Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2023ko irailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4342

AGINDUA, 2023ko irailaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2023ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra arteko aldirako erlezaintzarako laguntzen deialdirako oinarri arautzaileak onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren esparruan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluak erlezaintza-sektorean egin daitezkeen esku-hartze motak eta Batasunaren finantza-laguntza ezartzen ditu esku-hartze horretarako, erlezaintzako programa nazionalak egiteko, erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintza orokorrak hobetzeko, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) plan estrategikoen esparruan.

Esku-hartze horien bitartez helburu orokor batzuk lortzea da asmoa, hala nola nekazaritza sektore adimentsua, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea, elikagaien epe luzeko segurtasuna bermatuko duena; ingurumenaren babesa indartzea eta babestea, biodibertsitatea eta klimaren aldeko ekintza barne, eta Batasuneko ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, tartean Parisko Itunaren arabera hartutako konpromisoak, eta azkenik, landa-inguruetako sare sozioekonomikoa indartzea.

2022ko abuztuaren 30ean, Europako Batzordeak Espainiako Erresumaren 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Plan Estrategiko Nazionala onartu zuen.

Finantza-mailan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduak arautzen ditu nekazaritza-politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoak, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du.

Erregelamendu horietako bakoitza Batzordearen Erregelamendu Eskuordetu eta Betearazle banak garatu du.

Halaber, Batzordearen 2022ko irailaren 6ko 2022/1475 (EB) Exekuzio Erregelamenduak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu NPBaren plan estrategikoen ebaluazioari eta jarraipenerako eta ebaluaziorako informazioa emateari dagokienez.

Estatuan, urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuaren bidez Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzea arautzen da Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren esparruan. Bada, errege-dekretu horren xedea da erlezaintzarako laguntzak arautzen dituen araubidea ezartzea, Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzearen esparruan, Espainiako Erresumaren 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Plan Estrategiko Nazionalaren barruan, eta horrekin batera, NPBaren Plan Estrategikoaren arau-pakete osoa, zeina osatzen baitute, besteak beste, abenduaren 27ko 1046/2022 Errege Dekretuak, Espainiako Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) gobernantza arautzen duenak; abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duenak; otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan penalizazioak aplikatzeko arauak ezartzen dituenak, eta zenbait errege-dekretu aldatzen dira, zeinen bidez alderdi batzuk arautzen baitira 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren Espainiako aplikazioari dagokionez.

Erlezaintzaren esparrua izanik, honako hauek hartu behar dira kontuan: 209/2002 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, Erlezaintza-ustiategien ordenamendu-arauak ezartzen dituena; 608/2006 Errege Dekretua, maiatzaren 19koa, Erleen gaixotasunei aurre egin eta kontrolatzeko estatu mailako programa bat ezartzen eta arautzen duena; eta, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 33/2004 Dekretua, otsailaren 10ekoa, erlezaintza antolatzeko dena, eta 2014ko otsailaren 11ko Agindua, Erleen EAEko Osasun Plana onartzen duena.

Kudeaketari dagokionez, dirulaguntza-programa den aldetik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, esku-hartze hori aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien arteko harremanaren esparru arautzailea honako hau da: 275/2020 Dekretua, abenduaren 9koa, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolakuntza eta funtzionamendu-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa; bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako bakoitzak sinatutako lankidetza-hitzarmenak, Europako NBEF eta LGENF funtsen kargura finantzatutako landa-garapenerako neurrien eta zuzeneko laguntzen kudeaketarekin lotutako jarduerak eskuordetzeari buruzkoak. Era berean, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legea bete beharko da.

Azkenik, foru-aldundi bakoitzak erabakitzen du, hala badagokio, laguntza horietan parte hartzea, bere lurralde historikoko erlezainei zuzendutako Europako, estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiaren arabera. Parte-hartzeak esan nahi du dagokion foru-aldundiak gastu-konpromisoa hartzen duela laguntzak batera finantzatzeko, Batasuneko NBEF funtsek eman ez duten laguntzaren zatia emanez. Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza-deialdiak egin ditu urtero 2019-2022 aldirako Erleen Plan Nazionalaren esparruan, foru-dekretuen bidez.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraikiz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute),

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2023. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2023ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitarteko aldirako. Oinarri horiek agindu honen eranskinean daude jasota.

Diruz lagundu daitezkeen jardueren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea da, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Plan Estrategikoaren esparruan.

2023. urterako (2023ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra), agindu honetan ezarritako NBEFaren konturako Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzek 40.227,20 euroko gehieneko zenbatekoa izango dute; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoari 2023ko finantza-ekitaldirako esleitutako NBEF funtsen % 40.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ondorioak. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintza orokorrak hobetzera bideratutako jarduerak sustatzeko araubidea arautzea da agindu honen xedea, 2023ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitarteko aldian, Espainiako Erresumaren 2023-2027 Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Plan Estrategiko Nazionalaren barruan jasotako Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzearen esparruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduak xedatutakoa betez.

2.– Agindu honen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoak izango dira.

3.– Definizioak.

3.1.– Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Erlekumea: eztia ekoizten duten erleen (Apis mellifera) kolonia da.

b) Erlauntza: Unitatea, zeinak eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk edo erleen ugalketarako materiala ekoizteko erabiltzen diren erleen kolonia bat barne hartzen duen, bai eta bizirik irauteko behar dituzten elementu guztiak ere.

c) Erleen kokagunea: erlategia jartzeko tokia, flora aprobetxatzeko edo negualdia bertan emateko.

d) Erlategia: erlauntz multzoa; erlauntzak titular batenak edo batzuenak dira, eta kokagune berean daude.

e) Erlategi abandonatua: erlategian erlauntzen % 50etik gora hilda daudenean.

f) Erlauntz hila: erlauntz honetan ez dago elementu bizien –alegia, intsektu helduen eta kumeen– jarduera biologikorik.

g) Erlezaintza-ustiategia: eztia ekoizten duten erleak (Apis mellifera) eduki, hazi, kudeatu edo jendaurrean jartzen diren instalazio, eraikuntza edo leku oro, zeinaren erlauntzak erlategi batean edo gehiagotan banatuta dauden.

Erlezaintza-ustiategia, zenbat erlauntzek osatzen duten, honelakoa izango da:

– Profesionala: 150 erlauntz edo gehiago baditu.

– Ez-profesionala: 150 erlauntz baino gutxiago baditu.

– Autokontsumokoa: erlauntzetatik lortutako produktuak familia-kontsumorako baino ez badira erabiltzen. Ustiategi horietan 15 erlauntz egongo dira gehienez.

h) Erlezaintza-ustiategiaren titularra: erlezaintzako jarduera egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak jarduera horren kudeaketaren erantzukizuna eta arriskuak bere gain hartzen dituen.

i) Agintaritza eskuduna: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua.

j) Ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak: ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak daudela aitortu ahal izango da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Batzordearen 1988ko urriaren 6ko C (88) 1696 Komunikazioan, Europako nekazaritza-zuzenbideko «ezinbesteko kasu»ari buruzkoan, definitzen den bezala (88/C 259/07), onuradun batek «ezinbesteko kasuetan izan ezik» formula baliatu nahi badu, agiri-froga ukaezina aurkeztu beharko dio dagokion agintaritza eskudunari, zuzenbidean onartutako bitartekoen arabera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

3.2.– Era berean, agindu honen ondorioetarako, aplikatzekoak izango dira Erlezaintza Ustiategien Ordenamendu Arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluan jasotako gainerako definizioak, bai eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 4. artikulutik eta esku-hartze sektorial honi aplikatzen zaion Europar Batasuneko gainerako arauditik aplikatzekoak direnak ere.

3.3.– Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolamendua eta jarduteko araubidea ezartzen dituen abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuaren 12. eta 13. artikuluen arabera, erakunde ordaintzaileak –zehazki, nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak– izango du ordainketak zuzenean baimentzeko eginkizuna. Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako foru-erakundeek eskatzaileei informazioa eta aholkularitza emateko, eskabideak jasotzeko eta administrazio- eta landa-kontrolak egiteko jarduerak egingo dituzte, zeinak dagokion lankidetza-hitzarmenaren bidez artikulatuko baitira.

2. oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Laguntzak eskatu ahal izango dituzte aipatutako baldintzak betetzen dituzten eta 150 erlauntzetik gora dituzten erlezaintza-ustiategien pertsona fisiko edo juridiko titularrek, 35/2011 Legearen arabera titulartasun partekatua dutenak barne hartuta. Berezko nortasun juridikoa duten erlezainen elkarte sektorialek ere egin ahal izango dute, halaber, baldin eta egoitza soziala eta fiskala Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan badute, legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta badaude, eta helburu soziala erlezaintza-sektorearen defentsarekin eta ordezkaritzarekin lotuta badago, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak badira. Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19. artikulua eta 2. xedapen gehigarria aplikatuz, emakumeen presentzia gutxienez orekatua izan beharko da zuzendaritza-organoetan.

Pertsona fisiko onuradunek, pertsona juridikoak osatzen dituzten erlezainek eta elkarte onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Erlezaintza-ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko bateko Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

b) Erlauntzen urteko errolda-aitorpena egina izatea uneko urteko martxoaren 1a baino lehen, martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

c) Barroasiaren aurkako tratamendua urtean behin gutxienez egitea, maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz (Errege Dekretu horrek erleen gaixotasunei aurre egin eta kontrolatzeko estatu mailako programa bat ezartzen eta arautzen du.

d) Erlezaintza-ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan eta erlezaintza antolatzeko otsailaren 10eko 33/2004 Dekretuan ezarritako arauak betetzea, bai eta foru-aldundiek dituzten eskumenen barruan lurralde historiko bakoitzeko erlezainei dagokienez ezartzen dituztenak ere.

e) Laguntza-eskabidea aurkeztu den urteko urtarrilaren 1a baino lehen aritzea erlezaintza-jardueran, data horren aurretik alta-egoeran zeuden ustiategien titulartasuna aldatuta jarduerari ekin diotenen kasuan izan ezik. Gainera, aurreko baldintzatik salbuetsita egongo da erlezainez osatutako elkarteak edo pertsona juridikoak sortzea, baldin eta eskabidea aurkezten den urteko urtarrilaren 1a baino lehen hala baziren, edo titulartasun partekatuko ustiategiak sortzea, betiere kideetako bat egun hori baino lehen erlezaina bazen. Lehendik dauden ustiategien bat-egiteari dagokionez, jardueraren hasiera-data antzinatasun handiena duen titularrarena izango da.

f) Erlezaintza-jarduerarekin lotutako erantzukizun zibileko asegurua izatea.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.– Honako egoera hauetan ezin izango da dirulaguntzarik jaso:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoa betetzen ez dutenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan eta 52.1 artikuluaren azken apartatuaren azken tartekian ezarritakoaren ondorioetarako, pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren sektore publikoaren edozein erakunderekiko zorrik ez dutenean dirulaguntzen itzulketengatik betearazpenaldian, edo, onuradunen edo erakunde laguntzaileen kontra premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoenean, borondatezko aldian erantzun gabeko zorrik ez dutenean.

Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean.

b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera araudian ezarritako onargarritasun- eta lehenespen-irizpideak betetzeko kondizioak berariaz sortu dituztela frogatzen denean; erregelamendu hori Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa da, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du.

c) Berdintasunerako eskubidea eta sexuagatiko bereizkeriarik eza urratzeagatik administrazio-, lan- edo zigor-bidean zehapen irmoa jaso dutenean.

d) Eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen berdintasunaren printzipioaren aurkakoak direnean.

e) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen III. tituluan edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoan, ezarritako betebeharrak betetzen ez dituztenean.

3.– Erlauntz berean ekintza jakin bat gauzatzeko laguntza behin bakarrik eskatu ahal izango da erlezaintza-kanpaina bakoitzeko, alde batera utzita laguntza hori banaka edo kooperatiba bateko edo ekoizle-elkarte bateko kide gisa eskatzen duen.

4.– Administrazioak behar diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu laguntza hauen administrazio-izapideak egiteko behar diren eskatzaileen datuei buruz, salbu eta eskatzaileek berariaz aurka egiten badute; kasu horretan, aurka egiteko arrazoiak adierazteaz gain, dagozkion datuak edo dokumentuak aurkeztu beharko dituzte. Arrazoi teknikoak direla-eta ezinezkoa bada, izapidetzeko behar diren datuak edo dokumentuak eskatu ahal izango dira, Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.e) artikuluarekin lotuta (Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa); baita Datuak Babesteko Lege Organikoaren (3/2018 LO) zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera ere.

5.– Onuradunak ez dira egon beharko laguntza itzultzeko prozeduran edo zehapen-prozeduran sarturik. Horrela izanez gero, onuradunei laguntzok eman eta ordaintzeko, amaituta izan behar dute dagokion foru-aldundiak eta/edo EAEko administrazio orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian jarritako eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

6.– Ezin izango dira pertsona edo erakunde onuradun izan sexuagatiko bereizkeriagatik administrazio-zehapen edo zehapen penalez zigortuak izandako pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldia bukatu arte.

3. oinarria.– Esku-hartze motak eta diruz laguntzeko moduko ekintzak. Kostuen moderazioa.

1.– 2023ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean egin eta honako esku-hartze mota diruz lagungarri hauei dagozkien ekintzek jasoko dute laguntza:

a) Erlezainentzako eta erlezain-erakundeentzako aholkularitzako, laguntza teknikoko, prestakuntzako, informazioko eta jardunbide egokien trukerako zerbitzuak, baita sareko lankidetza-jardueren bidez ere. Neurriaren barruan, ekintza hauek dira diruz lagungarriak:

a.1.– Teknikariak eta espezialistak zuzenean kontratatzea erlezainei eta erlezain-taldeetako kideei informazioa eta laguntza eman diezaieten honelako arloetan: erleen osasuna; erlauntzaren kontrako erasoak borrokatzea; laborategiko analisiak (erlezaintza-produktuak, erleen galera edo produktibitate-jaitsierak aztertzeko, bai eta erleentzat toxikoak izan daitezkeen substantziak –pestizidak kasu– aztertzeko), hazkuntza eta hautespena (erreginen hazkuntza barne); ustiategien ingurumen-optimizazioa eta erlezaintza-ekoizpenari eta -kudeaketari buruzko aholkularitza orokorra, klima-aldaketara egokitzeko eta erlezaintza-produktuak merkaturatzeko jardunbideak. Zerbitzu horiek hirugarrenekiko laguntza teknikoen bidez ere kontratatu ahal izango dira. Agindu honek kostuen moderazioaren arloan ezartzen dituen printzipio eta betekizunek eta kontratazioko independentzia- eta gardentasuna-printzipioak arautuko dute kontratazio hori. Inola ere ez da sartuko ekintza horietarako laguntza zuzenik, beste esku-hartze ildo batzuen xede baita.

Laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarriaren % 80 izango da.

a.2.– Erlezainentzako, erlezain-elkarte eta -taldeetako teknikari eta espezialistentzako eta erlezain-talde eta -elkarteen erlezaintza-laborategietako langileentzako etengabeko prestakuntza- eta prestakuntza-ikastaroak –online prestakuntza barne–, bereziki aurreko apartatuan adierazitako gaiei buruzkoak, antolatzea, egitea eta horietara joatea, in situ prestakuntza-ikastaroei dagozkien bidaiak barne.

Laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarriaren % 80 izango da.

a.3.– Dibulgazio teknikorako baliabideak.

Laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarriaren % 80 izango da.

b) Inbertsioak aktibo material eta immaterialetan, bai eta beste ekintza batzuk ere, erlauntzetako inbaditzaileak eta gaixotasunak –barroosia, bereziki– borrokatzera bideratutakoak barne.

Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte jarduera nagusia erlezaintza duten erlezainek edo kalitate-markei atxikita daudenek, bai eta 150 erlauntz baino gehiago dituztenek ere. Honako hauek hartuko dira talde honetan diruz lagungarritzat:

b.1.– Barroosiaren aurkako tratamenduak, Sendagaien eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak baimendutakoak, albaitaritza-agindu egokian oinarrituta hautatuak eta aplikatuak, gehienez 2,5 euro/erlauntz urtean tratamendu bat egiten bada, eta 5 euro/erlauntz/urte, urtean bi tratamendu egiten badira.

b.2.– Sendagaien eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak baimendutako barroosiaren aurkako tratamenduak, erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak direnak, dagokion albaitaritza-preskripzioan oinarrituta hautatuak eta aplikatuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 30eko 2018/848 Erregelamenduak, produktu ekologikoen produkzio eta etiketatzeari buruzkoak eta Kontseiluaren 834/2007 Erregelamendua (EE) indargetzen duenak, ezarritako baldintzen arabera ekoizten duten erlezainentzat, gehienez bi tratamendu erlauntz eta urte bakoitzeko. Tratamenduetarako gehieneko zenbateko diruz lagungarria 2,5 euro izango da erlauntz bakoitzeko urtean tratamendu bakarra eginez gero, eta 5 euro urtean bi tratamendu egiten badira.

Laguntzaren intentsitatea honako hau izango da:

– Gastu diruz lagungarriaren % 100, jarduera nagusia erlezaintza duten erlezainentzat.

– Gastu diruz lagungarriaren % 80, 150 erlauntz baino gehiago dituzten edo kalitate-markei atxikita dauden erlezainentzat.

b.3.– Erlauntzen bizitasuna areagotzeko produktuak, faktore sanitario eta klimatikoei lotutako koloniaren biziraupenerako arrisku-egoeretan. Erlauntzen indarra laguntzeko, haien despopulazioaren eta heriotzen aurka egiteko, eta, era berean, horren ondoriozko eragin ekonomikoaren aurka egiteko, erlauntzetarako baimendutako elikagaien % 100 izango dira diruz lagungarriak.

Apartatu honetan jasotako ekintzen bidez lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 6,5 eurokoa izango da erlauntz bakoitzeko.

b.4.– Argizaria berritzea eta egokitzea (hozteko tresneria eta ganberak barne, hazkuntza-koadroak egoera onean atxikitzeko). Erlauntzen indarra laguntzeko, eta panel garbiak eta biologikoki kutsatu gabeak (parasitoen arrautzak eta abarrak) jarriz haien despopulazioaren eta heriotzen aurka egiteko, eta, era berean, horren ondoriozko eragin ekonomikoaren aurka egiteko, argizaria berritzeko gastuen % 100 izango dira diruz lagungarriak.

Atal honetan jasotako ekintzen bidez lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 5 eurokoa izango da erlauntz bakoitzeko.

2.– Kostuen neurritasuna egiaztatzea. Abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 82. artikuluari jarraikiz egingo da (Errege Dekretu horrek Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen du).

Foru-aldundi bakoitzak aurkezten dituzten laguntza-eskabideak eta ordainketa-eskabideak aztertzeko eratzen duen ebaluazio-batzordeak egingo du. Kostuak neurritasun-printzipioa aplikatu izana bermatzeko, honako neurri hauek ezarriko dira:

2.1.– Laguntzaren ondorioetarako, diruz lagundu daitekeen kostuaren kalkulutik kanpo geldituko dira artikulu honen 1. apartatuan aipatutako gehieneko zenbateko lagungarriak gainditzen dituzten gastu proposatuak, edota programen funtzionamendurako alferrikakotzat edo ez-beharrezkotzat jotzen direnak.

2.2.– Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 40.000,00 eurotik gorakoa bada, BEZik gabe, obren kasuan, eta 15.000,00 eurotik gorakoa bada, BEZik gabe, zerbitzu eta horniduren kasuan, onuradunak, eskabidearekin batera, hornitzaile desberdinei gutxienez hiru eskaintza eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta hori hornitzen edo ematen duten nahiko erakunde merkatuan egon ezean. Aurkeztutako eskaintzen arteko proposamen ekonomikorik onena aukeratuko da, betiere eskatzaileak beste aukera bat berariaz justifikatzen ez badu eta dagokion aldundiko organo eskudunak hura onartzen ez badu.

2.3.– Balorazio-batzorde batek baloratuko ditu laguntza-eskabidean eta ordainketa-eskabidean aurkeztutako gainerako kostuak.

* Gehieneko zenbateko diruz lagungarririk badago, aurkeztutako zenbatekoa eta gehienekoa alderatuko dira, eta bietatik txikiena hartuko da erreferentziatzat.

* Gainerako kasuetan, balorazio zehatzagoa egin beharko da, kontuan hartu beharko baitira, besteak beste, eskabide bakoitzeko bazkide onuradunen kopurua, ekintza egin den erlauntzen kopurua, sakabanaketa edo Batzordearen iritziz garrantzitsuak diren beste inguruabar batzuk.

4. oinarria.– Lehentasun- eta haztapen-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen bidez emango dira, eta lehentasun-irizpide hauen arabera ezarriko da eskabideen lehentasun-hurrenkera:

a) Zenbat erlauntz dituen laguntzaren xede diren neurriak aplikatzen zaizkion elkarteak edo pertsona fisiko edo juridikoak. Gehienez 5 puntu, irizpide honi jarraikiz:

1.a Bost (5) puntu erlauntz gehien duen eskabideari.

2.a Gainerako eskabideen balorazioa egiteko, honako formula hau aplikatuko da: Puntuak = (Baloratu beharreko proposamenaren erlauntz kopurua x 5) / Erlauntz kopuru handiena duen proposamenaren erlauntz kopurua.

b) Kalitate bereiziko figuren araubideetan parte hartzea, arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritza- eta elikadura-produktuen kalitatearen araubideei buruzkoa, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua, 2007ko ekainaren 28koa, produktu ekologikoen ekoizpenari eta etiketatzeari buruzkoa, eta 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzen duena, edo autonomia-erkidegoan aitortutako kalitate-marken araudia: 1 puntu. Ustiategien titularrek edo legez onartutako elkarteek aurkeztutako eskabideei aplikatuko zaizkie. Elkarteko kide eta erlauntz guztiak kalitate-figurari atxikita ez badaude, atxikitako erlauntzen ehunekoaren arabera kalkulatuko da puntuazioa.

c) Legez onartutako Abeltzaintzako defentsa sanitarioko elkarte bateko kide izatea eskatzailea, edo arduradun teknikoak zuzendutako programa sanitarioa aurkeztea: 1 puntu: Irizpide hori aplikatuko zaie bai ustiategien titularrek aurkeztutako eskabideei, bai legez ezagututako erlezainen erakundeek edo elkarteek aurkeztutako eskabideei, atal honetan ezarritako irizpidea betetzen badute.

d) Eskatzailea erlezaintza-kooperatiba edo -elkarte bateko kide izatea: 1 puntu.

e) Ustiategi eskatzaileek titulartasun partekatua izatea, Nekazaritzako Ustiategien Titulartasun Partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean ezarritako ondorioetarako, edo nekazari gazte batek badu haien titulartasuna, bat etorriz honako araudi honetan ezarritako definizioarekin eta baldintzekin: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan estatu kideek sortu behar dituzten plan estrategikoetarako –NPBaren plan estrategikoetarako– laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena; Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta dago, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen ditu. Irizpide horiek ustiategietako titularrek aurkeztutako eskabideei aplikatuko zaizkie, bai eta legez onartutako erlezain-erakunde edo -elkarteek aurkeztutako eskabideei ere, atal honetan ezarritako irizpidea betetzen badute: 1 puntu.

f) Zenbat kidek osatzen duten laguntzaren xede den neurria aplikatzen zaion elkartea. Gehienez 4 puntu emango dira, irizpide honi jarraikiz:

1.a Emakumea, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legean ezarritakoa betez: Titularra emakumezkoa duten nekazaritza-ustiategiak. Eskatzailea pertsona juridikoa denean, eta irizpide hori ezin bada zuzenean egiaztatu, baldintza hori bete beharko du, gutxienez, pertsona juridiko horren barruan erabakitzeko ahalmena duten pertsona fisikoen % 50ek, edo, bestela, hau bete beharko da: irizpide hori betetzen duen edo duten pertsona fisikoek kapital sozialean % 50etik gorako partaidetza izatea, edo haren barruan boto-eskubideen erdiak baino gehiago izatea. 2 puntu.

2.a Bazkide erlezain profesionalen kopurua (150 erlauntz baino gehiago): 0,1 puntu erlezaineko, gehienez 0,5 puntu.

3.a Jarduera nagusia erlezaintza duten kideen kopurua: 0,2 puntu erlezain bakoitzeko; gehienez puntu 1.

4.a Bazkide kopurua, guztira: 0,1 puntu 10 kideko; gehienez 0,5 puntu.

2.– Gehienez 13 puntu lor ditzakete eskabideek, eta beharrezkoa izango da gutxienez 5 puntu lortzea laguntzak eskuratzeko.

3.– Aurkeztutako eskabideak elkarren artean alderatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera. Eskabideen zerrenda esku-hartze motaren eta ekintza diruz lagungarriaren arabera ezarri ondoren, artikulu berean ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko da.

5. oinarria.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1.– Laguntza- eta ordainketa-eskabideak aurkezteko epea agindu honek ondorioak sortzen dituen hurrengo egunetik hasi eta 2023ko irailaren 30ean amaituko da.

Horrez gain, aintzat hartuko dira eta baliozkoak izango dira 2023ko irailaren 1etik hasi eta aurkezteko epea amaitu arte xede horrekin aurkeztutako laguntza- eta ordainketa-eskabideak. Nolanahi ere, eskabideak agindu honetan eskatutako dokumentazioarekin osatu beharko dira, aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan.

Eskabidearekin batera, oinarri honen 6. apartatuan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Nekazaritza Politika Bateratua eta harekin lotutako beste gai batzuk kudeatzeko sistema arautzen duen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira.

3.– Eskabideak eta haien ondorengo izapideak erlezaintza-ustiategia erregistratuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundian aurkeztuko dira, edo, erlezain-elkarteen kasuan, helbide fiskala duen lurraldean, eskabidea zuzentzen den haietako bakoitzaren egoitza elektronikora sartuz, honako helbide hauen bitartez:

– Arabako Foru Aldundia: https://egoitza.araba.eus/eu/hasiera

– Bizkaiko Foru Aldundia: https://www.ebizkaia.eus/eu/hasiera

– Gipuzkoako Foru Aldundia: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/erregistroa

Era berean, dagokion foru-aldundiak ezarritako lekuetan eta orduetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak, hala xedatzen badute.

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori dagokion administrazio publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da.

5.– Laguntza hauen eskabide-eredua; eskuragarri egongo da oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.

6.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, honako informazio eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskatzailearen identifikazioa, haren IFZ barne, eta, kooperatiba edo ordezkaritza bidezko erakundeek aurkeztutako eskabideen kasuan, hura osatzen duten pertsona fisikoen zerrenda, IFZ eta eskatzailearen edo haren ordezkari izateko baimendutako pertsonaren identifikazioa adierazita.

b) Eskatzaileak zenbat erlauntzen titulartasuna duen, edo, elkarteek aurkeztutako eskabideen kasuan, elkartea osatzen duten pertsonei zenbat erlauntz dagozkien guztira, bai eta elkarte horiek osatzen dituzten ustiategien zerrenda ere.

c) Erlezaintza-ustiategiaren erregistro-liburuko orrien kopia, zeinetan erlauntz kopuruari eta ustiategi mota eta klaseari buruzko dokumentazioa jasotzen den. Elkarteek aurkeztutako eskabideen kasuan, erlezaintza-ustiategiaren erregistro-liburuko orrien kopia, zeinetan erlauntz kopuruari eta laguntza eskatzen duten ustiategi bakoitzaren ustiategi mota eta klaseari eta hura osatzen duten erlezainen jabetzari buruzko dokumentazioa jasotzen den. Informazio hori ofizioz egiaztatu ahal izango du dirulaguntzaren organo kudeatzaileak, dagokion baimenaren ondoren, dirulaguntzaren eskatzailea berariaz aurka agertzen ez bada; kasu horretan, aurkeztu egin beharko du eskatzaileak.

d) Agindu honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direlako egiaztagiriak.

e) Erantzukizun zibileko aseguruaren fotokopia.

f) Hala badagokio, agindu honetako 4. oinarrian aipatutako baldintzetatik zein betetzen duen egiaztatzea.

g) Memoria deskribatzailea, honako hauek zehaztuta: garatutako jardueren eta ekimenen edukia, diruz lagundu daitekeen aldian 3. oinarrian jasotako jarduera-ildoen arabera; jarduerak egiteko datak; giza baliabideak eta baliabide materialak; bazkideen kopurua eta zerrenda; laguntza-eskabidean jasotako erlezainen zerrenda; elkarteko zuzendaritza-organoetan dauden emakumeen kopurua; bazkide bakoitzaren ekarpen-kuota; eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak diren gainerako alderdi guztiak.

h) Egindako gastuei buruzko txosten xehatua, fakturekin edo froga-balio baliokidea duten dokumentuekin eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriekin batera.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

j) Banku-helbideratzearen fitxa.

7.– Foru-aldundiek honako hauek automatikoki egiaztatuko dituzte: NANa, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.

8.– Eskatutako dokumentazioa beste administrazio batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko dira, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu dituen eta noiz. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

9.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza- eta ordainketa-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

10.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak edo aplikatzekoa den Europako edo estatuko legediak eskatutako beste edozein baldintza, eskatzaileei hamar eguneko epea emango zaie gabezia hori zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak horri buruzko ebazpena eman ondoren –hura baita Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen zuzendaria–, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin.

Nolanahi ere, beste edozein agiri eta/edo informazio eskatu ahal izango zaie eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen bada aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

6. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

6.1.– Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagoka bidez egingo da. Horrela, onargarritzat jotako eskabideek aurrekontua gainditzen badute, hiru lurralde historikoetako eskabide onargarriak aztertu eta balioetsiko dira, lehentasun- eta haztapen-irizpideei buruzko agindu honen 4. oinarrian jasotako lehentasun-irizpideen arabera:

– Ezetsi egingo dira 5 puntutik beherako haztapena duten eskabide onargarriak.

– Dagokien laguntzaren % 100 emango zaie urriaren 15eko 8/2015 Legearen (emakumeak) 15.c) artikulua betetzen duten eskatzaileei.

– Gainerakoei dagokienez, laguntzaren helburu kolektiboa kontuan hartuta, eta haren helburua betetzeko, erabilgarri dagoen zenbatekoa laguntza jaso ahal izateko beharrezko baldintzak betetzen dituzten onuradun guztien artean banatuko da, eta laguntzaren zenbatekoaren murrizketa proportzionala aplikatuko zaie hainbanaketa bidez, urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuaren 12.1 artikuluaren arabera.

6.2.– Europar Batasunak agindu honen bidez araututako laguntzei NBEF funtsen bidez egingo dien ekarpena laguntzaren % 50ekoa izango da, eta gainerako % 50a Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien kontura izango da, bakoitzak bere lurralde historikoari dagozkion ordainketa-eskabideak kontuan hartuta.

6.3.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da erlezaintzarako laguntza-lerro honetan parte hartzen duen foru-aldundi bakoitzean. Ebaluazio-batzorde horietan parte hartzeko izendatutako pertsonek ebaluazio-batzordeko kide gisa dituzten eginkizunak betetzeko gaitasuna izan beharko dute.

Horrela eratutako ebaluazio-batzorde bakoitzak bere lurralde historikoaren laguntza- eta ordainketa-eskabideak aztertu eta ebaluatuko ditu, agindu honetan ezarritako kuantifikazio-irizpideen arabera eta, hala badagokio, foru-aldundiaren beraren aurrekontu-mugen arabera. Lan hori egiteko, haien ezagutza espezifikoak kontuan hartuta beharrezko iritzitako pertsonek parte har dezaten eskatu ahal izango du batzordeak, eskabideak hobeki baloratzeko.

Ebaluazio-batzorde bakoitzak balorazio-akta edo -txosten bat idatziko du ordainketa-proposamen teorikoarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Erakunde Ordaintzaileari jakinaraziko dio dagokion Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak.

NBEF funtsetatik erabilgarri dagoen zenbatekoa aski bada foru-aldundiek jakinarazitako zenbatekoen baturari aurre egiteko, dagozkion eskabideak onartzeko ebazpena emango du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako zuzendariak. Ebazpen bakarra emango da foru-aldundi bereko eskatzaile-talde bakoitzarentzat. Era berean, foru-aldundi bakoitzak bere esparruko eskatzaileen laguntzaren zati kofinantzatuari buruzko ebazpena emango du.

NBEF funtsak nahikoak ez badira, oinarri honetako 1. apartatuan ezarritakoa beteko da, eta erabilgarri dauden NBEF funtsetara egokituko dira laguntzak. Ondoren, laguntzak onartzeko ebazpenak emango dira, aurreko lerrokadan jasotzen den bezala.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da.

Hala ere, ebazpena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundietan nekazaritzaren arloan eskumena duten zuzendaritzetara bidaliko da, interesdunei banan-banan jakinaraz dakien. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

6.4.– Ebazpenak honako informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Aintzat hartu diren eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena, IFK edo NANa, edo, hala badagokio, eskatzaileen ordezkariaren izena edo sozietate-izena.

2) Lortutako puntuazioa.

3) Emandako laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi diren eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena, IFK edo NANa, edo, hala badagokio, eskatzaileen ordezkariaren izena edo sozietate-izena.

2) Laguntza ezesteko arrazoiak.

6.5.– Dirulaguntza jasotzeko, ezinbestekoa izango da izapidetan den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen babesean hasitakoa, amaitzea.

6.6.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

6.7.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.8.– Eskatzaileak hamar eguneko epea izango du, laguntza onartzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, onartutako eragiketei ukoak aurkezteko.

7. oinarria.– Laguntza ordaintzea.

Ekintza diruz lagungarriak gauzatzeak onuradunei ekarritako kostuak onuradunei ordaintzeko, haiek aurkeztutako egiaztagiriak hartuko dira oinarritzat.

1.– Laguntzaren zenbatekoa kofinantzatua da, 2021eko abenduaren 2ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluan ezarrita. Aurrekoa eta agindu honen 6. oinarrian jasotakoa oinarri hartuta, NBEF funtsen kontura, onuradun bakoitzarentzat kalkulatutako laguntzaren % 50 ordainduko da. Gainerako % 50a dagokion foru-aldundiak emango die bere lurralde historikoko onuradunei.

NBEF funtsak ez badira nahikoak kalkulatutako laguntzaren % 50 estaltzeko, agindu honen 6. oinarrian jasotzen den moduan jokatuko da.

2.– Laguntza kalkulatzeko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da foru-aldundi bakoitzean, lurralde historiko bakoitzeko onuradunen ordainketa-eskaera onartuak aztertzeko. Ebaluazio-batzorde horrek txostena egingo du, eta honako hauek jasoko ditu:

2.1.– Egindako administrazio-kontrolen eta lekuan bertan egindako kontrolen adostasun-txostena.

2.2.– Onuradun bakoitzari eta benetan egindako jarduera bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatzea, agindu honen 3. oinarrian jasotakoa kontuan hartuta, eta, bereziki, diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak, laguntzaren intentsitatea eta aurkeztutako kostuen neurritasunaren egiaztapena.

2.3.– NBEF funtsen kontura ordaintzeko proposamena, eta kalkulatutako laguntzaren gainerako zatia foru-aldundiak finantzatzeko konpromisoa.

3.– Lekuan bertan egindako ikuskapenetan egiaztatzen bada ustiategian dauden erlauntzen kopurua txikiagoa dela dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen kopurua baino, egiaztatutako erlauntzen arabera kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa, honako zigor-ehuneko hauek aplikatuta:

a) Dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen eta egiaztatutako erlauntzen arteko aldea % 5 edo txikiagoa bada, erlauntzengatik bideratutako zenbatekoari diferentzia-ehunekoaren pareko zigor-ehunekoa aplikatuko zaio.

b) Dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen eta egiaztatutako erlauntzen arteko aldea % 5 baino handiagoa eta % 20 edo txikiagoa bada, diferentzia-ehunekoaren bikoitza izango da erlauntzengatik bideratutako zenbatekoari aplikatu beharreko zigor-ehunekoa.

c) Dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen eta egiaztatutako erlauntzen arteko aldea % 20tik gorakoa bada, eskatzailea kooperatiba bat edo ekoizle-elkarte bat denean, ez dira kontuan hartuko erlezain horren erlauntzak laguntzaren azken kalkulua egiteko. Ukitutako erlezainak laguntza banaka eskatu badu, ez zaio inolako laguntzarik emango.

4.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), oro har, ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko.

BEZa gastu diruz lagungarritzat hartu ahal izateko, onuradunaren merkataritza-peritu batek edo legezko auditore batek egiaztatu beharko du ordaindutako zenbatekoa ez dela berreskuratu eta gastu gisa kontsignatu dela onuradunaren kontabilitatean, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 69. artikuluaren 3. apartatuko c) letrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, onartu egiten dutela joko da, ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost eguneko epean, bai eta ildo horretako ekintza nabariak eginez gero.

b) Dirulaguntza eman zaion horretarako erabiltzea, eta emateko ebazpenean ezarritako baldintzekin bat etorriz.

c) Dagokion foru-aldundiari bere eginkizunetan eskatzen duen informazioa ematea agindu honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

d) Berdintasunaren arloko betebeharrak:

d.1.– Pertsona fisiko edo juridikoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu beharko dute lanpostuen definizioan, lanpostuetarako sarbidean, kontratazioan eta azkentzean, lanbide-sailkapenean, sustapenean, prestakuntzan, laneko segurtasun eta osasunean, ordainsari-politikan, erantzunkidetasunean eta bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzean, lanaren kalitatean eta egonkortasunean, lanaldiaren iraupenean eta antolamenduan, eta ekintza sindikalean, ordezkaritzan eta negoziazio kolektiboan, lan-baldintza duinak, zintzoak eta ez-diskriminatzaileak ziurtatuz.

d.2.– Pertsona fisiko edo juridikoek zaindu beharko dute emakumeen eta gizonen tratamendua, protagonismoa eta balorazioa baliokideak direla, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta rol eta genero-identitate anitzen balioak dituen irudia sustatzen dutela, bai idatzizko informazioan, ahozkoan, ikonografikoan, publizitate-ekintzetan, barne- eta kanpo-komunikazioan, formalean eta informalean, bai proiektua edo jarduera gauzatzearekin lotutako materialetan.

e) Erakundeen laguntza bat jasotzen duten elkarteek euskara erabili beharko dute diruz lagundutako jardueraren ondoriozko esku-hartze publiko guztietan, bai eta liburuxka, kartel edo jardueraren publizitatea egiteko erabilitako beste edozein euskarritan ere.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela apartatu honetan xedatzen den bezala.

Egiaztagiriak eskabidea egiten den unean aurkeztu beharko dira. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu hura aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da eta, hura lortu eta gero, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.

Baldintza horren betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:

g.1.– Pertsona fisikoek eta juridikoek, baldin eta, kontabilitate-araudiaren arabera urteko kontu laburtua aurkez badezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsonaren ziurtagiriaren bidez, zeinean abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duten. Horrez gainera, hurrengo b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

g.2.– Kontabilitate-araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iritsi izana.

Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.

2) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

Kasu horretan, eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. bis artikuluan ezarritakoa betez egingo da adostutako prozedurei buruzko txostena.

h) Dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiak eta oinarri arautzaile hauek aurreikusten dituzten gainerako betebeharrak.

9. oinarria.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, baldin eta dirulaguntza ematea ekarri zuten baldintzak aldatzen badira, horiek onuradunari buruzkoak izan edo Administrazioaren erabaki baten ondorioz.

10. oinarria.– Bidegabe jasotako zenbatekoak ezeztatzea eta itzultzea.

a) Dirulaguntza emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiak dira, eta jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra dakarte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak.

b) Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta dirulaguntza ordaindu den unetik hura itzuli behar dela adosten den datara arteko berandutza-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan.

11. oinarria.– Bateragarritasuna.

1.– Ez dira Erlezaintza Sektoreko Esku-hartzearen funtsekin finantzatuko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren babesean landa-garapenerako programetan, landa-garapenerako laguntzari buruzkoetan, jasotako esku-hartzeak, hiru inguruabar hauek batera gertatzen badira izan ezik:

a) Inbertsioa diruz laguntzeko modukoa da, bai NBEFaren esku-hartze sektorialaren esparruan, bai finantza-tresna programatuta dagoen landa-garapeneko esku-hartzearen esparruan.

b) NBEFaren Esku-hartze Sektorialaren esparruan finantzatutako zenbatekoen eta LGENFaren finantza-tresnaren dirulaguntza gordinaren baliokidearen guztizko baturak ez du gainditzen LGENFaren esku-hartze mota horri aplikatu beharreko laguntzaren gehieneko intentsitatea edo gehieneko zenbatekoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren III. tituluan aipatzen dena.

c) Finantzaketa bikoitzaren debekuaren printzipioa errespetatzeko, NBEFaren Esku-hartze Sektorialaren esparruan Batzordeari aitortutako gastuak ez dira finantzatuko edo deklaratuko LGENFaren finantza-tresnaren eragiketaren esparruan, eta alderantziz.

2.– Agindu honetan, aurkeztutako ekintza finantzatzeko, ezarritako dirulaguntzak jasotzea bateraezina izango da xede bererako beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek –Espainiakoak zein nazioartekoak– ezartzen duten beste edozeinekin.

12. oinarria.– Errendimendu-adierazleen txostena.

Foru-aldundiek egindako ekintzen jarraipena egingo dute, behar diren errendimendu-esparruaren adierazleak monitorizatuz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

Erlezaintza-sektoreko esku-hartzearen emaitzen eta gauzatzearen adierazleei buruzko informazioa urte horretako abenduaren 15a baino lehen bidaliko diote foru-aldundiek erakunde ordaintzaileari.

13. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

1.– Administrazio-kontroletarako eta lekuan bertan egindako kontroletarako jarduketak abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuarekin bat etorriz egingo dira (Errege Dekretu horrek Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren esparruko esku-hartzeak eta beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen du), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak egindako kontrol-planean jasoko dira.

2.– 38/2003 Legearen 46.2 artikuluaren arabera, onuradunek edo hirugarrenek laguntza emateko duten betebeharra betetzeari uko egitea eta ikuskapen- eta kontrol-eginkizun horiek betetzean eskatzen dieten dokumentazioa emateari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukotzat hartuko da, eta, ondorioz, laguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko arrazoia izango da, dagozkion zehapenak alde batera utzi gabe.

3.– Foru-aldundiek erakunde ordaintzaileari bidaliko diote egindako kontrolei buruzko txostena, uneko urteko abenduaren 15a baino lehen.

14. oinarria.– Zehapenak.

1.– Laguntza-lerro honi aplikatu beharreko zehapen-araubidea abenduaren 24ko 3/2002 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezartzen dutena da, aplikatzekoa den araudi sektorialaren ondoriozko berezitasunak hargatik eragotzi gabe.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenei dagokienez, Administrazioak egiaztatzen badu aitortutako datuak zehatzak ez direla edo faltsuak direla, ondoriorik gabe utziko du dagokion izapidea, interesdunari aldez aurretik entzunda. Jokabide hori arau-hauste gisa tipifikatuta badago legeria aplikagarrian, dagokion zehapen-espedientea irekiko da, aurreko apartatuan aipatzen den zehapen-araubidearen arabera.

3.– Arduradunen iruzurraren edo zabarkeria larriaren kasuan, onuradunek ordainketa bidegabeak eta dagozkien interesak itzuli beharko dituzte, eta horrez gain, honako hau ere ordaindu beharko dute: hasieran ordaindutako zenbatekoaren eta jasotzeko eskubidea zuten zenbatekoaren arteko aldearen zenbateko baliokidea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren arabera [2021/2116 (EB) Erregelamendua, 2021eko abenduaren 2koa, Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena].

15. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Erakunde nazionalek eta Europar Batasunekoek onuradunen datu pertsonalak tratatu ahal izango dituzte, kudeaketa-, kontrol-, jarraipen- eta ebaluazio-betebeharrak betetzeko, landa-garapenerako laguntzak arautzen dituen araudiaren arabera. Horretarako, honako araudi hauetan jasotako eskubideak dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteari buruzko erregelamendu orokorra) indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

16. oinarria.– Iruzurraren aurkako neurriak eta interes-gatazka.

Kudeaketan zuzenean, zeharka eta modu partekatuan aurrekontua gauzatzen parte hartzen duten finantza-eragile guztiek –horri buruzko prestakuntza-ekintzak, auditoretza edo kontrola barne hartuta–, interes-gatazkarik ez dagoela adierazteko funtzionarioentzako eredu bat sinatu beharko dute.

Halaber, interes-gatazkarako arriskua dagoenean, pertsona horrek hierarkian gorago dagoen pertsonari helaraziko dio gaia, eta hark idatziz berretsiko du interes-gatazkarik dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak zainduko du dena delako pertsonak laguntza-deialdi honen inguruko jarduera oro bertan behera uzten duela. Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren finantza-interesak babesteko, erakunde ordaintzaileak iruzurraren aurka borrokatzeko politika indartuko du NBEF funtsekin finantzatutako NPBaren esku-hartzeen eremuan.


Azterketa dokumentala