Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2023ko urriaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4667

6/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzaren Legearen testu bategina onartzen duena.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzaren Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 6/2023 Legegintzako Dekretua.

Maiatzaren 23ko 1/1980 Legeak, Euskal Autonomia-Elkarteko Erakundeen Egoitzari buruzkoak, Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitza Gasteizen finkatu zuen, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 4. eta 25. artikuluetan ezarritakoa betez.

Lege hori 1980. urtean onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza, lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean dago Euskal Autonomia-Elkarteko Erakundeen Egoitzari buruzko maiatzaren 23ko 1/1980 Legea.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onartzen den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, «Euskal Autonomia-Elkarteko Erakundeen Egoitza»ri buruzko maiatzaren 23ko 1/1980 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 4an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzaren Legearen testu bategina onartzea

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Egoitzaren Legearen testu bategina onartzen da; jarraian erantsita dator haren testua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.

Beste xedapen batzuetan Euskal Autonomia-Elkarteko Erakundeen Egoitzari buruzko maiatzaren 23ko 1/1980 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onartzen den testu bateginari egindakotzat joko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da «Euskal Autonomia Elkarteko Erakundeen Egoitza»ri buruzko maiatzaren 23ko 1/1980 Legea.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Legegintzako dekretu hau eta beronek onartzen duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDEEN EGOITZAREN LEGEAREN TESTU BATEGINA

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 4. artikuluak Eusko Legebiltzarraren esku jartzen du, lege baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza izendatzea.

Autogobernu-ahalmenak baliatzeak Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren egoitzak finkatzea eskatzen du; Vitoria-Gasteizek horretarako dituen alde guztietatikako alderdi onak kontuan izanik, eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez emandako Autonomia Estatutuaren 4. eta 25. artikuluek hala agintzen dutenez Eusko Legebiltzarrak lege hau onartu du:

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDEEN EGOITZAREN LEGEA

Artikulu bakarra.– Vitoria-Gasteiz izendatzen da Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren egoitza.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 6a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala