
196. zk., 2023ko urriaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (120 KB - 1 orri.)
- EPUB (103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4676
AGINDUA, 2023ko irailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan araubide bereziko kirol-irakaskuntzak emateko baimena arautzeko eta baimena aldatzeko eta iraungitzeko dekretu-proiektua.
Hezkuntza Sailak dekretu-proiektu bat prestatu du, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan aipatzen diren araubide bereziko irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan emateko baimena arautzeko. Dekretu-proiektu hori Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legean ezarritakoaren arabera izapidetu behar da.
Aipatutako 8/2003 Legearen xedapenak betez, Hezkuntzako sailburuak 2022ko maiatzaren 20an agindua eman zuen dekretua egiteko prozedurari hasiera emateko, eta 2022ko uztailaren 22an, berriz, aipatutako dekretu-proiektuaren testua aldez aurretik onartzeko. Lege horren 8. artikuluaren arabera, xedapen orokorrek, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten badiete, eta artikulu horretan aurreikusitako salbuespen-kausaren bat gertatzen ez bada, entzunaldiaren izapidea izango dute, eta, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarriko dira, hogei egun balioduneko epean gutxienez.
Gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83.2 artikuluak ezartzen duenez, jendaurreko informazioaren izapidea dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, edozein pertsona fisikok edo juridikok espedientea edo erabakitzen den espedientearen zatia aztertu ahal izan dezan.
Horiek horrela, eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuarekin bat etorriz (martxoaren 29ko 39/2022 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea, hogei egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Euskal Autonomia Erkidegoan araubide bereziko kirol-irakaskuntzak emateko baimena arautzeko eta baimena aldatzeko eta iraungitzeko dekretu-proiektua.
Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, dekretu-proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan: www.euskadi.eus
Hirugarrena.– Dekretu-proiektu horrek uki dezakeen interes legitimo baten titulartzat jotzen diren pertsona fisiko edo juridikoek egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.eus) eta Ikastetxe eta Plangintzaren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), lehen apartatuan adierazitako epean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS