Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2023ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4479

EBAZPENA, 2023ko irailaren 15ekoa, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordearena, Osasun Sailean Euskara Planaren egitura sortu eta abian jartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskararen Erabilera Arautzeko 10/1982 Oinarrizko Legea euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko esparru giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko eta euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskaintzeko. Horrez gain, bere 5.2 artikuluaren arabera, euskal herritarrei funtsezko hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkie gizarte-bizitzako esparru guztietan.

Alde horretatik, beharrezkoa eta onuragarria da hizkuntzaren normalizazioa arlo sozioekonomikoko sektorearen esparru guztietan. Administrazioari dagokionez, bere hizkuntzaren inguruko araudia du, eta, legeak betearaztea ez ezik, legeak betetzea ere badagokio. Administrazioa gizarte gero eta elebidunago baten zerbitzura dago, eta horrek badu eragina Administrazioko langileen egunerokoan, Administrazioak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu behar baititu. Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluek ezarritakoaren arabera, erakunde bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar du, eta bost urteko iraupena duten plangintzaldiak ezartzen dira.

Halatan, Eusko Jaurlaritzak oro har, eta Jaurlaritzaren sailek eta erakunde autonomoek zehazki, Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Plangintzaldiari ekingo diote (2023-2027). 2023ko ekainean Eusko Jaurlaritzak VII. Plangintzaldirako gidalerroak izeneko dokumentua argitaratu du, zeinak Plangintzaldiaren lan-ildoak markatzen baititu. Dokumentuaren 4. atalean, erakundean hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko egitura bat sortzea ezinbestekoa dela ezartzen da, ganorazko kudeaketa bat egingo bada, zeharkako egitura eraginkor batek soilik berma baititzake emaitza onak. Hori guztia horrela izanik, VII. Plangintzaldiarekin batera, plana eraginkorra izate aldera, euskara batzordeak sortzea erabaki du Osasun Sailak.

Ildo beretik, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriak ere erabateko garrantzia ematen dio erakunde publikoek hizkuntza kudeatzeko egitura propio bat izateari. Aipatutako ziurtagiria erreferente bilakatu da erakunde publikoen hizkuntza kudeaketaren arloan; halatan, Osasun Sailak administrazio-unitateak Bikain ziurtagirira aurkezteko erabaki estrategikoa hartu zuen 2023ko martxoan.

Ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuak, hots, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duenak (EHAA 132.zk. 2023ko uztailaren 12koa), euskararen kudeaketaren aitortza-sistema arautzen du, esparru sozioekonomiko pribatuko zein sektore publikoko erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko xedez.

Halaber, aipatutako dekretu hori ñabartzen du Hizkuntza Politikarako sailbururordearen 2023ko uztailaren 14ko Ebazpenak, hain zuzen ere erakunde publikoetan Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio-prozesuaren nondik norakoak garatzen dituenak. Ebazpen horretan jasotzen den bezala, Kudeaketa eta Erabilera Markoa Euskararen Normalizaziorako (KEMEN) sistema izango da Bikainen ardatza datozen urteotan. Eredu horrek puntuazio-sistema zehatz bat du, eta puntuazio bidez ebaluatzen da erakundeak hizkuntza kudeatzeko duen egitura, hain zuzen ere «kudeaketa» ardatzeko Euskararen Kudeaketa Orokorra atalean.

Ondorioz, Osasun Saileko euskararen kudeaketa-sistema eraberritzeko bide-erakusle dira VII. Plangintzaldirako gidalerroak eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren sistema berria. Horiek horrela, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoa bete nahirik eta nire karguaren ahalmenez baliaturik, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Osasun Sailean euskararen erabilera kudeatzeko hiru egitura osatuko dira: Osasun Sailean Euskara Normalizatzeko Goi Mailako Batzordea, Osasun Sailean Euskara Normalizatzeko Jarraipen Batzorde Betearazlea eta egoitza bakoitzeko Euskara Batzordea. Ebazpen honen eranskinean zehazten dira batzorde bakoitzaren ezaugarriak eta funtzioak.

Bigarrena.– Osasun Sailean Euskara Normalizatzeko Goi-Mailako Batzordea izango da hizkuntza-normalizazio gaietan erakundeak izango duen organo gorena. Erabaki estrategikoak hartzeko foroa izango da, eta honako hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Osasuneko sailburua.

– Bokalak: Osasuneko sailbururordea; Administrazioko eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea; Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria, eta Osasun Saileko Zuzendaritza Batzordeak euskara-gaietarako izendatutako ordezkaria.

– Idazkaria: Osasun Saileko Euskara Zerbitzuko koordinatzailea (hitza bai, botorik ez).

Hirugarrena.– Osasun Sailean Euskara Normalizatzeko Jarraipen-Batzorde Betearazleak, bere aldetik, aurreko atalean zehaztutako Goi Mailako Batzordeak erabakitakoa betetzea izango du eginkizun. Oro har, saileko zuzendariek eta lurralde-ordezkariek osatutako batzordea izango da, eta nork bere ardurapeko atalean bete beharko du Goi Mailako Batzordeak ezarritako bide-orria. Horrez gain, batzordeak tarteko erabakiak hartzeko gaitasuna izango du eta, zehazki, honako kide hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Administrazioko eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea.

– Batzordeburuaren ordezkoa: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria.

– Bokalak: Saileko zuzendari guztiak, lurralde-ordezkari guztiak eta Osasun Saileko Zuzendaritza Batzordeak euskara-gaietarako izendatutako ordezkaria.

– Idazkaria: Osasun Saileko Euskara Zerbitzuko koordinatzailea (hitza bai, botorik ez).

– Idazkariaren ordezkoa: Arabako Lurralde-ordezkaritzako hizkuntza-normalizazioko teknikaria.

Laugarrena.– Osasun Saileko egoitza nagusi bakoitzak (hiru lurralde-ordezkaritzek eta Lakuako egoitzak, hain zuzen) euskara-batzorde bana izango du. Batzorde horiek langilez eta arduradunez osatutako talde operatiboak izango dira eta, egoitzak duen egoera linguistikoaren diagnostiko partekatutik abiatuta, euskararen erabilera areagotzen saiatuko dira. Horrela, batzordeko kideetako bakoitzak nork bere unitate administratiboaren edo eragin-esparruaren gaineko informazioa emango du lantaldean, baita batzordean hartutako erabakien bidez unitatean eragiten saiatu ere. Era berean, euskara-batzordeek norabide bikoitzean jardungo dute elkarlanean Jarraipen Batzorde Betearazlearekin: euskara-batzordeek proposamenak aurkeztu ahal izango dizkiote Jarraipen Batzorde Betearazleari; aldi berean, Jarraipen Batzorde Betearazleak eginkizunak eman ahal izango dizkie euskara-batzordeei.

Bestalde, lurralde-ordezkaritzen eta Lakuako egoitzaren ezaugarri eta egitura operatiboak ezberdinak direnez, osaera ere ezberdina izango da.

Lurralde-ordezkaritzetako osaera:

– Batzordeburua: Lurralde ordezkaria (edo hark izendatutakoa).

– Bokalak: Osasun Publikoko zuzendariordea (edo hark izendatutakoa), zerbitzuetako arduradunak (edo haiek izendatutakoak), eta laborategiko burua (edo hark izendatutakoa).

– Idazkaria: hizkuntza normalizazioko teknikaria (HNT).

Lakuako osaera:

– Batzordeburua: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria edo hark izendatutakoa (ezin da HNTa izan).

– Bokalak: Osasun Saileko Zuzendaritza Batzordeak euskara-gaietarako izendatutako ordezkaria, zuzendaritza bakoitzeko ordezkari bana (zuzendariak eta HNTak adostutakoa); zuzendariordeak dituzten zuzendaritzetan, zuzendariordea lehenetsiko da.

– Idazkaria: hizkuntza normalizazioko teknikaria (HNT).

Bosgarrena.– Osasun Saileko Euskara Zerbitzua arduratuko da hiru mailetako batzordeen arteko koordinazio, informazio-transmisore eta bitartekaritza lanaz. Halaber, Euskara Zerbitzuak idazkaritza tekniko gisa jardungo du hiru batzordeetan.

Seigarrena.– Legealdi bakoitzaren hasieran, euskara-gaietarako ordezkaria hautatuko du Osasun Saileko Zuzendaritza Batzordeak, Saileko kargudun eta arduradunen artetik. Ordezkari horrek bitartekaritza-lanak egingo ditu Zuzendaritza Batzordearen eta Euskara Zerbitzuaren artean, betiere Saileko kargudunek euskara-kontuetan dituzten betebehar, erantzukizun eta ardurei kalterik eragin gabe.

Zazpigarrena.– 2023ko abenduaren 31rako batzordea osatuta eta lehen bilera eginda izan beharko dute ebazpen honetan aipatutako batzorde guztiek.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 15a.

Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea,

NEREA URIEN AZPITARTE.

ERANSKINA
OSASUN SAILEAN EUSKARAREN ERABILERA KUDEATZEKO EGITURAK: EZAUGARRIAK ETA FUNTZIONAMENDUA

1.– Osasun Sailean Euskara Normalizatzeko Goi Mailako Batzordea.

Izaera: Sailean euskararen normalizazio-gaietarako organo gorena da. Erabaki estrategikoak hartzeko foroa izango da, eta batzorde honek ezarriko du euskara-kontuetan Sail osoak jarraitu beharreko bide-orria.

Xedeak:

– Sailak hizkuntza-normalizazioari buruzko erabaki estrategiko nagusiak hartzea.

– Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusiari jarraituz, Osasun Sailari dagokion Plan Estrategikoa aztertu eta onartzea.

– Hizkuntza-eskubideen, Bikain ziurtagiriaren eta hizkuntza-normalizazioaren arloan Osasun Saila uki ditzaketen gaien inguruko erabakiak hartzea.

– Euskara-planen eta normalizazio-neurrien gaineko erabakiak ikuspegi orokor batez hartzea.

– Unean-unean sor daitezkeen eta Osasun sailean eragina izan dezaketen hizkuntza politikako gainontzeko kontu garrantzitsuez arduratzea.

Osaera:

– Batzordeburua: Osasuneko sailburua.

– Osasuneko sailburuordea.

– Administrazioko eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea.

– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria.

– Zuzendaritzak euskara-gaietarako izendatutako ordezkaria (hitza bai, botorik ez).

– Idazkaria: Euskara Zerbitzuko koordinatzailea (hitza bai, botorik ez).

Zereginak:

– Osasun Saileko eragin-esparruari dagozkion hizkuntza politikako erabakiak hartu.

– Erabakiak azpiko batzordeei jakinarazi (Jarraipen Batzorde Betearazlea eta euskara batzordeak).

– Saileko Euskaren plan estrategikoa onartu eta oniritzia eman ebaluazioei (tarteko ebaluazioari zein amaierako ebaluazioari).

– Osasun arloari dagokionez, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen direla ziurtatu, eta hala ez bada horiek bermatzeko erabakiak hartu.

– Osasun Saileko unitateak Bikain ziurtagirira aurkezteko prozesua gidatu.

– Hizkuntza-normalizazioko elkarlana sustatu eta egikaritu Osasun arloko beste erakundeekin.

– Kanpaina eta ekimen berezituetan (Euskaraldia, Euskaraz Barra-barra...) parte hartzeko erabakiak hartu.

– Unean-unean sor daitezkeen eta Osasun saila uki ditzaketen hizkuntza politikako gainontzeko kontu garrantzitsuez arduratu.

Funtzionamendua:

– Kide guztiek izango dituzte hitza eta botoa, idazkariak eta euskara-gaietarako ordezkariak izan ezik. Berdinketa izanez gero, batzordeburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

– Kideen hizkuntza-gaitasunak ezinezko egiten badu euskara lan-hizkuntza izatea, euskararen presentzia bermatuko da agiri guztietan.

– Urtean behin bilduko da.

2.– Osasun Sailean Euskara Normalizatzeko Jarraipen Batzorde Betearazlea.

Izaera: Euskara Normalizatzeko Goi Mailako batzordeak hartutako erabaki estrategikoak praktikara eraman eta egikaritzeko egitura da, zuzendari eta lurralde-ordezkarien mailakoa.

Xedeak:

– Goi Mailako Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzea, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarriz.

– Saileko euskararen normalizazioaren gaineko pisuzko erabakiak proposatzea Goi Mailako Batzordeari.

– Goi Mailako Batzordeak hartutako erabakien transmisioa egitea sailean.

– Goi Mailako Batzordeak erabakitako helburu estrategikoen inguruko neurriak ikuspegi orokor batez hedatzen direla bermatzea.

– Informazio-gunea izateaz gain, tarteko erabakiak hartzeko lantaldea ere izango da.

– Unean-unean sor daitezkeen hizkuntza normalizazioko lehentasunezko gaiez arduratzea.

Osaera:

– Batzordeburua: Administrazioko eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea.

– Batzordeburuaren ordezkoa: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria.

– Saileko zuzendari guztiak.

– Lurraldeko-ordezkariak.

– Zuzendaritza Batzordeak euskara-gaietarako izendatutako ordezkaria.

– Idazkaria: Euskara Zerbitzuko koordinatzailea (hitza bai, botorik ez).

– Idazkariaren ordezkoa: Arabako Lurralde-ordezkaritzako hizkuntza-normalizazioko teknikaria.

Zereginak:

Euskara-planetako neurriak behar bezala garatzeko eta horien eraginkortasuna bermatzeko:

– Erabakiak hartu, betiere Goi Mailako Batzordearen irizpideei jarraituz.

– Proposamenak egin Goi Mailako Batzordeari.

– Normalizazio-neurriak ezarri eta gauzatu.

– Euskara planen jarraipenak egin.

– Euskara planen neurri zuzentzaileak adostu.

– Normalizazio-neurriak ardurapeko zuzendaritzan/ordezkaritzan komunikatu.

– Batzordekide bakoitzak bere ardurapeko zuzendaritzaren/lurralde-ordezkaritzaren egoera eta helburu espezifikoen betetze-mailaren berri emango du batzordeko saioetan: inplementazio-faseari dagozkionak, betetze-maila, jarraipena, etab.

– Sailaren euskara plan estrategikoari dagokionez, planaren diseinuaz arduratu eta berau onartzeko proposamena egin Goi Mailako Batzordeari.

– Zuzendaritzetako eta Lurralde-ordezkaritzetako planei dagokienez, planen diseinuaz arduratu eta planak ebaluatzeko irizpide amankomunak ezarri.

– Saileko euskara-politiken gidalerroak eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak aztertu, landu eta zehaztu.

– Sailean euskararen erabilera areagotzeko sustapen-kanpainak bultzatu.

Funtzionamendua:

– Kide guztiek izango dute hitza eta botoa, idazkariak eta euskara-gaietarako ordezkariak izan ezik. Berdinketa izanez gero, batzordeburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

– Kideen hizkuntza-gaitasunak ezinezko egiten badu euskara lan-hizkuntza izatea, euskararen presentzia bermatuko da agiri guztietan.

– Gutxienez bilera bi urteko.

3.– Euskara Batzordeak.

Lau euskara batzorde izango ditu sailak: bana hiru lurralde-ordezkaritzetan, eta beste bat Lakuan. Tokian tokiko egoitzetako arduradun eta langilez osatutako talde operatiboak izango dira euskara batzordeak, saileko hizkuntza-normalizazioaren eguneroko motorra. Azken batean, egoitza bakoitzeko HNTaren sustengu-taldea izango da batzordea, erabat beharrezkoa Sailean euskararen erabilera areagotzeko, talde-lanaren bidez soilik baitira lorgarri hizkuntza-normalizazioko erronkak.

Xedeak:

– Goi Mailako Batzordearen zein Jarraipen Batzordearen bide-erakusle lanak egitea.

– Batzordekideek norbere zuzendaritza/unitateari dagozkion arazoak, esperientziak eta proposamenak partekatuko dituzte euskara batzordean, egoera zehatzei aterabidea eman eta sailaren/ordezkaritzaren egoera orokorra hobetze aldera.

– Tokian-tokiko egoitza uki dezaketen hizkuntza-normalizazioko unean-uneko gaiez arduratzea.

Zereginak:

– Planetarako adierazleak proposatu eta horien datuak eskuratzen lagundu HNTari, jarraipenean lagundu, neurri zuzentzaileak proposatu eta egikaritzen lagundu, Euskaraldirako ekintzak proposatu eta garatzen lagundu, etab.

– Batzordekideek sail barneko transmisio-lanetan lagunduko dute, Jarraipen Batzordean zein tokiko euskara batzordean hartutako erabakiak langile guztiengana irits daitezen.

– Konpromiso eta erantzukizun partekatua izango dute batzordekideek: batzordearen erabakiak ezin izango dira euskara-planaren kontrakoak izan, eta ezingo dituzte planaren helburuak gutxitu edo ahuldu.

– Lurralde-ordezkaritzetako euskara batzordeek aurreko urteko kudeaketa-planen txostena aurkeztuko diete lurralde-ordezkaritzako zuzendaritza kontseiluei, organo horien urte hasierako bilera batean.

– Jarraipen Batzorde Betearazlean lantzeko gaiak proposatu.

Funtzionamendua:

– Bilerak: aurrez-aurrekoak eta Teams bidezkoak. Gutxienez bat hiruhileko, edota hortik gora, beharren arabera.

– Euskara batzorde bakoitzak gehienez 11 kideko parte-hartzaile kopurua izango du.

– Euskara izango da batzordearen lan-hizkuntza.

Batzordea osatzeko irizpideak:

– Lakuako/ordezkaritzetako zuzendaritzen/zerbitzu desberdinen presentzia eta partehartzea bermatuko da.

– Euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izateko helburu nagusia partekatuko duten kideen artean, izaera desberdinen arteko oreka mantenduko da (diskurtso desberdinak, adin desberdinak, gizon-emakumeen arteko oreka, etab.).

3.1.– Euskara batzordeen osaera.

Alabaina, euskara batzordeen egitura ez da berbera izango. Hiru lurralde-ordezkaritzek egitura bera izango dute, eta Lakuak beste bat. Izan ere, ezberdinak dira lurralde-ordezkaritzen eta Lakuako egoitzaren ezaugarri eta egitura operatiboak eta, ondorioz, osaerak ere ezberdinak izango dira.

3.1.1.– Lurralde-ordezkaritzetako euskara batzordeak.

Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko euskara batzordeak 11 kide izango ditu, eta honako hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: lurraldeko ordezkaria edo hark izendatutako kidea (HNTa ez).

– Osasun Publikoko zuzendariordea edo hark izendatutakoa.

– Zerbitzuetako arduradunak edo langileak (guztira 7).

– Laborategiko burua edo hark izendatutakoa.

– Idazkaria: HNTa.

Hautapen-irizpideak:

– Irizpide estrategikoen arabera hautatuko dira euskara batzordeetan parte hartuko duten zerbitzuetako arduradunak edo langileak, betiere pertsona horiekin aldez aurretik adostuta.

– Aurreko irizpideak huts eginez gero, zerbitzu edota administrazio-unitateetako taldekideen artean adostuko da nor izango den atalaren ordezkaria.

– Bigarren irizpideak huts eginez gero, lurralde-ordezkariak hautatuko ditu zerbitzuetako ordezkariak.

Funtzionamendua:

– Batzordeburuak egingo ditu bilera-deiak.

– Idazkaria aktak egiteaz eta gai-ordena lantzeaz arduratuko da.

– Euskara izango da lan-hizkuntza.

3.1.2.– Lakuako Euskara Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Lakuako egoitzako Euskara Batzordea:

– Batzordeburua: Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria edo hark izendatutako kidea (HNTa ez).

– Zuzendaritza-batzordeak euskara-gaietarako izendatutako ordezkaria.

– Zuzendaritza bakoitzeko langile bana.

– Idazkaria: HNTa.

Hautapen-irizpideak:

– Zuzendaritza bakoitzean, irizpide estrategikoen arabera hautatuko da ordezkaria, beti ere pertsona horrekin aldez aurretik adostuta; hautapen-prozesuan, adostasunera heltzen saiatuko dira zuzendaria eta HNTa.

– Zuzendariordea duten zuzendaritzan, zuzendariordearen parte-hartzea lehenetsiko da.

– Aurreko irizpideek huts eginez gero, zuzendaritzako langileen artean adostuko dute zein izango den haien ordezkaria.

– Azken bide horrek huts eginez gero, zuzendariak hautatuko du zuzendaritzako ordezkaria.

4.– Batzordeen arteko koordinazioa.

Osasun Saileko Euskara Zerbitzuak egingo ditu hiru mailetako batzordeen arteko informazio-transmisore eta bitartekari lanak. Izan ere, Euskara Zerbitzuak idazkaritza tekniko gisa jardungo du hiru batzordeetan.

Euskara Zerbitzuko koordinatzailea arituko da Goi Mailako Batzordeko zein Jarraipen Batzordeko idazkari. Ondorioz, figura horrek bermatuko du bi batzordeen arteko transmisioa, baita batzordeon eta euskara batzordeen artekoa ere: bai gotik beherakoa, baita behetik gorakoa ere.


Azterketa dokumentala