Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2023ko urriaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4687

AGINDUA, 2023ko urriaren 3koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez beste agindu hau aldatzen baita: 2023ko irailaren 12ko Agindua, zeinaren bidez iragartzen baita 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen programa, Euskal Autonomia Erkidegoan inbertsioak egiten dituzten eta, deskarbonizazioaren bidez, beren ekoizpen-prozesu industrialetan ingurumenaren babes-maila hobetzen duten enpresentzat. «Deskarbonizazio Industrialeko Programa».

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2013ko irailaren 12ko Aginduaren bidez, dirulaguntzen programa iragarri zen 2023ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoan inbertsioak egiten dituzten eta, deskarbonizazioaren bidez, beren ekoizpen-prozesu industrialetan ingurumenaren babes-maila hobetzen duten enpresentzat. «Deskarbonizazio Industrialeko Programa» (2023ko irailaren 19ko EHAA, 179. zk.).

Aginduaren artikuluak interpretatzean sortu diren zalantzak argitzeko asmoz, lekuz aldatuko da 4. artikuluko 1. paragrafoko c) apartatua, 8. artikulura eramango baita. Horrela, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariaren proposamenez, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduan, kendu egingo da 4. artikuluko 1. paragrafoko c) apartatua (Agindua, 2023ko irailaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen programa, Euskal Autonomia Erkidegoan inbertsioak egiten dituzten eta, deskarbonizazioaren bidez, beren ekoizpen-prozesu industrialetan ingurumenaren babes-maila hobetzen duten enpresentzat. «Deskarbonizazio Industrialeko Programa»). Bada, 8. artikuluari gehituko zaio apartatu hori, eta, ondorioz, honela idatzita geratuko da:

8. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea eta zenbatekoa.

Lehiaketa bidez emango dira laguntzak: 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkerari jarraituz, aurreikusitako laguntzak esleituko dira, puntuazioaren arabera (balio txikiena –AB– proposamen onena), eta, kasu honetan, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortzen den arte.

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)– 36. artikuluaren 5., 7., 8. eta 11. apartatuetan eta 38. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera, ehuneko hauek izango dituzte:

• Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 20.

• Laguntzaren intentsitatea 5 puntu handituko da enpresa ertainei emandako laguntzen kasuan, eta 10 puntu enpresa txikiei emandako laguntzen kasuan.

• Laguntzaren intentsitatea ehuneko bi puntu eta erdi (% 2,5) handituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Zabalduan egiten diren inbertsioen kasuan. Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresei ez zaie aplikatuko ehuneko bi puntu eta erdiko (% 2,5) igoera. Erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167).

Dirulaguntzak, gehienez ere 1.500.000,00 eurokoak izango dira, enpresa eta/edo enpresa-talde bakoitzeko.

Enpresa elkartu edo lotuen kasuan, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)–, gehienez ere 1.500.000 eurokoak izango dira, eta gehieneko muga hori enpresa-taldearen mailan ezartzen da. Enpresa elkartu edo loturen batek esandako muga hori gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 3a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala