Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2023ko irailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4345

AGINDUA, 2023ko irailaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, ikus-entzunezkoen produkziorako 2023ko ekitaldirako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta arautzen duen 2023ko apirilaren 18ko Agindua aldatzen duena.

AURREKARIAK

1.– 2023ko ekitaldian ikus-entzunezkoen produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia egiten eta arautzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko apirilaren 18ko Aginduak (2023ko apirilaren 26ko EHAA, 79. zk.), 1.2 artikuluan, ezarri zuen laguntza horiek guztira bi milioi laurehun eta hogeita hamar mila (2.430.000,00) eurokoak izango zirela.

2.– Goian aipatutako 2023ko apirilaren 18ko Aginduaren lehen xedapen gehigarriak honako hau dio: «Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako 1.2 artikuluan ezarritako gehieneko zenbateko osoari Kultura eta Kirol Ministerioaren menpeko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) urtero transferitu dezakeen zenbatekoa gehitu ahal izango zaio. Transferentzia hori, zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 36. artikuluan ezarritako betebeharrean oinarritzen da. Lege horren bidez, gaztelania ez den beste hizkuntza koofizialetan oinarritutako zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzen dira. Deialdi honen kasuan, igoera hori jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetarako izango da».

3.– Datozen asteetan, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, gaztelania ez den hizkuntza koofizialetan oinarritutako zinematografia eta ikus-entzunezkoa sustatzea helburu duen hitzarmen bat sinatuko dute; zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 36. artikuluan ezarritako betebeharra eraginkorra izan dadin. Hitzarmen horren helburua da, adierazi dugun bezala, zuzeneko dirulaguntza bat bideratzea, 2023an gaztelania ez den beste hizkuntza koofizial batean zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa, erakusketa eta sustapena sustatzeko.

Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta, eta eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2023ko apirilaren 18ko Aginduaren bidez egindako deialdiko laguntzaren modalitateetako zuzkidurei dagozkien zenbatekoak handitu beharra ikusi da.

Beraz, laguntzak emateko ebazpena eman aurretik, modalitate desberdinetako zuzkidurei dagozkien zenbatekoak handitu ahal izango dira, ICAAtik jasotzen den zenbatekoan, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-baliabideen arabera.

Horrela, deialdian aurreikusitako laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa 800.000 euroan handitzea erabaki da; zenbateko hori, osorik, jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetara bideratuko da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.1 artikuluak aurreikusten du dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko dela beti.

Bigarrena.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.2.b) artikuluak xedatzen duenez, ofizioz hasiko da, betiere organo eskudunak onartutako deialdi baten bidez. Deialdi horretan, besteak beste, deialdiko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, kreditu erabilgarrien barruan, edo, halakorik ezean, dirulaguntzen zenbateko zenbatetsia.

Halaber, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.1.d) artikuluak xedatzen duenez, dirulaguntzak emateko arauetan, gutxienez, honako hauek jasoko dira, besteak beste: «Dirulaguntzaren banakako zenbatekoa edo, hala badagokio, dirulaguntza horiek zehazteko irizpideak, eta, hala badagokio, gehieneko zenbateko globala».

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluaren arabera, «Jaurlaritzak, sailburuek eta erakunde autonomoetako lehendakariek edo zuzendariek dute arauak onartzeko eta dagozkien eremuetan laguntzak edo dirulaguntzak emateko eskumena».

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.e) artikuluan ezarritakoa ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari dagokio agindua onartzeko eskumena, bai eta haren funtsezko edukian egiten diren aldaketak ere. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 800.000,00 euro gehitzea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko apirilaren 18ko Aginduan ezarritako gehieneko diru-kopuruari. Agindu horren bidez, ikus-entzunezkoen ekoizpenerako 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egin eta dirulaguntzak ematea arautu zen. Igoera hori osorik baliatuko da jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetarako.

Beraz, 2023ko ikus-entzuneko produkziorako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindu horren 1.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko kopurua 3.230.000,00 eurokoa izango da, eta, horietatik, 800.000,00 euro euskarazko ekoizpenera bideratuko dira.

Halaber, agindu horren 16.1 artikuluan aurreikusitako zenbatekoa 2.970.000,00 eurokoa izango da; 25.1 artikuluan aurreikusitakoa, 1.560.000,00 eurokoa; 28.1 artikuluan ezarritakoa, 250.000,00 eurokoa; 31.1 artikuluan aurreikusitakoa, 700.000,00 eurokoa; 34.1 artikuluan aurreikusitakoa, 460.000,00 eurokoa; eta 38.1 artikuluan ezarritakoa, 260.000 eurokoa.

Bigarrena.– Publizitate eta hedapen betebeharrei dagokienez, 2023ko apirilaren 18ko Aginduaren 13.g) artikuluan honako aurreikuspen hau txertatzea:

«Gainera, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, gaztelaniaz besteko hizkuntza koofizialean egindako zinematografia eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa eta ekoizpena sustatzeko hitzarmena sinatzearen ondorioz jasotako funtsekin egiten diren proiektuetan, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren logotipoa ere jaso beharko da».

Hirugarrena.– 2023ko apirilaren 18ko Aginduaren lehenengo xedapen gehigarria aldatzea.

Honela dioen tokian:

«Deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako 1.2 artikuluan ezarritako gehieneko zenbateko osoari Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA), Kultura eta Kirol Ministerioaren mendeko erakunde autonomoak, urtero transferi dezakeen zenbatekoa gehitu ahal izango zaio. Transferentzia hori Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 36. artikuluan ezarritako betebeharrean oinarritzen da. Lege horren bidez, gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial batzuetako zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzen dira.

Deialdi honen kasuan, igoera hori jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetarako izango da».

Honako hau esan behar du:

«1.2 artikuluan ezarritako deialdi honetan aurreikusitako laguntzetarako gehieneko zenbateko osoa handitu ahal izango da, bai Kultura eta Kirol Ministerioaren mendeko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) urtero transferi dezakeen zenbatekoaren arabera, eta bai Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-baliabideen arabera ere.

ICAA Institutuak egindako transferentzia Zineari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 36. artikuluan ezarritako betebeharrean oinarritzen da. Lege horren bidez, gaztelania ez diren hizkuntza koofizialetan zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzen dira.

Gehikuntza hori euskarazko jatorrizko bertsioa duten proiektuetarako izango da bere osotasunean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da».

Laugarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala