Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2023ko urriaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4524

EBAZPENA, 2023ko irailaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Vitoria-Gasteizko (Araba) Krispiña-Gobeo HUAko Zadorra ibaiaren uholdeen aurka babesteko IV. faseko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2023ko urtarrilaren 26an, Uraren Euskal Agentziak Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean osatu zuen Krispiña-Gobeo HUAko Zadorra ibaiaren uholdeen aurka babesteko IV. faseko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera. 2023ko ekainaren 5ean, Uraren Euskal Agentziak ingurumen-dokumentuaren eranskin bat erantsi zion espedienteari. Eskaera Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren esparruan.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko martxoaren 7an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II.E eranskinean zerrendatzen diren proiektu publiko zein pribatuei. Ebazpen honen xede den proiektua II.E eranskinean jasota dago: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan».

Era berean, proiektua abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan jasota dago, hau da, I. eranskinean eta II. eranskinean sartuta ez dauden eta Natura 2000 Sareko babes-eremuei modu nabarmenean, zuzenean edo zeharka eragin diezaieketen proiektuak.

«Zadorra ibaia/Río Zadorra» ES2110010 KBEren babes-eremu periferikoan dago kokatua proiektuko zati bat.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ebazpen hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko (Araba) Krispiña-Gobeo HUAko Zadorra ibaiaren uholdeen aurkako IV. faseko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, honela:

A) Proiektuaren helburua da Zadorra ibaiaren uholdeen aurrean honako hauek babestea: Aztegietako hirigunea; Apaolazako industrialdea; Krispiña auzoan, trenbidearen iparraldean dauden etxebizitzak; eta Forondako aireportuaren hegoaldea.

B) Gasteizko Krispiña-Gobeo HUAko Zadorra ibaiaren uholdeen aurkako IV. faseko proiektua egiteko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuak hiru ibaitan aurreikusten ditu jarduketak: Zadorra ibaian, Aspes-Fagorreko poligonotik hasi eta Krispiña bizitegi-eremuaren amaieraraino, HUAtik ibaian gora; Zuatzu ibaian, Aztegieta poligonotik ibaian gora hasita, ibaian behera 400 metrora arte; eta izenik gabeko ibaian, Gasteizko aireportua zeharkatzen duen ubidearen ibaiadarrean, Landazubia inguruan.

Uholdeetatik babesteko neurriak, funtsean, lurrezko lubetak egitea eta Zuatzu erreka desestaltzea dira. Neurri horiek elkarren ondoan ez dauden hiru eremutan dute eragina.

– Forondako aireportuaren eremuko jarduketak.

Uholdeen aurkako babes bat egingo da aireportuko pistaren hegoaldeko esparrua eta azken zatia babesteko, azpiegitura kritikotzat jotzen baita, eta beharrezkoa baita haren eraginkortasuna bermatzea uholdeak daudenean.

Babesa honela proiektatzen da: 840 m luze den lubeta bat, 2,59 m-ko gehieneko garaierarekin eta 1,68 m-ko batez besteko altuerarekin. Babes hori eraikitzean, barruko zenbait bide ukituko dira, eta, beraz, horiek doitu egingo dira, sestrak egokitzeko eta eraginkortasuna mantentzeko.

Zeharkako drainatze-obra bat ere egin behar da, aireportuko instalazioetan eta balizen eremuan jasotako euri-urak husteko aukera emango duena.

– Aztegietako biztanleguneko jarduketak.

Aztegietako biztanlegunea eta Apaolazako industrialdea babesteko, 1.400 m-ko luzerako babes-lubeta bat proiektatu da, 2,48 m-ko gehieneko garaierarekin eta 1,88 m-ko batez besteko altuerarekin. Babes hori eraikitzean, zenbait bide ukituko dira, eta, hortaz, horiek doitu egingo dira, sestrak egokitzeko eta eraginkortasuna mantentzeko.

Gainera, Zuatzu erreka bideratu eta desestali egingo da. Hala, haren trazadura aldatuko da, eta ibilgua naturalizatu. Egun, Zuatzu erreka A-3302 errepidera iristen denean, itxi eta euri-uren sarean sartzen da, eta hodien barrutik joaten da Zadorra ibaira isuri arte. Aire zabalean egongo den errekaren ibilgu berria 333 metro luze da, eta Zadorra ibaitik berreskuratutako meandroaren adarrean ibairatuko da, erabiltzen ez den merkataritza-gunearen hegoaldean.

Zuatzu errekak sekzio trapezoidala izango du, metro bateko altuera eta 1:1eko ezpondak dituen harri-lubeta irekian egindako ur baxuko ibilguarekin. Lehen metro horretatik gora, 50 zentimetroko edo gehiagoko zabalera duten bermak jarriko dira, eta barnealderanzko maldak, gutxienez % 1ekoak. Lur naturalera bitarteko ezpondak 3H:2V-koak izango dira. Ezponden altuera, gehienez, 1,5 m-koa da, altuera hori gaindi daitekeen kasuetan bigarren berma bat egingo baita.

Ubideratzea lubetaren ondoan egiten den puntuetan, gutxienez 0,5 m-ko tartea utziko da.

Ibilgu berriaren bokalean, Zadorra ibaiaren meandroaren adarrean, 20 metroko luzerako trantsizio-tarte bat diseinatu da; izan ere, meandroaren adarraren hasierako sekzio trapezoidalak 4 metroko oinarria eta 1H:2,5V-ko ezpondak ditu.

Ibilgu berria landareztatuko da. Horretarako, lurrak erein eta landaketak egingo dira, ezpondetan zein bermetan.

Beharrezkoa izango da zeharkako drainatze-obra bat egitea Zuatzu errekako uren bideratzeari jarraipena emateko dauden bideekin eta beste hiri-elementu batzuekin gurutzatzean, hala nola bidegorriarekin, espaloiarekin eta horiek errepidearekin banatzen dituen parterrearekin. 38 metro luzeko hormigoi armatuzko marko prefabrikatua da.

Deskribatutako jarduketekin, saihestu egiten da Zuatzu errekaren ekarpena euri-uren sarera isurtzea. Bestalde, Zadorra ibaian dagoen eta bi uhate dituen euri-uren kolektorearen egungo irteeraren ordez, hormigoi armatuzko bokale bat jarriko da, ahate-moko formako atzera ezineko balbulekin. Horrela, ziurtatzen da ur-goraldia ezingo dela kolektoreetatik jendea bizi den eremura kontrako noranzkoan igo, eta estoldetatik atera.

Gainera, euri-urak biltzeko hormigoi armatuzko 4x4 metroko kutxatila bat eraikiko da, 4,10 metroko altuerakoa, babestutako zatian, luzetarako babeskiaren oinean. Egitura hori bi ganberak osatzen dute, zeinak bi norabideko uhateek bereizita baitaude. Horrela, iraupen luzeko euriteak egiten baditu, uhateak itxi eta ganberak isolatu daitezke. Bildutako urak urpean dagoen aldera aterako dira, eta, hala, hirigunea babesten lagunduko da.

– Krispiña biztanleguneko jarduketak.

Krispiñan, trenbidearen iparraldean dauden etxebizitzak babesteko lubeta bat eraikitzea aurreikusi da. Lubetak 333 m-ko luzera izango du, 1,31 m-ko gehieneko garaiera eta 0,82 m-ko batez besteko altuera.

Lubetak meandrora bideratutako eta irteerarik gabeko oinezkoentzako bide bati eragiten dio. Lubeta eraikitzearen ondorioz, bidea egokitu egingo da sestra egokitzeko eta egungo sarbidea mantentzeko.

– Jarduera-esparruetan egin beharreko lubeten tipologia.

Oinarri duten substratuaren eta bideak gurutzatzen diren lekuekin bat datozen ala ez kontuan hartuta, lau motatako lubeta-sekzio zehazten dira, proiektuan IA, IIA, IB eta IIC deritzenak.

I. eta II. zenbakiek adierazten dute lubeta buztinen gainean edo betegarri antropikoen gainean egingo dela, hurrenez hurren. Bi moten arteko aldea lubeten barne-nukleoan dago; izan ere, betegarri antropikoen gainean egiten direnean, sakonago jo behar da buztin paketea aurkitzen den arte.

A, B eta C sailkapena ibilgailuen joan-etorririk gabeko sekzioei dagokie, nekazaritzako lurrekin gurutzatzean eta ibilgailuentzako bideekin gurutzatzen direnean, hurrenez hurren. Beraz, bertan egiten dien lubeten akabera bestelakoa izango da.

Lubeta sortu aurretik, lubetaren berme-oinarria induskatu behar da; beharrezkotzat jotzen da behar besteko sakonerako saneamendua egitea, litekeena baita aldatuta eta materia organikoaren hondarrekin egotea. Saneamendu-ezpondak 1:1 izango dira.

Lubetak honakoez osatuta egoten dira beti:

– Nukleo iragazgaitz buztintsua, bi aldeetara 2H:3V-ko ezpondak dituena, eta gutxienez 3 metroko zabalerako gainaldea duena. Nukleoaren gailurraren altuera 100 urteko errepikatze-denboran izatea espero den ur-altuerari dagokio. Oinarriko zabalera aldakorra da; proiektuaren zeharkako sekzioen arabera, 7 eta 12 m artean dabil.

– Kutsaduraren aurkako geotestila, nukleo iragazgaitza proiektatzen den inguru osoan kokatua.

– Kokotea, zagorrezkoa, lubetari egonkortasun hobea emateko, gutxienez 40 zentimetroko zabalerako erpina duena. Bi aldeetako ezpondak 3H:2V-koak dira.

A motako sekzioetan, ibilgailurik igarotzen ez den horietan, 25 cm-ko lodierako landare-lurrezko geruza bat jartzen da lubetaren akabera emateko. Horri esker, hidroereitea egin daiteke eta sustrai ez oso sakoneko zuhaixkak landatu daitezke. Akabera hori ezponden zein lubetaren gainean egingo da. Ibaiaren ur-goraldien eraginpeko ezpondan harri-lubeta bat jarriko da, oinean, eta hiru dimentsioko sare bat, ezponda babesteko.

(Ikus .PDF)

B motako sekzioek, haren gainetik esklusiboki nekazaritzako ibilgailuak igarotzeko proiektatuta daudenek, gutxienez 30 cm-ko lodierako akabera izango dute, eta zabor-legar artifiziala gainaldean.

C motako sekziorako, bide-zolen sorta bat gehitu behar da, ibilgailuak bertatik igaro daitezen.

(Ikus .PDF)

– Ukitutako azalerak.

Proiektu teknikoaren datuen arabera, proiektua gauzatzeak honako azalera hauek ukituko ditu:

– Behin betiko desjabetzea: 33.497 m2.

– Aldi baterako okupazioa: 10.622 m2.

Aldi baterako okupazioaren mugak bat datoz ukitutako zerbitzuak berriz jartzeko beharrarekin, materiala pilatzeko eremuengatik eta obrek irauten duten bitartean makineria-parkea jarri behar izanagatik.

– Lur-mugimenduak.

Lur-mugimenduen laburpena honako hau da:

– Lurren indusketa: 32.727 m3.

– Landare-lurren indusketa: 9.627 m3.

– Betelanak: 58.179 m3.

– Obrako indusketa-materialekin eginiko betelana: 7.604 m3.

– Harri-lubetarako materiala: 14.884 t.

– Soberakinak, guztira: 25.123 m3.

– Obra egiteko behar den denbora zenbatetsia.

Lanek 20 hilabete iraungo dute guztira, eta hiru fasetan banatuko dira.

2.– Proiektuaren kokapena.

Proiektuaren eremua Gasteizko udal-mugartean dago, Arabako Lautadan, Araba erdialdeko eremu funtzionalean. Proiektatutako jarduketak Aztegieta eta Krispiña kontzejuen inguruan egingo dira, ES091_ZAD-01_UAHE (Vitoria-Gasteiz) Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) barruan.

Azterketaren eremua Salburuko hezeguneak eta kuaternarioa GILaren ekintza-eremuaren barruan dago; zehazki, hiru lubeten trazadura sailkapen horren eremuaren barruan dago.

Obraren zati bat «Zadorra ibaia/Río Zadorra» ES2110010 KBEaren babes-eremu periferikoan kokatzen da. Hura martxoaren 17ko 35/2015 Dekretuaren bidez izendatu zen, Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzekoan.

KBE honetan natura-balio handiak biltzen dira, hala nola:

– Zadorra ibaia interes bereziko eremua da honako hauentzat: bisoi europarra (Mustela lutreola) 1, igaraba (Lutra lutra) 2, uhalde enara (Riparia riparia) 3 eta iparraldeko katxoa (Squalius pyrenaicus) 4.

1 322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola Bisoi Europarra Kudeatzeko Plana onartzen duena. ALHAO, 2003-12-05.

2 880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako lurralde historikoan igaraba arruntaren (Lutra lutra) (Linnaeus, 1758) kudeaketa plana onartzekoa. ALHAO, 2004-11-24.

322/2000 Foru Dekretua, martxoaren 7ko Diputatuen Kontseiluarena, uhalde enara (Riparia riparia) hegaztia Kudeatzeko Plana onesten duena, arriskuan dagoen espeziea delako eta bere babesak berariazko neurriak eskatzen dituelako. ALHAO, 2000-03-27.

4339/07 Foru Agindua, apirilaren 18koa, galzorian dagoen eta babes-neurri bereziak eskatzen dituen iparraldeko katxoaren (Squalius pyrenaicus) kudeaketa plana onartzen duena. ALHAO, 2007-05-14, 2007-05-25.

– Zadorra ibaia EAEko Korridore Ekologikoen Sarean dago, lotura garrantzitsuko ibai-tarte gisa, eta haren ibaiertzak leheneratze ekologikorako eremu gisa zehazten dira.

– Zadorrako erriberetan eta inguruko beste ibilgu batzuetan lehentasunezko Batasunaren Intereseko Habitat (BIH) hau dago: EU 91E0* kodea duen Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieak dituzten baso alubialak, bai eta Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskineko beste BIH mota batzuk ere: 92A0 Salix alba eta Populus alba galeria-basoak eta 6210 Brachypodium pinnatum duten larre mesofiloak.

Inguruneari lotutako beste alderdi esanguratsu batzuk honako hauek dira:

– Proiektua, zati batean, Babestutako Eremuen Erregistroko «ES21_2 Gasteizko lurpeko ur-masaren Mendebaldeko Sektorea»n dago, arriskuko eremu batean, nitratoek kutsa dezaketelako.

– Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak balio estrategiko handiko lurzoru gisa kategorizatutako lurren presentzia.

– Jarduketen eremua bat dator interes hidrogeologikoko kokaleku batekin.

– Kultura-ondareko zenbait elementu bertatik hurbil daude.

– Akuiferoek kutsatzeko arrisku altua edo oso altua dute.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira, eta lurzoruaren okupazioarekin eta landare-estalkia kentzearekin lotuta daude, bai eta lubetak egiteko behar diren lur-mugimenduekin ere, lurraren morfologian aldaketak eragingo baitituzte.

Lubeten berme-basea induskatzeko fasean, beharrezkoa da lurzorua saneatzea, azaleko lurrazala ezabatzeko. Horren ondorioz, 25.123 m3-ko soberakina sortzen da induskatutako materialekin, eta horiek behar bezala kudeatu beharko dira.

Proiektuak ukitutako landaredia, ingurumen-dokumentuaren arabera, honako hau da:

(Ikus .PDF)

Obrak egingo diren gainerako gainazalak eremu artifizializatuak dira (bideak, hiriguneak eta aireportuko instalazioak).

Proiektuak ez die eragiten Batasunaren intereseko habitatei, ez eta baso autoktonoen formazioei edo flora babestuaren populazio ezagunei ere.

«Zadorra ibaia/Río Zadorra» ES2110010 KBEren babes-eremu periferikoan dago kokatua Krispiñan proiektatutako lubeta. Ingurumen-dokumentuan, Natura 2000 Sarean izango dituen eraginen txosten bat jasotzen da. Txosten horretan ondorioztatzen denez, ez da zuzeneko eraginik sortuko babestutako eremu horretan; izan ere, lubeta lehendik dagoen errepidearen ondoan egingo da, ibaiaren ibilgutik nahiko urrun, eta, ondorioz, Zadorraren ibai-dinamikaren gaineko eragina ez da ia hauteman ere egingo. Ibilgutik hurbilen dagoen eremua lubetaren mendebaldeko muturra da, eta ibaiertzetik 30 metrora dago.

Lubeta zelaiak eta zuhaitzak dauden eremu batetik igarotzen da, hots, hiri-parke batetik, eta ez die eragiten Batasunaren intereseko habitatei. Haatik, espezie autoktono askori eragiten die, eta, beraz, ingurumen-dokumentuan berriz landatzea aurreikusten da, ahal den neurrian.

Obrek dirauten artean, efektu negatiboak eragin daitezke, batez ere, azaleko uren kalitateari eragiteko arriskuagatik, lan-eremutik datozen jariatzeengatik, eta fauna-habitataren kalitatea aldatzeagatik, makinen, langileen, zarataren, hautsaren eta atmosferako beste kutsatzaile batzuen presentziak eragindako eragozpenengatik. Hori dela eta, ingurumen-dokumentuak prebentzio-neurri batzuk ezartzen ditu, inpaktu horiek saihestu edo minimizatzeko.

Ingurumen-dokumentuak ondorioztatzen duenez, proiektuak ez die modu ez hautemangarrian ez nabarmenean eragingo Natura 2000 Sareko espazio horri, eta ez dio Natura 2000 Sarearen osotasunari eta koherentziari ere eragingo.

Aztegietako lubetak Nekazaritza eta Basogintzaren LPSak balio estrategiko handiko lurzoru gisa sailkatutako 8.846 m2 okupatzen ditu. Afekzio hori bi lurzatitan gertatzen da: ID 46578 lurzatiaren afekzioak % 3,21 hartzen du soilik, partzela oso zabala baita (250.577 m2); ID 47560 lurzatia, berriz, askoz txikiagoa da (2.334 m2), eta bere azaleraren % 30 baino gehiago ukitzen du. Horrek arriskuan jar dezake ustiategiaren bideragarritasuna.

Ustiapen-fasean, lubetek babestu gabeko eremuan uholde-lamina handiagoa izan dadin lagunduko dute. Goraldiaren maila ez da esanguratsua izango, azalera oso zabaletan banatzen baita, eta, beraz, ez da aurreikusten eragin nabarmenik izango denik ibilguaren hidrodinamikan eta uholde-lautadan. Hori dela eta, ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du proiektua gauzatzeak egungo arriskuak larriagotuko dituenik.

Lubetek eragin ditzaketen altxatzeek ez dute luzatuko, segur aski, ibaiertzetako uholde-aldia eta ez dute handituko horren eragin-eremua, eta, beraz, ez dira arriskutsuak ibaiertzeko landarediarentzat.

Lubetek paisaiari eragingo diote, eremuaren topografia aldatuko baitute. Aurreikusitako landareztatze-jarduketekin minimizatu egingo da eragin hori.

Zuatzu errekaren ibilgua desestaltzea eta naturalizatzea eragin positibotzat jotzen da; izan ere, lotura-ibai gisa duen funtzioa berreskuratuko du, zeina egun etenda baitago 200 metrotik gorako lurpeko tarte batekin.

Berreskuratutako meandroaren adarrarekin eginiko loturak ura ekarriko dio Zadorrako meandro abandonatuaren adarrari. Zuatzu erreka Apaolaza poligonoaren parean hasten da, ubide berriaren hasierako puntutik 483 m ibaian gora. Haren emaria inguruko lurzatietako jariatze-urek osatzen dute. Gainera, Zadorra ibaiaren uholdeen hustubide gisa ere balio du, aldameneko lurrak urez betetzen diren kasuetarako. Zuatzu errekara isurtzen den jariatze-azalera 0,2 km2-koa da.

Zuatzu errekak meandroari emari gutxi ematen diola eta fluxua mantso doala kontuan hartuta, ez da uste Zuatzu errekaren loturak aldaketa drastikorik eragin diezaiokeenik meandroaren zati horren funtzionamendu hidraulikoari, ez eta ekosisteman aldaketa nabarmenik eragingo duenik ere esku-hartu ondoren. Dena den, bi urtez aztertuko dira jarduerak ibai-sisteman bertan dituen ondorioak eta KBEko funtsezko espezieak.

Zuatzu errekaren lurrazaleko ubideratze berria egiteak solido esekien arrasteak sortu ahal izango ditu. Eragin hori minimizatzeko, ubideko obra lehorrean egingo da. Behin eginda dagoenean, lehendik zegoen ibilguarekin lotuko da.

Lurzati hori ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioren bat izan duten edo oraindik duten lurzoruen inbentarioan. Haatik, indusketa egiten denean lurzorua kutsatuta dagoela sumatzen bada, berehala jakinaraziko zaie Gasteizko Udalari eta autonomia-erkidegoko ingurumen-organoari.

Gainera, uren kalitatearen jarraipena egiteko kontrolak aurreikusten dira, bai obren fasean, bai obrak amaitu ostean, bi urtez, meandroaren adarrarekin lotzen den puntuan.

Zadorrako ibilbide berdeei eta Sare Berdeko bide berdeari puntu batean baino gehiagotan eragitea aurreikusten da.

Ez da kultur ondarearen gaineko eraginik aurreikusten.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Gasteizko (Araba) Krispiña-Gobeo HUAko Zadorra ibaiaren uholdeen aurka babesteko IV. faseko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Uraren Euskal Agentziak Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Honako apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

1.1.– Lanen ingurumen-jarraipen egokia egiteko, gutxienez bi aste lehenago jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuari lanekin hasiko dela.

1.2.– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Istripuzko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak aplikatuko dira. Aurrez, txostena egingo du txosten honetako 10. apartatuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

1.3.– Obra-eremuetara sartzeko, ahal den neurrian, lehendik dauden bide eta pistak erabiliko dira, obrako makineriara iristeko aldaketarik behar ez dutenak.

1.4.– Zuatzu errekaren ibilgu berria lehorrean egingo da, lurpeko errekak funtzionatzen jarraitzen duen bitartean. Ondoren, aldaxken bidez landareztatuko da; ibaiertzeko berezko zuhaixka- eta zuhaitz-espezieak landatuko dira.

1.5.– Faunari dagokionez, batez ere espezie hauek uki ditzake jarduketak: bisoi europarra, baso-igel jauzkaria, apoarmatu korrontezalea eta uhalde enara. Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Ingurumen Jasangarritasunerako Zerbitzuak elkarrekin egindako txostenaren arabera, Zadorra ibaiaren meandroaren adarreko biodibertsitatearen eta KBEaren beraren gaineko jarduketak eragindako ondorioak aztertuko dira modu jarraituan eta bi urtez. Komenigarritzat jotzen da azterketa obrak egiten hasi aurretik hastea. Bere helburua izango da aztertzea ibai-sistemaren beraren gainean eta KBEren funtsezko espezieen gainean izandako eraginak. Azterketak, gutxienez, honako hauek jaso behar dituela uste da:

– Meandroko eta Zadorra ibaiko uren kalitatea kontrolatzeko lana. Horretarako, aldian-aldian uren laginak hartu eta analisiak egingo dira; gutxienez hamabost egunean behin egin beharko dira. Lanak egin bitartean eta erreka planteatutako eremura bideratu ondoren, kontrolatu egin beharko dira lur-mugimenduen higaduratik datozen elementuak. Analisietan, gutxienez, taulako parametroen erregistroa agertu beharko da, eta Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzura bidaliko dira aldian-aldian.

(Ikus .PDF)

– Zadorra ibaia KBEko funtsezko elementuen artean obrako lanek bereziki uki ditzaketenen azterketa eta jarraipena, hau da: bisoi europarra, baso-igel jauzkaria, apoarmatu korrontezalea eta uhalde enara. Jarraipena aipatutako espezie bakoitzari eta bakoitzaren presentzia-garaiari egokitu beharko zaio, eta Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin adostu beharko dira laginketa-metodologiak eta -datak, bai eta emaitzen txostena entregatzea ere.

– Obrak hasi aurretik, Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuari programa xehe bat emango zaio, eta hartan jasoko dira egingo diren jarraipen-jarduketak, kontrol-puntuak, aztertu beharreko parametroak, maiztasunak eta abar. Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirian txertatuta geratu beharko da, eta beteko dela bermatuko duen aurrekontua izango du.

1.6.– Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Ingurumen Jasangarritasunerako Zerbitzuak elkarrekin egindako txostenaren arabera, obrekin hasi aurretik, lurzoruen osaerari buruzko aurretiazko laginketak eta analisiak egingo dira Zuatzu erreka bideratuko dela aurreikusten den eremuan, hots, lehen Eroski zegoen aparkalekuan, eta neurriak aplikatuko dira, hala badagokio, meandroa kutsa dadin saihesteko.

1.7.– Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak eta Ingurumen Jasangarritasun Zerbitzuak elkarrekin egindako txostenaren arabera, leheneratze- edo hesitze-neurriak aplikatuko dira parking urbanizatuan (lehengo Eroski) kokatutako isurketak eta zaborrak arrastatzeak izan dezakeen eragina saihesteko. Aparkaleku hori iragazgaitza da eta oso degradatuta dago. Hori dela eta, isurketak Zuatzuko ubidera arrastatu ditzake, eta, beraz, Zadorrako meandrora ere bai, zaku-hondo gisa geratuko litzateke bertan.

1.8.– Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren eta Ingurumen Jasangarritasunerako Zerbitzuaren baterako txostenaren arabera, bai laginketen bai aipatutako azterlanen emaitzetan oinarrituta, ukituta gerta daitezkeen espezieen baldintzak hobetzeko neurriak edo zuzenketa-neurriak aplikatu ahal izango dira.

1.9.– Obrek ukitutako eremuetan espezie exotiko inbaditzaileak agertzen badira, bai eta berme-aldian ere (obra amaitu ondorengo 2 urteetan), Arabako Foru Aldundiaren Natura Ondarearen Zerbitzuari jakinaraziko zaio, kasuan-kasuan egokienak diren ekintzak ezar daitezen.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

2.1.– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

2.2.– Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera (instalazio lagungarrien eremuak) isolatu egingo da drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

2.3.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa eduki beharko da, berehala erabili ahal izateko istripuz isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

2.4.– Hormigoi-esnea inola ere ezingo da isuri ibilgura. Hormigoi-hondakinak kudeatzean, txosten honen 10. apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legean ezarritakoa bete beharko da (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa).

4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

4.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko dira.

4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak eusteko sistema bati konektatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean. Garraio-ibilgailuek eta obretako makinek ez dute lokatzez zikinduko jarduera-eremuetatik bide publikoetara bitarteko tartea. Txosten honetako 11. apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.

5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

5.1.– Lanek dirauten bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean eta abar ere.

5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

5.3.– Zarata-fokuek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen dituen muga-balioak bete beharko dituzte.

6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

6.1.– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinen kudeaketa Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.

6.2.– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

6.3.– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

6.4.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek independenteak izan beharko dute, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

6.5.– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

6.6.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahaste horiek ekiditeko.

6.7.– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

6.8.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

6.9.– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

6.10.– Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

6.11.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, langileek behar bezala erabiltzea hondakinak. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

7.1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

8.– Paisaia babesteko eta ukitutako lekuak leheneratzeko neurriak.

8.1.– Obrak ukitutako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-dokumentuan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurunea leheneratzeko lanek honako hauek hartuko dituzte barnean: urbanizatu gabeko lekuetan, landare-estalki bati euts diezaioketen eremuak landareztatzea; eta, hiriguneetan, lorategiko elementuak berriro jartzea.

8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kendu eta bereizita pilatuko da, obrek ukitutako inguruen leheneratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

8.3.– Ibaiertzak leheneratzeko, proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentuei jarraituko zaie. Ibilguaren ertzak leheneratzeko prozesuan, baldin eta aukeratzen den konponbideak bide ematen badu, landaredia (zuhaixkak zein zuhaitzak) egokiro hazteko moduan finkatuko da, beharrezkoa da eta ibaiaren funtzio ekologikoari eusteko.

8.4.– Leheneratze edafikoko lanek dirauten artean, landare aloktonoak ugaltzea galarazteko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatutako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik. Era berean, eta ahal den guztietan, espezie inbaditzaile horiek errotik kenduko dira jarduketa-guneetatik.

8.5.– Obra amaitu ondoko bi urteetan, leheneratzea bermatzeko, hala behar izanez gero, mantentze-lanak egin beharko dira: lurrak urratu, ongarritu, ureztatu eta berritu.

9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak eragindako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen 6. apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen artean, ingurumen gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obra-zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute. Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla eta zarata sortzea, hondakinen kudeaketa eta natura- eta kultura-ondarea babestea.

– Ingurumen-jarraipena.

Ingurumen-jarraipena egiteko, aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da; horrez gain, honako kontrol hauek egin beharko dira:

– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Proiektua exekutatzean aldaketak egin badira, xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketa horiek. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da lanerako okupatutako eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, eta ez dela aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu.

– Leheneratzearen arrakastaren kontrola.

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo da, ikusteko zenbateraino lortu den proiektuak eragindako eremuak lehengoratzea.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Gasteizko (Araba) Krispiña-Gobeo HUAko Zadorra ibaiaren uholdeen aurka babesteko IV. faseko proiektuari –Uraren Euskal Agentziak sustatutakoa berau– ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 8a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala