Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2023ko urriaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4573

AGINDUA, 2023ko irailaren 28koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak kudeatutako Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitaleko datu-bazkide gisa aitortzeko prozedura.

Agindu honen lege-oinarri dira Euskal Herrirako Autonomia Estatutuak 10. artikuluan –17., 19. eta 20. apartatuetan– Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) emandako kultura-arloko eskumenak.

Beraz, Autonomia Estatutuaren 17. apartatuan xedatutakoarekin bat, EAEk eskumen esklusiboa du kultura-arloan. Bestalde, 19. apartatuak Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta EAEk bere gain hartzen du Estatuak ezartzen dituen arau eta betebeharrak betetzea, ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko. Era berean, 20. apartatuak eskumen autonomiko esklusibo hori aitortzen du estatuaren titulartasunekoak ez diren artxibo, liburutegi eta museoen arloan, hargatik eragotzi gabe Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurraldeetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritako eskumen-araubidea.

Bestalde, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak euskal kultura-ondarearen definizio irekia ematen du zioen azalpenean, eta bertan sartzen dira gure erkidegoaren kultura-jaraunspena osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak, errealitate material higiezin edo higigarrien eta errealitate immaterialen bidez adierazten direnak. Horrez gain, legeak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, objektu analogiko batetik abiatuta birtualizatua edo objektu digital gisa jaioa, eta azpimarratzen du interkonektatutako kultura-espazio digital berri bat agertu dela, non fitxategiak gordetzeko, datuak tratatzeko eta hedatzeko tresnak partekatzen diren, eta horrek eduki kulturala eskuragarriago egiteko eta berrerabiltzeko aukera eman duela, betiere jabetza intelektualeko eskubideekin eta datu pertsonalen babesarekin uztargarria bada.

Aurrekoarekin bat, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 1. artikuluan ezartzen duenez, legearen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan, posible denean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezaten ahalbidetzea ere.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren funtsezko helburuetako bi dira euskal kultura-ondarea kontserbatu eta hedatzea. Zehazki, Sailak, Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bitartez, zenbait egiteko ditu, besteak beste euskal ondare digitala sortu, babestu eta hedatzeko mekanismo egokiak ezartzea, sarbidea bermatzea eta ondare digitalaren arloan lankidetza-programak sustatzea.

Helburu horiek artxiboetarako, liburutegietarako eta museoetarako erabili izan dira normalean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak pixkanaka sartu izanak funtsezko aldaketa ekarri du ikuspegi horretan. Nahiz eta gaur egun erakunde horiek funtsezko zeregina izaten jarraitzen duten kontserbazioan, mundu digitalak erabateko eraldaketa ekarri du hedapenaren eremuan, eta, txikiagoa bada ere, kontserbazioaren eremuan ere bai.

Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoek sartu-irten nabarmenak egin dituzte mundu digitalean, baita aitzindari gisa ere gure ingurune hurbilenean. Modu horretan, euskal kultura-ondarea gero eta eskuragarriagoa da edonorentzat, baldin eta ordenagailua, sarerako konexioa eta euskal espazioarekin eta kulturarekin lotutako gaien inguruko ezagutza edo interesa badu. Baina gero eta interkonektatuago dagoen eta gero eta datu gehiago sortzen dituen mundu honetan, ez da nahikoa informazioa digitalizatzea: eskuragarri jarri behar da eta ikusgai egin behar da. Horregatik, euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatu nahi badugu, hainbat eremutan egin behar ditugu ekintzak.

Behar horri erantzuteko, Euskadiko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bitartez, abian jarri du Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitala. Liburutegi digital nazional baten eredu berritzailea eta euskal kulturarekin lotutako alderdi guztietara sartzeko plataforma bateratua da, eta asmoa da Euskadiko erakunde, kultura-ekipamendu eta sormen-eragile guztiek partekatzen duten proiektua izatea.

Beraz, Euskarianak aukera ematen du euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatzeko: proiektu kolektibo integrala izan behar du, eta bertan euskal kulturaren eremuan inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatu gehienek hartu behar dute parte, elkarrekikotasunaren eta eragile bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta erantzukizunekiko errespetuaren ikuspegitik.

Euskariana, halaber, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien, EAEko udalen, unibertsitateen eta erakundeen eta euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituen beste edozein eragileren arteko lankidetza estuan eraikitako proiektua da, jatorrizko euskarria edozein dela ere: liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo bestelako materiala. Horrela, administrazioen, erakunde pribatuen eta Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailaren arteko estrategia komuna ezartzen lagunduko da.

Interes-arloaren oinarri dira euskal egileek sortutako, Euskadin argitaratutako eta euskal gaiei buruz munduko edozein tokitan ekoitzitako baliabideak. Halaber, arreta berezia jartzen du euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako baliabideetan.

Horrela, Euskarianak mesede egin nahi die bai objektu digital horien titularrei eta bai publiko orokorrari, Interneten euskal kultura-ondarearekin lotutako baliabide oro bilatu ahal izateko atari digital gisa. Horrez gain, euskal kulturarekin lotuta ahalik eta baliabide digital gehienak bildu nahi ditu, baita erregistroak sistematizatu eta homogeneizatu ere, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz.

Gainera, Euskarianak kalitatezko zerbitzu publiko bat eman nahi du, informazioa bilatzen ari diren erabiltzaile orokorren eta ezagutza berriak sortu nahi dituen ikertzaile espezialisten beharrak asetzeko.

Gaur egun, Euskarianak euskal artxibo, liburutegi eta museoen bilduma digitalak biltzen ditu, eta euskal kultura-ondarea osatzen duten askotariko materialetarako (eskuizkribuak, inprimatutako liburuak, argazkiak, mapak...) sarbidea ematen du.

Aurrekoa kontuan hartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eta haren organoei dagozkien funtzio eta eskumenetan oinarrituta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat, agindu honen bidez Euskarianako datu-bazkide aitortzeko prozedura ezartzen da.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea euskal kultura-ondarearen baliabideak kudeatzen dituzten pertsonak, erakundeak edo entitateak Euskarianako datu-bazkide gisa aitortzeko prozedura, klausula hauen arabera:

Lehenengoa.– Euskariana.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren bidez, euskal ondare digitala sortzeko, babesteko eta zabaltzeko eta ondare horretarako sarbidea bermatzeko mekanismo egokiak ezartzeko eginkizuna du. Horretarako sortu du Euskariana.

2.– Euskariana euskal kulturaren atari digitala da, eta haren helburua da sarbide unibertsala ematea euskal kultura-ondarera, hura ezagutzeko eta ahalik eta zabalkunde handiena emateko.

3.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bitartez, zenbait funtzionalitate inplementatu ditu Euskarianan, euskal kultura-ondarearen baliabideen edukiak, datu-bazkideek emandakoak, eskualde-mailan eta gaiaren arabera gehitzeko. Horretarako, metadatu eta miniaturak biltzen ditu euskal kulturarekin lotutako gordailuetatik, Europeana hornitzeko.

Bigarrena.– Definizioak.

1.– CC0 1.0 Unibertsala - Jabari publikoari eskaintzea: jabari publikoari eskaintzeko Creative Commons lizentzia, hemen argitaratua:

https://creativecommons.org/publicdomain/zero/1.0/deed.eu

2.– Objektu digitala: euskal kultura- eta/edo zientzia-ondarea osatzen duen objektu baten irudikapen digitala. Objektu digitala ere jatorrizko objektua izan daiteke, formatu digitalean sortzen bada.

3.– Europeana.eu: Europeanaren webgunea, eta haren datuak eta makina-interfazeak; ez da nahitaezkoa dibulgazioa europeana.eu URL helbidearen bitartez egitea.

4.– euskariana.euskadi.eus: Euskarianaren webgunea, eta haren datuak eta makina-interfazeak; ez da nahitaezkoa dibulgazioa euskariana.euskadi.eus URL helbidearen bitartez egitea.

5.– Jabetza intelektualaren eskubideak: jabetza intelektualaren eskubideak, barnean hartuta, besteak beste, egile-eskubideak, antzeko edo lotutako eskubideak eta datu-baseen gaineko eskubideak.

6.– Metadatuak: objektu digitala identifikatu, aurkitu, interpretatu eta/edo administratzeko balio duen testu-informazioa (hiperestekak barne).

7.– Medatatuen espezifikazioak: metadatuen espezifikazioen bertsio berriena, Europeanak argitaratuta eta hemen eskuragarri jarrita: http://europeana.eu/schemas/.

8.– Miniaturak: objektu digitalaren ikusizko irudikapena, haren irudi adierazgarri gisa.

9.– Jabari publikoa: ustiapen-eskubideak iraungi zaizkien kultura-ondarearen baliabideak jabari publikoaren parte dira.

10.– Datu-bazkidea: euskal kultura-ondarea osatzen duten baliabide digitalizatu edo digitalak kudeatzen dituzten pertsona edo erakundeak.

11.– Set-a: hartzeko edo deskargatzeko eduki edo metadatu multzo egoki bat irudikatzen duen administrazio-unitatea.

Hirugarrena.– Euskarianako Datu Bazkideak.

Euskarianaren helburua betetze aldera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bidez (Euskarianaren kudeatzailea), bere laguntzaile guztiei datu-bazkide izateko aukera eskaintzen die.

Euskarianako datu-bazkideak izan ahalko dira euskal kultura-ondarea osatzen duten baliabide digitalizatu edo digitalak kudeatzen dituzten pertsona, erakunde edo entitateak.

Laugarrena.– Euskarianako datu-bazkide izateko eta horri uko egiteko prozedura.

1.– Euskarianako datu-bazkide izateko, interesa duten pertsona eta entitateek agindu honen I. eranskineko eskabidea bete beharko dute, eta, ondoren, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailera bidali, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako bitartekoen bidez.

1.1.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak, honen arabera:

a) Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio, eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, soilik aurretiazko hitzorduarekin https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuta, edo aurretiazko hitzordua eskatu edo bertan behera uzteko telefono-zenbakiaren bidez: 945 01 90 00 edo EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita. Eskabidearen eredua Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri.

b) Bide elektronikoa: bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Eskabidearen eredua Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri.

1.2.– Pertsona juridikoek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Eskabidearen eredua Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri.

1.3.– Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekarpeta

1.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

1.5.– Pertsona, erakunde edo entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta atxikitzen diren egiaztagiriak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

2.– Eskabidea aztertu ondoren, Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bidez ebatziko da, gehienez ere bi hileko epean.

3.– Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, administrazio-isiltasuna positibotzat joko da, eta eskaera baietsitzat.

4.– Ebazpenak eskaera ezesten badu, eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean.

5.– Edozein unetan uko egin ahal izango zaio Euskarianako datu-bazkide izateari, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuari idatziz jakinarazita. Uko egitea 30 eguneko epean gauzatuko da. Datu-bazkideak erabaki beharko du emandako metadatuak, miniaturak edo objektu digitalak ezabatzea nahi duen ala ez, eta, ezabatzea aukeratuz gero, osorik edo zati batean bakarrik ezabatzea nahi duen.

Bosgarrena.– Metadatuak, miniaturak eta objektu digitalak Euskarianan sartzeko prozedura, eta datu-bazkide izateko modalitateak.

1.– Euskarianako Datu Bazkidearen baliabideak gehitzeko modua desberdina da lehentasunen arabera, euskal kultura-ondarearen baliabideak biltzeko eta zabaltzeko erakunde mota bakoitzak erabiltzen dituen bitartekoen ezaugarri teknikoen arabera eta baliabideak gehitzeko soluzio tekniko posibleen arabera.

2.– Euskarianako datu-bazkide izateko interesa duten pertsonek, erakundeek edo entitateek bi modalitate hauetako bat aukeratu ahal izango dute:

a) Baliabideak Euskarianaren zerbitzarietan jartzea.

b) Baliabideak zerbitzari propioetan jartzea.

Seigarrena.– Baliabideak Euskarianaren zerbitzarietan jartzen dituzten datu-bazkideak.

1.– Datu-bazkideak objektu digitalak eman beharko ditu, gutxienez, euskal kultura-ondarea digitalizatzeko proiektuetarako eskakizun teknikoen eranskinetan jasotako preskripzio teknikoen arabera. Gainera, objektu digital horiek deskribatzen eta ilustratzen dituzten metadatuak eta miniaturak eman beharko ditu.

2.– Baliabide bakoitzak Europeanak aitortutako egile-eskubideen adierazpenetako bat eduki beharko du esleituta (https://rightsstatements.org/es/).

3.– Datu Bazkideak, halakotzat aitortuta dagoenak, Euskarianan baliabide berriak sartu nahi dituen bakoitzean, eskabide bat bete beharko du. Eskabide horren formularioa Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri.

Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak baliabide horiek Euskarianan sartzeko aukera baloratuko du, eskabidean proposatutako edukiaren eta fitxategi moten eta ezaugarrien arabera.

Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak proposatu zaizkion baliabideak sartzea onartu, ezetsi edo aldaketak egiteko aukera iradoki ahal izango du. Azken kasu horretan, datu-bazkideak proposatu zaizkion aldaketak onartzen baditu, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak berriro baloratu ahal izango du proposatutako baliabideak sartzea.

4.– Beren objektu digitalak Euskarianaren zerbitzarietan jartzen dituzten datu-bazkideek honako konpromiso hauek hartzen dituzte objektu horiei buruz:

a) Baliabide digital/digitalizatuen jabari osoaren titularrak direla bermatzen dute, eta erabateko ahalmena dutela Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eskatzeko Euskarianan –Euskal Kulturaren Atari Digitalean– datu-bazkide gisa alta eman diezaietela.

b) Sartu nahi dituen baliabide digital/digitalizatuen erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko eta eraldaketarako eskubideak hartzen dituzten ustiapen-eskubideak lagatzea, modu ez-esklusiboan, doan eta denbora-mugarik gabe, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

c) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari baimena ematea baliabideak egokitu ditzan, baliabide horiek elektronikoki eskuragarri jartzeko beharrezkoa den neurrian eta deskribapen-beharren arabera.

5.– Baliabide digital/digitalizatuen titular den pertsona, erakunde edo entitateak deklaratu beharko du, bere erantzukizun osoaren pean, baliabide horiek honako kasu hauetakoren batean daudela:

a) Jabari publikoan daudela. Apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak ustiatzeko eskubideak azkentzen direnean, jabari publikora pasatzen dira.

b) Baliabideen gaineko ustiapen-eskubideak dituztela.

c) Baliabideak obra umezurtzak direla, obra umezurtzen araubide juridikoa garatzen duen maiatzaren 27ko 224/2016 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat, eta obra umezurtzen datu-basean erregistratuta daudela. Datu-base hori Europar Batasunaren Jabetza Intelektualaren Bulegoak sortu eta kudeatzen du.

6.– Baliabide digital/digitalizatuen pertsona edo erakunde titularrak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrean erantzungo du eskaera honen bidez lagatzen dituen eskubideak modu baketsuan baliatzeari dagokionez. Lanen gaineko eskubideekin zerikusia duen hirugarren baten edozein erreklamazio aurkeztuz gero, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ez du inolako erantzukizunik izango.

Zazpigarrena.– Baliabideak zerbitzari propioetan jartzen dituzten datu-bazkideak.

1.– Datu-bazkideak lotura-bide bat eskaini beharko du berak kudeatutako edozein plataformatan jarritako objektu digitaletara iristeko. Gainera, objektu digital horiek deskribatzen dituzten metadatuak eman beharko ditu, gutxienez DC (Dublin Core) formatuan edo MARC XML formatuan.

2.– Baliabideetarako sarbide librea eta zuzena ahalbidetu beharko da web-esteka baten bidez, eta bisoreak edo hori eragozten duten bestelako elementuak saihestu beharko dira. Estekek ez dute erreferentzia bibliografiko hutsetara eramango.

3.– Baliabide bakoitzak Europeanak aitortutako egile-eskubideen adierazpenetako bat eduki beharko du esleituta (https://rightsstatements.org/es/), eta horrek emandako metadatuetakoren batean sartuta egon beharko du.

4.– Datu Bazkideak, halakotzat aitortuta dagoenak, Euskarianan datu-set berriak sartu nahi dituen bakoitzean, eskabide bat bete beharko du. Eskabide horren formularioa Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri. Eskaera horren bidez, setak eguneratzeko egutegia ere adostu ahal izango du.

Zortzigarrena.– Informazioaren digitalizazioari, irisgarritasunari eta berrerabilerari buruzko Europako gomendioak aplikatzea.

Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak –Euskarianaren kudeatzaileak– sustatuko du bere datu-bazkideek aplika ditzatela sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari, digitalizatzeari eta material kulturalaren lineako irisgarritasunari buruzko Europako erregulazioak, bereziki Europeanaren metadatuen espezifikazioak eta Europeanak zabaltzen eta argitaratzen dituen dokumentu guztiak.

Zehazki, kontuan hartuko dira Batzordearen 2011/711/EB Gomendioa, lineako irisgarritasunari eta digitalizazioari buruzkoa, eta Batzordearen 2021/1970 (EB) Gomendioa, 2021eko azaroaren 10ekoa, kultura-ondarerako datuen Europako esparru erkide bati buruzkoa, eremu horretan lan egiten duten adituen eta datuak ematen dituztenen arteko interakzioa sustatzeko, edo Europar Batasuneko edozein organok edo Europeanak zentzu horretan egiten duen edozein gomendio.

Bederatzigarrena.– Jabetza intelektuala.

Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak –Euskarianaren kudeatzaileak– konpromisoa hartzen du Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako eskubideak eta betebeharrak betetzeko, arlo horretan indarrean dauden lege-xedapenak erregularizatuz, argituz eta harmonizatuz, eta, bereziki, Merkatu digital bakarreko egile-eskubideei eta antzekoei buruzko azaroaren 2ko 24/2021 Errege Dekretua.

Hamargarrena.– Erabilera-erantzukizunak.

1.– Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak bere Datu Bazkideek emandako metadatuak argitaratuko ditu, CC0 1.0 Unibertsala - Jabari Publikoari Eskaintzea lizentziaren baldintzetan.

2.– Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak bere Datu Bazkideek emandako objektu digitalak argitaratuko ditu, horiek hautatutako eskubide-adierazpenaren baldintzetan.

3.– Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuak atzematen badu emandako metadatuen edo objektu digitalen edukian Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan edo arlo horretan indarrean dagoen beste lege-xedapenen batean jasotako eskubideren bat betetzen ez dela, legez kanpoko egoerari amaiera emateko beharrezkoak diren ekintzak egingo ditu, inolako erantzukizunik onartu gabe.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskarianako Datu Bazkide izaera aitortzea agindu honen indarrez.

Euskarianako Datu Bazkide gisa aitortzen dira agindu honen II. eranskinean jasotzen diren pertsona, erakunde eta entitate guztiak, kontuan hartuta gaur egun Euskarianari metadatuak, miniaturak eta objektu digitalak ematen laguntzen dutela.

II. eranskinean zerrendatutako pertsonek, erakundeek eta entitateek edozein unetan uko egin ahal izango diote datu-bazkide izateari, agindu honen 4.5 klausulan jasotako prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Kultura Ondarearen zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarraibideak emateko, baita, hala badagokio, berau osatzen duten eranskinetako edukia aldatzeko ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 28a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala