Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2023ko urriaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4778

144/2023 DEKRETUA, urriaren 3koa, Alday Fundazioa erakundea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Zerbitzu Sozialei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluak xedatzen duenez, gizarte-interesekotzat deklaratu ahal izango dira zerbitzu sozialak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du Alday Fundazioa erakundeak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi bezala, Alday Fundazioa erakundea 1933. urtean eratu zen. Erakundeak helburu hauek ditu:

a) Adinekoei gizarte-arreta ematea, beste prestazio batzuen artean ostatua, mantenua, zaintza eta laguntza fakultatiboa emanez, azken hori dituen baliabide pertsonal eta materialetara egokitutako neurrian.

Eta, oro har, ongintzako, laguntzako eta sustapen soziokulturaleko zerbitzuak ematea, Aiaraldean jaiotakoak eta hango herritarrak bereziki aintzat hartuta.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2018tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan. Batez ere Arabako Lurralde Historikoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.

Ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, eta 2023ko urriaren 3ko Gobernu Kontseiluak proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Alday Fundazioa erakundea gizarte-interesekoa dela deklaratzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Alday Fundazioa erakundeari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko urriaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala