Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2023ko irailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
4404

EBAZPENA, 2023ko irailaren 14koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez igotzen baita 2023ko ekitaldirako ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen deialdiaren ekintza humanitarioko proiektuen modalitatera bideratutako hornidura ekonomikoaren zenbatekoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2023ko martxoaren 23ko ebazpenaren bidez (apirilaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 72. zk.), 2023ko ekitaldirako ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak deitzen dira.

Ebazpen horren I.A. eranskineko 2. artikuluaren arabera, ekintza humanitarioko proiektuen modalitatera bideratutako hornidura ekonomikoa 4.750.000 eurokoa da.

Era berean, Garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak ezartzen duenez, norgehiagoka-prozeduran aurreikusitako horniduran esleitu ez den soberakina ondorengo laguntza-modalitatera bideratu ahalko da.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2023ko uztailaren 26ko ebazpenaren bidez (abuztuaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 163. zk.), 2023. urterako ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen deialdiko ekintza humanitarioko estrategien modalitatea ebazten da, 3.916.057,87 eurotan, horietatik 1.958.028,94 euro (% 50) 2023ko aurrekontuaren kargurako lehen ordainketetara bideratzeko; beraz, gainerako 41.971,06 euroak esleitu gabe geratuko dira, eta ekintza humanitarioko proiektuen modalitatera esleituko dira.

Era berean, 2023ko apirilaren 4ko Gobernu Kontseiluak kreditu orokorra diruzaintzako gerakinen kargura handitzea erabaki zuen, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren kreditu-beharrak estaltzeko, 2023ko ekitaldian, hartara Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari transferentzia korrontea areagotu dakion, 1.000.000 eurotan. Hala, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Kontseiluak 2023ko apirilaren 3ko bileran Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egokitu eta onartu du 2023rako, eta, ezarri denez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari egin beharreko transferentzia korrontearen milioi bat euroko igoeratik 500.000 eurotan handituko da ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen deialdiko ekintza humanitarioko proiektuen modalitatearen hasierako zenbatekoa.

Deialdiaren zenbatekoa igota, baliabide ekonomiko gehiago eman nahi zaizkio ekintza humanitarioko proiektuen lerro ireki eta iraunkorrari, uste baita aukera emango duela eraginkortasunez erantzuteko egungo mundu-mailako ziurgabetasunaren igoeraren eta haren ondorioz elikagaiak eskuratzeko orduan egondako krisiaren eragina bortizki jasaten ari diren testuinguru humanitarioei.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 541.971,06 eurotan igotzea ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak deitzen dituen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren 2023ko martxoaren 23ko ebazpeneko I.A. eranskineko 2. artikuluan aurreikusitako zenbatekoa, eta, hala, 4.750.000 eurotik 5.291.971,06 eurora pasatzea.

Bigarrena.– Baliabide hauek ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen deialdiko ekintza humanitarioko proiektuen modalitatean jasotako eskariak finantzatuko dituzte, baldin eta diruz lagungarriak izateko 90/2019 Dekretuan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte eskabideak egiteko ireki zen hasierako unetik, norgehiagoka-prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; beraz, beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako presidenteari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 14a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala