Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2023ko urriaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
4502

EBAZPENA, 2023ko irailaren 20koa, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, zeinaren bidez onesten eta argitaratzen baita Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Betearazpen Eskalako komisariondoko kategoriako zenbait lanpostu merezimendu-lehiaketa bidez (C280) hornitzeko deialdia.

Ertzaintzaren egitura eta gaur egun indarrean dauden lanpostuen zerrenda ikusita, eta dauden langile-beharrak kontuan hartuta, deialdia egiten da Betearazpen Eskalako komisariondoko kategoriako zenbait lanpostu hornitzeko, Ertzaintzaren egituran hutsik daudenak eta aurrekontuz zuzkituak; haiek hornitzeko sistema merezimendu-lehiaketa da.

Eskainitako plazak adjudikatzeko, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Aginduan (abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.) ezarritako merezimendu-baremoa aplikatuko da, eta kontuan hartuko da, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuaren 12.5 artikuluan aurreikusitakoa, zeinak xedatzen baitu polizia-zerbitzuko diploma ez dela hartuko merezimendutzat lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak 9.2.b) artikuluan ematen dizkion eskumenak erabiliz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 125. artikuluan aurreikusitako negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuekin 2023ko uztailaren 11ko bilkuran landu ondoren,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ertzaintzaren Betearazpen Eskalako komisariondoko kategoriako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden eta merezimendu-lehiaketa bidez hornitzeko diren lanpostuak behin betiko hornitzeko deialdia onestea eta publiko egitea, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– Bigarren eranskinean daude zerrendatuta deialdi honen xede diren lanpostuak eta zuzkidura-kopurua, zeinak merezimendu-lehiaketa bidez hornitzen baitira. Hain zuzen ere, hutsik dauden lanpostuak eta adjudikazioen ondoren hutsik geratzen direnak ditu xede, indarrean dagoen lanpostuen zerrendan aurreikusitako lanpostuen arabera. Lanpostu horiek Segurgunea atarian kontsulta daitezke.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo apartatuan eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren kalterik gabe, baina onesten diren zerrenden eranskinak Segurgunea atarian bakarrik kontsultatu ahal izango dituzte interesdunek.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da behin betiko atxikipenak erabakitzen dituen ebazpena.

Laugarrena.– 1.– Hautaketa-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira.

2.– Datu pertsonalak xedapen hauek ezartzen dutenaren arabera tratatuko dira: datu pertsonalak babesteari buruzko uneko araudia, 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa.

3.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasuneko Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsitako II. eranskinean (Segurtasun Neurriak) aurreikusitakoekin.

Bosgarrena.– Aurreikusi gabeko guztian, aplikatzekoa izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, honen eta beronen oinarrien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 20a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

MIREN GOITIA GABIOLA.

1. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozeduran (C280) parte hartzeko betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko lanpostu-zerrendan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte, eta jardunean, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian badaude. Lege horren 92 artikuluan aurreikusitako moduan jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek ere parte har dezakete.

2.– Era berean, honako hauek ere parte har dezakete, eta deialdi honetan aurreikusitako prozeduren bidez jarduneko zerbitzura itzuli: nahitaezko eszedentzian daudenak edo beste administrazio publiko batzuetan zerbitzua ematen ari direnak; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz birgaituta daudenak, eta sei hilabete baino gehiagorako etenda daudenak; eta borondatezko eszedentzian dauden gainerako guztiak, betiere halako egoeretarako ezarritako denbora bete badute.

3.– Ertzaintzako karrerako funtzionario hauek parte hartu beharko dute deialdi honetan, eta merezimendu-lehiaketa bidez hornitzekoak diren lanpostu huts guztiak eskatu, baldin eta bete baditzakete lanpostu horiek erreserbatutako kategoriaren arabera.

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 98. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-erregelamendua onesten duen 315/1994 Dekretuaren 54.2 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako eta/edo emandako espezialitate-ikastaroa gainditu duten eta eskainitako lanpostuak betetzeko eskatu zaien Ertzaintzako karrerako funtzionarioak, espezialitate horretan gutxieneko aldia bete ez dutenak eta ez daudenak behin betiko atxikita ikastaro hori espezialitate-betekizuntzat ezarrita daukan lanpostu batera.

Betebehar hori betetzen ez dutenak espezialitate jakina duten lanpostu hutsei atxiki ahal izango zaizkie behin betiko, nahitaez, inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik gabe.

Funtzionario batek espezialitate bat baino gehiago baditu, ulertuko da lortutako azken espezialitateari dagokiola aurreko apartatuan ezarritako betebeharra.

Lanpostuan gutxienez egin beharreko aldi hori betetzearen ondorioetarako, kontuan hartuko dira dagokion espezialitateko lanpostuetan zeinahi atxikipen-araubidetan lanean eman diren aldiak, betiere funtzionarioak espezialitate hori egiaztatu duenetik aurrera, Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 10. artikuluarekin eta xedapen iragankorrarekin bat etorriz.

b) Lanpostu bati aldi baterako atxikita dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioak. Betebehar hori betetzen ez dutenak lanpostu hutsei atxikiko zaizkie behin betiko, nahitaez, inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik gabe.

4.– Honako hauek ezingo dute deialdi honetan parte hartu:

a) Eginkizun-gabetze irmoko administrazio-egoeran daudenak, egoera horretan dauden bitartean, hutsegite astuna edo oso astuna egiteagatik.

b) Lekualdaketarekin zehatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 140. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Norberaren intereserako borondatezko eszedentzian egonik, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen gutxieneko denboran egoera horretan egon ez direnak.

d) Lanpostu jakin bati atxikita dauden langileak, ez badira igaro bi urte behin betiko azken destinoa lortu duten merezimendu-lehiaketarako deialdiaren ebazpena eman zenetik.

Muga hori ez zaie aplikatuko deialdi honen aurreko bi urteetan merezimendu-lehiaketa bidez lortutako destinoaz jabetu arren gaur egun aldi baterako atxikita daudenei, non eta atxikipen-mota hori organo eskudunak onartutako lanpostuari uko egitearen ondorioa ez den.

e) Lanerako gutxieneko iraupena duen lanpostu batera behin betiko atxikita daudenak, betiere ez bada igaro gutxieneko aldi hori, honako salbuespen hauekin: organo eskudunak onartutako lanpostuari uko egitea, lotura eta arrazoi bereko beste lanpostu bat eskuratu nahi izatea, edo, barne-sustapenaren bidez, lanpostu hori uztea eragiten duen beste kategoria batera iristea –azken kasu horretan, salbuespen izango da sartu berri den kategoria horretan lotura eta arrazoi bereko lanpostu hutsak izatea–.

Lanpostuan gutxienez egin beharreko aldi hori betetzearen ondorioetarako, kontuan hartuko dira dagokion espezialitateko lanpostuetan zeinahi atxikipen-araubidetan lanean eman diren aldiak, betiere funtzionarioak espezialitate hori egiaztatu duenetik aurrera, Ertzaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 4ko 57/2023 Dekretuaren 10. artikuluarekin eta xedapen iragankorrarekin bat etorriz.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 104.2 artikuluan xedatutakoaren arabera lehentasunezko eskubidea aitortua duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan eta behin bakarrik erabiliko dute eskubide hori, herri berean dauden kategoria bereko lanpostu hutsei dagokienez. Lehiaketako merezimenduen balorazioan lortzen den puntuazioaren arabera ezarriko da lehentasunezko eskubidea baliatzeko hurrenkera.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Hautaketa-prozedura horretan parte hartu nahi dutenek hamabost egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea bide telematikoz aurkeztu behar da, Segurgunea atariaren bitartez: https://segurgune.euskadi.eus.

Segurgunea atarian identifikatzeko, bi bide daude: txartel profesionaleko IZPari lotutako ziurtagiri digitala erabiltzea, Interneteko konexioa eta ziurtagiri digitalen txartel-irakurgailua dituen ekipo batekin, edo erabiltzaile-izena eta pasahitza erabiltzea, posta korporatibo pertsonalean OWA posta elektronikoko aplikazioaren bidez jasoko den identifikazio-kodearekin batera.

Prozedura honetan eskabideak, erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko aplikazioaren erabiltzaile-eskuliburua eskuragarri egongo da langileen atarian eta polizia-zentroetako giza baliabideen bulegoetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

4.– Eskabidea aldatzeko edo prozeduran parte hartzeari uko egiteko, Segurgunea atariaren bidez egin beharko dira izapideak, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Bigarren eskabiderik edo aurreragokorik eginez gero, epearen barruan egindako azkena bakarrik izango da baliozkoa; aurreko guztiak baliogabetuta geldituko dira, eta epe hori bukatuta aurkezten direnak ondoriorik gabe. Halaber, eskabideak aurkezteko epearen barruan atzera egiteak ondoriorik gabe uzten ditu egindako eskabideak.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta merezimenduak balioesteko erreferentzia-data.

6.– Parte hartzeko betekizunak betetzen direla ofizioz egiaztatuko da, eta merezimendu orokorrak ere ofizioz baloratuko dira, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen langileen datu-baseetako datuen arabera.

7.– Langilearen atarian espediente pertsonalari buruzko informazioa dago eskuragarri (titulazioak, prestakuntza, hizkuntza-eskakizunak, etab.); izangaiek akatsak edo omisioak aurkitzen badituzte, eskabideak aurkezteko epearen barruan zuzendu ahal izango dituzte, jakinarazpen baten bidez. Jakinarazpen horri egiaztagirien kopia erantsiko zaio, eta postontzi honetara bidali: provisiondepuestos@seg.euskadi.eus.

Epe berean eta modu berean alegatu ahal izango da betekizunak eta merezimenduak betetzen direla.

Prozedura honetan ez da kontuan hartuko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren aurkeztutako zuzenketa-eskaerarik eta/edo -dokumentaziorik. Hala ere, akatsak zuzendu ahal izango dira, prozedura izapidetzean horretarako ezartzen diren epeetan.

8.– Organo eskudunak egiaztatuko ditu alegatutako betekizunak eta merezimenduak; kasuaren arabera, kontsultak eginez bere erregistroetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako erregistroetan, administrazio publikoetako datuen bitartekotza-plataforman edo ziurtagiria eman duen erakundean.

Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailearen aurkakotza arrazoitu bat jaso bada eta hura aintzat hartzen badu tratamendu-jardueraz arduratzen den organoak. Aurkakotza arrazoitua adierazten bada, harekin batera aurkeztu beharko dira, nahitaez, kontsultatzeari aurka egiten zaion jatorrizko agiriak.

Hirugarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozeduraren eta zerbitzu-eginkizunen balorazioa.

1.– Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak esleitzeko prozedura merezimendu orokorren balorazioa izango da.

Merezimendu orokorrak balioesteko, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Aginduan (2022ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.) ezarritako merezimendu-baremoa aplikatuko da –hain justu, 8.1 artikuluko d) eta e) apartatuetan jasotakoarekin bat, polizia-zerbitzuaren diplomak balioesteari dagokionez–, eta orobat aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren esparruan polizia-merezimenduagatiko dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak emateko araubideari buruzko abenduaren 7ko 146/2022 Dekretuaren 12.5 artikuluan aurreikusitakoa (urtarrilaren 5eko EHAA, 4. zk.), zeinak xedatzen baitu polizia-zerbitzuko diploma ez dela hartuko merezimendutzat lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan.

2.– Lehiaketaren balorazioan puntuaziorik handiena lortzeak aurrentasuna emango du lehentasunezko eskubidea baliatzean, onartuen zerrendaren arabera hala aitortua duten izangaientzat.

Laugarrena.– Prozedura adjudikatzeko faseak.

1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko adjudikazioa hurrenez hurreneko eta preklusiozko faseetan egingo da, ordena honetan:

1.1.– Lehenbizi, lanpostuak behin betiko adjudikatuko dira, egindako eskabideen arabera. Lehenengo azpifasean, deialdian onartuen zerrenda onesten duen ebazpenean lehentasunez adjudikatzeko eskubidea aitortu zaienek bakarrik hartuko dute parte. Eta bigarren azpifasean, berriz, gainerako izangaiek hartuko dute parte.

1.2.– Horren ondoren, adjudikatu gabeko lanpostuak behin betiko eta nahitaezko moduan adjudikatuko zaizkie behin-behineko adskripzioan inolako lanposturik adjudikatu ez zaien Ertzaintzako karrerako funtzionarioei, lanpostuen zerrendan adierazitako hurrenkerari jarraituz, eta adjudikazio horrek ez du inolako kontzeptutan kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

1.3.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungia duten zuzkidurak hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten interesdunei adjudikatuko zaizkie behin betiko moduan.

2.– Fase batean behin betiko adjudikatutako lanpostuak ez dira hurrengo fasean hornituko. Horrela, fase batean lanpostu baten adjudikaziodun direnek ezin izango diote adjudikatutako lanpostuari uko egin, ez eta deialdiko lanpostuak behin betiko adjudikatzeko prozesuan jarraitu ere; beraz, ulertuko da uko egiten dietela, nahitaez, hurrengo fasean berak adjudikaziodun gerta litezkeen lanpostuetarako egindako eskaerei.

Bosgarrena.– Merezimendu-lehiaketako balorazio-batzordea.

1.– Merezimendu-lehiaketa balioesteko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde horren osaeran, kontuan hartuko dira, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 15. artikuluak dioena, bigarrenik, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean administrazioaren kide anitzeko organoei buruz jasotakoa, eta, hirugarrenik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa. Orobat, betetzekoak izango dira inpartzialtasun- eta espezialitate-printzipioak ere.

2.– Balorazio-batzordeak baloratuko ditu prozedura honetako merezimendu orokorrak, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Prozedura objektiboa dela ziurtatzeko ardura dutenez gero, bermatu behar dute deialdiaren oinarriak betetzen direla, eta, gainera, behar diren erabakiak hartu behar dituzte arauetan hutsunerik bada haiei aurre egiteko, eta haiek aplikatzean nabari azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.

b) Merezimendu orokorrak baloratzea, edo, bestela, egiteko hori beren iritziz egokia denari ematea. Horretarako, dagozkion behin-behineko erabakiak hartuko dituzte, zeinak Gurenet atarian argitaratuko baitira. Interesdunek erabaki horiek erreklamatu, aurkaratu edo akatsak zuzendu ahal izango dituzte bost (5) egun balioduneko epean, eta batzordeak berak ebatziko ditu.

c) Puntuaziorik handiena lortu duten hautagaiak proposatzea eta lanpostuak adjudikatzeko proposamena helaraztea deialdia egin duen organoari; proposamen hori puntuaziorik handiena lortu dutenen alde egingo da, betiere deituriko pertsonen kopuruaren barruan eta, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, proposamen horien ondotik hutsik geratu diren plazetarako, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako lehentasunezko eskubideak.

3.– Deialdia egin duen organoaren ebazpen baten bidez jakinaraziko da nor izendatzen diren balorazio-batzordeko kide, bai eta haien ordezko ere, Gurenet atarian.

4.– Balorazio-batzordeko kideek ez dute esku hartuko, eta hala jakinaraziko diote organo eskudunari; izangaiek batzordekideak errekusa ditzakete, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako kasuetan.

5.– Balorazio-batzordearen erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketarik gertatuz gero, presidenteak ebatziko du; titularra edo haren ordezkoa ez badago, bokaletan zaharrenari egokituko zaio.

6.– Balorazio-batzordea ezingo da eratu, eta ezingo du jardun, kideen erdiak baino gehiago bertaratu ezean, idazkaria barne, eta deialdia egin duen agintaritzari adituak izendatzea eskatu ahal izango diote. Adituok aholkulari-lanak egingo dituzte, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

7.– Balorazio-batzordean parte hartuz gero, legez aurreikusitako kalte-ordainak jasoko dira.

Seigarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozeduraren izendapenak eta ebazpena.

1.– Merezimendu-lehiaketa bidez bete beharreko lanpostuak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez adjudikatuko dira, ondorioak zer datatan izango dituen adierazita.

2.– Lanpostu horien adjudikaziodun diren funtzionarioek ezin izango diete uko egin lanpostuoi, eta ezin izango dute parte hartu behin betiko azken destinoa lortu duten lehiaketa-prozeduraren deialdia egiteko ebazpena eman eta hurrengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 97.2 artikuluan ezarritako salbuespenarekin. Adjudikazio horiek borondatezkotzat hartuko dira, eta, beraz, ez dute eskubiderik sortuko ezein arrazoirengatik kalte-ordaina kobratzeko.

3.– Lehiaketa bidez lanpostu batera sartzen diren funtzionarioak kargutik kendu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 103.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hala ere, epe hori luzatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala