak eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoak.
b) Eusko Legebiltzarra.
c) Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
d) Arartekoa.
e) Euskal Herriko Unibertsitatea, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren (aurrerantzean, Euskadiko Ondareari buruzko Legea) bosgarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.
f) Lan Harremanen Kontseilua.
g) Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.
h) Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua.
i) Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
j) Sortzeko legean hala xedaturik daukaten gainerako entitate publikoak.
2. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Euskadiko ondarea Euskadiko Ondareari buruzko Legeak, erregelamendu honek eta horiek osatzen edo garatzen dituzten gainerako arauek eraentzen dute.
2.– Osagarri gisa, Euskadiko ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek arau hauek izango dituzte:
a) jabari publikoko ondasun eta eskubideen kasuan, aplikatzekoak zaizkien zuzenbide publikoko arauak eta, halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauak, eta
b) Jabari pribatuko edo ondareko ondasunen eta eskubideen kasuan, administrazio-zuzenbidearen arauen mende egongo dira dagozkion egintzak gauzatzeko eskumenari eta horretarako jarraitu beharreko prozedurari dagozkien gai guztietan, eta zuzenbide pribatuko arauen mende gainerako alderdietan.
3.– Helburu espezifikoak betetzeari lotuta dauden ondare bereiziak osatzen dituzten ondasunak eta eskubideak arau bereziek arautuko dituzte, eta, osagarri gisa, Euskadiko ondarea arautzen dutenek.
3. artikulua.– Eskumenak.
1.– Ondarearen arloko eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailari dagokio Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko politika betetzen dela zaintzea, baita Euskadiko ondarean eragina duten ondare-jarduketa publikoak koordinatzea ere.
2.– Aipatzen diren gainerako sailek eta entitateek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, gauzatuko dute Autonomia Erkidegoaren ondareari buruzko politika.
II. TITULUA
ONDAREA BABESTEA ETA DEFENDATZEA
I. KAPITULUA
LAGUNTZEKO BETEBEHARRA
4. artikulua.– Laguntzeko betebehar orokorra.
1.– Pertsona fisiko eta juridikoek, publiko zein pribatuek, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 12.2 artikuluan ezarritako lankidetza-betebeharra bete beharko dute. Betebehar horrek berekin dakar Euskadiko ondareko ondasunen eta eskubideen kudeaketari eta defentsari buruzko betebehar hauek betetzea, ondare-arloan eskumena duten organoek eskatuta:
a) Eskura dituen datu, agiri eta txosten guztiak aurkeztea.
b) Ikuskapenak eta bestelako ikerketa-ekintzak egiten laguntzea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta entitate publikoek lankidetzan jardungo dute Euskadiko ondareko ondasun eta eskubideen ikerketan, defentsan eta babesean, bereziki jabari publikokoei dagokienez.
Horretarako, euren eskumenak gauzatzeko behar duten informazioa eta laguntza emango diete ondare-arloko organo eskudunei. Zehazki, euren jarduera-eremuaren barruan gertatu eta Euskadiko ondareko ondasun eta eskubideei kalte egin diezaieketen egitate eta jarduketen berri emango diote ondarearen arloko eskumena duen sailari, bai eta, onartu eta gauzatu aurretik, ondasun eta eskubide horiei eragin diezaieketen hirigintzako, azpiegituretako edo bestelako jarduketa sektorialen berri ere.
3.– Katastroaren zerbitzuak, fede-emaile publikoak, jabetza-erregistroak eta gainerako erregistro eta artxibo publikoak behartuta daude Euskadiko ondareko ondasun edo eskubideen gaineko eskumenak dituzten organoek eskatzen dieten informazioa ematera.
4.– Lanbidea edo kargua dela-eta, Euskadiko ondarearen edo edukitza-egoeraren aurkako egitateen eta jarduketen berri duten pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean salatu beharko dituzte, ahoz edo idatziz. Salaketan, adierazi behar da nor den edo diren hura aurkezten duten pertsonak, eta adierazi beharko da zer egitateren berri ematen zaion administrazio orokorrari.
5. artikulua.– Laguntzeko betebehar berezia.
1.– artikuluan jasotzen diren entitateen zerbitzuko pertsonala behartuta dago Euskadiko ondareko ondasun eta eskubideak babesten, defendatzen eta administratzen laguntzera, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 12.1 artikuluan aurreikusten den moduan.
2.– Euskadiko ondareko ondasunen edo eskubideen edukitza, kudeaketa edo administrazioa beren esku duten pertsona fisiko eta juridiko, publiko zein pribatu, guztiek horien egoerari eta erabilerari buruzko informazioa eman beharko diote ondasun edo eskubidearen entitate titularrari, halako entitateak eskatzen dienean.
3.– Administrazio-eraikinak atxikita dituzten sailek eta entitateek horietan egiten diren obren berri emango diote ondarearen arloko eskumena duen sailari, lanek eraikinaren egituran eta banaketan eraginik badute.
4.– Euskadiko ondareko ondasunen edo eskubideen emakidadunek eta lagapen-hartzaileek, edozein tituluren bidez, emakida eman edo lagapena erabaki duen sailak edo entitateak ondasun edo eskubide horien egoerari buruz eskatzen duen informazioa emango dute.
II. KAPITULUA
EUSKADIKO ONDAREKO ONDASUNEN ETA ESKUBIDEEN INBENTARIO OROKORRA
6. artikulua.– Azalpena.
1.– Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra (aurrerantzean, Inbentario Orokorra) ondarea kudeatzen laguntzeko tresna bat da. Bertan, Euskadiko ondareko ondasun eta eskubide hauek islatzen dira:
a) Ondasun higiezinen jabetza, horien gaineko eskubide errealak, errentamendu-eskubideak eta izaera pertsonaleko beste edozein, zeinen ondorioz besteren ondasun higiezinen erabilera edo luperketa ematen baitzaie 1. artikuluan aipatutako entitateei.
b) Jabetza gorpuzgabeen eskubideak, zeinak baitira:
1.a Industria-jabetzaren eskubideak, hala nola ikur bereizgarri hauek: marka eta izen komertzialak, patenteak eta baliagarritasun-modeloak, diseinu industrialak eta erdieroaleen topografiak.
2.a Lan literario, artistiko edo zientifikoen, ordenagailu-programen eta datu-baseen gaineko eskubideak hartzen dituzten jabetza intelektualaren eskubideak.
3.a Domeinu-izenak.
c) Ondasun higigarri ez-kontsumigarriak, mila euroko edo gehiagoko balioa dutenak.
d) Ibilgailuak, aireontziak eta itsasontziak.
e) Merkataritza-sozietateetako akzioen, merkataritza-sozietateetako kapitaleko partaidetzen edo halako sozietateek jaulkitako obligazioen ordezko baloreak eta tituluak, bai eta gerokoen eta aukeren kontratuak ere baldin eta azpitik duten aktiboa sozietateetako akzioek edo partaidetzek osatzen badute.
2.– Honako ondasun eta eskubide hauek ez dira Inbentario Orokorrean sartuko:
a) Entitate eskuratzailearen xede bereziekin bat etorriz, ondare-trafiko juridikora itzultzeko helburuarekin eskuratu direnak.
b) 1. artikuluan aipatzen diren entitateek nahitaez eratu behar dituzten zuzkidurei edo beste erreserbei estaldura ematea helburu dutenak.
c) Ondasun higigarri kontsumigarriak, baita mila euro baino gehiagoko balioa ez duten ondasun higigarri ez-kontsumigarriak ere, entitate eskuratzaileari dagokion erabilera- eta kontserbazio-kontrola baztertu gabe.
3.– Euskadiko ondareko ondasunen eta eskubideen honako inbentario hauek araudi espezifikoa izango dute, eta, ordezko moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare-araudian xedatutakoa:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru Ondare Publikoaren Ustiaketa Erregistroa osatzen duten ondasunen, eskubideen eta baliabideen inbentarioa.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren parke mugikorraren erregistroa osatzen duten ibilgailuen inbentarioa eta poliziaren parke mugikorra osatzen duten ibilgailuen inbentarioa.
c) Eskola-eraikin publikoen lurralde-erregistroak, zeinetan hezkuntzaren arloko eskumena duen sailari lotutako udal-jabetzako eraikin publikoak eta higiezinak inskribatzen baitira.
d) Arau berezian eraketa eta kudeaketa berezia aurreikusten zaien bestelako ondasun- eta eskubide-inbentarioak.
7. artikulua.– Egitura.
1.– Honako hauek osatzen dute Inbentario Orokorra:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailetako bakoitzaren inbentarioak.
Erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eskuratutako ondasun eta eskubideen inbentarioak eranskin gisa ageriko dira mendeko diren edo atxikita dauden sailaren inbentarioan.
b) 1. artikuluan aipatzen diren gainerako entitateen inbentarioak, eta
c) 1. artikuluan aipatzen diren entitateen titulartasunekoak diren merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten akzioak eta tituluak inbentario osagarri batean jasoko ditu entitate eskuratzaile bakoitzak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailen inbentarioak honako ondasun eta eskubide hauek osatuko dituzte:
a) Ondarearen arloko eskumena duen sailaren inbentarioan, Euskadiko ondareko ondasun eta eskubide hauek jasoko dira:
1.a Ondasun higiezinen jabetza, horien gaineko eskubide errealak, errentamendu-eskubideak eta izaera pertsonaleko beste edozein, zeinen ondorioz besteren ondasun higiezinen erabilera edo luperketa ematen baitzaio 1. artikuluan aipatutako entitateetako edozeini. Salbuespen dira arau berezien ondorioz beste sail edo entitate batzuen ondare-eskumenen mende dauden ondasun higiezinak.
2.a Jabetza gorpuzgabearen eskubideak, arau berezien ondorioz beste sail edo entitate batzuen ondare-kudeaketaren mende daudenak izan ezik.
3.a Ondasun higigarriak, zeinen inbentarioa eramatea beste sail edo entitate batzuei ez baitagokie.
4.a Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten akzioak eta tituluak, zeinak inbentario osagarri batean jasoko baitira.
b) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko gainerako sail bakoitzaren inbentarioa bera eskuratutako Euskadiko ondareko ondasunek eta eskubideek osatuko dute, desjabetze bidez eskuratutakoak izan ezik, desjabetzea bultzatu duen sailaren inbentarioan jasoko baitira.
c) Organismo autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bakoitzaren inbentarioa atxikita dagoen sailaren inbentarioaren eranskin gisa agertuko da. Inbentario hori eskuratutako ondasun eta eskubideek osatuko dute, eta inbentario osagarri batean agertuko dira merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten akzioak eta tituluak, bai eta euren titulartasuneko merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten tituluak ere.
3.– Eskuratu dituzten ondasunek eta eskubideek osatzen dituzte 1. artikuluan aipatzen diren gainerako entitateen inbentarioak. Merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten akzioen eta tituluen titularrak badira, titulu horiek inbentario osagarri batean sartuko dira.
8. artikulua.– Lantzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail bakoitzeko Zerbitzu Zuzendaritzak egin eta eguneratuko du saileko ondasunen eta eskubideen inbentarioa, ondarearen arloko eskumena duen sailean izan ezik; kasu horretan, arlo horretako eginkizunak esleituta dituen zuzendaritzak egingo ditu eginkizun horiek.
2.– Artikuluan jasotzen diren gainerako entitateen kasuan, entitatearen ondare-kudeaketa egiteko ardura duen organoari dagokio inbentario bakoitza egitea eta gaurkotzea.
9. artikulua.– Eskumenak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ondarearen arloan eskumena duen sailari dagokio:
a) Inbentario Orokorra osatzen duten inbentarioak behar bezala eratzen eta eguneratzen dituztela zaintzea, eta inbentario horiek eta beharrezkotzat jotzen dituen datu edo agiri guztiak bidaltzeko eska dezake, nahi duenean.
b) Sailburuaren agindu baten bidez, Inbentario Orokorra osatzen duten inbentarioak egiteko, eguneratzeko eta haiei euskarria emateko zehaztapenak, egitura eta gutxieneko edukia garatzea.
2.– Gainerako sailak eta entitateak:
a) Eskuratu dituzten ondasun eta eskubideen inbentarioak eratu, eguneratu eta baloratzeko eskumenak baliatuko dituzte, ondarearen arloko eskumena duen sailaren eraketa-irizpideen eta jarraibideen arabera, eta
b) Inbentario Orokorra osatzen duten gainerako inbentarioa eratzen eta eguneratzen lagunduko dute, beharrezkoa den lankidetza eskainiz eta eskatzen zaizkien datu eta dokumentu guztiak emanez.
10. artikulua.– Datuak.
1.– Inbentarioetan, gutxienez datu hauek jasoko dira ondasun eta eskubide guztiei buruz:
a) Ondasuna edo eskubidea zer datatan eskuratu den.
b) Eskuratze- edo tasazio-balioa eta horren data.
c) Erabilera-, xede- eta eskualdatze-mugak eta karga errealak edo pertsonalak.
d) Lotzea, jabari publikoaren aldaketa, jaregitea, atxikipena, desatxikipena eta erabilera edo gozamena ukitzen duen beste edozein egintza.
2.– Horrez gain, ondasun higiezinen gaineko eskubide errealei, errentamenduei eta beste eskubide pertsonal batzuei dagokienez, datu hauek jasoko dira:
a) Aktibo finkoaren zenbakia, kontabilitatearen arloan eskumena duen organoaren irizpidearen arabera.
b) Ondasun higiezinaren kokapena.
c) Higiezinaren gaineko eskubidearen izaera eta edukia.
d) Eskuratze-kostua edo errentamenduaren prezioa.
e) Erabiltzen duen organoa edo erakundea.
f) Jabetza Erregistroko inskripzioaren datuak, inskribagarria bada.
g) Ondasun higiezinaren katastroko erreferentzia.
h) Azalera, antzinatasuna, obrak eta hobekuntzak.
i) Ondasun edo eskubidea jabari publikokoa edo ondarekoa den.
j) Eragiten dioten hirigintza-xedapenak.
k) Ematen dituen fruituak eta errentak.
l) Eskubide errealen gainerako titularren edo errentatzaileen izena eta datuak.
3.– Ondasun higigarriei dagokienez, honako datu hauek jasoko dira:
a) Deskribapena eta ezaugarriak.
b) Pertsona fisiko edo juridiko eskualdatzailearen izena.
c) Kokapen fisikoa eta haren zaintzaren ardura duen organo edo erakundea.
4.– Balio historiko eta artistikoa duten ondasun higigarriak direnean, datu hauek ere gehituko dira:
a) Inbentario-zenbakia.
b) Ondasunaren deskribapena: materiala, neurriak, erabilitako teknika, kategoria eta babes-maila.
c) Izenburua edo izena.
d) Egilea edo dagokion eskola edo bilduma.
e) Sorkuntza-urtea, -garaia, edo datu historikoak.
f) Ondasunaren argazkia edo beste edozein irudikapen grafikoa.
5.– Jabetza gorpuzgabearen eskubideen kasuan, gutxienez datu hauek adieraziko dira:
a) Jabetza intelektuala:
1.a Inbentario-zenbakia.
2.a Jabetza intelektualaren objektua.
3.a Egilea edo ustiapen-eskubideen titularra.
4.a Obraren, jarduketaren edo ekoizpenaren mota edo izaera.
5.a Obraren, jarduketaren edo ekoizpenaren izenburua.
6.a Zabalkunde-data.
7.a Lege-gordailuaren zenbakia.
8.a ISBNaren zenbakia.
9.a Jabetza-intelektuala dagokion erregistroan inskribatu den data.
b) Jabetza industriala:
1.a Inbentario-zenbakia.
2.a Izena.
3.a Modalitatea, nazionala, nazioartekoa edo Europako erkidegokoa den adieraziz.
4.a Herrialdea.
5.a Titulurra.
6.a Mota.
7.a Produktuak eta zerbitzuak.
8.a Bereizgarria eta deskribapena.
9.a Erregistroko eskabidearen, lagapenaren, berrikuntzaren eta epemugaren datak.
c) Domeinu-izenak:
1.a Inbentario-zenbakia.
2.a Sail sustatzailea.
3.a Domeinuen eta luzapenen identifikazioa.
4.a Domeinuaren IP helbidea.
5.a Hornitzailea, agente erregistratzailea eta kudeatzailea.
6.a Eskabidearen edo sorkuntzaren, eskualdatzearen eta berrikuntzaren data.
7.a Eskualdatzearen edo altaren data.
8.a Berritzeko datak.
9.a Babes-maila.
10.a Erregistroaren egoera.
6.– Ibilgailuak, aireontziak eta itsasontziak datu hauekin ageriko dira inbentarioetan:
a) Inbentario-zenbakia.
b) Marka, serie-zenbakia eta modeloa.
c) Matrikula.
d) Fabrikazio-, eraikuntza- edo matrikulazio-data eta erosketa-data.
e) Baimendutako gehieneko prezioa, tonak eta dimentsioak.
f) Kontserbazio-egoera.
g) Aireontzien eta itsasontzien kasuan, gainera, motorren zenbakia eta marka eta, horrela badagokio, zuzkidura gehigarriko ekipamendua.
7.– Merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten akzioen eta tituluen inbentario osagarrian, datu hauek jasoko dira:
a) Dituzten tituluen kopurua, jaulkitzen badira.
b) Sozietate edo entitate jaulkitzailea.
c) Mota, seriea eta zenbakia.
d) Eskuraketaren data eta balioa.
e) Balio nominala, jaulkipen-balioa, eta errenboltso-balioa.
f) Jaulkipen-prima eta akzioen harpidetza.
g) Boto-eskubiderik gabeko akzioen kopurua, halakorik bada.
h) Sozietate edo entitate gordailuzaina.
i) Dibidenduak eta mozkinak.
11. artikulua.– Eguneratzea.
1.– Inbentario Orokorra etengabe eguneratuko dute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta horren eraketaren ardura duten entitateek.
2.– Eraikin bat eraiki, eraitsi edo handitzeko edo eraberritzeko lanen kasuan, obra egin duen sailak edo entitateak Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean eguneratzeko behar den informazioa eta dokumentazioa emango dio ondarearen arloan eskumena duen sailari, zertarako eta Jabetza Erregistroan jasota geratzeko eta kontabilitate publikoan agertzeko.
3.– Euskadiko ondareko ondasunak besterentzen badira edo eskubideak azkentzen badira, sail edo entitate eskudunak baja emango dio dagokion inbentarioari.
12. artikulua.– Balorazioa.
1.– Euskadiko ondareko ondasunen eta eskubideen balorazioa eskuratze-balioaren arabera zehaztuko da, baldin eta ezagutzen bada. Bestela, tasazio-balioaren arabera zehaztuko da, edo horretarako zehaztu den beste edozein balioren arabera, hala nola berrezarpen-balioaren edo katastro-balioaren arabera.
2.– Tasazio-balioa entitate eskuratzailearen organoek edo behar besteko titulazioa duten teknikariek zehaztuko dute, baloratu beharreko ondasunen edo eskubideen izaera kontuan izanik. Hala egin ezin badu, eta sektore publikoko kontratazioari buruzko araudiaren arabera, tasazio-sozietateen zerbitzuak edo balio hori lortzeko legez gaitutako enpresen zerbitzuak kontratatu ahal izango dira.
13. artikulua.– Ondare-kontabilitatea.
Inbentario Orokorrean sartutako ondasunen eta eskubideen ondare-kudeaketa ondare-kontabilitatearekin koordinatuko da, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kontabilitate-kontrola egingo duela bermatuko da, kontabilitatearen eta ondarearen arloan eskumena duen sailburuaren agindu bidez ezartzen den moduan eta irismenarekin.
14. artikulua.– Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrerako sarbidea
Inbentario Orokorrean sartutako ondasun eta eskubideei buruz 1. artikuluan aipatutako entitateek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubidea informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen duen araudi espezifikoan aurreikusitako moduan gauzatuko da.
III. KAPITULUA
MUGATZEA
15. artikulua.– Mugatze-ahala.
1.– Artikuluan jasotzen diren entitateek Euskadiko ondareko ondasun higiezinak mugatu ahal izango dituzte hirugarrenenak diren beste batzuetatik, haien arteko mugak zehaztugabeak direnean edo usurpazio-zantzuak daudenean, hurrengo artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz.
2.– Behin mugatze-lanetarako administrazio-prozedurari hasiera eman eta gero, izapideek dirauten bitartean ezingo da helburu berbererako ezelako prozedura judizialik eskatu.
16. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondarearen arloan eskumena duen sailak baliatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko ondasun higiezinak mugatzeko ahala. Ondarearen arloko eginkizunak esleituta dituen sail horretako zuzendaritzak hasi, izapidetu eta ebatziko ditu mugaketa-prozedurak, honako bi kasu hauetan izan ezik:
a) Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak kudeatu behar dituen jabari publikoko ondasun higiezinen kasuan, enteko dagokion organoak mugatzeko ahala baliatuko du, kasuan kasuko administrazio-prozedurak hasiz, izapidetuz eta ebatziz.
b) Eusko Legebiltzarrak eta haren mendeko entitateek okupatutako Euskadiko ondareko higiezinen mugaketa denean, mugatzeko ahala Legebiltzarraren arauetan ezarritako organoek gauzatuko dute.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste entitate baten titulartasuneko ondasun higiezinak mugatzeko ahala haren arauek ezartzen duten organoak beteko du, eta, halakorik ezean, entitatearen legezko ordezkariak.
17. artikulua.– Mugatze-prozedura hasteko akordioa.
1.– Mugaketa-prozedura ofizioz hasiko da organo eskudunaren erabakiz, norberaren ekimenez edo ondasun higiezina atxikita daukan sailaren eskaera arrazoitu bidez. Ofizioz ere hasi ahal izango da, ondasun higiezinaren finka mugakideen jabeek hala eskatuta, finka mugakidearen edo mugakideen gaineko eskubideak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuta.
2.– Prozedura hasi aurretik, hori izapidetzeko eskumena duen organoak dokumentazio hau eskatuko du:
a) Sail edo entitate eskatzailearen memoria, proposatutako mugaketa egitea komeni dela justifikatzen duena, salbu eta ondasun higiezina ezein entitateri atxikita ez badago; kasu horretan, espedientea izapidetzeko organo eskuduna memoria idatziko duena izango da.
b) Ondasun higiezinen gaineko ondasun eta eskubideak egiaztatzen, ordezkatzen edo gauzatzen dituzten agiriak, eskritura publikoak eta tituluak, horien planoak edo krokisak, bai eta Jabetza Erregistroko inskripzio-ziurtagiria eta Inbentario Orokorrean agertzen diren gainerako datuena ere.
c) Mugatu beharreko ondasun higiezina lekuan bertan aztertzeari buruzko txosten teknikoa. Txosten horretan honako hauek jasoko dira: deskribapena, muga orokorrak, mugakideak, azalera perimetrala eta azalerakoa, bai eta mugaketarako interesgarriak izan daitezkeen beste datu batzuk ere.
d) Mugaketa-gastuen aurrekontua. Prozedura finka mugakide baten jabeak eskatuta hasten denean, pertsona horrek mugaketa-prozedurak sortzen dituen gastuekin ados dagoela adierazten duen dokumentua erantsi beharko zaio espedienteari. Gastu horiek premiamendu-bidean eskatu ahal izango dira.
3.– Baldin eta, bildutako dokumentazioa aztertu ondoren, komenigarritzat jotzen bada mugaketa-prozedura bat hastea, 15.1 artikuluan jasotako inguruabarrak betetzen direlako, prozedura hasteko erabakia emango du horretarako eskumena duen organoak. Komenigarria ez bada, organo horrek sail, entitate edo pertsona eskatzaileari jakinaraziko dio zergatik ez duen hasiko mugaketa-prozedura.
4.– Mugaketa-prozedura hasteko erabakia pertsona eta entitate hauei jakinaraziko zaie:
a) Finka mugakideen jabeei, eta, hala badagokio, mugaketak uki ditzakeen beste eskubide erreal batzuen titular direnei.
b) Ondasun higiezina atxikita dagoen sailari edo entitateari.
c) Finka zein udalerritan egon eta bertako udalari edo udalei, mugaketa egiteko egintzarako deialdia eginda.
5.– Prozedura hasteko erabakia, gainera, honako leku hauetan ere argitaratuko da, hala ere, beste publizitate-bide batzuk erabili ahal izango dira:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, doan.
b) Mugatutako ondasun higiezina dagoen lurralde historikoko aldizkari ofizialean.
c) Mugatu beharreko ondasun higiezina dagoen udalerriko udalaren edo udalen ediktu-oholean.
d) Mugaketa izapidetzeko eskumena duen entitatearen egoitza elektronikoan.
6.– Jakinarazten eta argitaratzen den hasteko erabakiak honako hauek jasoko ditu:
a) Mugatu beharreko ondasun higiezina zehaztea.
b) Interesdunek non azter dezaketen mugaketa-espedientea edo erabakitzen den haren zatia.
c) Mugaketa egingo den tokia, eguna eta ordua; gutxienez, bi hilabete igaro beharko dira argitalpenaren eta mugaketa-eragiketak hasteko zehaztutako dataren artean.
7.– Prozedura hasteko erabakia hartu ondoren, mugatuko den finkaren eta horren mugakideen plano topografikoak eta lurzati-planoak egingo dira, horri buruz dagoen dokumentazioa nahikoa argi ez bada. Mugatu nahi den ondasun higiezina atxikita duen saileko edo entitateko teknikari gaituek egingo dute lan hori. Teknikariok eduki ezean, lurralde-plangintzaren arloko eskumenak dituen sailaren kartografia-zerbitzuari emango zaio eginkizun hori, edo legez gaitutako pertsonei edo enpresei.
8.– Hasteko erabakia dagokion jabetza erregistroari erabakiaren berri emango zaio, mugaketa-prozeduraren hasiera jaso dezan, ondasun higiezinaren jabari-inskripzioaren bazterreko ohar baten bidez eta eragindako mugakideetan egindako bazterreko ohar baten bidez.
18. artikulua.– Alegazioak eta dokumentuak aurkeztea.
1.– Interesdunek beren eskubideak edo interes legitimoak defendatzeko edo eskubide edo interes legitimo horiek frogatzeko komenigarritzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izango dituzte, mugatzea hasteko jarritako eguna baino hogei egun lehenagora arte. Epe hori igarota ez da ez dokumenturik ez alegaziorik onartuko.
2.– Egindako alegazioak eta aurkeztutako dokumentazioa ondareari buruzko eskumenak dituen saileko zuzendaritzako zerbitzu juridikoari edo entitateari aholkularitza juridikoa ematen dion organoari bidaliko zaizkio, txosten juridikoa egin dezan aurkeztutako dokumentazioaren baliozkotasun eta eraginkortasun juridikoari buruz. Txosten hori mugaketa-prozedura izapidetzeko eskumena duen organoari helaraziko zaio, eta hark interesdunei erantzungo die mugaketa egiteko ezarritako eguna baino lehen.
19. artikulua.– Mugatzea.
1.– Adierazitako egunean eta orduan, hori izapidetzeko eskumena duen organoak izendatutako batzorde batek egingo du mugaketa. Batzordea osatzen duten kideak hauexek dira:
a) Batzordeburua: ondasuna atxikita duen sailean edo entitatean gaitutako zerbitzu teknikoko burua edo goi-mailako teknikari bat.
b) Sail eta entitate interesdunen ordezkariak.
c) Ondasun higiezinari dagozkion planoak jaso dituzten zerbitzuko edo entitateko langileak.
d) Idazkaria: aholkularitza juridikoa ematea dagokion organoko pertsona bat.
2.– Honako hauek joan ahal izango dira mugaketa egitera:
a) Lurralde-plangintzaren arloko eskumenak dituen saileko kartografia zerbitzuko langileak, beharrezkoa den laguntza teknikoa emateko.
b) Entitateetako pertsonak edo langileak, batzordeburuak deituta, egoerak hala eskatzen duenean.
c) Proiektatutako mugaketak eragindako eskubide edo interes legitimoen eraginpeko pertsonak edo entitateetako langileak, baldin eta eskubide eta interes horien egiaztagiriak aurkeztu badituzte mugaketa egiten hasteko ezarritako data baino hogei egun lehenago.
Mugaketan parte hartzen duten interesdunek lekuan bertan lagunduko dien pertsona praktiko bat eraman dezakete, baita euren aukerako teknikari bat ere; pertsona horien esku-hartzeak eragiten dituzten gastuak eta ordainsariak euren kargura izango dira.
3.– Mugaketaren akta egingo du idazkariak, eta bertan, labur-labur, inguruabar hauek adieraziko dira:
a) Mugatzea gauzatzen den lekua, eguna eta hasiera-ordua.
b) Ekitaldira bertaratu diren pertsonen identifikazioa eta, horrela badagokio, zer ordezkapenarekin diharduten.
c) Mugatuko den ondasun higiezinaren deskribapen soila, egindako jarduketak, higiezina zedarritzen duten perimetro-lerroak, orientazio geografikoa, hartutako erreferentzia-puntuak eta haien artean dauden distantzia metrikoak, baita finka mugakide guztien jabeen izenak ere.
d) Izandako gorabeheren eta ekitaldira bertaratutako pertsonen adierazpenen laburpena.
e) Mugaketa egun berean amaitzen ez bada, batzordeburuak finkatzen duen eguna eta ordua, mugaketarekin jarraitzeko.
Mugaketara bertaratutako pertsona guztiek sinatuko dute akta, eta horietako batek sinatzeari uko egiten badio, idazkariak ezezko horren arrazoia jasoko du aktan. Idazkariak fede publikoa emango du egindako aktan.
4.– Mugaketa ez bada amaitzen hasten den egunean, idazkariak akta egingo du mugaketari jarraipena ematen zaion egunean, eta horrela, hurrenez hurren, batzordeburuak ezarritako egun bakoitzean, mugaketa-eragiketak amaitu arte. Ulertuko da akta sinatzen duten bertaratutako pertsona guztiak behar bezala deituak izan direla mugaketa egiten jarraitzeko egun eta ordu berrirako.
5.– Mugatzen den ondasun higiezina atxikita duen saileko edo entitateko teknikari gaituek finkaren eskalako plano bat egingo dute, mugaketa-ekitaldian egindako neurketen arabera, eta plano hori espedienteari erantsiko zaio.
Teknikariok eduki ezean, lurralde-plangintzaren arloko eskumenak dituen sailaren kartografia-zerbitzuari emango zaio eginkizun hori. Zerbitzu horrek ezin badu egin, zeregin hori legez gaitutako pertsonei edo enpresei agindu ahal izango zaie.
20. artikulua.– Entzunaldiaren izapidea eta ebazpen-proposamena.
1.– Mugaketa amaitu ondoren, espedientea interesdunei jakinaraziko zaie hamabost eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentazioa aurkez dezaten.
2.– Jarduketak, egindako alegazioak eta interesdunek aurkeztutako dokumentazioa ikusita, 18.2 artikuluan aurreikusitako txosten juridikoa egitea dagokion organoak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio mugaketa-prozedura ebazteko eskumena duen organoari, hamar eguneko epean, entzunaldi-izapidea amaitzen denetik aurrera.
21. artikulua.– Ebazpena.
1.– Prozedura ebazteko eskumena duen organoak mugaketa onartzeko ebazpena emango du, aurreko artikuluko ebazpen-proposamena kontuan hartuta. Ebazpen hori mugaketak eragindako entitate eta pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, eta honako toki hauetan argitaratuko da, beste publizitate-bitarteko batzuk erabiltzeko aukera baztertu gabe:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, doan.
b) Mugatutako ondasun higiezina dagoen lurralde historikoko aldizkari ofizialean.
c) Mugatzeko ondasun higiezina dagoen udalerriko udaleko ediktu-oholean, eta
d) Mugaketa izapidetzeko eskumena duen entitatearen egoitza elektronikoan.
2.– Hemezortzi hilabeteko epea egongo da mugatze-prozedura ebatzi eta ebazpena jakinarazteko, hasiera emateko erabakiaren egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori ebazpenik eman eta jakinarazi gabe amaitzen bada, iraungi egingo da prozedura, eta jarduketak artxibatzea erabakiko da.
3.– Mugatzea onartzen duen ebazpenak ez du ezer erabakiko mugatutako ondasun higiezinen titulartasunari buruz, ezta jurisdikzio zibilaren eskumeneko beste edozein gairi buruz ere, eta aurretiko titulartasun batek zehaztutzat ematen den egitatezko jabetze-egoera baten presuntzioa dago.
22. artikulua.– Mugarriztatzea.
1.– Mugatzea onartzen duen ebazpena sinatuta, beharrezkoa bada mugak mugarriztatu egingo dira, mugatze-ekitaldira bertaratutako entitate, organo eta pertsonen esku-hartzearekin, helburu horrekin egindako deialdiaren ondoren.
2.– Mugarriztatzea onartzeko ebazpena emango du mugaketa-prozedura ebazteko organo eskudunak. Ebazpen hori mugaketa jakinarazi zitzaien pertsona eta entitate berberei jakinaraziko zaie.
23. artikulua.– Aurkaratzea.
1.– Mugaketa-prozeduran interesa duten pertsonek legeetan aurreikusitako administrazio-errekurtsoak jarri ahal izango dituzte, bai mugaketa onartzen duen ebazpenaren aurka, bai mugarriak jartzea onartzen duen ebazpenaren aurka.
2.– Administrazio-bidea agortutakoan, aurreko paragrafoko ebazpenak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal izango dira, soilik lehiari eta prozedurari buruzko arauak urratzeagatik. Nolanahi ere, beren eskubideak urratu zaizkiela uste duten pertsona guztiek jurisdikzio zibilean baliatu ahal izango dituzte.
24. artikulua.– Inskripzioa, jakinarazpena eta idatzoharra Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean.
Mugaketa onartzen duen eta administrazio-bidean irmoa den ebazpena dagokion jabetza erregistroan inskribatuko da, administrazio publikoen ondareari buruzko araudiaren eta hipoteka-legeriaren arabera. Gainera, ebazpena Higiezinen Katastroari jakinaraziko zaio, katastroko araudiaren arabera, bai eta Inbentario Orokorrari ere, idatzoharra egin dezan.
III. TITULUA
ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK ESKURATZEA
I. KAPITULUA
DOAKO ESKURAKETA
1. ATALA
ONDASUNAK ETA ESKUBIDEAK JARAUNSPEN, LEGATU EDO DOHAINTZA BIDEZ ESKURATZEA
25. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– artikuluan aipatutako entitateetako edozeinen aldeko jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzeko, atal honetan xedatutakoa beteko da.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko legezko edo testamenturik gabeko oinordetza onartzeko, kapitulu honen 4. atalean aurreikusten diren xedapenak aplikatuko dira.
26. artikulua.– Eskumena.
1.– 1. artikuluan aipatutako entitateetako edozeinen aldeko jarauntsiak, legatuak eta dohaintzak onartzeko organo eskuduna izango da haren xede diren ondasun eta eskubideen titulartasuna dagokion pertsona juridikoaren arau organikoek xedatzen dutena.
2.– Ondasunen eta eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena denean, ondareari buruzko eskumenak dituen sailak izango du onartzeko eskumena, honako kasu hauetan izan ezik:
a) Ondasunak euskal kultura-ondarearen parte badira, kulturako eskumenak dituen sailari dagokio onartzea.
b) Zuzenean ikastetxeek erabiltzeko diren ondasun higigarri gorpuzdunak dohaintzan ematen badira, eta haien balioa hiru mila euro baino gehiago ez bada, hezkuntzako eskumenak dituen sailari dagokio onartzea.
c) Sailetako baten eskumen-arloko helburu edo zerbitzuetarako diren ondasun legatuak edo dohaintzak direnean, eta horien balio ekonomikoa hiru mila eurotik gorakoa ez denean, horiek aplikatu behar diren arloan eskumena duen sailari dagokio horiek onartzea.
3.– Ondasunen eta eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste entitate batena denean, haren arauetan adierazten den organoak onartu beharko du, eta, halakorik ezean, haren legezko ordezkariak.
4.– Testamentu-xedapenaren edo dohaintzaren xede bakarra dirua, kontu korronteetako edo aurrezki-libretetako saldoak edo bizi-aseguruen edo antzekoen ondoriozko diru-kopuruak direnean, doako xedapen-egintza zein entitateren alde egin eta entitate horrek onartu beharko du.
5.– Arau horiek aplikatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sail bat baino gehiagori badagokio onartzea, edo Administrazio horri eta 1. artikuluan aipatutako entitateetako bati edo gehiagori, ondarearen arloko eskumenak dituen sailak onartuko du jaraunspena, legatua edo dohaintza. Administrazio orokorrak sailaren edo entitatearen aurretiko adostasuna eskuratuko du, egokituko zaizkion ondasun edo eskubide zehatzak onartzeari dagokionez.
27. artikulua.– Prozedura.
1.– Jaraunspen, legatu edo dohaintza bidez eskuratzeko prozedura izapidetzean, honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio espedienteari:
a) Jaraunspen edo legatu bidezko eskuratzeetan, jaraunspena edo legatua ematen duen pertsonaren heriotza-ziurtagiria, testamentuaren kopia eta azken nahien ziurtagiria aurkeztuko dira.
b Dohaintzetan, dohaintza-emailearen gaitasuna eta nahia egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
c) Ondareari buruzko eskumenak dituen saileko zuzendaritzak egindako memoria, jaraunspenaren, legatuaren edo dohaintzaren xede diren ondasun edo eskubideen egoera fisiko eta juridikoa, balorazioa, kargak eta ezarritako baldintzak jasotzen dituena.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko saileko edo entitate hartzaileko zerbitzu juridikoak emandako txosten juridikoa.
2.– Jaraunspena, legatua edo dohaintza ondasunak edo eskubideak helburu jakin baterako erabiltzeko egiten bada, bideratuko diren eremuan eskumena duen sailaren edo entitatearen txostena eskatuko da, bideragarritasuna eta interes publikorako onarpenaren egokitasuna aztertzeko.
3.– Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena beharko da jaraunspenak, legatuak eta dohaintzak onartzeko, honako kasu hauetan:
a) Kargak edo zamak, guztira, ondasunaren edo eskubidearen tasazio-prezioaren ehuneko hogeita bost baino handiagoak direnean.
b) Eskuratzeak berekin dakarrenean baldintza edo erabilera-konpromiso espezifikoren bat, gastua sortzen duena.
c) Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak direnean, 128.3 artikuluko merkataritza-sozietateetako akzioak direnean izan ezik.
2. ATALA
ERABILERA-LAGAPENAK
28. artikulua.– Helburua.
1. artikuluan aipatutako entitateen alde edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikok edo pribatuk egiten dituen erabilera-lagapenak entitate horien titulartasuneko erabilera publikorako edo zerbitzu publikorako erabiltzeko baino ezin izango dira onartu.
29. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondasun higiezinen erabilera-lagapena onartzeko eskumena izango dute:
a) Ondarearen arloko eskumena duen saileko sailburua, lagapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde egiten denean, betiere lagapena onartu aurretik Gobernu Kontseiluak baimena ematen badu.
b) Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoaren organoak –arau erregulatzaileek aipatutakoak– edo lege-ordezkaritza duen organoa, baldin eta ente horri agindutako trenbide-zerbitzuak emateko erabiltzen badira ondasun higiezinak, eta Gobernu Kontseiluak lagapen hori onartzeko aldez aurretik baimena ematen badu.
c) Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuen bidez esleitutako organoa, ondasunak Unibertsitatearen berezko helburuetarako lagatzen direnean.
2.– Honako hauek izango dute ondasun higigarrien erabilera-lagapena onartzeko eskumena:
a) Ondasuna erabiliko duen saila, lagapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde egiten denean.
b) Entitatea arautzen duten arauek zehazten duten organoa, eta, halakorik ezean, haren legezko ordezkaritza duena, lagapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste entitate baten alde egiten denean.
Hala ere, historia-, arte- edo kultura-balio handiko ondasun higigarrien erabilera-lagapena bada, ondareari buruzko eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailari dagokio onarpena ematea.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak edo hala behar duen entitateak izango du eskumena beste administrazio publiko batzuen jabari publikoko ondasunak edo eskubideak erabiltzeko doako baimenak lortzeko.
Doako erabilera-baimena da agintaritza eskudunak beste administrazio publiko baten jabari publikoko ondasun edo eskubide bat kontraprestaziorik gabe eta tasarik ordaindu gabe okupatzeko emandako titulua.
Erabilera-baimenak hogeita hamar mila eurotik gorako gastua sortzen duen baldintza edo erabilera-konpromiso espezifikoren bat badakar, horren berri emango zaio ondarearen arloko eskumena duen sailean arlo horretako eginkizunak esleituta dituen zuzendaritzari.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak edo behar duen entitateak izango du eskumena prekarioan eta doan erabiltzeko lagapenak lortzeko.
Erabilera-lagapen prekarioa eta doakoa da eperik finkatu gabe eta preziorik edo kontraprestaziorik gabe ematen dena, eta pertsona edo entitate lagatzaileak edozein unetan erreklamatu ahal izango du edukitza.
30. artikulua.– Espedientea.
1.– Ondasun higiezin baten erabilera-lagapenaren kasuan, onartu aurreko prozedura bat izapidetuko da, eta espedientean, besteak beste, honako dokumentu hauek jaso beharko dira:
a) Eskaintza jaso duen 1. artikuluko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren edo entitatearen eskaera, higiezina lagatzeko borondate argia eta lagapena eskaintzeko baldintzak egiaztatzen dituen dokumentazioarekin batera.
b) Memoria bat, ondasuna onartzearen komenigarritasunari eta egokitasunari buruz, ondasuna zein erabilera edo zerbitzu publikotara bideratu nahi den adierazita eta haren egoera fisiko eta juridikoari buruz.
2.– Baldin eta, aurretiazko prozeduraren ondorioz, ondasun higiezinaren erabilera-lagapena onartzen bada, lagapena formalizatuko da pertsona edo entitate lagatzaileak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak edo entitate lagapen-hartzaileak sinatutako entrega-aktaren bidez.
3.– Ondasun higigarriak lagatzen badira, nahikoa izango da pertsona edo entitate emaileak eta Administrazio Orokorreko sail edo entitate hartzaileak bi alderdien borondatea eta lagapenaren baldintzak jasotzen dituen akta bat sinatzea.
3. ATALA
ITZULKETA
31. artikulua.– Itzulketaren egokitasuna.
Dohaintza, jaraunspena, legatua edo lagapena baldintza, modu edo epemugen arabera egin bada eta horietako edozein betetzen ez bada edo ezarritako epemuga amaitzen bada, eskuratutako ondasunak eta eskubideak itzuli egingo dira, dagokion prozedura izapidetu ondoren.
32. artikulua.– Eskumena eta prozedura.
1.– Ondasunen eta eskubideen dohaintza, jaraunspena, legatua edo erabilera-lagapena onartzeko organo eskuduna izango da, halaber, itzulketa-prozedurak izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna. Prozedura pertsona edo entitate interesdunak eskatuta hasiko da. Pertsona edo entitate horiek euren eskubidea eta ez-betetzea edo epemuga egiaztatu beharko dituzte.
2.– Prozeduraren ebazpena emateko eskumena duen organoak bi txosten hauek eskatuko ditu ebazpena eman aurretik:
a) itzulketa-eskabidean aipatzen diren ondasunak edo eskubideak zein eremutarako erabili diren, eremu horretako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail edo entitate eskudunaren txostena.
b) Itzulketaren egokitasunari buruzko txosten juridikoa.
3.– Gobernu Kontseiluari ondasun edo eskubide baten itzulketa jakinaraziko zaio, baldin eta dohainik eskuratzeko baimena behar izan bada.
4.– Itzulketa entrega-aktan formalizatu beharko da, pertsona edo entitate lagatzaileak eta itzulketa-prozedura izapidetzeko eta ebazteko organo eskudunak sinatuta.
4. ATALA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA ABINTESTATO OINORDEKO DEKLARATZEKO PROZEDURA
1. AZPIATALA
XEDAPEN OROKORRA
33. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren abintestato oinordeko deklaratzeko administrazio-deklarazioa, euskal zuzenbide zibilari buruzko araudiaren arabera oinordetzara legez deitutako beste pertsonarik ez badago, eta jaraunspeneko ondasunen kudeaketa eta likidazioa atal honetan jasotako prozeduraren eta xedapenen arabera egingo dira.
2. AZPIATALA
ABINTESTATO JARAUNSLE DEKLARATZEA
34. artikulua.– Aldez aurreko jarduketak.
Ondarearen arloko eskumena duen sailean arlo horretako eginkizunak esleituta dituen zuzendaritzak abintestato oinordekoa deklaratzeko prozedura hasi aurreko jarduketak egingo ditu, honako hauek egiaztatzeko:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra pertsona baten legezko oinordekoa izan daiteke, pertsona horren heriotza.
b) testamenturik gabe hil izanagatik testamenturik gabeko oinordetza irekitzearen bidezkotasuna, eta
c) beste inor ez egotea legearen arabera horren oinordekoa izateko deituta.
35. artikulua.– Lankidetza.
Oro har, edozein pertsonak jakinaraziko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ondarearen arloko eskumena duen sailari autonomia-erkidego honetan bizi diren pertsonen heriotza, administrazio publiko hori legezko oinordekoa izan daitekeela ondorioztatzen duen informazioa duenean.
36. artikulua.– Hastea.
1.– Abintestato jaraunsle deklaratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren prozedura ofizioz hasiko da, ondarearen arloko eskumena duen saileko sailburuaren agindu bidez; dela beraren ekimenez, dela partikularren salaketaren edo beste organo, sektore publiko edo pribatuko entitate edo profesionalen eskutik jasotako komunikazioaren ondorioz.
2.– Prozedura hasteko agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta jaraunspena ematen duen pertsona bizi izandako azken lurralde historikoaren aldizkari ofizialean argitaratuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan eta ondarearen arloan eskumena duen sailaren webgunean ere argitaratuko da.
3.– Hasteko aginduaren kopia bat jaraunspenaren kausatzailearen azken bizilekuko udalera bidaliko da, eta, hala badagokio, jaioterriko eta heriotzako udaletxera, bai eta haren ondasun gehienak dauden tokira ere, hilabeteko epean argitara eman eta haren iragarki-tauletan jar dadin, kontuan izanda egokitzat jotzen diren beste publizitate-bide batzuk erabiltzeko aukera dagoela.
37. artikulua.– Instrukzioa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren oinordetza-eskubideen errealitatea eta irismena zehazteko eta egiaztatzeko beharrezko instrukzio-egintzak egingo ditu ondareari buruzko eskumenak dituen saileko zuzendaritzak.
Ondorio horietarako, eta espedientea behar bezala bideratzeko, zuzendaritza horrek agintari eta funtzionario publikoei, erregistroei eta gainerako artxibo publikoei eskatu ahal izango die kausatzaileari eta haren ondasun eta eskubideei buruz behar duen informazioa.
2.– Espedientean jasoko da kausatzailearen jaraunspeneko ondarea osatzen duten ondasun, eskubide eta betebehar guztien zerrenda.
3.– Edozein interesdunek aurkez ditzake alegazioak eta agiriak edo bestelako judizio-elementuak prozedura ebatzi aurretik.
4.– Beharrezko informazioa lortu ondoren, espedientea ebatzi aurretik txostena egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra abintestato-oinordeko deklaratzeko egindako jarduketak egokiak eta nahikoak diren argitzeko.
5.– Espedientearen zuzendaritza instruktoreak ebazpen-proposamena igorriko dio ondarearen arloko eskumena duen saileko sailburuari.
38. artikulua.– Prozedura amaitzea.
1.– Ondarearen arloko eskumena duen sailburuaren agindu bidez ebatziko da prozedura; agindu hori urte bateko epean emango da, hasiera-agindua eman zenetik zenbatzen hasita.
2.– Egindako jarduketetatik ondorioztatzen bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren oinordetza-eskubidea egiaztatzen dela, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko sailburuari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren abintestato-oinordeko deklaratzea, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren.
Jaraunsle deklaratzeak esan nahiko du herentzia inbentario-emaitzaren arabera onartzen dela; deklarazioak ondasunen eta eskubideen esleipen administratiboa jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde, jaraunspeneko ondasunak osatzen dituzten ondasunen eta eskubideen zerrenda xehatuaz gainera.
3.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako inguruabarrak egiaztatzen ez badira, ondarearen arloko eskumena duen sailburuaren aginduak honako hau erabakiko du, kasuen arabera:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez bada hildakoaren legezko oinordekoa, inguruabar hori adieraziko du, eta egindako jarduketak Estatuko Administrazio Orokorrera edo izapidetzeko eskumena duenera lekualdatzeko aginduko du.
b) Hildakoaren jaraunspenerako eskubide hobea duten beste pertsonaren batzuk badaude, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra abintestato-oinordeko deklaratzearen desegokitasuna deklaratuko da.
c) Jarauntsiko ondasunik ez badago, inguruabar hori adieraziko du eta espedientea artxibatzea era bakiko du.
4.– Aurreko paragrafoko hiru kasuetan, ondarearen arloko eskumena duen sailburuaren agindua hasierako erabakia argitaratu zen toki berberetan argitaratuko da, eta, gainera, jaraunsteko eskubidea duten pertsonei ere jakinaraziko zaie.
5.– Prozedura horretan ematen diren administrazio-egintzen aurka errekurtsoak aurkeztu ahalko dira soilik administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, eskumenari eta prozedurari buruzko arauak hausteagatik, administrazio-bidea agortu ondoren. Legezko jaraunslearen deklarazioagatik edo ondasunak Administrazioari esleitzeagatik bere burua kaltetutzat jotzen dutenek (herentziarako eskubide hobeari edo izaera zibileko beste eskubide batzuei dagokienez), egoki diren ekintzak baliatu ahal izango dituzte jurisdikzio-ordena zibileko organoetan.
39. artikulua.– Abintestato jaraunslearen deklarazioaren ondorioak.
1.– Abintestato-oinordeko deklaratzeak aukera emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ondasunen eta eskubideen entrega erreklamatzeko eta horien egiazko edukitza izateko; une horretatik aurrera bere gain hartuko ditu horien titulartasuna izateagatik dagozkion erantzukizunak.
2.– Abintestato-oinordeko deklaratu ondoren identifikatzen diren kausatzailearen ondasunak eta eskubideak jaraunspeneko ondasunei gehituko zaizkie, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleituko zaizkio, ondarearen arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bitartez.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren abintestato-oinordekoaren administrazio-deklarazioa titulu nahikoa da kausatzailearen izenean ageri diren ondasun higiezinak edo eskubideak Jabetza Erregistroan inskribatzeko, 1946ko otsailaren 8ko Dekretuaren bidez onartutako Hipoteka Legearen 14. eta 16. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako. Higiezinak edo eskubide errealak inskribaturik ez badaude, jaraunsle izendatzen duen deklarazioa immatrikulatzeko edo inskribatzeko titulu nahikoa da, legeria orokorrarekin bat etorrita.
3. AZPIATALA
ADMINISTRAZIOA, LIKIDAZIOA ETA BANAKETA
40. artikulua.– Organo eskuduna.
1.– Ondareari buruzko eskumenak dituen sailean arlo horretako eginkizunak esleituta dituen zuzendaritzari dagokio jarauntsitako ondasunak eta eskubideak administratzea, likidatzea eta banatzea.
2.– Beren ezaugarri bereziengatik aparteko konplexutasuna duten ondasunak edo eskubideak badira, horien administrazioa enpresa edo profesional espezializatuekin kontratatu ahal izango da, sektore publikoko kontratazioari buruzko araudiaren arabera. Kontratazio horiek eragiten dituzten gastuak jaraunspeneko ondasunen kargura joango dira.
41. artikulua.– Administrazioa eta likidazioa.
1.– Ondarearen arloko eskumena duen sailean arlo horretako eginkizunak esleituta dituen zuzendaritzak, besteak beste, neurri hauek hartu ahal izango ditu jarauntsitako ondasunei eta eskubideei dagokienez:
a) Jarauntsitako ondasunen eta eskubideen arazketa fisikoa eta juridikoa.
b) Ondasunen balioespena, jadanik balioetsita ez badaude.
c) Eskudirua eta balore-tituluak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailutzea, banku-entitateetan edo finantza-establezimenduetan gordailuan edukitzea komenigarritzat jotzen ez bada, diruzaintzaren arloan eskumena duen zerbitzuari jakinarazi ondoren.
d) Jaraunspenaren kargurako zorrak aitortzea eta administrazio-gastuak ordaintzea, betiere, aurreikusten denaren arabera, horien zenbatekoa jaraunspeneko ondasunen balioa baino handiagoa ez bada.
e) Ondasunen eta eskubideen kontserbazio egokia eta administrazio zuzena bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako neurriak.
2.– Goragoko paragrafoko zuzendaritza bera arduratuko da jarauntsitako ondasun eta eskubideak besterentzeko espedienteak izapidetzeaz, autonomia-erkidegoko ondare-araudian ezarritako prozedurari eta betekizunei jarraiki.
3.– Ondarearen arloko zuzendaritza eskudunak neurri eta espediente horien berri emango die hildakoak azken bizilekua izan duen udalerriko foru-aldundiari eta udalari.
4.– Jarauntsiko ondarean ondasun higiezinik badago, besterentzea erabaki baino lehen, horren berri emango zaio jaraunspenaren kausatzailearen azken bizilekuko foru aldundiari edo udalari, ondasunok eskuratzeko interesik badute. Administrazio horietakoren batek ondasuna eskuratzeko interesik badu, higiezina haren alde zuzenki esleitzea erabaki ahal izango da, eta haren balioa jaraunspenaren amaierako likidazioan esleitzen zaion balioaren herena baino handiagoa bada, gehiegizko esleipena eskudiruz ordaindu beharko du.
Euskadiko ondarean integratzeko ondasun higiezinaren titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak gorde nahi duenean, ezin izango da hura besterentzea erabaki, eta aldea eskudirutan ordainduko zaie foru-aldundiari eta udal interesdunei, baldin eta haren balioa jaraunspenaren azken likidazioan dagokion herena baino handiagoa bada.
5.– Ondasun higiezinak besterentzeko ahalegina egin bada esleitu gabe utzitako ondoz ondoko hiru enkante publikotan, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak erabakiko du zertarako erabiliko diren, eta erabilera interes publiko edo sozialeko helburuekin lotuta egon beharko da.
42. artikulua.– Banaketa.
1.– Jaraunspeneko ondasunen eta eskubideen likidazioaren ondoren, eta ordaindutako gastuak eta zorrak deskontatuta, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak jaraunspeneko ondasunen sarreren eta gastuen kontu orokorra onartuko du.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra abintestato jaraunsle deklaratzen denetik urtebete baino gehiago igarotzen bada jaraunspenaren likidazio osoa egin gabe, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak kontu partzial bat onartu ahal izango du jadanik likidatutako ondasun eta eskubideei buruz.
3.– Jaraunspeneko ondasunen kontu orokorretik edo kontu partzialetik ateratzen den saldo likidoa honela esleituko da:
a) Heren bat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.
b) Heren bat hildakoaren azken bizilekuari dagokion foru-aldundiari.
c) Heren bat hildakoaren azken bizilekua izan den udalerriko udalari.
II. KAPITULUA
KOSTU BIDEZKO ESKURATZEEI BURUZKO XEDAPENAK
1. ATALA
XEDAPEN ERKIDEAK
43. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– artikuluan aipatzen diren entitateek ondasunak eta eskubideak kostu bidez eskuratu ditzakete, kontratuen, hitzarmenen eta gainerako negozio juridikoen bidez. Eskuratze horiek Euskadiko Ondareari buruzko Legean eta erregelamendu honetan xedatutakoaren bidez arautuko dira, eta, arauotan berariaz aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoak sorturiko gainerako arauak bete beharko dira; halako araurik ez badago, Estatuaren ondarea arautzen duten xedapenetan kasu baliokideetarako ezarritakoa beteko da.
2.– Berariazko arautegia duten kostu bidezko eskuraketak arau berezi horiei jarraikiz gauzatuko dira, eta kapitulu honetan aurreikusitakoak aplikatuko zaizkie horiekin bateragarriak ez direnean.
44. artikulua.– Eskuraketaren xedea.
Eskuratu ahal izango dira ondasun higiezinen, higigarrien eta jabetza gorpuzgabearen eskubideen jabetza eta gainerako eskubide errealak, errentamendu eskubideak eta izaera pertsonaleko beste edozein, zeinen ondorioz besteren ondasun higiezinen, higikorren eta gorpuzgabeko jabetzaren eskubideen erabilera edo luperketa ematen baitzaie 1. artikuluan aipatutako entitateei.
45. artikulua.– Eskuratzen diren negozio juridikoen edukia.
Ondasunak eta eskubideak eskuratzea xede duten kontratuak, hitzarmenak eta gainerako negozio juridikoak itun-askatasunaren mendean egongo dira, eta komenigarritzat jotzen diren klausula eta baldintzak ezar daitezke, baldin eta ez badira interes orokorraren aurkakoak, antolamendu juridikoaren aurkakoak edo administrazio onaren printzipioen aurkakoak.
46. artikulua.– Gaitasun-arauak.
1. artikuluan xedatutako entitateek ondasunak eta eskubideak eskuratzeko ondare-negozio juridikoak egin ditzakete, kontratatzeko gaitasun orokorraz gain, kasuan kasuko negozio juridiko zehatzerako eskatzen den gaitasun espezifikoa duten pertsona guztiekin.
47. artikulua.– Eskuratzeko prozedurak.
1.– Arau orokor gisa, ondasunak eta eskubideak lehia-prozeduraz eskuratuko dira, kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintzari esleipena eginez, sektore publikoaren kontratazioari buruzko arautegian aurreikusitakoari jarraikiz.
2.– Espedientean jaso beharreko justifikazioa duen inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean, zuzeneko eskuratzea edo errentamendua aukeratu ahal izango da:
a) Eskuraketa urgentea izatea, ustekabeko bat gertatzearen ondorioz.
b) Bete beharreko premiaren berezitasuna.
c) Merkatu-baldintzak.
d) Ondasuna bereziki egokia izatea.
e) Saltzailea edo errentatzailea beste administrazio publiko bat izatea edo sektore publikoko eta zuzenbide publikoko edo pribatuko edozein pertsona juridiko izatea. Hara zer izango den, halakoetarako, zuzenbide pribatuko pertsona juridikoa: merkataritza-sozietateak, baldin eta kapitalean, zatirik handienean, administrazio publiko baten edo batzuen edo zuzenbide publikoko pertsona juridikoen zuzeneko edo zeharkako partaidetzak badituzte, eta sektore publikoko fundazioak.
f) Arinago deklaratuta egotea esleitu gabe utzi dela eskuraketarako edo errentamendurako aurretiaz sustaturiko lehia-prozedura.
g) Jabekidetza-kasuetan, jabekide bati ondasun bateko kuota bat eskuratzea.
h) Lehentasunez eskuratzeko eskubidea erabiliz egindako eskuraketa edo errentamendua.
3.– Halaber, zuzeneko eskuraketa edo errentamendua erabaki ahal izango da kontratu txikiak direnean, hau da, guztizko zenbatekoa, luzapenei dagokiena barne, hogeita hamar mila euro baino gehiagokoa ez denean.
4.– Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, gutxienez hiru eskaintza eskatuko dira, ahal den guztietan.
48. artikulua.– Kontratazio-mahaia.
1.– Ondasunak eta eskubideak eskuratzeko eskumena duen organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du lehia-prozeduretan, zuzeneko eskuratze edo errentamenduetan izan ezik, horiek eratzea aukerakoa izango baita. Nolanahi ere, organo eskudun horrek kontratazio-mahaiko kideak izendatuko ditu, eta kide hauek izango ditu:
a) Mahaiburua.
b) Gutxienez hiru mahaikide:
1.a Bat, mahaiko idazkari jardungo duena, hitzarekin eta botoarekin, aholkularitza juridikoko eginkizunak esleituta dituen organoko langileen artetik izendatua, eta
2.a Beste bat, eskuratzea edo errentamendua erabakitzeko eskumena duen organoaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketako eginkizunak betetzen dituzten pertsonen artetik izendatua.
2.– Ondasunak eta eskubideak eskuratzeko eskumena duen organoak, komenigarritzat edo beharrezkotzat jotzen duenean, ezagutza espezializatuak dituzten pertsonak kontratazio-mahaiaren bileretara joatea eskatu ahal izango du. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
3.– Ondasunak eta eskubideak lehia-prozedura bidez eskuratzen direnean, kontratazio-mahaiaren osaera eta kideen identifikazioa oinarrien agirian edo eskuratzeko eskumena duen organoak onartzen duen agiri baliokidean zehaztuko dira.
4.– Kontratazio-mahaiaren eginkizunak honako hauek izango dira:
a) Parte-hartzaileek aurkezten duten dokumentazioa aztertu eta egiaztatzea.
b) Eskatzen diren gaitasun- eta ordezkaritza-baldintzak betetzen ez dituzten parte hartzaileak baztertzea eta zuzendu daitezkeen akatsak edo gabeziak jakinaraztea.
c) Aurkezten diren proposamenak irekitzea eta balioestea.
d) Lehia-prozedura esleitzeko proposamena egitea edota, horrela badagokio, esleitu gabe uztea.
5.– Kontratazio-mahaia balio osoz eratutzat jotzeko, mahaiburuak, idazkariak eta gainerako mahaikideen erdiek, gutxienez, egon beharko dute bertan. Mahaiak botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak.
2. ATALA
ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO JABETZAREN ETA GAINERAKO ESKUBIDE ERREALEN ESKURAKETAK.
49. artikulua.– Eskumena.
1.– Pertsona eta organo hauek izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpeko ondasun higiezinen gaineko jabetza edo beste edozein eskubide erreal kostu bidez eskuratzeko eskumena:
a) Ondarearen arloan eskumena duen sailburua, arlo horretan eskumena duen zuzendaritzak dagokion prozedura hasi eta bideratu ondoren.
b) Eskuratu ondoren Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko entitate publikoak kudeatuko dituen higiezinak edo eskubide errealak badira, haren arauek zehazten dituzten entitateko organoei dagokie eskuraketa egitea, baita, horrelakorik bada, haren legezko ordezkaritza duen organoari ere, atal honetan xedatzen den moduan prozedura izapidetu ondoren.
2.– Ondasun higiezinaren edo zuzenbide errealaren titulartasuna Euskal Herriko Unibertsitatearena denean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen bosgarren xedapen gehigarriaren arabera, eskuratzeko eskumena unibertsitatearen estatutuek esleitzen dioten organoari dagokio, atal honetan xedatutakoaren arabera dagokion prozedura izapidetu ondoren.
50. artikulua.– Prozedura.
1.– Ondasun edo eskubide bat eskuratzeko, aldez aurretik administrazio-prozedura bat izapidetu beharko da. Prozedura hori ofizioz hasiko da, organo eskudunak hala erabakita, bere ekimenez edo eskuratzeko interesa duen sailak edo entitateak arrazoituta eskatuta.
2.– Prozeduraren espedientean, honako dokumentazio hau jaso behar da:
a) Txosten bat, ondasuna edo eskubidea eskuratzea beharrezkoa edo komenigarria dela azaltzeko, ondasun edo eskubide hori zertarako erabiltzeko asmoa dagoen azaltzeko eta zein esleipen-modu proposatzen den azaltzeko. Prozedura beste sail edo entitate interesdun baten eskariz hasten bada, eskabideari memoria erantsi beharko dio.
b) Kreditua badagoela egiaztatzeko agiria, edo legezko ordezko agiria.
c) Ondasuna edo eskubidea lehia bidez eskuratzea erabakitzen bada, oinarrien agiria edo ondasuna edo eskubidea eskuratzeko eskumena duen organoak onartutako dokumentu baliokidea.
Prozedura hastea erabakitzen duen organoak idatziko du dokumentua, interesatutako beste sail edo entitate baten eskariz hasten ez bada; izan ere, kasu horretan, berak formulatuko du eskabidearekin batera aurkeztu beharko den oinarri-agiria edo dokumentu baliokidea.
Agiriak, gutxienez, hauek jaso beharko ditu: eskuratuko den ondasuna edo eskubidea, haren ezaugarriak, egoera, kokapena, berezitasun teknikoak eta urbanistikoak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, esleitzeko prozedura eta modua, esleitzeko irizpideak, gehieneko prezioa eta ordainketa modua, eskuraketa-gastuak eta eskuraketa arautuko duten klausulak.
d) Ondasunaren edo eskubidearen tasazioa, behar bezala onartuta, zeina dagokion merkatu-ikerketan txertatuko baita eta entitate eskuratzaileak ordaindu beharreko gehieneko prezio gisa erabiliko baita.
Tasazioa egin ahal izango dute eskuraketan interesatuta dagoen sailaren edo entitatearen mendeko pertsonal teknikoak, titulazio nahikoa duenak, tasazio-sozietateek edo sektore publikoko kontratazioaren arloko indarreko araudiari jarraikiz legez gaitu eta hautatutako enpresek.
Prozedura hasteko eskumena duen organoari dagokio tasazioa onartzea eta espedientean txertatzea, beste sail edo entitate interesdunen eskariz hasi ez bada; izan ere, kasu horretan, berari dagokio onartzea eta espedientean sartzea. Behin onartuta, tasazioak urte bateko balio-epea izango du, onartzen den datatik hasita.
e) Proiektatutako eskuratzearen prozedurari eta baldintzei buruzko txosten juridikoa. Eskuraketa lehia bidez gauzatzen bada, oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean jasotako xedapenak aztertuko ditu txostenak.
f) Gastuaren eta fiskalizazioaren onarpena, organo eskudunaren aldetik.
g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren aldeko txostena, aplikatu beharreko araudiaren arabera.
3.– Kontratu txikien kasuan, espedienteak dokumentazio hau baino ez du jasoko:
a) Eskuratzeko beharra arrazoitzen duen txostena, horretarako eskumena duen organoak emana.
b) Gastuaren onarpena.
c) Eskuraketa adierazten duen kontratua edo titulua.
Kontratu txiki gisa izapidetu ahal izango dira hogeita hamar mila euroko kopurua gainditzen ez dutenak.
51. artikulua.– Lehia bidez eskuratzeko prozedura.
1.– Eskuratzeko eskumena duen organoak espedientea onartu ondoren, lehia-prozeduraren deialdiaren iragarkia honako toki hauetan argitaratuko da:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
c) Entitate eskuratzailearen kontratatzaile-profilean.
Egoki iritziz gero, beste publizitate-bitarteko batzuk ere erabili ahal izango dira.
2.– Sektore publikoko kontratazio-araudiak prozedura irekietan eskaintzak aurkezteko ezarritako epeak errespetatuz eta kontuan hartuta argitaratu beharko da iragarkia, salbu eta legez aurreikusitako epeak murrizteko kasuren bat gertatzen bada.
3.– Deialdiaren iragarkian, gutxienez, honako informazio hau agertu beharko da:
a) Ondasun higiezinak edo eskubideak bete behar dituen baldintzak eta betekizunak.
b) Ondasun higiezinarentzat edo eskubidearentzat aurreikusitako destinoa edo erabilerak.
c) Oinarrien agiria non eta nola erabil daitekeen.
d) Proposamen-eredua.
e) Proposamenak aurkezteko epea eta modua.
f) Eskurapenaren gehieneko zenbatekoa.
g) Aurkeztutako proposamenak irekitzeko eguna eta lekua.
4.– Proposamenak paperean aurkeztu ahal izango dira, edo baliabide elektronikoen bidez, Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataforman, oinarrien agirian edo dokumentua baliokidean xedatutakoaren arabera.
5.– Lizitatzaile bakoitzak proposamen bat baino ezin izango du aurkeztu, eta bi gutun-azaletan aurkeztu beharko da, edo, izapideak elektronikoak direnean, bi artxibo elektronikotan:
a) Lehenengo gutun-azalak edo artxibo elektronikoak honako agiri hauek izan beharko ditu:
1.a Lizitatzailearen gaitasun juridikoa, jarduteko gaitasuna eta, horrela badagokio, haren ordezkaritza, egiaztatzen duten dokumentuak. Dokumentazio horren ordez, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da. Kasu horretan, esleipen-proposamena jasotzen duen pertsona fisikoak edo juridikoak esleipena egin aurretik egiaztatu beharko du gaitasuna eta ordezkaritza dituela.
2.a Oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean adierazten den dokumentazio juridiko eta teknikoa, ondasunari edo eskubideari buruzkoa. Edozein kasutan, hauek jaso beharko dira:
i. Ondasun higiezinaren edo eskubide errealaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentazioa, Jabetza Erregistroan inskribatutakoa horrela badagokio, eta erregistroko informazio-oharra erantsita.
ii. Eskuraketaren edo eskubide errealaren xede izango den ondasun higiezinari dagokion katastro-ziurtagiria.
iii. Hirigintza-ziurtagiria, ordaindu gabeko kargak eta eragiten dioten hitzarmen sinatuak berariaz adierazita.
iv. Ondasun higiezinaren planoak eta argazkiak.
v. Ondasun higiezina jabetza horizontalaren araubideari lotuta badago:
a. Erkidegoaren estatutuen eta arauen kopia, halakorik badago.
b. Jabeen erkidegoaren zorren egoerari buruzko ziurtagiria, eta ondasun higiezinari dagozkion horniduren ordainketak egunean dituela adierazten duen deklarazioa.
c. Jabeen erkidegoak hartutako erabakien kopia, baldin eta aparteko gastuak eragiten badituzte eta aurreko ziurtagiria eman ondoren eska badaitezke.
vi. Higiezinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta etiketa.
vii. Higiezinak kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituen edo inbentariatuta dagoen adierazten duen adierazpena.
3.a Oinarrien agirian edo agiri baliokidean hala aurreikusten bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian jarritako dirutan, txekean edo abalean eratutako behin-behineko bermea eratu dela egiaztatzea.
b) Bigarren gutun-azalak edo artxibo elektronikoak honako agiri hauek izan beharko ditu:
1.a Proposamen ekonomikoa, non eskaintzen den prezioa adieraziko baita; proposamen hori oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean ezarritako ereduari jarraikiz egingo da.
2.a Oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean ezar daitezkeen gainerako esleipen-irizpideak justifikatzeko dokumentazioa.
6.– 48.5 artikuluaren arabera, proposamenak aurkezteko epea amaitu eta 10 eguneko epean eratuko da kontratazio-mahaia.
7.– Mahaiak lehenengo gutun-azalak edo artxibo elektronikoak irekiko ditu, bertan jasotako dokumentazioa aztertzeko eta kalifikatzeko. Azterketa eta kalifikazio horren ondoren, baztertu egingo ditu aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe duten edo eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak.
Mahaiak konpon daitezkeen akatsak edo omisioak ikusten baditu aurkeztutako dokumentazioan, interesdunei jakinaraziko die, eta gehienez ere zazpi eguneko epea emango die zuzentzeko. Epe hori igarota, mahaiak erabakiko du zer lizitatzaile onartzen diren.
8.– Onartutako proposamenen bigarren gutun-azalak edo artxibo elektronikoak oinarrien agirian edo dokumentu baliokidean adierazitako egunean irekiko dira jendaurrean, betiere lehenengo gutun-azalak edo artxibo elektronikoak ireki eta hurrengo hilabetearen barruan. Ekitaldi publiko horren akta egingo da.
9.– Gutun-azalak edo artxibo elektronikoak ireki ondoren, beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu mahaiak, eta egokiak diren egiaztapenak eta ikuskapenak egin ondasun higiezinei buruz.
10.– Mahaiak kalitate-prezio erlaziorik onena duen proposamenaren aldeko esleipen-proposamena egingo du, oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean zehaztutako irizpideen arabera. Ondoren, proposamen hori eskuraketa egiteko eskumena duen organoari helaraziko zaio, dagokion ebazpena eman dezan. Aldez aurretik, eta esleipenak aldez aurreko fiskalizazioa behar duen guztietan, Mahaiaren proposamena Kontrol Ekonomikoko Bulegoari igorriko zaio.
11.– Ondasuna edo eskubidea eskuratzeko eskumena duen organoak bost eguneko epean ebatziko du lehia-prozedura, esleipen-proposamena jasotzen duenetik zenbatzen hasita. Organo horrek, arrazoituta, esleipen-proposamenetik aldendu ahal izango du, edo lehia-prozedura esleitu gabe utzi.
12.– Prozedura esleitu gabe deklaratuz gero, zuzeneko eskuratze-prozedurara jo ahal izango da, lehia-prozedura berririk hasteko beharrik gabe, betiere jatorrizko baldintzak aldatzen ez badira.
13.– Esleipena eta esleitzeke uztea honako leku hauetan argitaratuko dira:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
c) Entitate eskuratzailearen kontratatzaile-profilean.
52. artikulua.– Zuzeneko eskuratze-prozedura.
1.– Zuzeneko eskuraketaren prozeduran, ahal bada, gutxienez hiru eskaintza eskatu behar dira, pertsona esleipenduna arrazoituta aukeratu baino lehenago.
2.– 47.2.a) artikulutik f) artikulura bitartean aurreikusitako kausaren batean oinarritutako jabetza zuzenean eskuratuz gero, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena eskatu beharko da, titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena izan behar denean, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetan zehaztutako organoena, titulartasuna Euskal Herriko Unibertsitatearena denean.
Titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionean, noiz beharko da Gobernu Kontseiluaren baimena?:
a) prozedura ondasuna eskuratzeko eskumena duen organoaren ekimenez izapidetu denean, organo horrek proposatuta.
b) Prozedura eskuratzeko interesa duen beste sail edo entitate baten eskaera arrazoituaren ondorioz hasi bada, baimena eskatuko da, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta eskuratzeko interesa duen saileko buruak edo entitatearen legezko ordezkariak batera proposatuta.
3.– 50.2 artikuluan aurreikusitako dokumentuez gain, dokumentazio hau jaso beharko da espedientean:
a) Eskaintza, indarraldia eta eskatutako prezioa.
b) Ondasun higiezina edo eskubide erreala eskaintzen duen pertsonaren gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna egiaztatzen duten agiriak eta, hala badagokio, haren ordezkariarenak, edo baldintza horiek betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
c) Jabetza Erregistroan behar bezala inskribatutako ondasun higiezinaren edo eskubide errealaren titulartasuna egiaztatzen duten agiriak, erregistroko informazio-ohar batekin batera.
d) Eskuraketaren edo eskubide errealaren xede izango den ondasun higiezinari dagokion katastro-ziurtagiria.
e) Hirigintza-ziurtagiria, hala badagokio, ordaindu gabeko kargak eta eragiten dioten hitzarmen sinatuak berariaz adierazita.
f) Ondasun higiezinaren planoak eta argazkiak.
g) Ondasun higiezina jabetza horizontalaren araubideari lotuta badago:
1.a Erkidegoaren estatutuen eta arauen kopia, halakorik badago.
2.a Jabekideen erkidegoaren zorren egoerari buruzko ziurtagiria, bai eta ondasun higiezinari dagozkion horniduren ordainketak egunean dituela adierazten duen adierazpena ere.
3.a Jabeen erkidegoak hartutako erabakien kopia, baldin eta aparteko gastuak eragiten badituzte eta aurreko ziurtagiria eman ondoren eska badaitezke.
h) Higiezinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta etiketa.
i) Higiezinak kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituen edo inbentariatuta dagoen adierazten duen adierazpena.
53. artikulua.– Formalizazioa.
1.– Ondasuna edo eskubidea eskuratzeko eskumena duen organoa edo hark eskuordetzen duen pertsona arduratuko da eskuratze-kontratua notario aurrean formalizatzeaz eta Jabetza Erregistroan inskribatzeaz.
2.– Ondasuna edo eskubidea eskuratzea formalizatu ondoren, Inbentario Orokorrean inskribatuko da.
3. ATALA
ONDASUN HIGIEZINEN ERRETAMENDUA
54. artikulua.– Lehia.
1.– Organo hauek izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpeko ondasun higiezinen errentamendua erabakitzeko eskudunak:
a) Ondarearen arloko zuzendaritza eskuduna, dagokion prozedura hasi eta bideratu ondoren.
b) Errentamendu-kontratua sinatu ondoren, Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak kudeatu behar dituen ondasun higiezinen errentamendua denean, haren arau erregulatzaileek edo, hala badagokio, haren legezko ordezkaritza duen organoak errentamendu-kontratua sinatuko dute, atal honetan xedatutakoaren arabera dagokion espedientea izapidetu ondoren.
2.– Aurreko paragrafoko bi apartatuetan xedatutakotik salbuetsita daude jarraian aipatzen diren errentamenduak, horren beharra duen sailari edo entitateari baitagokio eskumena:
a) Standak edo lokalak errentan jartzea, sustapen-ekintzak burutzeko, informazioa zabaltzeko edo noizbehinkako beste jarduera batzuk egiteko, baldin eta errentamendua ez bada urtebete baino gehiagorako eta prezioa ez bada hogeita hamar mila euro baino gehiagokoa. Epea eta prezioa zenbatzeko orduan, balizko luzapenak ere sartuko dira.
b) Ibilgailuak gordailuan uzteko errentamenduak.
3.– Errentamenduaren titulartasuna Euskal Herriko Unibertsitatearena denean, errentamendua erabakitzeko eskumena Unibertsitateko Estatutuen arabera esleituta duen organoari dagokio, atal honetan xedatutakoaren arabera dagokion espedientea izapidetu ondoren.
4.– Ondasun higiezin baten errentamendu-kontratua sinatzeko eskumenaren barruan sartzen da haren luzapena, berritzea eta suntsiarazpen aurreratua deklaratzea.
55. artikulua.– Espedientea.
1.– Ondasun higiezinak alokatzeko, prozedura bat izapidetu beharko da aldez aurretik. Prozedura hori ofizioz hasiko da, prozedura hasteko eskumena duen organoaren erabakiz, bere ekimenez edo errentamenduan interesa duen sailak edo entitateak arrazoitutako eskaera baten ondorioz.
2.– Prozeduraren espedienteak agiri hauek izan beharko ditu:
a) Hala badagokio, Jabetza Erregistroan behar bezala inskribatutako ondasun higiezinaren titulartasuna egiaztatzen duten agiriak, erregistroko informazio-ohar batekin batera.
b) Hirigintza-ziurtagiria, berariaz adierazita higiezinak eman nahi zaion erabilera har dezakeela.
c) Higiezinaren planoak eta argazkiak.
d) Higiezinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta etiketa.
e) Txosten bat, errentamendua beharrezkoa edo komenigarria dela azaltzeko, ondasun higiezina zertarako erabiltzeko asmoa dagoen azaltzeko eta zein esleipen-modu proposatzen den azaltzeko.
f) Kreditua badagoela egiaztatzeko agiria, edo legezko ordezko agiria.
g) Errentamendu-kontratuaren esleipena lehia bidez eskuratzea erabakitzen bada, oinarrien agiria edo errentamendu-kontratua sinatzeko eskumena duen organoak onartutako dokumentu baliokidea sartu beharko da espedientean.
Prozedura hastea erabakitzen duen organoa arduratuko da oinarri-agiria edo dokumentu baliokidea idazteaz, salbu eta beste sail edo entitate interesdun batek eskatuta hasi badu; kasu horretan, horiek arduratuko dira agiria idazteaz eta eskaerarekin batera bidaltzeaz.
Oinarrien agirian edo dokumentu baliokidean, gutxienez, inguruabar hauek jaso beharko dira:
1.a Errentan eman nahi den ondasun higiezinak izan behar dituen ezaugarriak, baldintzak eta kokapena.
2.a Errentamendu-kontratua esleitzeko prozedura, eta esleitzeko modua eta irizpideak.
3.a Errentamenduaren gehieneko prezioa.
4.a Ordaintzeko modua eta denbora.
5.a Luzapenak hitzartzeko aukera.
6.a Kontratua arautuko duten klausulak.
h) Zuzeneko esleipen-prozedura hautatu bada, errentamenduaren aurrekontua eta sinatuko den errentamendu-kontratuaren zirriborroa jaso beharko dira espedientean.
i) Ondasun higiezinaren errentamenduaren tasazioa, behar bezala onartuta, zeina dagokion merkatu-ikerketan txertatuko baita eta ordaindu beharreko gehieneko errenta gisa erabiliko baita.
Tasazioa egin ahal izango dute behar besteko titulazioa duten eta errentamenduan interesa duten saileko edo entitateko teknikariek, edo tasazio-sozietateek edo sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera legez gaitutako eta hautatutako enpresek.
Errentamendu-kontratua sinatzeko eskumena duen organoari dagokio tasazioa onartzea eta espedientean txertatzea, beste sail edo entitate interesdun baten eskariz hasi ez bada; izan ere, kasu horretan, berari dagokio onartzea eta espedientean sartzea.
j) Txosten juridikoa, oinarri-agirian edo kontratuaren zirriborroan aurreikusitako esleipen-prozedurari buruz eta kontratuaren zirriborroari buruz.
k) Gastuaren eta fiskalizazioaren onarpena, organo eskudunaren aldetik.
l) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren aldeko txostena, hala badagokio.
3.– Kontratu txikietan, espedientearen izapidetzean dokumentazio hau agertu beharko da soilik:
a) Errentamenduaren beharra arrazoitzen duen txostena, behar duen sailak edo entitateak egina.
b) Gastuaren onarpena.
c) Dagokion kontratua edo titulua.
Kontratu txiki gisa izapidetu ahal izango dira hogeita hamar mila euroko kopurua gainditzen ez dutenak, luzapenei dagokiena barne.
56. artikulua.– Prozedura.
Errentamendua era hauetako batean itundu ahal izango da:
a) Lehia-prozedura bat izapidetu ondoren; kasu horretan, 51. artikuluan aurreikusitako xedapenak aplikatuko dira, betiere errentamendu-kontratuaren izaerarekin bateraezinak ez badira.
b) Errentamendua zuzenki hitzartu ahal izango da 47.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan, eta, bateragarriak diren heinean, 52. artikuluan ezarritako aurreikuspenak aplikatuko dira, bigarren apartatuan xedatutakoa izan ezik.
57. artikulua.– Ondasun higiezinaren erabilera.
1.– Ondasun higiezinaren errentamendu-kontratua sinatzeak dakar errentamendu-eskubidea kontratua zein sail edo entitaterentzat sinatu eta sail edo entitate horri atxikitzea; une horretatik aurrera, errentariaren berezko eskubideak baliatu eta betebeharrak bete ahal izango ditu.
2.– Sail edo entitate okupatzaileak horren inguruan sortzen diren gorabehera guztien berri eman beharko dio organo sinatzaileari.
58. artikulua.– Aldaketa eta luzapena.
1.– Errentamendu-kontratuaren aldaketa eta luzapena kontratua egitea erabaki zuen organoak berak erabaki beharko ditu, sail edo entitate interesdunaren ekimenez edo errentatzaileak eskatuta.
2.– Kontratua lehia-prozedura baten ondoren sinatu bada, aldaketak ezin izango du funtsezkoa izan prozedura arautu zuen oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean ezarritako baldintzei dagokienez.
3.– Aldaketa adosteko, horren beharra edo egokitasuna justifikatzen duen memoria bat erantsi beharko da espedientean, proposatutako kontratu-aldaketari buruzko txosten juridikoaz gainera.
4.– Ez da beharrezkoa izango prozedurarik izapidetzea honako bi kasu hauetan:
a) Errentamendu-kontratuaren aldaketa errenta eguneratzea baino ez denean, legez aurreikusitako moduan edo kontratuan itundutako baldintzetan.
b) Kontratua luzatzen denean, kontratuan berariaz aurreikusi denean edo isilbidez luzatzen denean.
59. artikulua.– Kontratuak aurretiaz suntsiaraztea.
1.– Ondasun higiezina okupatzen ari den sailak edo entitateak ondasun hori behar ez dutenean, horren berri eman beharko diote errentamendua erabaki duen organoari, suntsiarazpena izapide dezan, itundutako epea edo haren edozein luzapen amaitu baino lau hilabete lehenago gutxienez.
2.– Ondasun higiezina okupatu duen sailak edo entitateak aurre egingo die errentamendua aurretiaz suntsiarazteak dakartzan ondorio ekonomikoei.
3.– Errentamendu-kontratua egitea erabaki zuen organoak berak izango du kontratua suntsiarazteko eskumena, eta, suntsiarazpen horren ondorioz, ondasun higiezina desatxikiko da.
4. ATALA
ONDASUN HIGIGARRIAK ESKURATZEA
60. artikulua.
1.– Legez hornidura-kontratutzat jotzen diren ondasun higigarriak kostu bidez eskuratzeko, sektore publikoko kontratazio-araudian mota horretako kontratuetarako ezarritakoa bete beharko da.
2.– Bateraezina ez den heinean, ondasun higiezinak eta horien gaineko eskubideak eskuratzeari buruz arau honetan xedatutakoa aplikatuko zaio ondasun higigarrien eskuraketari.
5. ATALA
JABETZA GORPUZGABEAREN ESKUBIDEAK ESKURATZEA
61. artikulua.– Eskumena.
1.– Jabetza gorpuzgabearen eskubidearen titulartasuna izango duen entitatea izango da hura kostu bidez eskuratzea erabakitzen duena.
2.– Titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena denean, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak izango du eskuraketa erabakitzeko eskumena, ondareari buruzko eskumenak dituen zuzendaritzak dagokion prozedura hasi eta bideratu ondoren, bere ekimenez edo eskuratzeko interesa duen sailak edo entitateak arrazoitutako eskariz.
3.– Aurreko apartatuan xedatutakotik salbuetsita dago jabetza intelektualeko eskubideak eskuratzea, baldin eta kontratu txikitzat jotzen bada; kasu horretan, behar dituen sailak edo entitateak izango du eskubide horiek izapidetzeko eta eskuratzeko erabakia hartzeko eskumena.
4.– Jabetza gorpuzgabearen eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste entitate bati badagokio, haren arauak zehazten dituen organoa eta, halakorik ezean, haren legezko ordezkaritza duena izango dira eskubide horien eskuraketa izapidetzeko eta erabakitzeko eskudunak.
62. artikulua.– Prozedura.
1.– Jabetza gorpuzgabearen eskubideak eskuratzeko prozeduraren espedientean dokumentazio hau sartuko da:
a) Eskuraketan interesa duen sailak edo entitateak emandako memoria, honako informazio honekin:
1.a Eskuratzea komenigarria eta egokia dela justifikatzea.
2.a Eskuratu nahi diren eskubideak identifikatzeko behar diren datuak.
3.a Zer helburutarako erabiliko diren.
4.a Proposatutako eskuratze-prozedura.
b) Erabili eta jarri asmo diren prozedurari eta baldintzei buruzko txosten juridikoa.
c) Kreditua badagoela egiaztatzeko agiria, edo legezko ordezko agiria.
2.– Jabetza intelektualeko eskubideak eskuratzea kontratu txikitzat jotzen denean, prozeduraren espedientea izapidetzeko, dokumentazio hau baino ez da beharko:
1.a Gastuaren onarpena.
2.a Dagozkien kontratuak edo tituluak.
3.a Jabetza gorpuzgabearen eskubideak eskuratzeko eskumena duen organoak emandako txostena, eskuratzea beharrezkoa dela arrazoitzen duena.
3.– Eskumena duen organoak obra bat sortzeko eskatu edo enkargatu badu, obra horren ondorioz jabetza intelektualeko eskubideak eskuratu nahi izanez gero, espedientean sartu beharko dira haren xedea, alderdien betebeharrak eta, hala badagokio, eskualdatuko diren ustiapen-eskubideen modalitateak eta irismena zehazten dituen aldez aurreko egintza edo kontratua.
63. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Kapitulu honetako 2. ataleko («Ondasun higiezinen gaineko jabetza eta gainerako eskubide errealak eskuratzea») 49.etik 53.era bitarteko artikuluen edukia jabetza gorpuzgabeen eskubideak eskuratzeari aplikatuko zaio, betiere euren izaerarekin bateraezinak ez badira.
2.– Jabetza gorpuzgabearen eskubideen eskuraketa ondasun higigarri bat kostu bidez eskuratzearekin lotuta badago, ondare-araudian edo jabetza intelektuala edo industriala edo domeinu-izenak arautzen dituen legerian xedatutakoa aplikatuko da.
Hala eta guztiz ere, eskuraketa ondasun higigarri bat kostu bidez eskuratzearekin lotuta badago eta ondasun hori legez horniduratzat jotzen bada, administrazio publikoen kontratazioari buruzko araudian xedatutakoa aplikatuko da.
3.– Jabetza gorpuzgabearen eskubideak sektore publikoko kontratazio-araudiari lotutako kontratu baten bidez eskuratzen direnean, araudi horrek arautuko du eskuratze hori.
4.– Jabetza gorpuzgabearen eskubidea lankidetza-hitzarmenen bidez eskuratzen bada, eskuratze hori arau berezien eta hitzarmenetan bertan ezarritakoaren arabera arautuko da. Hitzarmena eskubide hori eskuratzeko tresna juridiko gisa hautatzea berariaz arrazoitu beharko da espedientean. Era berean, hitzarmenak zehaztuko du administrazio publikoek zer prestazio eman behar dituzten.
64. artikulua.– Erregistroak.
1.– Sailak edo entitate eskuratzaileak eskuratutako jabetza gorpuzgabearen eskubidearen beharrezko identifikazio-datuak jakinaraziko dizkio ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzari, Inbentario Orokorrean eskubide hori sar dezan, salbu eta zuzendaritza horrek eskubide hori eskuratzen esku hartu badu; kasu horretan, zuzendaritza horrek sartuko du ofizioz eskubide hori.
2.– Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako jakinarazpena egitea gorpuzgabeko jabetza-eskubideak direnean, baldin eta horien ondare-kudeaketa beste sail eta entitate batzuei esleitzen bazaie, arau berezien arabera. Horrez gain, sailaren eta entitate eskuratzailearen inbentarioan jaso ahal izango dira.
3.– Jabetza gorpuzgabearen eskubidea eskuratzen duten sailak eta entitateak dagokion jabetza intelektualaren edo industrialaren erregistroan inskribatuko dute.
IV. TITULUA
LOTZEA, ATXIKITZEA ETA HERRI JABARIKO ALDAKETAK
I. KAPITULUA
LOTZEA ETA JAREGITEA
1. ATALA
LOTZEA
65. artikulua.– Kontzeptua eta motak.
1.– Ondasuna edo eskubidea lotzeak esan nahi du jabari publikoaren barnera bildu beharra dakarren erabilera orokor edo zerbitzu publiko jakin baterako izango dela ondasun edo eskubide hori.
2.– Lotzea esanbidez zein isilbidez edo inplizituki egin daiteke.
66. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondasunaren edo eskubidearen titularra den entitateak izango du ondasuna edo eskubidea jabari publikoari lotzeko erabakia hartzeko eskumena.
2.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionean, ondarearen arloko zuzendaritza eskudunaren eskumena izango da hura jabari publikoari lotzea, sailek eskuratutako ondasun higigarrien kasuan izan ezik; kasu horretan, ondasun horiek eskuratzeko eskumena duen organoak izango du lotura hori erabakitzeko eskumena.
3.– Ondasun edo eskubide bat jabari publikoari lotzeko erabakia hartzeko eskumenak honako bi ahalmen hauek biltzen ditu:
a) Lotura egiteko ebazpena ematea, berariazkoa bada.
b) Inbentario Orokorrean idaztoharra egitea erabaki edo eskatzea, bai esanbidezko lotzeei dagokienez, bai isilbidez edo inplizituki gertatutakoei dagokienez.
67. artikulua.– Esanbidez lotzea.
1.– Ondasun edo eskubide bat esanbidez lotzeko, dagokion prozedura izapidetu beharko da aurrez.
Prozedura hasi baino lehen, sail edo entitate interesdunak lotura erabakitzeko eskumena duen organora jo ahalko du informazioa eskatzeko, bere eskumen-eremuari dagokion erabilera edo zerbitzu publikorako erabil litezkeen Euskadiko Ondareko ondasunei edo eskubideei buruz.
2.– Prozedura ofizioz, norberaren ekimenez edo sail edo entitate interesdunaren eskaera arrazoituaren bidez hasiko da, non lotu nahi den ondasuna edo eskubidea zer helburutarako erabiliko den adieraziko baita.
3.– Organo eskudunaren ekimenez hasiz gero, ondasuna edo eskubidea lotuko zaion sailaren edo entitatearen adostasuna eskatuko du organo eskudunak.
4.– Sail baten mendeko edo hari lotutako entitate batek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari zuzendutako eskabideak badira, sail horren aurretiko adostasuna lortu beharko da; helburu horrekin, jasotako eskabidea helaraziko zaio, 10 eguneko epean bere adostasuna adieraz dezan. Sailak epe horretan bere adostasuna adierazten ez badu, eman ez dela ulertuko da, eta prozedura amaitzea eta artxibatzea erabakiko da.
5.– Lotzea erabakitzeko eskumena duen organoak emango du eskatutako lotura erabakitzen edo ukatzen duen ebazpena, inguruabar hauek baloratu ondoren:
a) Ondasunaren edo eskubidearen egoera.
b) Ondasuna edo eskubidea jabari publikoari lotzea komeni den ala ez.
c) Sail edo entitate interesdunak eta, hala badagokio, entitatea lotuta dagoen sailak azaldutako justifikazioa.
6.– Lotzea erabakitzen duen ebazpenean honako hauek adieraziko dira:
a) Ukitutako ondasuna edo eskubidea.
b) Xedea.
c) Jabari publikoaren barruan egotea.
d) Ondasunaren edo eskubidearen erabilerari edo xedeari buruz komenigarritzat jotzen diren baldintzak edo betekizunak.
7.– Sail edo entitate jasotzaileak ondasunak edo eskubideak formalki jasotzen dituen unean hasiko da lotura ondorioak izaten. Harrera formala entrega-aktaren bidez egingo da. Akta hori entregatzen dituen sailak edo entitateak izendatutako ordezkariek eta ondasunok edo eskubideok jasotzen dituen sailak edo entitateak izendatutako ordezkariek izenpetuko dute.
8.– Behin akta sinatuta, lotutako ondasunak edo eskubideak aurreikusitako xederako erabiliko dituzte sail edo entitate hartzaileek, eta dagozkion jabari publikoko eskumenak baliatuko dituzte horien gainean. Salbuespena egingo da jabari publikoari lotutako ondasuna edo eskubidea atxikitzen zaion entitateak izaera juridiko-pribatua badu, eta lotutako ondasunaren edo eskubidearen gaineko jabari publikoko eskumenak entitate hori bere mende edo lotuta daukan sail edo entitate publikoak baliatzen baditu.
9.– Lotura hori Inbentario Orokorrean inskribatuko da, eta, hala dagokionean, Jabetza Erregistroan.
68. artikulua.– Bigarren mailako edo aldi bereko lotzeak.
1.– Helburuak bateraezinak ez badira, jabari publikoko ondasunek bigarren mailako edo aldi bereko lotze bat, edo bat baino gehiago ere, izan dezakete, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 55. artikuluaren arabera.
2.– Bigarren mailako edo aldi bereko loturak ez du eraginik izango lotura nagusiak eskatzen duen atxikitze organikoan; hala ere, horrek ez du eragotziko bigarren mailako loturaren sail edo entitate titularrak bere eskumenak gauzatzea lotutako ondasunaren edo eskubidearen gainean, lotura nagusiarekin bateraezinak ez diren heinean.
3.– Bigarren mailako edo aldi bereko loturetarako prozedura aurreko artikuluan aurreikusitakoa bera izango da, berezitasun hauekin:
a) Prozedura ofizioz, norberaren ekimenez edo bigarren mailako loturan interesa duen sailaren edo entitatearen eskabide arrazoituaren ondorioz hasiko da. Eskabidean ondasunari edo eskubideari eragiten dioten gastu eta zergetan duten partaidetzari buruzko proposamen bat sartuko da.
b) Eskaera jasotakoan, txostena eskatuko zaio jabari publikoko ondasunaren edo eskubidearen xede nagusia den erabilera edo zerbitzu publikoaren ardura duen sailari edo entitateari, honako inguruabar hauei buruz:
1.a Lotura nagusiarekiko bateragarritasuna.
2.a Bigarren mailako atxikipenaren egokitasuna.
3.a Gastu eta zergetan parte hartzeko aurkeztutako proposamena.
c) Bigarren mailako lotura edo aldi bereko lotura erabakitzen duen ebazpenak inguruabar hauek adieraziko ditu:
1.a Bigarren mailako edo aldi bereko erabilera edo zerbitzu publikoa, eta hori egikaritzeko modu zehatza, zeinak ezin izango duen eragin nagusia oztopatu.
2.a Ondasuna edo eskubidea atxikita dagoen erabilera edo zerbitzu publikoen ardura duten sail edo entitateen ahalmenak eta betebeharrak. Adostasunez finkatuko dira, eta, adostasunik ez badago, ondarearen arloko zuzendaritza eskudunak finkatuko ditu.
3.a Sailek edo entitateek kontserbatu, administratu eta erabiltzeak dakartzan gastu eta zergetan parte hartzea.
69. artikulua.– Isilbidezko lotzea edo lotze inplizitua.
1.– Isilbidezko lotzea edo lotze inplizitua kasu hauetan gertatzen da:
a) Euskadiko ondareko ondasunak eta eskubideak, benetan, denen aurrean eta nabarmen, jabari publikora biltzea dakarren erabilera edo zerbitzuren baterako erabiltzea, gutxien-gutxienez urtebete jarraian.
b) Ondasunak edo eskubideak nahitaezko desjabetze bidez eskuratzea, jabari publikora biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu baterako.
c) Ondasunak edo eskubideak antolamendu juridikoan jasota dagoen beste edozein bide erabiliz eskuratzea, jabari publikora biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu baterako dela adierazten badu bide horrek.
d) Ondasunak edo eskubideak usukapio bidez eskuratzea, baldin eta eskuratze-preskripzioa ekarri duten edukitza-egintzek dena delako ondasuna edo eskubidea jabari publikora biltzea dakarren erabilera edo zerbitzu batera loturik utzi badute, zuzenbide pribatuaren argitara hirugarrenek ondasun edo eskubide horiekiko lortuak dituzten eskubideei ezer kendu gabe, halakorik egotekotan.
e) Gobernu Kontseiluak jardun orokorreko programak edo planak onartzea, edo obra edo zerbitzuetarako egitasmoak onartzea, eta, ondorioz, jabari publikora biltzea dakarten erabilera edo zerbitzuetara loturik geratzea ondasun edo eskubide jakin batzuk.
2.– Eraikitzen ari diren ondasun higiezinak badira, eraikuntza ordaintzeko erabili diren aurrekontu-kredituak bere kargu dituen sailari edo entitateari atxikitzat joko dira.
Obra amaitu eta jaso ondoren, ondareari buruzko eskumena duen zuzendaritzari jakinaraziko zaio, esanbidez lotu dezan, erregistroan erregularizatu dezan, beharrezkoa bada, eta Inbentario Orokorrean sar dezan.
3.– Sail edo entitate batek jakiten badu esanbidezko lotura edo lotura inplizitu bat edo horretara eramaten duen jarduketaren bat izan dela, horren berri eman beharko dio entitate titularrari, esanbidezko lotura egin dezan, beharrezkoa bada erregulariza dezan eta Inbentario Orokorrean sar dezan.
2. ATALA
JAREGITEA
70. artikulua.– Kontzeptua eta motak.
1.– Jaregitearen bidez, jabari publikoko ondasunek eta eskubideek izaera hori galdu egiten dute, jabari publikoan sartzea eragin zuen erabilera edo zerbitzurako erabiltzeari uzten baitzaio, eta ondare-izaera hartzen dute.
2.– Jaregitea esanbidez edo inplizituki egin daiteke.
71. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondasun edo eskubide baten entitate titularrak izango du jabari publikotik jaregitea erabakitzeko eskumena.
2.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionean, honako organo hauek izango dute jabari publikotik jaregiteko eskumena:
a) Ondarearen arloko zuzendaritza eskuduna, salbu eta sailek erositako ondasun higigarrien jaregitea denean edo haien ardurapeko zerbitzu publikoei lotuta daudenean; horietan, eskuratu dituen organoa edo haren araudi organikoan eta funtzionalean zehazten dena izango da eskuduna.
b) Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak kudeatu behar dituen ondasunen kasuan, arau erregulatzaileek zehazten duten organoa izango da eskuduna, arau horietan ezartzen denaren arabera.
3.– Jaregiteko eskumenaren barruan sartzen da esanbidezko jaregiteen ebazpena emateko ahalmena, bai eta haien eta Inbentario Orokorrean inplizituki dauden jaregiteen idatzoharra eskatzeko ahalmena ere.
72. artikulua.– Esanbidezko jaregitea.
1.– Ondasun edo eskubide baten esanbidezko jaregitea kasu hauetan erabakiko da:
a) Lotuta daukan erabilera edo zerbitzu publikorako beharrezkoa izateari uzten dionean.
b) Ondoren besterentzeko, ondasunaren aldi baterako erabilera gordez, behar bezala justifikatutako salbuespenezko arrazoiak direla-eta jaregitea gomendagarria denean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondare-interesetarako.
2.– Ondasun edo eskubide bat esanbidez jaregiteko, beharrezkoa izango da dagokion prozedura izapidetzea; prozedura hori ofizioz, norberaren ekimenez edo ondasuna edo eskubidea lotuta daukan erabileraren edo zerbitzu publikoaren sail edo entitate arduradunaren eskabide arrazoituaren bidez hasiko da.
3.– Jaregiteko eskabidean zehaztu eta egiaztatu beharko da zergatik ez den beharrezkoa ondasuna edo eskubidea lotzea eragin zuten helburuak betetzeko edo, hala badagokio, aurreko paragrafoko b) idatz-zatiko salbuespenezko arrazoiak betetzeko.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail baten mendeko edo hari lotutako entitate batek ondasun edo eskubide baten jaregitea eskatzen badu, eskaera sail horri helaraziko zaio, 10 eguneko epean harekin ados dagoen edo ez adieraz dezan. Epe hori igaro eta bere adostasuna adierazten ez badu, ulertuko da saila ez dagoela ados eskaerarekin, eta horrek prozedura amaitzea eta jarduketak artxibatzea ekarriko du.
5.– Organo eskudunak eskatutako jaregitea erabakitzen edo ukatzen duen ebazpena emango du, honako alderdi hauek baloratu ondoren:
a) Ondasunaren edo eskubidearen egoera.
b) Ondasuna edo eskubidea jabari publikotik jaregitea komeni den ala ez.
c) Sail edo entitate interesdunak eta entitatea lotuta dagoen sailak azaldutako justifikazioa.
6.– Esanbidezko jaregiteak ondorioak izango ditu entitate titularrak ondasunak edo eskubideak formalki jasotzen dituen egunetik aurrera.
7.– Ondasunaren edo eskubidearen harrera formala honela egin ahal izango da:
a) Entrega-aktaren bidez, eta akta hori jaso edo entregatu duten sailek edo entitateek izendatutako ordezkariek sinatu beharko dute.
b) Ondarearen arloko eskumena duen sailak bere kabuz egindako jabetze-aktaren bidez, baldin eta jarduera horietan sail horrek esku hartu behar badu.
8.– Jaregitea Inbentario Orokorrean inskribatuko da, eta, hala dagokionean, Jabetza Erregistroan.
9.– Ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako egokiak ez direnak jaregiteko, erregelamendu honen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoa bete beharko da.
73. artikulua.– Jaregite inplizitua.
1.– Jaregite inplizitua kasu hauetan gertatzen da:
a) Jabari publikoko ondasunak mugatzeko espedienteetan soberan dauden zati edo ondasunen kasuan, mugaketa onartzeko erabakian halakotzat agertzen badira.
b) Jabetza nahitaez kentzeko espedienteetan soberakotzat jotako zati edo ondasunen kasuan.
c) Ondasun higigarriak besterentzeko erabakia hartzean.
d) Desjabetutako ondasunak edo eskubideak itzultzeko erabakietan.
2.– Jaregite inplizitua Inbentario Orokorrean jasoko da.
II. KAPITULUA
JABARI PUBLIKOKO ALDAKETA
1. ATALA
1. ARTIKULUKO ENTITATEEN ALDEKO JABARI PUBLIKOKO ALDAKETA
74. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna duen entitateari dagokio jabari publikoko aldaketa erabakitzea, zeinaren bidez jaregiten baita Euskadiko ondareko ondasun edo eskubide bat eta, aldi berean, lotzen baitzaio 1. artikuluko entitateetako baten eskumeneko beste erabilera edo zerbitzu publiko bati. Jabari publikoko aldaketak ez du aldatuko ondasunen eta eskubideen titulartasuna, ezta jabari publikoko izaera ere.
2.– Jabari publikoko ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionean, honako organo hauek izango dute jabari publikoko aldaketa erabakitzeko eskumena:
a) Ondarearen arloko zuzendaritza eskuduna; jabari publikoaren aldaketarako prozedura hasi, instruitu eta ebazteaz arduratuko da.
b) Ondasun higigarriak edo ibilgailuak badira, eskuratu dituen saila edo entitatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ibilgailuen Atala osatzen duten ibilgailuak izan ezik; azken kasu horretan, horien kudeaketa eta administrazioa bere gain dituen saileko organoari egokituko zaio aldaketa erabakitzea.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraz besteko entitate batenak diren jabari publikoko ondasun eta eskubideen kasuan, entitate horretako arau erregulatzaileak zehazten dituen entitateko organoak erabakiko du jabari publiko aldaketa, eta, esanbidezko esleipenik ezean, ondare-kudeaketa esleituta duen organoak.
75. artikulua.– Ondasun higiezinen jabari publikoko aldaketaren prozedura.
1.– Ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzak ofizioz hasiko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko Euskadiko ondareko ondasun higiezinen jabari publikoko aldaketaren prozedura, bere ekimenez edo entitate edo sail interesdunak eskatuta, non eskatutako lotura-aldaketa zehaztu eta justifikatuko baita.
2.– Entitate eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sail baten mendeko edo harekin lotutako entitate bat bada, sail horren aldez aurreko adostasunarekin izapidetu beharko dira eskabideak.
3.– Espedientean, honako dokumentazio hau dago bilduta:
a) Prozedura hastean ondasun higiezina atxikita dagoen sailaren edo entitatearen txostena, non adierazten den aldaketa-eskaerarekin ados dagoen edo ez. Txosten hori eskatzen denetik hamar eguneko epean emango da.
b) Jabari publikoko aldaketaren beharra edo egokitasuna egiaztatzen duen memoria, prozedura hasteko eskabidea egin duen entitate edo sail interesdunak edo, bestela, ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzak emandakoa.
c) Ondarearen arloko zuzendaritza eskudunak emandako txosten juridikoa.
4.– Ondareari buruzko eskumenak dituen zuzendaritzak jabari publikoko aldaketa erabakiko du, prozedura hasteko erabakia hartu eta sei hilabeteko epean berariaz emandako ebazpenaren bidez. Epe hori igaro eta ebazpen adierazirik eman ez bada, prozedura iraungi egingo da, eta espedientea artxibatzeko aginduko da, gauzatutako jarduketekin batera.
5.– Jabari publikoko aldaketa erabakitzeko ebazpenean, higiezina zer erabilera edo zerbitzu publikorako izango den eta, gainera, zer sail edo entitateri atxikiko zaion adieraziko da, baldin eta jabari publikoko aldaketak atxikipen-aldaketarik eragiten badu.
6.– Jabari publikoko aldaketak sail edo entitate hartzaileak ondasuna edo eskubidea formalki jasotzen duenetik aurrera izango ditu ondorioak. Harrera formala egiteko, entrega-akta sinatuko du ondarearen arloko zuzendaritza eskudunak, eta, une horretatik aurrera, ondasun higiezinaren erabilera, administrazioa, mantentzea eta kontserbazioa hura jasotzen duen sailari edo entitateari egokituko zaio.
7.– Jabari publikoko aldaketa Inbentario Orokorrean jasoko da.
76. artikulua.– Ondasun higigarrien jabari publikoko aldaketaren prozedura.
1.– Sail edo entitate interesdunek berek formalizatuko dute ondasun higigarrien jabari publikoko aldaketa. Izendatzen dituzten ordezkariek entrega- eta harrera-akta bat sinatuz burutuko da ondasunaren destino-aldaketa.
2.– Jabari publikoko aldaketak Inbentario Orokorra osatzen duten inbentarioetan agertu beharko du.
2. ATALA
BESTE ENTITATE BATZUEN ALDEKO JABARI PUBLIKOKO ALDAKETA
77. artikulua.– Eskakizunak.
1.– 1. artikuluan aipatutako entitateen jabari publikoko ondasunak eta eskubideak Estatuko Administrazioaren eta haren organismo publikoen, lurralde historikoetako foru-administrazioen, toki-administrazioaren eta euren mendeko zuzenbide publikoko entitateen, eta, oro har, zuzenbide publikoko edozein entitateren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotu ahal izango zaizkie, eta, horregatik, ondasunen eta eskubideen titulartasuna eta jabari publikoko izaera ez dira aldatuko.
2.– Jabari publikoko aldaketa elkarrekikotasuna dagoenean bakarrik erabaki ahal izango da, hau da, entitate interesdunei aplikatu beharreko araudiak aukera ematen duenean euren titulartasuneko jabari publikoko ondasunak 1. artikuluan jasotako entitateei lotzeko, euren eskumeneko erabilera edo zerbitzu baterako erabil dezaten.
3.– Jabari publikoko aldaketaren xedea ondasunak edo eskubideak EAEko toki-erakundeen eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotzea bada, elkarrekikotasuna dagoela ulertuko da bakoitzaren titulartasuneko jabari publikoko ondasunak lotzeko aukera erabaki bada, toki-erakunde interesdunaren eta EAEko ondareko jabari publikoko ondasunaren edo eskubidearen entitate titularraren artean sinatutako ondare-hitzarmen baten bidez.
78. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna duen entitateak izango du jabari publikoko aldaketa erabakitzeko eskumena.
2.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada, honako hauek izango dira aldaketa erabakitzeko eskudunak:
a) Ondarearen arloan eskumena duen saila. Ondareari buruzko eskumenak dituen zuzendaritzari dagokio aldaketa hasi eta bideratzea, eta arlo horretan eskumena duen saileko sailburuari dagokio hura ebaztea.
b) Ondasun higigarriak edo ibilgailuak direnean, horiek erosi dituen saila edo entitatea, salbu eta administrazioaren Ibilgailuen atala osatzen duten ibilgailuak direnean; kasu horretan, kudeaketa eta administrazioa esleituta dituen saila izango da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste entitate baten ondasun eta eskubideen kasuan, entitatearen arauetan zehaztutako organoak jabari-aldaketa erabakiko du, eta, esanbidezko esleipenik izan ezean, ondare-kudeaketa esleituta duen organoak erabakiko du.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondasun higiezinen edo euren gaineko eskubideen jabari publikoko aldaketa erabakitzeko, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena beharko da, Ondarearen arloko eskumena duen sailburuak proposatuta.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak ez diren ondasun higiezinen edo euren gaineko eskubideen jabari publikoko aldaketa erabakitzeko, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena beharko da, ondarearen arloko eskumena duen saileko sailburuek eta ondasunaren edo eskubidearen entitate titularra mende edo lotuta dagoen saileko sailburuek elkarrekin proposatuta.
79. artikulua.– Ondasun higiezinen jabari publikoko aldaketaren prozedura.
1.– Ondare-eskumenak dituen zuzendaritzak hasiko du prozedura, ofizioz, bere ekimenez edo administrazio, organismo edo entitate interesdunak eskatuta. Eskabidean zehaztuko da zer ondasun higiezinen aldaketa eskatzen den, eta justifikazio-memoria bat erantsiko zaio, non zehaztuko baita ondasuna zer erabilera edo zerbitzu publikorako baliatuko den.
2.– Espedientean, honako dokumentazio hau dago bilduta:
a) Prozedura hastean ondasun higiezina atxikita dagoen sailaren edo entitatearen txostena, non adierazten den aldaketa-eskaerarekin ados dagoen edo ez. Txosten hori eskatzen denetik hamar eguneko epean emango da.
b) Jabari publikoko aldaketaren beharra edo egokitasuna justifikatzen duen memoria bat.
c) Ondarearen arloko zuzendaritza eskudunak emandako txosten juridikoa.
3.– Ondare-eskumenak dituen sailburuak emango du jabari publikoko aldaketa erabakitzen duen agindua, prozedura hasteko erabakia hartu eta gehienez ere 6 hilabeteko epean. Aipatutako epean agindu hori ematen ez bada, prozedura iraungi egingo da. Kasu horretan, sailburuak prozedura amaitzeko ebazpena emango du, egoera hori adierazita, eta administrazio, organismo edo entitate interesdunari jakinaraziko dio.
4.– Jabari publikoko aldaketa erabakitzen duen aginduan, hauek adieraziko dira: aldaketaren hartzaile den administrazioak, erakundeak edo entitateak higiezina zer erabilera edo zerbitzu publikorako baliatuko duen, epea, baldintzak, bermeak eta itzulketarako arrazoiak eta kasuak. Aurreikusitako iraupen-epea ez da inoiz 30 urte baino gehiagokoa izango.
5.– Higiezina atxikiko zaion erabilera edo zerbitzu publikoaren ardura duen administrazio, erakunde edo entitatearen organo eskudunak ondasun higiezina formalki jasotzen duenean hasiko da jabari publikoko aldaketa ondorioak izaten.
6.– Harrera formala ondasun higiezina jasotzen duen entitateak eta ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzak izendatutako ordezkariek sinatutako emate-aktaren bidez gauzatuko da.
7.– Jabari publikoko aldaketa dakarren agindua honako toki hauetan argitaratuko da:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
c) Ondarearen arloko eskumena duen sailaren webgunean.
8.– Jabari publikoko aldaketa Jabetza Erregistroan jasoko da beharrezkoa bada, hipoteka-arauetan xedatutakoaren arabera.
80. artikulua.– Ondasun higigarrien jabari publikoko aldaketaren prozedura.
1.– Euskadiko ondareko ondasun higigarrien jabari publikoko aldaketa, estatuko administrazioaren edo haren organismo publikoen, lurralde historikoetako foru-administrazioen, toki-administrazioen edo euren mendeko zuzenbide publikoko entitateen eta, oro har, zuzenbide publikoko edozein entitateren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoei lotzeko, zuzenean erabakiko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak edo horiek eskuratu dituen entitateak. Erabilera-aldaketa dagokion entrega- eta harrera-akta sinatuz burutuko da.
2.– Jabari publikoko aldaketa Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorrean bakoitzak dituen inbentarioetan jasoko da.
81. artikulua.– Xedearekiko lotura.
Jabari publikoko aldaketa egiten zaien ondasunak eta eskubideak atxiki diren erabilera edo zerbitzu publikorako baliatu beharko dira, aginduan ezartzen diren moduan eta baldintzetan.
2.– Aldaketaren hartzailea den administrazio publikoak edo entitateak ondasuna edo zerbitzua aurreikusitako erabilera edo zerbitzurako baliatzen ari dela justifikatzeko dokumentazioa bidaliko dio, urtero, jabari publikoko ondasunaren edo eskubidearen entitate titularrari; hala ere, entitate horrek edozein unetan eskatu ahal izango du egokitzat jotzen duen informazio guztia.
3.– Jabari publikoko aldaketaren xede den ondasuna edo eskubidea ez badira baliatzen aurreikusitako erabilera edo zerbitzu publikorako, edo geroago baliatzeari uzten bazaio, ondasunaren edo eskubidearen erabilera entitate titularrari itzuliko zaio.
3. ATALA
1.– ARTIKULUKO ENTITATEEN ALDEKO JABARI PUBLIKOKO ALDAKETAK ONARTZEA
82. artikulua.– Ondasun higiezinak.
1.– Beste administrazio publiko edo entitate batek ondasun higiezin baten jabari publikoko aldaketa erabakitzen badu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publiko baterako erabiltzeko, ondare-eskumenak dituen saileko sailburua izango da hura onartzeko organo eskuduna.
2.– Beste administrazio publiko edo entitate batek ondasun higiezin baten jabari publikoko aldaketa erabakitzen badu trenbide-zerbitzu publikorako erabiltzeko, Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoko organo erregulatzaileek edo haren legezko ordezkaritza duen organoak izango dute hura onartzeko eskumena.
3.– Aurreko bi apartatuetan aurreikusitako kasuetan, Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena eskatu beharko da onarpena eman aurretik.
4.– Jabari publikoko aldaketaren xedea euskal unibertsitate-zerbitzu publikora bideratzeko ondasun higiezin bat bada, unibertsitatearen estatutuen arabera eskumena duen organoa izango da hura onartzea erabakitzen duena.
83. artikulua.– Ondasun higigarriak.
1. artikuluan aurreikusitako entitateetako baten alde beste administrazio publiko batek ondasun higigarri baten jabari publikoko aldaketa egiten badu, bere eskumeneko erabilera edo zerbitzu publiko baterako ondasuna behar duen sailaren edo entitatearen eskumena izango da hori onartzea.
III. KAPITULUA
ATXIKIPENA ETA DESATXIKIPENA
1. ATALA
ATXIKIPENA
84. artikulua.– Azalpena.
1.– Atxikipena hau da: entitate bati Euskadiko ondarea osatzen duten ondasunen edo eskubideen erabilera, administrazioa, mantentzea eta kontserbazioa emateko esanbidezko egintza edo egintza inplizitua, ondasunen edo higiezinen titulartasunean edo kalifikazio juridikoan aldaketarik eragiten ez duena.
2.– Ondasuna edo eskubidea atxikitzen zaion entitateari dagozkion ahalmenak kasuan kasu lortu edo bete beharko diren baimenak, eskakizunak edo baldintzak alde batera utzi gabe ulertzen dira, erregelamendu honetan aurreikusitakoaren arabera. Ahalmen baten egikaritza beste organo bati esleitzen bazaio, salbuespena egingo da.
3.– Ondasunaren edo eskubidearen izaeraren arabera, atxikipena egiteko arrazoien arabera eta aplikatu beharreko arau teknikoen arabera erabiliko dira atxikipenak dakartzan ahalmenak, eta atxikipen-ebazpenean ezartzen diren baldintzen arabera.
85. artikulua.– Eskumena, xedea eta esparrua.
1.– Euskadiko ondareko jabari publikoko edo ondareko ondasunak edo eskubideak ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna duen entitateak atxiki ahal izango ditu.
2.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionean, ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzak izango du haiek atxikitzeko eskumena, sailek eskuratutako ondasun higigarrien kasuan izan ezik; kasu horretan, ondasun horiek eskuratzeko eskumena duen organoak atxikiko ditu.
Atxikipena 1. artikuluan jasotzen diren entitateen alde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra osatzen duten sailen alde eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen alde egin daiteke.
3.– Ondasunaren edo eskubidearen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez beste entitate batena bada, 1. artikuluan jasotzen diren entitateen alde, entitate titularraren egitura organikoko sailen alde edo berak sortutako sozietate eta fundazioen alde egin daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte badira.
4.– Ondasuna edo eskubidea Euskadiko Administrazio Orokorreko sail baten meneko edo hari lotutako entitate bati atxikitzen bazaio, sail horrek gainbegiratuko ditu, tutoretzaren bidez, atxikitako ondasuna edo eskubidea behar bezala kontserbatzen dela bermatzeko hartutako neurriak, bai eta ondasuna atxiki zen xederako erabiltzen dela ere.
5.– Jabari publikoko ondasunak eta eskubideak erabilera orokor baterako edo atxikita dauden sailaren edo entitatearen eskumeneko zerbitzu publiko bat emateko soilik atxiki ahal izango dira.
6.– Ondare-ondasunak eta -eskubideak sail edo entitate bati atxiki ahal izango zaizkio, baldin eta euren atxikipena komenigarritzat jotzen bada esleituta dituen helburu publikoak betetzeko efizientzia- eta arrazionaltasun-arrazoiengatik.
7.– Atxikitzeko eskumenaren barruan sartzen da atxikipenari buruzko ebazpena emateko ahalmena, esanbidezkoa bada, eta Inbentario Orokorrean idatzoharra erabakitzea edo eskatzea esanbidez gauzatutako loturei buruz, baita isilbidez edo inplizituki gauzatutakoei buruz ere.
86. artikulua.– Ondare-ondasunen eta -eskubideen esanbidezko atxikipena.
1.– Ondareko ondasun edo eskubide bat esanbidez atxikitzeko, dagokion prozedura izapidetu beharko da aurrez.
2.– Prozedura hasi baino lehen, sail edo entitate interesdunek entitate titularrera jo ahalko du informazioa eskatzeko, eurei dagozkien xedeetarako erabil litezkeen Euskadiko ondareko ondasunei edo eskubideei buruz.
3.– Prozedura ofizioz, norberaren ekimenez edo sail edo entitate interesdunen eskaera arrazoituaren bidez hasiko da, non ondasuna edo eskubidea zer helburutarako erabiliko den adieraziko baita.
4.– Sail baten mendeko edo hari lotutako entitate batek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari zuzendutako eskabideak badira, sail horren aurretiko adostasuna lortu beharko da; helburu horrekin, jasotako eskabidea helaraziko zaio, 10 eguneko epean bere adostasuna adieraz dezan. Epe hori igaro eta bere adostasuna adierazten ez badu, ulertuko da saila ez dagoela ados eskaerarekin, eta horrek prozedura amaitzea eta jarduketak artxibatzea ekarriko du.
5.– Eskabidea aztertuta eta ondasunaren edo eskubidearen egoera, atxikipenaren xedeei nola egokitzen zaien, eta haren komenigarritasun-maila balioetsita, dagokion ebazpena emango da, eskatutako atxikipena onartzekoa edo ukatzekoa.
6.– Atxikitzea erabakitzen duen ebazpenak honako alderdi hauek adieraziko ditu:
a) Atxikitzen diren ondasunak eta eskubideak.
b) Zein entitateri atxikitzen zaizkion.
c) Ondasuna edo eskubidea zertarako erabili behar den.
d) Erabilera edo xedeari buruz komenigarritzat jotzen diren baldintzak.
7.– Atxikipena Inbentario Orokorrean jasoko da, eta sail edo entitate hartzaileak ondasunak edo eskubideak formalki jasotzen dituenetik aurrera izango ditu ondorioak, zeina entrega-aktaren bidez egingo baita. Akta hori entregatzen dituen entitateak izendatutako ordezkariek eta atxikita geratuko diren sailak edo entitateak izendatutako ordezkariek izenpetuko dute.
Akta sinatzeak berekin dakar ondasunaren edo eskubidearen kontserbaziotik, administraziotik eta erabileratik eratortzen diren gastu eta tributu guztiak norberaren gain hartzea.
8.– Ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailak edo entitateak ondasunaren edo eskubidearen jabetzari edo titulartasunari eragiten dion gorabehera oro entitate titularrari jakinarazi behar dio. Ondasun edo eskubidearen jabetza edo titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena baldin bada, ondareari buruzko eskumenak dituen sailaren ardura izango da komunikazio hori egitea.
9.– Atxikipenaren erabakian ezarritako xedeetan edo baldintzetan geroago edozein aldaketa egiteko, erabakia hartu zuen organoaren esanbidezko baimena beharko da.
87. artikulua.– Jabari publikoko ondasunen eta eskubideen esanbidezko atxikipena.
Jabari publikoko ondasunak edo eskubideak atxikitzen direnean, esanbidezko atxikipena jabari publikoko ondasuna edo eskubidea lotzeko aurretiko egintzaren edukiaren barruan egongo da, ahal bada. Haatik, jabari publikoko ondasunak edo eskubideak atxikitzeko, dagokion espedientea izapidetu beharko da, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera.
88. artikulua.– Isilbidezko atxikipena edo atxikipen inplizitua.
Ondasunen eta eskubideen isilbidezko atxikipena edo atxikipen inplizitua honako kasu hauetan gertatzen da:
a) Isilbidezko lotzea edo lotze inplizitua gertatzen denean. Halakoetan, ondasunak beren helburuen inguruko eskumenak dituen sail edo entitatera atxikita daudela ulertuko da.
b) 1. artikuluan aipatutako sail edo entitateek beren erabilerarako eskuratzen dituztenean. Halakoetan, sail edo entitate eskuratzaileari atxikita daudela ulertuko da.
c) Euskadiko Ondarari buruzko Legearen 59.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-aldaketan.
2. ATALA
DESATXIKIPENA
89. artikulua.– Esanbidezko desatxikipena.
1.– Desatxikipena honako kasu hauetan erabakiko da:
a) Ondasunak eta eskubideak ez direnean beharrezkoak atxikipena eragin zuten helburuak betetzeko.
b) Ondasunak eta eskubideak aurreikusitako xederako erabiltzen ez direnean ezarritako epearen barruan, erabiltzeari geroago uzten zaionean edo erabilera horretarako ezarritako beste edozein baldintza betetzen ez denean.
2.– Aurreko apartatuko a) letran aurreikusitako kasuan, ondasuna edo eskubidea atxikitzeko eskumena duen organoak desatxikiko du, norberaren ekimenez edo ondasuna edo eskubidea atxikita daukan sailaren edo entitatearen eskariaren ondorioz. Eskaeran zehaztu beharko da zein diren atxikitzea arrazoitu zuten helburuak betetzeko atxikitako ondasuna edo eskubidea jadanik beharrezkoa ez dela justifikatzen duten arrazoiak. Beharrezkoak ez direla egiaztatuta, desatxikipena erabakitzeko ebazpena emango da.
3.– Organo eskudunak lehenengo paragrafoko b) letran aurreikusitako gorabeheraren baten berri duenean, atxiki ziren sailarengatik edo entitatearengandik informazioa jaso ondoren, sail edo entitate horri eskatu ahal izango dio ondasuna edo eskubidea atxikipen-ebazpenean ezarritako helburura bideratzeko. Errekerimenduari jaramonik egiten ez bazaio, organo eskudunak desatxikitzea erabaki ahal izango du.
Ondasunak edo eskubideak kalteak edo narriadurak jasan baditu atxikipenak iraun duen bitartean, organo eskudunak kalte edo narriaduren balioa eskatu ahal izango dio atxikita duen sailari edo entitateari, desatxikipena gertatzen den unean eguneratuta, edo birgaitzearen kostua.
4.– Desatxikipenak ondorioak izango ditu sail edo entitate hartzaileak ondasunak edo eskubideak formalki jasotzen dituenean. Harrera formala atxikita zeuden sailaren edo entitatearen ordezkariek eta hartzaileen ordezkariek sinatutako entrega-aktaren bidez gauzatu daiteke, edota ondarearen arloko eskumena duen sailak bere aldetik jasotako jabetze-aktaren bitartez, jarduketa horietan sail horrek esku hartu behar badu.
90. artikulua.– Desatxikipen inplizitua.
Jaregite inplizitua kasu hauetan gertatzen da:
1.– Desatxiki beharreko ondasunen edo eskubideen besterentzea edo itzulketa gertatzen denean.
2.– Legearen 59.2 artikuluan aurreikusitako atxikipen-aldaketaren kasuan.
V. TITULUA
JABARI PUBLIKOAREN GAINEKO BAIMENAK ETA EMAKIDAK.
I. KAPITULUA
JABARI PUBLIKOKO BAIMEN ETA EMAKIDETARAKO PROZEDURAK.
91. artikulua.– Xedapen orokorra.
1.– Jabari publikoko ondasunak okupatzeko edo beste batzuei dagokien eskubidea gainditzen duen moduan erabiltzeko gaitzen duten baimenak eta emakidak legean eta erregelamendu honetan xedatutakoaren arabera emango dira, prozedura hauetako baten bidez:
a) Lehia bidez emateko prozedura.
b) Zuzenean emateko prozedura.
c) Zozketa.
2.– Lehia bidez eta zuzenean emateko prozedurak legean eta erregelamendu honetan aurreikusitako kasuetan aplikatuko dira:
3.– Baimenak zozketa bidez esleitu ahal izango dira, horien kopurua mugatua denean eta eskatzaileen baldintza bereziak baloratu behar ez direnean, baimen horiek arautzen dituzten baldintzetan besterik ezartzen ez bada.
II. KAPITULUA
LEHIA BIDEZ EMATEKO PROZEDURA
92. artikulua.– Aplikazio-kasuak.
Lehia bidez emango dira:
1.– Jabari publikoko baimenak, dena delakoagatik haien kopurua mugatua bada eta eskatzaileen baldintza bereziak balioetsi behar badira.
2.– Jabari publikoko emakidak, hurrengo kapituluan aurreikusten diren kasuetako batean zuzeneko emakida erabakitzen ez bada.
93. artikulua.– Ofizioz hastea.
Baimenak eta emakidak lehia-araubidea erabiliz emateko prozedura ofizioz hasiko da, norberaren ekimenez edo interesdunaren ekimenez.
94. artikulua.– Organo eskudunaren ekimenez hastea.
1.– Baimenak eta emakidak lehia bidez emateko prozeduraren espedienteak honako agiri hauek jasoko ditu:
a) Baimenak eta emakidak emateko eskumena duen organoak egindako memoria bat, non justifikatzen baita horiek ematearen komenigarritasuna eta egokitasuna eta adierazten baita horrek xede edo interes publikoetan izan dezakeen eragina.
b) Prozeduraren xede den jabari publikoko ondasunaren erabilera edo okupazioa arautuko duten baldintza zehatzen agiria, baimenak edo emakidak emateko eskumena duen organoak emandakoa, zeina baldintza orokorrak betez edo Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen ereduak aplikatuz idatziko baita.
c) Baldintza-agiriak, onartu aurretik, ondare-eskumena duen zuzendaritzaren aldeko txostena jaso behar du, 20 eguneko epean eskatzen denetik, kasu hauetan:
1.a Jabari publikoko baimenak edo emakidak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko ondasunetan eragina duenean, baldintza-agiria Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen eredua aplikatzera mugatu ez bada.
2.a Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza orokorren edo baldintza zehazten ereduen salbuespenak ezartzen direnean.
d) Ondare-eskumena duen zuzendaritzak txostenik egin behar ez duen kasuetan, baldintza zehatzen agiriari buruzko txostena, baimenak edo emakidak emateko eskumena duen organoaren saileko edo entitateko aholkularitza juridikoak emango duena.
2.– Baldintza-agiriari buruzko txostena aldekoa bada, baimenak eta emakidak emateko eskumena duen organoak onartu egingo du, eta lehia-araubidean emateko prozedurarako deialdia egingo du. Prozedura hori toki hauetan argitaratuko da:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
c) Irekia plataforman.
Lehian parte hartzeko interesa duten pertsonek edo entitateek hogeita hamar eguneko epea izango dute eskabidea aurkezteko.
95. artikulua.– Pertsona edo entitate interesdunaren eskariz hastea.
1.– Jabari publikoko baimen edo emakida baterako lehia bidezko prozedura hasteko interesa duten pertsonek edo entitateek euren intereseko ondasunaren okupazioaren egokitasuna, komenigarritasuna eta gainerako inguruabarrak azaltzeko memoria bat aurkeztu beharko dute.
2.– Eskumena duen organoak, aztertu ondoren, jabari publikoko baimen edo emakida bat emateko lehia-prozedura bat hasteko eskaera izapidetzeko onartuko du edo atzera botako du. Onartzen badu, baimenak edo emakidak arautuko dituen baldintza zehatzen agiria egingo du.
3.– Honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean, aurkeztutako eskaera izapidetzeko onartzen duen organo eskudunak eskaera horren aldeko txostena eskatuko dio ondarearen arloko zuzendaritza eskudunari, baimenak edo emakidak arautuko dituen baldintza zehatzen agiria egin aurretik:
a) Jabari publikoko baimenak edo emakidak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko ondasunetan eragina duenean, baldintza-agiria Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen eredua aplikatzera mugatu ez bada.
b) Salbuespenak ezartzen direnean baldintza orokorretan edo Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen ereduetan.
Ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzak 20 eguneko epea izango du bere txostena egiteko.
4.– Ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzaren txostena jaso behar ez den kasuetan, baimenak edo emakidak emateko eskumena duen organoaren sailaren edo entitatearen aholkularitza juridikoaren txostena eskatuko da.
5.– Eskabidea izapidetzeko onartu ondoren, prozedura hastea erabakiko da, eta beste interesdun batzuk gonbidatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan eta Irekian argitaratuko den iragarkiaren bidez. Gonbidapen hori egin ezean, aurkeztutako eskabideak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan eta Irekian argitaratuko dira.
6.– Aurkeztutako eskabideak eta, hala badagokio, gonbidapen-iragarkia argitaratu ondoren, hogeita hamar eguneko epea irekiko da ondasun hori okupatzeko beste eskabide batzuk aurkezteko, hasierako eskabidean adierazitako helburu bererako edo beste baterako, baldintza zehatzen agirian aurreikusitakoaren arabera.
Epe horretan beste eskabiderik aurkezten ez bada, baimena edo emakida zuzenean eman ahal izango zaio eskatzaileari, ebazpen baten bidez, non zehaztuko baitira baimentzen den erabileran edo okupazioan bete beharko diren baldintza zehatzak, betiere horiek ez badituzte aldatzen baldintza zehatzen agirian jasotakoak.
96. artikulua.– Ebazpena.
1.– Baimenak eta emakidak emateko eskumena duen organoak eskatutako erabileraren edo aprobetxamenduaren interes eta onura publiko handienari erantzungo dio, eta baldintza zehatzen agirian zehaztutako irizpideen arabera baloratuko da, baimena ematen den unean.
2.– Aurreko paragrafoko organo berak balorazio-mahai baten laguntza izan dezake, aurkeztutako eskabideen konplexutasunak hala eskatzen duenean. Aukera hori eta haren osaera baldintza zehatzen agirian zehaztuko dira, eta, bertaratzea behar izanez gero, balorazio-mahaiak ebazpen-proposamen bat egingo du baimenen eta emakiden esleipenari buruz, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hamabost eguneko epean.
3.– Prozedura hasteko erabakia hartu eta sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, pertsona edo entitate interesdunek ulertu ahal izango dute eskaera ezetsi egin dela.
4.– Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hamabost eguneko epean, baimenaren edo emakidaren esleipendunak baldintza zehatzen agirian eskatzen den bermea eratu beharko du.
5.– Baimenak eta emakidak emateko ebazpenak, bai eta horien indarraldian gertatzen diren aldaketak ere, ondarearen arloko zuzendaritza eskudunari jakinaraziko zaizkio, Inbentario Orokorrean jaso ditzan.
III. KAPITULUA
JABARI PUBLIKOKO BAIMENAK ETA EMAKIDAK ZUZENEAN EMATEKO PROZEDURA.
97. artikulua.– Aplikazio-kasuak.
1.– Baimenak kasu hauetan eman ahalko dira zuzenean:
a) Eman daitezkeen baimenen kopurua mugatua ez denean, aurretiaz ezarritako baldintzak betetzen badituzte pertsona edo entitate eskatzaileek.
b) Jabari publikoko ondasunak hogeita hamar egun baino gehiagokoa ez den epean erabiltzeko badira, edota behin bakarrik edo noizbehinka izango diren hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak edo antzekoak antolatzeko.
2.– Herri Administrazioaren Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legeko 93.1 artikuluan jasotzen diren kasuetan zuzeneko emakidak egin ahal izango dira.
98. artikulua.– Baimenak zuzenean emateko prozedura.
1.– Aurreko artikuluko lehen apartatuko a) letran aurreikusitako kasuan, horiek emateko eskumena duen organoak onartutako baldintza zehatzen agirian aurretiaz zehaztutako eskakizunak bete beharko dituzte pertsona eta entitate eskatzaileek.
2.– Onartu aurretik, honako hauek aldeko txostena eman beharko diote baldintza zehatzen agiriari:
a) Ondarearen arloko zuzendaritza eskuduna, honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
1.a Jabari publikoko baimenek edo emakidek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko ondasunetan eragina dutenean, baldintza-agiria Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen eredua aplikatzera mugatu ez bada.
2.a Salbuespenak ezartzen direnean baldintza orokorretan edo, hala badagokio, Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen ereduetan.
b) Gainerako kasuetan, baldintza-agiriari buruzko txostena egingo du baimenak emateko eskumena duen organoari dagokion sailaren edo entitatearen aholkularitza juridikoak.
3.– Baimenak emateko eskumena duen organoak baldintza zehatzen agiria onartu ondoren, agiri hori honako toki hauetan argitaratuko da:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
c) Irekia plataforman.
4.– Eskabideak dagokion baldintza zehatzen agirian xedatutakoaren arabera izapidetu eta ebatziko dira.
5.– Aurreko artikuluko lehen apartatuko b) letran aurreikusitako baimenak badira, izapide hauek egingo dira:
a) Pertsona edo entitate interesdunak azalpen-memoria bat aurkeztea, honako alderdi hauek jasoko dituena:
1.a Jabari publikoko ondasuna okupatzeko beharraren justifikazioa eta horrekin lortu nahi diren helburuak.
2.a Okupatu nahi den ondasuna edo haren zatia zehaztea, deskribapen fisikoaren bidez edo haren plano edo deskribapen grafikoaren bidez.
b) Baimenak emateko eskumena duen organoaren saileko edo entitateko aholkularitza juridikoak txostena egitea, eskaera aztertu ondoren eta ebazpena eman aurretik.
c) Organo eskudunak emandako ebazpena, eskatutako erabilera baimentzen edo ukatzen duena. Baimena emanez gero, baimendutako erabilerak bete beharreko baldintza bereziak ere zehaztuko ditu.
99. artikulua.– Emakidak zuzenean emateko prozedura.
1.– Emakidan interesa duen pertsonak edo entitateak eskatuta hasiko da prozedura. Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Memoria bat, honako hauek jasoko dituena: xedeak, erabilera eta egin nahi dituen obrak, zein arrazoirengatik den komenigarria obra ematea, bai eta egin nahi den okupazioari buruz egoki iritzitako beste edozein inguruabar ere.
b) Okupatu nahi den jabari publikoko gunearen planoak edota bestelako irudikapen grafiko bat.
c) Gaitasun juridikoa, jarduteko gaitasuna eta, hala badagokio, ordezkatzeko gaitasuna egiaztatzen duten agiriak.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, sektore publikoko kontratazioaren araudian aurreikusitako kontratatzeko debekurik ez duela eta bateraezintasun-egoeran ez dagoela adierazten duena.
2.– Eskaera aurkeztu ondoren, emakida emateko eskumena duen organoak egokitzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu ebazpena emateko. Txosten horiek eskaera egin eta 20 eguneko epean egin beharko dira.
3.– Eskabidea aztertu ondoren, eta egindako txostenak ikusita, emakida emateko eskumena duen organoak onartu edo baztertu egingo du, eta, onartzen badu, baldintza zehatzen agiria idatziko du.
4.– Baldintza zehatzen agiriak aldeko txostena jaso beharko du, onartu aurreko hamabost eguneko epean. Hona hemen txostena onartu behar dutenak:
a) Ondarearen arloko zuzendaritza eskuduna, honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
1.a Jabari publikoko emakidak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko ondasunetan eragina duenean, baldintza-agiria Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen eredua aplikatzera mugatu ez bada.
2.a Salbuespenak ezarri nahi direnean baldintza orokorretan edo Gobernu Kontseiluak onartutako baldintza zehatzen ereduetan.
b) Gainerako kasuetan, baldintza-agiriari buruzko txostena egingo du saileko aholkularitza juridikoak edo aholkularitza-eginkizunak betetzen dituen organoak.
5.– Baldintza zehatzen agiriaren txostena egin ondoren, organo eskudunak ebazpena emango du, hura onartzeko, eta pertsona edo entitate eskatzaileei emakida ematea erabakiko du.
6.– Hasieratik sei hilabeteko epean eman beharko da ebazpena Epea ebazpenik eman eta jakinarazi gabe igaro bada, aurkeztutako eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.
7.– Aurreko apartatuetan xedatutakoa ez da aplikatuko okupazioak ondasunaren oso azalera txikian eragiten badu, obren edo instalazio finkoen beharrik ez badu edo horiek garrantzi handirik ez badute hirigintzaren, eraikuntzaren, teknikaren edo ekonomiaren ikuspuntutik eta, gainera, okupazioaren onuradunak mozkin ekonomiko garrantzitsurik eskuratzen ez badu.
Kasu horietan, aurreko artikuluko seigarren apartatuan aurreikusten diren baimenetarako xedatzen den prozeduraren arabera baimenduko da jabari publikoaren okupazioa.
8.– Bai jabari publikoko ondasunen okupazioa bai horietan gerta daitezkeen aldaketak ondareari buruzko eskumenak dituen sailari jakinaraziko zaizkio, Inbentario Orokorrean jaso ditzan.
IV. KAPITULUA
JABARI PUBLIKOAREN GAINEKO BAIMEN ETA EMAKIDAK AZKENTZEKO PROZEDURA.
100. artikulua.– Jabari publikoaren gaineko baimen eta emakidak azkentzeko prozedura.
1.– Jabari publikoko baimenak eta emakidak azkentzeko legezko kausaren bat dagoenean edo baldintza orokorretan edo baldintza zehatzen agirian jasotako arrazoiren bat dagoenean, baimena edo emakida eman zuen organoak iraungitzat joko ditu, dagokion prozedura izapidetu eta ebatzi ondoren.
2.– Azkentzeko prozedura hasteko erabakia emakidadunei edo baimendutako entitateei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
3.– Emakida azkentzeko arrazoia kanona ez ordaintzea edo emakidaren titular den pertsonaren edo entitatearen betebeharrak larriki ez betetzea denean, hartzekodun hipotekarioei ere helaraziko zaie prozedura hasteko erabakia, hamabost eguneko epean eskubideak defendatzera agertu ahal izateko, eta, hala badagokio, emakidaren arrazoiak betetzen ez dituen emakidaduna ordeztu dezakeen hirugarren bat proposatu ahal izateko.
4.– Pertsona edo entitate baimenduak edo emakidadunak azkentzeari aurka egiten badio, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena eskatuko da.
5.– Organo eskudunak ebazpena emango du aurreko apartatuko irizpena aztertu ondoren, edo, eskatu behar ez denean, entzunaldi-izapidea amaitu ondoren.
6.– Baimena edo emakida azkentzea erabakitzen denean, ematen den ebazpenak honako alderdi hauek jasoko ditu:
a) Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharren betetze-maila.
b) Atxikita zeuden jabari publikoko ondasunen egoera eta erabilera-balioa.
c) Bidezkoa bada, dagozkion erantzukizunak eskatzeko prozedura hastea, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen II. tituluko V. kapituluko 6. atalean xedatutakoaren arabera.
7.– Baldintza zehatzen agirian hala aurreikusi denean, interes publikoko gerora sortutako inguruabarrengatik emakida aldez aurretik erreskatatzeagatik azkentzen bada, aldez aurretik azkentzeak eragin dion zuzeneko kalte materialaren kalte-ordaina emango zaio pertsona edo entitate emakidadunari. Ebazpenak kalte-ordainaren zenbatekoa eta kalte-ordainak jaso behar dituztenak zehaztuko ditu, baldintza-zehatzen agirian jasotzen diren balorazio-irizpideen arabera, non kontuan izan beharko baitira erreskatea egiten den datan bermea Jabetza Erregistroan inskribaturik duten hipoteka-hartzekodunen eskubideak.
V. KAPITULUA
ARAUDI BEREZIKO BAIMENAK ETA EMAKIDAK
101. artikulua.– Araudi bereziko baimenak eta emakidak.
1.– Jabari publikoko ondasunen okupazioa beharrezkoa bada ura, energia eta telekomunikazioak hornitzeko zerbitzuak ematea helburu duten sareak eta azpiegiturak ezartzeko edo hedatzeko, zerbitzu horiek arautzen dituzten arau sektorialetan xedatutakoa beteko da.
2.– Okupazioa baimentzeko prozedura 98.5 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izango da.
3.– Ez da baimenik beharko okupazioaren xedea 1. artikuluan aipatzen diren entitateen titulartasuneko jabari publikoko ondasunei ura, energia eta telekomunikazioak hornitzeko zerbitzua ematea edo hobetzea bada, jabari horietan zerbitzu publiko bat emateko erabiltzen diren zerbitzuak, bulegoak edo aretoak badaude.
4.– Edonola ere, jabari publikoko ondasunen okupazioaren berri emango zaio ondarearen arloko eskumena duen sailari, baimen edo emakidei buruzko idatzoharra jaso dezan Inbentario Orokorrean.
VI. TITULUA
BESTERENTZEA, ETA JABARI PRIBATUKO ONDASUNAK XEDATZEKO BESTE MODU BATZUK
I. KAPITULUA
KOSTU BIDEZKO XEDAPEN EGINTZAK LEHIA BIDEZ ESLEITZEKO PROZEDURA
102. artikulua.– Aplikazio-kasuak.
Jabari pribatuko edo ondareko ondasun edo eskubideen gaineko kostu bidezko xedapen-egintzak, oro har, lehia-prozeduraren bidez esleituko dira, eta prozedura horren izapidetzea kapitulu honetan xedatutakoaren araberakoa izango da.
103. artikulua.– Eskumena.
1.– Kostu bidezko xedapen-egintzaren xede den ondasunaren edo eskubidearen entitate titularrari dagokio kostu bidezko xedapen-egintzak erabakitzea ondasun higiezinen, eskubide irrealen, jabetza gorpuzgabeen eta berariaz aurreikusten ez diren bestelako ondasunen edo eskubideen gainean.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako ondasunen eta eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada, horien gaineko kostu bidezko xedapen-egintza erabakitzeko eskudunak honako hauek izango dira:
a) Ondarearen arloko eskumena duen saileko burua, arlo horretan eskumena duen zuzendaritzak dagokion prozedura hasi eta bideratu ondoren.
Hala ere, ondasunen edo eskubideen aldi baterako erabilera-lagapenak edo ustiapen errentagarria direnean, ondare-eskumena duen zuzendaritzak ere izango du kostu bidezko xedapen-egintza erabakitzeko eskumena.
b) Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak kudeatu behar dituen higiezinak edo eskubide errealak badira, haren arauek zehazten duten enteko organoa izango da eskuduna, baita, horrelakorik bada, haren legezko ordezkaritza duen organoa ere, atal honetan xedatzen den moduan espedientea izapidetu ondoren.
3.– Aurreko apartatuan xedatutakotik salbuetsita daude honako kasu hauek, baldin eta ondasun eta eskubideak atxikita dituen sailak edo entitateak xedapen-egintza erabakiko badu:
a) Nahitaezko eskualdaketa eta lagapenetan, eta zortasunak ezartzeko eta nahitaezko beste karga batzuk ezartzeko egintzetan, bertara agertzeko eta ados dauden edo ez adierazteko eskumena.
b) Hogeita hamar egunera arteko erabilera baimentzeko eta lagatzeko eskumena, edo hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak edo noizbehinkako beste gertakari batzuk antolatzeko eskumena.
4.– Ondasun higigarriak direnean, eskuratzeko eskumena duen sailak edo entitateak kostu bidezko xedapen-egintza erabakiko du.
104. artikulua.– Esleitzeko moduak.
1.– Esleipena enkante edo lehiaketa bidez egin ahal izango da.
2:– Enkantean prezioa izango da eskaintzak balioesteko irizpide bakarra, eta eskaintza ekonomiko handiena egiten duenari esleituko zaio.
3.– Arau orokor gisa, goranzko enkantea egingo da, eskaintzak gutun-azal itxietan edo fitxategi elektronikoan aurkeztuta. Hala ere, egoerak hala aholkatzen duenean, organo eskudunak beste edozein esleipen-modu erabaki ahal izango du oinarrien agirian, non adieraziko baitu enkantea zein baldintzetan garatuko den.
4.– Enkantearen modalitatea edozein dela ere, proposamen onargarririk aurkezten ez bada, esleipena egin gabe utzi dela deklaratuko da, eta, esleipendunak betebeharrak bete ez dituela-eta xedapen-egintza ezin bada formalizatu, esleipenak huts egin duela deklaratuko da.
5.– Goranzko hiru enkante ere egin ahal izango dira, baldin eta ondare-eskumena duen zuzendaritzak beste enkante bat iragartzea erabakitzen badu, lehenengoa eta bigarrena esleitu gabe geratu ondoren. Lehenengoaren jarraian datozen enkanteetan, salmenta-oinarriaren beherapen metatuak ezingo du lehenengo enkanteko tipoaren ehuneko hogeita bost gainditu. Esleipenak huts egiten badu, hurrengo enkanteak huts egin duen horren maila izango du, eta eredu berbera erabiliz egingo da deialdia.
6.– Lehiaketan hainbat irizpide erabiltzen dira eskaintzak balioesteko, eta kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintza egiten duenari esleituko zaio. Lehiaketa bidezko esleipena kasu hauetan baino ezin izango da egin:
a) Dena delako xedapena etxebizitzak sustatzeko baldin bada, eta indarrean diren politika publikoetatik datozen arauak kontuan hartzekoak diren gainerako kasuetan.
b) Organo esleitzailearen ustez, esleipenerako, prezioa alde batera utzita, beste gorabehera edo prestazio batzuk ere kontuan izan behar direnean.
c) Herri Administrazioen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legearen 107.1 artikuluan jasotako kasuetako bat denean.
105. artikulua.– Kontratazio-mahaia.
1.– Kostu bidez xedatzeko egintza erabakitzeko eskumena duen organoak kontratazio-mahai baten laguntza izango du.
2.– Kontratazio-mahaiak kide hauek izango ditu:
a) Mahaiburua: xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoak izendatutako pertsona izango da, edo hark eskuordetutako pertsona.
b) Gutxienez hiru mahaikide:
1.a Bat, mahaiko idazkari jardungo duena, hitzarekin eta botoarekin, aholkularitza juridikoko eginkizunak esleituta dituen organoko langileen artetik izendatua, eta
2.a Beste bat, xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organo edo entitatearen ekonomia- eta aurrekontu-kontroleko eginkizunak betetzen dituzten pertsonen artetik.
3.– Xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoak, komenigarritzat edo beharrezkotzat jotzen duenean, ezagutza espezializatuak dituzten pertsonak kontratazio-mahaiaren bileretara joatea eskatu ahal izango du. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.
4.– Kontratazio-mahaiaren eginkizunak honako hauek izango dira:
a) Lizitazioan parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridikoek aurkezten dituzten agiriak aztertu eta egiaztatzea.
b) Gaitasun- eta ordezkaritza-baldintzak betetzen ez dituzten parte-hartzaileak baztertzea, eta konpon daitezkeen akatsak edo omisioak jakinaraztea.
c) Aurkezten diren proposamenak irekitzea eta baloratzea.
d) Esleitzeko proposamena egitea edota Lehia-prozedura esleitu gabe uztea.
5.– Kontratazio-mahaia balio osoz eratzeko, bertan egon behar dute mahaiburuak, idazkariak eta, gutxienez, gainerako kideen erdiek.
6.– Mahaiak botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak.
106. artikulua.– Prozedura.
1.– Kostu bidezko xedapen-egintza erabakitzeko prozedura ofizioz, norberaren ekimenez, edo egintzan interesatuta dagoen pertsonaren edo entitatearen eskariz hasiko da. Kasu horretan, pertsonak edo entitateak bere eskabidean zehaztu beharko du zergatik den komenigarria eta egokia proposatzen duen xedapen-egintza, egokitzat jotzen dituen gainerako inguruabarrez gainera.
2.– Prozeduraren espedientean, honako dokumentazio hau jaso behar da:
a) Xedapen-egintzaren eta esleipen-prozeduraren beharra edo komenigarritasuna egiaztatzen duen memoria bat. Horrez gain, ondare-ondasunak edo -eskubideak entitate titularraren eskumenak eta eginkizunak gauzatzeko beharrezkoak ez direla arrazoitu beharko da.
b) Xedapen-egintzaren xede den ondasunari edo eskubideari buruzko dokumentazio teknikoa eta juridikoa.
c) Prozeduraren xedea ondasun higiezin bat denean, ondare-eskumena duen sailburuak aldez aurretik emandako besterengarritasun-adierazpena.
Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak kudeatzen dituen ondasun higiezinen kasuan, aurretiko besterengarritasun-deklarazioa egitea haren arauek zehazten duten organoari egokituko zaio, eta, hala badagokio, haren legezko ordezkaritza duen organoari.
d) Oinarri-agiria edo dokumentu baliokidea, zeina xedapen-egintza erabakitzeko organo eskudunak onartu beharko baitu.
e) Baldintza-agiriak, gutxienez, honako hauek adierazi beharko ditu:
1.a Ondare-ondasunaren edo -eskubidearen ezaugarri fisikoak, juridikoak eta erregistrokoak.
2.a Xedapen-egintzaren baldintzak.
3.a Esleitzeko prozedura eta modua.
4.a Kontratazio-mahaiaren osaera.
5.a Oinarrizko prezioa edo tasa.
6.a Esleitzeko irizpideak eta baloratzeko modua.
7.a Ordaintzeko baldintzak.
8.a Xedapen-egintzatik eratorritako gastuen erantzukizuna zehaztea.
9.a Prozeduraren xedea bada ondare-ondasunak, errentamendu bidez edo beste negozio juridiko baten bidez, ustiatzeko kontratu bat esleitzea, iraupen bat zehaztu beharko da, zeina ez baita inoiz hogei urte baino gehiagokoa izango, luzapenak barne, behar bezala justifikatutako salbuespenezko arrazoiengatik ez bada.
f) Ondasunaren edo eskubidearen tasazioa, xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoak behar bezala onartua; tasazio hori izango da lizitazioaren prezio-tipoa edo oinarrizko prezioa.
Tasazioa egin ahal izango dute prozedurarako deialdia egiten duen sailaren edo entitatearen mendeko pertsonal teknikoak, titulazio nahikoa duenak, tasazio-sozietateek edo sektore publikoko kontratazioari buruzko araudiari jarraikiz legez gaitu eta hautatutako enpresek.
Behin onartuta, tasazioak urte bateko balio-epea izango du, egiten den lehen enkantearen egintzaren egunetik hasita. Epe hori igarota, ondasunaren edo eskubidearen tasazioa egin beharko da berriro.
g) Aurreikusitako xedapen-egintzarako oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean jasotako prozedurari eta baldintzei buruzko txosten juridikoa.
h) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena, legez dagokion kasuetan.
i) Kostu bidezko xedapen-egintzei dagozkien aurretiko baimenak, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 97. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
107. artikulua.– Deialdia argitaratzea.
1.– Xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoak espedientea onartu ondoren, esleipen-prozedura honako leku hauetan iragarriko da:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, hala badagokio, ondasuna dagoen lurralde historikoko edo probintziako aldizkarian.
b) Ondasuna dagoen udalerriko udaletxeko iragarki-taulan.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan.
d) Xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoaren kontratatzailearen profilean.
Publizitaterako beste baliabide batzuk ere erabili ahal izango dira, komenigarritzat jotzen bada.
2.– Hiru mila eurotik beherako balio ekonomikoa duen ondasun higigarri bat xede duen esleipen-prozedura honako leku hauetan baino ez da iragarriko:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
b) Xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organoaren kontratatzaile-profilean.
3.– Iragarkiaren argitalpena, edozein kasutan, prozedura irekietan aurkezteko administrazio publikoek duten araudian zehazten diren gutxieneko epeak errespetatuz eta kontuan izanik egingo da, epea laburtzeko legez aurreikusitako egoeretako bat tarteko ez bada.
4.– Deialdiaren iragarkian, gutxienez, honako hauek agertu beharko dira:
a) Xedapen-egintzaren xede diren ondare-ondasunak eta -eskubideak.
b) Oinarrizko tasa edo prezioa.
c) Oinarrien edo baldintzen agiria eta ondasunei edo eskubideei buruzko dokumentazioa erabiltzeko modua eta lekua.
d) Azterketa edo bisita egiteko aukera.
e) Proposamen-eredua.
f) Proposamenak aurkezteko epea eta modua.
g) Aurkeztutako proposamenak irekitzeko eguna eta lekua.
5.– Esleipen-prozedura iragarri ondoren, organo eskudunak prozedura horretan atzera egin ahal izango du, interes publikorako desegokia dela justifikatzen bada. Kasu horretan, espedientea bideratzeak, lizitazioa egiteak edo proposamenak baloratzeak ez du inolako eskubiderik sortuko prozeduran parte hartzen dutenentzat.
6.– Organo eskudunak prozedurari buruzko informazioa igorri ahal izango die, prozedura hasi aurretik, kasuan kasuko ondasun edo eskubideei buruzko informazioa eskatu duten eta ondasun edo eskubide horiei eragiten dieten kostu bidezko xedapen-egintzei buruzko informazioa bidaltzeko baimena eman duten pertsona fisiko edo juridikoei.
108. artikulua.– Proposamenak aurkeztea.
1.– Kode Zibilaren arabera kontratatzeko ahalmena duten pertsona fisiko edota juridiko guztiek parte hartu ahal izango dute esleipen-prozeduretan (era guztietako kontratuak egiteko ahalmena izan beharko dute, bereziki dagokion kontratu motak egitekoa, eta horietan ez da izango kontratatzeko legezko muga edo debekurik).
2.– Prozeduraren xedea ondare-ondasunak ustiatzeko kontratu bat esleitzea bada, esleipen-prozeduran parte hartzeko interesa dutenek ezin izango dute debekatuta izan kontratatzea sektore publikoaren kontratazioari buruzko arautegian ezarritako kontratatzeko debekuetako baten ondorioz.
3.– Proposamenak banaka edo taldean egin ahal izango dira. Interesdun bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du, banaka edo beste pertsona batzuekin batera.
4.– Proposamenak paperean aurkeztu ahal izango dira, edo baliabide elektronikoen bidez, Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataforman, oinarrien agirian edo dokumentua baliokidean xedatutakoaren arabera.
5.– Dokumentazioa bi gutun-azal edo artxibo elektroniko itxitan aurkeztuko da:
a) Lehenengo gutun-azalak edo artxibo elektronikoak honako agiri hauek izan beharko ditu:
1.a Lizitatzailearen gaitasun juridikoa, jarduteko gaitasuna eta, horrela badagokio, haren ordezkaritza, egiaztatzen dutenak. Dokumentazio horren ordez, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da. Adierazpen horretan berariaz adieraziko da ez dagoela kontratatzeko debekurik eta ez dagoela bateraezintasun-egoerarik. Esleipen-proposamenaren xede den pertsona fisikoak edo juridikoak adierazpen hori aurkeztu badu, gaitasuna eta ordezkaritza-ahala egiaztatu beharko ditu esleipena egin aurretik.
2.a Oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean horrela xedatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailatutako diruaren, txekearen edo abalaren bidez eratutako behin-behineko bermea egiaztatzen duen ordezkagiria.
b) Bigarren gutun-azalean edo fitxategi elektronikoan, dagokion proposamena sartuko da, zeinak oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean ezarritako ereduari jarraituko baitio.
109. artikulua.– Lizitazioa.
1.– Proposamenak aurkezteko epea amaitu eta hamar eguneko epean eratuko da kontratazio-mahaia.
2.– Mahaiak, ekitaldi pribatuan, gutun-azal edo artxibo elektroniko lehenak irekiko ditu, barruan duten dokumentazioa aztertu eta kalifikatzeko. Aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe duten edo eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak baztertu egingo dira.
3.– Mahaiak ikusten baldin baditu zuzendu daitezkeen akatsak edo omisioak aurkeztutako dokumentazioan, interesdunei jakinaraziko dizkie eta gehienez zazpi eguneko epea eman ahal izango die akatsak zuzentzeko. Epe hori igarota, mahaiak erabakiko du zer lizitatzaile onartzen diren.
4.– Oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean xedatutako datan, jendaurreko ekitaldian, onartu diren proposamenen bigarren gutun-azalak edo fitxategi elektronikoak irekiko dira.
5.– Eskaintzak balioesteko irizpide bakarra prezioa bada, aurkeztutako eskaintza ekonomikoak ozenki irakurriz hasiko da jendaurreko ekitaldia, eta baldintza-agirizan edo dokumentu baliokidean xedatutakoa betetzen dutenak onartuko dira. Proposamenen irakurketa amaituta, xedapen-egintza edo ustiapena kalitate-prezio erlaziorik onena duen eskaintzari esleitzea proposatuko dio mahaiak organo eskudunari, betiere finkatutako prezio-tipoa edo oinarrizko prezioa adinakoa edo handiagoa bada. Berdinketarik badago eskaintza ekonomikoen artean, lehenengo aurkeztu zen proposamena gailenduko da, eta erregistroan sartu zen data hartuko da kontuan horretarako.
6:– Eskaintzak balioesteko irizpide bat baino gehiago hartu behar badira kontuan, bigarren gutun-azalak ireki eta hilabeteko epean, mahaiak proposamenak aztertuko ditu, baldintza-agirian edo dokumentu baliokidean zehaztutako irizpideak kontuan izanik; horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu.
7.– Mahaiak esleipen-proposamen bat egingo du proposamen onuragarrienaren alde, oinarri-agirian edo dokumentu baliokidean zehaztutako esleipen-irizpideak eta balioespen-modua aplikatuz. Proposamenean, aurkeztu eta onartu diren gainerako proposamenen lehentasun-hurrenkera ezarriko da, pertsona fisiko edo juridiko esleipendunak uko egiteagatik horietara jo beharko balitz ere.
8.– Pertsona edo entitate lizitatzailearen gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna, eta, horrela badagokio, ordezkaritza egiaztatzen duten dokumentuak erantzukizunpeko adierazpen batez ordezkatu badira, esleipen-proposamena egin ondoren mahaiak errekerimendua egingo dio esleipen-proposamenaren onuradun den pertsonari, proposamenak aurkezteko epearen amaieran gaitasun- eta ordezkaritza-betekizunak betetzen zituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkez dezan hamar eguneko epean.
Aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen bada ez dituela bete beharreko gaitasun- edo ordezkaritza-baldintzak betetzen, horren berri emango zaio, egokitzat jotzen dituen dokumentuak eta justifikazioak hamar eguneko epean alegatu eta aurkez ditzan.
Baldin eta, alegazioak eta aurkeztutako agiriak ikusita, edo aurkeztu ez badira, mahaiak ondorioztatzen badu ez dituela betetzen gaitasun- edo ordezkaritza-betekizunak, prozeduratik kanpo uztea erabakiko du, eta ebazpen-proposamena egingo du hurrengo proposamen onena aurkeztu duen pertsonaren alde, ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera.
9.– Mahaiak proposamena helaraziko dio xedapen-egintza eta ustiapena erabakitzeko eskumena duen organoari. Proposamen hori ez da loteslea izango ebazteko eskumena duen organoarentzat, eta ez du inolako eskubiderik sortuko proposamen ekonomiko handiena edo onuragarriena aurkeztu duen pertsonarentzat.
110. artikulua.– Esleipena.
1.– Xedatze- edo ustiatze-egintza erabakitzeko eskumena duen organoak agindua emango du, kontratazio-mahaiaren esleipen-proposamena jaso ondoren, eratu diren bermeak itzul ditzaten, bi hauek izan ezik:
a) Esleipen-proposamena egin zaion lizitatzailearena.
b) Bigarren proposamenik onena egin duen pertsonarena, baldin eta esleipendun izateko proposamena jaso duenak bere betebeharrei uko egiten badie edo ez badie jaramonik egiten.
2.– Kontratazio-organoak bost eguneko epean ebatziko du lehia-prozedura, kontratazio-mahaiak egindako proposamena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Hartutako ebazpena, arrazoituta, esleipen-proposamenetik aldendu ahal izango da edo lehia-prozedura eman gabe utzi ahal izango da.
3.– Esleipen-ebazpena edo esleitu gabe uzteko adierazpena esleipendunari eta lizitazioan parte hartu duten gainerako pertsonei jakinaraziko zaie. Gainera, hiru toki hauetan argitaratuko dira:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan.
c) Entitate eskuratzailearen kontratatzaile-profilean.
4.– Behin jakinarazpena jasota, zehazten zaion epean ordaindu beharko du eskainitako prezioa esleipendunak. Esleipendun horrek lizitazioan parte hartzeko aurretiko bermea eratu badu eskudiruz, banku-txekez edo taloi adostu bidez, eta baldintza-agirian edo dokumentu baliokidean horrela aurreikusi bada, horren zenbatekoa prezioaren ordainketari aplikatuko zaio, eta geratzen den zenbatekoarekin osatu beharko da. Diru-sarrera epearen barruan egiten ez bada, hurrengo proposamen onena egin duen pertsonari esleituko zaio, mahaiak ezarritako lehentasun-ordenaren arabera.
5.– Esleipen-egintza formalizatuta, Inbentario Orokorrean jasoaraziko da.
II. KAPITULUA
KOSTU BIDEZKO ETA DOAKO XEDAPEN-EGINTZAK ZUZENEAN ESLEITZEKO PROZEDURA
111. artikulua.– Aplikazio-kasuak.
1.– Ondare-ondasun edo eskubideen gaineko kostu bidezko xedatze-egintzen zuzeneko esleipena erabaki ahal izango da Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 99.4 artikuluan aurreikusitako kasuetan. Ahal bada, gutxienez hiru eskaintza eskatuko dira pertsona esleipenduna aukeratu baino lehenago.
2.– Zuzeneko esleipenaren prozedura doako xedapen-egintzak esleitzeko ere aplikatuko da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 105. artikuluan berariaz aurreikusitako kasuetan izan ezik, horietan esleipen-prozedura kasu bakoitzerako xedatzen dena izango baita.
3.– Ondasun higigarri galkorren edo zerbitzurako egokiak ez direnen gaineko kostu bidezko eta doako xedapen-egintzen zuzeneko esleipena titulu honen III. kapituluan xedatutakoaren arabera gauzatuko da.
112. artikulua.– Eskumena.
1.– Ondare-ondasun edo -eskubideen gaineko kostu bidezko xedapen-egintzak zuzenean esleitzeko, erregelamendu honen 103. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
2.– Doako xedapen-egintzak Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 104. artikuluan eskumenak esleitzeko ezarritako arauen arabera egikaritiko dira.
113. artikulua.– Hasiera eta instrukzioa.
1.– Prozedura ofizioz hasiko da, norberaren ekimenez edo egintzan interesatuta dagoen pertsona fisiko edo juridikoen eskariz. Azken kasu horretan, interesdunak honako hauek egin beharko ditu eskabidea betetzean:
a) Adierazi beharko du zer ondasun edo eskubide den, zer helburutarako erabiliko den eta proposatzen den xedapen-egintzari buruz komenigarritzat jotzen diren gainerako inguruabarrak, eta
b) Pertsona interesdunak gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna, eta, horrela badagokio, ordezkaritza egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko ditu, baita erantzukizunpeko adierazpen bat ere, non adierazten baita ez zaiola ezarri kontratatzeko debekurik eta ez dagoela bateraezintasun-egoeran.
2.– Espedientean hauek sartu beharko dira:
a) Justifikazio-memoria bat, honako hauek egiaztatzen dituena:
1.a Xedapen-egintzaren beharra edo komenigarritasuna.
2.a Zuzeneko esleipen-prozeduraren bidezkotasuna.
3.a Ondare-ondasunak edo -eskubideak beharrezkoak ez izatea entitate titularraren eskumenak eta eginkizunak gauzatzeko, kontrako araudi berezirik ez badago.
b) Xedapen-egintzaren xede den ondasunari edo eskubideari buruzko dokumentazio teknikoa eta juridikoa.
c) Prozeduraren xedea ondasun higiezin bat denean, ondare-eskumena duen sailburuak aldez aurretik emandako besterengarritasun-adierazpena.
Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko ente publikoak kudeatu behar dituen ondasun higiezinen kasuan, besterengarritasun-adierazpena egingo du aldez aurretik haren arauek zehazten duten organoak eta, hala badagokio, haren legezko ordezkaritza duen organoak.
d) Ebazpen-proposamena, non xedapen-egintzak bete beharko dituen oinarriak edo baldintzak jasoko baitira.
e) Ondasunaren edo eskubidearen tasazioa, xedapen-egintza erabakitzeko eskumena duen organo eskudunak behar bezala onartua, non jasoko baitira oinarritzen dituen parametroak; tasazio hori erabiliko da kostu bidezko xedapen-egintzetan ordaindu beharreko prezio gisa.
Tasazioa egin ahal izango dute prozedurarako deialdia egiten duen sailaren edo entitatearen mendeko pertsonal teknikoak, titulazio nahikoa duenak, tasazio-sozietateek edo kontratazio publikoaren arloko indarreko araudiari jarraikiz legez gaitu eta hautatutako enpresek. Hala ere, organo horrek espedientea hasten duenari tasazioa aurkezteko eskatu ahal izango dio.
Doako xedapen-egintzetan ondasunaren edo eskubidearen tasazioa edo hori kalkulatzeko prozedura jaso ahal izango da espedientean, zehapen-araubidea aplikatzeari eta itzultzeko edo kontserbatzeko betebeharra ez betetzeagatik ezarritako kalte-ordaina kalkulatzeari begira.
f) Txosten juridiko bat, proiektatutako xedapen-egintzaren prozedurari eta baldintzei buruz, eta txostena eskatuko zaio, halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, legez hala dagokion kasuetan.
g) Kostu bidezko egintzen kasuan, xedapen-egintzen aurretiazko baimenak, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 97. eta 99.5 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta doakoen kasuan, 105.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreko letrako txostenak eskuratu ondoren.
114. artikulua.– Ebazpena.
1.– Zuzeneko xedapena xedapen-egintza erabakitzeko organo eskudunaren ebazpenez erabakiko da; ebazpen horretan, esleitutako negozio juridikoaren oinarriak edo baldintzak zehaztuko dira.
Interesdun bat baino gehiago badago, kasu zehatz horretan dagoen interes orokorra aintzat hartuz ebatziko du organo eskudunak.
Prozedura hasteko erabakia hartu eta sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, pertsona fisiko edo juridiko interesdunak ulertu ahal izango du bere eskaera ezetsi egin dela.
2.– Xedapen-egintzaren xedea bada ondare-ondasun bat errentamendu bidez edo beste negozio juridiko baten bidez ustiatzea, iraupen bat zehaztu beharko da, zeina ez baita inoiz hogei urte baino gehiagokoa izango, luzapenak barne, behar bezala justifikatutako salbuespenezko arrazoiengatik ez bada.
3.– Doako xedapen-egintza bada, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 107. artikuluko aurreikuspenak jasoko dira.
4.– Ebazpena pertsona fisiko edo juridiko interesdunari jakinarazi behar zaio, xedapen-egintzaren baldintzak onar ditzan eta hura formalizatu dadin, dagokion prezioa aurretiaz edo aldi berean ordainduta.
5.– Esleipen-egintza formalizatuta, Inbentario Orokorrean jasoaraziko da.
6.– Esleitutako negozio juridikoaren aldaketa edota luzapena negozio hori egitea erabaki zuen organo berberak erabakiko du, bere ekimenez edo beste alderdiaren eskariz.
Aldaketa adosteko, horren beharra edo egokitasuna justifikatzen duen memoria bat erantsiko da espedientean, proposatutako aldaketari buruzko txosten juridikoaz gainera. Aldaketa horren ondorioz funtsezko aldaketa bat egiten bada xedapen-egintzaren zuzeneko esleipena baimentzeko Gobernu Kontseiluak edo Legebiltzarrak ezarritako baldintzetan, berriro eskatu beharko da haren baimena.
Ez da espedienterik izapidetu beharko aldaketa adostutako prezioa eguneratzea baino ez denean, legez aurreikusitako moduan edo itundutako baldintzetan, ez eta kontratua luzatzeko kasuetan ere, berariaz aurreikusi bada.
III. KAPITULUA
ONDASUN HIGIGARRI GALKORREN EDO ZERBITZURAKO EGOKIAK EZ DIRENEN GAINEKO XEDAPEN-EGINTZAK
115. artikulua.– Ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako egokiak ez direnak.
Ondasun higigarriak galkorrak edo edo zerbitzurako egokiak ez direla diogunean esan nahi dugu ondasun horiek zaharkituta edo erabileraren ondorioz narriatuta daudela, edota haien aprobetxamendua ezinezkoa edo ekonomiaren aurkakoa dela. Ondorio horietarako, ondasunak zaharregiak direla edo erabilerak hondaturik daudela pentsatuko da baldin eta tasatzen diren momentuan eskuratu zirenean zuten balioaren ehuneko hogeita bost baino balio txikiagoa badute.
116. artikulua.– Xedea.
Hauxe egin daiteke ondasun higigarri galkorrekin edo zerbitzurako egokiak ez direnekin:
1.– Saldu, edo beste ondasun higigarri batzuk eskuratzeko prezioaren parte gisa entregatu.
2.– doan besterentzea, edo
3.– Birziklatu edo ezabatu.
117. artikulua.– Eskumena.
Ondasun higigarri galkorren edo zerbitzurako egokiak ez direnen erabilera erabakitzea horiek eskuratzeko eskumena duen entitateko organoari edo sailari dagokio.
118. artikulua.– Xedea zehazteko espedientea.
Nolanahi ere, ondasun higigarriei ematea erabakitzen den xedea edozein dela ere, prozedura bat izapidetuko da, eta horren espedientean honako agiri hauek agertuko dira:
1.– Ondasun higigarri galkorren edo zerbitzurako egokiak ez direnen zerrenda zehatz bat.
2.– Ondasunen erabilera proposatuko duen justifikazio-memoria bat.
3.– Horren amortizazioari buruzko txosten ekonomiko bat.
4.– Txosten tekniko bat, ondasuna zaharkituta dagoela edo hori aprobetxatzea ezinezkoa edo ekonomiaren aurkakoa dela azaltzen duena, edota zer egoeratan dagoen deskribatzen duena.
5.– Saltzea edo doan besterentzea erabakitzen bada, ondasunen tasazioa. Tasazioa egin ahal izango dute sail eskudunaren edo entitatearen mendeko pertsonal teknikoak, titulazio nahikoa duenak, tasazio-sozietateek edo sektore publikoko kontratazioaren arloko indarreko araudiari jarraikiz legez gaitu eta hautatutako enpresek.
119. artikulua.– Beste eskuraketa baten prezioaren zati gisa saltzea edo entregatzea.
1.– Ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako egokiak ez direnak lehia-prozeduraren bidez edo zuzeneko esleipenaren bidez besterendu ahal izango dira.
2.– Ondasun higigarriak lehia-prozeduraren bidez besterentzea erabakitzen bada, organo eskudunak ofizioz hasitako prozedura bat izapidetu beharko da. Prozedura horretan, aurreko artikuluan adierazitako dokumentuez gain, oinarri-agiria edo besterentzeko eskumena duen organoak onartutako dokumentu baliokidea agertu beharko da.
Besterentzea enkante publiko bidez egingo da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan iragarriko baita, bai eta entitatearen kontratatzailearen profilean ere, egokitzat jotzen diren beste publizitate-baliabide batzuk ere erabiltzeko aukera baztertu gabe.
3.– Zuzeneko esleipena erabakitzen bada, ondasun higigarriak zerbitzurako egokiak ez direla deklaratu beharko da aurretiaz, organo eskudunaren ebazpen baten bidez, non ondasunaren zuzeneko salmenta baimenduko baita eta baldintzak zehaztuko baitira; baldintza horiek parte hartzera gonbidatutako entitate edo pertsonekin kontsultatu edo negoziatu ahalko dira.
Administrazioak hiruren artean, gutxienez, eta ahal den guztietan, prozeduran parte hartzera gonbidatzen duen interesdunari esleituko zaio.
4.– Organo eskudunak ondasunak erosi behar baditu ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako egokiak ez direnak ordezteko, horiek erosketaren prezio gisa entregatzea erabaki ahal izango du.
120. artikulua.– Doako besterentzea.
1.– Ondasunak doan eskuratzea erabaki ahal izango da horiek saltzerik izan ez bada edo modu arrazoituan adierazten bada salmenta egokia ez dela, organo eskudunaren ebazpen baten bidez ondasuna zerbitzurako egokia ez dela deklaratu ondoren.
2.– Aurreko paragrafoko adierazpena erabaki ondoren, prozedura publiko bat irekiko da ofizioz, norberaren ekimenez edo interesdunak eskatuta. Azken kasu horretan, doako erabileraren komenigarritasunari edo egokitasunari buruzko azalpen-memoria aurkeztu beharko du interesdunak. Eskabidea onartuta, organo eskudunak onartu egingo du, eta prozedura abiaraztea edo ez abiaraztea erabakiko du.
Organo eskudunak prozedura abiaraztea erabakitzen badu, ondasun higigarrien doako besterentzea baimenduko du eta lehia publikoko prozedura arautuko duten baldintza zehatzen agiria onartuko du. Agiria onartu aurretik, organo eskuduna barruan duen sailaren edo entitatearen aholkularitza juridikoaren aldeko txostena jaso beharko du.
3.– Prozedura honako leku hauetan iragarriko da:
a) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan.
c) Entitatearen kontratatzailearen profilean.
Gainera, egokitzat jotzen diren beste publizitate-bide batzuk ere erabili ahal izango dira.
4.– Argitaratzen den iragarkian honako alderdi hauek adieraziko dira:
a) Esleipendunak hautatzeko sistema.
b) Pertsona horiek bete beharko dituzten eskakizunak eta baldintzak.
c) Eskabideak aurkezteko era, epea eta lekua.
5.– Prozedura publikoan eskabiderik aurkezten ez bada edo eskatzaileek ez badituzte esleipenerako ezarritako betekizunak betetzen, ondasunak edo horien soberakina zuzenean esleitu ahal izango dira, urtebeteko epean, prozedura publikoa ebazten denetik zenbatzen hasita.
121. artikulua.– Birziklatzea edo ezabatzea.
1.– Aurreko artikuluetan xedatutakoa ez denean aplikatzekoa, ondasunak zerbitzurako egokiak ez direla deklaratzen duen ebazpena emango du organo eskudunak, haiek zaharkituta edo narriatuta daudela edo haien aprobetxamendua ezinezkoa edo ekonomiaren aurkakoa dela oinarri hartuta, eta ondasunak birziklatzea edo ezabatzea erabakiko da. Birziklatzea edo bestelako balorazio-moduak lehenetsiko dira, eta, hori egiterik ez dagoenean, ezabatu egingo dira, betiere pertsonen osasuna eta ingurumenaren babesa zainduz.
2.– Ondasun horiek hondakintzat joko dira, eta entitate kudeatzaile baimendu bati entregatuko zaizkio, ezaba ditzan; eta bera arduratuko da hondakinak jaso, garraiatu eta tratatzeaz. Entitate hori sektore publikoko kontratazioaren araudiaren arabera hautatuko da.
3.– Ondasunak entitate kudeatzaile baimenduari entregatu izana akta batean jasoko da, non entregatutako ondasunak, entregaren data eta birziklatzearen edo ezabatzearen helmuga adieraziko baitira.
4.– Entitate kudeatzaile baimenduak kudeaketa amaituta, txosten bat helarazi beharko dio organo eskudunari, jasotako ondasunen kudeaketa zehaztuta.
122. artikulua.– Ondorio erkideak.
1.– Ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako egokiak ez direnak saltzea, beste eskuraketa baten prezioaren parte gisa entregatzea, doan besterentzea edo birziklatzea edo ezabatzea erabakitzen duen ebazpenak, horrela badagokio, ondasun horien jaregitea jaso beharko du.
2.– Ondasun higigarri galkorrak edo zerbitzurako egokiak ez direnak saldu badira, edo beste eskuraketa baten prezioaren zati gisa saldu edo entregatu badira edo doan besterendu, birziklatu edo ezabatu, baja emango zaie dagokion sailaren edo entitatearen inbentarioan.
IV. KAPITULUA
ONDASUNAK ERABILTZKEO BAIMEN PUNTUALA.
123. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Kapitulu honetan xedatutakoak ondare-ondasunen edo -eskubideen hurrengo baimenak edo erabilera-lagapenak arautuko ditu:
a) Hogeita hamar egun baino gehiago irauten ez dutenak.
b) Hitzaldiak, mintegiak, aurkezpenak edo beste gertakari puntual batzuk antolatzeko direnak.
c) Aldi baterako erabilera ez esklusiborako baimen soilak, ondare-eskubideen transmisioa ez dakartenak.
2.– Edonola ere, ondasuna edo eskubidea erabiltzeak ezin izango dio onura ekonomikorik ekarri onuradunari; edo, ekarriz gero, onura horrek garrantzirik gabea izan behar du.
124. artikulua.– Organo eskuduna.
1.– Ondasunak edo eskubideak erabiltzeko baimen puntuala ematea dagokion ondasunaren edo eskubidearen entitate titularraren eskumena da.
2.– Entitate titularra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra baldin bada, ondasuna edo eskubidea atxikita duen sailari dagokio eskumen hori, eta, atxikita ez badago, ondarearen arloko eskumena duen sailari dagokio.
125. artikulua.– Prozedura.
1.– Ondasunaren edo eskubidearen erabileraren onuraduna hautatzeko prozedura zuzeneko esleipena izango da.
2.– Prozedura pertsona edo entitate interesdunak eskatuta hasiko da. Pertsona edo entitate horiek eskabide bat aurkeztuko dute, honako agiri hauekin batera:
a) Azalpen-memoria bat, non zehaztuko baita zer ondasun edo eskubide erabili nahi diren unean-unean, eta zer baldintzatan.
b) Pertsona edo entitate eskatzailearen gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna egiaztatzen duten agiriak, eta, hala badagokio, haren ordezkaritza egiaztatzen dutenak.
c) Kontratatzeko gaitasuna duela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
3.– Ondasunaren edo eskubidearen unean uneko baimena emateko eskumena duen organoak eskaera aztertuko du, eta baimena edo erabilera-lagapena baimentzeko eskumena duen saileko edo entitateko aholkularitza juridikoari txostena egiteko eskatuko dio, ebazpena eman aurretik.
4.– Eskatutako erabilera baimentzen edo ukatzen duen ebazpena eman eta jakinaraziko du organo eskudunak.
Hiru hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea. Epe hori igaro eta ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, pertsona edo entitate interesdunak ulertu ahal izango du bere eskaera ezetsi egin dela.
5.– Aurkeztutako eskaera baiesten bada, eskatutako erabilera baimentzen duen ebazpenak zehaztuko ditu ondasuna edo eskubidea erabiltzeko baldintzak, atxikita duen organo edo entitateak ondasun edo eskubide horri ematen dion erabilerari kalterik eragin gabe. Era berean, eskatzaileak, hala badagokio, ordaindu beharreko kontraprestazioa zehaztuko du, baimendutako erabileraren izaera kontuan hartuta.
6.– Eskatutako erabilera baimendu ondoren, entrega-akta sinatuko dute baimena eman duen sailak edo entitateak izendatutako ordezkariek eta pertsona edo entitate onuradunak.
VII. TITULUA
ENPRESA ONDAREA
126. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Titulu honetako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ondareari aplikatuko zaizkio. Titulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzioak bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek; partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako entitateetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.
127. artikulua.– Erosketa, truke edo harpidetza bidez eskuratzea.
1.– Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak erosteko, trukatzeko edo harpidetzeko interesa duen sailak edo entitateak abiaraziko eta instruituko duen prozeduraren espedienteak, oro har, honako dokumentazio hau jaso beharko du:
a) Justifikazio-memoria bat, non hauek azaltzen baitira: erosketaren beharra edo komenigarritasuna, entitate partaideak baliatzen dituen eskumenen zerrenda eta entitatearen, zeinaren kapitalean parte hartu nahi baita, helburu soziala.
b) Entitate interesdunaren ebazpena edo erabakia, non adierazten baitu eskuraketa egiteko borondatea eta aurretiko baimena eskatzen baitio Gobernu Kontseiluari.
c) Saltzailearen eskaintza, non adierazten baita eskatutako prezioa eta, horrela badagokio, entitatearen, zeinaren kapitalean parte hartu nahi baita, sozietate-erabakiak edo eskuraketaren baldintzak zehazten dituen dokumentazio osagarria.
d) Eskuratuko diren ondasunen eta eskubideen balorazio ekonomikoaren txostena.
e) Kreditua egoteari buruzko ziurtagiria edo hori legez ordezten duen dokumentua, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz zehaztutako eskuraketaren zenbatekokoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan sozietate publiko bat sortzeagatik akzioen harpidetzaz egindako eskuraketen prozeduran eta merkataritza-sozietate baten akzioak erosketaz edo trukez egindako eskuraketen prozeduran (sozietate publiko bihurtzen bada horren ondorioz), sozietate publiko bat sortzeko legez eskatzen den dokumentazioa gehituko da espedientean.
2.– Eskuraketan interesa duena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez beste nortasun juridikoa duen entitate bat bada, eta aurreko apartatuan aurreikusitako dokumentazioa behin prestatuta, dokumentazio hori Administrazio Orokorreko sail batera bidali beharko du, hain zuzen ere zuzenean edo bitarteko entitate baten bidez, sozietatea, zeinaren kapitalean parte hartuko baita, loturik duen edo loturik izango duen sailera, proposatutako eskuraketari buruzko txosten juridikoa eman dezan, hogei eguneko epean.
Txosten hori egin ondoren, parte hartuko den sozietatearen kapitalean lotuta dagoen edo egongo den sailak txostena eskatuko dio ondarearen arloko zuzendaritza eskudunari.
3.– Prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail baten ekimenez hasi bada, sail horrek eskatutako dokumentazioa prestatuko du, eta txosten juridikoa erantsiko dio, ondarearen arloan eskumena duen zuzendaritzaren txostena eskatu aurretik.
Ondarearen arloan eskumena duen saila bada eskuraketan interesduna, ondare-eskumena duen zuzendaritza izango da eskatutako dokumentazioa egiteko edo biltzeko ardura izango duen organoa. Halaber, txosten juridikoa egin ondoren, partaidetzaren xede den sozietatea lotuta dagoen edo loturik egongo den sailaren txostena eskatzeko ardura izango du.
4.– Espedienteari barneko kontrol ekonomikoaren txostena erantsiko zaio.
5.– Gobernu Kontseiluaren aurretiko baimena eskatuko da, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak eta, zuzenean edo bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea lotuta daukan edo lotuta izango duen saileko sailburuak elkarrekin proposatuta.
6.– Eskuraketa baimentzen duen dekretuak helburu soziala eta sozietatean Euskadiko Autonomia Erkidegoak izango duen zuzeneko edo zeharkako partaidetza-portzentajea adieraziko du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ematen den datatik eraginkortasuna izan badezake ere.
128. artikulua.– Doako eskuraketa.
1.– Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak doan eskuratzeko eskumena eta prozedura Euskadiko ondarea osatzen duten gainerako ondasunak eta eskubideak eskuratzeko aurreikusitako xedapen berberen arabera arautuko dira.
2.– Eskuraketa jaraunspen, legatu edo dohaintza bidez gauzatzen bada, onartu aurretik Gobernu Kontseiluaren aurretiko baimena eskatuko da, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak eta, zuzenean edo bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea, zeinaren akzioak eskuratzen baitira, lotuta daukan edo lotuta izango duen saileko sailburuak elkarrekin proposatuta.
3.– Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan aurreikusitako baimena eskatzea honako kasu hauetan: titulartasuna dagokion entitatearen eskumen edo eginkizunekin zerikusirik ez duten merkataritza-sozietateetako akzioak direnean, sozietatearen kapitalaren % 10etik beherako partaidetza ematen dutenean, edo, behar bezala arrazoitutako komenigarritasun- edo egokitasun-arrazoiak direla medio, enpresa-ondarean integratzea egokitzat jotzen ez denean eta berehala besterentzea aurreikusten denean.
129. artikulua.– Sozietateen administrazioan bazkide-eskubideak eta ordezkaritza eskubideak erabiltzea.
1.– Legearen 111.2 artikuluan aurreikusitako bazkide-eskubideak baliatzeko beharrezkoa izango da Gobernu Kontseiluaren aurretiko baimena eskuratzea, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen sailburuak elkarrekin proposatuta. Baimen hori ez da beharrezkoa izango bazkide-eskubideak baliatzea Gobernu Kontseiluari berari badagokio, sozietatearen titular bakarra Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra den kasuetan.
2.– Baimena lortzeko, dagokion prozedura izapidetu beharko da, eta espedientean dokumentazio hau jaso beharko da:
a) Sozietatea lotuta daukan sailak emandako memoria, non adierazten baita zer arrazoik aholkatzen duten sozietatearen estatutuak onartzea edo aldatzea, beste akziodun batzuekin erabakia hartzea edo eskubideei uko egitea.
b) Bazkide-eskubideak baliatuko diren gaiaren inguruan sozietatearen organoek hartutako erabakien ziurtagiriak.
c) Estatutu-proposamena, edo horien aldaketarena, beste akziodunekin hartutako erabakiarena edo uko egitearen baldintzena.
d) Ondarearen arloko eskumena duen zuzendaritzaren txosten juridikoa, aurreko proposamenen prozedurari eta edukiari buruzkoa.
e) Dagokion barne-kontrol ekonomikoaren txostena.
f) Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamena.
3.– Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta Instituzionalaren zeharkako titulartasuna duten akzioen ordezkariek sozietatearen estutuak eta horien aldaketak onartzeko adostasuna adierazi baino lehen.
Zeharkako titulartasuneko akzioak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta Instituzionalaren erabateko partaidetzako sozietateenak, partaidetza hori modu bateratuan eduki edo entitate bakarrak eduki.
130. artikulua.– Enpresa-ondarea besterentzea.
1.– Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak edo eskubideak besterendu aurretik prozedura bat izapidetuko da, zeinari, oro har, dokumentazio hau gehitu behar baitzaio:
a) Besterentzearen beharra edo komenigarritasuna eta proposatzen den esleipen-prozedura justifikatzeko memoria bat, ondare-ondasunak edo -eskubideak entitate titularraren eskumenak eta funtzioak baliatzeko beharrezkoak ez direla arrazoituta.
b) Ondasunen eta eskubideen tasazioa.
c) Txosten juridiko bat proiektatutako prozedurari eta baldintzei buruz, ondasunak eta eskubideak besterentzea erabakitzeko eskumena duen organoari dagokion saileko edo entitateko aholkularitza juridikoarena.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena, legez dagokion kasuetan.
2.– Enpresa-ondarea besterentzeko Gobernu Kontseiluaren baimena behar den kasuetan, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 112.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ondarearen arloko eskumena duen sailburuak eta sail edo entitate interesdunen legezko ordezkariak elkarrekin egindako proposamenez eskatuko da baimen hori.
3.– Nolanahi ere, besterentzearen ondorioz sozietate publiko bateko partaide nagusi izateari uzten bazaio, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez baimendu beharko da besterentzea.
131. artikulua.– Jarduketa erkideak.
1.– Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko edo besterentzeko eragiketak formalizatuta, eragiketa horiek merkataritza-sozietateen kapitala ordezkatzen duten akzioen eta tituluen inbentario osagarrian, bakoitza dagokionean, jasoko dira.
2.– Eusko Jaurlaritzak hiru hilabeteko epean jakinaraziko dio Eusko Legebiltzarrari merkataritza-sozietateen partaidetzaren eskuraketa, galera edo partaidetza horren ehunekoan izandako beste edozein aldaketa, baita sozietate publikoen eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoan integratutako beste entitateen bitartez egindako partaidetzetan izaten den edozein aldaketa ere, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren arabera.
VIII. TITULUA
SEKTORE PUBLIKOKO ENTITATEEKIN IZENPETUTAKO HITZARMENAK
132. artikulua.– Hitzarmenen helburua eta izaera.
1.– 1. artikuluan jasotako entitateek hitzarmenak egin ahal izango dituzte beste administrazio publiko batzuekin edo sektore publikokoak diren zuzenbide publikoko edo zuzenbide pribatuko pertsona juridikoekin, zertarako eta haien arteko ondare- eta hirigintza-harremanak eremu jakin batean antolatzeko edo ondare-araudiaren aplikazio-eremuan sartzen diren jarduketak egiteko, bakoitzaren ondareko ondasun eta eskubideei dagokienez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 118. artikuluaren arabera.
2.– Hitzarmenek eragiketa jakinak eta zehatzak egitea aurreikusi ahal izango dute, eta, kasu horretan, berehala betearazleak eta bete beharrekoak izan daitezke.
Esparru-akordioak, protokolo orokorrak edo antzeko tresnak, eduki orokorreko asmo-adierazpen hutsak badira edo alderdien artean helburu erkide batekin jokatzeko borondatea adierazten badute, ez dute ondarearen edo hirigintzaren arloko ondoriorik izango alderdiek betearazteko moduko konpromiso zehatzak hartzen ez diren bitartean, Euskadiko Ondareari buruzko Legean eta erregelamendu honetan dagokion ondare-negozio juridikorako aurreikusitako prozedurak izapidetu ondoren.
133. artikulua.– Eskumena.
1.– Eraginpeko ondasun eta eskubideen entitate titularrak izango du hitzarmenak egiteko eskumena.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ondasun eta eskubideen titularra denean, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak izango du hitzarmenak sinatzeko eskumena.
3.– Ondasunak edo eskubideak besterentzeko ahalmena duen sail edo entitate bati atxikita badaude, haren arauak ezartzen dituen organoa eta, halakorik ezean, haren ordezkaritza duena izango da hitzarmenak sinatzeko eskumena duena.
4.– Hitzarmen bat sinatu aurretik, honako hauek lortu beharko dira:
a) Horren xede den ondare-negozio juridikoagatik beharrezkoak diren baimenak lortu beharko dira, hala xedatzen bada Euskadiko Ondareari buruzko Legean eta erregelamendu honetan, edo Gobernu Kontseiluaren eskumenekoak diren gaietan eragina duten hitzarmenak badira.
b) Ondarearen arloko eskumena duen sailaren txostena ere lortu behar da, besterentzeko ahalmena duen sail edo entitate bati atxikitako ondasun edo eskubideei eragiten dietenean izan ezik; kasu horretan, sail edo entitate horretako aholkularitza juridikoak emango du txostena.
5.– Eraginpeko ondasunen eta eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste entitate bati badagokio, haren arauak ezartzen duten organoa eta, halakorik ezean, entitatearen legezko ordezkaria izango da hitzarmenak sinatzeko eskuduna, behar diren baimenak lortu ondoren.
134. artikulua.– Edukia era iraupena.
1.– Hitzarmenean partaide diren aldeen arteko ondare- eta hirigintza-harremanak antolatzeko egoki edo beharrezko iritzitako nahi beste zehaztapen adostu ahal izango dira hitzarmenetan, baldin eta interes publikoa, antolamendu juridikoa edo administrazio onaren printzipioak hausten ez badituzte.
2.– Hitzarmenek iraupen jakin bat izan beharko dute, eta hori ez da izango haren xede den ondare-eragiketarako Euskadiko Ondareari buruzko Legean zehaztutakoa baino luzeagoa. Kasu horietatik kanpo, hitzarmenek ezin izango dute lau urte baino iraupen luzeagoa izan.
3.– Epea amaitu aurreko edozein unetan, sinatzaileek hitzarmena beste lau urtez luzatzea edo azkentzea erabaki ahal izango dute.
Hala ere, iraupen-epea igarota egikaritu gabeko jarduketak badaude, alderdiek horien jarraipena eta amaiera adostu ahal izango dituzte, amaierarako epe luzaezin bat ezarrita.
135. artikulua.– Edukia.
1.– Hitzarmenak berehala betearaztekoak eta nahitaezkoak direnean, bertan jasotako eragiketa guzti-guztiak negozio konplexu bakar batean sartuta daudelako ustean jokatuko da. Hitzarmena bukatu ahal izateko, beharrezkoa izango da Euskadiko Ondareari buruzko Legean eta erregelamendu honetan ondare-eragiketetarako ezarritako prozedura-izapideak eta eskakizunak betetzea.
2.– Behin hitzarmena sinatuta, nahikoa titulu izango da Jabetza Erregistroan eta beste erregistro batzuetan eragiketak inskribatzeko.
136. artikulua.– Espedientea.
1.– Hitzarmena sinatu aurretik izapidetu beharko den espedienteak agiri hauek izan beharko ditu:
a) Sinatuko den hitzarmenaren testua.
b) Memoria bat, non justifikatzen baita jasotako ondare- eta hirigintza-eragiketen beharra edo egokitasuna, duten eragin ekonomikoa eta kontratu izaerarik ez dutela.
c) Haren edukiari buruzko txosten juridikoa.
d) Funtsak erabili behar badira, kreditua badagoela egiaztatzeko agiria, edo legezko ordezko agiria.
2.– Gobernu Kontseiluaren baimena lortu behar bada, organo horretako izapideei buruzko arauetan eskatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.
137. artikulua.– Hirigintza-hitzarmenak.
1.– artikuluko entitateek sinatutako hirigintza-hitzarmenak Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-araudian jasotako aurreikuspenei egokituko zaizkie.
2.– Hirigintza-planeamenduaren betearazpenetik eratortzen diren ondare-eragiketetarako, Euskadiko ondareko ondasunei eta eskubideei eragiten badiete, beharrezkoa izango da organo eskudunak esanbidez bat egitea dagokion hirigintza-jarduketarekin. Jarduketak jabari publikoko ondasunetan edo eskubideetan eragiten badu, aldez aurretik jaregin egin beharko dira.
RSS