Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2023ko irailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4400

EBAZPENA, 2023ko irailaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azpeitiko (Gipuzkoa) Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Azpeitiko Udalak, 2023ko maiatzaren 8an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Azpeitiko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia jasotzen zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikulua aplikatuta, 2023ko uztailaren 11n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Azpeitiko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horren gaineko interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea bukatuta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Azpeitiko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera; edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Azpeitiko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plana Azpeitiko HAPOko Landeta 18 HE eremuan kokatzen da, hain zuzen ere hirigunearen hegoaldean, Ibaieder ibaian gora, jarduera ekonomikoetarako dauden lurretan. Azpeitiko HAPOaren zonakatze globalaren arabera, Landeta 18 HE eremua «Globala B.10 Industria Eremu Komuna» eremuan sartzen da, baina industrialdean bizitegi-erabilerako hainbat orban daude. Landeta 18 HE eremuak 292.179 m2-ko poligono bat osatzen du. Eremu degradatua da, nabe abandonatu asko dituena; ez dago aparkatzeko lekurik eta arazoak daude leku berean etxebizitzak eta tailerrak daudelako, eta uholde-arriskua dagoelako ere bai.

Planak 18 HE eremuaren iparraldeari soilik eragiten dio, hain zuzen, 42.945 m2-ko azalera hartzen du (18 HE eremuaren % 14,7). Helburua da aipatutako iparraldeko eremuaren antolamendu xehea eta kudeaketa bultzatzea, hirigintza-kalitatea hobetzen lagunduko duten eta etorkizunean eremu osoa berroneratzea bultzatuko duten proposamenak plantea daitezen.

Horrez gain, planaren xedea ere bada Uraren Euskal Agentziak eremuko uholde-arazoak konpontzeko aurreikusten dituen esku-hartzeei lege-euskarria ematea. Horretarako, «Azpeitiko udalerrian Urola, Ibaieder eta Errezil ibaien uholdeetatik babesteko proiektua» idazteko agindu zuen. Proiektu horrek hainbat esku-hartze aurreikusten ditu planaren xede den eremuaren ondoko ibai-zatian.

Planak bere egiten ditu Azpeitiko HAPOko Landeta 18 HE eremurako ezarritako helburu orokorrak, eta, bereziki, iparralderako, honako hau proposatzen du:

– Eraikinak ordezteko gehieneko lerrokadurak zehaztea, etorkizunean bideak zabaltzeko.

– Antolamenduz kanpokotzat jotzea eta CNC-92ko eraikinak eta Arretxe 1eko eta 5eko etxebizitza-eraikinak kentzea proposatzea, eremuaren hegoaldean (CNC-92 eraikinak okupatutako eremua) aparkaleku bat eraikitzeko lurzoruak izateko, eta poligonoko erdiko bidea hobetzea, zeina egun etxebizitza-blokeek hartuko dutela baitirudi.

– Saihesbidearen ondoko bidean dagoen hego-ipar noranzko bakarrari eustea, eta ordezkapenerako gehieneko lerrokadurak soilik proposatzea.

– Erdiko bidearen zirkulazioa antolatzea, eta hegoaldean bi zirkulazio-noranzko izan ditzan proposatzea, aparkaleku berriak hobeto funtziona dezan. Horretarako, alde horretan bi noranzkoak kendu beharko lirateke, izan ere, nabeen fatxaden arteko zabalera oso txikia baita.

– Kudeaketarekin, URAk aurreikusitako ibilguaren handitzea ahalbidetzea eta, hori lortzeko, Mármoles Aramendi nabearen zati bat eraistea proposatzea.

– Lau kudeaketa-eremu zedarritzea, ekimen pribatuko bi eta publikoko beste bi, eremuaren antolamendua hobetu ahal izateko.

– Ibaiarekiko paraleloa den ibilbide bat definitzea, ingurumenaren aldetik eremua hobetzeko.

– 18.c JI eta 18.d JI jarduketa integratuko eremuen hirigintza-eraikigarritasuna zehaztea.

Helburu horiek lortzeko, hauxe proposatzen du planak:

– Mantentzen diren eraikinetarako ordezkapen-lerrokadurak ezartzea. «Plangintzarekin bat ez datozenak» gisa hartuko dira eraikin horiek, eta, etorkizunean, ordeztu egin ahal izango direnez, lehendik dauden bideak handitzeko aukera egongo da.

– Bizitegi-erabilerarentzat gogaikarrienak diren jarduerak bizitegi-eremuetatik urrunago dauden beste eremu batzuetara lekualdatzeko erabilerak arautzea, eta debekatzea etorkizunean ezarri eta lehendik dauden jarduera gogaikarriak zabal daitezen.

– 18.a ZPE (3.226,37 m2) zuzkidura publikoaren egikaritze-eremua: eremura sartzeko bideen konfigurazio berria zehaztu da, 56 aparkaleku-plaza dituena. Hori lortzeko, antolamendutik kanpo geratu dira garai batean CNC-92k okupatzen zuen eraikina eta beste bi etxebizitza-eraikin Arretxe 1 eta Arretxe 5. Ez da eraikigarria.

– 18.b ZPE (367,46 m2) zuzkidura publikoaren egikaritze-eremua: URAk ibilgua handitzeko beharrezkoak direla aurreikusitako lursailak libre uzten dira (16,07 m2), Mármoles Aramendiko nabearen zati bat eraitsiz. Ibaiertzeko pasealeku bat (54,65 m2) eta bidearen azalera bat (296,74 m2) zehazten dira, 12 aparkaleku-plazarekin.

– 18.c JI jarduketa integratuko eremua (6.459,93 m2): bat dator HAPOak definitutako 18.4 ZE eremuarekin eta lehen Gambil enpresak okupatutako eraikinekin. Bertan dauden eraikin guztiak antolamenduz kanpokotzat jotzen dira. Lurzati pribatu eraikigarria 3.621 m2-ra murrizten da, eta HAPOan esleitutako eraikigarritasunari eusten zaio.

– 18.d JI jarduketa integratuko eremua: (3.966,16 m2): HAPOak proposatutako 18.2 JI azpieremuarekin bat dator, eta mugak URAk proposatutako ibilguaren zabalkuntzara egokitzen ditu. Ibilgua handituko duten lurren ondoan pasealeku bat egitea proposatzen da. Lurzati eraikigarria 1.697,46 m2-koa da; HAPOan zehaztutako eraikigarritasunari eutsi zaio.

Aztertutako alternatibak kontuan hartuta, planak 3 antolamendu-aukera jasotzen ditu, «0» edo «esku ez hartzekoa» delakoaz gain. Planaren ezaugarriak direla eta, ez da beste kokapenik aurreikusi.

– 0 alternatiba egungo egoera mantenduta sortutako egoera da, inolako esku-hartzerik egin gabe. Alternatiba hori baztertu egin da, eremuko arazoei heldu behar zaielako.

– 1. alternatiba bat dator indarrean dagoen HAPOak aurreikusitako antolamenduarekin, eta bi jarduketa proposatzen ditu soilik (18.2 JI azpieremuan eta 18.4 ZE zuzkidura-eremuan); haatik, ez die inolako erantzunik ematen eremuan planteatutako degradazio- eta uholde-arazoei, eta, beraz, baztertu egiten da alternatiba hori.

– 2. eta 3. alternatibak planaren eremuetarako antolamendu-alternatiba desberdinak dira. 2. alternatibari dagokionez (zeina aukeratua izan eta goian deskribatutakoaren arabera garatzen baita), 3. alternatiba honako honetan bereizten da, bereziki: saihesbidearen ondoko bidea definitzeko garaian eta erdiko bidearen eta ibaiaren ondoko bidearen zirkulazioaren noranzkoei dagokienez, biek aukera ematen badute ere eremuan dauden arazoei aurre egiteko.

Ingurumen-dokumentu estrategikoan egindako ingurumen-balorazioaren arabera, 2. eta 3. alternatiben proposamenek modu egokian egiten diete aurre eremuko ingurumen-arriskuei eta hirigintza-arazoei, baina 2. alternatibak (aukeratua) 3.ak baino modu eraginkorragoan konpontzen ditu hautemandako arazo zehatzak (etxebizitzak/tailerrak aldi berean egoteko arazoak, hiriaren kalitate txikia, bideak txikiak izatea, abandonatutako nabe ugari egotea, aparkaleku-defizita eta eremuaren uholde-arriskua).

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: planaren antolamendu-eremua industria-erabilerako hiri-lurzoru bat da, nagusiki, Azpeitiaren hiri-bilbean kokatua. Planak 18 HE eremuaren iparraldeko eremuaren antolamendu xehea eta kudeaketa bultzatzen ditu, Azpeitiko HAPOaren zehaztapen orokorrei eutsiz. Zehazki, eraikinen gehieneko lerrokadurak birdefinitu eta lau jarduketa-eremu zehazten ditu, bideei dagokien espazioa berrantolatzeko eta eraikin berriak egiteko. Era berean, Uraren Euskal Agentziak eremuko uholde-arazoak konpontzeko aurreikusi dituen esku-hartzeetara egokitu da. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta –zeina behin betiko onartzen den «Azpeitiko udalerrian Urola, Ibaieder eta Errezil ibaien uholdeetatik babesteko proiektua»n hartutako irtenbide teknikoetara egokitu beharko baita–, esan daiteke proiektu horrek ez diela ingurumen-ondorio aipagarririk ekarriko beste plan edo programa batzuei. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: plana gauzatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta eragin-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari, uholde-arriskuari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta ziurrenik eragina jasan duen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Azpeitiko HAPOko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeari dagokio, 42.945 m2-ko azalera duena.

Eremuan, nagusiki, industriak daude. Azpeitiko hirigunearen hegoaldean dago, Ibaieder ibaiak mugatzen du ekialdean, GI-631 errepideak mendebaldean, Landeta hiribideak hegoaldean eta Arretxe kalearen zati txiki bat iparraldean, zeinak eremua ixten duen eta hegoalderantz luzatzen den. Hala, eremua inguratuta geratzen da ibaiarekin paraleloan.

Espazio hori artifizializatuta dago, eta ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik oso degradatuta dago. Bertan, abandonatutako nabe asko daude, ez dago aparkatzeko leku nahikorik, arazoak sortzen dira etxebizitzak eta tailerrak batera egoteagatik, bai eta bideengatik ere, ez baitute egoten den trafikoa hartzeko gaitasunik, eta inguruan uholde-arriskuko arazoak daude.

Planaren eraginpean zuzenean dagoen eremua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako eremu babestua edo natura interesekoa ere. Era berean, ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta plana garatzeak eragin diezaiekeen kultura-ondareko elementurik ere; halaber, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntu edo lekuekin.

Litologia bat dator lurrazaleko deposituekin, hau da, Urolaren ibilguaren ondorioz metatutako material alubialekin, eta iragazkortasun ertaina dute porositateagatik. Dagoen antropizazioa aintzat hartuta, nagusiki orografia laua daukaten lurzoruek ez daukate gaitasun agrologikorik.

Eremua «Urolako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Planifikazioaren eskumen-eremuei dagokienez, eremua erkidego barruko arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) du haren gaineko eskumena uraren arloan. Eremuaren alderdirik nabarmenena da Ibaieder ibaiarekin egiten duela muga, hura baita eremuko elementu natural esanguratsuena. Tarte horretan, Ibaieder ibaia bideratuta dago.

GeoEuskadin jasotako landarediaren kartografiak planaren eremua barne hartzen du hiriguneetan eta etzeetan (landaredi erruderal-nitrofiloa), eta Ibaieder ibaiaren ertzetan haltzadi kantauriarra identifikatzen du. GeoEuskadiren 2019ko habitaten kartografiak adierazten duenez, Ibaieder ibaian Batasunaren intereseko lehentasunezko habitata (BIH) dago, ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra (91E0*), hain zuzen. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera (aurrerantzean, IDE), eremuan Ibaieder ibaiaren ibilguan bakarrik dago nabarmentzeko moduko landaredia, haltzadi kantauriarrak dituzten gune txikiak daude eremuaren mugako ibilbideko zati batzuetan. Ez da flora mehatxaturik identifikatu, ez eta landaredi inbaditzailerik ere.

Aztertzen ari garen eremuaren ondotik igarotzean, Ibaieder ibaia «interes bereziko eremu» gisa dago kalifikatuta Gipuzkoako lurralde historikoko Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) bisoi europarraren kudeaketa-planean. Gainera, plan hidrologikoak babestutako eremuen erregistroaren barruan dago; izan ere, arrainen bizitza babesteko eremua (ziprinidoak, Ibaeder ibaian, Urola ibaiarekin bat egiten duen arte) eta bisoi europarra babesteko eremua (Mustela lutreola) da. Nolanahi ere, IDEaren arabera, planaren xede den eremuaren izaera gizatiartuak espezie ubikisten presentzia errazten du, gizakiaren presentziara oso ondo egokitu daitezkeenak.

Eremua abifaunaren babes-eremuen barruan dago. Eremu horietan, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talka ez egiteko eta ez elektrokutatzeko neurriak aplikatuko dira. Izarraitz-Azpeitia babes-sektorea (1432/2008 Errege Dekretua, abuztuaren 29koa, abifauna aireko goi-tentsioko linea elektrikoen talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituena, eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Agindua. Horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieak ugaltzeko, elikatzeko, sakabanatzeko eta kontzentratzeko lehentasunezko eremuak mugatu ziren, eta EAEko abifaunaren babes-eremuak argitaratu ziren; horietan, talkaren eta elektrokuzioaren aurka 1432/2008 Errege Dekretuan ezarritako neurriak aplikatuko dira). Azterketa-eremutik behera jarraituta ibilguan, IDEak uhalde-enararen ugalketa-habitata identifikatzen du (Riparia riparia), espezie hori kaltebera gisa katalogatuta dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan.

LAGen azpiegitura berdearen elementuei dagokienez, Ibaieder ibaia bilbe urdinaren barruan sartzen da (ingurune urtar eta hezeen jarraitutasun ekologikoak).

Eremua Azkoitiko ikuseremuan dago (EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoa. EJ. 2005). Ibai-eremuko paisaia industriala da, eta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan EAEko eguneroko paisaiatzat jotzen da, eta balio oso txikia du. Eremua ez da sartzen EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan katalogatutako arroen artean (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Eremuaren egoera akustikoa aldekoa da; izan ere, aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, egungo zein etorkizuneko agertokian kalitate akustikoko helburuak betetzen dira.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, alde batetik, nabarmentzekoa da eremuan «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioa»n sartutako lurzatiak daudela. GeoEuskadiren bisorean eskuragarri dagoen inbentarioaren arabera, honako hauek daude: 20018-00051, 20018-00052, 20018-00053, 20018-00054, 20018-00055, 20018-00056, 20018-00057, 20018-00058, 20018-00059, 20018-00060, 20018-00062, 20018-00063, 20018-00122, 20018-00118, 20018-00117 eta 20018-00142, guztiak industrialak.

Bestalde, Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuari buruzko kartografiaren arabera, planaren eremua bat dator 100 urteko errepikatze-denborako uholdeak har dezakeen eremuarekin, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Gainera, eremuak akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun-maila handia du.

Beste arrisku batzuei dagokienez, nahiz eta eremuak muga geoteknikoak dituen uholde-arriskuaren, sostengu-ahalmenaren eta asentu ondorioz, ez da identifikatzen higadura-arriskurik, sismikotasunaren ondoriozko arriskurik, salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskurik edo baso-suteen arriskurik. Klima-aldaketaren ondoriozko arriskuei dagokienez, bi dira kontuan hartzekoak planaren eremurako: bero-boladek gizakien osasunarengan eta ibai-uholdeek hiri-ingurunean eragindako inpaktuak.

Deskribatutakoa kontuan hartuta, planaren garapenak izan ditzakeen ondorio posibleak honako hauekin lotuta daude: aurreikusitako eraispenak (industria-eraikin eta -instalazioak), eremuaren berrurbanizazioa eta eraikin berriak eraikitzea. Hala, lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira, lurrak mugituko dira eta soberakinak sortuko dira, makinak joan-etorrian ibiliko dira, lurrazaleko, lurpeko eta lurzoruetako urak kaltetzeko arriskua egongo da ustekabeko isurketengatik, isuri atmosferikoek eta akustikoek herritarrei enbarazu egingo diete, eta abar, eta hori guztia guztiz hiritarra den eremu batean.

Planak ez du Ibaieder ibaiaren eta haren ibaiertzen (bideratuak) gaineko jarduerarik aurreikusten, eta, beraz, ez da zuzeneko eraginik aurreikusten horren ondorioz, ez ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarrak (91E0*) identifikatutako azaleretan, ez bisoi europarrarentzat interes berezia duen eremuan.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailetan egindako esku-hartzeei jarraipen berezia egin beharko zaie, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudea daitezen.

Proposatzen diren jarduketen izaera eta horietatik eratortzen diren eraginak kontuan hartuta, inpaktu horiek txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak, berreskuragarriak eta ez-esanguratsuak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, batez ere natura-ondareari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei dagokiena.

Ustiapen-fasean, a priori, uste da eremuaren berrantolaketak eragin positiboa izango duela eremuen ingurumen-kalitatean, eta, aldi berean, Uraren Euskal Agentziak eremuan uholde-arriskua murrizteko aurreikusitako neurriak ezartzea ahalbidetuko duela.

Nolanahi ere, planaren xedapenak egokitu egin beharko dira azkenean onartzen den «Azpeitiko udalerrian Urola, Ibaieder eta Errezil ibaien uholdeetatik babesteko proiektua» delakoan hartutako zehaztapen eta konponbide teknikoetara, eta proiektu hori gauzatu aurretik garatu beharko da. Zehazki, uholde-arriskuari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Indarrean dagoen planteamenduarekiko planak proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta uholde-arriskuari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Azpeitiko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko hiri-antolamenduko plan bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak esandako planean txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

1.– Identifikatutako arriskuak gutxitzeko edo saihesteko neurriak:

– Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko zenbait kokalekurekin. Horrenbestez, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoaren) 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

– Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Azkoitiko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

– Uholde-arriskua: planetik eratorritako jarduketek kontuan hartu beharko dute indarrean dagoen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian ezarritakoa, batez ere indarrean dagoen Plan Hidrologikoaren araudiaren 45. artikuluan ezarritakoa, bai eta gainerako baldintzak ere (37. eta 39.etik 41.era bitarteko artikuluak). Era berean, kontuan hartuko da EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikuluan adierazitakoa.

– Planaren xedapenak egokitu egin beharko dira Uraren Euskal Agentziaren «Azpeitiko udalerrian Urola, Ibaieder eta Errezil ibaien uholdeetatik babesteko proiektua» delakoan jasotako zehaztapen eta konponbide teknikoetara, Azpeitiko Udalarekin lankidetzan, ARPSI ES017-GIP-URO-02 uholdeen aurka babesteko.

2.– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoa ezertan galarazi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Kamioiek obran sartu eta obratik irteteko erabili beharreko bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira, haltzadi kantauriarraren ezaugarriak lehenetsita.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Azpeitiko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Azpeitiko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Azpeitiko Landeta 18 HE eremuaren iparraldeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 5a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala