Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2023ko irailaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4381

AGINDUA, 2023ko irailaren 14koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Ertzaintzako kirolarientzako laguntzetarako deialdia iragartzen baita 2023an parte har dezaten Polizien eta Suhiltzaileen Munduko XIX. Jokoetan, Winnipeg-en (Kanada), edo Polizien eta Suhiltzaileen Europako IX. Jokoetan, Torreviejan.

Segurtasun Sailaren aburuz, garrantzitsua da kirol-esparruarekin zuzenean lotuta dagoen jarduera-arlo bat sustatzea, bi helbururekin. Batetik, Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzea hala Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan nola kanpoan. Bestetik, kirol-lehiaketen balioak sustatzea, aintzat hartuta horietako asko parte-hartzaileen jarduera profesionalarekin lotuta daudela modu batera edo bestera, eta parte-hartzaileok forma fisiko onenean egoteko balio dutela. Horregatik, sailak uste du Ertzaintzako agenteek Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzea kirol-erronka bat dela, baina baita ere Ertzaintzako kideek erakundearen parte direla are gehiago sentitzeko eta beste kultura eta komunitate batzuekin laguntasun- eta truke-harremanak zehazteko aukera ona. Horrela, Ertzaintzaren irudi ona sustatu eta hedatuko da zeregin profesionalaren alderdi guztietan.

Segurtasun Sailak 2023. urterako duen dirulaguntzen plan estrategikoan, helburuen artean, hau ezarri du: Ertzaintzako langileek Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten sustatu eta bultzatzea. Aintzat hartu behar da polizia-lanak egoera fisiko berezia eskatzen duela; izan ere, eskakizun hori argi geratzen da kidegorako hautaketa-prozesuan bertan. Baina egoera horri ibilbide profesionalean zehar eutsi behar zaio. Beraz, ibilbide profesionalean zehar sasoiko egotea sustatzeko, Segurtasun Sailak polizia-kidegoko kideek jarduketa publikoetan parte hartzea sustatzen du, esaterako, polizia eta suhiltzaileen jokoetan. Izan ere, parte hartzea, jokoon sonagatik, akuilu eta pizgarri gisakoa da beste funtzionario batzuentzat, ariketa fisikoa eta kirola egiteko ohitura izan dezaten, sasoiko egoteko eta esparru profesionalean errendimendua eta segurtasuna areagotzeko. Eta, bestetik, horretaz gain, egiaztatu da kirol-jarduera publikoetan parte hartzea eredugarria dela, batez ere komunikabideetan duen oihartzun publikoagatik, joan diren urteetan parte-hartzearekin lortutako arrakasta kontuan hartuta; izan ere, eragiten du gainerako funtzionarioek ikustea kirol-jardueraren bidez gaitasun fisikoari eustea komeni dela, eta, aldi berean, kirol-lorpenak taldearentzat gauza prestigiotsutzat hartzen dira. Hori dela eta, 2023ko ekitaldirako EAEko Aurrekontu Orokorrek aurreikusi dute Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoko langile kirolzaleei laguntzak ematea, 2023an Polizien eta Suhiltzaileen Jokoetan parte har dezaten.

Laguntza hauen helburua parte hartzea erraztea da bai aurtengo uztailaren 28tik abuztuaren 6ra bitartean Winnipeg-en (Kanadan) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko XIX. Jokoetan, bai 2023ko irailaren 29tik urriaren 7ra bitartean Torreviejan egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako IX. Jokoetan.

Horiek horrela, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenei jarraikiz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Ertzaintzako kirolarientzako laguntzetarako deialdia egitea 2023an parte har dezaten 2023ko uztailaren 28tik abuztuaren 6ra bitartean Winnipeg-en (Kanadan) egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Munduko XIX. Jokoetan, edo 2023ko irailaren 29tik urriaren 7ra bitartean Torreviejan egingo diren Polizien eta Suhiltzaileen Europako IX. Jokoetan.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa, dirulaguntzako gastuak eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen diru-zuzkidura hogei mila (20.000,00) eurokoa da. Eskatzaile bakoitzari, gehienez ere, parte hartzeagatik benetan sortu eta justifikatutako gastuaren % 60 emango zaio, agindu honetan ezarritako mugekin; hala ere, eskabide bakoitzeko, gehienez, bi mila (2.000,00) euro emango dira, Polizien eta Suhiltzaileen Munduko XIX. Jokoetan parte hartuz gero, eta bederatziehun eta berrogeita hamar (950,00) euro, Polizien eta Suhiltzaileen Europako IX. Jokoetan parte hartuz gero.

2.– Egiaztatutako gastuen zenbatekoa eurotan zenbatuko da, eta laguntzak ere moneta horretan ordainduko dira.

3.– Agindu honetarako, bidaia, ostatua, mantenua eta inskripzio-kuota hartuko dira gastutzat, betiere baldintza hauekin:

a) Bidaia-gastuei dagokienez, hau ordainduko da: ordaindu eta justifikatutako joan-etorriko txartelaren zenbatekoa, hautatutako garraiobidekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik edo, hala badagokio, penintsulatik Winnipeg hiriraino (Kanada) edo Torreviejaraino. Azken kasu horretan, norberaren ibilgailua erabiltzea aukeratu bada, egindako kilometroak eta bidesari-gastuak ordainduko dira.

Halaber, ostatuaren eta lehiaketak egiteko instalazioen arteko joan-etorrien gastuak ordainduko dira, horretarako ezarritako egunetan, bai eta jokoak irekitzeko eta ixteko ekitaldietara joateko gastuak ere.

Garraio publikoan egindako joan-etorriko txartelaren bidez justifikatutako gastuak ordainduko dira edo, hala badagokio, kilometrajea eta bidesaria, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuaren aurreikuspenen arabera; kasu horretan, bi puntuen arteko distantzia egiaztatu beharko da.

b) Ostatuko gastutzat joko dira, berriz, logela eta gosaria ordaintzekoak. Gehienez ere lau izarreko hoteletan hartu beharko dute ostatu.

Ostatu-gastuengatik jasoko den zenbatekoa benetan ordaindutakoa eta justifikatutakoa izango da, hurrengo zenbakian ezarritako mugen barruan.

Hartutako ostatuan gosaririk eduki ezean, benetan gastatutako eta justifikatutako gosaria ordainduko zaie, eta gehienez ere 6 euro.

c) Mantenu-gastuetarako laguntzak ordaindutako eta justifikatutako zenbatekoetan emango dira, eta zenbateko horiek ezin izango dute urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan ezarritako muga gainditu (5/2012 Dekretua, urtarrilaren 17koa, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa).

Dagokion diru-kopurua sortze aldera, mantenu-gastutzat joko dira bazkaldu edo afaltzekoak, banan-banan hartuta.

d) Aukeratutako modalitateetan izena emateko gastuak joko dira inskripzio-gastutzat.

4.– Deialdi honen xede diren laguntzak bateratu ahal izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketen beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez bada. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Ertzaintzako kirolariek eska dezakete dirulaguntza hau, eskakizun hauek betez gero:

a) Ertzaintzako funtzionarioa izatea, eskabidea egiten den unean eta jokoek iraun bitartean.

b) Eskatutako laguntzaren xede den modalitateari edo modalitateei dagokien federazio-lizentzia izatea, edo, federatu gabeko kirol-jardueren kasuan, parte hartuko den modalitatean aritzen den kirol-elkarte bateko kide izatea. Edonola ere, kirol-ekitaldia egin bitartean, indarrean egon behar izan du federazio-lizentzia horrek edo elkarteko kide izate horrek.

c) Kanadako kirol-ekitaldia eta joan-etorria egin bitartean, indarreko osasun-laguntzako aseguru bat izatea.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.– Ezin izango dira laguntza hauen onuradun izan laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalen bat jaso dutenak, ez eta horretarako gaitasuna eragozten dien legezko debekuren batean daudenak ere –bereziki Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitakoak–, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Dirulaguntzako kirol-modalitate eta -diziplinak.

Aurten, 2023an, agindu honetan adierazitako lehiaketen programa ofizialetan agertzen diren kirol-modalitate eta -diziplinek eta polizia-espezialitateek hartu ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honetan aipatutako laguntzak lortu nahi dituzten pertsonek eskabidea elektronikoki soilik izapidetu ahal izango dute eta, horretarako, egoitza elektroniko honetan sartu eta hor aurkeztuko dituzte eskabideak: https://www.euskadi.eus/servicios/1217802

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egin beharko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Horretarako, ziurtagiri elektroniko bat eduki beharko da, administrazio honen aurrean behar bezala identifikatzeko (IZENPE herritar-txartela, NAN elektronikoa, besteak beste). Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora bideratuko zaituzte (www.euskadi.eus), «Nire karpeta» > «Sartu Nire karpetan» atalera, eta han aurkituko duzu erabil daitezkeen ziurtagiriei buruzko informazio guztia.

2.– Kirolari bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du, azalduta zein modalitatetarako (baterako zein bat baino gehiagotarako) eskatzen duen dirulaguntza, eta eskabidean adierazitako agiriekin batera. Beste eskabide bat aurkezteak aurretik aurkeztutakoak baliogabetuko ditu.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko urriaren 16an hasi eta azaroaren 16an bukatuko da, biak barne.

4.– Administrazioak ofizioz egiaztatuko du Ertzaintzako karrerako funtzionario izateko eskakizuna betetzen den. Era berean, ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela ere, salbu eta interesdunak aurka dagoela adierazten badu; kasu horretan, agiri bidez egiaztatu beharko du.

Gainerako eskakizunak interesdunak egiaztatu beharko ditu, dagozkion agiriak aurkeztuta, eskabideak aurkezteko epean, agindu honen eranskinean agertzen den moduan.

6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskabideak oinarri honetan eskatutako eskakizunak betetzen ez baditu, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Giza Baliabideen zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidea aurrez aurre aurkeztu bada, eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala, eta elektronikoki aurkez dezala. Ondore horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunek artikulu hauetan jasotako betebeharren araubidea bete behar dute: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta azaroaren 11ko 38/2003 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua; eta, bereziki, hauek bete behar dituzte:

a) Izena eman zuen proban edo probetan benetan parte hartu izana.

b) Segurtasun Sailak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzea, agindu honetan aipatzen diren jokoak egiten direnetik hurrengo jokoak egiten diren arte, edo Munduko edo Europako jokoetan parte hartzen duten pertsonen presentzia egokitzat jotzen dituen bestelako ekitaldietan, Ertzaintzako langileek kirol-jardueretan duten partaidetza hedatzeko, zenbait balio sustatzeko neurri gisa, hala nola gaikuntza fisikoari eustea edo kirol-jarduera orori datxezkion balioak, taldean izan zein ez.

c) Emandako dirulaguntza onartzea, emateko ebazpenean ezarritako baldintzetan. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egin ezean, dirulaguntza onartu duela ulertuko da.

d) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.

e) Azalpen-memoria aurkeztea, honako hauek zehaztuta: eginiko bidaiaren egutegia; justifikatutako gastuak, kronologikoki adierazita; gastuak norekin partekatu diren, hala badagokio; eta gastuak bidezkoak eta egokiak izan direla justifikatzeko balio duten gainerako alderdiak.

f) Fakturak edo tiketak aurkeztea, deialdiko oinarrietan ezarrita dauden eta diruz lagundu daitezkeen gastuei dagozkienak. Europar Batasuneko hizkuntza ofizial batean aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

g) Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraztea Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo ente publikok nahiz pribatuk helburu bererako bestelako dirulaguntzak edo laguntzak eman dizkiola.

h) Deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzen gainean eskatutako informazioa helaraziko zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

i) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen entitateari.

j) Segurtasun Sailak eskatzen duen informazioa ematea, bereziki eginbeharrak bete izana justifikatzeari dagokionez. Informazio hori dirulaguntza ordaindu aurretik eman beharko da.

k) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

8. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko kirol-irizpideak.

Eskatzaileek, agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, gutxienez baldintza hauetako bat betetzen dutela egiaztatu beharko dute:

– Edo 2023ko agindu honetan aipatutako jokoetan 5. postua edo hobea lortu izana egiaztatzea. Taldekako probetan, nahikoa izango da taldeko partaide batek egiaztatzea postu hori.

– Edo, bestela, urrezko domina bat edo zilarrezko bi edo brontzezko hiru lortu izana 2009tik 2022ra bitartean (biak barne) izandako munduko edo Europako jokoetan, eta hala egiaztatzea.

9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Eskatzaileen artean emango dira laguntzak, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honen 3. artikuluko betekizunak, 7. artikuluko betebeharrak eta 8. artikuluan ezarritako kirol-irizpideak betetzen dituzten eskabideen artean esleituko da aurreikusitako diru-zuzkidura.

Laguntzak esleitzeko, aldibereko konkurrentzia-prozedura bat beteko da eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide guztiei deialdi horretako laguntzak emango zaizkie, baldin eta eskatutako eskakizun objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga kontuan hartuta.

Bigarren artikulu horretan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada apartatu honetako aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen laguntzak esleituko dira. Horrela ez bada, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, harik eta zuzkidura hori guztiei laguntza eman ahal izateko nahikoa izan arte.

10. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Giza Baliabideen Zuzendaritza izango da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta dokumentazioa egiaztatzeko organo eskuduna.

11. artikulua.– Ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

1.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokien prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea Giza Baliabideen zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpen horretan zehaztuko da eskatutako laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo kasuan, adierazi behar dira, gutxienez, onuradunaren izena eta zenbateko laguntza eman zaion. Ukatuz gero, berriz, eskatzaileen izena eta ukoa oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.

3.– Aurreko apartatuan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta haren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluei jarraikiz.

4.– Ebazpena Gurenet atarian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak jakinarazpenak. Argitaratzen den egunean bertan emango zaie horren berri interesdunei, eskabidean gailu elektroniko edo helbide elektroniko bat zehaztu badute harremanetarako.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan xedatutako ondoreetarako.

6.– Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Laguntza emateko agindu honetan ezarritako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo ente publiko edo pribatuek, estatukoek edo atzerrikoek, dirulaguntzak eta laguntzak ematen badituzte, eta, ondorioz, agindu honetan ezarritako mugak gainditzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako dirulaguntzen zenbatekoa egokitzeko.

13. artikulua.– Dirulaguntza emateko betekizunak ez betetzea.

Dirulaguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota. Batez ere egoera hauetan:

a) Laguntzaren helburua ez betetzea.

b) Laguntza jasotzea horretarako eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

c) Agindu honen 7. artikuluan ezarritako obligazioren bat edo batzuk ez betetzea.

d) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatzea.

e) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kausak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 14a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala