Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2023ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKADIKO KOOPERATIBEN GOREN KONTSEILUA
4482

EBAZPENA, 2023ko irailaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariarena, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Arbitraje Erregelamendua argitaratzea xedatzen duena.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak 2023ko uztailaren 20an egindako osoko bilkuran hartutako erabakia betetzeko eta haren berri guztiok izateko, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua arautzen duen maiatzaren 11ko 213/1999 Dekretuaren 10.2 artikuluan ematen zaidan eskumena erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitraje-erregelamendua onartzen duen Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren osoko bilkuraren erabakia; hona testua:

EUSKADIKO KOOPERATIBEN GOREN KONTSEILUAREN ARBITRAJE-ERREGELAMENDUA
ZIOEN AZALPENA

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari dagokio Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 165. artikuluaren 2. apartatuko d) eta f) letretako eginkizunak betetzea.

Hainbat hamarkadatan zerbitzu hori ematen pilatu den eskarmentuari esker, zerbitzuak izen ona lortu du kooperatiben munduan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Estatuko gainerako autonomia-erkidegoetan, zorroztasun juridikoa eta prozedura zorrotza izateagatik; baina, aldi berean, zerbitzua etengabe hobetzeko asmoz, esperientzia horrek balio izan du hobetu daitezkeen alderdi batzuk identifikatzeko, bai kooperatiben arbitraje-prozeduran bertan, bai kooperatiben artean, kooperatiben eta bazkideen artean edo kooperatibetako bazkideen artean sortzen diren eztabaidak auzibidetik kanpo ebazteko gainerako aukeren administrazioan.

Horretarako, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak egokitzat jotzen du gaur egun indarrean dagoen erregelamendua indargabetzea eta beste arbitraje-erregelamendu bat sortzea, zerbitzu hori emateko tresna baliagarria izango dena aurrerantzean ere eta lagunduko duena euskal kooperatiben mugimenduaren barruan gatazkak arbitrajearen bidez konpontzeko kultura ezartzen bere aplikazio sistematiko, praktiko eta eraginkorraren bidez.

Gainera, arbitraje-erregelamendu berria onartuta, prozedurazko hobekuntzak eta teknika juridikoko hobekuntzak sartzen dira, esperientzian atzeman diren arazoak hobeto konpontzen laguntzeko. Era berean, bilakaera teknologikoari esker gaur egun segurtasun juridiko egokiarekin baliatu daitezkeen mekanismo telematikoen erabilera sartzen da. Azkenik, testu artikulatu guztian hizkuntza inklusiboa erabiltzeko aprobetxatu da bide batez.

Berritasun orokor nabarmenetako bat da arbitraje-erregelamendutik kanpo utzi dela adiskidetzeen arau-esparrua, bere garaian bitartekaritzena baztertu zen bezala; izan ere, gatazkak judizioz kanpo ebazteko beste aukera hauetan Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak erabilitako metodologiaren bidez arrakastatsua izan da orain arte izandako praktika, eta optimizatu egin dira horiek konpontzeko erabilitako denborak eta baliabideak.

Hala, adiskidetzeak eta, hala badagokio, bitartekaritzak arbitrajeaz bestelako prozedurak izango dituzte, eta zerbitzu horiek, baita prebentziokoak eta prestakuntzakoak ere, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak berak emango ditu zuzenean.

Berritasun nabarmenen artean, bestea da orain arte arbitraje-sistema Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak izendatutako arbitroen zerrenda batean oinarritzen zela, eta zerrendako arbitro horiek ebatzi izan dituzte arbitrajeak, banaka. Erregelamendu berriarekin, sistema hori kendu eta arbitraje-auzitegi bat sortzen da, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegia izenekoa, arbitraje-espedienteak izapidetu eta ebazteko.

Arbitrajeko auzitegi hori kide anitzeko organo bat da, euskal zuzenbide kooperatiboan autoritatea duten pertsona independente ospetsuek osatua, eta interpretazio-doktrina bakarra sortuko du, agenteei segurtasun juridikoa emango die eta modu independentean beteko ditu bere eginkizunak.

Euskal kooperatibetako gatazkak judizioz kanpo ebazteko prozeduren konfigurazio horrekin, zeinak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin edo Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiarekin zuzenean lotuta baitaude, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak utzi egingo dio arlo horretako eginkizunak betetzeari, eta Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren bitartez beteko dira.

Erregelamendu honek hiru titulu ditu, eta xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

I. tituluan, xedapen orokorrei buruzkoa bera, kendu egin da Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuaren aipamena, eta arbitrajera mugatzen dira erregelamenduaren erregulazioa eta esparrua, arestian azaldu den bezala.

II. tituluak, arbitrajearen administrazioari buruzkoa bera, bi artikulu ditu, eta, berariaz, berritasun bat dakar berekin: Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegia arbitraje-hitzarmenari lotuta geratuko da, eta ezin izango dio muzin egin prozedurak izapidetzeari, salbu eta gaia arbitratzekoa ez denean.

III. titulua arbitrajeari buruzkoa da, eta bost kapitulu eta berrogeita hamasei artikulu ditu. Berrikuntza hauek nabarmendu behar dira titulu horretan: postulazioari, helbideei eta jakinarazpenetarako edo komunikazioetarako bitarteko telematikoei buruzko idazketa teknikoa lehen baino hobea da; Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren webgunearen barruan Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak bere webgunea izatea aurreikusten da, eta webgune hark bere funtzionalitateak izatea; badago artikulu espezifiko bat prozeduretako dokumentazioari buruz, eta, haren arabera, dokumentazioa tratatzean datu pertsonalak babestu behar dira eta eskubide digitalak bermatu, bai eta behar den konfidentzialtasuna gorde ere; epeetan, egun baliodunak hartuko dira kontuan, eta ez egun naturalak; badago beste artikulu espezifiko bat ere aipatutako konfidentzialtasunari buruz, baina prozedura osoari dagokiona da; II. kapituluan, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak arbitroak ordezten ditu, eta, horren haritik, auzitegi horren osaera eta auzitegiko kide izateko eskakizunak arautzen dira –badago artikulu espezifiko bat haren eraketa eta barne-funtzionamendua arautzeko, eta beste bat kautelazko neurriak hartzeko orduan auzitegiak zer ahal dituen finkatzeko–; III. kapitulua arbitraje-prozedura arruntari buruzkoa da, eta, hor, berritasun hauek nabarmentzen dira: badago artikulu berri bat, arbitraje-eskaerak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilutik Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegira aldatzeko erabakia arautzen duena; beste artikulu batean, berariaz aurreikusten eta arautzen da aukerako aldez aurreko agerraldia, auzitegiak berak erabakitzen duena, bai eta agerraldiaren helburuak eta garapena ere; hobetu egiten da lekuko bidezko froga egiteko erregulazioa, eta gehieneko epe bat ezartzen da eginbideak egiteko, hobeto arbitratzeko; IV. kapituluan, prozedura laburtua arautzen da, eta arbitrajea prozedura horren bidez izapidetzeko inguruabar gisa ezabatzen da, bi alderdiek berariaz eskatzen dutenean.

Azaldutakoarekin bat etorriz, aurreko erregelamenduaren IV. titulua kendu da, adiskidetzeari buruzkoa.

Xedapen indargabetzaileak indarrik gabe uzten du 2012ko urtarrilaren 19ko osoko bilkuran Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak onartutako eta 2013ko abenduaren 13an organo berak partzialki erreformatutako erregelamendua, euskal kooperatiben gatazkak ebazteko prozedurei buruzkoa.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Erregelamendu honen xedea kooperatiben arbitrajea arautzea da. Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen arabera (aurrerantzean, 11/2019 Legea) eta hura garatzeko arauen arabera, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari dagokio kooperatiben arbitrajea administratzea.

Bat etorriz Arbitrajeko abenduaren 23ko 60/2003 Legeak (aurrerantzean, 60/2003 Legea) 14. artikuluan duen idazketa berriarekin eta maiatzaren 20ko 11/2011 Legearekin (60/2003 Legea aldatzekoa eta Estatuaren Administrazio Orokorrean arbitraje instituzionala arautzekoa; aurrerantzean, 11/2011 Legea), alderdiek erakunde publikoen esku utzi dezakete arbitrajea administratzeko eta arbitroak izendatzeko zeregina, baldin eta erakunde horiek beren garapen-arauen arabera arbitraje-funtzioak bete baditzakete.

Goren Kontseilua 11/2011 Legeak aipatzen duen erakunde publiko horixe bihurtzen da, arbitroak gaituta daudela, modu gardenean izendatzen direla eta independenteak direla zaintzen duena.

2. artikulua.– Arbitraje-prozeduren erregulazioa.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak administratutako arbitraje-prozedurak erregelamendu honek arautzen ditu, eta beronetan aurreikusten ez dena, berriz, 60/2003 Legeak eta 11/2011 Legeak, edo lege horiek aldatu zein indargabetuz gero aplikatzekoak diren xedapen arauemaileek.

3. artikulua.– Arbitraje-prozeduren esparrua.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua kooperatiben artean sortzen diren auzigaiez arduratzen da, eta kooperatiben –edo haien organo sozialen– eta haien bazkideen arteko auzigaiez, kooperatiben organo sozialen artekoez eta bazkideen artekoez.

Bi.– Bazkide kooperatibisten artean sortzen diren auzigaiei dagokienez, kooperatibaren jardueraren ondoriozkoetara mugatzen da ardura, eta kanpoan uzten dira bazkideen arteko erlazio partikularrak direnak.

II. TITULUA
ARBITRAJEA ADMINISTRATZEA.

4. artikulua.– Karakterizazioa.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren esku uzten du erregelamendu honen arabera arbitraje-prozedurak administratzeko zeregina.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiak ez du nortasun juridiko propiorik, eta Goren Kontseiluaren mendekotasun hierarkikoa du, baina erregelamendu honek ematen dizkion eskumenak eta ahalmenak ditu betiere, eta sozietate kooperatiboei eta haien bazkideei zerbitzu bat ematen die arbitrajeari dagokionez, arau eta xedapen hauetan oinarritua: 60/2003 Legean jasotako zuzenbide pribatuko arauak (11/2011 Legeak aldatu egin zuen 60/2003 Legea), edo arau horiek aldatu eta indargabetzen badira aplikatzekoak diren xedapen arauemaileak. Auzitegiak, bere eginkizunak betetzeko, Kontseiluko bertako langileen laguntza izango du.

Hiru.– Auzitegiak erregelamendu honetan aurreikusten denaren arabera izapidetu behar ditu prozedurak, eta arbitraje-hitzarmenaren edukiak lotzen du; beraz, ezin dio muzin egin prozedurak izapidetzeari, gaia arbitratzeko horietakoa ez denean izan ezik.

5. artikulua.– Egoitza.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan izango du egoitza Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak, eta, alde horretatik, Kontseiluaren araudi erregulatzailean egoitzari buruz araututako guztia da aplikatzekoa.

Bi.– Aurrekoa gorabehera, Arbitrajeko Auzitegia Euskal Autonomia Erkidegoko edozein tokitan bildu eta jardun daiteke.

III. TITULUA
ARBITRAJEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

6. artikulua.– Arbitrajepean jartzea.

Bat.– Erregelamendu honen 3. artikuluan aipatzen den auzi oro Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren arbitrajearen pean izango da, hari aurkezten bazaio kasu hauetako edozeinetan:

a) Alderdiak horretara behartuta egotea estatutu sozialen, barne-araudiaren edo sozietate-kontratuaren arabera edo beste barne-arau lotesleren baten arabera.

b) Alderdien artean arbitraje-hitzarmen bat egotea euren arteko auziak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitrajearen pean jartzeko, eta, gainera, alderdi horietako batek erakunde horretara jotzea eta horren esku-hartzea eskatzea erregelamendu honetan ezarritako eran.

Goren Kontseiluaren arbitrajearen pean jartzeak berekin dakar Arbitrajeko Auzitegiak arbitrajea izapidetzea onartzea.

Arbitraje-hitzarmenari dagokionez, haren edukia alderdiek onartu duten arbitraje-erregelamenduaren xedapenek osatzen dutela irizten zaio.

c) Alderdien artean desadostasunak sortzen direnean, haiek guztiak ados egotea Kontseiluaren arbitrajearen pean jartzeko.

Bi.– Arbitraje-hitzarmenak behartu egiten ditu alderdiak ezarrita dagoena betetzera, eta auzitegiei galarazi egiten die arbitrajepean jarritako auziez arduratzea, baldin eta interesa duen alderdiak hala eskatzen badu deklinatoria bidez eta 60/2003 Legeak eta Prozedura Zibilaren 1/2000 Legeak (aurrerantzean, 1/2000 Legea) jarritako epearen barruan eta moduan.

7. artikulua.– Arbitraje motak.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak beraren esku utzitako auzigaia zuzenbidez edo ekitatez ebatzi behar du, hurrengo apartatuan zehazten den bezala.

Bi.– Alderdiek ekitateko arbitrajea berariaz hautatu ez badute, zuzenbideko arbitrajearen bidez ebatziko da auzia. Kasu honetan irizten zaio berariazko hautu hori egin dela: barne-araudiko estutu-klausulek edo arbitrajepean jartzeko arbitraje-hitzarmenak hautatzen den arbitraje modalitatea aipatzen dutenean. Horietan ekitateko arbitrajearen aldeko hautua egin bada baina lege-arrazoiak direla-eta zuzenbideko arbitrajearen bidez ebatzi behar bada auzia nahitaez, azken hautu hori egin dela iritziko zaio, salbu eta alderdietakoren bat berariaz azaldu kontra.

8. artikulua.– Arbitrajeko subjektuak.

Auzian legitimatuta dauden alderdiak dira arbitrajeko subjektuak, bai eta Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko kideak ere, banaka jardun zein taldean jardun.

9. artikulua.– Prozedura.

Arbitrajea izapidetzean, arbitrajeko subjektuek ezinbestean errespetatu behar dute erregelamendu hau, eta bai beronek haietara igortzeko aipatzen dituen arauak edo era subsidiarioan aplikatu beharrekoak ere. Araudia ezin daiteke aldatu arbitrajeko subjektuen borondatez, salbu eta araudiak berak berariaz kontrakoa xedatzen duenean.

10. artikulua.– Arbitrajearen lekua.

Bat.– Arbitraje-prozedura Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren egoitzan gauzatuko da, edota hark zehazten duen lekuan; edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoan behar du.

Bi.– Dena den, Arbitrajeko Auzitegiak erabaki dezake zenbait egintza leku horretatik kanpo egitea, arbitrajea ebazteko komenigarri iruditzen bazaio.

11. artikulua.– Hizkuntza.

Bat.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan jo dezakete alderdiek Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegira.

Bi.– Guztiarekin ere, hizkuntzari dagokionez, 60/2003 Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da (11/2001 Legeak hura berridatzi eta gerokoa).

12. artikulua.– Postulazioa.

Bat.– Aldeek beren kabuz edota ordezkari baten bitartez defendatu dezakete beren burua edo jardun daitezke Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegian; ordezkariak jarduteko gaitasuna izan behar du, eta propio izendatu behar da ordezkari-lan horretarako. Alderdietako bat defendatu edo ordezka dezaketen pertsona horiek ezin dira izan Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko kontseilariak, edo haren partaidetzapeko entitateetakoak, ezta erakunde horretako langileak ere.

Bi.– Ordezkaritza apud acta ahalordearen bidez eman behar da, Arbitrajeko Auzitegian bertan edo hark ahalmena eskuordetzen dion pertsonaren aurrean, edo notario-agiri baten bidez, eta egiaztatu egin behar da betiere. Ordezkaritza hori prozedura guztirako izan daiteke, edo, berariaz hala adierazten bada, prozedurako jarduketa batzuetarako bakarrik.

Hiru.– Halaber, kooperatibek edo beste pertsona juridiko batzuek, beren administrazio-organoko lehendakariaren edo administratzaile bakarraren, solidarioaren edo mankomunatuen bidez dihardutenean, haien kargua indarrean dagoela egiaztatzen duen jatorrizko ziurtagiria aurkeztu behar dute, erregistro eskudunak egina, ez badute aurkeztu apud acta ahalorde edo notario-ahalorde nahikorik.

13. artikulua.– Helbidea eta komunikazioak.

Bat.– Alderdiek, euren kabuz edo ordezkarien bitartez, arbitraje-prozedurako komunikazio eta jakinarazpenetarako helbide bat adierazi behar dute. Ondorioz, helbidean gertatzen den edozein aldaketaren berri ere eman behar dute.

Arbitrajean parte hartzen duten alderdiek informazio egokia eman behar diote Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiari, arbitraje-prozeduran zehar helbidean gertatzen den edozein aldaketa barne, benetako helbidea hobeto zehazteko.

Bi.– Hartzaileari edo haren ordezkariari zuzenean eman zaion egunean joko da jakinarazpena edo komunikazioa hartutzat, edo haren etxean, ohiko bizilekuan, establezimenduan edo helbidean entregatu den egunean.

Hiru.– Jakinarazpenak edo komunikazioak interesdunak aukeratutako telekomunikazio elektroniko, telematiko, optiko edo antzekoen bidez egingo dira; baliabide horiek aukera eman behar dute idazkiak eta agiriak bidali eta hartzeko eta bidali eta hartu izanaren froga uzteko.

Era berean, alderdiek idatziz egin ditzakete komunikazioak, eta, oro har, interesdunak edo haren ordezkariak eskuz sinatu behar ditu.

Lau.– Arbitrajeko Auzitegiak, aukeran, webgune bat edukiko du Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren webgunean txertatua, bereizirik, erregelamendu honetan aurreikusitako iragarkien, egintzen eta erabakien berri emateko. Prozedura batean pertsonatutako alderdiak, eta haien ordezkariak, webgune horren bidez sartu ahal izango dira berak tartean diren espedientean. Nolanahi ere, edozein argitalpen espedientean agertzen den helbide elektronikoan jakinarazi behar zaie pertsonatutako alderdi horiei edo ordezkariei, webgunearen beraren baliabide teknikoen bidez.

Auzitegiak, Goren Kontseiluaren bitartez, alderdi hauek zaindu behar ditu: webgunea segurua izatea, ondo funtzionatzea eta ikusgai egotea; argitaratutako informazioa edo dokumentuak benetakoak izatea; pertsonatutako alderdiek eta haien ordezkariek argitaratzen den informazio eta dokumentaziora doan iristeko aukera izatea, bai eta bertan txertatutakoa deskargatzeko eta inprimatzeko aukera izatea ere.

Bost.– Arbitraje-prozedurako alderdi demandatzaileak ezin badu adierazi kontrako alderdiaren helbidea, edo adierazitako hartan ezin bada egin jakinarazpena edo komunikazioa, arrazoizko ikerketa egingo da kontrako alderdiaren egoitza, ohiko bizilekua, establezimendua edo helbidea jakiteko. Leku horietako bat ere ez bada aurkitzen, hartzaileari ezagutzen zaion azken etxe, ohiko bizileku, helbide edo establezimenduan egingo zaizkio jakinarazpen edo komunikazioak, posta ziurtatu bidez edo jakinarazpen edo komunikazioak egin izanaren froga uzten duen beste edozein bide erabiliz. Eta emandako edo ematen saiatutako egunean hartutzat joko da. Gainera, azken kasu horretan, Auzitegiak agindu dezake komunikazioa bere webguneko eremu bereizi batean edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

14. artikulua.– Dokumentazioa.

Bat.– Alderdi bakoitzak paperean aurkezten dituen idazki guztiekin batera, haien kopiak aurkeztu behar dira; beste alderdiak zenbat diren, hainbeste kopia. Jatorrizko idazkiak Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren egoitzan geratuko dira, artxibatuta.

Bi.– Aurkezten den dokumentazioa jatorrizkoa ez bada eta Arbitrajeko Auzitegiak edo alderdietako edozeinek jatorrizkoa eskatzen badu, aurkezleak aurkeztu egin beharko du.

Hiru.– Nolanahi ere, datuen tratamenduari dagokionez oro har, kontuan hartu behar da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak xedatutakoa.

Lau.– Arbitrajean sortutako dokumentazioaren konfidentzialtasuna gorde behar dute bai Auzitegiak berak eta bai alderdiek eta haien legezko defendatzaileek edo aholkulariek, bai eta adituek, lekuko gisa jarduten dutenek (halakorik badago) eta arbitrajean parte hartu duten gainerakoek ere.

15. artikulua.– Epeak.

Bat.– Erregelamendu honetan egunka ezarritako epeak egun baliodunen arabera zenbatu behar dira.

Bi.– Erregelamendu honetan, epeak zenbatzeko, egun baliogabeak dira: larunbatak; igandeak; arbitrajeko lekuan lan-ondorioetarako jaiegun direnak, haren lurralde-eremua edozein dela ere; abuztuko egunak, eta abenduaren 24tik hurrengo urteko urtarrilaren 6ra bitarteko egunak, biak barne.

Hiru.– Jakinarazpena hartu eta ondoko egunean hasi behar da epeak zenbatzen.

Lau.– Hileka emandako epeak egun jakin batetik egun jakin batera zenbatu behar dira.

Bost.– Jakinarazpen edo komunikazioa hartu den lekuan epearen azken eguna jaieguna bada, epea hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da. Epearen barruan idazkiren bat aurkeztu behar bada, epearen betebeharra betetzat hartuko da idazkia epe horren barruan bidali dela egiaztatzen bada, nahiz eta behar den lekura benetan geroago iritsi.

Sei.– Artikulu honetan ezarritako erregulazioaren ordezko gisa, betiere, 1/2000 Legea aplikatu behar da.

16. artikulua.– Isilbidez uko egitea aurkaratzeko ahalmenei.

Alderdiren batek erregelamendu honen edo aplikatzekoa den gainerako araudiaren arau xedatzaileren bat edo arbitraje-hitzarmeneko betebeharren bat urratu dela badaki eta arbitraje-hitzarmenean ezarrita dagoen salaketa-epean salatzen ez badu, edo, arbitraje-hitzarmenik ezean, ahal bezain azkar salatzen ez badu, iritziko zaio alderdi horrek uko egiten diela aurreikusitako aurkaratze-ahalmenei.

17. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Prozeduran alderdiek egiten dituzten forma-akatsak zuzendu egin daitezke arbitroek eskatuta, horretarako berariaz ematen den epean; epe hori ezin da inola ere izan hamar egunekoa baino luzeagoa.

18. artikulua.– Alderdien jarduerarik eza.

Alderdien jarduerarik ezak ez du eragozten laudoa ematea, eta ez dio kentzen eraginkortasunik.

19. artikulua.– Aldi baterako etenaldia.

Bat.– Arbitraje-prozedura aldi baterako eten daiteke edozein unetan kasu hauetan:

a) Alderdi guztiek berariaz hori erabakitzen dutenean epe jakin baterako, baina inoiz ez bi hilabeterako baino gehiagorako.

b) Arbitroek erabakitzen dutenean, salbu alderdiek aho batez kontrakoa adostutakoan, baina ez bi hilabeterako baino gehiagorako, eta erabakia arrazoituta betiere.

c) Frogak egiteko laguntza judiziala eskatzen denean, zeregin horrek irauten duen bitartean, eta, edozein kasutan, ez lau hilabeterako baino gehiagorako.

d) Prozeduran parte den pertsona fisikoetakoren bat hiltzen denean, heriotza egiaztatzen duen edozeinek eskatuta. Prozedura prozesu-ordezkatzeari aplikatzen zaion araudiaren arabera hasiko da berriz.

e) Betiere, egun baliogabeetan.

Bi.– Aurreko e) letrako kasua gertatzen denean izan ezik, aldi baterako etenaldia arbitroek erabaki behar dute, berariaz, eta etenaldi horrek ekarriko du laudoa emateko epea automatikoki luzatzea, aldi baterako erabaki den etenaldia bezainbeste.

20. artikulua.– Konfidentzialtasuna.

Bat.– Prozedurak konfidentziala izan behar du. Ondorioz, esku hartzen duten alderdiek, arbitroek eta Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegia osatzen duten guztiek konpromisoa hartzen dute auziarekin edo prozedurarekin lotutako egitateak edo bestelako informazioak inori ez zabaltzeko.

Bi.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak egokitzat jotzen duen formatuan argitaratu ditzake laudoak, baldin eta ezin badira identifikatu, ez zuzenean eta ez zeharka, argitaratu nahi diren laudoak eragin dituzten arbitraje-prozeduretan parte hartu duten alderdiak.

21. artikulua.– Arbitraje-prozeduraren interpretazioa.

Arbitraje-prozedura erregulatzen duen araudia interpretatzean sortzen diren arazo guztiak Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak ebatziko ditu kasu zehatz bakoitzean, entzuna izatearen printzipioari, kontraesanaren printzipioari eta alderdien arteko berdintasunaren printzipioari jarraituz betiere.

II. KAPITULUA
KOOPERATIBA ARBITRAJEKO AUZITEGIA

22. artikulua.– Karakterizazioa.

Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiari dagokio arbitrajepean jarritako auziak ebaztea, laudoa idatziz.

23. artikulua.– Osaera.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegia, zeinak aztertzeko beraren esku uzten diren gatazkei buruzko laudo edo ebazpenak ematen baititu, hiru titularrek eta hiru ordezkok osatuta dago; titular eta ordezko horiek Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren osoko bilkurak izendatzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba-sozietateen zuzenbidean adituak diren legelarien artean.

Unibertsitateko irakasleen, funtzionario publikoen eta abokatutzako eta kooperatiba-sozietateei aholkularitza emateko profesionalen artean hautatu behar dira, eta guztiek, gutxienez, hamabost urteko antzinatasuna izan behar dute lanbidean.

Betiere, eta oro har, emakumeen eta gizonen arteko parekotasunaren irizpidea hartu behar da kontuan, bai eta, 11/2019 Legearen seigarren xedapen gehigarriari jarraituz, bi hizkuntza ofizialak jakitea ere.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiak lehendakari bat aukeratu behar du bere kideen artetik.

24. artikulua.– Auzitegiko kide izateko betekizunak.

Bat.– Beren eskubide zibilak bete-betean balia ditzaketen pertsona fisikoak izan daitezke Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitro, baldin eta ez badie eragozten beren lanbidean bete behar duten legediak.

Bi.– Inoiz ezin dira Auzitegiko arbitro izan epaile, magistratu edo fiskal direnak, zerbitzu aktiboan badaude, ez eta arantzel bidez ordaindutako funtzio publikoak betetzen dituztenak ere. Bestalde, ezin dira arbitro izan erregelamendu honen 25. artikuluak abstenitzeko edo errekusatzeko kausatzat daukan egoeraren batean daudenak alderdiei dagokienez edo arbitrajearen xedeari dagokionez. Era berean, ezin dira arbitro izan beren erantzukizuna erabat bete ez dutenak; horretarako, debeku hori epai bide ezarri behar da, aurrez betetako beste arbitraje-funtzio batzuen harira.

25. artikulua.– Abstentzioa eta errekusazioa.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitroak abstenitzeko eta, hala badagokio, haiek errekusatzeko kausa dira:

a) Ezkontzaz edo izatezko egoera parekagarri batez lotuta egotea edo laugarren mailarainoko edo estuagoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna izatea arbitraje-prozeduran parte hartzen duten alderdietako edozeinekin edo haien ordezkariekin.

b) Ezkontzaz edo izatezko egoera parekagarri batez lotuta egotea edo laugarren mailarainoko edo estuagoko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna izatea Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko osoko bilkurako edozein kiderekin.

c) Alderdietako edozeinen defendatzaile judiziala edo haien babes-organismoetako kidea izatea edo lehenago izana; edo haietakoren baten edo haien ordezkarien zaintzapean edo tutoretzapean egon izana.

d) Alderdietakoren batek edo haien ordezkariek salatzea edo akusatzea, edo salatu edo akusatu izana, delituren edo faltaren baten erantzule gisa.

e) Alderdietakoren baten defendatzaile edo ordezkari ibili izana, abokatu gisa auziari buruz irizpena eman izana edo bertan fiskal, aditu edo lekuko gisa esku hartu izana.

f) Alderdietakoren baten edo haien ordezkarien salatzaile edo akusatzaile izatea eta ibili izana.

g) Alderdietakoren batekin edo haien ordezkariekin auziren bat erabakitzeke izatea.

h) Adiskidetasun mina edo etsaitasun nabaria izatea alderdietakoren batekin edo haien ordezkariekin.

i) Zuzeneko edo zeharkako interesa izatea arbitraje-prozeduran.

j) Prozedura horren berorren instrukzioa egin izana beste auzialdiren batean.

k) Alderdien artean bitartekari gisa parte hartu izana gatazka berean, alderdiek kontrakoa erabakitzen dutenean izan ezik.

l) Alderdietakoren bat edo haien ordezkariak auzia erabaki behar duten arbitroen mendeko izatea.

m) Auzia erabaki behar duten arbitroak alderdietakoren baten edo haien ordezkarien mendeko izatea.

n) Eta, oro har, alderdietakoren batekin eta haien ordezkariekin lanbide- edo merkataritza-harremana izatea, edo izendatua izan aurreko bi urtean halako harremana eduki izana.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiko kideek, berak errekusatzea ekar dezakeen egoeraren bat baldin badago, jakinaren gainean jarri behar dituzte Goren Kontseilua eta alderdietako bakoitza, jakin orduko, izan beren izendapena onartu aurretik, izan onartu ondoren.

Hiru.– Arbitroa errefusatu nahi duen alderdiak onarpenaren berri izan ondorengo hamar egunean azaldu behar ditu arrazoiak, edo haren inpartzialtasunaz edo independentziaz zalantza justifikatuak sortzen dituen inguruabarren bat ezagutu ondorengo hamar egunean. Arbitro errekusatuak karguari uko egin ezean edo beste alderdiak errekusazioa onartu ezean, Auzitegiko lehendakariak erabaki beharko du errekusazioari buruz, hura jaso ondorengo hamar egunean.

Lau.– Aurkezturiko errekusazioak aurrera egiten ez badu, alderdi errekusatzaileak, hala badagokio, errekusazioa balia dezake laudoa aurkaratzean.

Bost.– Edonola ere, arbitroak judizialki izendatzeko edo kargugabetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Salak du eskumena, 60/2003 Legeak –11/2011 Legeak berridatziak– 8. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

26. artikulua.– Ordezkatzea.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko kide bati ezintasuna etortzen bazaio, hiltzen bada, gaixotzen bada, errekusatuta kargutik kentzen badute edo beste edozein kausa efektibo gertatzen bada, izendatutako ordezkoak hartuko du haren tokia. Ordezkatze hori alderdi guztiei jakinaraziko zaie.

Bi.– Ezin bada ordezkatu, beste norbait izendatu behar da, erregelamendu honen 23. artikuluaren arabera.

Hiru.– Ordezkoa izendatu ondoren, Arbitrajeko Auzitegiak, alderdiei entzun ondoren, aurrez egindako zenbait egintza errepikatu behar diren edo ez erabaki behar du.

27. artikulua.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegia eratzea.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak ebatziko du arbitrajea, arbitraje-elkargo gisa eratuta, edo, bestela, horko kide den arbitro bakar batek.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiak edozein kideri eskuordetu diezaioke prozedura bakoitza, edozein izapide-egintza egiteko. Salbuespen gisa, eta arrazoituta, beste pertsona batzuei eskuordetu dakizkieke izapide administratiboetako ohiko kontuak. Aurrekoa alde batera utzi gabe, lehendakariak bere kasa erabaki ditzake prozedura antolatu, bideratu eta bultzatzeko gaiak.

Hiru.– Auzitegiak bere kideen gehiengoz hartu behar ditu erabakiak.

28. artikulua.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak kautelazko neurriak hartzeko ahala.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak edo arbitro bakarrak, alderdietako edozeinek eskatuta, auziari buruz beharrezkotzat jotzen dituen kautelazko neurriak hartu ditzake, eta neurriok eskatzen dituen pertsonari kauzio nahikoa emateko eskatu diezaioke.

Bi.– Arbitraje-erabaki horiei 60/2003 Legean aurreikusitako laudoak deuseztatzeari eta nahitaez betearazteari buruzko arauak aplikatuko zaizkie.

29. artikulua.– Funtsen hornidura.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak zein arbitro bakarrek funtsen hornidurak eskatu diezazkiekete alderdiei; Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak estali gabeko ordainsariei eta arbitrajearen administrazioaren ondorioz sortzen diren gastuei aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dituztenak.

Bi.– Funtsen hornidurarik ezean, Arbitrajeko Auzitegiak, edo arbitro bakarrak, bertan behera utzi ditzake jarduketak edo amaitutzat jo, baldin eta funtsak jartzeko emandako epearen barruan alderdiren batek ez baditu jarri; eta horren berri eman behar zaie pertsonatutako alderdiei.

III. KAPITULUA
ARBITRAJE-PROZEDURA ARRUNTA

30. artikulua.– Arbitraje-eskabidea.

Bat.– Alderdietako batek aurkeztu behar du arbitraje-eskabidea Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan, erregelamendu honen 13. artikuluan ezarritako bideren batetik.

Bi.– Arbitraje-eskabide horretan, hauek aipatu behar dira gutxienez:

a) Berariazko eskaria auzia Goren Kontseiluaren arbitrajepean jartzeko.

b) Alderdiak identifikatzeko datuak; besteak beste, izen-deiturak, edo sozietatearen izena, eta helbidea, edo telematikoki komunikatzeko bitartekoa –halakorik baldin badaukate–, jakinarazpen baliodunak egin ahal izateko. Eta, hala badagokio, zer alderdiren ordezkari diren; hori araudi honen 12. artikuluaren arabera egiaztatu behar dute.

c) Hala badagokio, konpromiso-klausularen edo arbitraje-hitzarmenaren aipamena, erregelamendu honetan ezarritako edozein modutan, eta klausula horren edo hitzarmen horren kopia bat, erantsita.

d) Arbitrajepean jarritako eztabaidagaiaren jatorrian dagoen harreman juridikoaren deskribapen labur bat, formulatzen diren uzi edo pretentsio guztien zenbatekoa adierazten duena –zenbateko hori zehaztu bada– edo zenbatekoa behintzat zehaztea dagoen uzien zenbatekoa adierazten duena.

e) Aurretiazko agerraldiaren aktaren kopia, hala badagokio.

f) Lekua, data eta sinadura.

31. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Bat.– Eskabidean aurreko artikuluko baldintzaren bat betetzen ez bada, edo argibideren bat osatugabea edo nahasia bada, eskabidea Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan sartu eta hamar egun igaro baino lehen entitate horretako idazkaritza nagusi teknikoak hamar egun emango dizkio eskatzaileari akats horiek zuzendu ditzan.

Bi.– Hala egiten ez badu, eskabidea artxibatzea erabaki daiteke, omisio horiek ezinezko bihurtzen badute eskabidea izapidetzea edota izapidetzen jarraitzea.

32. artikulua.– Eskabidea Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegira bidaltzea.

Arbitrajea izapidetzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkaritza nagusi teknikoak jarduketak igorriko dizkio Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko lehendakariari, ofizio bidez, hamar egun igaro baino lehen.

33. artikulua.– Arbitrajea izapidetzeko onartzea.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko lehendakariak, ebazpen bidez, arbitraje-prozedura bideratuko du, eta onartu egingo da, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Bi alderdiak arbitrajepean jartzea era baliodunean eta nahikoan arbitraje-hitzarmen baten bidez.

b) Arbitraje-hitzarmenik ez dagoenean, alderdiek berariaz onartzea arbitrajepean jartzea. Alde horretatik, pentsatu behar da eskatzailea eskaria egiteagatik jartzen dela arbitrajepean. Beste alderdiak, berriz, berariaz onartu behar du, eta eskariaren berri ematen zaionetik hamar egun ditu komeni zaiona alegatzeko horretaz. Hitzarmena formalizatzen ez bada, Arbitrajeko Auzitegiko lehendakariak ebatziko du prozedura izapidetzeko ez onartzea, eta modu frogagarrian jakinarazi beharko zaio hori alderdi eskatzaileari.

Bi.– Auzitegiak modu frogagarrian jakinaraziko die alderdiei prozedura izapidetzeko onartu dela.

34. artikulua.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak bere eskumenari buruz erabakitzeko ahala.

Bat.– Prozedura izapidetzeko onartu ondoren alderdietakoren batek arbitraje-hitzarmena salatzen badu, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak laudoan erabaki beharko du gai horretaz, eta arrazoiak azaldu hor. Halaber, Arbitrajeko Auzitegiak erabaki behar du, laudoan, prozeduran planteatzen diren salbuespenez; aldez aurretik ere erabaki dezake, laudo baten bidez.

Bi.– Aurreko apartatuan aipaturiko salbuespenak beranduenik ere demanda-erantzuna aurkezten den mementoan kontrajarri behar dira. Salbuespena bada Auzitegia bere eskumeneko eremutik irteten dela, hori arbitraje-jarduketetan gertatu bezain laster kontrajarri behar da. Alde horretatik, Auzitegiak aurreko puntuan ezartzen denaren arabera ebatzi dezake.

Hiru.– Auzitegiaren ebazpena ebazpen hori hartu den laudoa deuseztatzeko akzioaren bidez bakarrik aurkaratu daiteke. Ebazpena salbuespenak ezesteko baldin bada eta aldez aurretik hartzen bada, deuseztatzeko akzioak ez du etengo arbitraje-prozedura.

35. artikulua.– Arbitrajearen hasiera eta aurretiazko agerraldia.

Bat.– Arbitraje-hitzarmen bat dagoenean, prozedura izapidetzeko onartu dela jakinarazten duen oharra hartzen den eguna hartzen da arbitrajearen hasierako datatzat. Gainerako kasuetan, eta alderdiek beste zerbait hitzartu ez badute behintzat, alderdi demandatuak auzigaia arbitrajepean jartzeko errekerimendua jasotzen duen eguna hartzen da hasierako datatzat.

Bi.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak aldez aurreko agerraldi batera dei diezaieke alderdiei, arbitrajearen garapenerako garrantzitsutzat jotzen diren gaiak aztertzeko eta, hala badagokio, eztabaidagaiari buruzko akordioa lortzeko. Alderdiak ados jartzen badira, akordio hori dokumentu batean formalizatuko da, eta bi alderdiek sinatuko dute; Arbitrajeko Auzitegiak ere sinatuko du, baina lekuko gisa baino ez. Edozein kasutan ere, aldez aurretik agerraldia egiten bada, Auzitegiak haren akta egingo du, eta agertutako alderdiei emango zaie.

36. artikulua.– Demanda- eta erantzun-idazkiak.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak alderdi demandatzailearengana joko du idatziz formula ditzan hamabost eguneko epean bere eskaria eta froga-proposamena; idazki horretan, auziaren oinarrizko egitateak, izaera eta inguruabarrak eta bere uzi edo pretentsioak alegatu behar ditu, eta, posible bada, zenbatekoak zehaztu.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiak, demanda-idazkia hartzen duenean, alderdi demandatuari bidaliko dio, berari atxikitako dokumentazioarekin batera, hamabost eguneko epean erantzun-idazkia eta froga-proposamena aurkez ditzan; horiek guztiak alderdi demandatzaileari ere bidaliko zaizkio.

Hiru.– Demanda- eta erantzun-idazkiekin batera, eta komenigarri iruditzen zaien beste edozein frogabide proposatzea baztertu gabe, alderdiek beren defentsarik onenerako beharrezko iruditzen zaizkien agiri guztiak aurkeztu behar dituzte.

Lau.– Alderdi demandatuak, komenigarri iruditzen bazaio, erantzun-idazkian errekonbentzioa baliatu dezake, alderdi demandatzailearen aurka beste uzi edo pretentsio batzuk formulatuz. Kasu horretan, Auzitegiak erantzun-idazkia helaraziko dio alderdi demandatzaileari, honek hamabost eguneko epean erantzun diezaien errekonbentzio edo kontrademandaren uzi edo pretentsioei, eta frogak proposatu edo aurkez ditzan.

Uzi edo pretentsioen beste edozein aldaketa edo gehitze, edozein kasutan ere, espresuki formulatu beharko da.

Bost.– Paperean aurkezturiko idazki eta agiri guztietatik, jatorrizkoez gain, kopiak aurkeztu behar dituzte alderdiek, nahitaez; kontrako alderdiak zenbat diren, hainbeste kopia.

37. artikulua.– Froga egitea.

Bat.– Proposaturiko frogak egin edo ez erabaki dezake Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak, eta zuzenbidean bidezkoak, onuragarriak eta onargarriak iruditzen zaizkionak eginaraziko ditu. Era berean, Arbitrajeko Auzitegiak ofizioz erabaki dezake edozein unetan komenigarri iruditzen zaizkion frogak egitea.

Bi.– Froga-praktika guztietara dei egingo zaie arbitrajeko alderdi guztiei edo haien ordezkariei, eta parte hartu ahal izango dute, non eta alderdietako batek edo hirugarrenek ez dituzten dokumentuak aurkezten.

Hiru.– Lekuko bidezko froga eginez gero, proposatutako lekukoen izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionala eta helbidea jakinaraziko dizkio alderdi bakoitzak Auzitegiari. Auzitegiak askatasuna du erabakitzeko pertsona horiek nola zitatu edo galdekatu behar diren, galdeketa-modua zein izango den –hala badagokio– edo adierazpenak idatziz eta behar bezala sinatuta aurkeztu ditzaketen.

Lau.– Auzitegiak arbitrajea egiten den tokiko lehen auzialdiko epailearen laguntza eskatu dezake. Auzitegiak, bere jurisdikziotik kanpo frogak egiteko laguntza jurisdikzionala behar den kasuetan, idatziz joko du auzitarako zitazioa egin edo frogazko eginbidea agindu behar den tokiko lehen auzialdiko epailearengana, eta epaile hark, lehen kasuan bezalaxe, Prozedura Zibileko Legearen arauen arabera jokatuko du, eta, soil-soilik berak zuzenduta, eskatu zaion froga egingo du, eta jarduketen lekukotasuna emango die eskatzaileari eta Auzitegiari.

Bost.– Frogak egiteko denbora hogeita hamar egunekoa da, eta Auzitegiak, komenigarria iruditzen bazaio, luza dezake, epe horretan ezinezkoa dela-eta eskatutako frogaren bat egitea. Epe hori ez da aplikatuko laguntza judizial bidez egin behar diren frogetarako.

Sei.– Froga guztiak egiteko aipatutako gehieneko epe hori alde batera utzi gabe, Auzitegiak erabaki dezake laburragoa izatea bai alderdiek eskatutako frogak eta bai ofizioz erabaki direnak egiteko epea, baldin eta frogak gauzatzea erraza dela-eta uste badu egingarria eta komenigarria dela.

Zazpi.– Auzitegiak egiten diren froga guzti-guztiak helaraziko dizkie alderdiei.

38. artikulua.– Alderdiak ez agertzea.

Alderdiek kontrakoa erabaki ezean, eta Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren iritziz behar beste arrazoi alegatu gabe:

a) Alderdi demandatzaileak demanda epe barruan aurkezten ez badu, Arbitrajeko Auzitegiak bukatutzat emango ditu jarduketak, salbu, alderdi demandatuari entzun ondoren, hark uzi edo pretentsioren bat lortzeko borondatea azaltzen duenean.

b) Alderdi demandatuak ez badu epe barruan aurkezten erantzuna, Auzitegiak jarduketetan aurrera jarraituko du, baina omisio hori ez da hartuko alderdi demandatzaileak alegaturiko egitateekiko amore emate edo onarpen gisa.

c) Alderdietakoren bat ez bada entzunaldira agertzen edo frogarik ez badu aurkezten, Auzitegiak jarduketetan aurrera jarrai dezake, eta laudoa eman, eskura dituzten frogetan oinarrituta.

39. artikulua.– Adituak izendatzea.

Bat.– Alderdiek kontrakorik erabakitzen ez badute, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak, ofizioz edo alderdietakoren batek eskatuta, aditu bat –edo gehiago– izenda dezake gai jakin batzuei buruz hark bere irizpena eman dezan, eta alderdietako edozeini agindu diezaioke adituari behar den informazio guztia eman diezaiola, aztertu beharreko dokumentu guztiak eman diezazkiola edo dokumentu haiek eskuratzeko behar dena eman diezaiola.

Bi.– Alderdiek kontrakorik erabakitzen ez badute, aditu batek eskatzen duenean edo Arbitrajeko Auzitegiak beharrezkotzat jotzen duenean, aditu orok, bere irizpena aurkeztu ondoren, entzunaldi batean parte hartu behar du, eta bertan Auzitegiak, baita alderdiek ere, bere kabuz edota beste aditu batzuen laguntzaz, galdekatu egin ahal izango dute.

Hiru.– Aurreko apartatu horietan ezarritakoa gorabehera, alderdiek, beren artean kontrakoa erabaki ezean, berek askatasunez izendatutako adituen irizpenak aurkeztu ditzakete.

40. artikulua.– Ondorioak.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak, alderdiei frogen aldia bukatu dela jakinarazten dienean edota, frogarik ez badago, erantzun-idazkia jaso eta berehala, hamabost egun igaro baino lehen beren ondorioak aurkezteko eskatuko die prozeduran parte hartzen duten alderdi guztiei.

Bi.– Nolanahi ere, Auzitegiak, egoki baderitzo, alderdiei deitu diezaieke eta bildu, ondorioak hobeto ulertzeko, eta, behin ondorioak aurkeztuta, agerraldi batera deitu, ahozko defentsa egin dezaten.

41. artikulua.– Hobeto arbitratzeko eginbideak.

Bat.– Alderdien ondorioak ezagututa, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak ofizioz, eta salbuespen gisa, beharrezko iruditzen zaizkion frogak egin ditzake, horiek egiteko dauden arrazoiak azalduta. Froga horiek egiteko epea hamabost egunekoa da, eta, epe hori luzatzeari dagokionez, erregelamendu honen 37. artikuluaren bosgarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko da.

Bi.– Frogak, egin ondoren, alderdiei helaraziko zaizkie, horien emaitzaz ondorio berriak formulatu ahal izan ditzaten hamar eguneko epean. Nolanahi ere, jarduketa berri horietan ere, berdin-berdin begiratu behar dira berdintasun-printzipioa, entzuna izatearen printzipioa eta kontraesanarena.

42. artikulua.– Prozeduraren amaiera.

Bat.– Ondorioak aurkezteko epea igarota, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak laudoa eman behar du, Arbitrajeko abenduaren 23ko 60/2003 Legean, 11/2011 Legean (60/2003 legea aldatu zuen) eta erregelamendu honetan ezarritako arauen arabera.

Bi.– Arbitraje-jarduketetan alderdiak ados jartzen badira eztabaida osoa edo haren zati bat bukatzeko, Arbitrajeko Auzitegiak bukatutzat emango ditu jarduketak alderdiek adostutako puntu horietan, eta, bi alderdiek eskatzen badute eta Arbitrajeko Auzitegiak ez badu motiborik ikusten horren aurka jartzeko, itun hori laudo gisa jasoko du, alderdiek hitzartuta bezalaxe. Laudo horrek auziaren muinaz emandako beste edozein laudoren eraginkortasun berbera du.

Hiru.– Kasu hauetan ere, jarduketak bukatzeko aginduko du Auzitegiak:

a) Alderdi demandatzaileak atzera egitea demandan, salbu demandatua kontra agertzen bada eta Auzitegiak interes legitimoa aitortzen badio auzia behin betiko konpontzeari dagokionez.

b) Jarduketak bukatutzat ematea erabakitzea alderdiek.

c) Auzitegiak ikustea ez dela beharrezkoa edo ezinezkoa dela jarduketetan aurrera jarraitzea.

Lau.– Artikulu honetan aurreikusitako kasuetan, Auzitegiak prozeduraren amaierara arteko gastuei buruzko erabakia hartuko du.

Bost.– Jarduketak amaituta, amaitu egiten da Auzitegiak prozedurako dokumentazioa gordetzeko duen obligazioa, eta dokumentazio hori Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari bidali behar dio, artxiba dezan. Bi hilabeteko epean, alderdietako edozeinek berak aurkezturiko dokumentuak itzultzeko eskatu diezaioke Goren Kontseiluari. Kontseiluak onartu egingo du eskaria, eskatzaileak bere gain hartzen baditu bidalketa-gastuak.

43. artikulua.– Laudoaren baldintzak.

Bat.– Laudoa emango da, eta laudoak hauek adierazi behar ditu gutxienez: alderdi bakoitzaren inguruabarrak, laudoa ematen den tokia, arbitrajepean jarritako arazoa, egindako frogen zerrenda laburra, alderdien alegazioak eta arbitraje-erabakia, baita gastuak ere, eta haiek nori dagozkion.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, laudoa idatziz dagoela irizten zaio haren edukia eta sinadurak jasota geratzen direnean eta geroago elektronikoki, optikoki edo beste era batera kontsultatu daitezkeenean.

Bi.– Laudoa arrazoitu egin behar da, arbitrajea zuzenbidekoa izan edo ekitatekoa izan, ez baldin bada, behintzat, alderdiek hitzartutakoaren arabera emandako laudoa.

Hiru.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitro guztiek sinatu behar dute laudoa. Laudoarekin ados ez dagoenak kontrako iritzia eman dezake, eta, hala badagokio, arrazoiak eman.

Lau.– Hasierako edo errekonbentzioko demandaren erantzuna aurkezten denetik edo hura aurkezteko epea bukatzen den egunetik sei hilabete igaro baino lehen ebatzi behar du auzia Arbitrajeko Auzitegiak emandako laudoak. Alderdiek kontrako erabakirik hartu ezean, Auzitegiak luzatu egin dezake epe hori, bi hilabete gehienez ere eta erabakia arrazoituta betiere. Aurreko hori gorabehera, epea luzatu egingo da erregelamendu honen 19. artikuluan aurreikusitako aldi baterako etenaldietan, aldi baterako etenaldiak irauten duen beste.

Bost.– Alderdiek kontrako erabakirik hartu ezean, epea behin betiko laudoa eman gabe bukatzeak ez die eragingo behin betiko laudoaren eraginkortasunari eta baliozkotasunari; hala ere, horrek ez du kentzen Auzitegiak bere erantzukizunari aurre egin behar izatea, erantzukizunik badu behintzat.

44. artikulua.– Jakinaraztea eta protokolizatzea.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak erregelamendu honen 13. artikuluan ezartzen den edozein eratan jakinarazi behar die laudoa alderdiei, berariaz ezartzen den epean.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiak, ofizioz, edo alderdietako edozeinen eskariz eta hark kostuak bere gain hartzen baditu, laudoa protokolizatzea erabaki dezake, jakinarazpena egin aurretik.

45. artikulua.– Laudoa zuzentzea, argitzea eta osatzea.

Bat.– Laudoa jakinarazten denetik hamar egun igaro baino lehen –alderdiek beste epe bat hitzartu dutenean izan ezik–, alderdietariko edozeinek, beste alderdiari jakinarazita, hauek eskatu diezazkioke Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiari:

a) Kalkuluko, kopiako eta tipografiako akatsak edo antzeko beste edozein akats zuzentzeko.

b) Laudoaren puntu bat edo zati jakin bat argitzeko.

c) Laudoa osatzeko, egindako eskariei eta bertan erabaki gabekoei dagokienez.

d) Laudoaren gehiegikeria partziala zuzentzeko, baldin eta erabakiak hartu badira erabakitzeko aurkeztu ez diren gaien edo arbitrajepean jarri ezin diren gaien gainean.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiak hamar eguneko epean erabaki behar du akatsak zuzentzeko eta puntuak argitzeko eskariei buruz, eta hogei eguneko epean, berriz, osatzeko eta gehiegikeriak zuzentzeko eskariari buruz; aurrez beste alderdiei entzun behar die betiere.

Hiru.– Laudoa ematen denetik hamar egun igaro baino lehen, Auzitegiak ofizioz egin ditzake Bat apartatuan aipatutakoak: hutsak zuzendu, argibideak eman, osatu behar dena osatu eta gehiegikeriak zuzendu.

Lau.– Erregelamendu honen 43. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar zaie Auzitegiak laudoa zuzendu, argitu eta osatzeko hartzen dituen erabakiei.

46. artikulua.– Deuseztatze-akzioa.

Bat.– Laudoa bakarrik deuseztatu daiteke deuseztatze hori eskatzen duen alderdiak hau alegatu eta frogatzen duenean:

a) Arbitraje-hitzarmenik ez dagoela edo ez dela balioduna.

b) Ez zaizkiola behar bezala jakinarazi espedientean egin diren jarduketak, edota bere eskubideak ezin izan dituela baliarazi zeinahi arrazoirengatik.

c) Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak beraren eskuetan jarri gabeko gaiak ebatzi dituela.

d) Arbitraje-prozedura ez dela izan alderdiek hitzartutakoaren araberakoa –salbu hitzarmen hori Arbitrajeko 60/2004 Legearen edo lege hori aldatzen duen 11/2011 Legearen aginduzko arauetako baten kontrakoa denean– edota, halako hitzarmenik ezean, ez dela bete lege horiei jarraituz.

e) Arbitrajeko Auzitegiak arbitrajepean jarri ezin diren gaiei buruz erabaki duela.

f) Laudoa ordena publikoaren aurkakoa dela.

Bi.– Kasu guztietan, 60/2004 Legean ezarritakoarekin bat izapidetu behar da deuseztatze-akzioa (60/2004 Legea 11/2011 Legeak aldatu zuen). Edonola ere, demandarekin batera honako hauek aurkeztu behar dira: uzia justifikatzeko agiriak, arbitraje-hitzarmena, laudoa eta praktikatu nahi diren frogabideak.

Hiru.– Laudoa deuseztatzeko akzioaz arduratzeko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Penaleko Salak du.

47. artikulua.– Laudoaren ondorioak.

Laudo irmoak gauza epaituaren ondorioak ditu, eta haren kontra deuseztatze-akzioa bakarrik balia daiteke, edo berrikustekoa, epai irmoentzat 1/2000 Legean ezarritakoaren arabera.

48. artikulua.– Inskribatzeko moduko erabakiak laudo bidez deuseztatzea.

Bat.– Inskribatzeko moduko erabaki bat deusez deklaratzen duen laudoa Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu behar da.

Bi.– Aurkaratutako erabakia Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta badago, laudoak, gainera, inskripzioa ezereztea ekarriko du, bai eta harekin bat ez datozen geroztiko idazpenak ezereztea ere.

Hiru.– Kasu horietan, deuseztatutako idazpenei dagokienez alderdiek egiten dituzten komunikazio eta eskarien kontra egin gabe, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak ofizio bat bidaliko dio Euskadiko Kooperatiben Erregistroari, eta laudoa komunikatuko dio, laudoa bete dadin.

49. artikulua.– Laudoa betetzea.

Erregelamendu honetan araututako arbitraje-prozeduran parte hartzen duten alderdi guztiek onartu eta obeditu egiten dute prozedura horren ondoriozko laudoa, eta beharturik daude hura betetzera.

50. artikulua.– Arbitraje-laudoak eta -ebazpenak nahitaez betearaztea.

Arbitraje-laudoak eta arbitraje-ebazpenak ematen diren lekuko lehen auzialdiko epaitegiak du haiek nahitaez betearazteko eskumena, 1/2000 Legearen 545. artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

IV. KAPITULUA
PROZEDURA LABURTUA

51. artikulua.– Kasuak.

Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko lehendakariak, alderdi batek eskatuta edo ofizioz, arbitrajea kapitulu honetan araututako prozedura laburtuaren arabera izapidetzea erabaki dezake, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

a) Alderdi biek berariaz eskatzea.

b) Auzitan den zenbatekoa hamar mila (10.000) eurotik gorakoa ez izatea.

c) Indarren dagoen legediak araututako esparruaren barruan, informazio-eskubideaz baliatzeko asmoa baino ez izatea.

d) Konpontzen zailak edo konponezinak diren kalteak saihesteko asmoz prozedura honi jarraitzea aholkatzen duen premia ikustea, zenbatekoa edozein delarik ere.

52. artikulua.– Arbitro bakarra.

Kapitulu honetan araututako prozeduraren arabera egiten diren arbitrajeen izapidetzea eta ebazpena Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitroetako bati esleituko dio Auzitegiko lehendakariak.

53. artikulua.– Arbitraje-eskabidea.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari aurkeztutako eskabide baten bitartez abiarazten da prozedura laburtua, eta eskabide horrek honako hauek jaso behar ditu:

a) Erregelamendu honen 7. artikuluan xedatutakoaren araberako arbitraje modalitatea.

b) Erregelamenduaren 30. artikuluan exijitutako informazioa.

c) Demanda-idazkia, Erregelamenduaren 36. artikuluan aurreikusitako moduan, uzien oinarri diren dokumentu eta froga-elementuak jasoko dituena eta prozeduran zehar aldatu edo zabaldu ezin direnak, bai eta, hala badagokio, aurkeztu ezin izan diren baina ezinbestekoak diren froga-elementuen proposamena; Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak erabaki ahal izango ditu elementu horiek.

Bi.– Arbitrajea eskatzen duen alderdiak, eskabidea paperean egiten badu, alderdi demandatu adina kopia aurkeztu beharko ditu demandarenak eta aurkeztutako dokumentuenak.

Hiru.– Beste alderdia galdekatu edo lekuko bidezko froga baliatu nahi bada, Arbitrajeko Auzitegiko arbitroak erabaki beharko du froga-elementu horiek bidezkoak diren.

Lau.– Alderdi demandatzaileak, lekuko bidezko froga proposatzen badu, proposatutako lekukoak aurkeztu beharko dizkio Auzitegiko arbitroari, arbitroak froga hori egiteko izendatutako leku, egun eta orduan. Betebehar berbera du alderdi demandatuak hain justu ere demandari erantzutean berak proposatzen dituen lekukoei dagokienez.

Bost.– Edonola ere, lekuko bidezko froga proposatuz gero, bai demandatzaileak eta bai demandatuak ere, honako hauek adierazi behar dituzte: arbitrajepean jarritako auzigaiko egitateen eta lekukoen artean zer harreman dagoen, eta proposamena egiten duen alderdiak zer arrazoi direla-eta uste duen bere deklarazioa onartu egin behar dela.

54. artikulua.– Onarpena.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko idazkaritza nagusi teknikoaren eskabidea jasotakoan, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko lehendakariak erregelamendu honen 51. artikuluan aurreikusten den kasuren bat den eta aurreko artikuluan eskatutakoa betetzen den aztertuko du, eta dagokion erabakia hartuko du, gehienez ere hamar eguneko epean, eskabidea Arbitrajeko Auzitegian sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

Bi.– Arbitrajea prozedura laburtuaren arabera bideratzea erabakitzen badu lehendakariak, alderdiei jakinaraziko zaie, erabakia hartu eta gehienez ere hamar eguneko epean.

Hiru.– Lehendakariak erabakitzen badu arbitrajea ez bideratzea prozedura laburtuaren bidez, horren berri emango dio eskatzaileari aurretik araututako epeen barruan, eskatzaileak hala badagokio prozedura arruntaren bidez izapidetzea eska dezan. Hamar eguneko epea izango du horretarako.

55. artikulua.– Errekonbentzioa.

Bat.– Alderdi demandatuak, komenigarri iruditzen bazaio, errekonbentzioa baliatu dezake idatziz, demandatzailearen aurka beste uzi edo pretentsio batzuk formulatuz, baldin eta loturarik bada errekonbentzioko uzien eta demanda nagusiko uzien artean. Idazki hori Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitroari bidali behar zaio, zitazioa jaso eta hamabost eguneko epean, eta, betiere, ikustaldirako aurreikusitako eguna baino hamar egun lehenago. Hala egin ezean, ez aurkeztutzat joko da.

Bi.– Arbitrajeko Auzitegiari zuzendutako errekonbentzio-idazkiarekin eta horiekin batera aurkeztutako dokumentuez gain, kopiak aurkeztu behar dira –zenbat alderdi demandatu diren, hainbeste kopia–, baldin eta paperean egiten bada.

Hiru.– Errekonbentzioa egin duen alderdi demandatuak bere errekonbentzioa oinarritzeko baliatuko dituen frogak proposatzeko eta aurkezteko, prozedura honetan demanda nagusiarekin zerikusia duten frogetarako ezarritako arau eta erregela berberak bete behar dira.

Lau.– Errekonbentzio-idazkia jasotakoan, arbitroak beste zitazio bat bidaliko die alderdiei, hasieran aurreikusitakoaren berdina dena edo ez; baina, nolanahi ere, beste zitazioa baino hamar egun geroago izango da, gehienez ere. Nolanahi ere, alderdi demandatzaileari igortzen zaion zitazio berriarekin batera errekonbentzio-idazkiaren eta erantsitako dokumentuen kopia igorriko zaizkio, paperean aurkeztu badira.

Bost.– Errekonbentziorik bada, alderdi demandatzaileak egoki deritzona azaldu ahal izango du errekonbentzio horretan jasotako uziari dagokionez, bai eta froga-elementuez baliatu ere, baldin eta, eskabide-agirian jaso ez arren, egokitzat jotzen baditu eta Auzitegiko arbitroak bidezkotzat jotzen baditu. Proposamena egiten duen alderdiari dagokio ikustaldi-ekitaldian elementuok aurkezteko betebeharra.

56. artikulua.– Ikustaldia eta froga.

Bat.– Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitroak zitazioa igorri beharko die alderdiei, arbitroa onartzeko eta izendatzeko ebazpena jaso eta gehienez ere hamabost eguneko epean, prozesuaren ikustaldia egiteko, eta frogak bidezkoak diren ala ez adieraziko du. Bestalde, alderdi demandatuari adieraziko dio ezen, zitazioa jaso eta hurrengo zazpi eguneko epean, eman egin behar dituela demandatuak berak aurkeztu ezin dituen eta arbitroak ikustaldirako zitatu beharko dituen pertsonen izenak, hain justu alderdi edo lekuko gisa deklara dezaten edo espedientera sar daitezen. Horretarako, alderdi demandatuak zitazioa eta errekerimendua gauzatzeko beharrezko diren datuak eta inguruabar guztiak emango dizkio Auzitegiko arbitroari.

Bi.– Alderdi demandatuaren zitazioari arbitraje-eskabidearen edukiaren eta erantsitako dokumentuen kopia erantsi behar zaio, halako eskabide eta dokumenturik badago eta paperean aurkeztu badira.

Hiru.– Ikustaldian, alderdiek adierazi beharko dute, ordenaren arabera, zer asmo duten eta euren eskubideen arabera zer komeni zaien; horren ondoren, Auzitegiko arbitroak egokitzat jo dituen eta alderdiek bidezkotzat jo eta aurkeztu dituzten frogak egingo dira, eta dokumentuak espedienteari batuko zaizkio.

Lau.– Froga onartzen bada, Auzitegiko arbitroak ikustaldian froga hori egiteko beharrezkoa dena xedatuko du. Zitazioa igortzen denetik gehienez ere hogeita hamar eguneko epearen barruan egin behar da izapide hori.

Bost.– Salbuespenez eta arrazoiak azalduz, beharrezko jotzen dituen beste froga batzuk egitea erabaki dezake arbitroak, baita adierazitako epea luzatzea ere. Kasu horretan, edo unean bertan egin ezin diren frogak onartzen badira, horiek egiteko epea ezin izango da hamar egunetik gorakoa, ikustaldia amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, salbu eta, Auzitegiko arbitroak arrazoitutako erabakiaren ondorioz, epe hori luzatzea beharrekotzat jotzen bada.

Halaber, aipatutako frogak egin behar badira, Auzitegiko arbitroak, egindako ikustaldi-ekitaldian, hurrengo ikustaldia egiteko data adieraziko du; eta, ikustaldi horretan, lehenengoaz geroztik egindako frogak egin edo aztertuko dira.

Sei.– Frogak egin ostean, Auzitegiko arbitroak hitza emango die alderdiei, ahoz eta labur azal ditzaten ondorioak. Emaitza akta batean jasoko da, eta bertaratzen diren pertsona guztiek sinatuko dute. Akta horren kopia bat emango zaie bertaratutako alderdiei, eta, hala badagokio, beste kopia bat igorriko zaie bertaratu ez direnei, bost eguneko epean. Ikustaldia eta horren akta formatu elektronikoan jarri ahal izango da, Auzitegiko arbitroak hala erabakitzen badu.

Zazpi.– Alderdi demandatua ez bada azaltzen ikustaldira, horrek ez du eragotziko arbitraje-prozedurak aurrera egitea, ez eta auzigaia Auzitegiko arbitroaren ardurapean jartzea; eta azaldu ez dena demandatzailea bada, demandan atzera egin duela pentsatu behar da.

57. artikulua.– Laudoa.

Bat.– Ondorioak entzun ostean, Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko arbitroak ikustaldian bertan eman dezake laudoa, edo gehienez ere hamabost eguneko epean, ikustaldia amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bi.– Alderdiek kontrako erabakirik hartu ezean, arbitroak, arrazoituta eta auzitan den kasuko inguruabarrak kontuan hartuta, luzatu egin dezake laudoa emateko epea; hamar egunez luza dezake, gehienez ere.

58. artikulua.– Arau osagarriak.

Kapitulu honetan berariaz araututa ez dauden prozedura honi buruzko gai guztietarako, osagarri gisa, erregelamendu honetan prozedura arrunterako eta arbitraje-laudorako ezarritako arauak aplikatu behar dira.

V. KAPITULUA
ARBITRAJEKO GASTUAK

59. artikulua.– Arbitraje-zerbitzuaren doakotasuna.

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren arbitrajearen administrazioa doakoa da entitate horren osoko bilkurak urtero erabakitzen duen zenbatekoraino. Zenbateko hori eta haren aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiaren webgunean argitaratuko dira, guztiek jakin dezaten. Doakoa ez den guztia alderdiek ordaindu behar dute, laudoan ezarritakoaren arabera.

Bi.– Laudoan, halaber, erabakia hartuko da arbitraje-jardunari berari ez dagozkion baina behar bezala justifikatuta dauden gastuei buruz eta, hala badagokio, jakinarazpenen ondoriozkoei, frogak egiteak sortzen dituenei eta egiten den beste edozeini buruz. Halaber, laudoak alderdien ordezkarien ordainsariak ere zehaztu ditzake, halakorik badago.

Hiru.– Dena den, alderdiek inolako ordainketarik egin behar baldin badute, Arbitrajeko Auzitegiari egingo diote zuzenean.

60. artikulua.– Gastuen banaketa.

Bat.– Alderdi bakoitzak bere eskariz egindako gastuak ordaindu beharko ditu, eta gastu komunak, hainbanatuta, salbu eta Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiak edo arbitroak gastu horietakoren batean fede txarra edo ausarkeria ikusten badu. Kasu horretan, gastuen banaketa Arbitrajeko Auzitegiaren edo arbitroaren irizpidearen arabera zehaztuko da, laudoan.

Halaber, doakotasun-printzipioaren salbuespen gisa, fede txarraren kasuan edo ausarkeria-kasuetan, Auzitegiak erabaki dezake bere esku-hartzearen kostua alderdi kondenatuak ordaintzea. Kostua Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak kalkulatuko du, indarrean diren ordainsarien tarifen arabera.

Alderdiek egindako gastuak banatzeari eta Auzitegiaren edo arbitroaren esku-hartzearen kostua doakoa izateari dagokionez, fede txarra eta ausarkeria, azaldutako egitateetatik eta erreklamatutakoaren oinarrietatik ez ezik, erreklamatzen diren kontzeptuak edota zenbatekoak neurriz kanpokoak izatetik ere etor daiteke.

Bi.– Prozeduran atzera eginez gero, erabaki horren ondorioz Auzitegiak emango duen ebazpenak zehaztuko du gastuen banaketa, aurreko Bat apartatuan ezarritako arauen arabera, salbu eta alderdiek elkar hartuta besterik adosten ez badute.

Hiru.– Prozedura eteten bada, banaketa behin-behinekoa izango da, prozedura laudo bidez amaitzen ez den bitartean. Laudoak behin betiko banaketa ezarri ahal izango du, behin-behinekoaren berdina edo bestelakoa, salbu eta alderdiek elkar hartuta besterik adosten ez badute.

61. artikulua.– Ordainsariak.

Euskadiko Kooperatiba Arbitrajeko Auzitegiko kideen ordainsariak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak erabakiko ditu, osoko bilkuran.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erregelamendu hau Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren osoko bilkurak aldatu ahal izango du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenengoa.– Erregelamendua baino lehen hasitako prozedurak.

Erregelamendu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak aurreko erregelamenduari jarraituz bideratuko dira.

Bigarrena.– Prozedura telematikoak izapidetzea.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak espedienteak euskarri informatikoan izapidetzeko baliabide tekniko guztiak izan arte, oraindik gaituta ez dauden baliabideei dagokienez, paperezko euskarrian izapidetzeko ezarritakoa aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Euskal Kooperatiben Gatazkak Ebazteko Prozeduren Araudia, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak 2012ko urtarrilaren 19ko osoko bilkuran onartutakoa (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2012ko otsailaren 16a, 34. zenbakia) eta organo berak partzialki erreformatutakoa 2013ko abenduaren 13an (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2013ko maiatzaren 9a, 88. zenbakia). Indargabetuta geratzen dira, halaber, horien ondorioz sor daitezkeen arau, akordio eta izendapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Argitaratzea.

Erregelamendu hau, behin Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren osoko bilkurak onartuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, bai eta Goren Kontseiluaren webgunean ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Erregelamendu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar egunera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 1a.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria,

PATXI XABIER OLABARRIA FURUNDARENA.


Azterketa dokumentala