
196. zk., 2023ko urriaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (259 KB - 26 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
4665
4/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duena.
Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretua onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa antolatu eta arautu zuen, haren kidegoen barruan, eta funtzio hori osatzen duten langileen araubide juridikoa ezarri zuen.
Lege horren akatsak zuzendu ziren, eta zuzenketa hori 1993ko apirilaren 22ko 74 zenbakiko EHAAn argitaratu zen. Halaber, honako lege hauek partzialki indargabetu zuten 2/993 Legea: otsailaren 6ko 1/1998 Legeak, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatez Kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko Legearen 53.3 Atala Ezabatzen duenak (1998ko otsailaren 27ko EHAA, 40. zenbakia), eta abenduaren 19ko 15/2008 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan zenbait irakasle-kidego sortzekoak (2008ko abenduaren 29ko EHAA, 248. zenbakia).
2/1993 Legea onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1995 Legea dago.
Horregatik, legegintzako dekretu bidez onartzen den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.
Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoen Legearen testu bategina onartzea.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoen Legearen testu bategina onartzen da; jarraian erantsita dator haren testua.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.
Beste xedapen batzuetan Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onartzen den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratzen da Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Legegintzako dekretu hau eta beronek onartzen duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IRAKASLEEN KIDEGOEN LEGEAREN TESTU BATEGINA
ZIOEN AZALPENA
Kalitatezko irakaskuntza, funtsean, profesionalengan oinarritu behar da; alegia, gazte-jendea prestatzeak berarekin dakarren erronka irabazteko gauza diren profesionalengan.
Ildo horretatik, esan daiteke hezkuntza-sistema publikoaren oinarrizko euskarrietako bat irakasleak direla. Langile horiek bi alderdi dituzte; batetik, funtzionarioak dira, hitzaren zentzu zabalean ulerturik, Administrazio publikoaren zerbitzura dauden langileak baitira; baina, bestetik, irakasleak dira, eta, beraz, haien eguneroko egitekoak markatzen du izen horren esanahia, bai haien lana eta bai lan horren zuzeneko hartzaileak bereziak direlako.
Soziologiak egiazta dezakeen berezitasun hori irakasleen araubide juridikoaren erregulazioan islatu da. Azken urteotako legeei dagokienez, nabarmentzekoak ditugu, batetik, Funtzio Publikoaren Berrikuntzarako Neurriei buruzko apirilaren 2ko 30/1984 Legea, zeinak bere aplikazio-eremuan eta hamabosgarren xedapen gehigarrian zenbait berezitasun jasotzen baititu irakasleentzat, eta, bestetik, Hezkuntza Sistema Antolatzeko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa, zeinak, sektore jakin baterako lege izanik, irakasle funtzionario publikoen estatutu-araubidearen oinarriak jasotzen baititu.
Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen zabalak ditu hezkuntza-gaietan, Autonomia Estatutuak 16. artikuluan ezartzen duenez, eta, 10.4 artikuluaren arabera, bere funtzio publikoa antolatzeko eskumen esklusiboa du, eskumen hori Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak baldintzatzen badu ere.
Eskumen horretaz baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea onartu zuen. Haren bidez, funtzio publikoko araubide homogeneoa eratu zen, baina, bai 2.3 artikuluan, bai hamahirugarren xedapen gehigarrian, irakaskuntzako funtzio publikoaren berezitasuna azpimarratu zen berriz ere. Xedapen gehigarri horrek ezartzen zuenez, Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez arautu behar ziren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko modua, lanbide-heziketa eta barne-sustapena, eta kidego eta eskalen berrantolaketa.
EAEko Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen Legea Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak aipatzen zuen lege-hutsune hori betetzera dator, alde batetik, eta, bestetik, autonomia-erkidego honek bere irakasleen kidegoak sortuz irakaskuntzako funtzio publikoa modu egonkor batez antolatzeko duen bidezko asmo-nahiari erantzuten dio.
Ezin da ahaztu lege honen esparru juridikoa estua dela, baina, aldi berean, onartu beharra dago legeari esker amaitu egingo dela orain arteko zehaztugabetasun-egoera eta, horrenbestez, irakasleen egoera pertsonalean eta, ondorioz, irakaskuntzaren kalitatean eragin negatiboa sortzen zuten mugiezintasun-egoerak desagertuko direla.
Legeak irakaskuntzako funtzionarioei buruzko malgutasun-printzipioa ezartzen du, zeinak hiru oinarri hauek baititu:
1.– Kidegoen egiturak Estatuko oinarrizko legedian ezarritako kidego-antolakuntzari jarraituko dio.
2.– Ikastetxeetan dauden lanpostu hutsak betetzeko, estatu-mailako lehiaketak egingo dira; horrek ez du galaraziko Autonomia Erkidegoak bere lehiaketa itxiak egiterik, ezta beharrezko diren betekizun bereziak izendatzerik ere.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleek eta EAEko ikastetxeetan lanpostu hutsak betetzen dituzten beste administrazio batzuetako irakasleek eskubide eta eginbehar berberak izango dituztela bermatzen da.
Autonomia Erkidegoko Administrazioko Langileen Erregistroan Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Erregistroaren atala eratzen da. Atal horrek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita egonik, tresna azkar eta hurbilekoa izan nahi du, langileen kudeaketa arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Lanpostuak betetzeari dagokionez, Legeak irakasleen lanpostuetarako araupetze orokorra egiten du, eta berariazko lanpostuen betetzea azpiataletan arautzen du, erdi ilun edo zehaztasunik gabe erabili diren hainbat gairi argitasuna emanez. Horrela, hezkuntza-administrazioko eta Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzako lanpostuak direla eta, osoan Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legera igortzea aukeratzen du, eta, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetako lanpostuak betetzeko sistema berri bat ezartzen du, ikuskaritza-eginkizuneko lanpostuak betetzeko sisteman oinarritua, baina zenbait zuzenketarekin; izan ere, lehen aldi batean, langileari jatorrizko lanpostua gordeko zaio, eta aldi baterako atxikipena egingo. Horrela, behar bezala erantzungo zaie lanpostu horien ezaugarri bereziei, eskema onargarri bat zeharo hautsi gabe.
V. tituluan («Hizkuntza-normalizazioa») hautatzen den eskema homogeneoa da Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen eskemarekin, zentzuzkoa denez, eta, beraz, lanpostu bakoitzari hizkuntza-eskakizun bat esleituko zaio. Hala ere, langile sartu berriek hasieratik egiaztatu beharko dute dagokien hizkuntza-eskakizuna, hamabosgarren xedapen gehigarrian jasotzen den moduan.
Hezkuntza-administrazioak hitzematen du bere zerbitzura dauden langileen hizkuntza-gaitasun egokia bultzatuko duela eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutuko duela.
Xedapen iragankorren artetik bi nabarmentzen dira ukitzen dituzten arazoen oihartzunagatik:
1.– Lehenengo xedapen iragankorra: bitarteko irakasleak funtzionario bihurtzeko araubidea zein den ezartzen du. Hautaketa-sistema baten bidez egingo da. Sistema horrek berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei zor zaien begirunea eta bitarteko langileek edozein hezkuntza-administraziotan emandako zerbitzuen ondorioz egiazta ditzaketen merezimenduen onarpena bateratzen ditu, eta lege hau indarrean jartzen denetik aurrera egingo diren enplegu publikoaren lehenengo hiru deialdietan ezarri ahal izango da.
2.– Bigarren xedapen iragankorra: ikastoletako irakasleak funtzio publikoan sartzeko modua arautzen du.
Aukera hori, bai Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak, bai Hezkuntza Sistema Antolatzeko Lege Organikoak jasotzen dute. Hartzen den neurri hori ikastoletako irakasleek egindako lana aitortzeko da, eta horrela, gainera, ikastolak eskola publikoan sartzeko bidea erraztuko da.
Ildo horretatik, ikastoletatik euskal administrazio publikora sartzen diren irakasleak EAEko Administrazio publikoko langileak izango dira, eta aukera izango dute edo funtzionario bihurtzeko, hautaproba mugatu bat eginik, edo orain duten lan-araubide juridikoari eusteko.
3.– Hirugarren xedapen iragankorra: irakasle ez diren ikastoletako langileak Administrazio publikoan integratzea araupetzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Administrazioarentzat eta Administrazio orokorrarentzat legez ezarritako betebeharrei jarraikiz, langile horiek, betetzen dituzten eginkizunen arabera, administrazio batean edo bestean txertatuko dira.
I. TITULUA
EAE-KO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAN DIHARDUTEN UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IRAKASLEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Lege honen helburua da unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoa –kidego propioek osatzen dutena– eta haren langileen araubide juridikoa antolatu eta arautzea.
2. artikulua.– 1.– Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren zerbitzura dauden irakasleei ezarriko zaie, eta, zehazkiago esanda, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxeetan, Hezkuntza Ikuskaritza Teknikoko zerbitzuetan eta Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan lan egiten dutenei, hargatik eragotzi gabe lege honen 32. eta 38. artikuluetan ezarritakoa.
2.– Lege honen eremuan dauden langileek honako hauek izango dituzte arau:
a) Irakasle funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriak erregulatzen dituzten arauak.
b) Lege honen xedapenak eta Legea garatuko duten arauak.
c) Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 2.3 artikulua aplikatzeko emango diren arauak.
d) Aurreko apartatuen babesean emandako arau espezifikorik ez badago, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen xedapenak eta lege hori garatuko duten arauak.
3.– Lan-kontratuko irakasleak lan-zuzenbideko arauen mende eta aurreko apartatuan jasotako arauetan irakasle horiek espresuki aipatzen dituzten manuen mende egongo dira.
3. artikulua.– Lege honen bidez sortuko diren kidego eta eskaletako karrerako funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak eta lan-araubidean kontratatutako langileak izango dira unibertsitateaz kanpoko Euskal Autonomia Erkidegoko funtzio publikoko irakasle.
II. KAPITULUA
ORGANOAK ETA HAIEN ESKUMENAK
4. artikulua.– 1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ahalmen hauek izango ditu irakaskuntzako funtzio publikoari dagokionez:
a) Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailarekin batera, irakaskuntzako funtzio publikoari buruzko lege-aurreproiektuak eta dekretu-proiektuak egitea.
b) Karrerako irakasle funtzionarioa edo lan-kontratu finkoko langilea izan ahal izateko hautaproben oinarriak, programak eta edukiak finkatzea, deialdiak egitea, proben epaimahai kalifikatzaileetako kideak izendatzea, probak gainditu dituztenak izendatzea eta bakoitzari dagokion lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea.
c) Irakasle funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketetarako oinarriak finkatzea, deialdiak egitea eta, ondoren, ebaztea.
d) Funtzionarioen administrazio-egoerak deklaratzea eta haiei berriz lanean hasteko baimenak ematea.
e) Arrazoi objektiboengatik edo diziplinazko kaleratzeagatik, lan-kontratu finkoko irakasleen kontratuak azkentzea eta, hala badagokio, etetea.
f) Lanpostuei aldi baterako atxikitzea eta zerbitzu-eginkizunetan jarduteko izendatzea, baita beste administrazio publiko batzuetan ere. Atxikipenak edo zerbitzu-eginkizunak sailez aldatzea baldin badakar, Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailaren txostena jaso ondoren egingo da.
g) Aparteko zerbitzuengatiko haborokinak ematea, Jaurlaritzak onartutako banaketa-irizpideekin bat.
h) Bitarteko langileak izendatu eta lanpostutik kentzea eta aldi baterako lan-kontratuko langileak kontratatzea.
i) Lanpostuen bateragarritasunari buruzko espedienteak ebaztea.
j) Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aldez aurretik deialdi publikoa eginda.
k) Nahitaezko erretiroak eta ezintasun fisikoek eragindako erretiroak deklaratzea.
l) Lanpostu-zerrendak proposatzea.
m) Irakasle funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordezkariekin izan beharreko negoziazioetarako sailaren ordezkariak izendatzea.
n) Diziplina-ahalak egikaritzea indarrean dauden xedapenen arabera, funtzionarioak zerbitzutik behin betiko kentzea eta lan-kontratuko langileak kaleratzea izan ezik.
ñ) Administrazioan emandako zerbitzuak aitortzea, hirurtekoen ondorioetarako.
o) Baimenak ematea.
p) Oro har, langileen burutza eta ohiko administrazio- eta kudeaketa-egintzak gauzatzea, eta indarrean dagoen legediak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.
Aurreko apartatuetan aipatutako eskumenak Saileko organoek gauzatuko dituzte, zehaztuko den banaketaren arabera eta erregelamendu bidez ezarriko diren prozedura-arauei loturik.
Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailak txostena egin beharko du apartatu honen b) eta c) letretan aipaturiko deialdien oinarriei buruz eta aldi baterako lan-kontratuko langileak kontratatzeko eta bitarteko funtzionarioak hautatzeko erabiliko diren irizpide eta prozedurei buruz.
2.– Ikastetxe publikoek ahalmen hauek izango dituzte langileen kudeaketari dagokionez:
a) Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen 66. eta 67. artikuluetan eta lege hori garatuko duten arauetan aitortzen zaizkienak.
b) Artikulu honetako 1. apartatuan jasotako ahalmenen artetik lege honen garapen-arauetan aitortzen zaizkienak, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legean ikastetxeei aitortzen zaien burujabetasuna indartzeko.
c) Artikulu honetako 1. apartatuan jasotakoen artetik, helburu bererako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko dagokien organoek ikastetxeen esku utz ditzaketenak.
II. TITULUA
IRAKASKUNTZAKO FUNTZIO PUBLIKOAREN EGITURA ETA ANTOLAKETA
I. KAPITULUA
LANPOSTU-ZERRENDAK
5. artikulua.– 1.– Irakasleen lanpostu-zerrendetan, lanpostu bakoitzari buruzko zehaztasun hauek jaso beharko dira:
a) Lanpostuaren izena.
b) Lanpostua atxikita duen ikastetxea, ikuskaritza teknikoko zerbitzua edo ikerketa eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzua eta, hala badagokio, hezkuntza-administrazioaren lurralde-eremua.
c) Lanpostua betetzeko beharrezko diren baldintzak, eta horien artean, nahitaez, esleitutako hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data.
d) Lanpostu bakoitzari zein talde, kidego, eskala edo lan-kategoria dagokion.
2.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izanez gero, aipaturiko alderdiez gain, honako hauek ere adieraziko dira:
a) Lanpostuari dagokion berariazko osagarria.
b) Lanpostua betetzeko sistema.
6. artikulua.– 1.– Irakasle funtzionarioek beteko dituzte, oro har, irakasle-lanpostuak.
2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa hala bada ere, lan-kontratuko langileek lanpostu hauek bete ahal izango dituzte:
a) Lanpostuen ezaugarriak direla eta, gaur egun dauden titulazio akademikoei egokitzen ez zaizkienak.
b) Aldi baterako hezkuntza-programak egiteko sortzen direnak.
II. KAPITULUA
LANGILEEN ERREGISTROA
7. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Langileen Erregistroan, Unibertsitateaz kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen atal bat egongo da, non Administrazioaren zerbitzura dauden irakasle guztiek agertu beharko baitute.
2.– Aurreko apartatuan aipatzen den erregistroaren atal horretan, inskribatuta dauden langileen administrazio-jarduerari eragiten dioten gorabehera guztiak bilduko dira, baina ezin izango da arraza, erlijio edo iritziei buruzko daturik jaso.
3.– Ezin izango da ordainsaririk gehitu nominan, baldin eta ordainsariok onartzeko egintza edo ebazpena aldez aurretik langileen erregistroan jasota ez badago.
4.– Erregistroan jasotako datuak erabiltzeko, Konstituzioaren 18. artikuluko 4. apartatuan ezartzen diren mugak errespetatu beharko dira. Inskribatutako langileek nork bere espedienterako irispide librea izango dute, baita bertan ageri diren datuei buruzko ziurtagiriak eskuratzeko eskubidea ere.
5.– Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen erregistroko atala Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita egongo da. Erregelamendu bidez eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako Sailaren proposamenez zehaztuko da erregistroak zein antolaketa, funtzionamendu eta eduki izango dituen.
III. TITULUA
UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IRAKASLE FUNTZIONARIOAK
I. KAPITULUA
IRAKASLE FUNTZIONARIOAREN IZAERA ESKURATU ETA GALTZEA
8. artikulua.– EAEko Administrazio publikoko karrerako irakasle funtzionarioaren izaera eskuratzeko eta galtzeko modua Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. tituluko II. kapituluaren arabera arautuko da.
Lege horren hamahirugarren xedapen gehigarriaren bosgarren apartatuak xedatutakoarekin bat etorriz, irakasle funtzionarioek 65 urte beteko dituzten ikasturtearen amaieran hartu ahal izango dute erretiroa.
II. KAPITULUA
IRAKASKUNTZAKO FUNTZIO PUBLIKOA ANTOLATZEA
9. artikulua.– Irakasle funtzionarioak kidegoka banatuko dira, haietako bakoitzak ematen dituen ikasketen eta kidego horietan sartzeko eskatzen den titulazioaren arabera. Ondoren, kidegoaren barnean, espezialitateka banatuko dira, antolamendu akademikoaren barruko irakasgaiak eta arloak aintzat harturik, eta irakasle bakoitza hautaketa-prozesuan parte hartuz sartu den edo integratu den espezialitateari atxikiko zaio, hargatik eragotzi gabe Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 16. artikuluan ezarritakoa.
10. artikulua.– 1.– Araubide orokorreko ikasketak emango dituzten funtzionarioak irakasleen kidego hauetakoak izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegokoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako irakasleen kidegokoak.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoak.
2.– Araubide orokorreko ikasketei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoko langileek Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan beteko dituzte beren eginkizunak. Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoko langileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan arituko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko langileek, berriz, Berariazko Lanbide Heziketan eta, finkatuko diren baldintzak betez gero, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan beteko dituzte beren eginkizunak.
11. artikulua.– 1.– Musikako eta arte eszenikoetako ikasketak emango dituzten funtzionarioak kidego hauetakoak izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegokoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegokoak.
2.– Musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleek, nork bere espezialitatearen arabera, musikako eta dantzako oinarrizko ikasketak eta erdi-mailako ikasketak emango dituzte, baita arte dramatikokoak ere, eta, salbuespenez, musikako eta dantzako goi-mailako irakasgai batzuk, hala erabakiz gero.
3.– Musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidego irakasleek, nork bere espezialitatearen arabera, musikako eta dantzako goi-mailako ikasketak emango dituzte, baita arte dramatikoko goi-mailako ikasketak ere.
4.– Artikulu honetan aipatzen diren funtzionarioak araubide orokorreko ikasketetako irakasle izan daitezke, erabakiko diren baldintzetan eta denbora tartean.
12. artikulua.– 1.– Arte plastikoetako eta diseinuko ikasketak emango dituzten funtzionarioak kidego hauetakoak izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegokoak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegokoak.
2.– Artikulu honetan aipatzen diren funtzionarioek araubide orokorreko ikasketak ere eman ahal izango dituzte, erabakiko diren baldintzetan eta denbora tartean.
13. artikulua.– Eskola ofizialetan hizkuntza-ikasketak ematen dituzten funtzionarioak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegokoak izango dira.
14. artikulua.– Irakaskuntzako euskal funtzio publikoa osatzen duten kidegoak talde hauetan sailkatuko dira:
a) «A» taldea. Talde honetakoak izango dira kidego hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoa.
b) «B» taldea. Talde honetakoak izango dira kidego hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoa.
III. KAPITULUA
LANGILEAK HAUTATZEA
15. artikulua.– Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako euskal funtzio publikoan sartzeko prozedurek publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bete beharko dituzte.
16. artikulua.– 1.– Karrerako irakasle funtzionarioak hautatzeko sistema lehiaketa-oposizioa izango da, betiere aldez aurretik deialdi publikoa iragarrita. Lehiaketa-fasean, prestakuntza akademikoa eta aurretiazko irakaskuntza-esperientzia balioetsiko dira merezimendu gisa, besteak beste. Oposizio-fasean, berriz, kontuan hartuko da irakasle jarduteko nahitaezko diren ezagutza espezifikoak izatea, gaitasun pedagogikoa izatea eta irakaskuntzan jarduteko beharrezkoak diren teknikak menderatzea. Probetarako deialdia, betiere, dagokion curriculuma osatzen duten arlo eta irakasgaiak kontuan izanik egingo da. Izangaiak hautatzeko, lehiaketa-oposizioaren bi faseetako balorazioak hartuko dira kontuan, baina dagozkien probak gainditu beharko dira. Bestalde, praktikaldia ere izan daiteke, eta bertan prestakuntza espezifikorako ikastaroak sar daitezke. Praktikaldia hautaketa-prozesuaren parte bat izango da.
2.– Lan-kontratu finkoko irakasleak hautatzeko sistemak oposizioa, lehiaketa-oposizioa edo lehiaketa izango dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 27. Artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
17. artikulua.– Lege honen bidez sortutako kidegoetan sartzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
1.– ARAUBIDE OROKORREKO IRAKASKUNTZA:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko, ezinbestekoa izango da maisu-maistra titulua izatea eta hautaketa-prozesua gainditzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko, espezializazio didaktikorako titulu profesionalaz gainera, doktore-, ingeniari- edo arkitekto-titulua, lizentzia edo irakaskuntzako beste titulu baliokide bat izan eta hautaketa-prozesua gainditu behar da.
Aurreko paragrafoan erabakitakoa hala bada ere, Oinarrizko edo Berariazko Lanbide Heziketarako aparteko garrantzia duten zenbait irakasgai edo arlo ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulu jakin batzuk edo unibertsitateko diploma jakin batzuk dituztenek eman ahal izango dituzte, titulazio horiek irakaskuntzarako baliokideak direla onartzen bada.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan sartzeko, espezializazio didaktikorako titulu profesionalaz gainera, ezinbestekoa izango da diplomadunaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulua edo irakaskuntzako beste titulu baliokide bat izatea eta hautaketa-prozesua gainditzea.
Zenbait irakasgai edo arlo praktikotan jarduteko, irakasgaiaren ezagupen egokia bermatzen duten beste titulazio batzuk irakaskuntzarako baliokide direla onartzen bada ere, eman nahi den irakasgai edo arlo horrekin zerikusia duen lanpostu batean esperientzia profesionala izatea ere eskatu ahal izango da.
2.– MUSIKAREN ETA ARTE ESZENIKOEN IRAKASKUNTZA:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegoan sartzeko, ezar daitezkeen hautaprobak gainditzeaz gainera, ezinbestekoa izango da doktore-, ingeniari- edo arkitekto-titulua, lizentzia edo irakaskuntzako titulu baliokidea izatea eta ezarriko diren ikasgai pedagogikoak eginda izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko, beharrezkoa izango da doktore-, ingeniari- edo arkitekto-titulua, lizentzia edo irakaskuntzako titulu baliokidea izatea, ezarriko diren ikasgai pedagogikoak eginda izatea eta deialdiko hautaprobak gainditzea. Proba horiek egitean, irakaskuntzan izandako esperientzia eta bere garaian gainditutako probak ere kontuan hartuko dira, baita musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegokoa izatea ere, lehian dagoen irakasgaiaren titular gisa, eta gutxienez 8 urteko esperientzia izatea kidego horretan karrerako funtzionario gisa. Bestalde, kidego horretan sartu ahal izango dira, kasuan kasuko hautaketa-prozesuaren bidez, lehenago aipaturiko titulazioaren jabe izanik, musikako eta arte eszenikoetako irakasleen kidegokoak ez direnak. Horretarako, sarbide-deialdietan lanpostuen ehuneko jakin bat gorde ahal izango da.
3.– ARTE PLASTIKOEN ETA DISEINUAREN IRAKASKUNTZA:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoan sartzeko, ezarriko diren hautaprobak gainditzeaz gainera, diplomadunaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulazioa edo irakaskuntzako titulu baliokidea izan beharko da.
Zenbait irakasgai edo arlo praktikotan jarduteko, irakasgaiaren ezagupen egokia bermatzen duten beste titulazio batzuk irakaskuntzarako baliokide direla onartzen bada ere, eman nahi den irakasgai edo arlo horrekin zerikusia duen lanpostu batean esperientzia profesionala izatea ere eskatu ahal izango da.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoan sartzeko, doktore-, lizentziadun-, arkitekto- edo ingeniari-titulua edo irakaskuntzako titulu baliokidea izan beharko da, eta ezar daitezkeen hautaprobak gainditu beharko dira.
Aurreko paragrafoan erabakitakoa hala bada ere, arte, plastika eta diseinuaren prestakuntza espezifikorako aparteko garrantzia duten zenbait irakasgai ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulu jakin batzuk edo unibertsitateko diploma jakin batzuk dituztenek eman ahal izango dituzte, titulazio horiek irakaskuntzarako baliokideak direla onartzen bada.
4.– HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZA:
Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko, doktore-, lizentziadun-, arkitekto- edo ingeniari-titulua edo irakaskuntzako titulu baliokidea izan beharko da, eta ezar daitezkeen hautaprobak gainditu beharko dira.
18. artikulua.– 1.– EAEko Administrazio publikoan irakasle funtzionario edo lan-kontratu finkoko irakasle izateko egingo diren hautaprobetarako deialdietan, datu hauek agertu beharko dute, derrigorrez:
a) Hutsik dauden lanpostuen kopurua, eta zein talde, kidego eta, hala badagokio, zein espezialitate edo lan-kategoriatakoak diren.
b) Izangaiek bete beharreko baldintzak.
c) Probak, programak eta, hala badagokio, merezimenduen zerrenda eta balioespenarauak.
d) Epaimahaia edo hautaketarako organo teknikoa nork osatuko duten.
e) Nolakoak izango diren praktikaldia eta prestakuntza-ikastaroa –halakorik badago– eta zenbat iraungo duten.
2.– Barne-sustapenerako eta mugikortasun horizontalerako gorderik dauden lanpostu hutsak betetzen ez badira, txanda irekiaren bidez eskainitakoei gehituko zaizkie.
19. artikulua.– 1.– Epaimahaia edo hautaketarako organo teknikoa osatzen dutenek jarduteko autonomia osoa izango dute, prozeduraren objektibotasunaren arduradunak izango dira, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko dute.
2.– Epaimahaiak osatzerakoan, epaimahaikideak arlo horretan adituak direla ziurtatuko da. Epaimahaia osatzen dutenen erdiek, gutxienez, lanpostuan sartzeko eskatzen den ezagutza-arloari dagokion titulazioa izan beharko dute, eta epaimahaia osatzen duten guztiek maila bereko edo handiagoko ikasketak. Kideetariko bat sindikatu-ordezkaritzak izendatuko du.
3.– Epaimahaikoek beren lanean aholkulariez baliatzea erabaki ahal izango dute, hautaketa-prozesuko probaren batean lagundu dezaten, baina aholkulariok beren espezialitate teknikoan baino ez dute jardungo.
20. artikulua.– 1.– Epaimahaiek edo hautaketarako organo teknikoek ezin izango dute eskainitako lanpostu-kopurua baino pertsona gehiago hautatu izangaien artetik, eta kopuru hori gaindituz gero, erabat deusezak izango dira proposamenak.
2.– Epaimahaien edo hautaketarako organo teknikoen erabakiak lotesleak izango dira izendapena egitea dagokion organoarentzat, baina organo horrek erabakia berraztertzeko aukera izango du, Administrazio Prozeduraren Legean aurreikusitakoaz bat.
21. artikulua.– Bitarteko irakasle funtzionarioak eta aldi baterako lan-kontratuko irakasleak hautatzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarritako prozedurak beteko dira, publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak kontuan izanik, eta ahalik eta azkarren lan eginez. Betiere, bitartekoirakasleek eta aldi baterako lan-kontratuko irakasleek konplitu egin beharko dituzte aldi batez bete behar duten lanposturako edo egin behar dituzten eginkizunetarako eskatzen diren titulazio-eskakizun orokorrak eta gainerako baldintzak.
IV. KAPITULUA
IRAKASLE-KARRERA
22. artikulua.– Irakasle funtzionarioek aukera dute beren irakasle-karreran lanpostuz aldatzeko, lehiaketaren, izendapen askearen, barne-sustapenaren edo mugikortasun horizontalaren bitartez edo, hala badagokio, beste lanpostu bat eskuratuz.
LEHENENGO ATALA
LANPOSTUAK BETETZEA
23. artikulua.– 1.– Lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera, irakasle funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketaren eta izendapen askearen bidez beteko dira.
2.– Salbuespenez eta lanpostu jakin batzuek berez duten erantzukizun berezia dela eta, lanpostu-zerrendan hala ezarrita daudenak baino ez dira gordeko izendapen askearen bidez betetzeko.
3.– Lanpostuak betetzeko ohiko sistema lehiaketa da, zeinean balioetsiko baitira, bete beharreko lanpostuari dagokionez, deialdian jasota dauden merezimenduak, hala nola izangaiak gainditutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak, merezimendu akademikoak, antzinatasuna eta, hala badagokio, katedradun izatea eta katedradun gisa duen antzinatasuna. Bete beharreko lanpostuen ezaugarriak ikusita, beste prozedura-fase bat ezarri ahal izango da deialdian, hau da, proba praktikoak, memoriak edo elkarrizketa pertsonalak egiteko fasea, izangaiak lanpostuaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen diren ala ez ikusi ahal izateko.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko lehiaketa propioez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioak, beste hezkuntza-administrazio eskudun batzuekin batera, estatu-mailako lehiaketetarako deialdiak egingo ditu aldian-aldian, ikastetxeetan hutsik dauden lanpostuak betetzeko. Irakasle funtzionario guztiak aurkeztu ahal izango dira estatu-mailako lehiaketetara, kontuan izan gabe zein hezkuntza-administrazioren mendeko diren edo zein administrazioren bidez sartu ziren; nolanahi ere, baldintza orokorrak eta lanpostuen zerrenden arabera EAEko hezkuntza-administrazioak ezarritako baldintza bereziak bete behar dituzte. Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako irakasle-lanpostuak irakasle funtzionario publikoek bete ditzakete, kontuan izan gabe zein hezkuntza-administrazioren mendeko diren edo zein administrazioren bidez sartu ziren.
5.– Hauek dira lehiaketetarako deialdietan jaso beharreko datuak:
a) Lanpostuaren izena, tokia eta berariazko osagarria.
b) Lanpostua betetzeko baldintzak; lanpostu-zerrendetan ezarritakoak baino ez dira jasoko.
c) Eskabideak aurkezteko epea.
6.– Lehiaketetarako deialdietan, merezimenduen baremoa, proba espezifikoak eta hautaketa-batzordeko kideak ezagutarazi beharko dira. Hautaketa-batzorde horretan, sindikatu-ordezkaritzak izendatutako langileen ordezkari batek egon beharko du.
Lehiaketarako deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, estatu-mailako lehiaketak direnean, Estatuko Aldizkari Ofizialean ere bai.
24. artikulua.– 1.– Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo beste administrazio publikoren batean zerbitzuan diharduten funtzionarioek parte hartu ahal izango dute lanpostuak betetzeko deialdietan. Halaber, borondatezko eszedentzian daudenek ere aurkezterik izango dute, eta, hori dela eta, zerbitzu aktibora itzuli, baldin eta eszedentzian egon beharreko gutxieneko epea bete badute.
2.– Behin-behineko destinoa duten irakasle funtzionarioak, derrigorrezko eszedentzian daudenak edo eginkizun-gabetze irmoa jaso dutenak –zehapena sei hilabete baino luzeagoa izan bada eta bete badute– behartuta daude beren kidegoko eta, hala badagokio, titular diren espezialitateko lanpostuak betetzeko deitzen diren lehiaketetan parte hartzera, egoera horretan dauden bitartean.
3.– Lehiaketa bidez lanpostua lortzen duten irakasle funtzionarioek ez dute parte hartzerik izango ondorengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan. Lege honen 25. artikuluaren 3. apartatuan eta 4. apartatuko a) letran ezarritakoaren ondorioz muga-eguna baino lehenago galtzen badu funtzionarioak lanpostuaren atxikipena, ez da kontuan hartuko gorago esandako urte biko aldia.
4.– Lehiaketaren bidez, hezkuntza-administrazioak erabakitzen dituen lanpostu hutsak beteko dira. Dena dela, eskaini egin beharko dira eskolako plangintzan jardunerako aurreikusita dauden lanpostuetatik hutsik daudenak.
25. artikulua.– 1.– Estatutu-harremana iraunkorra izango da, baina lanpostua okupatzea ez da irakasle funtzionarioek eskuratutako eskubide izango.
2.– Izendapen askeko prozeduraren bidez lanpostu bati atxikirik dauden funtzionarioak lanpostuz mugiarazi ahal izango dira diskrezionalki.
3.– Lehiaketa bidez lanpostua lortzen duten funtzionarioak lanpostuz mugiarazi ahal izango dira, zenbait kasutan, gerora sortutako arrazoi hauetako bat gertatzen denean: lanpostu-zerrenden bidez edo haietan aurreikusita, lanpostuaren edukia aldatzea eta horrek deialdiaren oinarri izan ziren inguruabarrak aldatzea, edo argi eta garbi egiaztatuta geratzea funtzionario horrek lanpostuari dagozkion eginkizunak eraginkortasunez betetzeko gaitasunik ez duela eta haren errendimendua eskasa dela. Horretarako espedientea izapidetu eta langileen ordezkaritza-organoak txostena egin ondoren, izendapena egin zuen organoaren ebazpen arrazoituaren bidez gauzatuko da lanpostu-aldaketa.
4.– Halaber, hauek dira lanpostuaren atxikipena galtzeko arrazoi:
a) Lanpostua ezabatzea.
b) Beste lanpostu baterako izendatzea.
c) Lanpostuari uko egitea, izendapena egin zuen organoak onartuz gero.
d) Zerbitzu aktiboan egoteari uztea, alde batera utzita zerbitzu berezietara igarotzen direnak, gehienez ere sei hilabetez beren eginkizunez gabetu direnak edo seme-alabaren bat zaintzeagatik borondatezko eszedentziako lehenengo urtean daudenak.
5.– Lanpostuak betetzeko modua aldatu arren, lanpostuok betetzen dituzten funtzionarioek lanpostu horietan jarraituko dute; lanpostua uzteari dagokionez, izendatzeko erabilitako sistemaren arauen mende egongo dira.
6.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan eta 4. apartatuko a) eta c) letretan ezarritakoarekin bat etorriz lanpostua uzten duten irakasle funtzionarioak beren kidegoko eta, hala badagokie, titular diren espezialitateko beste lanpostu bati atxikiko zaizkio behin-behinean.
26. artikulua.– 1.– Irakasle funtzionarioek lanpostuan behin-behinekoz diharduten artean, lanpostu horri dagozkion ordainsari osagarriak jasoko dituzte.
2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, behin-behineko atxikipenaren arrazoia aurrez okupatutako lanpostuaren ezabapena bada eta lanpostu berriaren ordainsariak amortizatutako postuarenak baino txikiagoak badira, bien arteko aldea osagarri iragankor baten bidez jasoko du funtzionarioak. Osagarri hori kobratzen jarraituko du, harik eta interesdunak parte hartzen duen edo parte hartzeko aukera izan duen lehenengo lehiaketa ebatzi arte.
27. artikulua.– Lehenago okupatzen zuten lanpostua ezabatu eta, horren ondorioz, beste lanpostu bati behin-behinean atxikirik dauden irakasle funtzionarioek lehentasunezko eskubidea izango dute amortizatutako lanpostua kokatuta zegoen herriko edo eskola-barrutiko lanpostu hutsak betetzeko, erregelamendu bidez finkatuko den moduan.
28. artikulua.– Sartu berriak diren irakasle funtzionarioei edo, lanpostua gordeta izan gabe, zerbitzu aktibora itzultzen direnei beren kidegoan hutsik dagoen lanposturen bat emango zaie behin-behinean, lehiaketaren edo izendapen askearen bidez behin betiko destinoa lortzen duten arte.
29. artikulua.– Sartu berriak diren irakasle funtzionarioak lanpostu hutsei behin-behinean atxikitzeko, hautaketa-prozesuaren behin betiko sailkapenaren hurrenkerari begiratuko zaio, irakasle horiek adierazitako lehentasun-hurrenkerari jarraituz, hargatik eragotzi gabe lege honen 40.2 eta 43. artikuluetan eta hamalaugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
1. AZPIATALA
IKUSKARITZA-EGINKIZUNA
32. artikulua.– 1.– Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzako lanpostuak irakasleen kidegoetako funtzionarioek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko A eta B taldeetako kidegoetako funtzionarioek beteko dituzte.
2.– Irakasle funtzionarioek lanpostu horietan emandako denbora ez da zenbatuko gradu pertsonala finkatzeko, baina betetzen duten Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzaren lanpostuari dagozkion ordainsariak jasoko dituzte.
3.– Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzako lanpostuak betetzeko, lege honen 38. artikuluaren 3., 4., 5. eta 6. apartatuek xedatutakoa aplikatuko da.
4.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lankidetzan jardungo du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin, Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzaren eginkizunak betetzeko izangaiek gainditu behar dituzten espezializazio-ikastaroak antolatzeko.
2. AZPIATALA
IKERKETA ETA IRAKASKUNTZARI LAGUNTZEKO ZERBITZUETAKO LANPOSTUAK BETETZEA
33. artikulua.– 1.– Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuen berezko eginkizunak irakasleen kidego eta eskaletako funtzionarioek beteko dituzte, baldin eta lanpostu bakoitzerako erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Lege honen 23.2 artikuluan ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetako lanpostuak hezkuntza-administrazioak dei egindako lehiaketen bidez beteko dira; lehiaketa horietan, bete nahi den lanpostuari dagozkion alderdi hauek hartuko dira kontuan, bereziki: merezimendu akademikoak eta profesionalak, prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak eta izangaiek karrerako funtzionario gisa irakasleen kidegoetan duten antzinatasuna. Bete behar diren lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta, beste prozedura-fase bat ezarri ahal izango da deialdian, hau da, proba praktikoak, memoriak edo elkarrizketa pertsonalak egiteko fasea, izangaiak lanpostuaren ezaugarri espezifikoetara egokitzen diren ala ez ebaluatzeko.
3.– Lanpostuan jarduteko aldia hiru urtekoa izango da. Epealdi horretan, funtzionarioa Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuko lanpostuari atxikita egongo da behinbehinean, baina jakinda plaza-erreserba eta behin betiko destinoa jatorrizkoan mantenduko dituela.
Aipaturiko hiru urteak iragan ondoren, aldi baterako atxikipena beste hiru urtez luza daiteke. Harrezkeroztik, ordea, aurreko paragrafoan aipatu den plaza-erreserba galduko dute funtzionarioek, eta beren kidego eta eskalei dagozkien lanpostuak lehiaketa bidez bete ahal izango dituzte; halaber, irakasle gisa izan zuten azken destinoko herrira eta, hala badagokio, eskola-barrutira joateko lehentasunezko eskubidea aitortuko zaie.
Aldi baterako atxikipenaren lehenengo hiru urteak iraganda, luzapena eskatu ez, edo, eskatu arren, lortu ez duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetako lanpostuak betetzeko sistemetan, atxikipena amaitu eta beste hiru urte igaro arte.
4.– Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan sei urte jarraian igaro ondoren, erregelamendu bidez zehaztuko diren irizpide eta prozedurekin bat etorriz egindako lanaren balioespenak bide emango du horrelako zerbitzuetako lanpostuetan epemugarik gabe jarraitzeko. Nolanahi ere, funtzionarioa irakasle-lanpostuetara itzul daiteke bere borondatez, lanpostuak betetzeko lehiaketa arrunten bitartez.
5.– Aurreko puntuetan arauturiko berezitasunak eta arau espezifikoetan ezarriko direnak ezertan eragotzi gabe, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetako lanpostuei irakaskuntzako funtzio publikoaren arauak ezarriko zaizkie eta, besterik ezean, funtzio publikoari buruzko araudi orokorra.
3. AZPIATALA
IKASTETXEETAKO ZUZENDARITZA-EGINKIZUNA
34. artikulua.– Ikastetxeetako zuzendarien, zuzendariordeen, ikasketaburuen eta idazkarien lanpostuak Euskal Eskola Publikoari buruzko Legean ezarritakoaren arabera beteko dira.
35. artikulua.– Halako lanpostuek berekin dakarten erantzukizunaren trukean ordainsari bat emango da, berariazko osagarriaren bidez.
36. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta, eta erregelamendu bidez, administratzaileen lanpostuen araubidea, eraketa eta betetzeko era zehaztuko dira; horrelako postuetara irakasleen kidego eta eskaletako funtzionarioek izango dute sarbidea. Halako lanpostuetarako deialdietan, ikastetxeetako administrazio-eginkizunak betetzeko behar diren berariazko gaitasun-ikastaroak aurreikusiko dira.
4. AZPIATALA
HEZKUNTZA-ADMINISTRAZIOKO POSTUETAN LAN EGITEN DUTEN IRAKASLE FUNTZIONARIOAK
37. artikulua.– 1.– Irakasle funtzionarioek hezkuntza-administrazioko lanpostuak okupatu ahal izango dituzte lanpostu-zerrendetan ezarritako kasu eta baldintzetan, eta lanpostu horietan emandako denbora ez da zenbatuko gradu pertsonala finkatzearen ondorioetarako.
2.– Langile horien ordainsariak hezkuntza-administrazioan betetzen ari diren lanpostuari dagozkionak izango dira.
3.– Lanpostu horiek beteko dira Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. tituluko IV. kapituluaren hirugarren atalean eta lege hori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera. Lege horren beraren 6.1.j) eta 10.1.c) artikuluetan zehaztutako organoek izango dute eskumena lanpostu horiek betetzeko deialdiak egin eta ebazteko.
4.– Hezkuntza-administrazioko lanpostua jabetzan okupatuko dute, eta lehendik zeukaten irakasle-lanpostua hutsik geratuko da.
5.– Dagokion lekualdatze-lehiaketan parte hartuz, ikastetxe batean lanpostu bat okupatu ahal izango dute berriro.
6.– Irakasle-karreraren ondorioetarako, hezkuntza-administrazioan lanpostu bat betetzen emandako denbora irakasle-karrerarako arauetan ezarritako moduan balioetsiko da.
II. ATALA
BARNE-SUSTAPENA, MUGIKORTASUN HORIZONTALA ETA KATEDRADUN IZATERA HELTZEA
38. artikulua.– Hezkuntza-administrazioak barne-sustapena, irakasleen kidegoen arteko mugikortasuna eta katedradun izatera heltzeko bideak bultzatuko ditu. Horretarako, beharrezkoak diren deialdiak egingo ditu, ondorengo artikuluetan ezarritako arauekin bat etorriz.
39. artikulua.– 1.– Bigarren hezkuntzako irakasleen eta arte plastikoetako eta diseinuko irakasleen kidegoetan sartzeko deialdietan, beteko diren lanpostuen ehuneko berrogeita hamar B taldeko irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat gordeko dira. Irakasle horiek, kidego horietan sartzeko behar den titulazioa edukitzeaz gain, gutxienez zortzi urteko antzinatasuna izan beharko dute karrerako funtzionario gisa, beren jatorrizko kidegoetan.
2.– Funtzionario horientzako deialdietan, izangaien merezimenduak balioetsiko dira, hala nola egindako lana, gainditutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak eta merezimendu akademikoak. Halaber, izangaiek proba bat egingo dute: lortu nahi duten espezialitatearekin zerikusia duen gai bat azaldu, eta horri buruz eztabaidatu beharko dute. Proba gainditu duten erabakitzeko, gaiari buruz zenbat dakiten eta zer baliabide didaktiko eta pedagogiko duten aztertuko da.
Prozedura horren bitartez sartzen direnek ez dute praktikaldirik egin beharko, eta hutsik dauden lanpostuak aukeratzerakoan lehentasuna izango dute deialdiko txanda irekiaren bidez sartzen direnen aurretik eta hamalaugarren xedapen gehigarrian aipatzen den prozeduraren bidez sartzen direnen aurretik.
41. artikulua.– Musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko era lege honen 17.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko da.
42. artikulua.– Lege honek ukitutako irakasle funtzionarioak talde eta destino-osagarriaren maila bereko kidego batean sartu ahal izango dira, antzinatasuna kontuan hartu gabe eta, hala badagokio, katedradun izateari utzi gabe, baldin eta eskatutako tituluak izan eta dagokion hautaketa-prozesua gainditzen badute. Horretarako, kontuan hartuko da zenbateko irakaskuntza-esperientzia duten eta bere garaian zer proba gainditu zituzten, eta ez dute praktikaldirik egin beharko.
Funtzionario horiek destinoa aukeratzeko lehentasuna izango dute, haiekin batera txanda irekiaren bidez edo lege honetan ezarritako bestelako txanden bidez beste funtzionario batzuk ere kidegoan sartzen direnean.
IV. TITULUA
BITARTEKO FUNTZIONARIOAK ETA LAN-KONTRATUKO IRAKASLEAK
I. KAPITULUA
BITARTEKO IRAKASLE FUNTZIONARIOAK
43. artikulua.– 1.– Bitarteko irakasle funtzionario dira, izendapenaren bidez eta presazko arrazoiak direla eta, karrerako irakasle funtzionarioek bete bitartean hutsik dauden plantillako lanpostuetan aldi baterako dihardutenak edo karrerako funtzionarioak aldi baterako kanpoan diren bitartean haien ordez lanean ari direnak.
2.– Bitarteko irakasle gisa jarduteak ez du lehentasunezko eskubiderik ekarriko irakasle funtzionario edo lan-kontratu finkoko langile izateko.
44. artikulua.– 1.– Bitarteko irakasle funtzionarioak bere izaera galduko du, lanpostu hutsa karrerako irakasle funtzionario batek betetzen badu edo ordezkatua berriro lanean hasten bada eta, betiere, bitarteko funtzionarioa izendatzea ekarri zuten beharrezko edo premiazko arrazoiak bertan behera geratzen badira.
2.– Bitarteko irakasle funtzionarioek okupatzen dituzten lanpostuak Administrazioak onartuko duen hurrengo enplegu publikoaren eskaintzan sartu beharko dira, salbu eta irakasle horiek izendatu baziren lanpostua gordeta zeukaten funtzionarioak ordezkatzeko. Aipatutako eskaintzan lanpostua sartzen ez bada, berez eta besterik gabe amortizatuko da lanpostu hutsa, eta, horren ondorioz, lanpostu hori okupatzen ari zen bitarteko irakasleak lana utzi beharko du.
45. artikulua.– Bitarteko irakasleei irakasle funtzionarioen estatutu-araubidea aplikatuko zaie, hitzarmenak horretarako aukera ematen duen guztietan. Dena den, beteko duten lanpostuari dagozkion ordainsari osagarriak eta beren titulazio-taldearen oinarrizkoak jasoko dituzte.
II. KAPITULUA
LAN-KONTRATUKO IRAKASLEAK
46. artikulua.– 1.– Lan-kontratuko irakasleak finkoak eta aldi baterakoak izan daitezke.
2.– Lanpostu-zerrenden arabera finkoak diren lanpostuak lan-kontratuen bidez okupatzen dituztenak dira lan-kontratu finkoko irakasle.
3.– Iraupen jakineko lanak egiteko kontratua dutenak dira aldi baterako lan-kontratuko irakasle; betiere lan-legedian indarrean diren kontratu-motekin bat etorriz.
4.– Artikulu honetan aipatu diren kontratu guztiak idatziz egin beharko dira beti.
47. artikulua.– 1.– Ezin izango da lan-kontratu mugagaberik egin enplegu-eskaintzan ageri ez diren lanpostuak betetzeko, eta ezin izango dituzte halako kontratuak sinatu lege honek ezarritako prozeduren arabera hautatu ez diren langileek.
2.– Lan-kontratuko irakasleek ezin izango dituzte irakasle funtzionarioentzat gordeta dauden lanpostuak okupatu.
V. TITULUA
HIZKUNTZA-NORMALIZAZIOA
48. artikulua.– Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, euskal eskola publikoan ikasle guztiek hezkuntza-maila guztietan euskaraz nahiz gaztelaniaz ikasteko duten eskubidea bermatuko da. Eskubide hori eta eremu horretan botere publikoek egin beharreko ekintzak lege horren III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean jasotako esparruan garatzen dira.
49. artikulua.– 1.– Aurreko artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, EAEko hezkuntza-administrazioko irakasle-lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna esleituta izango dute. Hizkuntza-eskakizunak zehaztuko du zer maila behar den izan euskarazko hizkuntza-gaitasunean, lanpostua bete eta bertan aritzeko. Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa ez bada, euskaraz jakiteari merezimendu modura zenbaterainoko balioa eman behar zaion zehazteko balioko du.
2.– Derrigortasun-datatik aurrera, nahitaez bete beharko da hizkuntza-eskakizuna, lanpostua bete eta bertan aritzeko. Halere, salbuespenezko kasuak eta arrazoi objektiboki nabarmenak direla eta, Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren proposamenez, erregelamendu bidez erabakiko du zein kasutan salbuets daitekeen lanpostuaren titularra lanpostuari esleitu zaion hizkuntza-eskakizuna egiaztatzetik, eta, hala badagokio, hizkuntza-eskakizun bera duten beste lanpostu batzuen eskakizuna egiaztatzetik. Irakasleak ezingo dira inoiz hizkuntza-eskakizuna betetzetik salbuetsi, baldin eta betetzen duten lanpostuak esleitua duen hizkuntza-eskakizunak eskatzen badu euskara irakaskuntzarako hizkuntza gisa erabiltzeko behar den hizkuntza-gaitasuna izatea.
3.– Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko bete behar den hizkuntza-eskakizuna lege honen hamabosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera arautuko da.
50. artikulua.– 1.– Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-eskakizunak zehaztuko ditu, bai eta eskakizun horiek lanpostuei ezartzeko irizpideak ere.
2.– Hizkuntza-ereduren bat sortu, aldatu edo ezabatuz gero, hizkuntza-eskakizunak ere egokitu egin beharko dira.
51. artikulua.– Aurreko artikuluan jasotako irizpideekin bat etorriz eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data esleituko dizkio EAEko hezkuntza-administrazioko irakasle-lanpostu bakoitzari.
52. artikulua.– 1.– Hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-data nahitaez agertu behar dira lanpostu-zerrendetan.
2.– Hizkuntza-eskakizunak derrigorrez betearazteko irizpideek lanpostu guztiak ekitatez eta proportzio berean hartuko dituzte, eta eginkizunari dagokion kidego, eskala edo titulazio-talde batekoa edo bestekoa izateak ez du inolako eraginik izango.
53. artikulua.– 1.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko, hezkuntza-administrazioak erabakiko du kasuan-kasuan izan behar den euskara-maila balioesteko probetan zer eskatu eta nola eskatu behar den. Horretarako eratuko diren epaimahaietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat egongo da beti.
2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa horrela izanik ere, lege honen 50.1 artikuluan aipatzen den erregelamenduzko arauan sistema bat ezarriko da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako hizkuntza-ziurtapenak arauan ezarritako hizkuntza-eskakizunekin homologatzeko eta parekatzeko.
54. artikulua.– 1.– EAEko hezkuntza-administrazioak bere langileek hizkuntza-gaitasun nahikoa izatea bultzatuko du, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu.
2.– Aurreko apartatuak xedatutakoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte anitzeko plana prestatuko du irakasleak euskalduntzeko. Plan hori gauzatzeko, irakasleen borondatezko atxikipena lortzen saiatuko da, eta irakasle horien lan-baldintzak kontuan hartuko dira; horrez gainera, plana malgua izango da, eta urtero-urtero berraztertuko da. Planari eta haren berrazterketari buruzko txostenak egingo ditu Euskadiko Eskola Kontseiluak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Lege honen artikulu batzuetan irakasle funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriak arautzen dituzten aginduak jaso badira oso-osorik edo zatiren batean, legegintzako sistematikak hala eskatzen duelako izan da; horrenbestez, aipatu den oinarrizko araudian agindu horiek berritzen direnean, aldatutzat hartuko dira lege honen artikulu horiek.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako funtzio publikoaren kidegoen egitura bat etorriko da bete-betean Estatuko oinarrizko legedian ezarriko den kidego-antolamenduarekin.
Lege honen bidez araututako langileei Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren xedapenak ezarriko zaizkie, irakaskuntzako funtzio publikoa antolatzeari dagokionez.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lege hau indarrean jartzean Autonomia Erkidegoaren mende dauden irakasle funtzionarioak lege honen bidez sortzen diren Autonomia Erkidegoko irakasleen kidego eta eskaletan integratuko dira, berez eta besterik gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten funtzionario guztien berdintasuna bermatuko da, alde batera utzita zein den haien jatorrizko administrazioa eta zer prozedura erabili duten hartan integratzeko edo sartzeko.
Lege honen 23.4 artikuluak aipatzen dituen lehiaketen ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan lanpostu hutsak betetzen dituzten beste hezkuntza-administrazioetako irakasleek Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleek dituzten eskubide eta eginbehar berak izango dituzte, zerbitzutik behin betiko kentzeko neurria izan ezik, hori jatorrizko administrazioaren organo eskudunak erabaki beharko baitu.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Iraungi beharrekoak diren kidego edo eskaletatik transferitutako funtzionarioak bertako egituran sartzeko asmoz eta, aldi berean, oinarrizko antolamendua gorde nahian, Estatuan dauden bezainbeste kidego eta eskala eratzen da Euskal Autonomia Erkidegoan ere, izen eta eginkizun berberak dituztela, eta horiek ere iraungi beharrekoak izango dira. Kidego horiek taldeetan integratuko dira, kidegoetan sartzeko eskatu zen titulazioaren arabera, eta arau espezifikoen bidez arautuko dira; mugikortasunaren ondorioetarako, lege honen 40. eta 43. artikuluetan jasotakoa ezarriko zaie.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoan ezarritakoaren esparruan, hezkuntza-administrazioak irakasleak prestatzeko goi-mailako ikastetxeak sortzearen alde egingo du, hezkuntza-jardueren inguruan sortutako titulu profesionalak lortzeko ikasketak eman ditzaten. Orobat, irakasleen etengabeko prestakuntzarako ekintzak ere bultzatuko ditu. Ikastetxe horiek gerora sor daitezkeen titulazio pedagogiko berrien ikasketak ere antolatu ahal izango dituzte.
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lege honen III. tituluaren IV. kapituluaren lehenengo atalak xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, ikastetxeetan, hezkuntza-ikuskaritzan eta Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan, lanpostu-zerrenden xehetasunen arabera, administrazio eta zerbitzuetako lana duten lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileekin beteko dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen III. tituluko IV. kapituluaren hirugarren atalean eta lege hori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera bete ere. Lege horren beraren 6.1.j) eta 10.1.c) artikuluetan zehaztutako organoek izango dute eskumena lanpostu horiek betetzeko deialdiak egin eta ebazteko.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Irakasle funtzionarioek beren lan-baldintzak zehazten parte hartuko dute, bat etorriz Ordezkaritza-organoei, lan-baldintzen zehaztapenari eta administrazio publikoetako langileen parte-hartzeari buruzko ekainaren 12ko 9/1987 Legearen III. kapituluarekin eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen VI. tituluarekin.
ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
EAEko hezkuntza-administrazioak unibertsitateekin hitzarmenak sinatzea bultzatuko du, lege honetan aipatzen diren irakasleen kidegoetako irakasleak unibertsitate-sailetan sartzea errazteko.
BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza-administrazioan eta Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzan lan egiten duten irakasleen gradua ez finkatzeari buruz lege honen 32.2 eta 38.1 artikuluek xedatzen dutenak ez du ezertan eragotziko graduak irakaskuntzaz kanpoko administrazio-karreraren osagai gisa berekin dakarren bermea aplikatu ahal izatea, lanpostu horietan diharduten denboran; hartara ziurtatuko da irakasle ez diren Administrazioko langileekiko tratu berdina izango dutela epealdi horretan.
HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Berariazko Lanbide Heziketako arlo eta irakasgai jakin batzuk emateko, lan-esparruan jarduten duten profesionalak kontratatu ahal izango dira irakasle espezialista gisa, haien kualifikazioa eta sistemaren beharrak aintzat hartuta. Ikastetxe publikoetan, aldi baterako kontratuak egin ahal izango dira profesional horiekin, betiere administrazio-zuzenbidearen araubideari jarraituz.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako irakasleek Batxilergoko ikasketak eman ahal izango dituzte, salbuespenez eta ezarriko diren baldintzetan; hain zuzen ere, beren esperientzia profesionalarekin zerikusia duten aukerako irakasgaiak eman ditzakete.
HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Aurreko xedapen gehigarriaren 1. apartatuan araututako baldintzetan, musikako eta arte eszenikoetako ikasketetarako irakasle espezialistak kontratatu ahal izango dira.
2.– Musikako eta arte eszenikoetako goi-mailako ikasketen kasuan, atzerriko espezialistak kontratatu ahal izango dira, behin-behinean edo modu iraunkorrean, aurreko xedapen gehigarriaren 1. apartatuan araututako baldintzetan. Egiten den kontratua iraunkorra bada, lan-zuzenbidearen mende egongo da.
HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Irakaskuntzarako gaitasun-agiria lege honen 17.1 artikuluan aipatzen den espezializazio didaktikorako titulu profesionalaren baliokidea izango da. Maisu-maistrak eta Pedagogiako lizentziadunak titulu profesional hori eskuratzeko betebeharretik salbuetsiko dira.
HAMAHIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kasuan kasuko lanbide-eremuan itzal handia duten pertsonak musikako eta arte eszenikoetako katedradunen kidegoan sartu ahal izango dira, merezimendu-lehiaketaren bidez, arlo horri buruzko oinarrizko arauek oro har ezartzen dutenarekin bat.
HAMALAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Behin zehaztu denean zer espezialitateri atxikiko zaizkien lege honen bidez sorturiko kidegoetan integratu edo sartu diren irakasleak, irakasle funtzionarioek aukera izango dute, nork bere kidegoaren barnean, beste espezialitate batean sartzeko, erregelamenduz ezarritako bideei jarraikiz, baldin eta eskaturiko titulazioa izan eta hautaketa-prozesua gainditzen badute. Prozedura horretatik sartzen direnek lehentasuna izango dute destino hutsak hautatzerakoan, dagokion deialdiko txanda irekiaren bidez sartzen direnen aurretik.
HAMABOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Erregelamendu bidez zehaztuko diren salbuespenak ezertan eragotzi gabe, irakaskuntzako funtzio publikoan lehenengo aldiz sartzen direnek aipaturiko erregelamenduzko arauan ezarritako hizkuntza-eskakizuna betetzen dutela egiaztatu beharko dute.
HAMASEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lege honek barne hartzen dituen irakasle funtzionarioek Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuko lanpostu baten atxikipena galtzen badute legez aurreikusita dauden arrazoiengatik, horren ondorioak arauz finkatuko ditu Jaurlaritzak, funtzionario bakoitzarentzat.
HAMAZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Berariazko Lanbide Heziketa irakasten duten ikastetxe publikoetan lanpostu bat okupatzen duten funtzionarioek lanbide-heziketa ez-arautua eman ahal izango dute, erregelamenduz ezarriko denarekin bat etorriz.
Lanbide-heziketa ez-arautua ematea borondatezkoa izango da irakasleentzat, eta ezingo dio kalterik egin prestakuntza arautuaren antolakuntzari eta garapenari.
Irakaslea lanbide-heziketa ez-arautuan aritzea administrazio publikoko langileen bateraezintasunei buruzko araudiaren mende egongo da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak bigarren jardueraren bateragarritasuna deklaratu ahal izango du interes publikoko arrazoiengatik, Administrazio Publikoetako Langileen Bateraezintasunei buruzko irailaren 26ko 53/1984 Legearen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Bitarteko irakasleek, irakaskuntzako euskal funtzio publikoa berriro antolatzearen ondorioz sortutako kidego eta eskalei dagozkien lanpostuetan ari badira, funtzionario maila lortu ahal izango dute, hautaketa-sistema baten bidez, zeinean alderdi hauek balioetsiko baitira: hautatuko diren izangaiek irakatsi beharko dituzten curriculum-edukiei buruzko ezagupenak; baliabide didaktiko eta pedagogikoen jakite-maila, eta merezimendu akademikoak. Horien artetik, lehentasunezko balioa izango dute hezkuntza publikoan emandako zerbitzuek; hain zuzen ere, hautaketa-prozesuan lor daitekeen puntuaziorik altuenaren ehuneko berrogeita bost lortu ahal izango da, gehienez ere, halako zerbitzuengatik. Izangaiak hautatzeko, bi ataletako balioespen haztatua eta globala izango dira kontuan.
Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera egingo diren enplegu publikoaren lehenengo hiru deialdietan aplikatuko da balioespen hori.
2.– Maisu-maistren kidegoan sartzeko lehenengo hiru deialdietan parte hartu ahal izango dute lege hau indarrean jartzen denean irakasle-lanetan diharduten OHOko irakasleen kidegoko bitarteko funtzionarioek, nahiz eta ez izan lege honek eskatzen duen titulazio espezifikoa, eta OHOko ikastetxeetan logopeda-lanak egiten dituztenek, lanaraubidean kontratatuta badaude eta aurreko araudian eskaturiko baldintzak betetzen badituzte.
Era berean, eta epealdi beraren barnean, lege honen bidez sorturiko gainerako kidegoetan sartzeko deialdietan parte hartu ahal izango dute oro har kidego horietan sartzeko eskatzen den titulazioa ez dutenek, Jaurlaritzak zehazten dituen baliokidetasunak alde batera utzita, baldin eta gutxienez hiru ikasturtetan bitarteko funtzionario gisa lan egin badute eta lege hau indarrean jartzen denean lanean badiraute sartu nahi duten kidegoen barnean integratu diren kidegoetan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Xedapen iragankor hau honako hauei aplikatuko zaie:
a) Eusko Legebiltzarraren ekainaren 29ko 10/1988 Legean ezarritako prozesuaren bidez euskal eskola publikoan integratuko diren ikastoletako irakasleei, hezkuntza-administrazioak lan-kontratu finkoko langile izaera aitortu badie.
Ikastoletako lan-kontratu finkoko langile izaera aitortuko zaie 1987ko abenduaren 18a baino lehen kontrataturiko langileei eta harrezkero izaera horrekin eta aipatutako legea aplikatuz hezkuntza-administrazioak onartu dituen unitateen ugaritzeagatik kontratatu direnei.
b) Hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxeen sarean integratutako ikastolen eta gainerako ikastetxeen zerbitzura dauden irakasleei, nahiz integrazio hori lege-xedapenek baimendutako hitzarmenengatik izan, nahiz beste ikastetxe publikoekin bat egin izanagatik izan, nahiz beste administrazio batzuetatik transferitzeagatik izan.
2.– Dagokien kidegoan karrerako irakasle funtzionario izatera irits daitezke langile horiek, baldin eta horretarako eskatzen den titulazioa badute; hezkuntza-administrazioak salbuespenez eta indarrean dagoen legedian jasotako aurreikuspenen arabera deituko dituen hautaproba mugatuen bidez iritsiko dira karrerako funtzionario izatera.
3.– Deialdia ikastetxeak eskola publikoan integratu ondoren egingo da, eta izangaiak emandako zerbitzuak eta izangaiaren gaitasuna eta egokitasuna zehazteko balio duten beste edozein eratako merezimenduak balioetsiko dira bertan, hargatik eragotzi gabe ezagupenak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren probak egitea.
4.– Hautaketa-prozesuan parte hartu eta hura gainditzen dutenek beren lanpostuetan jarraituko dute, ikastetxeetako lanpostuen sailkapenaren ondorioz egin daitezkeen moldaketak ezertan eragotzi gabe.
5.– Hautaketa-prozesuan parte hartzen ez dutenek edo prozesua gainditzen ez dutenek administrazioko langile izaten jarraituko dute lehen zuten harreman berarekin, haien lanpostuak iraungi beharrekoak deklaratuko dira, eta ez zaie aplikatuko lege honen bosgarren xedapen iragankorrean agindutakoa.
6.– Aurreko apartatuan adierazitako hautaketa-prozesuan funtzionario izatea lortuz gero, lanpostu hutsa berez eta besterik gabe aldatuko da, eta sartutako kidegokoak direnen artean integratuko da.
7.– Funtzionario bihurtu izanak ez die langileei lehendik eskuratutako eskubideetan inolako kalterik ekarriko, sartu diren kidego nahiz eskalan izan behar dituzten eskubideen edukiari eta irismenari dagokienez.
8.– Xedapen iragankor honetan aipatutako langileei kontuan hartuko zaizkie aurretik beste ikastetxe batzuetan emandako zerbitzu guztiak, ordainsariak jasotzeko ondorioetarako.
9.– Xedapen iragankor hau aplikatu behar zaien langileek ez badute lanaldi osorako kontraturik, beren lanaldia izaten jarraituko dute, alde batera utzita zer harreman juridiko sortzen den integrazioaren ondorioz, ezertan eragotzi gabe xedapen iragankor honen 4. apartatuan ezarritakoa.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Bigarren xedapen iragankorrean aipatutako ikastetxeetan aurretik aritu diren irakasle funtzionarioei, era berean, kontuan hartuko zaizkie ikastetxe horietan emandako zerbitzu guztiak, ordainsariak jasotzeko ondorioetarako.
2.– Xedapen hau honako hauei aplikatuko zaie:
a) Eusko Legebiltzarraren ekainaren 29ko 10/1988 Legean ezarritako prozesuaren bidez euskal eskola publikoan integratuko diren ikastoletan irakasle ez diren langileei, hezkuntza-administrazioak lan-kontratu finkoko langile izaera aitortu badie.
Ikastoletako lan-kontratu finkoko langile izaera aitortuko zaie 1987ko abenduaren 18a baino lehen era horretan kontrataturiko langileei edo, hala badagokio, horien ordezkapena baldintza beretan egin dutenei.
b) Hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxeen sarean integratutako ikastolen eta gainerako ikastetxeen zerbitzuan diharduten eta irakasle ez diren langileei, nahiz integrazio hori lege-xedapenek baimendutako hitzarmenengatik izan, nahiz beste ikastetxe publikoekin bat egin izanagatik izan, nahiz beste administrazio batzuetatik transferitzeagatik izan.
3.– Langile horiek, xedapen iragankor honetako 3. apartatuan ezarritakoa salbu, dagokien kidegoan karrerako funtzionario izatera iritsiko dira edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren lan-kontratukoen plantillan integratuko dira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, uztailaren 6ko 6/1989 Legean jasotakoaren arabera, salbuespenez eta behin bakarrik deitu ahal izango dituen hautaproba mugatuen bidez, baldin eta beharrezkoak diren tituluak badituzte.
Lege honen bigarren xedapen iragankorraren 3., 5., 6., 7. eta 8. Apartatuetan agindutakoa ere aplikatuko zaio xedapen iragankor honi.
4.– Bereziki Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak eman dituzten ikastetxeetan zaintzaile-, mendeko-, mantentze- eta garbiketa-lanetan aritutako langileak dagokien kidegoan karrerako funtzionario izatera iritsiko dira edo, hala badagokio, ikastetxe horiek dauden udalerriko toki-korporazioaren lan-kontratukoen plantillan integratuko dira, Toki Administrazioak legez bere gain hartuta dauzkan eginkizunen arabera.
Xedapen iragankor honen 2. apartatuan jasota dagoena aplikatuko da halako kasuetan. Dagokion toki-administrazioaren eskumena izango da hautaketa-prozesuak deitzea eta egitea.
5.– Xedapen iragankor hau aplikatu behar zaien langileek ez badute lanaldi osorako kontraturik, beren lanaldia izaten jarraituko dute, alde batera utzita zer harreman juridiko sortzen den integrazioaren ondorioz eta zer administrazio publikotan sartzen diren, ezertan eragotzi gabe xedapen iragankor honen 7. apartatuan ezarritakoa.
6.– Erdi-mailako edo goi-mailako tituluen jabe izanik, irakasle izan gabe, ikastetxe publikoetako administratzaileentzat ezarritako eginkizunen antzekoak betetzen dituzten langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan lan-kontratu finkoko langile gisa integratuko dira, ondorio guztietarako administratzaile-maila izango dute, eta haien egoera iraungi beharrekoa deklaratuko da.
7.– Xedapen iragankor honetan jasotzen diren integrazio-prozesuak egin ondoren, eta alde batera utzita horien ondorioz sortzen den harreman juridikoa nolakoa den, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak edo, hala badagokio, dagokion toki-korporazioak lanpostu horiei eutsiko die, beharrezko egokitzapenak eginda edo langileak birbanatuta, hala behar izanez gero, programazio eta plangintza orokorrerako beharren arabera.
LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren eta sare publikoan integratzen diren ikastetxeetako langileek administrazioko langile izaten jarraituko dute lehen zuten harreman berarekin, haien lanpostuak iraungi beharrekoak deklaratuko dira, eta ez zaie aplikatuko lege honen bosgarren xedapen iragankorrean agindutakoa.
BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
1.– Hezkuntza-administrazioko irakasle funtzionarioek edo lan-kontratu finkoko irakasleek zerbitzu-harremanari ez dagokion izaerarekin sailkatu diren lanpostuak badituzte, aukera bana izango dute, beharrezkoa den titulazioa izanez gero: lehenengoak lan-kontratukoen plantillan integra daitezke, eta besteak dagokien kidegoko funtzionario bihurtu. Horretarako, hautaproba mugatuak gainditu beharko dituzte; proba horietarako deialdia hezkuntza-administrazioak egin ahal izango du, salbuespenez eta behin baino ez.
Lanpostu-zerrenda onartu ondoko sei hilabeteetan egin beharko da deialdia, eta han kontuan izango dira emandako zerbitzuak eta izangaiaren gaitasuna eta egokitasuna neurtzeko balio duen beste edozein merezimendu, hargatik eragotzi gabe ezagutzak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen diren probak egitea.
Hautaketa-prozesuan parte hartzen ez dutenek edo prozesua gainditzen ez dutenek administrazioko langile izaten jarraituko dute lehen zuten harreman berarekin, eta haien lanpostuak iraungi beharrekoak deklaratuko dira.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako hautaketa-prozesuan funtzionario edo lan-kontratuko irakasle izatea lortuz gero, lanpostu hutsa berez eta besterik gabe aldatuko da, eta sartutako kidegoko plantillakoen artean integratuko da, edo bestela, lan-kontratukoen plantillakoen artean.
SEIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Autonomia Erkidegoko Administrazioak urtebeteko epea izango du, lege hau indarrean jartzen denetik hasita eta Legean agintzen denari atxikiz, irakasle-lanpostuen eginkizunak aztertu eta sailkatzeko eta, halaber, zehazteko haietako zeintzuk dagozkien funtzionarioei eta zeintzuk lan-kontratukoei. Epealdi beraren barnean, lanpostu-zerrendak osatu eta onartuko ditu.
ZAZPIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege hau indarrean jartzen denean behin betiko destinoa Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan duenak lanpostu horri atxikita iraun dezake, lanpostu horretan zerbitzu aktiboan jarraitzen duen artean.
Xedapen iragankor honek ukitzen dituen langileak, lanpostuak hornitzeko prozedurak erabiliz, beste lanpostu batera aldatzen badira Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko zerbitzuetan, lanpostu horri atxikiko zaizkio behin-behinean, lege honen 33. Artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; horrez gainera, lege honen 33.3 artikuluan aipatzen den lehentasunezko eskubidea zerbitzu horietan aurretik zuen behin betiko destinoko herria edo eskola-barrutia hautatzeko izango da.
ZORTZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko laugarren xedapen iragankorrean aipatzen diren Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasleei lege horretan jasotako araubide juridikoa ezarriko zaie.
BEDERATZIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Hezkuntza-sistemaren antolamendu berrian jasotako ikasketak ezarri artean, lege honen bidez sortzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek ikasketa hauek emango dituzte: Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak berrantolamendu korporatiboaren ondorioz sortutako kidegoen barnean integratzen diren kidegoei gaur egun dagozkienak.
HAMARGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoko bederatzigarren xedapen iragankorrean aipatzen diren funtzionarioek erretiro aurreratua hartu ahal izango dute, lege organiko horretan aurreikusita dauden betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte.
HAMAIKAGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege hau indarrean jartzean, ikastetxe publikoetan, irakasle izan gabe, ikastetxe publikoetako administratzaileentzat ezarritako eginkizunen antzekoak betetzen dituzten langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan lan-kontratu finkoko langile gisa integratuko dira, ondorio guztietarako administratzaile-maila izango dute, eta haien egoera iraungi beharrekoa deklaratuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Lege hau aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emango ditu Jaurlaritzak.
Sindikatuek eta sindikatuen antolakundeek parte hartuko dute xedapen horiek egiteko prozesuan, Funtzio Publikorako Euskal Kontseiluaren bidez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 8.b) artikuluan adierazitako baldintzetan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 6a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
RSS