Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2023ko urriaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4787

EBAZPENA, 2023ko urriaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko uztailaren 11n Elgoibarko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari baimena eskatu zion Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian (hemendik aurrera, Plana) egindako aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko. Eskaerarekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz, 2023ko uztailaren 27an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion Elgoibarko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun guztiek aukera izan zezaten ingurumenari buruz egin nahi zituzten ohar guztiak egiteko.

Erantzuteko legezko epealdia bukatu eta espedientean jasotako dokumentu teknikoak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badaukala ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentu teknikoak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Honako xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea; hona:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da 7A.2-Santa Klara 19 azpieremuko eraikinen eta lurzatien baldintzak eta erabilera-araubidea berrikustea, ezaugarri geologikoak eta topografikoak kontuan hartuta, eraikuntzako plangintza eraginkorragoa izan dadin.

Planean proposatzen da azpieremua beste era batera antolatzea, hegalaren profilean gutxiago esku hartzeko eta lurrak gutxiago zulatzeko. Horretarako, bat etorriz Planaren barruan egindako azterketa geoteknikoarekin, eta hegala egonkortzeko asmoarekin, Planaren arabera honako jarduketa hauek egingo dira:

– Sestra azpian, lurrak zulatzeko sakonera mugatuko da, erdisotoko solairuaren akabera +51,30 imgm-etan egoteko. Kota hori jotzen da egokitzat hegalaren egonkortasuna arriskuan ez jartzeko eta zimendu-zoru ona bermatzeko.

Indarreko araudian ezartzen da lurzatiaren sestra +52,25 m-etan dagoela. Horregatik, ez dago modurik ordenantzan ezarritako 3 soto-solairuak egiteko; aitzitik, sestra azpitik erdisotoko solairu bat baino ezin izango da eraiki. Solairu horren hiru fatxada, Santa Klara kalekoa ez besteak, lurpean geratuko lirateke.

Gainera, eraikuntza lurzatiaren hego-ekialdean biltzen da, malda kontrolatuen dagoen aldean, hango lurren konposizioa lurzatiko gainerako aldeetakoa baino irmoagoa da eta. Ondorioz, ezinezkoa da eraikineko erdisotoan egitea araudian ezartzen diren aparkaleku-plaza guztiak, eta eraikineko beheko solairua ere horretarako erabili beharko da.

Santa Klara kaletik ibilgailuak aparkaleku-solairuetan sartzeko bi sarbide egingo dira, kanpoaldean, eta kalearen malda baliatuko da solairu bakoitzean sarrera bat ipintzeko. Horrela barrualdean eraikitako azalera optimizatuko da.

– Sestra gainean, eraikineko beheko solairua, 2011ko HAPBren arabera erabilera mistokoa (merkataritza eta garajea) izan behar zena, orain aparkalekuetarako eta etxebizitza-osagarrietarako baino ez da, eta proposatutako erabilera horretara moldatu da.

Eraikineko beheko solairua, 2011ko HAPBren arabera erabilera mistokoa (merkataritza eta garajea) izan behar zena, aparkalekuetarako eta etxebizitza-osagarrietarako baino ez da izango, eta proposatutako erabilera horretara moldatu da.

Lehen solairuan etxebizitzaren erabilera osagarriak baino ez dira egongo; izan ere, lurraren kota (60 m) solairuaren garaiera (+57,30 m) baino gorago dago, eta horregatik solairua ez da egokia bizitzeko erabiltzeko.

Horrenbestez, eraikineko bigarren solairutik gora egongo da etxebizitzako erabilera, 60,15 m-ko garaieratik gora. Hain zuzen ere, 2., 3. eta 4. solairuetan etxebizitzako erabilera baino ez da egongo. Ezarritako eraikigarritasuna betetzeko, teilatupeko solairua atiko modura erabiltzeko gaitzen da.

Gailurraren kota 70,9 m-tik 72,15 m-ra doituta, teilatupeko solairuan estalki lau terrazaduna ezar daiteke.

Beraz, eraikinaren profila aldatzen da eta honela geratzen da: sestra azpiko solairu bat, beheko solairu bat, lehen solairua, goiko hiru solairu (eredukoak) eta atikoa. Honako hau da orain indarrean dagoen profila: 3 soto+beheko solairua+4 solairu+teilatupeko solairua.

Doikuntza hauen ondorioz proposatutako antolamenduan aldaketa txiki batzuk egingo dira Planaren eremuko lurzatien mugetan.

Alternatibak direla eta, garapen-alternatiba bat (1. alternatiba) bat bakarrik dago, indarreko plana dagoen bezala mantentzeaz gainera (0 alternatiba). Ingurumen-dokumentu estrategikoan (IDE) honetara justifikatzen da hartutako soluzioa: Planaren eremuan egindako azterketa geoteknikoaren arabera hegala ez da egonkorra azalean dagoen haitz-geruza baten puntzonaketa-norabidearen eraginez, eta gomendatzen da zulatze-eremua ahalik txikiena izatea.

Plana eraikuntza-proiektuaren bidez garatuko da. Hori Elgoibarko Udalari bidaliko zaion obra-lizentziaren eskaerari batuko zaio.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentuen arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Nolako eragina daukan Planak beste plan edo programa batzuetan, are hierarkizatuta daudenetan ere: Planak doikuntzak egiten ditu Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 azpieremuko eraikuntza-profilean eta eraikigarritasunean, lurzatietan eta erabilera-araubidean, egin den azterlan geoteknikoan antzeman diren lurraren ezegonkortasunaren arazoak konpontzeko. Planak ez du barne hartzen lurzoruaren sailkapena edo kalifikazioa aldatzea eta, Planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko eta Espainiako legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Elgoibarko Santa Klara auzoan dago, hiriguneko bizitegi-zona batean. Eremuaren azalera 1.093 m2 da. Honako mugakide hauek dauzka: ekialdean Santa Klara kalea, hegoaldean eraikinak, eta iparraldean eta mendebaldean lurzoru urbanizaezina.

Planaren eremua «Deba ibaiaren unitate hidrologikoan» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Eremu honetan ez dago lurrazaleko ur-lasterrik. Arizti errekastoa lurpetik doa, GI-2636 errepidearekiko edo Santa Klara kalearekiko paraleloan, 30 bat metrora, eremuko ipar-ekialdean; Deba ibaira isurtzen da eremutik 150 bat metrora. Eremua Bizkaiko Sinklinorioaren ur-masaren gainean dago. Ez da identifikatu interes hidrogeologikoko zonarik.

Litologiaz denaz bezainbatean, kareharri tupatsuak, kareharrizko tupak eta kalkarenitak daude. Malda handiko hegal batean dago. Landaretza dela eta, aldatutako lurren zonan, dauden eraikinen inguruan, landare erruderalak daude (masustak); hegalean, behealdean belardia dago eta gorago baso hostoerorkor nahasi txikia. Hegalaren behealdean, Santa Klara kalearen ondoan, konifero apaingarri batzuk daude.

Planaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko naturagune babestuekin, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestuekin edo natura-interesekoekin ere. Halaber, ez dauka inbentarioan edo katalogoan jasotako paisaia-baliorik eta ez dator bat EAEko geologia-interesguneen inbentarioan sartu diren geologia-interesguneekin. Bestalde, Planaren eremuan eta hurbileko ingurunean ez da antzeman onetsitako Faunaren Galzoriko Espezieak Kudeatzeko Planean aipatutako eremurik, eta ez da ikusi Batasunaren intereseko habitatik, ezta mehatxatutako florarik ere.

Eremua Elgoibarko ikusmen-arroan dago. Paisaiak ez dauka ezer berezirik; balio oso gutxi dauka. Paisaia ez dago katalogatuta.

Eremuan ez dago kultura-ondareko elementu kalifikaturik ez inbentariaturik.

Aurreikusitako erabilerek eremuko kalitate akustikoan edukiko duten eragina dela eta, horri buruzko azterlana egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betetzeko, eta horren arabera gaur egun kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak (KAH) betetzen dira aldi guztietan (goiza, arratsaldea eta gaua). 20 urte barru, egingo den eraikinaren ipar-ekialdeko izkinan ez dira beteko KAHak kanpoaldean.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aztertutako eremuko hegalaren ezegonkortasunaren arriskuak eragin du indarreko HAPBren aldaketa, antolamendu xehatua moldatu behar izan baita hirigintza-garapena gauzatzeko egin den azterlan geoteknikoan ezarritako zehaztapenetara. Horren ildotik, azterketa horretan adierazten da lurzatiko hego-mendebaldean dagoen malda handiko zona bat ezegonkorra dela azaletik oso gertu dagoen haitz-geruza baten puntzonaketa-norabidearen eraginez. Azterlan geologikoan adierazten da indusketa-eremua ahalik txikiena izan behar litzatekeela, hegala oso ezegonkorra delako, eta ez litzatekeela sakon zulatu behar, lurra oso heterogeneoa delako eta ondorioz ezinezkoa delako zimendatze-estrategia bakarra aplikatzea. Beste alde batetik, aholkatzen da lurzatiaren hego-ekialdean zulatzea, malda kontrolatuen dagoen aldean, hango lurren konposizioa lurzatiko gainerako aldeetakoa baino hobea dela eta.

Beste arrisku esanguratsuak direla eta, eremuan ez dago uholde-arriskurik, ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioko lurzatirik, eta akuiferoak kutsatzeko kalteberatasuna txikia da. Halaber, arrisku sismikorik ere ez dago, eta inguruan ez dago salgai arriskutsuen garraiorako erabiltzen diren arrisku handiko errepiderik. Eremuko hegalaren goialdean dagoen baso hostoerorkor misto txikiak lotura dauka baso-suteak izateko arrisku handiko zona batekin.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, honako hauek dira plan honek dauzkan ondorio nagusiak indarreko planaren aldean: gutxiago zulatu behar da (hiru soto-solairu gabe erdisotoko solairu bakarra), eraikigarritasuna eta lurzatiak aldatzen dira, eta beheko solairuko merkataritza-erabilera desagertzen da. Ontzat jotzen da antolamenduaren doikuntza, bai eta hegalaren ezegonkortasun-arriskua murrizteko jarduketak ere. Gainera, eraikin berria urbanizatzeko eta eraikitzeko obren ondorioz lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira, lur-mugimenduak egingo dira eta soberakinak sortuko dira, makinak joan-etorrian ibiliko dira, lurpeko urei eta lurzoruei kalte egin dakieke istripuzko isurketengatik, herritarrek eragozpenak jasan ditzakete emisio atmosferikoengatik eta zaratengatik eta abar. Hori guztia argi eta garbi hirigunekoa den eremu batean gertatuko da.

Beste alde batetik, egoera akustikoa dela eta, eraikuntza-lizentzia ematen denean, kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezartzen dena gorabehera. Nolanahi ere, eraikuntza-lizentzia emateko, barnealderako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira.

Ingurumen-efektuen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoeraren arabera egin behar da. Hortaz, proposatutako jarduketak eta eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, uste da eragin horiek txikiak izango direla, baldin eta, betiere, indarreko legeria betetzen bada, bereziki zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, aurreko paragrafoan adierazi bezala, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, segurtasunari eta osasunari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

3.– Ebazpen honetan honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira garapen-plana eta -proiektua egikaritzeko:

• Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketaren alde ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, behar diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoaren kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35bis artikuluan. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Obra-fasearen ostean, eta eraikina erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira eraikinaren barnealdean, barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzen diren egiaztatzeko.

– Ustiapen-fasea: egiten den garapenean eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Ezin izango da eman baimenik etxebizitza-eraikinik ez osasun, hezkuntza ez kultura erabilerako eraikinik eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezartzen dena gorabehera.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko neurriak ezarri beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

• Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, eraikuntza-proiektua gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, induskatutako lurzoruak kontrolatzeko eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin, eta Planean azkenean ezartzen diren zehaztapenetan txertatu beharko dira. Besteak beste, honako neurri hauek ezarri beharko dira:

– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak–, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Elgoibarko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, bat etorriz Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruak eta urak babestea:

• Prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eraginik ez izateko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).

• Obretan erabiliko diren makinen erregai-hornidura, olio-aldaketa, etab., plataforma iragazgaiztu batean egin beharko dira, eta plataforma horrek hondakinak biltzeko sistema bat izango du, gehienbat erabilitako oliorako, jariatze urak ez kutsatzeko. Bestalde, hondakin-biltegia jariatze-eremuetatik bereiz kokatu beharko da, azaleko uren sarea ez kaltetzeko.

• Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makinak gainazal iragazgaitzetan jarriko dira.

• Ez da makinak mantentzeko lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Neurri babesleak ezarri beharko dira, lur-mugimenduetan jalkinik, lurrik eta/edo lohirik ez iristeko azaleko jariatzera.

– Garapen-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Hondakin-urak udalerriko hondakin-uren kolektore orokorrera konektatuko dira.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Loreztatze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Elgoibarko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Elgoibarko 7.A.2-Santa Klara 19 azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 3a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala