Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2023ko urriaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4663

2/2023 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 21ekoa, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 2/2023 Legegintzako Dekretua.

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak euskal eskola publikoaren eredua ezarri eta haren printzipio orokorrak eta helburuak jaso zituen.

Lege hori 1993. urtean onartu zenetik, aurrerapen handiak egin dira euskara teknikoan eta juridikoan, eta, ondorioz, zaharkituta geratu da lege horren euskarazko bertsioan erabilitako hizkera. Hori dela eta, beharrezkoa da euskarazko bertsio horri beste egitura gramatikal eta linguistiko bat ematea, hizkuntza horrek izandako bilakaerarekin bat datorrena. Horrela, arauaren bi bertsio linguistikoen baliokidetasuna bermatuko da eta hizkuntza-desegokitasunaren ondorioz sor daitezkeen segurtasun-gabezia juridikoko arazoak saihestuko dira.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenak Eusko Jaurlaritzari ematen dio legegintzarako eskuordetza lege hori indarrean jarri eta urtebeteko epean lege-mailako arauak onar ditzan zenbait legeren euskarazko bertsioa eguneratu, argitu, erregularizatu eta harmonizatzeko. Lege horien artean dago Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea.

Horregatik, legegintzako dekretu bidez onartzen den testu bategin berria, inolako aldaketa materialik edo arauaren edukiari edo esanahiari buruzko aldaketarik egin gabe, Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen euskarazko bertsioa erregularizatzera eta harmonizatzera mugatzen da, euskara tekniko-juridikoaren arloan erabili ohi diren printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta lege horren euskarazko eta gaztelaniazko bertsioen arteko baliokidetasun zorrotzena bermatzeko.

Horiek horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 11n eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onartzea.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; jarraian erantsita dator haren testua.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-erreferentziak.

Beste xedapen batzuetan Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeari egiten zaizkion arau-erreferentziak orain onartzen den testu bateginean dagokion manuari egindakotzat joko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legea.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Legegintzako dekretu hau eta beronek onartzen duen testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOARI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
ZIOEN AZALPENA

Egungo gizarteetan, eta gero eta gehiago, hezkuntza-sistemek funtsezko zereginak betetzen dituzte norbanakoen heziketan.

Eskola publikoa, testuinguru horretan, Administrazioak zuzenean jarduteko duen tresna bat da, bai hezkuntza-eskubidea bermatzen duen Konstituzioaren agindua betetzeko, bai desparekotasunak konpentsatzeko.

Azken urteotan, baina, hezkuntza-sistema eraberritzeko eskatzen dute zenbait faktorek: herritarren artean kultura-espektatiba handiagoen hedapena; oinarrizko hezkuntzako eskolatzearen orokortzea; ekoizpen-sektorearen eskaria, langintza ezberdinetara egokitzeko moduko profesional moldaerrazak kontratatzeko, eta Europako bateratasun-prozesuan parte hartzeko behar diren kalitate-maila handiko langileen beharra. LOGSE Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren Legeak arautzen du sistemaren antolaketa berria, oinarrizko arau gisa, Estatu osorako.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 16. artikuluan dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du irakaskuntzaren alorrean, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 27. artikuluak eta hura garatzen duten lege organikoek xedatutakoa, eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenak eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritza ere eragotzi gabe. Autonomia-erkidego honek, bestalde, hezkuntza-sistemak aintzat hartu behar dituen kultura-ezaugarri propioak ditu, garatzen lagundu behar duen bi hizkuntza ofizial, eta hezkuntza-alorrean gainditzeko dauden zenbait gatazka, konponbidea behar dutenak.

Ildo horretatik, euskal eskola publikoa legez arautzea premiazkoa da, hartara lege-esparru egonkor bat sortzeko zeinean eskola publikoaren eredua zehazten duten arauzko hautabideak ezarriko baitira eta dagoeneko abian den hezkuntza-erreforma eraginkortasun handiagoz gauzatuko baita.

Legearen lehenengo tituluan euskal eskola publikoaren printzipio orokorrak eta helburuak jasotzen dira, eta haren ezaugarriak zein diren definitzen da: plurala, elebiduna, demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte- eta kultura-mailan bere ingurunean errotua, parte-hartzailea, desparekotasunak konpentsatzen dituena eta aniztasuna integratzen dakiena.

Lehenengo titulu horretan, sendo bultzatzen da eskola publikoak aski hornitua egon behar duela baliabide materialez eta giza baliabidez; harekin loturik dauden gizarte-sektore guztiek parte hartu behar dutela bertan, eta ikastetxeek egiazko autonomia izan behar dutela (printzipio hori zabal garatzen da V. tituluan).

II. tituluak euskal eskola publikoan hezkuntza-eskubidea nola gauzatzen den arautzen du, eta kalitatezko irakaskuntza bultzatzen du, doakoa –hiru urtetik aurrera, ez bakarrik derrigorrezko mailetan–, desparekotasunak –batik bat sozioekonomikoak– zuzentzen dituena eta desparekotasun horiek ezabatzen lagunduko duten neurriak ezartzen dituena. Horretarako, konpentsazio-funts bat eratzen da, aurrekontuz hornitua, zeinean, babes-neurri gisa, funtsaren beraren diru-soberakina automatikoki metatuko baita, urtean urteko aurrekontu orokorren legean ezarritako moduan.

III. tituluak eskola publikoan euskarak duen tratamendua arautzen du. Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen printzipioak errespetatuz, haietan sakontzen da, Hezkuntza Administrazioak administrazioekin eta gizarte-erakundeekin elkarlanean eta lankidetzan aritzeko printzipioa ezartzen da eta irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana egitea aurreikusten da.

Legearen laugarren tituluak euskal eskola publikoa antolatzen du, eskola-barrutietan duen lurralde-banaketaren arabera; ikuskaritza-eginkizuna arautzen du, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren eta Zerbitzuen Ikuskaritza Administratiboaren esku utzita, eta hezkuntzari laguntzeko zerbitzuak diseinatzen ditu, zeinak, funtsean, eskola-barrutian antolatzen baitira, baina irekita uzten da lurraldeari dagokionez eskola-barrutiarekin bat ez datozen laguntza-zerbitzuak sortzeko aukera.

Ikastetxeen autonomiaren printzipioa jadanik jasota zegoen Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 2.3.f) artikuluan, eta lege beraren 57. eta 58. artikuluetan garatzen da; besteak beste, artikulu horiek antolaketako eta kudeaketa ekonomikoko eremuetara hedatzen du autonomia hori, eta hura sustatzeko agintzen die hezkuntza-administrazioei.

Sinetsita gaude ikastetxeek beren antolaketa, jarduera pedagogikoa, kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta langileen kudeaketa autoerregulatzeko orain dituztenak baino ahalmen handiagoak izanez gero irakaskuntzaren kalitatea hobetuko dela. Uste horretan oinarriturik, Legearen V. tituluak ikastetxeen autonomia arautzen du: oreka bilatzen du ikastetxeei ahalik eta autonomia handiena ematearen eta administrazioak egin beharreko haien gaineko koordinazio eta kontrolaren artean, Administrazioaren betebeharra baita gutxieneko batzuk bermatzea sistema osoak eskola publikoen helburu nagusiak lor ditzan.

Ikastetxeen autonomia gauzatzen da beren proiektuak (hezkuntza-, curriculum- eta kudeaketa-proiektuak) eta antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua onartzen eta betearazten dituztenean.

Antolaketa-eskemari dagokionez, Legeak gutxienekoen sistema bat hautatu du, ezinbestekotzat jotzen diren organoek osatua, eta ikastetxeei askatasun osoa ematen die beren errealitatera hobekien egokitzen diren beste organo batzuk sortzeko. Irizpide bera erabili da ikastetxeko gobernu-organo nagusiaren osaera dela-eta (ordezkaritza-organo gorena baita), behin eskola-komunitatea osatzen duen talde bakoitzari dagokion parte-hartze nahikoa bermatuta, ikastetxe bakoitzari aukera ematen baitzaio egokien deritzon moduan eratu dezan organo hori.

Legeak ikastetxeko zuzendariaren irudia indartu nahi du, eta, horretarako, espezializazio-ikastaroak gainditu beharko ditu zuzendariak, kargu horren eginkizunak burutzeko prestakuntza egokia izan dezan.

Lege-mailan zuzendaritza-taldea ikastetxeko kide anitzeko gobernu-organo gisa definitzea gauza berria da. Horrekin batera, irakasleen klaustroa indartzen da, ikastetxeko irakaskuntza-jarduerei buruz erabakitzeko ahalmena duen organo gisa. Eta, eskola parte-hartzailearen printzipioarekin bat, gurasoen batzarra eta ikasleen parte-hartzerako organoa jasotzen dira ikastetxeetako organo ezinbesteko gisa.

Autonomia pedagogikoari eman nahi zaion indarra gauzatzen da ikastetxeak lantzen eta onartzen dituenean hezkuntza-aukeraren definizioa eta eskola-curriculumaren zehaztapena jasotzen dituzten agiriak. Beraz, eskola-komunitatea osatzen dutenek kide anitzeko organoetan baliatutako erabakimen askearen adierazgarri izango dira agiri horiek, betiere lege-arauak errespetatuz.

Lege honen berritasunik handienetako bat kudeaketa-autonomia arautzeko eran datza. Eratzen den eskeman, Administrazioak beretzat gordetzen dituen justifikazioak eta kontrolak eragotzi gabe, ikastetxeek malgutasun handiagoa izango dute beren kudeaketa ekonomikoa antolatzeko, beren aurrekontu propioa landuko baitute, baina askatasuna ematen zaie ekitaldiaren barruan funtzionamendu-gastuak berrantolatzeko.

Ikastetxeetako zuzendariek administratzaileen laguntza izango dute ikastetxearen diru-kudeaketa guztia egiteko; izan ere, gaikuntza bereziko ikastaroen bidez, bultzatu nahi da administratzaileak ikastetxeko jarduera ekonomikoaren arintasuna eta egokitasuna berma ditzaketen profesionalak izatea.

Berritasuna da, halaber, ikastetxeek aukera izatea beren langileen hautaketan eta langileok birziklatzeko ikastaroetan parte hartzeko (Legearen V. tituluko V. kapitulua). Azken xedapenetako lehenengoan jasotzen da nolakoa izango den langileen ordezkaritzaren parte-hartzea neurri horiek garatzen dituzten xedapenak prestatzean.

Xedapen gehigarrietan, Eskola Publikoaren Legeak bi gai garrantzitsu jorratzen ditu:

1.– Euskadiko Eskola Kontseiluen urriaren 28ko 13/1988 Legea onartu eta erakunde hori martxan jarri ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluaren eskumenak hedatzeko beharra dagoela nabarmendu da, hura izan dadin unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren plangintza orokorrean esku hartzen duten gizarte-sektoreek parte hartzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak eskatzeko duten goi-organoa.

2.– Ikastolak, Konstituzio aurreko aldian euskaraz irakasteko xedez sortu ziren eskolak, 1978. urtetik zabalduz joan dira, sarri askotan botere publikoak konpondu izan dituen zailtasun ekonomiko eta materialekin, arian-arian ikastetxe multzo bat osatu arte. Horietatik asko ekainaren 29ko 10/1988 Legeak jasotzen dituen hitzarmen partikularrez baliatu dira. Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, ikastolek askatasunez aukeratu dezakete sare publikoarekin bat egin ala ikastetxe pribatu izaten jarraitu, betiere bermatuz ikastolak biltzeko legeak xedatzen duena, hartara hezkuntza-sistema behin betiko eta zalantza gabe bi saretan, publiko eta pribatuan, egituratu dadin.

I. TITULUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN PRINTZIPIO OROKORRAK ETA HELBURUAK

1. artikulua.– 1.– Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen duten ikastetxe publikoek osatzen dute euskal eskola publikoa.

2.– Lege honen ondorioetarako, ikastetxe publiko dira Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuna dutenak eta, hamargarren xedapen gehigarrian adierazitako baldintzetan, baita toki-korporazioen titulartasuna dutenak ere.

3.– Euskal eskola publikoak ebaluazio, ikerketa eta hezkuntzari laguntzeko zerbitzu bereziak izango ditu; horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema osoa izango dute jarduketa-eremu.

4.– Euskal eskola publikoak Konstituzioari, Autonomia Estatutuari, lege honi eta berau garatzen duten arauei men eginez gauzatuko du bere jarduera.

2. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxe publikoei autonomia pedagogikoa, antolaketakoa eta kudeaketakoa aitortzen zaie, lege honetan arautzen den moduan.

3. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoa –bertako ikastetxe bakoitza– plurala, elebiduna eta demokratikoa izango da, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte- eta kultura-mailan bere ingurunean errotua, parte-hartzailea, desparekotasunak gainditzen dituena eta aniztasuna integratzen duena.

2.– Hona hemen euskal eskola publikoaren helburuak:

a) Konstituzioak aitortutako hezkuntza-eskubidea benetan gauzatzen dela bermatzea, eta hori eragozten duten oztopo ekonomikoak, sozialak edo bestelakoak desagerraraztea.

b) Ikasleen nortasuna askatasunean garatzea eta haien prestakuntza integrala bultzatzea, elkarbizitza demokratikoa sostengatzen duten balioetan oinarriturik; besteak beste, gaitasun eta jarrera kritikoa sustatu nahi da, berdintasuna, justizia, parte-hartzea, aniztasunaren eta kontzientzia-askatasunaren errespetua, elkartasuna, gizartearekiko kezka, tolerantzia eta elkarrenganako errespetua eta giza eskubideen defentsa.

c) Irakasleek, gurasoek eta ikasleek ikastetxe publikoen kudeaketan demokratikoki parte hartzeko duten eskubidea gauzatu dadin sustatzea eta bermatzea.

d) Bermatzea irakasleen katedra-askatasuna, gurasoek edo tutoreek seme-alaben ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea –lege honek definitzen duen eremuan– eta, hala dagokionean, seme-alabentzako nahi duten erlijio-irakaskuntza aukeratzeko eskubidea, legez ezarritako baldintzetan.

e) Kalitatezko irakaskuntza ziurtatzea, arreta berezia jarriz edukien balio pedagogikoan eta erabiliko diren metodoen eraginkortasunean, gure ingurunean ematen ari diren aurrerapausoak eta horien eraginez irakasleak birziklatu beharra kontuan hartzen dituzten metodologia aktibo eta malguak txertatuz, eta ikasleentzako orientazio psikologikoa, eskola-mailakoa eta profesionala ziurtatuz.

f) Maila, etapa, ziklo eta gradu guztietan jardutea, ikasleen jatorrizko desparekotasunak konpentsatzeko.

g) Baldintza beretan bermatzea ikasle guztiek derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialak jakingo dituztela, euskararen erabilera bultzatuz eta normalizazioari lagunduz.

h) Euskal Herriaren kide diren aldetik, ikasleei laguntzea beren kultura-nortasuna aurkitzen, beren historia eta kultura propioak ezagutaraziz eta beren ingurune geografiko, sozioekonomiko eta kulturalean errotu daitezen bultzatuz.

i) Ikasleengan ohitura intelektualak, lan-teknikak eta ezagutzak garatzea, jakintza-gai guztiak modu integratzailean aurkeztuz.

j) Bakerako, askatasunerako eta herrien arteko lankidetza- eta elkartasun-ideien sustapenerako prestakuntza.

k) Irakaskuntzan hezkidetza ziurtatzea.

l) Irakaskuntzaren edukietan manipulazioak eta doktrinatze ideologikora bideratutako ezagutzak irakastea baztertzea.

4. artikulua.– Aurreko artikuluan adierazitako helburuak erdiesteko, euskal eskola publikoak bitarteko hauek izango ditu:

a) Hezkuntza-, curriculum- eta kudeaketa-proiektuak eta lege honen 2. artikuluan ikastetxeei aitortzen zaien autonomia gauzatzeko arauak lantzea eta garatzea.

b) Eskola-komunitateko kide guztien parte-hartze demokratiko eta aktiboa, lege honetan landutako esparruan.

c) Eskolaren beharrei erantzuteko moduko profil profesionala eta linguistikoa duten irakasleak.

d) Eskolako zerbitzu elebidunak.

e) Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuari egokituriko instalazioak eta ekipamendua.

f) Ikastetxeek beren ingurune geografiko, sozial eta kulturalarekin harreman estua izatea; elkarren artean lankidetzan aritzea, baterako jarduera-planen eta trukeen bidez, eta EAEko administrazioak eta erakundeak elkarren artean koordinatuta eta lankidetzan aritzea.

5. artikulua.– 3. artikuluan zerrendatutako helburuak betetzeko, eginkizun hauek izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek, zeinek bere eskumenen eremuan:

a) Irakaskuntzaren programazio orokorra egitea, eta, plangintza demokratiko eta parte-hartzailearen barruan, euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea edo ezabatzea, irakaskuntza kalitatezkoa izango dela bermatzeko.

b) Ikastetxeek beren hezkuntza- eta curriculum-proiektuak garatzeko irizpideak eta gutxieneko betebeharrak arautzea.

c) Hezkuntza-eskubidea benetan gauzatzen dela bermatzeko beharrezko neurriak hartzea.

d) Ikastetxeen autonomia benetan gauzatzeko printzipioak behar duen esparru juridikoa sortzea.

e) Hizkuntza-ereduen plangintza egitea, gurasoek eta ikasleek eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dezaten, eta aukeratzeko askatasun hori bermatuko duten administrazio-mekanismoak garatzea.

f) Lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan espresuki ezartzen diren beste eginkizun guztiak eta, oro har, euskal eskola publikoaren helburuak erdiestera bideratutako eginkizun guztiak betetzea.

6. artikulua.– Eginkizun horiek betetzeko, botere publikoek guraso- eta ikasle-elkarteen parte-hartzea bultzatuko dute, langile-sindikatuena eta enpresa-elkarteena, udalena eta gizarte-sektore guztiena, lege honetan, Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 27ko 13/1988 Legean eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauetan adierazitakoaren arabera.

II. TITULUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN HEZKUNTZA-ESKUBIDEA GAUZATZEA

7. artikulua.– Botere publikoek irakaskuntza doakoa eta kalitatezkoa bermatuko dute euskal eskola publikoan, hurrengo artikuluetan adierazitako eran.

8. artikulua.– Euskal administrazio publikoek etengabe zainduko dute euskal eskola publikoko irakaskuntzaren kalitatea, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz; horretarako, helburuei egokituriko instalazioak eta ekipamenduak jarri, ikastetxeetan irakasle/ikasle ratioak egokitu, hezkuntza- eta curriculum-proiektu berezituak eta euskararen erabileraren normalizazioa bultzatu, ikasleei orientazio psikologikoa, eskolakoa eta profesionala eman, eskolako langile guztien lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza-premiak asetzeko lagungarri izan daitezkeen neurri guztiak hartuko dituzte.

9. artikulua.– 1.– Botere publikoek, euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeen bitartez, doako eskolatzea bermatuko dute 3 urtetik aurrera unibertsitatez kanpoko irakaskuntza orokorreko maila guztietan, hargatik eragotzi gabe errepikatzeari eta jarraitzeari buruz ikastetxeetan ezartzen diren muga espezifikoak.

2.– Hezkuntza Administrazioak, gainerako administrazioekin eta gizarteko eragileekin lankidetzan, zero urtetik aurrerako eskolatzea ezarriko du arian-arian hori eskatzen duten guztientzat, eta haurrak eskolatzeko aukeren inguruko informazioa emango die hezkuntza-sektoreei. Nolanahi ere, ezarpen-prozesuan lehentasuna izango dute maila sozioekonomiko apalena dutenek eta, orokorrean, hezkuntza-premia bereziak edo hizkuntza-premiak dituzten ikasleek.

10. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoan neurri positiboak hartuko dira diskriminazio-egoerak desagerrarazten laguntzeko.

2.– Aurreko zenbakian adierazitako berdintasun-printzipioa gauzatzeko eta, bereziki, jatorri sozioekonomikoa duten diskriminazio-egoerei aurre egiteko, euskal eskola publikoaren baliabideak hobeto banatzeko aukera emango duen konpentsazio-funtsean sartu beharreko diru kopuruak sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren urtean urteko aurrekontu orokorretan. Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran konpentsazio-funts horretan geratzen diren diru-soberakinak hurrengo ekitaldiko funtsei erantsiko zaizkie, hurrengo ekitaldi horretako aurrekontu orokorren legeak ezartzen duen moduan.

3.– Halaber, ikasketarako beka eta laguntzen sistema bat bideratuko da, desparekotasun sozioekonomikoak konpentsatzeko neurri indibidual gisa.

4.– Minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentsorialak konpentsatzeko moduko neurri indibidualak bilatuko dira. Hezkuntza-premia bereziak prebenitzeko, goiz identifikatzeko eta testuingurua kontuan hartuz ebaluatzeko neurriak eta premia berezi horiei erantzun egokia emateko neurriak hartuko dira.

5.– Euskal eskola publikoan, hizkuntza-normalizazioari laguntzeko behar diren neurri positiboak hartuko dira.

6.– Euskal eskola publikoko ikastetxeek, beren autonomia baliatuz eta, hala behar izanez gero, kanpoko laguntza-sistemak erabiliz, gelako taldeen antolaketan indartze- eta malgutasun-neurriak ezarri ahal izango dituzte, curriculuma egokitzekoak eta baliabide pedagogikoak antolatzekoak; horretara, kalitatezko eskola lortuko da, derrigorrezko irakaskuntza-aldian zehar muinbakarra, aniztasuna modu integratzaile eta indibidualizatuan bereganatzeko asmoa duena eta ikasleei beren hezkuntza-helburuak erdiesteko aukera emango diena.

7.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hitzarmenak egin ahal izango ditu gizarte- eta osasun-zerbitzuekin eta bestelako erakunde publiko nahiz pribatuekin, lege honetan adierazitako helburuen garapen osorako jardueretan koordinazio handiagoa lortzeko.

11. artikulua.– Botere publikoen ahalak hezkuntza-eskubidea benetan gauzatzera bideratuta daude, eta, bereziki, eskolatzeko aukera izatera eta hezkuntza-prozesua arrakastaz burutzera.

12. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoan, ikasle guztiek hezkuntzaren maila guztietan irakaskuntza euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2.– Eskubide hori gauzatzean eta botere publikoek eremu horretan jardutean, lege honen III. tituluan eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa beteko da.

13. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoan, ikastetxeetarako sarbidea bermatuko da ezarritako plangintzaren esparruan, eta, horretarako, beste zenbait irizpideren artean eskaintza eskaerari egokitzea hartuko da kontuan. Ikastetxeetan sartzeko mugapen orokor gisa ikastetxeon hezkuntza-eskaintzari darizkionak baino ezingo dira ezarri, xedatutako plangintzaren arabera. Ikastetxeetan plaza aski ez dagoenean, ikasleen onarpena erregelamendu bidez arautuko da; familiaren urteko errenta, bizilekuaren hurbiltasuna eta ikastetxe berean neba-arrebak izatea izango dira kontuan hartuko diren lehentasunezko irizpideak, eta ezingo da inolako diskriminaziorik egin ez onarpena arautzean ez ikasleak onartzean.

2.– Hezkuntza-premia bereziak dituztela-eta baliabide espezifikoen beharrean diren ikasleek lehentasuna izango dute baliabide horiek dituzten ikastetxeetan sartzeko orduan.

3.– Guraso edo tutoreei dagokie ikastetxea askatasunez aukeratzeko eskubideaz baliatzea. Euskal eskola publikoaren esparruan, berau osatzen duten ikastetxeetako bakoitzari dagokionez baliatu ahal izango da eskubide hori.

14. artikulua.– Ikasleen hezkuntzaren parte da euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeen gobernuan eta oro har eskola-bizitza osoaren garapenean modu arduratsuan parte hartzeko eskubideaz baliatzea. Eskubide horretaz gehiago edo gutxiago baliatzeko ikaslearen adinari begiratuko zaio, eta lege honetan ezarritako esparruan garatuko da.

15. artikulua.– 1.– Ikasleek eskola-eremuan dituzten eskubide indibidualak eta sozialak errespetatzetik abiatuz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, ikasleen eskubideak eta eginbeharrak arautuko ditu dekretu bidez.

2.– Euskal eskola publikoko ikasleek eskubidea dute arbitrariotasunik gabeko diziplina-tratamendua jasotzeko eta zehapenak ezartzean prozedura-bermeak izateko. Artikulu honen aurreko apartatuan aurreikusitako dekretuak arautuko ditu ikasleen faltak eta zehapenak, baita zehapenok ezartzeko prozedura ere, eta beti ere entzunaldia emango zaio interesdunari, hargatik eragotzi gabe falta horiek ekintza zibilak edo penalak eragitea.

16. artikulua.– 1.– Eskola-errendimendua objektibotasun osoko irizpideen arabera ebaluatuko da, eskola-prozesuaren garapenean ikasleari eta irakasleari argibideak emateko, etorkizuneko aukera akademiko eta profesionalak hautatzen laguntzeko eta goragoko irakaskuntza-mailetara sartzeko eskubidea bermatzeko. Prozesu horretan, irakasleen klaustroak eta ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak, ikastetxearen hezkuntza- eta curriculum-proiektuaren arabera, prozesuaren funtzionamendua eta emaitza orokorrak ebaluatuko dituzte, eta eskola-komunitateari ezagutaraziko dizkiote.

2.– Ikastetxeek ikasturte hasieran jakinarazi beharko dituzte ebaluazio-irizpideak eta eskola-ikasturte edo -ziklo bakoitzean gainditu beharreko gutxieneko helburuak, ikastetxearen curriculum-proiektuan jasotakoak hain zuzen. Irizpideek nahiz gutxieneko helburu horiek bat etorri beharko dute indarrean dauden ikasketa-planekin eta ikastetxeari aitortutako autonomia erabiliz hartzen diren aukerekin.

3.– Ikastetxeek beren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduetan ebaluazioen kalifikazioen aurkako erreklamazioak aurkezteko prozedura arautuko dute.

17. artikulua.– 1.– Titulu honetan jasotako hezkuntza-eskubidea gauzatu dadin bideratzeko, euskal eskola publikoko ikastetxeek eskolako elkarbizitzaren garapena bultzatuko dute.

2.– Aurreko apartatuan jasotako printzipioa aplikatzeko, eskola-komunitateko kideek ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan bakoitzari ezarritako eskubideak eta betebeharrak hartuko dituzte beren gain.

III. TITULUA
EUSKARA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN

18. artikulua.– Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan garatuko diren irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermen eta adierazpenerako gaikuntza benetakoa izan dadin, hartara gutxienez ohiko harreman- eta erabilera-hizkuntza gisa baliatu ahal izan daitezen.

19. artikulua.– 1.– Hezkuntza Administrazioa arreta bereziz arduratuko da aurreko artikuluan araututako helburua bete dadin.

2.– Horretarako, eta 12. artikuluan aurreikusitako helburuetarako, ikasleen ikastetxeekiko hurbiltasunari buruzko irizpide orokorrak berrikusiko dira urtero, irakaskuntzaren programazio orokorraren esparruan.

Halaber, Hezkuntza Administrazioak laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango die gainerako administrazioei eta instantzia sozialei.

3.– Irakaskuntzaren hizkuntza-plangintza Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak ezartzen duen hizkuntza-plangintza orokorrarekin koordinatuta egingo da.

4.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarraipena egingo dio irakaskuntzako hizkuntza-plangintzaren irizpide orokorren aplikazioari, hargatik eragotzi gabe Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak hizkuntza-plangintza orokorraren jarraipenerako dituen eskumenak.

5.– Euskadiko Eskola Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntzaren egoerari buruzko urteko txostenean, atal berezia eskainiko dio aurreko artikuluan araututako helburuaren betetze-maila baloratzeari. Atal horretan bertan, euskara derrigorrezko irakasgai baino ez den kasuetan euskararen ikaskuntza eta benetako erabilera bultzatzeko behar diren neurriei buruzko gomendioak emango ditu.

20. artikulua.– 1.– Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, dekretu bidez onartuko du hizkuntza-ereduen erregulazioa, hargatik eragotzi gabe lege honen 47. artikuluan ezarritakoa. Eredu horiek lan-tresna dira, 18. artikuluan ezarritako hizkuntza-normalizazioaren helburua eta hezkuntza-sistema ororen berezko curriculum-edukien eskurapena kasuan-kasuan uztartzeko bide egoki diren neurrian.

2.– Aurreko apartatuan adierazten den eskumena gauzatzean, Jaurlaritzak kontuan izango du ereduon errendimendu linguistiko eta akademikoaren guztizko ebaluazioa eta, hala badagokio, baita ikastetxeek, beren autonomia pedagogikoa erabiliz, aurkeztutako ekimenena ere.

3.– Artikulu honen 1. apartatuan aipatutako araua onartzeko prozeduran Euskadiko Eskola Kontseiluari egingo zaion kontsulta eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren txostena hartuko dira kontuan.

21. artikulua.– Jaurlaritzak hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza zehazteko oinarrizko irizpideak arautuko ditu. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gurasoen edo tutoreen nahia eta eremuaren egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduak esleituko ditu.

Hezkuntza Administrazioak hezkuntza-maila batetik bestera igarotzean hizkuntza-eredua aldatzeko baimena eman ahal izango du, gurasoen edo tutoreen eskaria nahikoa bada eta plangintzak horretarako bide ematen badu.

22. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak eta lege honek zehaztutako helburuak lortzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango dituzte ikastetxe guztiek.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleak euskalduntzeko urte anitzeko plana burutuko du. Plan horrek izaera malgua izango du eta urtero berrikusiko da, eta, hura gauzatzean, irakasleak beren borondatez planari atxikitzeko ahaleginak egingo dira, haien lan-baldintzak errespetatuta. Planak zein beronen berrikuspenek Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena beharko dute.

3.– Irakasleak euskalduntzeko planak osagai hauek izango ditu gutxienez:

a) Euskarazko eta euskararen irakaskuntza-eskariaren aurreikuspena.

b) Horren ondorioz, euskaraz eta euskara irakasteko kualifikazio espezifikoa duten irakasleen premien kalkulua.

c) Irakasleen birziklatze- eta euskalduntze-premien haztapena.

d) Aurreko apartatuetan zehaztutako jarduketa guztiak burutzeko beharrezko finantza-baliabideen aurreikuspena.

23. artikulua.– Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 17. artikuluak aurreikusitakoa betetzeko, administrazio autonomikoak behar diren neurriak hartuko ditu euskal eskola publikoko ikastetxeetako jardueretan euskararen ingurune-erabilera ziurtatzeko, eskolako eta eskolaz kanpoko jardueretan eta eskola-bizitzan orokorrean euskara erabil dadin ahalbidetzeko.

IV. TITULUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA ETA HAREN ERAKETA
I. KAPITULUA
ESKOLA-BARRUTIA

24. artikulua.– 1.– Irakaskuntza-zerbitzuen antolaketarako eta plangintzarako lurralde-banaketarako oinarrizko unitatea da eskola-barrutia, eta:

a) Ikastetxeak eta Irakaskuntza Ebaluazio eta Laguntzako Zerbitzuak elkarri egokitzeko eta zerbitzu horien lurralde-koordinazioa bideratzeko eremua da.

b) Hezkuntza Administrazioak eremu horretarako onartu beharreko plangintza orokorrean ikastetxe eta zerbitzu horiek parte hartzeko eremua da.

2.– Barrutiak maila guztietako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-eskaria asetzeko behar diren ikastetxeak eta zerbitzuak izango ditu. Era berean, bere eginkizunak betetzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango ditu.

3.– Eskola-barrutiaren oinarrizko egitura zehaztea, bai eta barruti bakoitza sortu, aldatu edo ezabatzea ere, Eusko Jaurlaritzak egingo du dekretu bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Euskadiko Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA
IKUSKATZEKO EGINKIZUNA

25. artikulua.– 1.– Ikuskatzeko eginkizuna, euskal eskola publikoan, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren eta Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzaren eskumena da.

2.– Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak, indarrean dauden arauetan aitortzen zaizkion gainerako eskumenak eragotzi gabe, eginkizun hauek ditu:

a) Ikastetxe bakoitzaren, ikastetxe multzoaren eta laguntza-sistemaren ebaluazio tekniko-pedagogikoa egitea.

b) Hezkuntza-gaietan indarrean dagoen araudia betetzen dela kontrolatzea, eta ikastetxeen eta laguntza-sistemaren funtzionamendu-baldintzak zaintzea, sistemaren oinarrizko helburuak betetzeko.

c) Lege honek aipatzen duen autonomia pedagogikoaren esparruan garatzen diren ikastetxeen proiektuei eta programei buruzko txostengintzaz arduratzea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren erabakiaren aurretik, eta baita berauen jarraipenaz eta ikuskapenaz ere.

d) Oro har, ikastetxeei, irakasleei eta Administrazioari berari argibideak eta aholkua ematea, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko.

e) Bere eginkizunak betetzean, eskola-kontseiluekin eta ikastetxeekin elkarlanean aritzea, behar dituzten argibideak eta laguntza teknikoa emanez.

f) Lege honen 15. artikuluan adierazitako arauaren ondoriozko eginkizunak, ikasleentzako diziplina-araubidearen alorrean.

3.– Hezkuntza Administrazioak Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritza sortu eta garatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu. Ikuskaritza ikastetxeetako giza baliabide eta baliabide material egokiak emateaz eta antolatzeaz arduratuko da, bai eta baliabide publikoak eraginkortasun handiagoz erabiltzeaz ere.

III. KAPITULUA
HEZKUNTZARAKO LAGUNTZA-ZERBITZUAK

26. artikulua.– 1.– Hezkuntzarako laguntza-zerbitzuak elkarlanean arituko dira ikastetxeekin, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko.

2.– Laguntza-zerbitzuek eginkizun hauek izango dituzte:

a) Ikastetxeen beharrak asetzeko ekintzak, eta, orobat, beren proiektu eta programa didaktikoak gauzatzean eta hezkuntza-erreforma eta -programa propioak edo Administrazioak proposatutakoak ezartzean laguntzeko eta argibideak eta aholkuak emateko ekintzak burutzea.

b) Baliabideen kokagune izatea, ikastetxeen eskura egon arren beren izaera edo neurriengatik berauetan eduki ezin daitezkeenetan.

c) Irakasleen prestakuntzarako zonako planak lantzen eta kudeatzen eta barrutiko giza baliabideak koordinatzen laguntzea, ikastetxeen eskakizunei erantzunez.

d) Irakaskuntza-esperientzien trukaketak sustatzea.

e) Baliabide pedagogikoen eta material didaktikoen dokumentazio eta mailegutzarako zentro gisa jardutea.

f) Ikastetxeetako irakasleak euskalduntzeko planak bultzatzea.

g) Erregelamendu bidez ezartzen diren gainerakoak.

3.– Eginkizun horiek eskola-barrutia oinarri harturik gauzatuko dira nagusiki.

Barruti bakoitzeko laguntza-zerbitzu bakoitza zuzendaritza bakarraren pean arituko da eta barruti bakoitzaren beharren zer-nolakoei egokitu beharko zaie eta koordinatuta jardun, ikastetxe berean badihardute bereziki.

4.– Ikastetxeetarako laguntza-zerbitzu gisa eta eskaerei eta eskueran dauden baliabideei begira, Administrazioak eskola-barrutia baino jarduketa-eremu zabalagoko zein murritzagoko laguntza-zerbitzuak eratu ahal izango ditu, beti ere aurreko apartatuan aurreikusitako koordinazio-arauak errespetatuz.

5.– Lege hau garatzeko, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez arautuko ditu hezkuntza-sistemaren laguntzako oinarrizko egiturak, eskola-barrutiko eta ikastetxeko laguntza-mekanismoak indartzeko eta lege honen 3. artikuluak aipatzen dituen helburuak lortzearren erakunde arteko lankidetza bultzatzeko behar diren ekimen guztiak kontuan hartuz.

V. TITULUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOKO IKASTETXEEN AUTONOMIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

27. artikulua.– Euskal eskola publikoko ikastetxeek bermatuta dute autonomia pedagogikoa eta antolaketa- eta kudeaketa-autonomia, indarrean dagoen legeriaren esparruan eta lege honetan zein berau garatzen duten arauetan jasotako moduan.

28. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoko ikastetxeen autonomia gauzatzen da epe ertainerako beren jarduera antolatzeko tresna hauek onartzen eta betearazten dituztenean:

a) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua.

b) Ikastetxearen curriculum-proiektua.

c) Antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua.

d) Kudeaketa-proiektua.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako tresnetan jasotako zehaztapenak urtez urte gauzatzea ikastetxearen egitekoa izango da, eta, horretarako, ikastetxearen urteko plana onartu beharko du. Hona plan horren atalak:

a) Irakaskuntza-jardueren programa.

b) Prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien programa.

c) Urteko kudeaketa-programa.

3.– Ikastetxeak urteko memoria bat onartuko du, aurreko apartatuan adierazitako programen urteko helburuen betetze-maila ebaluatuko duena; era berean, artikulu honetan aipatzen diren bere jarduera antolatzeko tresnetan egin beharreko aldaketak proposatu ahalko ditu memoria horretan.

II. KAPITULUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOKO IKASTETXEEN ANTOLAKETA-AUTONOMIA
LEHENENGO ATALA
ANTOLAKETA-AUTONOMIA

29. artikulua.– 1.– Ikastetxe bakoitzak, aitortua duen autonomiaz baliatuz eta lege honen 1.4 artikuluan adierazten diren arauen esparruan, bere antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua egin eta onartuko du. Erregelamendu horretan, bertako organoen osaera, eskumenak eta hautatzeko modua jasoko dira, eta baita ikastetxearen funtzionamendu ona eta jarduera akademikoen eta ikastetxearen araubide administratibo eta ekonomikoaren garapen egokia bermatzeko beharrezko jotzen diren xedapen guztiak ere.

2.– Nolanahi ere, antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan hauek zehaztu beharko dira:

a) Ikastetxearen antolaketa-egitura eta funtzionamendua. Behar izanez gero, kapitulu honen hurrengo ataletako xedapenak osatuko dira.

b) Hezkuntza-komunitateko kideen elkarbizitza eta elkarrenganako errespetua eta egoitzaren zein instalazioen erabilera egokia bermatzeko arauak; arauok demokratikoak izan beharko dute, hartara eskubideen errespetua eta eginbeharrak betetzea eskola-komunitateko kide guztien konpromisoa izan dadin.

Lege honen 55.2 artikuluak aurreikusitakoaren arabera arautu gabeko lanbide-heziketa ematen den ikastetxeetan, antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan bi jarduerak behar bezala gauzatzea bermatuko duten elkarbizitzarako eta egoitzaren zein instalazioen erabilera egokirako arauak jaso beharko dira.

c) Ebaluazioen aurkako erreklamazioetarako araubidea, lege honen 16.3 artikuluan jasotakoaren arabera.

3.– Antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua ordezkaritza-organo gorenak onartu eta, hala badagokio, aldatuko du, eta ikastetxeak Hezkuntza Administrazioari helaraziko dio, uki ditzakeen gaiak arautzen dituzten xedapen arauemaileekin bat datorren erabaki dezan.

BIGARREN ATALA
ESKOLAREN ANTOLAKETA

30. artikulua.– 1.– Lege honek ukitzen dituen ikastetxe publikoek organo hauek izango dituzte gutxienez:

– Kide anitzeko organoak:

● Ordezkaritza-organo gorena.

● Irakasleen klaustroa.

● Zuzendaritza-taldea.

● Gurasoen batzarra.

● Ikasleek ikastetxearen kudeaketan izango duten parte-hartze espezifikoa mamituko duen organoa.

– Kide bakarreko organoak:

● Zuzendaria.

● Ikasketaburua.

● Idazkaria eta, hala badagokio, administratzailea.

2.– Ikastetxe bakoitzaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak, aurrean zehaztutakoez gain, beste organo batzuk ere aurreikusi ahal izango ditu.

3.– Kide bakarreko organoen agintaldia 33. eta 40. artikuluetan ezarriko du lege honek kasu bakoitzerako. Hautapenezko kide anitzeko organoak bi urtez behin berrituko dira, ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak kasu bakoitzerako ezarritako aurreikuspenen arabera, hargatik eragotzi gabe epe horretan gertatzen diren plaza hutsak betetzea.

HIRUGARREN ATALA
ORDEZKARITZA-ORGANO GORENA

31. artikulua.– 1.– Ordezkaritza-organo gorena da eskola-komunitateko kideen parte hartzeko organoa euskal eskola publikoko ikastetxeen gobernuan, eta beroni dagokio eskola-bizitzarako funtsezkoak diren erabakiak hartzea; ikastetxearen autonomia-eremuan, ikastetxearen funtzionamenduaren azken erantzulea da.

2.– Ordezkaritza-organo gorenak eskumen hauek izango ditu:

a) Ikastetxearen hezkuntza-proiektua, antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua eta kudeaketa-proiektua onartzea, bete daitezen begiratzea eta 28.3 artikuluak agintzen duenaren arabera ebaluazioa egitea.

b) Ikastetxearen urteko plana onartzea, hargatik eragotzi gabe 35.2.a) artikuluan erabakitakoa.

c) Prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien programa eta urteko kudeaketa-programa onartzea, eta haien jarraipena eta aldizkako ebaluazioa bere gain hartzea.

d) Ikastetxearen urteko memoria onartzea.

e) Ikastetxeko zuzendaria hautatzeko prozesuan parte hartzea. Kideen bi hereneko gehiengoz onartuta, zuzendariaren izendapena errebokatzea proposatzea, karguari datxezkion eginkizunen ez-betetze larririk egiten badu.

f) Ikasleen onarpena erabakitzea, indarrean dagoen araudian agindutakoari bete-betean lotuz.

g) Ikastetxeetako bizikidetza-arloko neurri zuzentzaileak ezagutzea eta berrikustea, ikasleen eskubideak eta eginbeharrak arautzen dituzten arauekin bat etorriz.

h) Beste ikastetxe batzuekin lankidetza-harremanak izatea, kultura- eta hezkuntza-helburuetarako.

i) Eskolako instalazioak eta tresneria berritzea sustatzea, bai eta behar bezala mantentzen direla zaintzea ere.

j) Ikastetxearen jarduera orokorra gainbegiratzea, administrazio- eta irakaskuntza-alderdietan.

k) Lege honek, beste arau batzuek edo ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak ematen dioten beste edozein eskumen.

32. artikulua.– 1.– Ikastetxe bakoitzaren antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak zehaztuko du, hurrengo bi apartatuetan ezarritako mugen barruan, ordezkaritza-organo gorenaren izena, dela Eskola Kontseilua, dela Batzarra edo dela egoki deritzon beste edozein. Horretaz gain, organoko kide kopuru osoa eta kideen banaketa ezarriko du. Halaber, organoaren bilkura-araubidea eta beronen funtzionamendurako gainerako arauak zehaztuko ditu.

2.– Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak kide hauek izango ditu gutxienez:

a) Ikastetxeko zuzendaria, organoaren buru izango dena.

b) Ikasketaburua.

c) Zinegotzi bat edo ikastetxea dagoen udal-mugarteko udalaren ordezkari bat.

d) Irakasleen klaustroak hautatutako irakasle kopuru jakin bat, zeina ezingo baita izan ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko kide guztien herenetik beherakoa.

e) Ikasleek eta ikasleen gurasoek hautaturiko guraso eta ikasle kopuru jakin bat, zeina ezingo baita izan organoko kide guztien ehuneko berrogeita hamarretik beherakoa.

Gurasoen parte-hartzea eta ikasleen parte-hartzea ordezkatzen duten gutxieneko ehunekoak erregelamendu bidez zehaztuko dira, eta hainbat ikastetxe mota bereiziko dira, ikasleen adinaren arabera.

Ikasleen ordezkaritza derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen ziklotik aurrera ezarriko da.

f) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

g) Ikastetxeko idazkaria, organoko idazkari gisa arituko dena; hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Haur-hezkuntzako ikastetxeetan, sei unitate baino gutxiagoko lehen hezkuntzako ikastetxeetan, hainbat udalerriren hezkuntza-premiei erantzuten dieten ikastetxeetan, helduen hezkuntzako eta hezkuntza bereziko unitate edo ikastetxeetan, bai eta ezaugarri bereziak dituztenetan ere, Hezkuntza Administrazioak ikastetxe horien berezitasunari egokituko dio artikulu honetan zehaztutakoa. Lanbide-heziketako ikastetxeetan, batxilergo teknikoak ematen dituztenetan eta arte plastikoak eta diseinua irakasten dituztenetan, ordezkaritza-organo gorenean sindikatu eta enpresa-erakundeen eta irakaskuntza horiekin zerikusia duten beste entitate batzuen parte-hartzea ezarri ahal izango da erregelamendu bidez.

4.– Jaurlaritzak ordezkaritza-organo gorenerako sektore guztietako ordezkarien hautaketa-prozedura arautuko du.

5.– Ordezkaritza-organo goreneko kideek beren ordezkaritza-lanean ez dute aginduzko mandaturik izango.

LAUGARREN ATALA
ZUZENDARIA

33. artikulua.– 1.– Zuzendaria ikastetxearen kudeaketa orokorraren eta funtzionamenduaren arduraduna da, irakaskuntza-jarduerarena bereziki, eta ordezkaritza-organo gorenak emandako gidalerroen arabera jokatuko du.

2.– Hezkuntza-komunitatearen eta Hezkuntza Administrazioaren parte-hartzea izango duen prozesu baten bidez hautatuko da zuzendaria. Prozesu horrek aukera eman behar du profesional egokienak diren eta hezkuntza-komunitatearen babes handiena lortzen duten hautagaiak aukeratzeko.

3.– Euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariak ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketa bidez hautatu eta izendatuko dira. Hautaketak berdintasun-, publikotasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak izango ditu oinarri.

4.– Hauek izango dira merezimendu-lehiaketan parte hartzeko betekizunak:

a) Irakaskuntzako funtzio publikoan gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea karrerako funtzionario gisa.

b) Hautagaiak zer ikastetxetan irakasle izan nahi duen, bada ikastetxe horrek eskaintzen duen irakaskuntzaren batean karrerako funtzionario gisa zuzeneko irakaskuntza eman izana bost urtez.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean lanean aritzea, hautagaiak zer ikastetxetan irakasle izan nahi duen, bada ikastetxe horrek eskaintzen duen irakaskuntzaren batean, eta gutxienez ikasturte oso bateko esperientzia izatea deialdia argitaratzen denean.

d) Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea. Proiektu horrek helburuak, jarduketa-ildoak eta ebaluazioa jasoko ditu, besteak beste, baita ikastetxeko kide bakarreko beste organoetan jarduteko proposatzen diren pertsonen izena ere.

5.– Haur-hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, lehen hezkuntzako ikastetxe osatugabeetan, zortzi unitate baino gutxiago dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeetan eta arte-irakaskuntza profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak edo helduei zuzendutakoak ematen dituzten eta zortzi irakasle baino gutxiago dituzten ikastetxeetan, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak aurreko apartatuan ezarritako baldintzaren bat betetzeaz salbuetsi ahal izango du zuzendarigaia, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

33 bis artikulua.– Hautaketa-prozedura.

1.– Euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak dagozkion merezimendu-lehiaketak deituko ditu eta zuzendarigaien merezimenduak eta aurkeztutako proiektuak balioesteko irizpide objektiboak eta prozedura ezarriko ditu.

2.– Hautaketa ikastetxean bertan egingo du hezkuntza-gaietan eskumena duen saileko ordezkariz eta dena delako ikastetxeko ordezkariz osatutako batzorde batek. Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak batzordekideen guztizko kopurua zehaztu beharko du. Batzordeko kideen herena, gutxienez, irakasleen klaustroak izendatutako ikastetxeko irakasleek osatuko dute, eta beste heren bat, gutxienez, irakasle ez diren ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko kideek izendatuko dute organo horretako kideen artean.

3.– Zuzendarigaiek egiaztatutako merezimendu akademikoen eta merezimendu profesionalen balioespen objektiboa eta zuzendaritza- proiektuaren balioespena hartuko dira kontuan. Hautaketa, nolanahi ere, demokratikoki erabakiko dute batzordeko kideek, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak ezarritako irizpideei jarraikiz.

4.– Hautaketa egiteko, ikastetxeko irakasleen hautagaitzak hartuko dira kontuan lehenik, horiek lehentasuna izango baitute. Ikastetxeko izangairik ez dagoenean edo ikastetxeko izangaiak hautatzen ez direnean, beste ikastetxe batzuetako irakasleen hautagaitzak balioetsiko ditu batzordeak.

33 ter artikulua.– Izendapena.

1.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak antolatutako hasierako prestakuntzako programa bat gainditu beharko dute hautatutako zuzendarigaiek. Zuzendaritza-lanean gutxienez bi urteko esperientzia dutela frogatzen duten zuzendarigai hautatuak salbuetsita egongo dira hasierako prestakuntzako programa hori egiteaz, hargatik eragotzi gabe zuzendaritza-lanak betetzeko Hezkuntza Administrazioak antolatuko dituen eguneratze- eta hobekuntza-ikastaroetan eta beste jarduera batzuetan parte hartzeko zuzendaritza-kargua duten guztiek daukaten betebeharra.

2.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak dena delako ikastetxeko zuzendari izendatuko du, lau urtez, hasierako prestakuntza-programa gainditu duen zuzendarigaia.

3.– Zuzendarien izendapena iraupen bereko aldietarako berritu ahal izango da, baldin eta egindako lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu aldi bakoitza amaitzean. Ebaluazio horren irizpideak eta prozedurak publikoak izango dira. Horretarako, zuzendariak espresuki eskatu beharko du eta zuzendaritza-programaren bidezko eguneratzeak aurkeztuko ditu.

4.– Zuzendariak, ikastetxeko zuzendaritzan ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren, karguan jarraitu ahal izateko, hautagaitza aurkeztu beharko du berriz ere dagokion merezimendu-lehiaketan. Berriz ere hautatzen eta izendatzen badute, agintaldia iraupen bereko aldietarako berritu ahal izango da, baldin eta egindako lanak ebaluazio positiboa jasotzen badu aldi bakoitza amaitzean. Prozedura hori mugarik gabe errepikatu ahal izango da, eta pertsona berak ondoz ondoko bi agintaldi egin ondoren beti egin beharko da beste merezimendu-lehiaketa bat.

5.– Zuzendarigairik ez dagoenean, ikastetxe sortu berrien kasuan, batzordeak ezein zuzendarigai hautatzen ez duenean edo hautatuak hasierako prestakuntza-programa gainditzen ez duenean, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak irakasle bat izendatuko du zuzendari, lau urteko aldi baterako gehienez.

33 quater artikulua.– Zuzendariak kargua uztea.

Zuzendariak kasu hauetan utziko du bere kargua:

a) Izendapenari dagokion aldia eta, hala badagokio, aldi horren luzapena amaitzen denean.

b) Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak onartutako uko-egite arrazoituaren kasuan.

c) Gerora sortutako ezintasun fisikoaren edo psikikoaren kasuan.

d) Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak, bere ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren proposamen arrazoitu bidez, kideen bi hereneko gehiengoz onartuta, zuzendari-karguari datxezkion eginkizunen ez-betetze larriagatik era arrazoituan errebokatzen duenean. Nolanahi ere, errebokatzeko ebazpena kontraesaneko espedientea instruitutakoan emango da, interesdunari eta ordezkaritza-organo gorenari entzun ondoren.

33 quinquies artikulua.– Zuzendariordea.

Erregelamendu bidez ezarri ahal izango da zuzendariorde bat izatea. Kasu horietan zuzendariordea zuzendaritza-taldeko kide izango da, eta, besteak beste, zuzendaria ordezkatuko du hura gaixotzen bada edo kanpoan bada, kargualdian eten edo kargugabetzen badute, legez ezarritako prozeduraren bidez ordezkoa izendatu arte, hain zuzen. Zuzendariordearen kargua ez dagoen ikastetxeetan, ikastetxeko ikasketaburuak ordezkatuko du zuzendaria gorago aipatutako kasuetan.

33 sexies artikulua.– Zuzendaritza-lana aitortzea.

1.– Zuzendari-kargua betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, ezarritako osagarrietarako Jaurlaritzak zehazten dituen kopuruei jarraikiz.

2.– Era berean, zuzendari-kargua betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako eta, batez ere, hezkuntzako ikuskaritzan sartzeko.

3.– Bestalde, zuzendariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira. Ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitorpen pertsonala eta profesionala jasoko dute, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

4.– Euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariek, erregelamendu bidez zehazten den aldian kargua balioespen positiboarekin bete dutenean, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dute aktibo dauden bitartean, erregelamendu bidez ezarritako proportzioa, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.

34. artikulua.– Zuzendariari dagokio:

a) Ikastetxearen ordezkaritza izatea, ikastetxean Hezkuntza Administrazioa ordezkatzea, eta administrazio horri hezkuntza-komunitatearen planteamenduak, asmoak eta premiak helaraztea.

b) Ikastetxearen jarduera guztiak zuzentzea eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe irakasleen klaustroari eta ordezkaritza-organo gorenari esleitutako eskumenak.

c) Zuzendaritza pedagogikoa gauzatzea, hezkuntza-berrikuntza sustatzea eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren helburuak lortzeko planak bultzatzea.

d) Legeak eta indarrean dauden gainerako xedapenak betetzea bermatzea.

e) Ikastetxeari atxikitako langile guztien buru izatea.

f) Ikastetxeko elkarbizitza hobetzea, gatazkak konpontzeko bitartekotza bermatzea eta ikasleei dagozkien neurri zuzentzaileak ezartzea indarrean dagoen araudia beteta, hargatik eragotzi gabe gai honetan ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenari esleitutako eskumenak. Horretarako, ikastetxeetan gatazkak konpontzeko prozedurak bizkortzea sustatuko da.

g) Ikastetxearen eta ingurunearen arteko harremana sendotzeko, familiekiko, erakundeekiko eta organismoekiko lankidetza bultzatzea, eta eskola-giro egokia sustatzea, lagungarri izan dadin ikasleek ezagutzetan eta balioetan prestakuntza integrala jasotzeko eta ikasketa-ohiturak sustatzeko.

h) Ikastetxearen barne-ebaluazioak bultzatzea eta kanpo-ebaluazioetan eta irakasleen ebaluazioan laguntzea.

i) Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren eta irakasleen klaustroaren ekitaldi akademikoetarako eta bilkuretarako deialdia egitea, ekitaldi-bilkura horien buru izatea eta aipatutako organoek beren eskumenen eremuan hartutako erabakiak betearaztea eta haiek betetzen diren zaintzea.

j) Lege honen 63. artikuluak aipatzen dituen obren, zerbitzuen eta horniduren kontratazioak egitea, gastuak baimentzea ikastetxearen urteko kudeaketa-programarekin bat etorriz, ordainketak agintzea eta ikastetxearen ziurtagiriei eta dokumentu ofizialei oniritzia ematea, hori guztia erregelamendu bidez ezarritako prozedurari jarraikiz.

k) Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailari ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste kideen izendapena eta kargu-uztea proposatzea, irakasleen klaustroari eta ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenari jakinarazi ondoren.

l) Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak esleitzen dizkion guztiak, beste arau batzuek esleitzen dizkiotenak eta ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak ezartzen dizkionak.

BOSGARREN ATALA
IRAKASLEEN KLAUSTROA

35. artikulua.– 1.– Irakasleen klaustroa ikastetxean lanean diharduten irakasle guztiek osatuko dute, eta zuzendaria izango du buru.

2.– Hauek dira irakasleen klaustroaren eginkizunak:

a) Ikastetxearen curriculum-proiektua eta irakaskuntza-jardueren programa egin eta onartzea, ordezkaritza-organo gorenak txostena egin ondoren; organo horrek erabakiko du ikastetxearen hezkuntza-proiektuan jasotako gidalerroen araberakoak diren.

b) Irakaskuntza-jardueren programaren betetze-mailaren berri ematea ordezkaritza-organo gorenari, urteko memoria egin dezan.

c) Ikasleen ebaluazioak eta errekuperazioak egiteko lanari buruzko irizpideak ezarri eta koordinatzea.

d) Ikasleei orientabidea eta tutoretza emateko eginkizunak planifikatzea eta zuzentzea.

e) Ikastetxean egin behar diren esperimentazio edo ikerketa pedagogikoko ekimenak sustatzea.

f) Ikastetxearen funtzionamendu-arauak onartzea.

g) Irakasleen prestakuntzari dagokionez prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien programari buruzko txostena egitea, 36.3 artikuluan erabaki bezala, eta ordezkaritza-organo gorenak onartu baino lehen.

3.– Irakasleen klaustroak hautatuko ditu ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko bere ordezkariak.

SEIGARREN ATALA
ZUZENDARITZA-TALDEA

36. artikulua.– 1.– Zuzendariak, ikasketaburuak, idazkariak eta, hala dagokionean, ikastetxeko administratzaileak osatuko dute zuzendaritza-taldea.

2.– Hauek dira zuzendaritza-taldearen eginkizunak:

a) Ikastetxearen zuzendaritza eta koordinaziorako irizpideak erabakitzeko eta ikastetxearen funtzionamenduari begira garrantzi handieneko erabakiak hartzeko orduan zuzendariari laguntzea.

b) Kudeaketa-proiektua, prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien programa eta urteko kudeaketa-programa gauzatzea, ordezkaritza-organo gorenak onar ditzan.

c) Aurreko apartatuan adierazitako programen burutzapena koordinatzea eta gainbegiratzea, eta haien betetze-mailaren berri ematea ordezkaritza-organo gorenari, urteko memoria onar dezan.

d) Urteko memoriaren zirriborroa egitea, ordezkaritza-organo gorenak eztabaida dezan.

e) Ordezkaritza-organo gorenari euskal eskola publikoko beste zenbait ikastetxerekin lankidetza-harremanak izateko proposamena egitea eta, halaber, kultura- eta hezkuntza-xedez beste erakunde batzuekin itunak izenpetzeko proposamenak egitea, organo horrek, egoki baderitzo, Hezkuntza Administrazioari aurkez diezazkion.

f) Irakasle-taldeak antolatzea eta irakasleak beren jardueretara atxikitzeko irizpideak erabakitzea ikasturte bakoitzaren hasieran.

3.– Aurreko apartatuko b) eta d) letretan adierazten diren eginkizunak betetzeko, zuzendaritza-taldeak organo gorenaren batzorde delegatu baten parte-hartzea izango du. Antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak organo gorenaren batzorde iraunkorra aurreikusten duen kasuetan, batzorde horri emango zaio esandako dokumentuak egiteko ardura.

Edonola ere, ordezkaritza-organo gorenaren ordezkaritza-baldintzak eta -proportzioak gorde beharko dira, eta horretarako boto haztatuaren sistema ezarri ahal izango da.

4.– Zuzendariaren kargua ez diren ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste karguak betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, exijitutako erantzukizuna eta arduraldia kontuan hartuta, ezarritako osagarrietarako Jaurlaritzak zehazten dituen kopuruei jarraikiz.

Era berean, zuzendaritza-karguak betetzeko zeregina bereziki balioetsiko da irakaskuntzako funtzio publikoan dauden lanpostuen horniduraren ondorioetarako eta, batez ere, Hezkuntzako Ikuskaritzan sartzeko.

Bestalde, ikasketaburuak eta idazkariak agintaldiaren amaieran ebaluatuko dira. Ebaluazio positiboa lortzen dutenek aitorpen pertsonala eta profesionala jasoko dute, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan.

37. artikulua.– Hezkuntza Administrazioak ikastetxeetako zuzendaritza-taldekideen prestakuntza eta jarduketa hobetzeko neurri egokiak hartuko ditu, besteak beste ikastetxearen hizkuntza-normalizazioko helburuaren araberako hizkuntza-prestakuntza.

ZAZPIGARREN ATALA
GURASOEN BATZARRA ETA IKASLEEN PARTE-HARTZEA

38. artikulua.– 1.– Gurasoen batzarra, ikastetxearen kudeaketan gurasoek espezifikoki parte hartzeko organoa da. Ikasleen guraso edo tutore guztiek osatuko dute.

2.– Gurasoen batzarrak eginkizun hauek ditu:

a) Ikastetxeko gainerako organoei beren eskumeneko gaiei buruz egoki jotzen dituen proposamenak egitea, eta irakaskuntza-jardueren programa, prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien programa eta urteko kudeaketa-programa gauzatzeari buruzko balorazioa ematea.

b) Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleen klaustroarekin harremanak izatea, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren garapenean lankidetzarik handiena lortzeari begira.

c) Ikastetxeko bizitzan parte hartzeko gurasoen ekimena suspertzea.

d) Kide anitzeko organoetan gurasoen ordezkari direnak bileretara deitzea, egindako kudeaketaren berri eman dezaten.

e) Bere funtzionamendu-arauak onartzea.

3.– Gurasoen batzarrak barne-organo bat eratu dezake bilkurak prestatzeko eta erabakiak bete daitezen zaintzeko.

39. artikulua.– Ikastetxe bakoitzeko antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak ikasleen parte-hartzea bideratuko du, dela ikasleen mailako ordezkariaren bitartez, dela ordezkari-batzarren, xede edo jarduera jakin bat duten batzordeen edo antzekoen bidez.

ZORTZIGARREN ATALA
IKASKETABURUA, IDAZKARIA ETA ADMINISTRATZAILEA

40. artikulua.– 1.– Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak, ikastetxeko zuzendariak proposatuta, ikastetxeko irakasleen artean izendatuko ditu ikastetxeko zuzendaritza-taldeko beste kideak, proposatu duen zuzendariaren agintaldi bererako, hain zuzen.

2.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeko kideek, zuzendariak izan ezik, kasu hauetan utziko dute beren kargua:

a) Izendapenari dagokion aldia amaitzean.

b) Ikastetxeko zuzendariak kargua uzten duenean.

c) Ikastetxeko zuzendariak proposatuta, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak errebokatzen dituenean.

d) Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak onartutako uko-egite arrazoituaren kasuan.

e) Gerora sortutako ezintasun fisikoaren edo psikikoaren kasuan.

f) Hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak, bere ekimenez edo ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenaren proposamen arrazoitu bidez, zuzendari-karguari datxezkion eginkizunen ez-betetze larriagatik era arrazoituan errebokatzen dituztenean. Nolanahi ere, kargutik kentzeari buruzko ebazpena kontraesaneko espedientea instruitutakoan emango da, interesdunari, ikastetxeko zuzendariari eta ordezkaritza-organo gorenari entzun ondoren.

41. artikulua.– Ikasketaburua zera da, curriculum-proiektua eta irakaskuntza-jardueren programa koordinatzeko eta gauzatzen direla zaintzeko ardura duen organoa. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak onartutako irizpideekin bat etorriz, eginkizun hauek ditu:

a) Jarduera akademikoak koordinatzea.

b) Ordutegi akademikoak egitea eta betetzen direla zaintzea.

c) Irakasle bakoitzari ikastetxeko unitate bat edo gehiago esleitzea, 36.2.f) artikuluan araututakoari jarraikiz.

d) Xedapen arauemaileek eta ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak aitortzen dizkioten gainerako eginkizunak.

42. artikulua.– Idazkariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Ordezkaritza-organo gorenaren, ikastetxeko zuzendaritza-taldearen eta irakasleen klaustroaren bilkuretako gai-zerrendan sartu beharreko gaiak prestatzea, organo horietako buruak ezarritakoaren arabera, eta organo horien bilkuretako akta egitea.

b) Aktak, espedienteak eta ikastetxearen dokumentazio propioa zaintzea, eta bertako organoen eskueran izatea. Ikastetxeko material didaktiko zaintzea.

c) Zuzendariaren oniritziaz, ikastetxearen ekitaldi, ebazpen, erabaki, aurrekari, liburu eta agiri guztiak egiaztatzea.

d) Xedapen arauemaileek eta ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduak aitortzen dizkioten gainerako eginkizunak.

43. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoko ikastetxeetan administratzaile bat izango da, zuzendariari aurrekontua betetzen laguntzeko eta baita ikastetxeko kudeaketa-programan eta urteko kudeaketa-planean jasotako kudeaketa ekonomikoko gainerako alderdietan ere.

2.– Erregelamendu bidez erabakitzen denaren arabera eta, besteak beste, ikastetxeen tamainari begira, administratzaileak eta beren jardunean laguntzen dieten giza baliabideen eta baliabide materialen egiturak ikastetxean bertan edo eskola-barrutiaren eremuan antolatuko dira.

3.– Administratzaileak lege honen 64. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu eta baita erregelamendu bidez agintzen zaizkion beste guztiak ere.

BEDERATZIGARREN ATALA
ESKOLAN PARTE HARTZEA SUSTATZEA

44. artikulua.– 1.– Eskola-komunitatea osatzen duten talde guztien parte-hartzea dakarten bide guztiak bultzatuko ditu Hezkuntza Administrazioak, ezartzen diren laguntza-ekintzen bitartez.

2.– Bereziki gurasoen eta ikasleen elkarteak sortzea eta elkarteon funtzionamendua bultzatuko da eta baita elkarte horien federazio eta konfederazioena ere, hauen bidez:

a) Berauek sendotzeko eta garatzeko finantzaketa-mekanismoak ezarriz.

b) Guraso-elkarteetako gurasoen etengabeko prestakuntza eta gurasoek esleituta dituzten eginkizunak betetzeko egoki den laguntza teknikoa emanez.

c) Guraso- eta ikasle-elkarteen ikastetxeetako presentzia bultzatuz, erregelamendu bidez erabakitzen den bezala.

3.– Hezkuntza Administrazioak iritzia eskatuko die federazio eta konfederazioei hezkuntza-zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duten artikulu hau garatzeko arauei eta izaera orokorreko erabakiei buruz.

III. KAPITULUA
AUTONOMIA PEDAGOGIKOA

45. artikulua.– Euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeei autonomia pedagogikoa aitortzen zaie. Ikastetxeok, indarrean dagoen legeriaren esparruan, legeria horrek ezarritako gutxieneko programen esparruan eta eskuragarri dauden baliabideen arabera, beren hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua mamitzeko beharrezko erabakiak hartu ahal izango dituzte. Erabakiek ezin izango dute hezkuntza-komunitateko inorenganako diskriminaziorik eragin.

46. artikulua.– 1.– Ikastetxeko hezkuntza-proiektuak eskola-komunitateko sektoreek aukeratutako hezkuntza-aukera adierazten du, eta ikastetxearen jardueren bidez lortu nahi diren balioak eta oinarrizko helburuak zehaztuko ditu.

Hezkuntza-proiektua integratzailea izango da, eta diskriminaziorik eza eta hezkuntza-integrazioa izango dira funtsezko balioak.

2.– Hezkuntza-proiektuan zehaztapen hauek jasoko dira gutxienez:

a) Hezkuntza-helburuak zehazteko kontuan hartzen diren ingurunearen eta gainerako baldintzen deskribapena.

b) Ikastetxearen jarduna mugatuko duten oinarrizko helburuak eta lehentasunak; besteak beste, hauek jasoko dira:

● Curriculum-proiektuan garatuko diren ikastetxearen curriculum-helburuak eta, haien artean, ildo pedagogikoa.

● Eskola-bizitzan parte hartzeko eredua, ikastetxearen funtzionamendua arautzeko irizpide nagusiak jasoko dituena; irizpide horiek antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamenduan zehaztuko dira.

● Inguruneko gizartearekiko lotura-harremanak.

● Ikastetxeak garatuko dituen proiektuak, eskola-komunitateko partaideen prestakuntzakoak, hezkuntza-berrikuntzakoak, desparekotasunari arreta ematekoak, ikastetxe eta erakundeekiko lankidetzakoak, edo epe ertainera ikastetxearen hezkuntza-jarduera zehazten duten gainerakoak.

● Euskararen erabileraren normalizazioa lortzera bideratutako gidalerroak.

● Berariazko lanbide-heziketako irakaskuntzak dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeetan arautu gabeko lanbide-heziketari buruzko xede eta orientabideak aurreikusi ahal izango dira.

3.– Irakasleen prestakuntza ikastetxearen hezkuntza-proiektuari eta irakasle-taldearen ezaugarriei egokituko zaie.

47. artikulua.– Ikastetxearen curriculum-proiektuak hezkuntza-proiektua garatzen du irakaskuntzaren arloan. Gutxienez, eduki hauek izango ditu:

a) Ikasleen beharrei egokitutako irakaskuntza-helburuak eta -edukiak, irakaskuntzaren alderdi guztietan, indarrean dauden irakaskuntza elebiduneko ereduak ikastetxean ezartzeari loturikoak barne.

b) Irakaskuntza-edukien banaketa.

c) Ikastetxeko irakasleen lanak jarraipena izango duela bermatzeko irizpide pedagogiko eta didaktikoak.

d) Metodologia didaktikoaren eta curriculum-materialen alorrean egindako aukerak.

e) Hezkuntza-premia berezien tratamendua.

f) Ebaluazio-irizpideen gauzatzea eta osatzea.

48. artikulua.– 1.– Irakaskuntza-jardueren eta prestakuntza-jardueren, eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien programetan, ikastetxearen urteko planean sartuko baitira, aurreko bi artikuluetan adierazitako proiektuetako erabakiak islatu beharko dira. Programa horietan, aipatutako jardueren inguruko proposamen bereziak sartu ahal izango dira. Jarduerak askatasunez garatuko dira ikastetxearen programazio orokorraren esparruan eta, beti ere, ikastetxeei emandako baliabideak erabiliz.

2.– Irakasle-talde guztiak, maila guztietan, eta irakasleak ikastetxearen hezkuntza- eta curriculum-proiektuei loturik egongo dira. Horiei men egitearen barruan, eskolako jarduerak lantzeko eta programatzeko nahiz bakoitzak bere arloko jarduera-programak aurrera eramateko egoki iritzitako erabakiak hartu ahal izango dituzte. Hartzen dituzten erabaki horiek ikastetxeko irakasleen klaustroak eta ordezkaritza-organo gorenak berraztertu ahal izango dituzte, zeinek bere eskumenen eremuan.

49. artikulua.– Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez emandako dekretu bidez, ikastetxe guztiek curriculum-edukietan gutxienez bete beharrekoak zehazteari dagokionez indarrean dagoen legerian jasotako aurreikuspenak garatuko ditu. Gutxieneko edukiek ikastetxeek aukeratzen dituzten curriculum-proiektuen barne-koherentzia eta bateragarritasuna ziurtatuko dituzte.

50. artikulua.– 1.– Ikastetxeetan egindako proiektuak eta programak Hezkuntza Administrazioari aurkeztuko zaizkio, honek, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren txostena ikusi ondoren, erabaki dezan ados dagoen proiektuak edo programak uki ditzakeen alderdiak arautzen dituzten xedapen arauemaileekin eta, bereziki, ezarritako gutxieneko curriculum-edukiekin.

2.– Halaber, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak proiektu edo programaren inguruko txostena egingo du, eta kontuan izango dira ikastetxeak dituen giza baliabideak eta instalazio teknikoak. Hezkuntza Administrazioak, txosten hori oinarri izanik, egoki iritzitako proposamenak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dizkio ordezkaritza-organo gorenari, eta hala badagokio, baita irakasleen klaustroari ere, azter ditzan.

51. artikulua.– 1.– Euskal eskola publikoa integratzailea dela kontuan izanik, ikastetxeak beren ezaugarriengatik laguntza bereizia behar duten ikasleen behar indibidualei egokitutako curriculumak onartzea proposatu ahal izango du, 45. artikuluan zehaztutako haren autonomia pedagogikoaren eremutik kanpo geratzen denetan.

2.– Curriculum-egokitzapenari eta behar diren baliabide osagarriei dagokienez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako hartuko duen erabakiak ikastetxearen eskola-barrutian diharduten laguntza-zerbitzuek aurretiaz emandako aldeko txostena behar izango du.

52. artikulua.– 1.– Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek unitate kopuruaren aldaketa eta beren hezkuntza-eskariari egokitutako hizkuntza-ereduak ezartzea proposatu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari.

2.– Sailak, unitate kopuruaren aldaketari dagokionez bere erabakia hartzeko orduan, kontuan hartuko ditu irakaskuntzaren programazio orokorra, giza baliabideak eta finantza-baliabideak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak nahiz dagokion barrutiko eskola-kontseiluak aldizka egindako txostenak.

3.– Lege honen 21. artikuluan agindutakoaren arabera hartuko du sailak hizkuntza-ereduak ezartzeari buruzko erabakia.

53. artikulua.– 1.– Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek eskumena izango dute aplikatu beharreko legeriaren arabera zehaztutako batxilergoko modalitateen edo berariazko lanbide-heziketako moduluen artean aukeratzeko; aukera hori egitean, hurrengo apartatuko b) eta c) letretan bildutako irizpideak hartu beharko dituzte kontuan.

2.– Aukera hori gauzatzeko baimena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango du, irizpide hauek oinarritzat hartuta:

a) Irakaskuntzaren programazio orokorra.

b) Ikastetxeak dituen giza baliabideak eta instalazioak.

c) Hezkuntza-eskubidea benetan gauzatzea bermatu behar dela-eta kontuan hartu beharreko gainontzeko baldintza guztiak.

IV. KAPITULUA
KUDEAKETA-AUTONOMIA
LEHENENGO ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

54. artikulua.– 1.– Ikastetxeek kalitatezko irakaskuntza bermatzeko behar diren hezkuntza-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide materialak izango dituzte, mailaren, tamainaren eta gainontzeko gorabeheren arabera. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakaskuntza-maila eta -modalitate bakoitzean izan beharreko irakasle/gela erlazioa eta eskola-unitate bakoitzari dagozkion gainerako baliabideak ezarriko ditu, Euskadiko Eskola Kontseiluaren iritzia entzun ondoren.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako baliabideez gain, diru kopuru osagarriak eman ahal izango zaizkie ikastetxeei, 10. artikuluan araututako konpentsazio-funtsaren kargura. Bestalde, Hezkuntza Administrazioak diru kopuru handiagoak eman ahal izango dizkie ikastetxeei, hezkuntza-proiektuetan eta eskabidea egiten duten ikastetxeen urteko planetan oinarrituta, aurrekontuan horretarako jartzen diren partiden kargura.

55. artikulua.– 1.– Lege honen eraginpean dauden ikastetxe publikoek beren baliabideak kudeatzeko autonomia izango dute, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera. Autonomia horren adierazgarri eta bai eskola-komunitateak bai Administrazioak ikastetxeen jarduera ekonomikoa errazago kontrolatu ahal izan dezaten, ikastetxe bakoitzak bere kudeaketa-proiektua onartuko du.

Kudeaketa-proiektuan, ikastetxeek beren hezkuntza-proiektua gauzatzeko dituzten baliabideen antolaketa eta erabilera adierazten da. Gutxienez hauek jasoko dira proiektu horretan:

a) Ikastetxeak dituen baliabideak.

b) Irakasle-taldeak antolatzeko oinarrizko printzipioak.

2.– Berariazko lanbide-heziketako ikasketak ematen dituzten bigarren hezkuntzako ikastetxeek, erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera, arautu gabeko lanbide-heziketa eman ahal izango dute.

Ikastetxe horietan, kudeaketa-proiektuak arautu gabeko lanbide-heziketari buruzko beharrezko alderdiak ere aurreikusiko ditu, eta, horiei dagozkienetarako, baita enpresekiko harremanak ere.

3.– Kudeaketa-proiektuan epe ertainerako aurreikusitako jarduketa-aurreikuspenak urteko kudeaketa-programan jasoko dira.

Arautu gabeko lanbide-heziketa ematen den ikastetxeetan, urteko kudeaketa-programak heziketa horretarako aurreikusita dituzten jarduerak jasoko ditu.

4.– Aurreko apartatuetan adierazten diren tresnak, bai eta horien aldaketak ere, ordezkaritza-organo gorenak onartu eta gero Hezkuntza Administrazioari helaraziko dizkio ikastetxeak, Hezkuntza Administrazioak erabaki dezan haien eraginpean izan daitezkeen gaiak arautzen dituzten xedapen arauemaileekin bat datozen.

BIGARREN ATALA
AUTONOMIA EKONOMIKO-FINANTZARIOA

56. artikulua.– 1.– Kudeaketa-proiektuan eta urteko kudeaketa-programan jasotako aurreikuspenen arabera, ikastetxe publiko guztiek beren baliabide ekonomikoak kudeatzeko ahalmena izango dute.

2.– Urteko kudeaketa-programaren aurreikuspenetan ikastetxearen aurrekontu propioa azalduko da; bertan, funtzionamendu-gastuak eta erregelamendu bidez ezarritako ekipamendu- eta inbertsio-gastuak jasoko dira, eta baita gastu horiei aurre egiteko baliabideak ere.

57. artikulua.– 1.– Aurrekontuan, sarreren egoera-orrian, hauek azalduko dira:

a) Ikastetxeak, 54. artikuluan ezarritako gaiak direla eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura jasoko dituen diru kopuruak.

b) Ikastetxeak bere jarduera dela-eta sortutako gastuei aurre egiteko beste administrazio publiko batzuetatik jasoko dituen diru kopuruak.

c) Tasen bidez ordaindutako nahiz lege honen 9. artikuluaren indarrez tasotatik salbuetsitako zerbitzuez besteko zerbitzuak egiteagatik eskuratutako diru kopuruak.

d) Ikastetxeari irakaskuntza-helburuetarako emandako dohaintza eta legatuetatik sortutako diru kopuruak eta errentak, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoko ondareari buruzko legerian erabakitakoa aplikatzea.

e) Ikastetxearen ohiko jarduera dela-eta sortutako produktuak saltzeagatik izandako diru-sarrerak, eta zahartuta edo andeatuta dauden altzariak aldatzearen ondorioz izandakoak.

f) Ikastetxearen ondasunak edo instalazioak indarrean dagoen legeriaren arabera erabiltzearen ondorioz izan daitekeen beste edozein diru-sarrera.

2.– Ikastetxearen aurrekontuan, gastuen egoera-orrian, ohiko funtzionamenduak eta erregelamendu bidez ezarritako ekipamendu- eta inbertsio-gastuek eragindako gastuak jasoko dira. Han ez dira langileek eragindako gastuak agertuko eta, bestalde, gastuen zenbatekoa ezingo da aurreikusitako diru-sarrerak baino handiagoa izan.

3.– Aurrekontuan, ikastetxearen diru-sarrerak dagozkien gastuei lotuko zaizkie. Hasiera batean ikastetxearen aurrekontuan jaso ez ziren diru-sarrerak bertako gastuetarako erabili ahal izango dira, baina Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari diru-sarrera horien berri eman beharko zaio, indarrean dagoen autonomia-erkidegoaren aurrekontuan sar ditzan automatikoki.

58. artikulua.– Erregelamendu bidez zehaztuko da euskal eskola publikoko ikastetxeen aurrekontuaren egitura, eta beronen kontabilitate-kudeaketa integraleko eredua eta diruzaintzakoa.

59. artikulua.– Ikastetxearen aurrekontua egiteko, prozedura honen arabera jardungo da:

1.– Urtero, eta Hezkuntza Administrazioak eskatuta, administratzaileak, zuzendaritza-taldearen edo, hala badagokio, batzorde iraunkorraren jarraibideen arabera, ikastetxearen behar ekonomikoen zerrenda zehatza egingo du, bertako aurrekontuan sartu beharreko gastuei dagokienez. Ikastetxeek, bestalde, beren instalazioak aldatzea edo handitzea ere proposatu ahal izango dute. Zerrenda hori, ordezkaritza-organo gorenak ontzat eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari helaraziko zaio.

Ikastetxearen beharren zerrenda aurreko artikuluaren arabera aldez aurretik zehaztutako aurrekontu-egiturari egokituko zaio.

2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxe bakoitzaren beharrak balioetsiko ditu, baina ez soilik ikastetxearen egoera objektiboa kontuan izanik; sare publikoko beste ikastetxe batzuekin alderatuta zer posizio erlatibo duten ere kontuan hartuko da. Hala, ahal den neurrian, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren sare publikoko ikasleen arteko jatorrizko desparekotasunak konpentsatzen saiatuko da.

3.– Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartu ondoren, Hezkuntza Administrazioak ikastetxe bakoitzari eman zaizkion baliabideen zenbatekoa jakinaraziko dio, kopuru hori ikastetxearen aurrekontuan sartzeko.

4.– Aurreko zenbakian adierazitako kopurua ikusi eta 57. artikuluan aipatzen diren gainerako diru-sarrerak balioetsi ondoren, zuzendaritza-taldeak edo, hala badagokio, batzorde iraunkorrak ikastetxearen aurrekontu-proiektua egingo du, eta gainerako aurreikuspenekin batera, urteko kudeaketa-programan sartuko da. Programa hori ordezkaritza-organo gorenari helaraziko zaio onarpena eman diezaion.

60. artikulua.– 1.– Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek aurrekontuetan egoki iritzitako aldaketak egin ahal izango dituzte, funtzionamendu-gastuei dagokien atalean, administrazio arduratsuaren irizpidean oinarrituta baliabideak beste era batean banatzea egokiago jotzen badute.

2.– Ikastetxearen aurrekontuko baliabideak ez dira erabiliko indarrean dagoen legeriaren arabera tokiko edo autonomia-erkidegoko administrazio publikoen betebeharrak estaltzeko.

3.– Ikastetxeek, erregelamendu bidez ezarritako moduan, bere aurrekontuko diru-sarreretan baliabide-soberakinak sartu eta erabakitzen duten gastuetarako erabil ditzakete. Hala egiten badute, erabaki horren berri emango diote Hezkuntza Sailari.

61. artikulua.– Ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ondasun higigarri gorpuzdunen doako eskualdatzeak onartu ahal izango ditu ikastetxearen alde, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legeak eskumen hori hezkuntza-arloan eskumena duen sailari esleitzeaz dioenari jarraituz.

62. artikulua.– Euskal eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariak dira ikastetxe bakoitzean aurrekontua exekutatzeko organoak. Arlo horretan, gastuak egitea baimentzen eta ordainketak egiteko agintzen dute. Bestalde, ordezkaritza-organo gorenak ekonomia eta finantzen arloan hartutako erabakiak betearazten dituzte.

Zuzendariak, erregelamendu bidez ezartzen diren aurreikuspenen arabera, gastuak egiteko eta ordainketak agintzeko eskumena ikastetxeko idazkariari edo administratzaileari eskuordetu ahal izango dio.

63. artikulua.– 1.– Zuzendariek beste organo batzuen eskumenekoak ez diren obra, zerbitzu eta hornidura guztiak kontratatu ahal izango dituzte, erregelamendu bidez ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Zuzendariaren eskumenekoak ez diren kontratuak egiteko, zuzendariak eskumena duen administrazio-organoari eskatuko dio egoki diren kontratazioak egin ditzan.

3.– Ikastetxe bakoitzari dagokion eremuan, zuzendariak izango dira organo eskudunak, hezkuntza-arloko sail eskudunari dagozkion jarduketak burutzeko Euskadiko Ondareari buruzko Legean xedatutakoaren arabera, lege horren 96. artikuluko 2. apartatuko a) eta b) letretan eta 3. apartatuan ezarritakoa eta 104. artikuluko 1. apartatuko c) letran ezarritakoa aplikatuta.

64. artikulua.– Administratzailea ikastetxearen kontabilitateaz arduratuko da, eta 59. artikuluan adierazitako beharren zerrenda, ikastetxearen aurrekontua jasoko duen agiria eta aurrekontuaren likidazioaren kontua idatziko ditu. Hori guzti hori egiteko, lan horiek egin eta onartzeko eskumena duten organoen orientabideei jarraituko die. Kontratazioak egin eta materiala erosteko nahiz inbertsioak egiteko prestamen-egintzak burutuko ditu. Ikastetxearen horniduren inbentarioa egin eta ikastetxeko instalazioen mantentzea zaintzea ere haren egitekoak izango dira.

65. artikulua.– 1.– Ikastetxeen kudeaketa ekonomikoa izaera ekonomiko eta finantzarioko kontu-hartzailetzaren kontrolaren mende egongo da gero.

2.– Zuzendariak ikastetxearen kudeaketa ekonomikoaren berri emango dio Administrazioari. Erregelamendu bidez erabakiko da aurkeztu beharreko kudeaketa-kontuen eredua, eta baita zenbatean behin aurkeztu beharko diren ere.

3.– Aurrekontu-ekitaldia amaitu ondoren, euskal eskola publikoko ikastetxeek, Hezkuntza Administrazioak eskatuta eta ikastetxeko zuzendariak izenpetutako egiaztagiriaren bidez, amaitu berria den ekitaldiari dagokion kudeaketa ekonomikoa justifikatu beharko dute. Likidazio-kontu batean, ikastetxeko aurrekontuan ageri diren baliabideak zertan erabili diren adierazi beharko da.

4.– Gastu bakoitzari dagozkion egiaztagiri xehatuak kasuan kasuko ikastetxean geratuko dira dagokien kontu-hartzailetzaren kontrolerako organoen esku, edo behar izanez gero, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku, egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izan ditzaten.

V. KAPITULUA
LANGILEAK KUDEATZEKO ESKUMENAK

66. artikulua.– 1.– Ikastetxe publikoaren ordezkaritza-organo gorenak ikastetxeko langileen plantilla diseinatuko du, beti ere ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin, Hezkuntza Administrazioak ezarritako gutxienekoekin eta aurrekontuko baliabideekin bat etorriz.

Hezkuntza Administrazioak ikastetxe publikoei dagozkien langileak jarriko dituzte, ikastetxeek aurkeztutako langileen plantillaren diseinua kontuan izanik.

2.– Ikastetxeek, beren hezkuntza-proiektuekin bat, ikastetxeko zenbait lanpostutarako bete beharreko titulazioko eta lanbide-gaitasuneko betekizunak zehaztu ahal izango dituzte.

Hezkuntza Administrazioak, erregelamenduz zehaztuko diren bide hauetakoren batez erantzun ahal izango dio eskaera horri:

a) Ikastetxeko lanpostu-zerrenda modu egokian alda dadin eskatuz.

b) Lanpostuari dagozkion titulazioko eta lanbide-gaitasuneko betekizunak betetzea merezimendu gisa balioetsiz lanpostuak betetzeko prozeduran.

c) Lanpostuan jarduteko betebeharren artean, lanpostuaren titulazioko eta lanbide-gaitasuneko betekizunei dagokien prestakuntza ezarriz, hurrengo artikuluan erabakitakoaren arabera.

3.– Ikastetxe publikoetako gobernu-organoek beren ikastetxeko lanpostuak betetzean parte hartu ahal izateko beharrezko neurriak erregelamendu bidez hartuko dira.

67. artikulua.– 1.– Ikastetxe publikoek, irakasleen klaustroak proposatuta eta ordezkaritza-organo gorenak txostena egin ondoren, antolatuko diren birziklatze-jardueretan parte hartzeko zenbait irakasle proposatu ahal izango dizkiote Hezkuntza Administrazioari. Ikastetxearen urteko planarekin zerikusia izan beharko du proposamenak, eta Hezkuntza Administrazioak jarduerotarako irakasleak aukeratzeko orduan merezimendutzat hartuko du.

2.– Aurreko zenbakian erabakitakoa eragotzi gabe, irakasleek nork bere izenean parte hartu ahal izango dute antolatzen diren birziklatze-jardueretako deialdietan.

3.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hautaketa-prozedura artikulu honetan agindutakoa kontuan hartuz arautuko du.

VI. KAPITULUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOKO IKASTETXEEN ARTEKO LANKIDETZA

68. artikulua.– 1.– Hezkuntza Administrazioak euskal eskola publikoko ikastetxeen arteko lankidetza-harremanak bultzatuko ditu, hezkuntza-sistemaren baliabideei etekin handiagoa ateratzeko eta ikastetxe bakoitzean egindako esperientzia pedagogikoak edo ikerketakoak elkarri hobeto ezagutarazteko. Dagokion barrutiaren eremuko harremanak bultzatuko dira bereziki.

2.– Jaurlaritzak, Euskadiko Eskola Kontseiluaren iritzia entzun ondoren, erregelamenduz ezarriko ditu lankidetza-harreman horiek bideratzeko baldintzak.

3.– Euskal eskola publikoko ikastetxeek, bestalde, kultura eta hezkuntza helburu izanik, Hezkuntza Administrazioaz kanpoko ikastetxeekin eta beste zenbait erakunderekin hitzarmenak izenpetzeko proposamena egin ahal izango diote Hezkuntza Administrazioari.

LEHENENGOA XEDAPEN GEHIGARRIA

Administrazio-organo jakinik adierazten ez den guztietan, lege honek Administrazioaz, Hezkuntza Administrazioaz edo Administrazio Autonomikoaz egiten dituen aipamen guztiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organo eskudunei buruzkoak direla ulertuko da, horien arau organikoetan ezarritako eginkizun-banaketaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren proposamenez, beharrezko neurriak erabakiko ditu Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan lege honen V. tituluko IV. kapituluan aurreikusitako kudeaketa-araubidea gradualki ezartzeko.

Ezarpen hori lurralde-eremuka nahiz ikastetxe motaka egin ahal izango da, administratzaileen, baliabideen eta ezarpen egokia ziurtatzen duten gainerako baldintzen eskuragarritasunari begira.

Lege honen V. tituluko IV. kapitulua garatzeko ematen diren erregelamendu-xedapenek ikastetxeen kontratazioa eta kudeaketa arautuko dute, izapideak erraztea eta ikastetxearen kudeaketan efizientzia lortzea izanik helburu.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, dagokion zerbitzu teknikoen bitartez, esperientzia pedagogikoak bultzatuko ditu eta, hala badagokio, curriculum-eredu zenbait garatuko ditu orientabide gisa, lege honen VI. tituluko I. kapituluan aitortutako autonomia pedagogikoa benetan gauzatzen laguntzeko. Orientabide gisa, halaber, ikastetxeen antolaketa- eta kudeaketa-autonomia erakusten duten gainerako proiektu eta programen ereduak garatuko ditu.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

9. artikuluan adierazi den zero urtetik aurrera eskolatzeko helburua beteko, eskolatze horretaz arduratuko diren irakasleen gaikuntzaren plangintza egiteko beharrezko neurriak hartuko dira.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikastetxeek beren lanpostuak betetzeko ezartzen den parte-hartzea, lege honen 66.2 artikuluan jasotakoa, hezkuntza-proiektu bereziak dituzten ikastetxeetan edo irakatsi beharreko edukiak direla-eta hala komeni den kasuetan gauzatuko da batez ere.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 4., 6., 14. eta 18. artikuluak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

«4. artikulua.– Alderdi hauek izango ditu, gutxienez, irakaskuntzaren programazio orokorrak:

a) Hezkuntzaren arloko lehentasunezko premiak definitzea.

b) Plangintza ekonomikoari jarraikiz, beharrezko baliabideak ezartzea.

c) Hezkuntzaren arloko lehentasunezko premiak zehazteko oinarrizko irizpideak, eta irizpide horiei dagokienez kontuan hartutako aldirako oinarrizko jarduketa-helburuak zehaztea.

d) Eskola-barrutiaren oinarrizko egitura ezartzea, eta horiek sortzea, aldatzea edo kentzea.

e) Eskola-postuen plangintza eta sortzeko direnen programazioa arautzeko oinarrizko irizpideak ezartzea. Zein eremu eta udaletan sortu behar diren zehaztuko da.

f) Eskolako instalazioak eta ekipamendua zaindu, hobetu eta modernizatzeko jarduketen programazioa egitea.

g) Irakaskuntzan aukera-berdintasuna lortzeko jarduketen programazioa egitea, izan konpentsatzeko jarduketak edo hezkuntza-integrazioa bultzatzekoak.

h) Itunpeko ikastetxeak funts publikoz finantzatzeko jarduketen programazioa egitea.

i) Giza baliabideen beharrak, gizakiok prestatu eta trebatzeko jarduketak eta unitate bakoitzari dagozkion baliabideak zehaztea.

6. artikulua.– Hauek dira unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren programazio orokorrerako kontsulta, parte-hartze eta aholkularitzako organoak:

a) Euskadiko Eskola Kontseilua.

b) Lurralde-kontseiluak.

c) Barrutietako eskola-kontseiluak.

d) Udal eskola-kontseiluak.

14. artikulua.– Euskadiko Eskola Kontseiluari gai hauen inguruan kontsulta egin behar zaio nahitaez:

a) Irakaskuntzaren programazio orokorra.

b) Hezkuntza-eskubidea benetan gauzatzeari, irakaskuntza-askatasunari eta Konstituzioaren 27. artikuluan botere publikoei ezartzen zaizkien betebeharrei zuzenean eragiten dieten lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorren proiektuak.

c) Eskola-plazak sortu, kendu eta aldatzeko irizpideak.

d) Ikastetxeak hornitu eta eraikitzeko arau orokorrak.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko curriculum-diseinuak arautzen dituzten arau orokorrak.

f) Programa eta orientabide pedagogikoak berritu eta esperimentatzeko planak.

g) Irakaskuntza-maila bakoitzeko ereduetako hizkuntza-helburuak eta hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza egiteko oinarrizko irizpideak.

h) Konpentsazio-ekintzak eta hezkuntza-integrazioa bideratzeko oinarrizko irizpideak.

i) Helduen hezkuntzari buruzko oinarrizko helburuak.

j) Gizarteak hezkuntza-komunitateari egiten dizkion prestakuntza-eskaintza osagarriei erantzuteko oinarrizko helburuen eta koordinazio-irizpideen definizioa.

k) Giza baliabideekin eta hauek prestatzeko eta hobetzeko beharrekin zerikusia duten langile-politikari buruzko oinarrizko irizpideak. Hezkuntza-sistemaren gainontzeko baliabideak arrazionalizatzeko eta erabat aprobetxatzeko oinarrizko irizpideak.

l) Aukera-berdintasunerako jarduketen eta konpentsazioko eta hezkuntza-integrazioko ekintzen oinarrizko irizpideak.

18. artikulua.– 1.– Lurraldeko eskola-kontseiluak irakaskuntzaren programazio orokorrak ukitutako sektoreen parte hartzeko organo dira lurralde historikoen eremuan, eta baita lege honetan aipatzen diren erabakiak hartzean eta akordioak egitean ere.

2.– Barrutietako eskola-kontseiluak arautuko dira erregelamendu bidez, eta eskola-barrutiaren eremuan unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren programazio orokorrak hartzen dituen sektoreen kontsultarako eta parte-hartzerako organo izango dira. Barrutietako eskola-kontseiluak, Euskadiko Eskola Kontseilua osatzeko parte-hartze irizpideen arabera osatuko dira.

Barrutietako eskola-kontseiluei nahitaez galdetu beharko zaie lege honen 4. artikuluan jasotzen diren gaiei buruzko iritzia, barrutian bertan gai horiei buruzko erabakiak hartzeko orduan».

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ikastolak eta Eskola Publikoa Biltzeko ekainaren 29ko 10/1988 Legean ezarritakoaren ondorioetarako, lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita hiru hilabeteko epea izango dute ikastolek beren aukera gauzatzeko. Epe horretan aukerarik egiten ez duten ikastolek biltzeko asmorik ez dutela joko da.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Administrazioari lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabeteko epean sare publikoan sartu nahi duten ikastetxeekin hitzarmenak izenpetzeko, baldin eta ikastetxe horiek titularkideen artean pertsona juridiko publiko bat badute edo eskolatzeko eta hezkuntza-plangintzako beharrek sare publikoan sartzea justifikatzen badute. Hitzarmen horietan, ikastetxeak berehala eta inolako baldintzarik gabe sare publikoan sartu nahi duela adieraziko da.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Konstituzio-printzipioen eta indarrean dagoen legeriak agindutakoaren esparruan, toki-korporazioek Hezkuntza Administrazioari laguntza emango diote ikastetxe publikoak sortzen, eraikitzen eta mantentzen, bai eta nahitaezko eskolatzea bete dadin zaintzen ere.

Hezkuntza Administrazioak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu toki-korporazioekin araubide bereziko ikasketetarako. Hitzarmen horietan lankidetza espezifikoa ezarri ahal izango da musika eta dantza-eskolekin, bertako ikasketen bidez balio akademikoa duen titulu ofizialik ematen ez bada.

2.– Toki-korporazioen titulartasunpeko ikastetxe publikoak sortzeko, toki-korporazioen eta Hezkuntza Administrazioaren arteko akordioa egingo da, Euskal Herriko irakaskuntzaren programazio orokorrarekin bat sor daitezen.

3.– Ikastetxe horiei lege honen V. tituluko IV. eta V. kapituluetan xedatutakoa aplikatuko zaie, hargatik eragotzi gabe kapitulu horiek ukitzen dituzten gaietan indarrean dagoen legeriak toki-korporazioei aitortzen dizkien eskumenak.

4.– Ikastetxeotako zuzendaria eta gainerako kide bakarreko organoak izendatzeko lege honek Hezkuntza Administrazioari egozten dizkion eginkizunak dagokion toki-korporazioari dagozkiola ulertuko da.

5.– Jardunean dauden toki-korporazioen titulartasunpeko ikastetxe publikoak xedapen iragankorretan agindutakoari jarraituz lotuko zaizkio lege honetan aurreikusitakoari.

HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Lege honetako 20. artikuluan aipatutako hizkuntza-ereduak irakaskuntza-sistema osoan ezarriko dira, publikoan nahiz pribatuan, eta hauek izango dira:

a) A eredua; curriculuma batik bat gaztelaniaz emango da, baina zenbait jarduera edo gai euskaraz eman ahal izango dira.

b) B eredua; curriculuma euskaraz eta gaztelaniaz emango da.

c) D eredua; curriculuma euskaraz emango da.

Hiru ereduetan gaztelania eta gaztelaniazko literatura, euskara eta euskal literatura eta hizkuntza modernoak beren jatorrizko hizkuntzetan irakatsiko dira nagusiki.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Lege hau indarrean jarri ondorengo hiru hilabeteren barruan, lege honen 32.2 artikuluko e) apartatuan aurreikusitako erregelamenduzko araua onartuko du Jaurlaritzak.

2.– Epe berean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxeetan eskola-komunitateko sektore bakoitzak aukeratu beharreko kideen kopurua zehaztuko du. Horrela hautatutako kideek, dagokion udal-administrazioaren ordezkariarekin batera, ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua egiteari ekingo diote berehalakoan.

3.– Lege hau indarrean jarri ondorengo sei hilabeteren barruan, aurreko paragrafoan aurreikusitako hauteskunde-prozesuetarako deiak egiteari ekingo dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.

4.– Antolaketa- eta funtzionamendu-erregelamendua onartu ondoren, administrazioak hauteskunde-prozesuetarako deia egingo du, ikastetxeetako gobernu-organoak lege honetan agintzen den bezala eratu daitezen.

5.– Aurreko apartatuan aurreikusitakoak bete artean, jardunean dihardutenak izango dira ikastetxeetako gobernu-organoak.

6.– Nolanahi ere, ikastetxeen antolaketari buruz lege honetan aurreikusitakoak 1994-1995 ikasturtearen hasiera baino lehen aplikatuko dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege honen V. tituluan zehaztutako kide anitzeko organoen bilkura-araubideari buruzko araudi espezifikorik ez dagoen bitartean, kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duten administrazio-prozedurako legeriaren arauak aplikatuko dira.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege honen III. tituluak aipatutako erregelamenduzko xedapenak ematen ez diren bitartean, indarrean jarraituko dute Euskal Herriko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuan agindutakoak eta, halaber, arlo horretan aplikatzekoak diren xedapen guztiek.

LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– 33.2 artikuluan ezarritako zuzendaritza-postuetan aritzeko prestakuntza espezifikoko ikastaroak gainditu beharra lege hau indarrean jarri eta bost urteko epea igaro ondoren exijituko da.

2.– Hezkuntza Administrazioak zuzendaritza-eginkizunetan aritzeko irakasleen prestakuntza bultzatuko du.

3.– Xedapen honetan adierazitako prestakuntza-ikastaroetan lehentasuna izango dute izendapena izan eta zuzendari-postuetan daudenek, bai eta ikastetxeetako gainerako zuzendaritza-langileek ere.

BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Administratzaile-lanpostuak betetzen diren arte, administratzaile-eginkizunak ikastetxeko idazkariak beteko ditu.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira uztailaren 27ko 15/1983 Legea eta lege honetan ezarritakoaren aurkakorik dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da ekainaren 29ko 10/1988 Legearen 1. artikulua, eta errebokatu egiten da, beraz, horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari ikastolekin, horiek eskola publiko bilakatzeko aurreko urrats gisa, hitzarmen partikularrak izenpetzeko ematen zion baimena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Gastu-espedienteei buruzko eskumenak eta ikastetxeen kudeaketa-autonomiaz kanpo geratzen diren erabakiak ikastetxeen kudeaketaz arduratzen diren organoei deskontzentratzeko baimena ematen zaio Jaurlaritzari.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Jaurlaritzak lege hau aplikatzeko beharrezko xedapenak emango ditu, hezkuntza-komunitateko gizarte-sektoreekiko elkarrizketa ahalbidetzeko.

Gizarte-sektoreok, Euskadiko Eskola Kontseiluaren bidez, aurreko paragrafoan aipatutako xedapenak prestatzen parte hartuko dute, Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 14.b) artikuluan aurreikusitako moduan.

Sindikatu eta sindikatuen antolakundeek bereziki parte hartuko dute lege honen V. tituluko V. kapitulua garatzen duten eta azken xedapen honen lehen paragrafoan aipatzen diren xedapenak prestatzen, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren bitartez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 8.b) artikuluan aurreikusitako moduan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 5a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala