Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2023ko irailaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4382

AGINDUA, 2023ko abuztuaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez European University Gasteiz izeneko fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

2023ko azaroaren 24an, European University Gasteiz izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Eskaerarekin batera, eraketa-eskritura publikoa aurkeztu zen, 2022ko azaroaren 11n Bartzelonan egiletsitakoa, Sergi González Delgado notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 4.244). Eskritura hori 2023ko otsailaren 15eko eginbidearen bidez zuzendu zen, horretarako errekerimendua egin ondoren.

2023ko maiatzaren 10ean, fundazioaren lehen ekitaldi ekonomikoari dagokion jarduera-plana aurkeztu zen.

Fundatzailea Universidad Euneiz SA merkataritza-sozietatea da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordea 2023ko ekainaren 15ean bildu zen, fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasunari buruzko inskripzio-eskaera baloratzeko, eta aldeko txostena eman zuen.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du 2023ko abuztuaren 4an.

Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioa honako interes orokorreko helburu honekin eratu da:

«a) European University Gasteiz (Euneiz) entitatearekin lankidetzan aritzea, irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak sustatzeko eta egiteko.

b) Ezagutzaren gizarteak eskatzen duen eraldaketa estrukturalean eta kulturalean laguntzea, Euneiz Unibertsitate Proiektuan agertzen den kezka etiko eta humanistikotik abiatuta, eta european university gasteizko Ondare Zientifikoa Gizartearen zerbitzura jartzea, bai eta ikerketen eta irakaskuntzaren emaitzak eta haren beste edozein jarduera ere.

c) Euneizen jardueran laguntzea eta hura osatzea, unibertsitateko beste jarduera batzuk indartzeko eta garatzeko balio dezaketen giza baliabideak, baliabide teknikoak, ekonomikoak edo bestelakoak emanez, arreta berezia jarriz ikerketa, irakaskuntza, prestakuntza eta garapen teknologikoko jardueretan.

d) Katedrak, institutu espezializatuak edo zentro teknologikoak sortzen laguntzea, bai eta aipatutako unibertsitate-jarduera guztietan egokitzat jotzen diren proiektuak ere.

e) Ikasleei eta graduatuei bekak ematea edo behar dituzten baliabideak ematea, goi-mailako irakaskuntza-erakundeek sustatutako master- edo doktorego-programak edo beste edozein prestakuntza-eskaintza egin ditzaten. Ikasle eta graduatu horiek honako ezaugarri hauek dituzte: dote intelektualak, ekimen-gaitasuna, gaitasun zientifikoa edo profesionala eta erantzukizun etikoa.

f) Ikerketa, irakaskuntza, kultura, prestakuntza eta garapen teknologikoko jarduera guztietan laguntzea, eta, oro har, Euneizek bere xedeari dagozkion jarduera guztietan eta jarduera osagarrietan.»

Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoitza Vitoria-Gasteizen egongo da (Biosfera plaza 6), eta fundazioak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko ditu bere jarduerak.

Fundazioaren hasierako zuzkidura hogeita hamar mila eurokoa da (30.000 euro), eta elkarte fundatzaileak egiten du ekarpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren apartatuaren arabera, Banco Santander SA banku-entitatean. Erakunde horrek 2023ko otsailaren 7an emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu da.

Estatutuen 15. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez hiru (3) kidek osatuko dutela, eta berezko karguak izango direla Universidad Euneiz SA administrazio-kontseiluko presidentea eta presidenteordea.

Eratzeko eskritura publikoan eta estatutuen 9. artikuluan jasotakoaren arabera, lehenengo patronatua honako hauek osatuko dute:

Presidentea: Jordi Roche Puigdevall jauna. Universidad Euneiz SAko Administrazio Kontseiluko presidentea.

Presidenteordea: José Antonio Querejeta Altuna jauna. Universidad Euneiz SAko Administrazio Kontseiluko presidenteordea.

Idazkaria: Iñigo Sánchez de Movellan Torent jauna.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dute beren kargua, ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 16.2. artikuluan aurreikusitako eraren batean.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio eraketa-espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1. artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– European University Gasteiz izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, F-487 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2022ko azaroaren 11n, Bartzelonan, Sergi González Delgado notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 4.244), zeina 2023ko otsailaren 15eko Eginbidearen bidez zuzendu baitzen.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 9a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala