
200. zk., 2023ko urriaren 19a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (173 KB - 9 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4779
145/2023 DEKRETUA, urriaren 3koa, «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» arautu eta 2023ko deialdia egitekoa.
Adinekoen arloko lagunkoitasun-mugimendua 2005. urtean sortu zen, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) sustatuta, Rio de Janeiroko XVIII. Gerontologia Batzarrean (Age-Friendly Cities). Mundu mailako biztanleriaren bi joera hauek piztu zuten mugimendua: zahartze demografikoak eta urbanizazio-prozesuak. Zahartze Aktiboaren paradigmaren teorian oinarritzen da, eta 2002an definitu zen paradigma hori: osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukerak optimizatzeko, eta zahartu ahala jendearen bizi-kalitatea hobetzeko prozesua da.
Beraz, OMEren arabera ingurune lagunkoiak bizitza independentearen, zahartze aktiboaren eta autonomia pertsonalaren alde egiten du, osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukeren optimizazioa bultzatuz, jendearen bizi-kalitatea hobetzeko. Zahartze aktiboa sustatzen duten hiri-ingurune integratzaile eta irisgarriak, horiexek dira adinekoentzako udalerri lagunkoiak. Udalerri lagunkoiek beren egitura eta zerbitzuak berrantolatzen dituzte pertsona guztiei kalitate, segurtasun eta erosotasun ezin hobeak eskaintzeko, haien gaitasunak edozein direlarik ere. Horrela, bizitza sozialeko alor guztietako parte-hartzea sustatzen dute.
Testuinguru horren barruan sortu zen «Euskadi Lagunkoia» proiektua. Herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzeko ekimena da, Euskadin lagunkoitasunaren aldeko mugimendu bat garatzeko, eta, horrekin batera, zahartzen ari diren pertsonentzako bizitza-ingurune ahalbidetzaileak sustatzeko.
Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren helburua da, adinekoentzako ingurune ahalbidetzaileak sortzeko asmoz, merezi duten aintzatespena ematea lagunkoitasun berritzaile eta eraginkorrak dakartzaten jardunbide egokiei.
Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren lehen edizioa 2019an egin zen, eta, harrezkero, urtero arautu eta deitu da. Lagunkoitasunaren arloan jardun diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde, organismo eta pertsonen ahaleginak sustatu, baloratu eta aitortzea oso interesgarria denez, gizarte-politiken arloan eskumena duen sailaren asmoa da sari hori urtero deitzea, eta, horretarako, 2023ko ekitaldiari dagokion deialdia egingo da honen bidez, dekretu honen hirugarren xedapen gehigarrian jasota dagoen bezala.
Horrenbestez, dagozkion nahitaezko txostenak eman ondoren, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko urriaren 3an eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da «Adineko pertsonentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» emateko modua arautzea. Sari horren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoentzako ingurune ahalbidetzaileak sortzeko berrikuntza eta eraginkortasunagatik (lagunkoitasunari dagokionez) nabarmentzen diren praktikak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuak publikoki aintzatestea.
Ondorio horretarako, lagunkoitzat hartzen da hiri-ingurune integratzaile eta irisgarria osatzen saiatzen den faktorea, zahartze aktiboa sustatzen duena adinekoen osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukeren optimizazioa landuz. Horrela, pertsona horien parte-hartzea ahalbidetzen da bizitza sozialeko alor guztietan.
2. artikulua.– Saria.
1.– Saria emateko, kontuan hartuko da zein praktika nabarmendu den gehien, lagunkoitasunari dagokionez, ingurune ahalbidetzaileak sortzeko praktika berritzaile eta eraginkorrak dituelako. Diru-kopurua Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako urte arteko KPIaren azken indizearen arabera eguneratuko da.
2.– Halaber, bai saritutako jardunbidea bai oinarri hauetan jasotako adinekoentzako lagunkoitasun-jardunbide egokiak betetzen dituzten hautagaitzak, betiere dekretu honen 11. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako puntuazioa betez gero, «Euskadi Lagunkoia» atariaren Jardunbide Egokien Katalogoan jasoko dira, eta atariarekin lotutako webgunean argitaratuko.
3. artikulua.– Deialdia.
Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuak deituko du urtero. Deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, hautagaitzak aurkezteko epea, esku-hartzearen arloa, hautatutako gaia, saria zenbatekoa den, eta epaimahaikideen izendapena.
4. artikulua.– Jardunbideek bete beharreko baldintzak.
1.– Hautagaitzek lotura izan beharko dute adinekoei begira lagunkoitasun-jardunbide egokitzat jotzen diren jarduketekin, eta halakotzat joko dira deialdi honetan parte hartzeko eskaera aurkezterakoan artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten ekimenak, esperientziak eta esku-hartzeak.
2.– Bizi-ingurune ahalbidetzaileen alde egin behar dute honako esku-hartze alor hauetako batean edo gehiagotan:
a) Kanpoko espazioak eta eraikinak.
b) Garraioa.
c) Etxebizitza.
d) Parte-hartzea eta gizarte-ehuna.
e) Errespetua eta inklusioa.
f) Herritarren parte-hartzea eta enplegua.
g) Komunikazioa eta informazioa.
h) Gizarte- eta osasun-zerbitzuak.
3.– Era berean, jarduera horiek bete egin beharko dute Unesco erakundeak «Management of Social Transformation» programaren (2003) esparruan zehaztutako baldintza hauetakoren bat:
a) Berrikuntza: konponbide berri edo sortzaileak garatzea.
b) Eraginkortasuna: berrikuntzaren gaineko eragin positibo eta nabarmena frogatzea.
c) Jasangarritasuna: eskakizun sozial, ekonomiko eta naturalengatik luzaroan mantendu daiteke eta efektu iraunkorrak izan ditzake.
d) Errepikatzeko modukoa izatea: beste toki batzuetan politikak, ekimenak eta jarduketak garatzeko eredu izan behar du.
4.– Urteko deialdi bakoitzean, «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» zein gairi buruzkoa izango den adieraziko da, bai eta zer arlotako esku-hartzea den ere (artikulu honen 2. puntuan adierazitakoetatik).
Horretarako, gaia urtero hautatuko da prozesu baten bidez. Prozesu horretan, «Euskadi Lagunkoia» sarea osatzen duten udalerriek parte hartuko dute.
Urteko deialdiaren aginduan adierazitako gaiarekin bat ez datozen eskabideak agindu horretatik kanpo geratuko dira.
5. artikulua.– Sariaren kudeaketa.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaria izango da organo kudeatzailea.
6. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztea.
Euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeek aurkez dezakete «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sarirako» hautagaitza (Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 4. artikuluan zehaztutakoaren arabera), bai eta jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duten pertsona juridiko pribatuek ere.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Izapidetzea bide elektronikoz egin beharko da ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
2.– Espedienterako sarbidea eta eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
8. artikulua.– Eskabidea, eta horrekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira urteko deialdiaren Aginduan adierazitako epean. Epe hori ezin da izan hilabete baino laburragoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabide-orri elektronikoa eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089404
2.– Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Erakundearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta eskabidea sinatu duen pertsona ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan. Hona hemen ordezkarientzako sarbidea: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu
b) Azalpen-memoria bat, saria eskuratzeko aurkezten den jardunbidearen ezaugarriak eta xehetasunak azaltzeko. Horrekin batera, aipatutako memorian jasotako informazioa egiaztatzeko beharrezko dokumentuak ere aurkeztuko dira, baita epaimahaiak baloratu beharrekotzat jotzen direnak ere, saria lortze aldera.
Erakundeek bete beharreko memoriaren eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089404
3.– Urteko deialdira biltzen diren erakunde guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkezteko epea amaitu aurretik:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
b) Dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan.
c) Ez izatea laguntza publikoak jasotzeko aukera ukatzen duen zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duen legezko debekurik ere.
d) Ez egotea sexu-diskriminazioagatik zehapen administratibo edo penalik betetzen, eta ez egotea debeku horrekin zigortuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta13.3 artikuluetan aurreikusitako inongo egoeratan.
Adierazitako betekizunak erantzukizunpeko adierazpen bidez justifikatuko dira, eskabide elektronikoaren formularioan jasotakoaren arabera.
a) letran eskatutako baldintza betetzeari dagokionez, erakundeak adierazi beharko du, bere erantzukizunpean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan jasotako baldintzetan, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko aginduaren baldintzetan. Hala eta guztiz ere, Gizarte Zerbitzuen arloan eskumena duen Zuzendaritzak saria eman aurretik egiaztatuko du saria emateko proposatutako erakundeari dagozkion betebehar horiek betetzen dituela.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Eskabideak ez baditu betetzen Dekretu honetan jasotako baldintza guztiak, edo osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
10. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Hautagaitzak ebaluatu eta saria merezi duen hautatzeko, epaimahai bat eratuko da urtero. Epaimahai hori Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariek eta adinekoen arloan lan egiten duten Euskadiko hirugarren sektore sozialeko elkarte eta entitateen eta berrikuntza sozialeko entitateen ordezkariek osatuko dute.
2.– Gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuordea izango da epaimahaiburu.
3.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikitako norbait izango da epaimahaiko idazkaria, eta hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Epaimahaiaren osaera «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren» urteroko deialdi-aginduan argitaratuko da.
5.– Epaimahaiaren jarduerek eta epaimahaikideen abstentziorako eta ezespenerako araubideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea izango dute arau.
6.– Epaimahaiko norbait falta bada, ez badago, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, ordezkoek ordezkatuko dituzte epaimahaikideak.
7.– Bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko moduan egotekotan, behar bezala eratu behar da epaimahaia. Horretarako, kideetako lauk egon behar dute bertan, gutxienez, eta horien artean, batzordeburuak eta idazkariak, edo haien ordezkariak.
8.– Erabakiak botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, batzordeburuak ebatziko du, kalitatezko botoa baliatuz. Erabakiak baliozkoak izateko, beharrezkoa izango da presidentea eta idazkaria edo haien ordezkoak bertan egotea, eta, edonola ere, kideetako lauk bertan egon behar dute, gutxienez.
Epaimahaiko idazkariak erabakitzen diren jarduera eta akordio guztien akta egingo du. Akta horretan, sariaren erabakia oinarritzen duen irizpen arrazoitua jaso beharko da.
9.– Epaimahaiaren osaeran trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, hargatik eragotzi gabe Legegintzako Dekretu horren 3. artikuluaren 10 d) apartatuan xedatutakoa. Hori guztia Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak betez.
Kasu horretarako, ordezkaritza orekatua zera da: lau kide baino gehiago dituzten epaimahaietan edo antzeko organoetan sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza izatea. Gainerako kasuetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean izango da orekatua.
11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Esleipen-proposamena prestatzeko, epaimahaiak 90 puntu emango ditu gehienez, honako irizpide hauen arabera:
Izaera berritzailea: 30 puntu.
Lagunkoitasunari heltzeko orduan aurrerapenak eta hobekuntzak ekarriko dituzten ekintza eta metodologia berriak edo sortzaileak garatzea (10 puntu).
Transferigarritasuna: hedatzeko edo beste nonbait egiteko modukoa izatea (10 puntu).
Ekintzen diseinuan, ebaluazioan eta ezarpenean herritarren parte-hartzea sustatzea (10 puntu).
Proiektuaren kaudimena eta kalitate teknikoa: 25 puntu.
Diagnostikoa: ekimenak edo proiektuak identifikatutako premia bati erantzuten dio, hasierako ebaluazio arduratsu eta helburu zehatz eta errealista eginda duenez (10 puntu).
Ebidentzian oinarritutako metodologia darabil (5 puntu).
Jasangarritasuna: luzaroan landu daiteke eta ondorio iraunkorrak izan ditzake etorkizunerako jarduera-proiektuen bidez (10 puntu).
Ebaluazioa (20 puntu).
Ebaluazio- eta jarraipen-sistema (10 puntu).
Helburuak betetzea eta lortutako emaitzak (10 puntu).
Proiektuaren plangintzan, garapenean eta ebaluazioan genero-ikuspegia txertatzea (emakumeen eta gizonen egoera, baldintza eta premia desberdinak sistematikoki kontuan hartzea) (15 puntu).
Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko jarduketa espezifikoak (15 puntu).
2.– Saria jaso ahal izateko gutxienez 60 puntu eskuratu beharko dira.
Saria puntuazio altuena lortzen duen hautagaitzak lortuko du.
12. artikulua.– Saria ebaztea.
1.– Epaimahaiak, aurreko artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera hautagaitzak aztertu eta balioetsi ondoren, saria emateko edo deialdia hutsik uzteko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu, eta gizarte-politiken arloan eskumena duen sailburuari helaraziko dio proposamena.
2.– Ebazpen hori gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, dagokion urteko deialdi-agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez badu, aurkeztutako hautagaitzak ezetsitzat eta deialdia hutsik geratu dela ulertuko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera. Hala ere, berariazko ebazpena eman beharra ez da alde batera utziko. Hala dauka xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak.
3.– Epaimahaiak deialdia hutsik deklaratzeko proposamena egingo du honako kasu hauetan:
a) Hautagaitzetako batek ere ez baditu betetzen dekretu honetan jardunbide egokiei begira zehaztutako baldintzak (4. oinarrian ezarritakoaren arabera).
b) Hautagaitzetako batek ere ez badu lortu saria jasotzeko gutxieneko puntuazioa, 11. artikuluaren 2. apartatuan zehaztutakoa.
4.– Epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, sailburuak saria emateko edo deialdia hutsik uzteko agindua emango du. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean jakinaraziko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu
5.– Sailburuak agindua ematen duenean (saria emateko zein deialdia hutsik uzteko), administrazio-bidea agortuko denez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera izango da, organo berari aurkeztuta, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
13. artikulua.– Saria onartzea.
Saria irabazi izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo sei lanegunetan erakunde sarituak ez badio berariaz eta idazki bidez uko egiten, onartutzat joko da saria.
14. artikulua.– Saria ematea.
1.– Saria ekitaldi publikoan emango da. Erakunde sarituari garaiz jakinaraziko zaio noiz izango den.
2.– Ekitaldi horretan, erakunde sarituak labur azalduko ditu aurkeztutako praktikaren xehetasunak, eta emandako sariaren zenbatekoa adierazten duen txeke bat emango zaio.
15. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak eta saria itzultzea.
1.– Erakunde onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko du, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eginkizunak betez.
2.– Saria ematea eragin zuten egitateak faltsuak direla eta aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrak betetzen ez direla agerian uzten duten egitateak frogatuta geratzen badira, saria itzuli egin beharko da.
3.– Sariaren zenbatekoa itzuli behar dela iritziz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera jokatu beharko da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen tratamendua.
Sari hau kudeatzeko eskuratutako datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen mende egongo da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aplikatu beharreko araudia.
«Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» xedapen hauen mende dago: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, eta aplikatzekoak diren gainerako indarreko arauen mende ere bai.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– «Adinekoentzako Lagunkoitasun-Jardunbide Egokien Saria», 2023.
1.– Xedapen hau Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren 2023ko deialdia egiteko da.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Izapidetzea bide elektronikoz egin beharko da ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089404
4.– Deialdi hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren babesean egiten da. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez onartu zen plan hori eta indarrean dago gaur egun.
Dirulaguntzen Plan Estrategikoa - Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
5.– Deialdi honetako «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariaren» esku-hartze arloa parte-hartzea eta gizarte-sarea izango dira.
Horretarako, parte-hartze soziala eta herritartasun aktiboa sustatzea da hautatu den gaia.
6.– Saria 3.000 eurokoa izango da.
7.– Xedapen honetan argitara emango da 2023ko Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sarirako epaimahaiaren osaera:
– Presidentea: Lide Amilibia Bergaretxe, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea.
Ordezkoa: Marian Olabarrieta Ibarrondo, Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.
– Bokalak:
1.– Antonio Campos Illarramendi, Helduak Adi! Asociación Red Social de Euskadi por un Plan Integral de Participación de las Personas Mayores Elkarteko presidentea.
Ordezkoa: Lourdes Lope Gorrotxategi, Helduak Adi! Asociación Red Social de Euskadi por un Plan Integral de Participación de las Personas Mayores Elkarteko bokala.
2.– Jose Luis Agirre Etxebarria, Asociación Seniors para la cooperación técnica Secot Elkarteko presidentea.
Ordezkoa: Jorge García Cámara, Asociación Seniors para la cooperación técnica Secot Elkarteko bokala.
3.– Felix Elcoroiribe Aguirre, Federación Gipuzkoana de jubilados y pensionistas «Agijupens» Erretiratu eta pentsiodunen Gizarte zentroen Gipuzkoako Federazioa Federazioko presidentea.
Ordezkoa: Alberto Saez de Viteri Fernández, Federación Gipuzkoana de jubilados y pensionistas «Agijupens» Erretiratu eta pentsiodunen Gizarte zentroen Gipuzkoako Federazioa Federazioko bazkide laguntzailea.
4.– Luis Carlos Matias Calvo, Asociación Provincial de Pensionistas, Jubilados y Viudas de Álava «Las Cuatro Torres» Elkarteko presidentea.
Ordezkoa: José Arellano Marquínez, Asociación Provincial de Pensionistas, Jubilados y Viudas de Álava «Las Cuatro Torres» Elkarteko presidenteordea.
5.– Celia Gómez Póveda, Lares Euskadi Elkarteko presidentea.
Ordezkoa: Ladislao Arriola Peña, Lares Euskadi Elkarteko presidenteordea.
6.– Beatriz Gázquez Delgado, 3D Social Movement-eko kudeatzailea.
Ordezkoa: Beatriz Jiménez González, 3D Social Movement-eko aholkularia.
7.– M.ª Jesús Goikoetxea Iturregui, Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultatekoa.
Ordezkoa: Brígida Argote Martínez de Lagrán, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Adinekoen Arloko zuzendariorde teknikoa.
– Idazkaria:
– Saioa Landa Ayo, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako teknikaria.
Ordezkoa: Igone Magunagoitia Moreno, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako teknikaria.
8.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatuko dira eta «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.
Helburua: «Adinekoentzako Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» sariaren kudeaketa.
Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzearen alde egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.
Hartzaileak: ez da datuen komunikaziorik aurreikusten.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/160500-capa1-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 3an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS