Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2023ko urriaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4688

EBAZPENA, 2023ko irailaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bitartez Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita eraikigarriak ez diren lurzoru pribatuei, ekipamenduetarako lurzati publikoen erabilera osagarriei eta UI- 1 sektorearen plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez.

AURREKARIAK

2023ko ekainaren 19an, Abadiñoko Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskaera osatu zuen Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura hasteko, eraikigarriak ez diren lurzoru pribatuei, ekipamenduetarako lurzati publikoen erabilera osagarriei eta U.I.- 1 sektorearen plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia jasotzen zuena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikulua aplikatuta, 2023ko uztailaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Abadiñoko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horren gaineko interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea bukatuta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketa –lurzoru pribatuei, ekipamenduetarako lurzati publikoen erabilera osagarriei eta U.I.- 1 sektorearen plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez– abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen dira; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-agiri estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean ondore adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea eraikigarriak ez diren lurzoru pribatuei, ekipamenduetarako lurzati publikoen erabilera osagarriei eta U.I.- 1 sektoreko plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez. Hona hemen baldintzak:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketaren helburuak dira, alde batetik, Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketa egitea, batetik, bizitegiko hiri-lurzoruan, baimendu daitezkeen instalazioak eta eraikinaren eta lurzatiko mugen (berdegune pribatuak) arteko espazioetan ezartzeko baldintzak arautzeko, eta, bestetik, lurzati berean, erabilera bateragarriak, osagarriak edo bestelakoak ahalbidetzen dituzten baldintzak arautzeko.

Gainera, Planean proposatzen da U.I.- 1 industria-sektorearen plan partzialaren barruko aldaketa bat egitea. Bertan proposatzen da lurzati horren barnean baimentzea elikagai-produktuak eta etxerako eta pertsonentzako ekipamenduetakoak saltzeko erabilerak, alor hori arautzen duen plan partzialaren araudiko C kategoriako merkataritza-erabileran.

Ingurumen-agiri estrategikoan 0. aukera (ez jardutea) eta deskribatutako aldaketak egitea proposatzen duen 1. aukera jaso dira. Horretaz gain, berdeguneak definituta ez zeudelako sortzen ziren arazoak konpontzeko eta ekipamendu publikoen erabilerak eta U.I.- 1 industria-sektoreko industria-lurzatien merkataritza-erabilerak zabaltzeko ezarritako irtenbidea justifikatzen da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremua hiri-lurzoru urbanizatua da, eta, beraz, Planak ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean eremuko ingurumen-balioak babesteko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da detektatu Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo esanguratsurik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, uholde-arriskuari, ingurumenari, kultura-ondareari, segurtasun eta osasunari, lurzoru kutsatuei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Eragina pairatu dezakeen eremuaren eta aurreikusten diren ondorioen ezaugarriak:

Planaren xede den eremua osatzen dute udalerriaren hiri-bilbeko lurzoru hauek: Abadiño udalerriko bizitegi-lurzoruen espazio libre pribatuek, ekipamendu-erabilerako lurzatiek eta udalerriko U.I.- 1 lurzoru industrialek eta hirugarren sektorekoek.

Bizitegi-lurzoruan espazio libre pribatuetan baldintza espezifikoak arautzeak, horrelako lurzoruan jabari pribatuko eraikuntzatik sobran dagoen espazio libre guztiari eragiten dio, eta espazio libre pribatu horiek sakabanatuta daude udalerriko bizitegi-lurzoruetan zehar.

Bizitegi-lurzoruetako aldirietan, ekipamendu-erabilerako lurzatiak dira Sociedad Polideportiva Abadiano, Zelaieta ikastetxe publikoa, udaletxea, San Torkuato eliza eta Abadiñoko pilotalekua. Baita hauek ere: Astola futbol-zelaia, Atxarte egoitza eta bere lorategiak, eta, iparraldean, Traña-Matiena auzoko ikastetxe publikoa.

U.I.- 1 industria-sektorea Traña-Matiena auzoaren mendebaldean kokatuta dago, eta, mendebaldean, N-636 errepidea, iparraldean, N-634 errepidea, hegoaldean, BI-3333 errepidea eta, ekialdean, Ibaizabal ibaia ditu. Espazio horretan askotariko merkataritza-eskaintza dago, besteak beste altzarien eta pneumatikoen dendak, makinen fabrikak, ibilgailuetarako ordezko piezak saltzen dituzten dendak, eta zapata- eta kirol-saltokiak, farmazia, ostalaritza-zerbitzuak, askotariko erosketak egiteko lekuak (Eroski) eta gasolindegia.

Planaren eraginpeko eremuan dauden ingurumen-balio eta -arrisku nagusiak honako hauek dira:

– Proposatutako aldaketen eraginpeko eremu gehienak Ibaizabal ibaiaren ibarrean daude, eta bertan, lursailen orografia izugarri laua da.

– EAEko landaredia potentzialaren mapak adierazten duen moduan, planaren aldaketaren xede den zonako landaredia potentzial nagusia haltzadi kantauriarra da ibai-ibilguetatik gertu, eta, gainerako espazioetan, harizti azidofiloa eta/edo harizti-baso misto atlantikoa dago. Hala eta guztiz ere, gaur egun, landaredia potentziala ordezkatuta dago gizakien ekintzarengatik, eta benetako landaredia ez da aipatutakoa. Atxarte egoitzaren ekipamendu-erabilerako lurzatian (non, nagusiki lorategietako landare apaingarriak dauden), hegoalderantz baso misto atlantikoaren orban bat dago, zehazki, egoitzako aparkalekutik mendi-hegalean behera.

Ibaizabal, Sarria, Untxierreka eta Atxarte ibaien ertzetan haltzadi kantauriarreko zenbait azalera daude, eta hori bat dator 91E0* Batasunaren intereseko lehentasuneko habitatarekin (ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra). Oso puntualki hiri-lurzoruan zenbait belardi daude, zehazki, 6510 habitatarekin bat datozenak (Larratu gabeko sega-belardi atlantikoak).

– Azterketa-eremuan identifikatu dira RZPko «espezie mehatxatuen interes bereziko eremuak», sare hidrografikoak Abadiño udalerrian bat egiten baitu Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planak bisoi europarrarentzat ezartzen dituen «interes bereziko eremuekin».

– Kultura-ondasun deklaratutako kultura-ondareko elementu hauek daude: Muntsarazko dorrea, Abadiño dorrea, San Trokaz eliza, Murueta burdinola eta Muntsaratz etxe-dorrea.

– Aldaketaren eremuan (gehienak U.I.- 1 lurzoru industrialaren eta hirugarren sektorekoaren zonan), irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onetsitako «Lurzorua kutsatzen duten edo kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo izan diren lurzoruen inbentarioan» identifikatutako lurzatiak daude.

Indarreko antolamenduarekin sortutakoei dagokienez, aurreikusitakoaren arabera, planak sortu ditzakeen eraginak honako hauek dira:

– Lurzorua okupatzea: Planaren aldaketatik sortzen diren jarduketak artifizializatutako eta hirigintzak aldatutako lurzoruetan egingo dira, eta ez dira egoera naturalean dauden azalera berriak okupatuko, eta lurzoru urbanizaezinak ez dira berriro sailkatuko.

– Landaredia kaltetzea: Atxarte egoitzaren lurzatian (baso misto atlantikoa) Batasunaren intereseko landaredia dago, eta U.I.- 1 sektorean, Ibaizabal ibaiaren ertzetan (haltzadi kantauriarra), planaren aldaketa garatzean, lurzati horietan zerbitzu berriak instalatzeko obrak baimentzeko aukera dago.

– Faunan izango duen eragina: obrak egitean, faunarentzako habitataren kalitatea murrizteko arriskua dago. Hala eta guztiz ere, kontuan hartuta eremua oso antropizatuta dagoela, ez dago Batasunaren intereseko eta/edo mehatxatutako espezieak kaltetzeko arriskurik, eta horregatik, ziurrenik, planak ez du ondorio handirik sortuko faunarengan.

– Kultura-ondarean izango duen eragina: Planaren aldaketa garatzean obrak baimendu ahalko liratekeen ekipamendu-erabilerako lurzatia eta U.I.- 1 merkataritzako eta industriako sektorea bat datoz kultura-ondasun deklaratutako ondare arkeologikoko elementu hauekin: San Trokaz eliza, ekipamendu-erabilerako lurzoruan, eta Murueta burdinola U.I.- 1 sektorean.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan sor daitekeen eragina: Nahiz eta Planak ez duen lurzoruen sailkapena aldatuko, ezta aurreikusitako erabileretan ere, azterketa-eremuan kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzatiak identifikatzeak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei eragin diezaieke.

– Zarata, bibrazioak eta kutsadura atmosferikoa: Planeko obrekin, kalitate akustikoa gutxituko da eta partikula esekiak eta bestelakoak gehituko dira jarduera-esparrutik gertu.

– Hondakinak sortzea: Obrak egitean, eraikuntza-faseko hondakin hauek sortuko dira: obra-hondakinak, obretako material-hondarrak, makinetako olioak, ontziak, etab.

– Mugikortasuna: Ustiapen-fasean, baliteke ekipamenduetako edo elikadura-saltokietako zerbitzu berriak eskaintzen dituzten espazioetara joateko eskaria gehitzea, baina hasiera batean, ekipamendu-erabilerako lurzoruen irisgarritasuna ona da oinezkoentzat eta motordun ibilgailuentzat, bideak eta espaloiak baitaude.

Horrenbestez, eremuaren ezaugarriei eta proposatutako jarduketei erreparatuz, eta aurreikusitako eraginak kontuan hartuta, indarreko legeria betetzen baldin bada, eraginak txikiak izango dira, eta gehienak behin-behinekoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.

3.– Ebazpen honetan honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondore kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketari –eraikigarriak ez diren lurzoru pribatuei, ekipamenduetako lurzati publikoen erabilera osagarriei eta U.I.- 1 sektoreko plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez– ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar ez izateko, betiere Planean ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

• Ingurumen-integrazioarekin eta espazio libreen tratamenduarekin lotutako neurriak:

– Plana proposatzean, eta bereziki berdeguneak diseinatzen direnean, ahalegina egingo da Atxarte egoitzaren lurzatian (baso misto atlantikoa) eta U.I.- 1 sektorean, Ibaizabal ibaiaren ertzetan (haltzari kantauriarra), Batasunaren intereseko landareak beren horretan mantentzeko eta babesteko.

– Lorategiak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan (gomendioak eta neurriak), Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia (2017ko apirila, Eusko Jaurlaritza).

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Arundo donax eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta bermatuko dute lorategi-lanetan erabilitako landare-lurrean flora inbaditzailearen propagulurik ez dagoela.

• Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo gaur egun dituzten lurzoruen gaineko neurriak:

– Planean antolatutako eremuan irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onetsitako «Lurzorua kutsatzen duten edo kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo izan diren lurzoruen inbentarioan» jasota dauden lekuak egoteari dagokionez, Lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

• Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Nahiz eta proposatutako aldaketak halabeharrez kultura-ondarea babestearen aurkakoak ez izan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak ohartarazi du elementu batean obrak egitean desadostasunak baldin badaude arau subsidiarioen aldatutako zehaztapenen eta kultura-ondarea babesteko araudiaren artean, lehentasuna izango duela kultura-ondarea babesteak.

• Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoak, aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Abadiñoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan. Arreta berezia jarriko da 2. eta 3. eraikuntza-eremuetan identifikatutako akuiferoak kutsatzeko arrisku handiko eremuetan.

Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere. Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan zuzenketa-neurriak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketak –eraikigarriak ez diren lurzoru pribatuei, ekipamenduetako lurzati publikoen erabilera osagarriei eta U.I.- 1 sektoreko plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez– ondore kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Abadiñoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Abadiñoko arau subsidiarioen barruko aldaketa –eraikigarriak ez diren lurzoru pribatuen, ekipamenduetarako lurzati publikoen erabilera osagarrien eta U.I.- 1 sektoreko plan partzialaren barruko aldaketari dagokienez, onetsiko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 22a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala