
196. zk., 2023ko urriaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (164 KB - 5 orri.)
- EPUB (161 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
4666
5/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 21ekoa, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 5/2023 Legegintzako Dekretua.
Apirilaren 14ko 8/1983 Legeak, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzkoak, ezartzen du Euskadiren Ereserkia Eusko Abendaren Ereserkia izeneko musika izango dela, eranskinean transkribatzen den melodiaren arabera.
Lege hori 1983. urtean onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean dago Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko apirilaren 14ko 8/1983 Legea.
Horregatik, legegintzako dekretu bidez onartzen den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko apirilaren 14ko 8/1983 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.
Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 4an eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko Legearen testu bategina onartzea.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; jarraian erantsita dator haren testua.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.
Beste xedapen batzuetan Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko apirilaren 14ko 8/1983 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onartzen den testu bateginari egindakotzat joko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da Euskadiren Ereserki Ofizialari buruzko apirilaren 14ko 8/1983 Legea.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Legegintzako dekretu hau eta beronek onartzen duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.
EUSKADIREN ERESERKI OFIZIALARI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
ZIOEN AZALPENA
Herriek, batzuetan bere-berez eta beste batzuetan gertakari historikoen eraginez, beren kideen elkartasun-sentimena eta iraun-nahia gauzatzen duten sinboloak –enblemak, banderak, ereserkiak eta gisakoak– bere egiten dituzte, beren herri-nortasunaren adierazgarri.
Euskal Herriak ez du jokabide hori arrotz izan, eta noiz-nola bere nortasunaren adierazgarri eta herri-izatearen sinbolo izan diren ereserkien bidez adierazi izan du bere herri-nortasuna.
Xede eta asmo horiexek izan dituzte, eta horretarako erabili izan dira, sentimen horiexen ezaugarri izan diren beste sinbolo batzuk ere, hala nola bandera.
Bandera eta ereserkia ditugu, beraz, biak batean, herri baten nortasun publikoa sinboloen bitartez gauzatzeko bide, eta herrien historian aldakor badira ere, egiten zaien aitortza eta eginarazten zaizkien aldakuntzek beti erantzuten diete sinbolo horien aldakuntzen berezko iturri diren egoera eta gorabeherei.
Euskal Herriaren ariman errotu diren eta haren erakusbide eta sinbolo izan diren ereserkien aldeko arrazoiak izan daitezke, beraz, eta ez litzateke bidezko ereserki bat artifizialki egin eta Euskal Herriari eskaintzea, erabiltze hutsez onartu dezan; aitzitik, logikoena eta normalena dugu lehen onartutako ereserki ugarien artean aukeratzea herriaren onarpena izateaz gainera hura nagusiarazten duten zio historikoak dituena.
Horietatik guztietatik, historian alderdikeria nabarmeneko esangura izandako ereserkiak bazter utzi beharra dago, ereserki batek alderdi-ereserki ez baizik eta herri-ereserki izan behar baitu, horrela izan ezean zaila bailitzateke aukera politiko ezberdinetakoek bere egitea.
Hala ere, askotan, herri baten berezko sentimenaren eta herri horrek ereserki bat bere egitearen ondorioz, gertatu izan da alderdi politiko edo ideologia batzuek ereserkiaren bertsioak erabiltzea, baina hori ez da eragozpen Euskal Herriak haren doinua hartzeko bere-berez.
Lege-proposamen hau izenpetzen duten talde parlamentarioen iritziz, baldintza horiek guztiak betetzen ditu Euzko Abendaren Ereserkia izenburua daraman doinuak, zeina Euskal Herriko behin-behineko gobernua eratzerakoan EAJren, PSOEren, Alderdi Errepublikanoaren, Eusko Indarraren eta Alderdi Komunistaren Euskal Herriko kontzentrazioko gobernuak bere egin baitzuen eta egoera hura bukatu eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartu ondoren erabili baitzen Juan Carlos I.a Errege Jaunari Gernikan harrera egiteko eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak Adolfo Suárez Espainiako Gobernuko presidentea Ajuria Enea jauregian hartzeko.
Euskal Herriak, erreferendumaren bidez Estatutua onartu zuenean, ikurrin gurutze bikoari alderdi-kutsu guztiak galarazi eta bere egin zuenez, ereduzko jokabidez aurkakotasunak gaindituta, gaur Eusko Legebiltzarrari dagokio Erkidegoaren ezaugarri izan behar duen ereserkiari buruz ereduzko jokabide horixe bera izatea.
Artikulu bakarra.– Eusko Abendaren Ereserkia deritzan doinua izango du Euskadik bere ereserki ofizial, lege honen eranskinean ematen den doinuarekin.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskadiren ereserkiaren bertsio bat ofizialtzat aldarrikatzeko ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 6a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
RSS