
200. zk., 2023ko urriaren 19a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (167 KB - 6 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4772
EBAZPENA, 2023ko urriaren 6koa, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitira «4,995 MWn / 6,240 MWp-ko «Comunión I» instalazio fotovoltaikoa, 30 kVko sarearekin lotura duena» proiektuari dagokion instalaziorako, Lantaron udalerrian.
Espediente-zk.: 01GEY 202200009.
AURREKARIAK
2022-09-11n, FV Comunión I, SL enpresak aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena eskatu zituen «4,995 MWn / 6,240 MWp-ko «Comunión I» instalazio fotovoltaikoa, 30 kVko sarearekin lotura duena» proiektuari dagokion instalaziorako, Lantaron udalerrian. Era berean, proiektuaren ingurumen-dokumentua aurkeztu zen, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua behar baitzuen.
Proiektuaren xede den instalazioak sarbide- eta konexio-baimena du, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU enpresa banatzaileak eman baitzion 2022ko martxoaren 25ean.
2023ko otsailaren 23an, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera osatu zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan.
2023ko ekainaren 21ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpen bat argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta, ebazpen horren bitartez, ingurumen-inpaktuaren txostena egin zen «Comunión I» instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, FV Comunión I SLk sustatuta Lantaron udalerrian (Araba). Ebazpen horretan adierazitakoaren arabera, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, ez da beharrezkoa jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Horri buruzko separata bidali zitzaion Lantarongo Udalari. Udalaren txostenak jaso ziren, eta sustatzaileari helarazi zitzaizkion. Sustatzaileak ados zegoela adierazi zuen.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzaren eskumena da espediente hau izapidetu eta ebaztea, hala xedatuta baitago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan.
2.– Espediente hau izapidetzean bete egin dira Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituen martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuak ezarritako preskripzioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearekin bat etorriz.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariak hau
EBAZTEN DU:
1.– Aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematea FV Comunión I, SL enpresari «4,995 MWn / 6,240 MWp-ko «Comunión I» instalazio fotovoltaikoa, 30 kVko sarearekin lotura duena» proiektuari dagokion instalaziorako, Lantaron udalerrian. Hauek dira ezaugarriak:
4,995 MW-ko potentzia nominala duen instalazio fotovoltaikoa, Lantaron udalerriko 6. poligonoko 326. partzelan.
– 10.400 panel fotovoltaiko, 600 Wp-koak.
– 200 kW-ko 24 inbertsore eta 195 kW-ko inbertsore bat.
– 0,8/30 kV-ko 2 transformazio-zentro, bakoitza 3250 kVA-koa, aterpez kanpoko transformadorea eta ETko gelaxkak dituztenak, gainazaleko eraikin prefabrikatu trinkoan.
– CT1 eta CT2 lotzeko lurpeko linea, 30 kV-koa, 472 m-ko luzerakoa.
– 30 kV-ko lurpeko linea, CT1etik ebaketa-zentroraino, 434 m-ko luzerakoa
– Ebaketa-zentroa, ETko gelaxken bidez, gainazaleko eraikin prefabrikatuan.
– Instalazio fotovoltaikoaren ebakuazio-lineak, 30 kV-ko lurpekoak, aireko eta lurpeko lotune batean sartu eta irteteko, banaketa-sarearen LAMT-L1 linean (SET Puentelarrá) egin behar dela, ebaketa-zentrotik, 15 m-ko luzerarekin.
Baldintza orokor hauen arabera ematen da ebazpen hau:
Onartutako proiektuari eta, behar izanez gero, eskatzen eta baimentzen diren aldaketei men eginez burutu beharko dira obrak.
Proiektuan ezarritako neurriez gain, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostenean adierazitako neurri babesle eta zuzentzaileak ere hartu beharko dira (2023ko ekainaren 21ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian). Neurri horiek obra kontratatzeko baldintza-agirien artean sartu beharko dira, eta horiek bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute. Ebazpen honen eranskinean daude jasota.
Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ez bada instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu, iraungitzat jo ahal izango da ebazpen hau.
Instalazioen titularrak, proiektua gauzatu ondoren, eta arauzko egiaztapenak egin ondoren, obrak amaitu direla jakinaraziko dio Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzari, ustiatzeko eta martxan jartzeko baimena eman dezan. Horrekin batera, aplikatu beharreko erregelamendu teknikoetan adierazten den dokumentazioa aurkeztuko du.
Sortzeko instalazioa ixteko, aurretiko administrazio-baimena beharko da, 48/2020 Dekretuaren VI. kapituluan xedatutakoaren arabera.
Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da, eta jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 6a.
Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkaria,
PEDRO RODRÍGUEZ DÍAZ.
ERANSKINA
INGURUMEN-INPAKTUAREN TXOSTENEAN EZARRITAKO NEURRI BABESLE ETA ZUZENTZAILEAK
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan egingo dira. Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira. Adierazitako eremutik kanpo istripuz eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.
– Obrak egin aurretik, sasi-garbiketak eta lur-mugimenduak egingo diren eremuen prospekzio zehatza egin behar da, fauna aleak eta habiak, gordelekuak edo txitaldiak topatu, eta ez suntsitzeko.
– Lur-mugimenduak minimizatu egingo dira, eta modulu fotovoltaikoak zimendurik gabe eta lur naturalaren gainean kokatuko dira, aztertu den dokumentazioan zehazten denari jarraikiz; horrela, lurzoruaren jatorrizko profila aldatzea saihestuko da. Era berean, panelak muntatzeko etapak planifikatuko dira, materialak pilatzeko guneen azalera murrizteko eta horiek parke fotovoltaikoaren mugaketaren barruan kokatzeko, alboko eremuak okupatu gabe.
– Landare-lurra modu selektiboan kenduko da zangak, transformazio-zentroak eta ebaketa-zentroa egiten diren leku guztietan; landare-lur hori landareztatzeko lanetan berrerabiliko da. Instalazioko gainerako lurrazaletan lurzoruaren gainazaleko horizontea in situ gordeko da.
– Jarduketak gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.
– Instalazio fotovoltaikoaren perimetroko hesiak fauna bertatik igarotzeko modukoa izan behar du, eta hesi-efektua ekidin. Beraz, ez da elementu puntazorrotzik edo ebakitzailerik erabiliko. Sare-bilbeak 15 cm-ko altuera eta 30 cm-ko zabalera izango du beheko aldean, eta 500 metrotik behin katazuloak instalatuko dira. Hesia lurzorura finkatu gabe egongo da, eta ez du tenkatze-kablerik izango, ezta faunaren joan-etorriak eragotzi edo oztopatuko dituen ezein elementu ere.
– Sustatzaileak aurkeztu duen dokumentazioaren arabera, landare-hesi bat jarriko da instalazioaren perimetro osoan, 5 m-ko zabalerako landare-hesia, zuhaixka-espezie autoktonoak landatuta; horrekin, eguzki-instalazioaren ikus-inpaktua txikiagoa izango da.
– Ahalmen inbaditzaileko landare-espezie aloktonoak kentzeko eta ugaltzea ekiditeko neurriak hartuko dira. Era berean, eta ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-guneetatik.
– Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar bada, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.
– Instalazio fotovoltaikoaren barruan, landaredia kontrolatzeko, bitarteko mekanikoak erabiliko dira, ahal dela, ardi-aziendaren larratzearen bidez. Edonola ere, debekatuta dago herbizidak erabiltzea instalazioko landaretza naturala kontrolatzeko.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Proiektua gauzatzean eta hark funtzionatzean sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean (12.etik 10. orrialdea) eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
– Hondakinak deuseztatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.
– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan balorizatzea lehenetsiko da, baita erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan ere. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.
– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.
– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa betez, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.
Garbiketa eta obren akabera.
– Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.
Jarduera etetea.
Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetarako neurri babesle eta zuzentzaile batzuk aplikatuz egingo dira, eraikitze-lanetarako ezarri zirenen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez. Eraispen-prozesuan okupatutako azalera guztiak leheneratu beharko dira.
RSS