Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2023ko irailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
4395

132/2023 DEKRETUA, irailaren 12koa, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluak xedatzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio gazte-politikaren arloko eskumen esklusiboa. Lehendakariaren irailaren 23ko 18/2022 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena), Lehendakaritzari esleitu zitzaizkion gazteriari buruzko eginkizunak.

Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak 9.1 artikuluaren i) apartatuan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenekoak dira nazioarteko jarduerak eta programak eta plaza-trukean dautzan programak.

Era berean, martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean, garapenerako lankidetza bultzatuko du gazteriaren arloan, premia espezifikoei jaramon eginez. Lankidetza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 2021eko uztailaren 29an sinatutako hitzarmenari esker gauzatzen da. Hitzarmenaren xedea da gazteak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzeko ekintzak bultzatzea eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa egitea.

«Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programa Euskadiko gazteak Hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzeko programa bat da eta euskal gazteen artean herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzeko.

Programak, gainera, helburu hauek ditu: Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzea, elkartasunaren balioa sustatzea, eta ekintza horien garapena «in situ» ezagutzeko aukera eskaintzea. Esperientzia hori zabaldu eta osatu egingo da aldez aurretik informazio- eta orientazio-jardunaldi batzuk eginez. Horretarako, Euskadiko garapenerako lankidetzako erakundeek gauzatzen dituzten garapenerako lankidetzako ekintzak eta proiektuak eduki behar dira, dekretu honetan zehazten denaren arabera.

Gainera, programak garapenerako hezkuntza sustatuko du, herrialde pobretuen edo krisi humanitarioen biktimen (hala nola gatazka belikoen) baldintzak eta baldintza horien kausak ezagutzeko; era berean, Euskadin bizi diren gazteek, herritar gisa, herrialde horietako bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko har dezaketen konpromisoa sustatuko du.

Dekretu honen babesean egiten diren laguntza-deialdiak Dirulaguntzen Plan Estrategikoan babestuta egongo dira.

Ondorioz, Lehendakariaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko irailaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA ETA ESKUMENA

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren oinarriak arautzea. Honako jarduera-ildo hauetan zehazten da:

– Garapenerako lankidetzako erakundeei ematen zaizkien dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak, gazteek beren lankidetza-proiektuetan parte har dezaten.

– «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan parte hartzeko gazteentzako laguntzak arautzen dituzten oinarriak.

2. artikulua.– Eskumena.

Gazteria Zuzendaritzako titularrari dagokio dekretu honen babesean emandako dirulaguntzak deitu, eman eta kudeatzea.

II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZAK GARAPENERAKO LANKIDETZAKO ERAKUNDEENTZAT, GAZTEEK LANKIDETZA-PROIEKTUETAN PARTE HAR DEZATEN

3. artikulua.– Proiektuen deialdia.

Kapitulu honetan ezartzen dira lankidetza-erakundeei, norgehiagoka-erregimenean, dirulaguntzak emateko oinarriak, gazteek garapenerako lankidetza-proiektuetan parte har dezaten.

Lankidetza-erakundeek zehaztuko dute zenbat pertsonak parte hartu ahal izango duten beren proiektuan edo proiektuetan, eta, izena emateko eskabidean, dekretu honen III. kapituluan ezarritako prozeduraren arabera hautatutako pertsonek bete beharreko ezaugarriak ezarriko dituzte.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Adierazitako helburua betetzera zuzendutako baliabide ekonomikoak xede horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira, eta horien zenbatekoa deialdiaren ebazpenean adieraziko da.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dekretu honetan ezarritako dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek:

a) Formalki eratuta eta inskribatuta egotea dagokion erregistroan.

b) Estatutuetan berariaz aipatzea bere helburuetako bat hegoaldeko herrialdeak garatzera bideratutako proiektuak gauzatzea dela, edo dokumentu fidagarrien bidez egiaztatzea erakundeak alor horretan gutxienez bi urte daramatzala lanean.

c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra izatea. Xede horretarako, ordezkaritza iraunkortzat hartuko da, dokumentazio bidez egiaztatuz gero, erakundearen sozietate-oinarria duten egitura garrantzitsuak existitzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Kasu horretan, ordezkaritza iraunkorrak bere gain hartzen du eskaera aurkezteko ardura zuzena eta, erakunde onuradun gisa, deialdi honetan zehaztutako konpromisoak onartzen ditu.

e) Ezin izango dute programako dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 3. artikuluetan edo azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeek, besteak beste:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.

– Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta egotea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean egotea.

Baldintza horiek betetzen jarraitu beharko da laguntza-eskaera aurkezten den unetik ematen den dirulaguntza likidatu arte.

6. artikulua.– Proiektuen betekizunak.

Baldintza hauek betetzen dituzten proiektuak onartu ahal izango dira:

a) Subjektu den biztanleriaren pobreziari aurre egiteko estrategiarako egokiak izatea.

b) Koherentzia mantentzea lantzen den arazoaren, hura gainditzeko ezarritako helburuen eta emaitzen eta planifikatutako jardueren artean.

c) Balioztatu daitekeen adierazleak izatea.

d) Bideragarriak izatea espero diren emaitzak lortuko direla bermatzeko.

e) Denboran iraunkorrak diren proiektuak izatea.

f) Genero-ikuspegia txertatzea.

g) Tokiko gaitasunak indartzea.

h) Biztanleria subjektuaren parte-hartzea bermatzea.

i) Giza eskubideak errespetatzea.

j) Ekologikoki jasangarriak izatea.

k) Lankidetza-jarduera dagokion argitaratze-urtean gauzatzea, lankidetza-proiektuaren iraupena, gutxi gorabehera, hiru hilabetekoa izango dela kontuan hartuta.

l) «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan hautatutako gazteak proiektuaren jardueretan behar bezala integratzen direla bermatzea, lankidetza-proiektuen garapenean «in situ» parte hartuz.

7. artikulua.– Proiektuak hautatzeko prozesua.

Hautaketa-prozesuak bi fase ditu.

– Lehenengo fasean, edo aurre-hautaketa fasean, proiektuak aurrez hautatuko dira, gehienez 220 plaza bete arte.

– Bigarren fasean, edo hautaketa-fasean, proiektuak hautatuko dira parte hartzen duten gazteen ezaugarrien arabera, dekretu honen 23. artikuluaren arabera.

8. artikulua.– Proiektuak baloratzeko batzordea.

1.– Proiektuak aztertu, ebaluatu, aurrez hautatu eta hautatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako kide hauek izango dituena:

– Batzordeburua: Gazteria Zuzendaritzako arduraduna edo teknikaria.

– Kidea: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako arduraduna edo teknikaria.

– Idazkaria: Gazteria Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria.

2.– Balorazio Batzordeak proiektuak aurrez hautatuko ditu, hurrengo artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa.

4.– Balorazio Batzordeko kideek ez dute prozeduran parte hartuko, edo errefusatuak izan daitezke urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

5.– Balorazio Batzordearen osaera deialdiaren ebazpenean jakinaraziko da, edo, bestela, Gazteria Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

9. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1.– Proiektuak aurrez hautatzeko, haien arteko konparazioa egingo da, ondoren ezarritako balioespen irizpideen arabera. 60 puntutik gorako proiektuak aurrez hautatuko dira, gehienez ere 220 plaza bete arte. Balorazio Batzordeak honako balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Proiektuaren interes soziala, gehienez ere 30 puntu:

1.– Aurkeztutako proiektuak laguntzen duen Garapen Iraunkorreko Helburu (GIH) bakoitzeko, 3 puntu, gehienez 15 puntu.

2.– Proiektuak gazte lankidea bizi den eta laguntzen duen kolektiboen ahalduntzea sustatzen du (oinarrizko premiak eta behar estrategikoak asetzera bideratutako gaitasunak indartzen ditu, norberaren eta komunitatearen bizitzari buruzko erabakiak hartzeko parte-hartzea bultzatzen du, beste pertsona eta kolektibo batzuekiko artikulazioa sustatzen du, testuinguruaren eta desberdintasunen kausen analisi kritikoa bultzatzen du, beren jardueren erdigunean gizakien eta naturaren zaintza eta ongizatea izango duten proposamen alternatiboen sorrera sustatzen du; 4 puntu, gehienez.

3.– Proiektuak aukera ematen du egoera ahulean dauden kolektiboekin batera bizitzeko eta lankidetzan aritzeko, proiektua garatzen den gizarteari arreta emateko, gehienez 4 puntu.

4.– Proiektua garatzen den inguruneko tokiko, eskualdeko edo estatuko beste GGKE batzuekin edo gizarte-eragileekin parte hartzea aurreikusten da, hautatutako gazteak hobeto integra daitezen sustatzeko eta haien lana sustatzeko: 4 puntu, gehienez.

5.– Proiektua garatzen ari den urte bakoitzeko, 0,5 puntu, gehienez ere 3 puntu.

b) Plazak «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programaren ezaugarrietara egokitzea: 30 puntu, gehienez.

c) Proiektua garatuko den tokian hautatutako gazteak egonaldian zehar izango dituen baldintza materialak, gehienez ere 25 puntu.

d) Proiektuan desberdintasunak ezabatzeko eta genero-berdintasuna sustatzeko jarduketa espezifikoak: 10 puntu, gehienez.

e) Dekretu honen 11.a) artikuluan jasotako gutxieneko orduei dagokienez, prestakuntzako 2 ordu gehigarriko 2,5 puntu emango dira, 5 puntu gehienez ere.

2.– Balorazio Batzordeak beretzat gordetzen du gazte boluntarioentzat gehiegizko arriskua duten herrialdeetan lankidetza-proiektuak ez onartzeko eskubidea.

3.– Erakunde eskatzaileak proiektuaren destinoa aldatzea eskatu ahal izango du ezinbesteko arrazoiengatik, aldez aurretik justifikatuta eta Gazteria Zuzendaritzak onartu ondoren.

10. artikulua.– Hautatutako proiektuen ebazpena.

1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, Gazteria Zuzendaritzako titularrak ebazpen bat emango du eta bertan agertuko da hautatutako proiektu eta plazen zerrenda, bai eta hautatu ez direnena ere. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe erakunde interesdunei berariaz eta banan-banan jakinaraztea.

2.– Ebazpen hori, gehienez ere, sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke goragoko hurrengo organoari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Aurreko atalean aipatutako epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dekretu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte proiektuetan parte hartzeko hautatutako pertsonekin:

a) Proiektuan parte hartzeko hautatutako pertsonari gutxienez 2 orduko prestakuntza ematea lanean hasi aurretik, egin beharreko lanaren jakintzan sakondu eta topatu ditzakeen zailtasunei aurre egiten ikasi ahal izateko.

b) Hautatutako pertsona xede herrialdera iristean harrera egitea eta topagunetik lankidetza jarduera egiten ari den lekuraino eramatea eta laguntzea. Kontaktu-gunearen eta proiektua gauzatzen ari den tokiaren arteko distantzia 100 kilometrotik gorakoa bada, Gazteria Zuzendaritzak bere gain hartuko ditu parte hartzen duten gazteen garraio-gastuak.

c) Gazte boluntarioarekin harremanetan jartzen den momentutik aurrera, eta lankidetza-esperientziak irauten duen bitartean, gazte hautatuaren ostatua, mantenua eta ibilbidearen jarraipena bermatzea.

d) Proiektua exekutatzen den tokitik herrialdetik irteteko lekura eramatea eta laguntzea. Proiektua gauzatzen ari den tokiaren eta irteera-gunearen arteko distantzia 100 kilometrotik gorakoa bada, Gazteria Zuzendaritzak bere gain hartuko ditu parte hartzen duten gazteen garraio-gastuak.

e) Ezohiko egoeretan, boluntarioak istripu edo gaixotasunen bat edukiz gero, esaterako, beharrezko zainketak jasotzeko lekurik egokienera eramateko konpromisoa hartzea eta agintari diplomatiko edo kontsularrak jakinaren gainean jartzea, beharrezkoa izanez gero, boluntarioa aberriratzea errazteko. Boluntarioari jarduera garatzen ari den tokian gelditzea eragozten edo zeharo zailtzen dion egoera larriren bat suertatuko balitz, garapenerako lankidetzaren erakundeak, haren baliabide eta baldintzek ahalbidetzen duten heinean, boluntarioa haren osotasun fisikoa babesteko leku aproposenera eramateaz arduratuko da.

f) Osasun-agintariek nahitaezko edo, hala badagokio, gomendatutako neurriak hartzea, babes indibidualeko edo kolektiboko materialen hornidura barne.

g) Esleitutako jardueran dagoen bitartean boluntarioari gerta dakioken edozein jazoeraren berri ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Gazteria Zuzendaritzari.

h) Hautatutako gaztearen esperientzia amaitzen den egunetik gehienez ere hilabete batera, jardueraren garapenaren memoria bat aurkeztea, nahi izanez gero argazkiekin hornitua.

i) Datu pertsonalen tratamenduari eta babesari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzea.

j) Dekretu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeak behartuta daude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan jasotzen diren eginbeharrak betetzera, eta bereziki:

– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

– Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

– Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

– Dekretu honetan adierazitako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Gazteria Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, programa hau dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein entzutezko material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira.

12. artikulua.– Izapideak.

Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.

13. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Deialdian parte hartu nahi duten erakunde eskatzaileek lankidetza proiektu bat edo gehiago aurkeztu ahal izango dituzte, lankidetza ekintzetan parte har lezaketen gazte boluntarioen profilak zehazten dituztenak. Proiektu bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bitartez egiten bada izapidea, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatuaren bidez egin ahal izango da, edo elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan irisgarri: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren Ebazpenean ezarriko da.

3.– Izapidetzeko jarraibideak eskuragarri dauden administrazio prozeduraren informazio fitxa, zeinaren bidez eskaera formulariora sartzen baita, honela izendatuko da: https://euskadi.eus/servicios/xxx (non xxx prozeduraren kodea den Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-katalogoan).

4.– Sarbidea eta eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

14. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Deialdiaren ebazpenean jasotako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den eskabidea aurkeztu beharko da, jarraian zehazten den dokumentazioarekin batera:

a) Eskaera egin duen erakundeari buruzko datuak:

1.– Estatutuak edo, erakunde motaren arabera, eratzeko eskritura.

Pertsona eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko du. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek zein unetan eta zein organoren aurrean aurkeztu ziren adieraztea.

2.– Erakunde eskatzaileak honako hau egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena:

– Eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapenik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita.

– Dekretu honen 6. artikuluan jasotzen diren dirulaguntzen onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela.

– Helburu berberarekin dirulaguntzak edo diru-sarrerak jaso ez izanaren ziurtagiria.

– Egunean dituela dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Eskaera aurkezteak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete direla automatikoki egiaztatzeko, bai eta dokumentu elektronikoak biltzeko ere, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz; baimen hori berariaz ukatzen denean izan ezik. Kasu horretan, onuradunak dagozkion ziurtagiriak eman beharko ditu, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako instantzia administratiboek egindakoak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren araudiko 22. artikulua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

b) Proiektuari buruzko informazioa:

1.– Hautatutako boluntarioen parte-hartzea izango duten proiektuen deskribapena, xede-herrialdean duen kokapena eta iristeko aireporturik hurbilena, eta proiektua egiten den lekuaren arteko distantzia adierazita.

2.– Garapenerako lankidetzako harrerako erakundearen edo kontra alderdiaren identifikazioa, hala badagokio, laguntza eskatu duen garapenerako lankidetzako erakundearekin duen loturari buruzko dokumentu bidezko froga nahikoa barne.

3.– Proiektuan parte hartzeko hautatutako gaztearen Euskadiko eta helmugako herrialdeko arduraduna den pertsonaren identifikazioa, helbide elektronikoa eta telefonoa.

4.– Proiektuaren interes sozialaren justifikazioa.

5.– Proiektua garatuko den tokian hautatutako gazteak egonaldian zehar izango dituen baldintza materialak.

6.– Proiektuan desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko jarduera espezifikoak.

7.– Egoera sanitarioarekin, sozialarekin, politikoarekin edo programaren garapen normala eten dezaketen beste arrazoi batzuetatik eratorritako egoerarekin lotutako dokumentazioa eta informazioa.

c) Eskatutako gaztearen plazari buruzko dokumentazioa:

1.– Boluntarioak egin beharko dituen zereginen deskribapena.

2.– Titulazio akademikoa, prestakuntza profesionala eta beharrezko diren beste ikasketa batzuk.

3.– Garatu beharreko zereginekin lotuta dauden trebetasun eta gaitasunak.

4.– Kasuaren arabera, hizkuntza baten edo gehiagoren ezagutza.

5.– Kasuaren arabera, egin beharreko lanekin zerikusia duen aldez aurreko esperientzia.

d) Erakundeek, era berean, aurkeztutako proiektu bakoitzean parte hartzeko gazteek izan behar dituzten ezaugarriak adierazi beharko dituzte.

e) Egoera sanitarioarekin, sozialarekin, politikoarekin edo programaren garapen normala eten dezaketen beste arrazoi batzuen inguruko dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango da.

15. artikulua.– Proiektuetarako ordaindutako gastuak.

1.– Hautatutako proiektuan azkenean sartzen den gazte bakoitzeko, laguntza bat emango da egonaldi-, mantenu- eta garraio-gastuak partzialki ordaintzeko. Deialdiaren ebazpenean zehaztuko da zenbatekoa.

Dekretu honen harira dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoaren kalterik gabe, deialdi honen baitako erakunde onuradun bakoitzak ezingo du, inolaz ere, 42 parte-hartzaile onuradunen kopurua gainditu.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Garapenerako lankidetzako erakunde onuradun bakoitzak, hautatutako gaztearen esperientzia amaitzen den egunetik gehienez ere hilabete batera, jardueraren garapenaren memoria bat aurkeztuko du, nahi izanez gero argazkiekin hornitua. Memoria hori «Nire karpeta»ren bidez aurkeztuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Memoriako atal batean, lankide bakoitzaren proiektu bakoitzeko zenbatetsitako kostuaren kalkulua aurkeztuko da, emandako dirulaguntzarekin ordaintzen diren gastuak kontuan hartuta.

Fakturak edo froga-balioa duten beste dokumentu batzuk aurkeztuko dira, ahal bada, eta, ezinezkoa bada, behar bezala justifikatuko da memorian.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa bi zatitan ordainduko da:

– Lehenengo ordainketa: zenbateko osoaren % 60, hautatutako pertsona dagokion proiektura iristen den momentuan.

– Bigarren ordainketa: zenbateko osoaren % 40, boluntarioak proiektuan parte hartu duela justifikatzen duen memoria jaso ondoren, Dekretu honen 16 artikuluan aipatzen den bezala.

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

III. KAPITULUA
GAZTEENTZAKO LAGUNTZAK, EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMAN PARTE HARTZEKO

18. artikulua.– Gazteentzako deialdia.

Kapitulu honetan, gazteek «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programan parte hartzeko deialdiaren arauak ezartzen dira, bai eta hautaketa-prozesua eta parte hartzeko baldintzak ere. Norgehiagoka-araubidearen bidez hautatutako pertsonek gauzazko laguntza bat jasoko dute Dekretu honen 29. artikuluan zehaztutako gastuetarako, programan dauden bitartean.

Proiektuan gauzatu beharreko esperientziak, Dekretu honen II. kapituluaren arabera hautatutakoak, hiru hilabete inguruko iraupena izango du, 32.3. artikuluan jasotako salbuespenezko kasuetan izan ezik, lankidetza-erakunde bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera. Ahal dela, uztailetik aurrera hasiko da esperientzia.

19. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Xede horretara bideratutako baliabide ekonomikoak xede horretarako onartutako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira eta dagokion deialdi-ebazpenean zehaztuko dira.

20. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea deialdiaren ebazpena EHAAn argitaratu aurretik edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Dagokion deialdian zehazten diren urteetan jaioa izatea.

3.– Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.

4.– Bidaiatzen den herrialdeko txertaketa-txartela eguneratuta edukitzea.

5.– Adingabeekin harremana izatea ekarriko duten jarduerak aurreikusten dituen proiektua bada, sexu-arrazoiengatik kondenatua ez egotea. Hori egiaztatzeko, sexu-delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, edo, atzerritarren kasuan, jatorrizko herrialdeak emandako antzeko irismeneko dokumentua. Halakorik ez badago, zigor-aurrekarien ziurtagiria, sexu-delituei buruzko aurrekaririk jasotzen ez duena.

6.– Ezin izango dute programako dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 3. artikuluetan edo azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeek, besteak beste:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea.

– Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta egotea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean egotea.

Baldintza horiek bete beharko dira laguntza-eskaera aurkezten denetik dirulaguntza likidatzen den arte.

21. artikulua.– Hautaketa-prozesua.

1.– Hautaketa-prozesuaren deialdia norgehiagoka bidez egingo da, eta hiru fase izango ditu: aurre-hautaketa fasea, hautaketa-fasea eta informazio- eta orientazio-fasea.

a) Aurre-hautaketa fasean, Dekretu honen II. kapituluan xedatutakoaren arabera aurrez hautatutako proiektuetara gehien egokitzen den profila duten 220 pertsona proposatzen ditu gehienez Batzordeak. Aurrez hautatutako pertsonek bigarren fasean parte hartuko dute.

Batzordeak, gehienez ere, 50 ordezko proposatuko ditu, bigarren fasean parte hartzeko aurre-hautatutako pertsonen uko egiterik balego ere. Uko eginez gero, uko egin duenaren profil bera duen puntuazio handieneko ordezkoa aukeratuko da.

b) Bigarren fasea, edo hautaketa-fasea, aurrez hautatutako pertsonekin elkartzean datza. Topaketa, osasun-baldintzek ahalbidetzen edo gomendatzen badute, hiru egunez egingo da barnetegi-erregimenean, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan, eta derrigorrezkoa izango da. Topaketan zehar, Batzordeak hirugarren fasean parte hartuko duten 100 pertsona hautatuko ditu, gehienez ere, puntuazioaren arabera.

Era berean, gehienez ere 50 ordezko hautatuko dira, uko egiterik balego ere. Norbaitek uko egiten badio, uko egin duenaren profil bera duen eta puntuazio handiena duen ordezkoak ordezkatuko du.

c) Informazioaren eta orientazioaren hirugarren fasea hautatutako pertsonekin elkartzean datza. Topaketa, osasun-baldintzek ahalbidetzen edo gomendatzen badute, bi egunez egingo da barnetegi-erregimenean, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan, eta nahitaezkoa da hautatutako pertsonentzat. Programan parte hartzen duten erakundeek parte hartuko dute jardunaldi horietan, eta hautatutako pertsonei informazioa eta orientazioa emango zaie lankidetzako boluntario gisa integratuko diren garapenerako lankidetza-proiektuei buruz.

Hautatutako pertsonaren batek uko egiten badio informazio- eta orientazio-fasea amaitu ondoren, ordezkoa fase horretan parte hartzetik salbuetsita geratuko da.

2.– Indarrean dauden osasun-neurriak edo unean uneko osasun-gomendioak direla-eta, aurreko atalean jasotako hautaketa-fasean ezin bada pertsona-kopuru jakin bat bildu, Gazteria Zuzendaritzak osasun agintaritza eskudunak ezarritako neurrietara egokituko du hautaketa-prozesua.

Aldaketen berri emango da, dagokion aurrerapenarekin, https://www.gazteaukera.euskadi.eus helbidearen bidez eta informazio-mezu elektroniko bat bidaliz eragindako pertsonaren helbide elektronikora (eskabidean dago eskuragarri).

3.– Artikulu honetako 1.b) eta 1.c) puntuetan jasotako topaketetan parte ez hartzeak hautaketa-prozesutik kanpo uztea ekarriko du.

4.– Topaketa horietan parte hartzeak eragin ditzakeen mantenu- eta ostatu-gastuak Gazteria Zuzendaritzaren kontura izango dira eta horietatik kanpo geratuko dira horretarako eskaintzen diren ibilbideak eta garraiobideak erabiltzen ez dituzten pertsonen joan-etorrien gastuak.

22. artikulua.– Programako parte-hartzaileen Balorazio Batzordea.

1.– Hautaketa-prozesua egiteko, Balorazio Batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Gazteria Zuzendaritzaren arduraduna, batzordeburua izango da, eta, kalitateko botoa izanik, gerta litezkeen berdinketak ebatziko ditu.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako titularrak izendatua.

– Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak proposatutako pertsona bat, Gazteria Zuzendaritzako titularrak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak proposatutako pertsona bat, Gazteria Zuzendaritzako titularrak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatutako hamar pertsona, gehienez, Gazteria Zuzendaritzako titularrak izendatuak.

– Gazteriako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balorazio Batzordea osatuko duten pertsonak izendatzeko, kontuan hartuko da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa.

3.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

4.– Balorazio Batzordearen osaera deialdiaren Ebazpenarekin batera argitaratuko da, edo, bestela, Gazteria Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Garapenerako lankidetza-programak egiten ari diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundeak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatutako eta 1. paragrafoaren arabera izendatutako Balorazio Batzordeko kideek konpentsazio ekonomiko bat jasoko dute Balorazio Batzordean laguntzeagatik. Horretarako, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean xedatutakoa beteko da. Konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa dagokion deialdi-ebazpenean zehaztuko da.

23. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Lehenengo fasean, edo aurre-hautaketa fasean, honako ezaugarri hauek baloratuko dira:

a) Eskatzaileen titulazio akademikoetatik, lanbide kualifikazioetatik eta bestelako ikasketetatik, aurre-hautatutako lankidetza-proiektuei gehien egokitzen zaizkienak, gehienez 30 puntu.

b) Garapenerako-lankidetzarekin lotutako prestakuntza: 20 puntu gehienez.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeetan izandako esperientzia, 20 puntu gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea, 30 puntu gehienez.

Balorazio Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin ahal izango die hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Bigarren fasean, edo hautaketa fasean, honako ezaugarri hauek baloratuko dira:

a) Aurre-hautatutako pertsonaren egokitasuna, burututako dinamiken emaitza aintzat harturik, bai eta, hala badagokio, topaketa horretan egindako elkarrizketa, 50 puntu, gehienez. Gaitasun hauek baloratuko dira:

– Autogestiorako gaitasunak, 20 puntu gehienez: ekimena eta autonomia; malgutasuna; arazoak aztertu eta ebaztea; ikasteko eta negoziatzeko gaitasuna.

– Komunikazio- eta harreman-gaitasunak, 20 puntu gehienez: pertsona arteko komunikazioa; talde-lana; trebetasuna eta zuhurtzia.

– Antolaketa-gaitasunak, 10 puntu gehienez: fidagarritasun teknikoa eta pertsonala; ekimenetan buru izateko gaitasuna; antolaketa eta plangintza.

b) Aurrez hautatutako pertsonaren profila Dekretu honen II. kapituluaren babesean aurrez hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarrietara egokitzea, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia, gehienez ere 50 puntu.

24. artikulua.– Hautaketa-prozesuen ebazpenak.

1.– Aurre-hautaketako fasea ebaztea.

Balorazio Batzordearen aurre-hautaketarako proposamena ikusita, Gazteria Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, hautaketa-fasea egiteko aurrez hautatuak izan diren, ordezkoak eta aurrez hautatu ez diren parte-hartzaileen zerrenda jasoko da, baita fase hori egiteko eguna eta lekua ere.

Ebazpen hori https://www.gazteaukera.euskadi.eus atarian jarriko da ikusgai.

2.– Hautaketa-fasearen ebazpena.

Hautaketa-prozesuaren bigarren fasean aurreikusitako topaketa amaitu ondoren, Balorazio Batzordeak dagokion proposamena egingo dio Gazteria Zuzendaritzako titularrari, eta hark ebazpen bat emango du lankidetza-proiektuetan parte hartzeko hautatutako pertsonen zerrendarekin.

Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko gehienezko epean. Epe hori pasata ez bada ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

Ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke goragoko organo hurrenari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Hautaketa-ebazpena https://www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko da ikusgai.

Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

25. artikulua.– Hautatutako pertsonaren betebeharrak.

Hautatutako pertsonen parte hartzeak programa arautzen duten arauak onartzea dakar.

Garapenerako lankidetza-proiektuetan integratzeko, aldez aurretik, Gazteria Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentu baten bidez, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Dagokion tutoreak emango duen prestakuntza-fasean parte hartzea, helmugako herrialdean esperientzia hasi aurretik.

b) Esleitutako proiektuak eskatzen duen bizimodura moldatzea.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egotea, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari buruz emandako aholku guztiak betetzea.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztea; bertan, bizi izandako boluntario-jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du, eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Egonaldia amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartzea.

g) Urtebeteko prestasuna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituzten sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko.

h) Gutxienez 30 ordu eskaintzea dagokion erakunde tutoreari, lankidea esperientziatik itzuli eta hurrengo 30 egunetan.

i) Aplikatzekoak zaizkion Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak betetzea.

26. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren Ebazpenean jasoko da.

27. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den eskaera-inprimakia betez.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

28. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Aurrez hautatutako pertsonek dokumentu bidez egiaztatu beharko dute edo, bestela, baimena eman ahal izango dute Gazteria Zuzendaritzak datu hauek egiazta ditzan:

– Errolda-agiria.

– Errolda-agiri historikoa.

– Sexu-delituengatiko aurrekaririk ez izatearen ziurtagiria.

– 20.6 artikuluko bigarren atalean ezarritako baldintza betetzen dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

Baimenik ematen ez dutenek prozeduran eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– 20.6.1 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, espedientea kudeatzen duen organoak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez, administrazio-ziurtagiri positiboak eskatuko ditu, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

Aurka enez gero, interesdunak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.

3.– Hautatutako gazteek agiri bidez egiaztatu beharko dituzte inskripzio-eskabidean adierazitako merezimenduak, hautatutako gazteen ebazpena argitaratzen denetik 10 eguneko epean: ikasketak, ikastaroak, esperientzia, hizkuntzak edo 23. artikuluan ezarritako irizpideak egiaztatzeko bestelako dokumentazioa.

29. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Gazteria Zuzendaritzak ordainduko ditu destinoko herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko joan-etorriko bidaia-gastu guztiak, herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaile bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.

IV. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

30. artikulua.– Betekizunak.

Dekretu honetan ezarritako betekizunez gain, dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

31. artikulua.– Zuzenketak.

Deialdiren batean ikusten bada eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren agiriak falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela. Horretarako ebazpena emango da aldez aurretik.

32. artikulua.– Aldaketak.

1.– Gazteria Zuzendaritzaren eta lankidetza erakundearen arteko aurretiazko oniritziarekin, egonaldiaren iraupena aldatu ahal izango da. Kasu horretan, Dekretu honen 15.1 artikuluan aipatutako laguntza proportzionalki murriztuko da.

2.– Egonaldiaren iraupena murriztu ahal izango da parte-hartzailea irten aurretik edo helmugako herrialdean dagoen bitartean. Lehenengo kasuan, parte-hartzaileak emandako plazari uko egin ahal izango dio. Bigarren kasuan, parte-hartzailea nahitaez itzuli beharko da helmugako herrialdetik Euskadira, eta ezezkoa emanez gero, egonaldia eta herrialdetik itzulera parte-hartzailearen kontura eta arriskupean izango dira. Automatikoki baliogabetuko dira ere egonaldirako kontratatutako aseguruak eta bestelako zerbitzuak.

3.– Gazteria Zuzendaritzaren eta lankidetza erakundearen arteko aurretiazko egonaldiaren hasiera aldatu ahal izango da, beti ere urte naturalaren barruan. Beste data batzuetan bidaiatu ezin badu edo bidaiatu nahi ez badu, emandako plazari uko egiten diola ulertuko da.

33. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– II. kapituluan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza edo diru-sarrerekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza edo diru-sarrerekin. Gainfinantzaketatzat joko da helburu berarekin jasotako edozein diru-sarrera. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

34. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa.

Dekretu honetan aurreikusitako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak ez betetzea dirua itzultzeko kausa izango da.

Kasu horietakoren bat dagoela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplika daitezkeen berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duena), azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) ezarritakoari jarraituz.

35. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Dekretu honen babesean egindako deialdietan bildutako datu pertsonalak Datuen Tratamendurako Erregistro batean sartuko dira. Erregistro hori aldez aurretik sortu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Erregelamenduan eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Legean xedatutakoaren arabera, eta Gazteria Zuzendaritza izango da haren arduraduna.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, laguntza hauei honako hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskabidean jasota dauden datu pertsonak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programak.

– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.

– Helburua: «Auzolandegiak» eta «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programetan parte hartuko duten pertsonen datuen kudeaketa.

– Legitimazioa: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua.

– Hartzaileak: Irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak, Europar Batasuneko organoak, Estatuko Administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko beste organo batzuk eta Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Eskubideak: Eskubidea daukazu datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio osagarrian jasotzen diren eskubideak ere.

– Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke gure web orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa1-eu.shtml

Indarrean dagoen araudia:

Datuak babesteko erregelamendu orokorra: (https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf).

– Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: (https://www.boe.es/boe/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673.pdf).

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko irailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala