Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2023ko irailaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4384

90/2023 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita bidaiarien garraioaren arloko informazioa trukatzeko Estatistikako Institutu Nazionalarekin eta Euskal Estatistika Erakundearekin sinatutako hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea bidaiarien garraioaren arloko informazioa trukatzeko Estatistikako Institutu Nazionalarekin eta Euskal Estatistika Erakundearekin sinatutako hitzarmenaren testua. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 15EKO 90/2023 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN, LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BIDAIARIEN GARRAIOAREN GAINEKO INFORMAZIOA TRUKATZEKO

Alde batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburua, Lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren bidez izendatua, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 30eko bileran emandako baimenaren arabera.

Beste aldetik, Carlos Javier Ballano Fernández jauna, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia, urriaren 5eko 835/2022 Errege Dekretuaren bidez izendatua, erakunde horren izenean jardunez, erakundeko lehendakariak eskuordetuta eta eskumenak eskuordetzeko den EINeko lehendakariaren 2022ko urriaren 24ko Ebazpeneko (urriaren 28ko BOE, 259 zk.) aurreneko paragrafoaren 1.f) puntuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Eta bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia, abenduaren 31ko 419/2012 Dekretuaren bidez izendatua, organismo horren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak emandako eskumenak baliatuz eta Gobernu Kontseiluak 2023ko maiatzaren 30ean egindako bilkuran emandako baimenarekin bat etorriz.

ADIERAZTEN DUTE:

Estatistikako Institutu Nazionala eta Euskal Estatistika Erakundea lankidetzan ari dira estatistikako zenbait lanetan. Bi alderdiak pozik daude lankidetza horrekin.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes komuna dute aurrera egiteko autobusez edo metroz garraiatutako bidaiarien kopuruaren eta errepide bidezko bidaiarien garraioan aritzen diren eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresen ezaugarrien gaineko ezagutzan, eta, beraz, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoan errealitate hori ikertzeko jarduera publikoa koordinatzea, alferreko bikoizketak ekiditeko. Izan ere, estatuak eskumen osoa du estatu-asmoko estatistiken gainean, Konstituzioaren 149.1.31 artikuluaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere helburu eta eskumen propioetarako estatistiken gainean, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoz onartutako EAEko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluaren arabera.

Abenduaren 15eko 1110/2020 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2021-2024 Estatistika Plan Nazionalak EINi esleitzen dio bidaiarien garraioaren gaineko estatistika egiteko zeregina, bidaiarien kopuruaren bilakaera aztertzeko asmoz. Estatistika horrek 4 garraio-motari buruzko informazioa ematen du: errepideko garraioa, aireko garraioa, itsas garraioa eta trenbideko garraioa. Aireko eta itsas garraioko datuak Abiazio Zibilak eta Estatuko Portuek ematen dizkiote EINi, hurrenez hurren. Trenbideko garraioari buruzko datuak zuzenean jasotzen dira unitate informatzaileen eskutik, eta, bestetik, errepideko garraioaren datuak bidaiarien garraioari buruzko inkestaren bidez eskuratzen dira.

2023-2026 Euskal Estatistika Planak bidaiarien garraioari buruzko inkesta izeneko eragiketa estatistiko bat sartu nahi du. Eragiketa horren helburua neurri batean bat dator EINek garatzen duen lanarekin, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ardurapean eta Eustaten partaidetza izanik. Gainera, eragiketa estatistikoak aukera emango du garraiobide bakoitzaren erabilera-maila eta garraiobide horiek denboran zehar duten bilakaera aztertzeko. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoak bere eragiketa estatistikoan aplikatzeko behar duen informazioa EINek bidaiarien garraioari buruzko inkestan eskuratzen duena da.

Hitzarmen honen bidez, ikerketa bakarra egin nahi da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, klausuletan zehaztutako akordioetan oinarrituz, halako moldez non, estatistika-planetan ezartzen diren helburuak betetzeko beharrezkoa den informazioa lortuta, estatistika-eragiketen bikoizketak saihestuko diren. Horrek, aldi berean, baliabide publikoak aurreztea ekarriko du.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen denez, hitzarmenak sinatu ahal izango dira administrazio publiko biren edo gehiagoren artean, eta, hitzarmen horien arabera, bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabili ahal izango dira, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko.

Halaber, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 26.r) artikuluan xedatuta dagoenez, Estatistikako Institutu Nazionalari dagokio beste administrazio publiko batzuekin akordioak eta hitzarmenak egitea, agindu zaizkion estatistikei dagokienez. Era berean, arau beraren 41.1 artikuluan honako hau ezartzen da: «Estatuko Administrazioko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek estatistika-eragiketen garapenerako hitzarmenak egin ahal izango dituztela, eragiketa horiek hobetzeko eta eraginkorrak izateko komeni bada edo alferrikako bikoiztasunik eta gasturik ez izateko».

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 3.2 artikuluan ezartzen duenez, Estatuaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dira, bien xedeetarako balioko duten estatistikak aprobetxa ditzaten biek.

Adierazitako guztia oinarri hartuta, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute alderdiek. Hona hemen klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmenaren xedea EINen, Eustaten eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Estatistika Organoaren (aurrerantzean, Estatistika Organoa) arteko informazio-trukerako prozedura ezartzea da.

Truke horretan, alde batetik, bidaiarien garraioari buruz EINek egindako inkestatik jasotako informazioa lagatzen zaie Eustati eta Estatistika Organoari, bidaiarien garraioari buruzko inkesta deritzon eragiketa estatistikoko helburuak betetzeko, Estatistika Organoaren erantzukizunpean eta Eustaten partaidetzarekin. Zehazki, autobusez eta metroz garraiatutako bidaiarien datuak eta errepide bidezko bidaiarien garraioko enpresei buruzko informazioa emango da (azken kasu horretan, enpresen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute).

Bestalde, truke horretan, Eustatek EINi informazioa emango dio jarduera ekonomikoen direktorioa eragiketatik datozen sektoreari buruzko datuen gainean eta Estatistika Organoak hiriarteko garraio erregularrerako Euskal Autonomia Erkidegoan egindako emakiden gainean.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

1.– EINen konpromisoak.

EINek konpromisoa hartzen du honako informazio hau bidaltzeko Estatistika Organoari, Eustaten bidez:

• Euskal Autonomia Erkidegoaren eremurako hileko mikrodatuak, eta lagineko unitateei buruzko datuak. Informazio hau komunikazio-sare seguru baten bidez bidaliko da, EINek bere estatistikaren berri ematen duen egunean, egoeraren araberako estatistiken erabilgarritasunari buruzko egutegiari jarraikiz.

Fitxategian sartu beharreko aldagaiak honako hauek dira:

– Enpresa identifikatzeko aldagaiak:

Ordena-zenbakia, urtea, hilabetea, IFZ, sozietatearen izena, autonomia-erkidegoko kodea, probintziako kodea, udalerriko kodea, posta-kodea, helbidea, telefono-zenbakia, datuak egotzita dauden dioen adierazlea eta igoera-faktorea.

– Honako garraiobide hauetarako bidaiari-kopurua:

Metro bidezko garraioa, hiriko garraio erregular orokorra, hiriko eskola-garraio erregular berezia, hiriko lan-garraio erregular berezia, hiriko lineaz kanpoko garraioa, hiriarteko aldiriko garraio erregularra, distantzia ertaineko hiriarteko garraio erregularra, distantzia luzeko hiriarteko garraio erregularra, hiriarteko eskola-garraio erregular berezia, hiriarteko lan-garraio erregular berezia, hiriarteko lineaz kanpoko garraioa.

– Ordainsari gabeko langileak, ordainsaridun langile finkoak, eta ordainsaridun aldi baterako langileak.

– Honako garraiobide hauetarako sarrerak:

Metro bidezko garraioa, hiriko garraio erregular orokorra, hiriko eskola-garraio erregular berezia, hiriko lan-garraio erregular berezia, hiriko lineaz kanpoko garraioa, hiriarteko garraio erregularra, hiriarteko eskola-garraio erregular berezia, hiriarteko lan-garraio erregular berezia, hiriarteko lineaz kanpoko garraioa.

• Euskal Autonomia Erkidegorako urteko mikrodatuak eta esparruko unitateen identifikazio-datuak, enpresaren identifikazioko aldagaiekin (IFZ, sozietatearen izena, autonomia-erkidegoko kodea, probintziako kodea, udalerriko kodea, posta-kodea, helbidea eta telefono-zenbakia) eta enpresaren tamainari buruzko datuak, soldatapekoen kopuruaren arabera neurtuta.

Hitzarmena sinatzean, EINek Eustatera igorriko du Euskal Autonomia Erkidegoaren eremurako bidaiarien garraioari buruzko estatistikaren esparrua.

2.– Eustaten konpromisoak.

Eustatek konpromisoa hartzen du EINi bidaltzeko, urte bakoitzeko ekainaren inguruan, bidaiarien garraioari buruzko inkestaren esparrua eguneratzeko asmoz, honako behin-behineko informazioa, aribidean den urteko urtarrilaren 1ekoa:

– Direktorioaren urteko eguneraketa: sektoreko enpresen bajak, aldaketak eta altak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

– Identifikaziorako datuak: izena edo sozietatearen izena, IFZ, helbidea, posta-kodea, probintzia, udalerria, telefonoa eta faxa.

– Direktorioa mantentzeko beharrezkoak diren bestelako aldagaiak: jarduera nagusia (EJSN, 4 digitura), langileen kopurua, negozio-kopurua.

3.– Estatistika Organoaren konpromisoak.

Estatistika Organoak konpromisoa hartzen du EINi bidaltzeko, Eustaten bidez, ekainaren inguruan, bidaiarien garraioari buruzko inkestaren esparrua eguneratzeko asmoz, garraio publikoko hiriarteko linea erregularren enpresa emakidadunen identifikazio-aldagaiak (IFZ, sozietatearen izena, probintziako kodea, udalerriko kodea, posta-kodea, helbidea eta telefono-zenbakia), horien emakida foru-aldundien eskumenekoa denean, emakidaren hitzez hitzeko testuarekin eta haren amaiera-datarekin batera.

Hirugarrena.– Sekretu estatistikoa.

Eustatek, Estatistika Organoak eta EINek beren gain hartuko dute informazioaren erantzukizuna, hau da, informazioa norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zainduko dute; are gehiago, eragiketan parte hartzen duten langile guztiek sekretu estatistikoa gordeko dute eta, horrez gain, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte. Era berean, konpromisoa hartzen dute administrazio publikoen artean informazioa trukatzeari buruz indarrean dagoen legeriatik eratorritako beste edozein eskakizun errespetatzeko, bereziki, datu pertsonalak babesteari dagokionez, datu pertsonalen tratamenduan pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea sortzen da. Bertan honako ordezkari hauek ariko dira:

– EINen aldetik:

Egoeraren araberako Estatistiken Zuzendariordetzako titularra.

Garraio Estatistiken arduraduna.

– Eustaten aldetik:

Estatistikaren Produkzio eta Analisirako Zuzendariordetzako titularra.

Alor juridiko-administratiboko arduraduna.

– Estatistika Organoaren aldetik:

Atxikita dagoen Saileko Estatistika Organo Espezifikoaren arduraduna.

Hitzarmen hau interpretatzean edo gauzatzean desadostasun edo eztabaidaren bat sortuko balitz, Jarraipen Batzordeak hartuko luke haren gaineko erabakia. Orokorrean, Jarraipen Batzordearen akordio guztiak aho batez hartuko dira.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez du sortuko sinatzen duten alderdien arteko kontraprestazio ekonomikorik, ezta gasturik ere.

Seigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau alderdien adostasunarekin burutuko da, eta eraginkorra izango da formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean; lau urtez egongo da indarrean. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izatea. Hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik, edozein unetan luzatu ahal izango da hitzarmena berariaz, aho batez hartutako erabakiaren bidez, beste lau urtez gehienez ere. Zortzi urte horiek igaro ondoren hitzarmena azkendu egingo da, eta haren konpromisoekin jarraitu nahi bada, beste hitzarmen bat sinatu beharko da.

Zazpigarrena.– Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko araubidea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau bere xede diren jarduketak betetzen direnean azkenduko da, edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzen direnean.

Hona hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

• Indarraldia amaitzea hitzarmena luzatzea erabaki gabe.

• Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

• Sinatzaileetako batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

• Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala.

• Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiarazten bada hitzarmenean bertan edo legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik, Jarraipen Batzordeak epe bat ezarriko du hitzarmen honetatik eratorrita gauzatzen ari diren jarduketak bukatzeko, eta epe hori luzaezina izango da.

Zortzigarrena.– Hitzarmena ez betetzea.

Alderdietako batek bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez baditu, beste alderdiak errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duenari, 15 eguneko epean bete ditzan bete gabetzat jotzen diren betebeharrak edota konpromisoak. Errekerimendu horren berri emango zaio hitzarmeneko Jarraipen Batzordeari. Epea igarota ez-betetzeak jarraitzen badu, errekerimendua igorri duen alderdiak betebeharrak bete ez dituen alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak daudela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

Bederatzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau alderdiak ados jarrita aldatu ahal izango da, alderdietako edozeinek proposatuta. Horretarako, hitzarmena aldatzeko akordioa sinatu beharko dute, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 49.g) artikuluan xedatzen dena aplikatuz.

Hamargarrena.– Izaera, araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.

Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen bitartean auzirik badago eta hitzarmeneko Jarraipen Batzordeak ezin izan badu ebatzi, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko da auzia, Jurisdikzio-ordena hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.

Eta, ados daudela adierazteko, 2023ko abuztuaren 31n hitzarmen hau sinatu dute modu elektronikoan eta ondorio bakarrerako.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua,

IÑAKI ARRIOLA LÓPEZ.

(Erakundeko buruak eskuordetuta (2022ko urriaren 24ko ebazpena, Estatistikako Institutu Nazionalarena, urriaren 28ko BOE).

Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatistika Plangintzako eta Prozesuetako zuzendari nagusia,

CARLOS JAVIER BALLANO FERNÁNDEZ.

Euskal Estatistika Erakundeko (Eustat) zuzendaria,

JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.


Azterketa dokumentala