
196. zk., 2023ko urriaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 6 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
4668
7/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 21ekoa, Mondragon Unibertsitatearen Aitormenaren Legearen testu bategina onartzen duena.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Mondragon Unibertsitatearen Aitormenaren Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 7/2023 Legegintzako Dekretua.
Mondragon Unibertsitatea aitortzen duen maiatzaren 30eko 4/1997 Legeak Mondragon Unibertsitatea unibertsitate pribatu dela aitortu zuen eta haren hasierako antolamendu-egitura ezarri zuen.
Lege hori 1997. urtean onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean dago Mondragon Unibertsitatea aitortzen duen maiatzaren 30eko 4/1997 Legea.
Horregatik, legegintzako dekretu bidez onartzen den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Mondragon Unibertsitatea aitortzen duen maiatzaren 30eko 4/1997 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.
Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 4an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Mondragon Unibertsitatearen Aitormenaren Legearen testu bategina onartzea.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Mondragon Unibertsitatearen Aitormenaren Legearen testu bategina onartzen da; jarraian erantsita dator haren testua.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.
Beste xedapen batzuetan Mondragon Unibertsitatea aitortzen duen maiatzaren 30eko 4/1997 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onartzen den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da Mondragon Unibertsitatea aitortzen duen maiatzaren 30eko 4/1997 Legea.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Legegintzako dekretu hau eta beronek onartzen duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.
MONDRAGON UNIBERTSITATEAREN AITORMENAREN LEGEAREN TESTU BATEGINA
ZIOEN AZALPENA
Debagoienean kokatzen diren unibertsitate-eskoletako entitate titularrek, zeinak gaur egun Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita baitaude, unibertsitate bat sortzeko egitasmoa osatzen jardun dute, eta xede horrekin Mondragon Unibertsitatea Kooperatiba Elkartea bigarren mailako kooperatiba eratu dute. Unibertsitate-ikastegietako titularrez gain, bazkide laguntzaile hauek osatzen dute Mondragon Unibertsitatea Kooperatiba Elkartea: Ikerlan Kooperatiba Elkarteak eta Ideko EIE ikerketa-zentroek, Mondragon Korporazio Kooperatiboa eta ULMA Taldea Kooperatiba Elkartea enpresek eta Gizabidea Fundazioa erakundeak.
Mondragon Unibertsitatea Kooperatiba Elkarteko Kontseilu Errektoreak, 1996ko abenduaren 18an egindako bileran, Mondragon Unibertsitatea sortzea eta unibertsitate pribatutzat ofizialki aitor dadin eskatzea erabaki zuen.
Aitormen hori lortzeko aurkeztutako memoriaren arabera, unibertsitate berria orain dauden ikastegietatik abiatzen da, ikastegi horien jarduera akademiko eta zientifikoak finkatu eta sustatu nahian. Ikerlan eta Ideko ikerketa-zentroek ikerketa-zentro bazkideturiko gisa parte hartuta, ikerketa- eta hezkuntza-jardueren arteko lankidetza eta integrazioa lortu nahi da.
Arrasateko kooperatiba-esperientzia deritzonaren beste ondorio bat da Mondragon Unibertsitatea. Unibertsitatearen jarduna arautuko duten estatutuetan, Unibertsitateak kooperatiben filosofia duela eta xede hauek dituela ezartzen da: ikasleak lanbide-jarduerak betetzeko trebatzea; euskal gizartearen garapen sozialaren, kulturalaren eta ekonomikoaren alde lan egitea, eta unibertsitate-komunitateko taldeen garapen pertsonala lortzea.
Unibertsitate honek bere ikastegien kooperatiba-, hezkuntza- eta enpresa-filosofia bultzatuko du. Eta, bestalde, irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak gauzatzerakoan, arreta berezia jarriko die enpresentzako –euskal enpresentzako bereziki– interesgarriak diren gaiei, bai teknologia-alderdietan, baita alderdi ekonomikoan eta humanistikoan ere.
Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 16. artikuluak hau ezartzen du: Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, ezertan eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua eta hura garatuko duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza.
Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren VIII. tituluan, ikastetxeak sortzeko askatasuna jasotzen da, Konstituzioaren 27. artikuluaren 6. apartatuan bermatzen dena. Horretan datza unibertsitateak eta titulartasun pribatuko goi-mailako irakaskuntzako ikastegiak sortzeko askatasuna, titulu horretan ezarritakoaren arabera. Unibertsitate pribatu dira beren lurralde-eremuko batzar legegileak lege bitartez unibertsitate pribatutzat aitortzen dituenak, 58. artikuluaren arabera. Artikulu berean esaten da lege horren geroko garapenean ezarriko dela unibertsitate pribatuek, halakotzat aitortuak izateko, zenbat ikastegi eta gutxienez zer material eta pertsonal behar duten, era orokorrean. Unibertsitateen eta Unibertsitate Ikastegien Aitormenari buruzko apirilaren 12ko 557/1991 Errege Dekretuak garatzen du agindu hori, eta, gero, apirilaren 7ko 485/1995 Errege Dekretuak zabaltzen.
Testuinguru horretan, Mondragon Unibertsitatea Kooperatiba Elkartea bigarren mailako kooperatibak indarrean dauden arauek eskatutako espedientea aurkeztu du, unibertsitate pribatuak sortzeko askatasun-eskubide konstituzionala erabili nahian. Entitate sustatzaileak betebeharrak bete ditu, eta unibertsitate pribatuei aplikatu behar zaien ordenamendu juridikoaren araberako betebeharrak beteko dituela ere hitzeman du.
Mondragon Unibertsitatearen aitormen-espedientea, goi-mailako irakaskuntzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorretara egokitzen da.
1. artikulua.– Unibertsitatearen aitormena.
1.– Mondragon Unibertsitatea unibertsitate pribatutzat aitortzen da.
2.– Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoak, lege honek eta Mondragon Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arau propioek arautuko dute Mondragon Unibertsitatearen jarduna.
3.– Mondragon Unibertsitatearen antolamendu- eta funtzionamendu-arauek Konstituzioaren printzipioen araberakoak izan beharko dute, eta, era betean eta eraginkortasunez, errespetatu eta bermatu beharko dute katedra-, ikerketa- eta ikasketa-askatasunean islatzen den askatasun akademikoaren printzipioa.
2. artikulua.– Antolaketa-egitura.
1.– Mondragon Unibertsitatea hainbat egitura-unitatetan antolatua dago, eta, antolaketa horren barruan, hasiera batean ikastegi hauek izango ditu:
– Goi Eskola Politeknikoa.
– Enpresa Zientzien Fakultatea.
– Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea.
2.– Ikastegi horiek kudeaketa administratiboaz eta ondoren aipatzen diren titulu ofizialak lortzeko ikasketak antolatzeaz arduratuko dira:
GOI-ESKOLA POLITEKNIKOA
– Industria Diseinuko ingeniari teknikoa.
– Industria-ingeniari teknikoa, Industria Elektronikako espezialitatea.
– Industria-ingeniari teknikoa, Mekanikako espezialitatea.
– Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa Industria Automatika eta Elektronikako ingeniaria (bigarren ziklokoa soilik).
– Industria Antolamenduko ingeniaria (bigarren ziklokoa soilik).
ENPRESA-ZIENTZIEN FAKULTATEA
– Enpresa Zientzietako diplomaduna.
– Kudeaketa Informatikako ingeniari teknikoa.
– Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako lizentziaduna.
HUMANITATE ETA HEZKUNTZA-ZIENTZIEN FAKULTATEA
– Maisu-maistra: Hezkuntza Bereziko espezialitatea.
– Maisu-maistra: Haur Hezkuntzako espezialitatea.
– Maisu-maistra: Atzerriko Hizkuntzako espezialitatea.
– Humanitateetako lizentziaduna.
3.– Ikastegi berriak aitortzeko, titulu ofizialetako ikasketa berriak ezartzeko eta baita titulu horiek homologatu ahal izateko ere, Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 58. artikuluko betebeharrak eta artikulu hori garatzen duten arauetakoak bete beharko ditu Unibertsitateak.
3. artikulua.– Unibertsitatea funtzionamenduan jartzeko baimena.
1.– 11/1983 Lege Organikoaren 58.4 artikuluaren prozedurari jarraikiz, emango dituen tituluak homologatzea eskatuko du Unibertsitateak.
2.– Entitate titularrak eskaturik eta hartutako konpromisoak bete dituela egiaztatu ondoren homologatuko dira tituluak, eta, horren ostean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposaturik, sei hilabeteko epean gehienez ere, Unibertsitatea funtzionamenduan jartzea onartuko du Jaurlaritzak dekretu bidez.
4. artikulua.– Ikasleak Unibertsitatean sartzea eta segitzea.
1.– Unibertsitate-ikasketetan sartzeko indarrean dauden arauak betetzen dituzten ikasleak sartu ahal izango dira Mondragon Unibertsitatean.
2.– Unibertsitateak askatasunez arautuko du ikasleak unibertsitatean sartzeko eta ikastegietan segitzeko araubidea. Dena den, eskatzaileek aurkez ditzaketen merezimendu guztien artean, merezimendu akademikoei eman beharko zaie lehentasuna.
3.– Unibertsitatean sartzeko eta segitzeko eskubidea diskriminaziorik gabe onartuko dela bere gain hartuko du Unibertsitateak, hau da, ez arauetan ez egitatezko egoeretan diskriminaziorik ez dela izango, jaiotza, arraza, sexu, sexu-orientazio, erlijio, iritzi edo ezaugarri edo edonolako baldintza pertsonal edo sozial dela eta.
5. artikulua.– Unibertsitatearen eta haren ikastegien funtzionamendu-epea.
Mondragon Unibertsitateko ikasketak hasten dituzten ikasleek ikasketak ohiko aprobetxamenduz amaitu bitartean funtzionatu beharko dute, gutxienez, Mondragon Unibertsitateak eta haren ikastegi guztiek.
6. artikulua.– Ikuskapena.
1.– Konstituzioaren 27.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikuskatuko du Unibertsitateari aplikatu behar zaizkion arauak eta Unibertsitateak onartutako betebeharrak betetzen diren.
2.– Unibertsitatea Sailaren organo eskudunekin arituko da lankidetzan ikuskaritza-lanean. Horretarakoxe, eta ez beste ezertarako, eskatzen dizkioten dokumentazioa eta instalazioak utziko ditu.
3.– Unibertsitateak bere antolamendu- eta funtzionamendu-arauetan, ondare-egoeran eta bai beken bai ikasketa- eta ikerketa-laguntzen arautzean izandako aldaketak jakinaraziko dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari. Aldaketak gertatzen direnetik hasita bi hilabeteko epean egingo da jakinarazpen hori.
4.– Unibertsitatearen jarduerak hasi ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak atzematen badu Unibertsitateak ez dituela betetzen ordenamendu juridikoak eskatzen dituen betekizunak edo aitormena eskatu zuenean bere gain hartutako konpromisoak, Sailak egoera hori epe jakin batean arauetara egokitzeko eskatuko dio Unibertsitateari. Epea amaitu ondoren Unibertsitateak ez badu betetzen eskatutakoa, Jaurlaritzak, Unibertsitateari eta Unibertsitate Kontseiluari entzun ondoren, egoeraren berri emango dio Eusko Legebiltzarrari, unibertsitatearen izaeraren aitormena errebokatu ala ez erabakitzeko.
7. artikulua.– Jardueren memoria.
Mondragon Unibertsitateak urtero egingo du irakaskuntza- eta ikerketa-jardueren memoria, eta Legebiltzarrari, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Unibertsitate Kontseiluari bidali beharko die.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dauden ikastegiak integratzea.
Mondragoiko Industri Injinerutza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Oñatiko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola eta Eskoriatzako Irakasle Eskola ikastegiak, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitako unibertsitate-eskola direnak, Mondragon Unibertsitateko egitura-unitate bihurtzen dira, ikastegi integratu gisa, izen hauekin: Goi Eskola Politeknikoa, Enpresa Zientzien Fakultatea eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, hurrenez hurren.
Lege hau indarrean jartzean Mondragoiko Industri Injinerutza Teknikoko Unibertsitate Eskola, Oñatiko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola eta Eskoriatzako Irakasle Eskola unibertsitate-eskoletan ikasten dabiltzan ikasleek unibertsitate berrian edo Euskal Herriko Unibertsitateko dagokien ikastegian jarraitu ahal izango dituzte ikasketak.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Ikasle-egoitza nagusia integratzea.
Pedro Biteri Arana ikasle-egoitza nagusia, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateari atxikita dagoena, aurrerantzean Mondragon Unibertsitatearena izango da.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legezko aitormena iraungitzea.
Unibertsitatearen aitormena iraungi egingo da, baldin eta lege hau indarrean jarri eta hiru urtetara entitate titularrak funtzionamenduan jartzeko baimena eskatzen ez badu, lege honen 3. artikuluan jasotakoaren arabera. Halaber, aitormena iraungi egingo da, 6. artikuluan aipatzen den ez-betetzearen ondoriozko errebokatzea irmoa bada.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamendu bidezko garapena.
Jaurlaritzari eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari ahalmena ematen zaie, dituzten eskudantzien barruan, lege hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 6a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
RSS