Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2023ko urriaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4656

EBAZPENA, 2023ko irailaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Azpeitiko «Larrin» 22. HEaren Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen baita.

AURREKARIAK

2021eko uztailaren 1eko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAED-134INET espedientearen esparruan, Azpeitiko «Larrin» 22. HEaren Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren irismen-dokumentua eman zuen, hala xedatuta baitago Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du).

Alkatetzaren 2022-07-20ko Dekretuaren bidez, hasierako onarpena eman zitzaion Azpeitiko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko «Larrin» 22. HEaren Plan Partzialaren aldaketari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (dekretu horren bidez, planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen da), Azpeitiko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, plana bera eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jarrita 45 egunez, 2022ko uztailaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (144. zk.) argitaratutako iragarki baten bidez. Era berean, indarrean dauden arauen arabera, Udalak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.

Azpeitiko Udalak 2023-06-28ko ziurtagiriaren bidez adierazi zuen ez zela alegaziorik aurkeztu jendaurreko informazio-aldian, eta entzunaldi-izapidean jasotako txostenak administrazio publikoei bidali zizkien, administrazio-espedientean jasotako emaitzarekin eta edukiarekin.

2023ko ekainaren 28an, Azpeitiko Udalak eskaera egin zuen Azpeitiko «Larrin» 22. HEaren Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu ziren: Plan Partzialaren azken proposamena (testu bategina), 2022ko abendukoa; ingurumen-azterketa estrategikoa, 2022ko uztailekoa, eta jendaurreko informazioaren izapidearekin eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia ematearekin lotutako zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planak arautu behar dituzten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumenaren babes-maila handia bermatuko du eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, ingurumen-alderdiak integratuko ditu, planak, programak eta proiektuak egitean, hartzean, onartzean edo baimentzean; ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak aztertu eta hautatuko ditu; ingurumenean ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen- eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie II.A eranskinaren arabera ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei eta programei, bai eta haien aldaketei eta berrikuspenei ere; izan ere, eranskin horretan jasotako planen eta programen artean daude planak eta programak, baldin eta legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparru badira eta, besteak beste, hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari edo lurzoruaren erabilerari buruzkoak badira.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzekoa) 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Azpeitiko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean egoki txertatu direla baloratzen da, eta plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azpeitiko «Larrin» 22. HEko Plan Partzialaren aldaketaren ingurumen-adierazpena egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren eremuak 210.209,81 m2-ko azalera du eta Azpeitiko hiri-sarearen hegoaldean dago, Oñatz auzoan, Landeta industrialdearen ekialdean. Eremua 2007az geroztik Azpeitiko Arau Subsidiarioetako «Larrin» 32. HJE eremuaren Plan Partzialak antolatzen badu ere (2007-05-03an behin betiko onartua, 2007-06-20ko GAO), arau horretan aurreikusitako plangintza egikaritu gabe dago gaur egun.

Planaren xedea da Azpeitiko HAPOko «Larrin» 22. Hirigintza Eremuaren antolamendu xehatua aldatzea (aurreko arau subsidiarioetako «Larrin» 32. HJEa), gaur egun jarduera ekonomikoetarako dagoen lurzoru-eskarira egokitzeko. Hala, industria txikirako (B-l.b motako etxadiak) egokiak diren lurzatien eraikuntza-tipologia batetik enpresa handiagoak kokatzea ahalbidetzen duten lurzatietara igaroko da. Aldi berean, Planak GI-631ren saihesbiderako bide-erreserba barne hartzen zuen lurzoruak jarduera ekonomikorako antolatu dira, eta indarreko HAPOn kendu egin da haren betearazpena.

Eremuko topografia dela eta, urbanizatzeko, lur-mugimendu handia behar da; 500.000 m3 inguruko bolumeneko indusketak eta maila bereko betelanak egin beharko dira, eta egokitu egin da antolamendua indusketak eta betelanak konpentsatzeko.

Planak industria-erabilerako lau lurzati pribatu antolatzen ditu (124.441,78 m2-ko azalera gordina, guztira), eremuaren % 59,20 hartuta. Industriako eraikuntza-programak gehieneko sabai-azalera eraikigarri hauek hartzen ditu lurzati bakoitzeko: 1. lurzatia: 13.565,36 m2. 2. lurzatia: 10.460,19 m2. 3. lurzatia: 45.888,60 m2. 4. lurzatia: 25.190,75 m2.

Bestalde, antolamenduak ekipamendu tertziario pribatuko lurzati pribatu bat du, 6.087,64 m2-koa, oinplanoan 3.000,00 m2-ko azalera eraikigarria duena. Berdeguneetarako azalera 31.058,70 m2-koa da, batez ere antolamenduaren ipar-ekialdean, bizitegi-eremuaren ondoan eta eremuaren ekialdean banatuta; gainera, unitate asistematikoetako 9.692,51 m2-ko azalera aurreikusten du. Gainerako azalerak bide-sareari, oinezkoentzako sareari, bide-sistema orokorrari, ibilgu publikoen sistema orokorrari eta ekipamendu-sistema orokorrari dagozkie.

Eremuan dagoen eraikinari dagokionez, antolamendutik kanpo geratzen dira Larrin baserria, Ustezko Eremu Arkeologikoa, Oñatz auzoko 609. zenbakian dagoen eraikina eta Planaren 7. planoan identifikatutako C, D eta E txabolak.

Bide-sarea lau bidez osatuta dago; industrialderako sarbide nagusiak eta bigarren mailakoak eta lurzatien arteko banaketarako barneko bideak dira horiek. Eremuan sartzeko, batez ere A bidea erabiliko da, hau da, Atxubiagako biribilgunearen eta lurzatietarako sarbideak banatzen dituen Hirigintza Eremuaren barruko biribilgunearen arteko lotura-bidea. B bidea «Landeta» 18. HEtik sartzeko bidetik abiatzen da, eta «Larre» 21. HEko bide-sarea «Larrin» 22. HEko banaketa-biribilgune nagusiarekin lotzen du. C bideak 3. eta 4. lurzatietarako sarbidea ematen du, eta D bideak eremua inguratzen du mendebaldeko mugan, «Landeta» 18. HEtik Goena ingururaino doan errepidea lotuz. 198 aparkaleku aurreikusi dira bide publikoan. Gainerako aparkalekuak, eraikuntzako 100 m2 bakoitzeko plaza 1eko gutxieneko ratioa betetzeko, lurzati pribatuetan kokatuko dira.

Hornidura-sare udal ur-sareari lotuko zaio. Saneamendu-sarea Azpeitiko saneamendu-biltodi nagusiari lotuko zaio. Euri-urak eremuko ur-ibilguetarako aurreikusitako bideratzeetara isurtzen dira, eta urbanizazioan ezarri beharreko drainatze jasangarriko sistemak ezarriko dira. Industria-lurzatietako ur beltzak biltzeko sare bereizle bat aurreikusten da.

Eremua bi ibarbideek zeharkatzen dute. Hegoaldeko ibarbidearen ibilguaren trazadura aldatu egingo da, eta ingeniaritza naturalistikoko tekniken bidez proposatu den antolamendura egokitutako ibilgu berri bat zehaztuko da. Iparraldeko ibarbidea aire zabaleko ibilgu berri baten bidez konpontzen da, kasu horretan ere ingeniaritza naturalistikoko teknikak baliatuta. Ibilgu horrek garrantzi handieneko ibilgura isurtzen ditu urak, Ibaieder ibaira iritsi arte. Planak aurreikusten du etorkizuneko urbanizazio-proiektuan zehaztuko direla natura-ingeniaritzako irtenbideen ezaugarri espezifikoak. Ibilguaren sekzioak ibilguaren barruan 10, 100 eta 500 urteko emariak hartzeko aukera ematen du, eremuaren uholde-arriskurik eza bermatuz. Uraren Euskal Agentziak txostena egin du (2023ko apirilaren 18ko txostena), Planak proposatutako soluzio hidraulikoen alde.

Eremuko toki batean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak egin dira (20018-00161 kodea). Indusketa-plan bat egin zen kokapen horretan, Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2014ko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez onetsia.

Planak lau antolamendu-aukera aztertzen ditu, kokapen berean planteatzen direnak eta antzeko inpaktuak sortzen dituztenak, salbu eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen eta paisaia-integrazioaren gaineko afekzioei dagokienez. Planak A aukera garatzen du, ingurumenaren ikuspegitik orekatuentzat jotzen dena.

Planean ezarritako antolamendua gauzatzeko, urbanizazio-proiektu bat aurreikusten da.

Planaren eremua Urola ibaiaren unitate hidrologikoan kokatzen da, Ibaieder-B azaleko ur-masara isurtzen duen arroan. Eremuak Ibaieder ibaiaren ezkerraldearekin egiten du muga, eta, Larrin 22. HEaren barruan, bi ibarbide daude: hegoaldekoak Oñatz erreka du, eta iparraldean ez dago ibilgu zehatzik.

Planak antolatutako lursailetan belardi eta labore atlantikoak daude, partzialki bat datozenak 6510 BIHarekin (Altitude baxuko sega-belardi pobreak); Ibaieder ibaiaren ertzetan, Planaren eremuarekin muga egiten duen zatian, haltzadi kantauriar gisako landaredia dago, Batasunaren intereseko lehentasunezko habitatarekin bat datorrena, ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarrarekin (91E0*), hain zuzen.

Eremuko faunaren artean landazabal atlantikoko espezieak nagusitzen dira. Ibaieder ibaian, berriz, ingurune urtarreko espezie bereizgarriez osatutako fauna-komunitatea dago, eta fauna-korridore gisa eginkizun garrantzitsua betetzeaz gain, espezie bereziak ere baditu; ildo horretatik, nabarmendu beharra dago Ibaieder ibaia bisoi europarrarentzako interes bereziko eremutzat hartzen da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko haren kudeaketa-planaren arabera (Foru Agindua, 2004ko maiatzaren 12koa). Bestalde, eremua Izarraitz-Azpeitia sektorean sartzen da, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan argitaratutako babes-eremuetan. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dira (babes-eremu horietan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko dira). Gainera, eremu horretan identifikatzen dira abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako preskripzio teknikoak betetzen ez dituzten linea elektrikoak (1432/2008 Errege Dekretua, abifauna goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko babes-neurriak ezartzen dituena).

Kultura-ondareko bi elementu daude Planak antolatutako lursailetan: Atxubiaga baserria eta Larrin baserria. Bi ustezko gune arkeologiko dira (eraikinaren hormen barruko eremuaren babesa dutenak), eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1997ko irailaren 23ko Ebazpenean sartuta daude. Ebazpen horren bidez, Azpeitiko (Gipuzkoa) Ustezko Gune Arkeologikoen Deklarazioa egin zen (1997ko urriaren 13ko EHAA, 195. zk.).

Planaren zuzeneko eragina duen eremua ez dator bat Natura 2000 sareko naturagune babestuekin, ez eta inbentariatutako eremu babestuekin edo natura-interesekoekin ere. Gainera, ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik.

Industria-lurzoru berria ezartzeko eremuak bat egiten du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko 20018-00161 kodea duen lursailarekin, zabortegi-jarduera bat izan dutelako. Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2014ko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez, Indusketa Plana onartu zen, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2015 Legean araututako lurzoruaren adierazpen-prozeduraren esparruan.

Zaratari dagokionez, honako hauek dira zarata-iturri nagusiak: errepideko zirkulazioa (GI-2635 eta Oñatz auzoko errepideko loturak) eta aldameneko industria (Landeta industrialdea). Sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, hala gaur egun nola 20 urteren buruan bete egiten dira industria-erabilerako eremuari aplikagarri zaizkion kalitate akustikoko helburuak; halaber, baimendutako gehieneko emisio maila aintzat hartuta, planaren eragin-eremuko bizitegi-erabilerako eraikin guztietarako inpaktu maila baimendutako gehieneko mugen barruan dago.

Planak antolatutako industria-lurzatiak, Gl-2635 errepidearen mendebaldean daudenak, uholde-arriskuko eremutik kanpo daude; beste ingurumen-arrisku batzuei dagokienez, eremua higadura-maila oso baxuko eta lurzoru onargarriko eremuetan kokatzen da gehienbat, eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eta oso handiko azalerak barne hartzen ditu; bestalde, GI-2635 errepidearen 100, 200 eta 600 metroko afekzio-banden barruan dago, salgaiak errepidez garraiatzeagatiko istripu-arrisku oso txikiari lotuta, eta salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzeagatiko arriskuko afekzio-bandetatik kanpo, bai eta SEVESO enpresek eragindako istripu larrietarako arrisku-eremuetatik kanpo ere. Eremuan ez da identifikatzen arrisku sismikorik, ezta baso-suteengatiko arriskurik ere.

B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko uztailaren 1eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Era berean, Planak eta haren ondoriozko proiektuek honako zehaztapen hauek hartu beharko dituzte:

D.1.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

Lurzoru naturalaren azalera handi baten galera konpentsatzeko, bat etorriz, batetik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren 2022-09-07ko txostenarekin, eta, bestetik, Azpeitiko udalerrian HIE 32 Larrin urbanizatzeko proiektuaren -Sprilur SAk sustatua- ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten duen Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko abuztuaren 4ko Ebazpenarekin, garatzen den urbanizazio-proiektuak konpentsazio-neurri hauek jasoko ditu:

• Azketako Lepoko pagadi bateko 1 hektarea inguruko argigune bat sare zinegetikoarekin ixtea eta argiguneko sastrakak (nagusiki otea -Ulex sp-) garbitzea, basoaren leheneratze naturala laguntzeko.

Fraxinus excelsior landatzea Azketako Lepoko pagadiaren eta elurtegiaren ondoko bordaren artean dagoen bidearen ertzean, 410 metro linealeko luzeran.

• Elurtegiaren azalpena ematen duen kartela jartzea.

Neurri horiek gauzatu aurretik, Batasunaren garrantzizko lekuak babesteko eta kudeatzeko eskumena duen organoaren oniritzia jasoko da, eta, beraz, proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusira bidaliko da. Hori guztia, organo horrek espazio horiek babesteko egokitzat jotzen dituen beste neurri batzuk proposatu edo onartzeari kalterik egin gabe.

Bestalde, Oñatz errekak Ibaieder ibaiarekin bat egiten duen puntu berria egokitzean, kontuan hartu beharko da 91E0* BIHko espezieekin lehengoratuko dela, gutxienez, obrak egitean desagerrarazi den ibaiertzeko landarediaren azalera bera, kontuan hartuta, gainera, habitataren ezaugarriak bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), tarte horretako ibilguak espeziearentzat interes bereziaren kalifikazioa duelako.

Tarte horretan Ibaieder ibaia bisoi europarrarentzat interes berezikoa denez, tarte horrekin zerikusia duten jarduketek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko dute, hala xedatuta baitago Gipuzkoako Lurralde Historikoan Mustela Lutreola bisoi europarraren (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren 9. artikuluan. Oñatz errekaren eta Ibaieder ibaiaren arteko elkargune berriaren ingurumen-integrazioa urbanizazio-proiektuaren ingurumena lehengoratzeko proposamenean zehaztuko da.

Plan honen gaia den eremua linea elektriko batzuek zeharkatzen dute, eta linea horiek ez datoz bat goi-tentsioko linea elektrikoetako hegaztien elektrokuzioaren eta talken ondoriozko heriotzak murrizteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako arau teknikoekin. Linea elektriko horien aireko trazadurak mantentzen edo aldatzen badira, urbanizazio-proiektuan linea horiek egokitzea aurreikusiko da, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren zehaztapenei jarraikiz.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.

Urbanizazio-proiektuaren fasean diseinatzen diren erreka gaineko pasaguneek urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren 47. artikulua bete beharko dute, zubiak, estaldurak, defentsarako egiturazko neurriak diseinatzeko eta ibilguen trazadura aldatzeko berariazko arauei buruzkoa.

Urbanizatu beharreko eremu berrien drainatzeari dagokionez, EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 apartatuarekin eta Uraren Euskal Agentziaren 2023-04-18ko txostenean xedatutakoarekin bat etorriz, drainatze jasangarriko sistemak sartuko dira (zoladura iragazkorrak, estalki begetatuak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tangak, iragazketa-zangak, drainak, eta abar), eta horrela bermatu ahal izango da lehendik dagoen egoerari dagokion balioarekiko jariatze-uraren balizko igoera konpentsatu ahal izango dela edo garrantzirik gabea izango dela.

Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

D.3.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

Planak antolatutako eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako 20018-00161 kodea duen kokalekuari dagokionez, Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2014ko apirilaren 10eko Ebazpenean xedatutakoa beteko da, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Sprilur SAri kutsatzaileak dituzten materialak induskatzeko; material horiek industrialdea sortzea aurreikusita dagoen kontrolatu gabeko hondakindegi zahar batean detektatu dira, Azpeitiko (Gipuzkoa) udal-mugarteko Larrin izeneko 89. arean. Ebazpen hura Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean araututa dagoen lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozeduraren barruan eman zen.

D.4.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

Larrin baserriarekin (Ustezko Eremu Arkeologikoa) zerikusia duten jarduketak Kontrol Arkeologikoko Proiektua kontuan hartuta gauzatuko dira Azpeitiko (Gipuzkoa) Larrin 22. HE lurzatian. Proiektu hori Alfredo Moraza Baea jaunak idatzi zuen 2023ko urtarrilean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak aldeko txostena eman zuen, 2023-02-02ko txostenean, bertan garatzen diren baldintzak kontuan hartuta.

Aurreikusitako antolamenduak eragindako gainerako lurrei dagokienez, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeelako zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.5.– Zaraten eraginak gutxitzeko neurriak.

Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, eragin akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluan.

Dokumentazioaren arabera, bermatu behar da etorkizuneko eraikinetan beteko direla kalitate akustikoaren helburuak leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikinaren garaiera guztietan. Eraikin berriak definituko dituzten garapen-proiektuetarako egindako azterlan akustikotik ondorioztatzen bada ez direla betetzen KAH horiek, kalitate akustikoaren helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 40. artikuluari jarraikiz eta eremu akustikoak eta erabilera aurreikusiak kontuan hartuta.

Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

Obrak egitean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.6.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

Urbanizazio-proiektuak ingurumenaren eta paisaiaren lehengoratzea definituko du, eta garapenak eragindako eremu guztiak hartuko ditu barnean, eta, bereziki, «ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektu» bat jasoko du. Proiektu horrek landare-espezie autoktonoak erabiliko ditu, eremuaren baldintza bioklimatikoetara egokitu direnak eta gutxieneko mantentze-lanak eskatzen dituztenak. Zaharberritze-proiektuan jasoko da Oñatz errekak Ibaieder ibaiarekin bat egiten duen puntu berria lehengoratzea, ebazpen honen D1.1 apartatuan deskribatutako irizpideen arabera.

Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax eta beste. Urbanizazio-proiektuan, espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko neurriak zehaztuko dira, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.

Eremuan egingo diren lorategi-lanetarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpeneko neurriak eta gomendioak kontuan hartuko dira (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa, Eusko Jaurlaritzarena).

D.7.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.

Urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak. Egikaritze-faserako, lurrazaleko uren kalitatearen kontrola zehaztuko da, eta, aldi berean, Mustela lutreola espeziearen habitata babesten lagunduko da.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoa betez, gogorarazten da hiriko edo industriako drainatze-azpiegituren bidez biltzen diren eta jabari publiko hidraulikoa kutsa dezaketen euri-uren jariatze-urak isurketa baimentzeko prozeduraren mende jarri beharko direla Uraren Euskal Agentzian.

Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sarea diseinatuko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Aguas de Gipuzkoa – Gipuzkoako Urak Partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.

Lur-mugimenduek dirauten bitartean, gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obra-irteeran; dekantatutako jalkinak karakterizazioaren arabera kudeatuko dira, eta Uraren Euskal Agentziari isurtze-baimena eskatuko zaio gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuko efluenterako.

D.8.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Lurzoruen babesa: Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideak egitea eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Ibaieder errekaren, Atxubiaga baserriaren eta bizitegi-eraikinaren (Oñatz auzoa, 196. eta 204. zk.) ingurunea kaltetu gabe; halaber, zuzenean okupatu behar ez diren eremuetan ez da mozte- eta eskokatze-lanik egingo.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoak, aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Azpeitiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. Ildo horretan, arreta berezia jarriko da 20018-00161 kodeko kokalekuaren inguruko lur-mugimenduetan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Lurzoruen Inbentarioan jasota baitago.

Era berean, arreta handiz jokatu beharko da Oñatz auzoko 609. zenbakian dagoen nabea, «C», «D» eta «E» izeneko txabolak eta Larrin baserria eraistean, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

Planaren arabera, lur-mugimendua orekatua izango da Planaren eremuaren barruan; azkenean, obrak egiten diren bitartean indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta haien kudeaketa xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Ez da makinak mantentzeko lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan. Planaren eremuaren beheko aldea, Ibaieder ibaiaren ondoan dagoena, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremua da; eremu horretan berariaz debekatuta egongo da edozein motatako isurketak egitea (solidoak edo likidoak).

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

D.9.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Plan partzialaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

D.10.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipenaren plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

Urbanizazio-proiektuak obretan zehar egin beharreko kontrolak zehaztu beharko ditu, bereziki honako hauei dagozkienak: Ibaieder ibaiko uren kalitatea, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko 20018-00161 kodeko lursailarekin zerikusia duten lur-mugimenduak, Larrin baserria (Ustezko Eremu Arkeologikoa), bai eta Oñatz errekak Ibaieder ibaiarekin bat egiten duen puntu berria bisoi europarrarentzat interes berezia duen tarte batean egokitzeari dagozkionak ere. Kontrol bakoitzerako, kontrol-parametroak, metodologia, aldizkakotasuna eta atalase-balioak zehaztuko dira, besteak beste.

Bestalde, ingurumen-jarraipenak barne hartuko du Izarraitz ES2120003 KBEan egin beharreko konpentsazio-neurrien arrakasta kontrolatzea.

F) Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko uztailaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoruaren kontsumoa minimizatzea, sortutako hondakinak behar bezala kudeatzea, Jabari Publiko Hidraulikoa babestea, eremuaren kalitate akustikoa, ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria, habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea, bereziki 91E0* lehentasunezko BIHaren babesari (Ibaiertzeko haltzadia eurosiberiarra) eta bisoi europarraren (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) interes bereziko eremua babesteari dagokienez, eta lurzoru naturalaren azalera handi bat galtzeagatiko konpentsazioarekin, neurri batean bat datorrena ES2120003 Izarraitz KBEan egin beharreko 6510 BIHarekin (Altitude baxuko sega-belardi pobreak). Era berean, nabarmendu behar da lurraldearen gaineko esku-hartzeak paisaian behar bezala integratu behar direla, arrisku naturalak minimizatu behar direla eta horien prebentzioa lehenetsi behar dela.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Azpeitiko «Larrin» 22. HEaren Plan Partzialaren aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondoriorik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Azpeitiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala