Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2023ko urriaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4773

EBAZPENA, 2023ko urriaren 9koa, Industria Administrazioko Arabako lurralde- ordezkariarena. Honen bidez, aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen da Lantarón udalerrian 4,995 Mwn / 6,240 Mwp-ko eta 30 kV-ko sareari lotutako «Lantarón» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako.

Espediente zk.: 01GEY 202200012.

AURREKARIAK

2022-09-12an, FV Comunión I, SL enpresak eskatu zituen aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena Lantarongo udalerrian 4,995 Mwn / 6,240 Mwp-ko eta 30 kV-ko sareari lotutako «Lantaron» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako. Era berean, proiektuaren ingurumen-agiria aurkeztu zen, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar baitzitzaion.

Proiektuaren xede den instalazioak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricos Inteligentes, SAU enpresa banatzaileak emana 2022ko maiatzaren 10ean.

2023ko martxoaren 13an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera osatu zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan.

2023ko uztailaren 18an EHAAn argitara eman zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpen bat, honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen duena: Arabako Lantaron udalerrian FV Comunión I-ek sustatutako «Comunión I» instalazio fotovoltaikoa. Txostenean aipatzen da ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Sail honek dagokion separata bidali zion Lantarongo Udalari. Udal horren txostenak jaso ziren, eta sustatzaileari helarazi zitzaizkion. Sustatzaileak ados zegoela adierazi zuen.

2023ko urriaren 6an, dokumentazio osagarria aurkeztu zen, hain zuzen ere instalazio fotovoltaikoaren inguruan dagoen Red Eléctrica de España SAren goi-tentsioko linea elektrikoaren zortasunei buruzko araudia betetzen dela justifikatzeko

ZUZENBIDE OINARRIAK

1.– Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Espediente hau izapidetzerakoan, Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuak ezarritako xedapenak bete dira, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin bat etorriz.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– FV Comunión I, SLri aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea Lantarongo udalerrian 4,995Mwn/6,240Mwp-ko eta 30 kV-ko sareari lotutako «Lantaron» instalazio fotovoltaikoaren proiektuari dagokion instalaziorako. Hona proiektuaren ezaugarriak:

4,995 MW-ko potentzia nominala duen planta fotovoltaikoa, Lantarongo udalerriko 4. poligonoko 796. partzelan kokatua.

– 10400 panel fotovoltaiko, 600 Wp-koak.

– 24 inbertitzaile, 200 kW-koak.

– Inbertitzaile 1, 195 kW-koa.

– 2 transformazio-zentro, bakoitza 0,8/30 kV eta 3250 KVA-koa. Gainazalerako eraikin aurrefabrikatu trinko batean.

– ETko gelaxken bidezko sekzionamendu-zentro bat, gainazalerako aurrefabrikatutako eraikin batean (4L+SSAA+Remonte+P (urrunetik kontrolatua) +M+1L).

– Comunion II parke fotovoltaikoaren sekzionamendu zentrotik ebakuatzeko 30 KV-ko linea elektrikoa. Zentro hori aireko eta lurpeko lotura bikoitzaren bidez lotuta dago «LAMT – L1, Miranda – Puentelarra» banatzeko sarean (65. eta 66. euskarrien artean).

Ebazpen hau ematen da baldintza orokor hauek kontuan hartuz:

Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.

Proiektuan ezarritako neurriez gain, 2023ko ekainaren 21ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako proiektuaren ingurumen-txostenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira. Neurri horiek obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartu beharko dira, eta horiek betetzea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ebazpen honen eranskinean daude jasota.

Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.

Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du.

Sorkuntza-instalazioa ixteko, aldez aurreko administrazio-baimena beharko da, 48/2020 Dekretuaren VI. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideei kalte egin gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 9a.

Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkaria,

PEDRO RODRÍGUEZ DÍAZ.

ERANSKINA
INGURUMEN-INPAKTUAREN TXOSTENEAN EZARRITAKO NEURRI BABESLE ETA ZUZENTZAILEAK

Natura-ondarea babesteko neurriak

– Bai obrak bai lurzorua okupatzen duten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Parke fotovoltaikoa instalatzeko landaredi belarkara kentzean, behar-beharrezkoa dena bakarrik kenduko da, eta instalazioaren kanpoko ertzetan edo mugetan dagoen zuhaixka- eta zuhaitz-landaredia mantendu behar da, bai eta energia ekoizteko jarduera nabarmen oztopatzen ez den eremuetan ere. Bereziki, Batasunaren lehentasunezko intereseko 6220 «Brachypodium retusum larre xerofiloak» habitata duten landaredi-bandak babestuko dira. Habitat hori lurzatiaren hego-mendebaldeko perimetroan dago, baita linea elektrikoa lurpean instalatzea aurreikusi den bidearekin mugakide diren azaleretan ere.

– Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Obrak egin aurretik, sasi-garbitzeak eta lur-mugimenduak egiten diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, zeinaren helburua izango baita fauna aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatzea, halakorik ez suntsitzeko.

– Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, eta modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira, aztertu den dokumentazioan zehazten denari jarraikiz; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.

– Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroa egiten diren leku guztietan; landare-lur hori modu selektiboan kenduko da, eta landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.

– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

– Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta barrera-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Sareak 15 cm-ko altuera eta 30 cm-ko zabalera izango du beheko aldean, eta 500 metrotik behin katazuloak instalatuko dira. Hesia lurzorura finkatu gabe egongo da, eta ez du tenkatze-kablerik izango, ezta faunaren joan-etorriak eragotzi edo oztopatuko dituen ezein elementu ere.

– Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, landare-hesi bat jarriko da instalazioaren perimetro osoan: 5 m-ko zabalerako landare-zerrenda bat jarriko da, zuhaixka-espezie autoktonoekin. Horrela, instalazio fotovoltaikoa gutxiago ikusiko da.

– Landaredi autoktonoa landatzeko lan horietan, gutxienez, eragiketa hauek egin behar dira:

• Lursaila aldez aurretik destrinkotzea, modelatzea eta profilatzea, forma fisiografiko egokia emateko eta behar bezala doitzeko lursail naturalarekin kontaktuan eta trantsizioan dauden eremuetan.

• Gutxienez 0,3 m-ko kalitatezko landare-lurra duen geruza bat gehitzea eta ondoren xehetasunez profilatzea.

• Lurzorua lantzeko eta birrintzeko eta ondoren fintzeko lanak egitea, ereite eta hidroereiterako gainazalak behar bezala prestatzeko.

– Honako hauek izango dira jarduketa-eremuetan egin beharreko zuhaixka-espezieen landaketen ezaugarriak (ingurumen-dokumentuan adierazitako espezieak eta jarduketa-eremuko baldintza edafiko eta klimatikoetara egokitu daitezkeen antzeko beste batzuk):

Metro batetik beherako aleak. Landareen arteko distantzia: 1,5 m-tik 2 m-ra. Zuloaren gutxieneko neurria: 0,4*0,4*0,4 m.

Landareak sartu ondoren, zuloa edo zanga beteko da: hondoan, kalitatezko landare-lurra jarriko da, behar bezala trinkotutako 20 cm-ko geruzatan, 1/3 hareaz edo legarrez medeatuta, iragazkortasuna handitzeko; ondoren, kilo bat ongarri organiko konpostatu gehituko zaio.

Zuloa kalitatezko lurrekin bete ondoren, 40 cm-ko erradioa eta 10 cm-ko kabailoi-altuera duen zuhaitz-txorko bat egingo da gainazalean, eta ureztatu egingo da (50 l/landare).

Oso gomendagarria da landare guztien oinarrian belarren aurkako oinarri-babesgarri bat jartzea, «Horsol» motakoa, 110 g/m2-koa, metro bateko zabalera duena. Alde bakoitzean 20 cm lurperatuko dira, ondo ainguratzeko, eta 0,6 m utziko dira agerian.

Landatzeko garaia: abendua-otsaila.

Bermatu beharko da zurezko landare-estalduraren mantentze-lanak egingo direla ezarpenaren hasierako aldian, behin betiko sustraitzea eta ezartzea ziurtatzeko. Honako hauek aurreikusi beharko dira: ur-eskasiaren sasoian ureztatzea, hildako landareak birjartzea, oinarri babesgarriak eta zurkaitzak lehengoratzea, ongarritzea, konformazio-inausketak, belar-sastrakak kentzea, etab.

– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira. Era berean, eta ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-eremutik.

– Obra amaitu ondoko bi urteetan, lehengoratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.

– Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, eremuko lurgaineko jariatze-urak biltzea baloratuko da, punturik baxuenean eraikiko den dekantazio-putzu txiki baterantz. Putzu edo hezegune hori eremu hezeetako berezko landarediarekin lehengoratu beharko litzateke; horrela, hasierako faseetatik, basafaunarentzako babesleku izango da, eta, bereziki, anfibioen ugalketarako habitaterako onuragarria izango da.

– Ustiatze-fasean, instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioak hartzen duen azalerako landaretza kontrolatzeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean eta hark funtzionatzean sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan balorizatzea lehenetsiko da, baita erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan ere. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kuboen barruan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak iraultzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Garbiketa eta obren akabera.

– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Jarduera etetea.

Jarduera uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanak neurri babesle eta zuzentzaile batzuk aplikatuz egingo dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.


Azterketa dokumentala