Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2023ko urriaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4657

AGINDUA, 2023ko urriaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita eskola-garraioko esleipen indibidualizatuak egiteko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, baldin eta ezgaitasunen bat badute eskubidea ematen diena eskola garraioa izateko Eskola-garraioari buruzko 69/2015 Dekretuaren arabera. 2023-2024 ikasturtea.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura. Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua. Hala ere, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialei lotutako hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasle batzuk ezin dute eskola-garraioa erabili, dela ibilbidean ez dagoelako Sailak antolatutako garraiorik, dela ibilbideak edo garraioa ez daudelako egokituta haien ezaugarrietara. Kasu horietan ibilgailu partikularra edo garraio publikoa erabiltzen dute egunero ikastetxera joateko.

Eskola-garraioko esleipen indibidualizatuak egiteko deialdi honen helburua da 69/2015 Dekretuaren 2.1 artikuluak ezarritakoan oinarritzea, eta finantzatzea ikasle horiek ikastetxera joateko egiten dituzten joan-etorrien kostua, ez dadin izan zailtasun gehigarri bat, ezta beste kostu bat ere, baldin eta ikasle horiek eskolatuta badaude beren bizilekuagatik dagokien ikastetxe publiko batean edo Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak esleitutako itunpeko ikastetxe pribatu edo publiko batean.

Agindu honen bidez araututako deialdia Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago. Plana, berriz, Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan elektronikoan argitaratuta dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Deialdi honetarako, behar adina aurrekontu-zuzkidura dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean onartutako kredituen arabera.

Oro har, agindu hau honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da:

– 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzkoa, hezkuntza-eskumena duen sailak finantzatua, maiatzaren 26ko 186/2019 Dekretuak eta irailaren 28ko 217/2021 Dekretuak aldatzen dutena.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da deialdia egitea eskola-garraioko esleipen indibidualizatuak egiteko hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei, baldin eta desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala badute eta ezin badute erabili Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa eta baldin eta 2023-2024 ikasturtean matrikulatuta badaude Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren kurtsoan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan eta eskolatuta badaude beren bizilekuagatik dagokien ikastetxe publiko batean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza batek esleitutako itunpeko ikastetxe pribatu edo publiko batean.

2. artikulua.– Deialdia kudeatzea.

Laguntza-deialdia kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 5.417.518 euro bideratuko dira.

2.– 1. apartatuan adierazitako zenbatekoa handitu ahal izango da, kontuan hartuta zenbat diren laguntzak jasotzeko eskubidea daukaten eskabideak, Hezkuntza Sailaren konprometitu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera. Halakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da.

4. artikulua.– Betebehar orokorrak eta betebehar horiek egiaztatzea.

1.– Deialdi honetara biltzeko, ikasleek, 2023-2024 ikasturtean, bete beharko dituzte 69/2015 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunak (186/2019 Dekretuak eta 217/2021 Dekretuak emandako idazkeran):

a) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan maila hauetan aritzea: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.

b) Matrikulatuta egotea aurreko a) apartatuan aipatzen diren irakaskuntzetako edozeinetan hezkuntza-arloko eskumena duen saileko ikastetxe publiko batean, hezkuntzaz bestelako Administrazioko ikastetxe publiko batean edo itunpeko ikastetxe pribatu batean. Azken bi kasu horietan, nahitaezkoa izango da Hezkuntza Administrazioak esleitu izana, Saileko ikastetxe-sarearen eskaintza nahikoa ez izateagatik, edo, salbuespenez, administrazio horrek adierazitako motibo arrazoituren bat egoteagatik.

c) Erroldako bizilekua ikastetxearen eragin-eremuan egotea, eta ikastetxea aipatutako bizilekuarekiko hurbilenekoa izatea, hain justu ere hura sartzen den eragin-eremuen artean.

Hezkuntza-administrazioak espresuki esleitu badu ikastetxea, ez da eskatuko baldintza hori betetzea.

d) Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzetan ere, ez da beharrezkoa izango erroldatze-betekizuna, baina beharrezkoa izango da parte hartu izana Hezkuntzako sailburuaren 2023ko apirilaren 24ko Aginduak arautzen duen onarpen-prozesuan, zeinaren bidez ezartzen baita zein izango den 2023-2024 ikasturteko onartze-, esleitze- eta matrikula prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan; era berean, beharrezkoa izango da plaza bat eskatzea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean, esleitutako plazaren ziklo eta eredu berean. Ikasleari plaza bat esleitu bazaio, hari ez uko egin izana.

e) Ez izatea 21 urte beteta 2024ko abenduaren 31n.

Eta, gainera, honako hauek bete beharko ditu:

f) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak onartuta izatea ikasleak HPBak dituela.

g) Ezin du erabili joan-etorrietan Hezkuntza Sailak antolatutako eskola-garraioa, eta ezin da ikastetxera joan doako garraio bidez edo aipatutako sailaz bestelako erakunde publiko edo pribatuek guztiz diruz lagundutako garraio bidez.

h) Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial bat du, eta Desgaitasun Ziurtagiria, indarrean dagoena eta lurralde-erakunde eskudunak egina, adierazten duena zein motatako eta graduko desgaitasuna den, eta hala behar bada, ea mugikortasun urri iraunkorra den.

i) Ikastetxea bere bizilekutik 2 kilometrora edo gehiagora dago, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, eskolatuta dagoen hezkuntza-etapa edozein dela ere, eta 500 metrotik gorako distantziara mugikortasun urri iraunkorra duten ikasleen kasuan. Distantzia neurtzeko, erreferentziatzat hartuko da ikaslearen bizilekutik ikastetxera oinez egindako ibilbide laburrena.

2.– Onuraduna izateko, eskatzaileak egunean izan beharko ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, egunean izan beharko ditu tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta ez du izan beharko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako debekurik, ezta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritakorik ere.

Eskabide hau aurkezteak berekin dakar eskatzaileak baimena ematea organo emaileari ofizioz egiazta dezan egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Dena den, baimen hori uka daiteke, eta, ukatuz gero, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu aurkeztu beharreko ziurtagiriak.

Egiaztatzeko ez duela gainerako debekurik, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko da; beraz, eskatzaileak egiaztatu beharko du:

a) Betetzen dituela deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko eskatzen diren betekizun guztiak (agindu honen 4.1 artikulua).

b) Ez duela inongo debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotakorik, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan jasotakorik.

c) Ea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik eskatu duen xede bererako beste administrazio batzuetan edota erakunde publiko edo pribatu batzuetan.

d) Egunean dagoela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketetan.

Horrez gain, interesdunek egiaztatu beharko dute egiazkoak direla erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdi guztiak; horretarako, eskatutako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte laguntza emateko prozedura amaitu baino lehen.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikasleek 2023-2024 ikasturterako jasoko duten esleipen indibidualak garraioaren kostu osoa estali ahal izango du.

2.– Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eguneko bi bidaia hartuko dira kontuan: bata bizitokitik ikastetxera joateko, eta bestea bizitokira bueltatzeko; baldin eta ez badago jantoki-zerbitzurik edo hura ezin bada erabili, eta, kasu horretan, eguneko, gehienez ere, lau bidaia zenbatuko dira.

3.– Kostua honako arau hauen arabera kalkulatuko da:

a) Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko desplazamendurako zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, metroa) erabiltzen bada, ematen den esleipenaren zenbatekoa garraio ekonomikoenari dagokion kostua izango da.

b) Bidaia taxiz egiten bada, esleitu beharreko zenbatekoa bat etorriko da eskatzaileari taxilariek edo tokiko taxilari-kolektibo edo -elkarteek emandako hiru aurrekontuetatik merkeenarekin.

c) Taxian edo autobusean egindako joan-etorria ikastetxeak antolatzen duenean, esleipen honen zenbatekoa honako hau izango da, gehienez ere: zerbitzuaren benetako kostua zati erabiltzen duten ikasleen kopurua. Esleipen hori ikastetxeak zerbitzu-emaile desberdinei eskatutako hiru aurrekontutik merkeenari emango zaio.

d) Etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko joan-etorrietarako ibilgailu partikularra erabiltzen bada, kostua honela kalkulatuko da: etxebizitzaren eta ikastetxearen artean autoz egindako ibilbide laburrenaren kilometro kopurua bider 0,29 euro, bider eguneroko bidaia kopurua eta bider eskola-egunen kopurua.

Ibilbidearen kilometroak x 0,29 euro x bidaia-kopurua x ikasturtearen eskola-egunak.

Distantziak neurtzeko, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturak (GeoEuskadi) eskura dituen informazio eta baliabide geografikoak aztertuko dira.

e) Erreferentziazko Berritzeguneko HPBen aholkularitzaren irizpidearen arabera, ikasleak laguntza behar badu autobusez, trenez, tranbiaz edo metroz egiten dituen joan-etorrietan, eskabidean sartu ahal izango da laguntzailearen txartelaren kostua. Laguntzailearen bi bidaia zenbatuko dira eguneko, betiere benetan egiten badira, jantokira ezin joateagatik ikasleek egunero lau ibilbide egin behar dituztenean izan ezik.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta baldintzak aldatzea.

1.– Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede bererako ematen dituen beste edozein laguntzarekin, Hezkuntza Sail honek emandakoekin izan ezik. Hala ere, xede bererako emandako edo lortutako beste dirulaguntza edo baliabide batzuekiko bateragarritasunak ez du inola ere ekarriko deialdi honen babesean finantzatutako garraioaren kostu osoa gainfinantzatzea. Metaketa horren ondorioz gainfinantzaketarik gertatuz gero, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak, onuradunari entzun ondoren, oinarri hauen arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murrizteko ebazpena emango du, eta soberakina jasoz gero, onuraduna behartuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko diruzaintza orokorrera itzultzera.

2.– Ebazpena aldatzea erabaki daiteke baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Justifikatutako gastuaren zenbatekoa dirulaguntza emateko onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Desgaitasun-ziurtagiria, indarrean dagoena eta lurralde-erakunde eskudunak emana, adierazten duena zein motatakoa eta mailatakoa den desgaitasuna, eta, hala badagokio, ea mugikortasun urri iraunkorrekoa den ala ez. Hori aurkeztu beharko da, baldin eta jasota ez badago hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleen erregistroan. Horretarako, ikastetxean aurkeztu beharko da.

2.– Joan-etorria taxiz egiten bada, hiru aurrekontu, honako hauek adierazita: eskola-egunen kopurua, eguneko bidaia-kopurua, bidaiako kilometro-kopurua eta kilometroko prezioa, Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikoaren tarifa berriak onartzen dituen 2022ko azaroaren 25eko Aginduarekin bat etorriz. Hirurak aurkeztea ezinezkoa bada, ezinezkoa dela justifikatu beharko da. Justifikatzeko arrazoia izango da aurrekontuak idatziz eskatzeari erantzunik eman ez izana.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko, agindu honen I. eranskina erabili beharko da, eta ikasleak berak izenpetu beharko du eskabidea, adinez nagusia bada eta jarduteko gaitasun osoa badu; bestela, haren legezko ordezkariak izenpetu beharko du.

2.– Eskabideak aurkezteko ohiko epea hilabetekoa da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabideak modu hauetako batean aurkeztuko dira:

a) Modu telematikoan; horretarako, www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173111 helbidera jo beharko da, eta horretarako gaitutako aplikazio informatikoa erabili. Dena den, aurretik, ziurtagiri digital baliagarri baten bidez identifikatu beharko da norbere burua. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea bete ondoren, eskatutako dokumentuak eskaneatuta erantsiko dira, eta elektronikoki sinatuko da.

Eskabidearen osteko izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»ren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, eskaera ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

b) Aurrez aurre, ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxera bertaratuta eskatutako dokumentazioarekin. Kasu horretan, ikastetxea arduratuko da eskatutako datuak eta dokumentuak aplikazio informatikoan sartzeaz. Eskabidea bete ondoren, inprimatu, sinatu eta aplikazioan gehituko da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan ere egin daiteke. Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, hitzordua eskatu beharko da https://www.euskadi.eus/cita-previa-zuzenean helbidean, edo bestela, hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00)

4.– Eskabidea euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango da, eskatzaileak aukeratutakoaren arabera. Halaber, prozedura osoan, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

5.– Eskaera-inprimakian, eskatzaileak «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak beteko ditu. Hori betez gero, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honen 11.8 artikuluan aurreikusitakoez gain beste abisu batzuk emateko.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak, eta, era berean, eskabidea aurkeztuta baimena ematen zaio ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ikaslearen ordezkari gisa jardun dezan garraiorako esleipen indibidualizatuak egiteko izapidetze-prozeduran.

7.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan ea egiazkoak diren aurkeztutako dokumentuak.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko aparteko epea.

1.– Behin 8.2 artikuluan ezarritako ohiko epea amaituta, hilabeteko epea izango da laguntza-eskabideak aurkezteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, baldin eta ikasleak honako baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

a) Ikastetxeko matrikulazioa eskabide-epea bukatu ondoren egin da.

b) Eskaera egiteko epea amaitu ondoren sortutako inguruabarrak (bizileku-aldaketa, desgaitasuna aitortzea, hezkuntza-premia bereziak aitortzea ...), baldin eta ohiko eskola-garraioa modu iraunkorrean erabiltzea eragozten badute.

2.– Garraio-esleipen indibidualizatu horien onuradunek, jasotako laguntzaz gain, beste laguntza emandakoaren laguntza osagarri bat eskatu ahal izango dute ohiko epean, emandako zenbatekoaren eta zerbitzuaren azken kostuaren arteko aldeagatik, baldin eta gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira (batez ere, arrazoi desberdinengatik bizilekua aldatzeagatik: familia lekuz aldatzeagatik, zaintza partekatua izateagatik, tutoretza administrazioaren esku egoteagatik ...). Eskabide berri horri gerora sortutako inguruabarren egiaztagiria eta zerbitzu berriaren zenbatetsitako aurrekontua gehituko zaizkio.

3.– Aparteko eskabideak aurkezteko prozedura hilabetekoa izango da, eta kontatzen hasiko da gerora sortutako inguruabarra gertatzen denetik aurrera. Data hori, berriz, egiaztatu egin beharko da Zuzenbidean onartutako edozein modutan. Ez da inolaz onartuko 2024ko martxoaren 31ren ondoren egindako eskabiderik.

10. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako lurralde-teknikariek aztertuko dituzte eskabideak, deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, Berritzeguneak babes-zerbitzuetako HPBen aholkularitzei behar diren txostenak eskatu ahal izango dizkie, baita Saileko bestelako unitate teknikoei ere.

2.– Eskabideak aztertu ondoren, lurralde bakoitzak bere ebazpen-proposamena egingo du, zeinak Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako lurralde-arduradunaren oniritzia beharko baitu.

3.– Zerbitzu zentralek lurralde-proposamenak aztertuko dituzte, eta ebazpen-proposamena bidaliko diote Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari.

11. artikulua.– Ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria behin-behineko proposamen bat emango du, zeinetan, batetik, zerrenda bat jasoko baita, eta zeinetan adieraziko baita nor diren ikastetxe bakoitzean dirulaguntza emango zaien ikasle guztiak, eta zenbatekoa den, guztira, ematen zaien laguntza. Bestetik, beste zerrenda bat jasoko da, dirulaguntza ukatu zaien ikasle guztiekin, eta adierazten duena zergatik ukatu zaien.

2.– Deialdi honetako behin-behineko ebazpena, jakinarazpen-ondorioetarako, argitara emango da https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ web-orriko iragarki-taula elektronikoan. Eskatzaileek hamar eguneko epea izango dute egoki deritzen alegazioak aurkezteko, behin behineko ebazpena jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Behin behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertuta eta epea igaro eta gero, eta egin beharreko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta, ebazpena jakinarazteko, argitara emango da https://euskadi.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan, behin-behineko ebazpena argitaratu, eta gehienez ere hilabeteko epean.

4.– Behin betiko jakinarazpenak barnean jasoko du ebazpen horren testu osoa, bai eta laguntza jasoko duten eta ez duten eskatzaileen zerrendak ere, eta adieraziko du zergatik ukatu diren laguntzak.

5.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea; eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Telematikoki edo aurrez aurre egin ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.

6.– Deialdi hau argitara eman eta, gehienez ere, sei hilabeteko epean argitaratuko da behin betiko ebazpena. Epe horretan ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

7.– Aparteko eskabideak (eskabide berriak edo eskabide arrunten osagarriak), berriz, ebazpen bidez ebatziko dira, eskabide arruntak bezala; artikulu honetako 4. eta 5. puntuetan azaltzen den moduan.

8.– Aurrekoa eragotzi gabe, ikasle eskatzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeetako zuzendariei bidalitako komunikazioaren bidez emango da laguntzen behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren berri, eta aditzera emango da zenbateko laguntza emango zaion eskatzaile bakoitzari, edo, hala badagokio, zergatik ukatu zaien laguntza.

9.– Organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie SMS bidez edo posta elektronikoz, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere egikaritutako jakinarazpenaren baliorik izango.

10.– Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta izatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Horretarako, eskatzaileak informazioa eman beharko du jakiteko ea sartuta dagoen ala ez itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean, eta, hala bada, adierazi beharko du zeinetan dagoen sartuta.

12. artikulua.– Laguntza ekonomikoa ordaintzea.

Ordainketa bi zatitan egingo da, ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxearen bitartez, honako aurreikuspen hauen arabera:

a) Lehenengo ordainketa, zenbateko osoaren % 70: deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, baldin eta tartean espresuki uko egin ez bazaio.

b) Bigarren ordainketa, gainerakoa, ikasturtea amaitutakoan egingo da, 14. artikuluan laguntzaren justifikazioari buruz ezarritakoaren arabera.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek jasotzen dituzten betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak espresuki eta idatziz uko egiten badio, ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako betekizunei edo kostuei buruzko edozein gorabehera; batez ere, edozein erakunde publikok edo pribatuk xede bererako beste laguntzarik eman badie.

d) Soberakina ikastetxeari itzultzea, baldin eta gehiegizko finantzaketarik badago edo egindako garraio-gastuak baino gehiago kobratu bada.

f) Beren fiskalizazio-eginkizunak betetzean zer informazio eskatzen duten lurralde-ordezkaritzek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz, informazio hori ematea.

14. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

a) Ikasturtea amaitzean eta 2024ko ekainaren 24a baino lehen, ikasle onuradunek ikastetxeko zuzendariari garraio-ordainagiriak aurkeztu beharko dizkiote (txartelak, taxi-kontratazioaren fakturak, erantzukizunpeko adierazpena ibilgailu partikularra bada, etab.), laguntzaren zenbatekoa justifikatzen dutenak. Ordainagiriok, berriz, HPBetarako esleipen indibidualetako garraio-aplikatiboan sartu beharko dira. Ordainagiri horietan, jaso beharko da zer murrizketa egiten zaion ikasleari, ikastetxera ez doanean joan-etorririk egiten ez duelako.

b) Garraioa ikastetxeak berak antolatuz gero, ikastetxeak egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena ibilgailuko:

– Zenbatekoa den eguneko kostua.

– Zenbat ikaslek erabiltzen duten.

– Zer kuota ordaindu behar duen ikasle bakoitzak.

15. artikulua.– Ikastetxeen lankidetza-betebeharrak.

Ikastetxeek laguntzak izapidetzeko egin behar dituzten lanei dagokienez, betebehar horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren hirugarren tituluan aurreikusitakoaren arabera arautu eta gauzatuko dira. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, itunpeko ikastetxe pribatuak, agindu honen ondorioetarako, erakunde laguntzailetzat hartuko dira, eta ikastetxe publikoei dagozkien betebehar berberak izango dituzte.

a) Hala eskatzen duten familiei laguntzea eskabidea aurkezten horretarako gaitutako aplikazio informatikoan.

b) Desgaitasun-ziurtagiriak eskaneatzea, eta hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen erregistroan (W67) sartzea.

c) Aurkeztutako eskabideen datuak egiaztatzea, 10 egun balioduneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

c) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariaren behin-behineko eta behin betiko ebazpenaren edukiaren berri ematea laguntzak eskatzen dituzten familiei.

e) Jasotako funtsak onuradunei ematea, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

f) Ikasle bakoitzaren justifikazio-dokumentazioa eskaneatzea eta aplikaziora gehitzea.

g) Justifikatzeko agiri horiek (txartelak, taxien kontratazioaren fakturak, ibilgailu partikularren kasuan erantzukizunpeko adierazpena, etab.) ikastetxean artxibatzea, geroago egiaztatu ahal izateko.

h) Ikastetxeetako zuzendariek ziurtatu egin beharko dute ikasleak ikastetxera joan direla, eta hori izango da onuradunek egindako gastua egiaztatzeko erabiliko den arrazoia.

i) Emandako dirulaguntza murriztuko zaien ikasleen zerrenda aplikazioan gehitzea, onuradunari laguntza osorik edo zati batean itzultzeko eskatzeko prozedura hasteko. Hori 2024ko uztailaren 1a baino lehen egingo dute, eta kontuan hartuko dituzte zer egiaztagiri aurkeztu duten eta zer hutsegite egin dute ikasleek, edo, hala badagokio, zer egunetan hartu zuten baja ikastetxean.

j) Hala badagokio, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzultzea ikasle onuradunek jaso duten esleipenetatik itzulitako dirua, dela eskolan bertaratzen ez diren egunengatik, dela ikastetxean baja hartu dutelako, dela Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako itzulketa-kausaren bategatik.

k) Dirulaguntza ematen duen erakundeak funts horien kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzen onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat dagoenean.

b) Dirulaguntza ez denean erabiltzen hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

c) Dirulaguntza eragin zuen jarduera gauzatzen ez denean.

d) Dirulaguntza eman zen xede espezifikoetarako erabili dela justifikatzen ez denean.

e) Oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean.

17. artikulua.– Itzulketa.

1.– Dirulaguntza itzuli egingo da laguntza eman zen xede espezifikorako erabiltzen ez bada, laguntza lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

2.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, dagozkion gainerako ekintzak gauzatu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

18. artikulua.– Dirulaguntza kontrolatzea.

Organo kudeatzaileak auditoretza bat egiteko eskubidea izango du. Horretarako, onuradunei eta ikastetxeei egokitzat jotzen dituzten dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango die.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Zure datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Hezkuntza Sailaren Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza.

– Xedea: Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusioaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145100-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 3a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala