Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2023ko urriaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
4683

EBAZPENA, 2023ko urriaren 4koa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako oinarrizko eta ikuskapen eskaletako zenbait lanpostu izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozedurarako (C282).

Ikusirik Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2023ko apirilaren 17ko Aginduaren bidez onetsia (maiatzaren 15eko EHAA, 90. zk.), beharrezkoa da Ertzaintzako oinarrizko eskalaren agente eta agente lehena kategorietako eta ikuskapen eskalaren ofizialondoko eta ofizial kategorietako lanpostu hutsak behin betiko betetzea, izendapen askez.

Indarrean dagoen lanpostu-zerrendak, deialdi honen xede diren lanpostuetarako, erantzukizun berezia eta konfiantza berezia dela-eta, izendapen askeko hornidura-sistema ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 96. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Sistema horren araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Funtzionarioen Erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 21. artikulutik 26.era bitartean dago jasota. Beraz, lanpostuak behin betiko adjudikatzeko, aurretiazko egokitasun-txosten batekin arrazoitu behar da proposamena, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta, eta 9.3, 23 eta 103.3 EB artikuluetako aginduak bete behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 535/2014 eta 89/2016 epaiei jarraikiz, besteak beste.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 14.2.d) artikuluak Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden eta izendapen aske bidez hornitzeko diren oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategorietako eta ikuskapen eskalako ofizialondoko eta ofizial kategorietako lanpostuak behin betiko hornitzeko deialdia onestea eta argitara ematea, I. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– II. eranskinean daude zerrendatuta deialdi honen xede diren lanpostuak eta zuzkidurak, behin betiko betetzeko direnak. Hain zuzen ere, lanpostu hutsak gehi adjudikazioen ondoriozko erresultak ditu xede, eta indarrean dagoen lanpostuen zerrendan aurreikusitako lanpostuen arabera, Segurgunea atarian kontsultatu daitezkeenak.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo apartatuan eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren kalterik gabe, baina onesten diren zerrenden eranskinak Segurgunea atarian bakarrik kontsultatu ahal izango dituzte interesdunek.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da behin betiko atxikipenak erabakitzen dituen ebazpena.

Laugarrena.– 1.– Hautaketa-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira.

2.– Datu pertsonalak arau hauek ezartzen dutenaren arabera tratatuko dira: datu pertsonalak babesteari buruzko uneko araudia, 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa.

3.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasuneko Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsitako II. eranskinean (Segurtasun Neurriak) aurreikusitakoekin.

Bosgarrena.– Aurreikusi gabeko guztian, aplikatzekoa izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Seigarrena.– Ebazpen honek eta beronen oinarriek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean, EHAAn argitaratzen direnetik.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 4.

Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARTZIA AZURMENDI.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozeduran (C282) parte hartzeko betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko lanpostu-zerrendan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte, eta jardunean, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian badaude. Testu bateginaren 92.2 artikuluan aurreikusitako moduan jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek ere parte har dezakete.

2.– Era berean, honako hauek ere parte har dezakete, eta deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bidez jarduneko zerbitzura itzuli: nahitaezko eszedentzian daudenak edo beste administrazio publiko batzuetan zerbitzua ematen ari direnak; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen 2020ko uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz birgaituta daudenak, eta sei hilabete baino gehiagorako etenda daudenak; eta borondatezko eszedentzian dauden gainerako guztiak, betiere halako egoeretarako ezarritako denbora bete badute.

3.– Deialdi honetan ezingo dute parte hartu honako hauek:

a) Eginkizun-gabetze irmoko administrazio-egoeran daudenak, egoera horretan dauden bitartean, hutsegite astuna edo oso astuna egiteagatik.

b) Lekualdaketarekin zehatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 140.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Norberaren intereserako borondatezko eszedentzian egonik, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen gutxieneko denboran egoera horretan egon ez direnak.

d) Lanerako gutxieneko iraupena duen lanpostu bati behin betiko atxikita daudenek, betiere ez bada igaro gutxieneko aldi hori, salbuespen hauekin: organo eskudunak onartutako lanpostuari uko egitea, lotura eta arrazoi bereko beste lanpostu bat eskuratu nahi izatea, edo, barne-sustapenaren bidez, lanpostu hori uztea eragiten duen beste kategoria batera iristea –azken kasu horretan, salbuespen izango da sartu berri den kategoria horretan lotura eta arrazoi bereko lanpostu hutsak izatea–.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi dutenek hamabost egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea bide telematikoz aurkeztu behar da, Segurgunea atariaren bitartez: https://segurgune.euskadi.eus

Segurgunea atarian identifikatzeko, bi bide daude: txartel profesionaleko IZPari lotutako ziurtagiri digitala erabiltzea, Interneteko konexioa eta ziurtagiri digitalen txartel-irakurgailua dituen ekipo batekin, edo erabiltzaile-izena eta pasahitza erabiltzea, posta korporatibo pertsonalean OWA posta elektronikoko aplikazioaren bidez jasoko den identifikazio-kodearekin batera.

Prozedura honetan eskabideak, erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko aplikazioaren erabiltzaile-eskuliburua eskuragarri egongo da langilearen atarian eta polizia-zentroetako giza baliabideen bulegoetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

4.– Eskabidea aldatzeko edo prozeduran parte hartzeari uko egiteko, Segurgunea atariaren bidez egin beharko dira izapideak, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Bigarren eskabiderik edo aurreragokorik eginez gero, epearen barruan egindako azkena bakarrik izango da baliozkoa; aurreko guztiak baliogabetuta geldituko dira, eta epe hori bukatuta aurkezten direnak ondoriorik gabe. Halaber, eskabideak aurkezteko epearen barruan atzera egiteak ondoriorik gabe uzten ditu egindako eskabideak.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta merezimenduak balioesteko erreferentzia-data.

6.– Parte hartzeko betekizunak betetzen direla ofizioz egiaztatuko da, eta merezimendu orokorrak ere ofizioz baloratuko dira, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen langileen datu-baseetako datuen arabera.

7.– Langilearen atarian espediente pertsonalari buruzko informazioa dago eskuragarri (titulazioak, prestakuntza, hizkuntza-eskakizunak, etab.); izangaiek akatsak edo omisioak aurkitzen badituzte, eskabideak aurkezteko epearen barruan zuzendu ahal izango dituzte, jakinarazpen baten bidez. Jakinarazpen horri egiaztagirien kopia erantsiko zaio, eta postontzi honetara bidali: provisiondepuestos@seg.euskadi.eus

Epe berean eta modu berean alegatu ahal izango da betekizunak edo merezimenduak betetzen direla.

Prozedura honetan ez da kontuan hartuko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren aurkeztutako zuzenketa-eskaerarik eta/edo -dokumentaziorik.

8.– Organo eskudunak egiaztatuko ditu alegatutako betekizunak eta merezimenduak; kasuaren arabera, kontsultak eginez bere erregistroetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako erregistroetan, administrazio publikoetako datuen bitartekotza-plataforman edo ziurtagiria eman duen erakundean.

Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailearen aurkakotza arrazoitu bat jaso bada eta hura aintzat hartzen badu tratamendu-jardueraz arduratzen den organoak. Aurkakotza arrazoitua adierazten bada, harekin batera aurkeztu beharko dira, nahitaez, kontsultatzeari aurka egiten zaion jatorrizko agiriak.

Hirugarrena.– Lanpostuak izendapen askez behin betiko betetzeko prozedura.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuen hornidurari buruzko erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, norbait izendatzeko, hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo organoaren titularrak aldez aurretik txostena eman beharko du. Bertan, prozeduran onartutakoen artean egokitasun-proposamena egingo da, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuak gordetzen diren kategoriako lanbide-gaitasunei eta konfiantzaren osagaiari dagokienez (Gurenet atarian argitaratuko dira), edo deialdia eman gabe uztea proposatuko da.

2.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala eta izandako azken destinoa.

3.– Egokitasun-txostenak egiteko epea Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuan dago aurreikusita, eta, zehazki, dekretu horren 23. artikuluan.

Laugarrena.– Lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.

1.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez adjudikatuko dira izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko bete beharreko lanpostuak. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie adjudikaziodunei, eta prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

2.– Izendapenak egiteko ebazpena arrazoitu egingo da, hautatutako izangaiak deialdian eskatutako betekizunak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, beharrezko prozedura betetzea izango da ebazpenaren funtsa.

3.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenak zehaztuko du behin betiko atxikipenen ondorio-data.

4.– Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira, eta ez dute lantokiz aldatzeagatik kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

Bosgarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetzen den lanpostua uztea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez bete beharreko lanpostuen behin betiko adjudikaziodun suertatzen diren funtzionarioak nahierara kendu ahalko dira lanpostu horietatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 103.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Izendapen askeko lanpostutik kendutako langileak behin-behinean atxikiko dira beste lanpostu batera kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Seigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

1.– Deialdi hau ebazteko epea luzatu egingo da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala