Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2023ko irailaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4341

AGINDUA, 2023ko irailaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2022ko abuztuaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntza-deialdiaren oinarri arautzaileak onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020-2022-luzatutako aldirako Erlezaintza Programa Nazionalaren esparruan.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluaren arabera, estatu kideek hiru urteko programa nazionalak ezarri ahal izango dituzte erlezaintza-sektorerako (erlezaintza-programak), erlezaintza-produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintza orokorrak hobetzeko. Halaber, erlezaintza-programa horietarako Batasunaren ekarpena estatu kideek programa horietarako egindako gastuen % 50 izango dela ezartzen du. Batzordearen 2015eko maiatzaren 11ko 2015/1366 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren bidez eta Batzordearen 2015eko abuztuaren 6ko 2015/1368 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren bidez garatu zen hori.

Batzordearen 2019ko ekainaren 12ko 2019/974 Exekuzio Erabakiaren (EB) bidez, 2020, 2021 eta 2022ko erlezaintza-kanpainetarako erlezaintza-produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko programa nazionalak onartu ziren, zeinak estatu kideek aurkeztu baitzituzten Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 Erregelamendua (EB) betez. Batzordearen 2021eko ekainaren 9ko 2021/974 (EB) Exekuzio Erabakiaren bidez, aipatutako programa nazional aldatuak onartu ziren, eta horrek, praktikan, plan horien indarraldia 2022ko abenduaren 31ra arte luzatzea dakar.

Espainian, urriaren 27ko 930/2017 Errege Dekretuak arautzen du erlezaintza-produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen araubidea. Horren indarraldia luzatu egin da, urriaren 25eko 906/2022 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean xedatutakoaren arabera. Abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren bigarren puntuaren bidez gehitu zen xedapen hori.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarentzako laguntzei buruzko 20/2005 Dekretuak, otsailaren 15ekoak, arautu zituen laguntza horiek, eta dekretu hori indargabetu egin du 24/2023 Dekretuak, otsailaren 21ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoan txerri-azienda estentsiboko ustiategiak antolatzeari buruzkoak, eta otsailaren 26ko 26/2019 Dekretua eta otsailaren 15eko 30/2005 Dekretua indargabetzen dituenak.

33/2004 Dekretuak, otsailaren 10ekoak, arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremurako, erlezaintza-ustiategien antolamendua.

Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolamendua eta jarduteko araubidea ezartzen dituen abenduaren 9ko 275/2020 Dekretua da Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundien arteko harremanaren esparru arautzailea neurri hori Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko, baita Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailearen eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundi bakoitzaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenak ere, Europako NBEF eta LGENF funtsen kontura finantzatutako landa-garapenerako neurrien eta zuzeneko laguntzen kudeaketarekin lotutako jarduerak eskuordetzeari buruzkoak.

Azkenik, foru-aldundi bakoitzak erabakitzen du, hala badagokio, laguntza horietan parte hartzea, bere lurralde historikoko erlezainei zuzendutako Europako, estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiaren arabera. Parte-hartzeak esan nahi du dagokion foru-aldundiak gastu-konpromisoa hartzen duela laguntzak batera finantzatzeko, Batasuneko NBEF funtsek eman ez duten laguntzaren zatia emanez. Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza-deialdiak egin ditu urtero programa honen esparruan, foru-dekretuen bidez.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeari jarraikiz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak alde batera utzi gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute),

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea, 2023. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntza-deialdiaren oinarri arautzaileak, 2022ko abuztuaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldirako. Oinarri horiek agindu honen eranskinean daude jasota.

Diruz lagundu daitezkeen jardueren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan erlezaintzako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzea, 2020-2022 aldirako Erlezaintza Programa Nazionalaren esparruan.

2022. urteko luzatutako aldirako (2022ko abuztuaren 1etik abenduaren 31ra), agindu honetan ezarritako NBEFaren konturako Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzek 60.340,78 euroko gehieneko zenbatekoa izango dute; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoari 2023ko finantza-ekitaldirako esleitutako NBEF funtsen % 60.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ondorioak. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak.

1.– Agindu honen xedea erlezaintza-produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzen araubidea arautzea da.

2.– Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan aplikatuko da, 2022ko abuztuaren 1etik abenduaren 31ra (2020-2022 aldirako Erlezaintza Programa Nazionalaren aldi luzatua ere esaten zaio).

3.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, Erlezaintza-ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuaren 2. artikuluan jasotako definizioak aplikatuko dira, eta, bereziki, honako hauek:

a) Erlekumea: eztia ekoizten duten erleen (Apis mellifera) kolonia da.

b) Erlauntza: Unitatea, zeinak eztia eta erlezaintzako beste produktu batzuk edo erleen ugalketarako materiala ekoizteko erabiltzen diren erleen kolonia bat barne hartzen duen, bai eta bizirik irauteko behar dituzten elementu guztiak ere.

c) Erleen kokagunea: erlategia jartzeko tokia, flora aprobetxatzeko edo negualdia bertan emateko.

d) Erlategia: erlauntz multzoa; erlauntzak titular batenak edo batzuenak dira, eta kokagune berean daude.

e) Erlategi abandonatua: erlategian erlauntzen % 50etik gora hilda daudenean.

f) Erlauntz hila: erlauntz honetan ez dago elementu bizien –alegia, intsektu helduen eta kumeen– jarduera biologikorik.

g) Erlezaintza-ustiategia: eztia ekoizten duten erleak (Apis mellifera) eduki, hazi, kudeatu edo jendaurrean jartzen diren instalazio, eraikuntza edo leku oro, zeinaren erlauntzak erlategi batean edo gehiagotan banatuta dauden.

Erlezaintza-ustiategia, zenbat erlauntzek osatzen duten, honelakoa izango da:

1.– Profesionala: 150 erlauntz edo gehiago dituena.

2.– Ez-profesionala: 150 erlauntz baino gutxiago dituena.

3.– Autokontsumokoa: erlauntzetatik lortutako produktuak familia-kontsumorako baino ez badira erabiltzen. Ustiategi horietan 15 erlauntz egongo dira gehienez.

h) Erlezaintza-ustiategiaren titularra: erlezaintzako jarduera egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak jarduera horren kudeaketaren erantzukizuna eta arriskuak bere gain hartzen dituen.

i) Agintaritza eskuduna: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua.

Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuen erakunde ordaintzailearen antolamendua eta jarduteko araubidea ezartzen dituen abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuaren 12. eta 13. artikuluen arabera, erakunde ordaintzaileak –zehazki, nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzak– izango du ordainketak zuzenean baimentzeko eginkizuna. Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako foru-erakundeek eskatzaileei informazioa eta aholkularitza emateko, eskabideak jasotzeko eta administrazio- eta landa-kontrolak egiteko jarduerak egingo dituzte, zeinak dagokion lankidetza-hitzarmenaren bidez artikulatuko baitira.

2. oinarria.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Laguntzak eskatu ahal izango dituzte aipatutako baldintzak betetzen dituzten eta 150 erlauntzetik gora dituzten erlezaintza-ustiategien pertsona fisiko edo juridiko titularrek, 35/2011 Legearen arabera titulartasun partekatua dutenak barne hartuta. Berezko nortasun juridikoa duten erlezainen elkarte sektorialek ere egin ahal izango dute, halaber, baldin eta egoitza soziala eta fiskala Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan badute, legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta badaude, eta helburu soziala erlezaintza-sektorearen defentsarekin eta ordezkaritzarekin lotuta badago, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak badira. Gainera, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen 19. artikulua eta 2. xedapen gehigarria aplikatuz, emakumeen presentzia gutxienez orekatua izan beharko da zuzendaritza-organoetan.

Pertsona fisiko onuradunek, pertsona juridikoak osatzen dituzten erlezainek eta elkarte onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Erlezaintza-ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko bateko Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

b) Laguntza-eskabidea aurkeztu den urteko urtarrilaren 1a baino lehen aritzea erlezaintza-jardueran, titularraren heriotzaren, erretiroaren edo lanerako ezintasunaren ondorioz titulartasun hori lortu duten titularren kasuan izan ezik, betiere titular berriak aurrekoaren ondorengotzargatik, erretiroagatik edo lanerako ezintasunagatik eskuratzen badu titulartasuna, eta haren laugarren graduko ahaidea bada gehienez. Ezinbesteko kasuetan ez da baldintza hori bete beharrik izango.

c) Erlauntzen urteko errolda-aitorpena egina izatea uneko urteko martxoaren 1a baino lehen, martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

d) Barroosiaren aurkako tratamendua urtean behin gutxienez egitea, maiatzaren 19ko 608/2006 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, zeinak ezartzen eta arautzen baitu erleen gaixotasunei aurre egin eta kontrolatzeko estatu mailako programa bat.

e) Erlezaintza-ustiategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan eta erlezaintza antolatzeko otsailaren 10eko 33/2004 Dekretuan ezarritako arauak betetzea, bai eta foru-aldundiek dituzten eskumenen barruan lurralde historiko bakoitzeko erlezainei dagokienez ezartzen dituztenak ere.

f) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea.

g) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

2.– Honako egoera hauetan ezin izango da dirulaguntzarik jaso:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoa betetzen ez dutenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.4 artikuluan eta 52.1 artikuluko azken apartatuaren azken tartekian ezarritakoaren ondorioetarako, pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo haren sektore publikoaren edozein erakunderekiko zorrik ez dutenean dirulaguntzen itzulketengatik betearazpenaldian, edo, onuradunen edo erakunde laguntzaileen kontra premiamendu-bidea baliatzerik ez dagoenean, borondatezko aldian erantzun gabeko zorrik ez dutenean.

Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo bermatuta daudenean, edo dagokion ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek bertan behera uztea erabaki denean.

b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera araudian ezarritako onargarritasun- eta lehenespen-irizpideak betetzeko kondizioak berariaz sortu dituztela frogatzen denean; erregelamendu hori Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa da, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du.

c) Berdintasunerako eskubidea eta sexuagatiko bereizkeriarik eza urratzeagatik administrazio-, lan- edo zigor-bidean zehapen irmoa jaso dutenean.

d) Eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen berdintasunaren printzipioaren aurkakoak direnean.

e) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen III. tituluan edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako betebeharrak betetzen ez dituztenean.

3.– Administrazioak behar diren egiaztapenak eta kontsultak egingo ditu laguntza hauen administrazio-izapideak egiteko behar diren eskatzaileen datuei buruz, salbu eta eskatzaileek berariaz aurka egiten badute; kasu horretan, aurka egiteko arrazoiak adierazteaz gain, dagozkion datuak edo agiriak aurkeztu beharko dituzte. Arrazoi teknikoak direla-eta ezinezkoa bada, izapidetzeko behar diren datuak edo agiriak eskatu ahal izango dira, Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.e) artikuluarekin lotuta (Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa); baita Datuak Babesteko Lege Organikoaren (3/2018 LO) zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera ere.

4.– Onuradunak ez dira egon beharko laguntza itzultzeko prozeduran edo zehapen-prozeduran sarturik. Horrela izanez gero, onuradunei laguntzok eman eta ordaintzeko, amaituta izan behar dute dagokion foru-aldundiak eta/edo EAEko Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian jarritako eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

5.– Ezin izango dira pertsona edo erakunde onuradun izan sexuagatiko bereizkeriagatik administrazio-zehapen edo zehapen penalez zigortuak izandako pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldia bukatu arte.

6.– Erlezain berak laguntza bakarra jaso ahal izango du jarduera bererako, erlauntz bakoitzeko, dela bere izenean, dela kooperatiba edo ordezkaritza bidezko erakunde bateko kide gisa.

3. oinarria.– Jarduera diruz lagungarriak eta gehieneko zenbatekoak.

1.– Diruz lagunduko dira 2022ko abuztuaren 1a eta 2022ko abenduaren 31 bitartean egindako neurri hauek:

a) Erlezainei eta erlezain-elkarteei informazioa eta laguntza teknikoa ematea. Neurriaren barruan, ekintza hauek dira diruz lagungarriak:

1) Teknikariak eta espezialistak kontratatzea erleen osasunaren arloko informazioa eta laguntza teknikoa emateko, bai eta erlezain-elkarteetako erlezainei ekoizpenari buruzko aholkularitza orokorraren arloan ere.

2) Erlezainentzako prestakuntza-ikastaroak, eta erlezain-taldeetako teknikarien eta espezialisten etengabeko prestakuntza.

3) Dibulgazio-sistemak eta aldizkari teknikoak. Laguntza teknikoa baloratzeko, programa hartuko da kontuan, baita zerbitzua jasotzen duten erlezainen eta erlauntzen kopurua ere.

Laguntzaren intentsitatea gastu diruz lagungarriaren % 80 izango da.

b) Erlauntzen kontrako erasoak eta gaixotasunak –barroosia bereziki– borrokatzea. Neurri honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte jarduera nagusia erlezaintza duten erlezainek edo kalitate-markei atxikita daudenek, bai eta 150 erlauntz baino gehiago dituztenek ere. Neurriaren barruan, ekintza hauek dira diruz lagungarriak:

– Tratamendu kimioterapikoak (betiere Sendagaien eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak baimenduta badaude), erlauntz bakoitzeko bi tratamendu gehienez.

– Erlezaintza ekologikoarekin bateragarriak diren barroosiaren kontrako tratamenduak (betiere Sendagaien eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziak baimenduta badaude), erlauntz bakoitzeko bi tratamendu gehienez.

– Erlauntzak gainelikatzea eta argizaria berritzea.

Tratamenduetarako gehieneko zenbateko diruz lagungarria 2,5 euro izango da erlauntz bakoitzeko urtean tratamendu bakarra eginez gero, eta 5 euro urtean bi tratamendu egiten badira.

Laguntzaren intentsitatea honako hau izango da:

– Gastu diruz lagungarriaren % 100, jarduera nagusia erlezaintza duten erlezainentzat.

– Gastu diruz lagungarriaren % 80, 150 erlauntz baino gehiago dituzten edo kalitate-markei atxikita dauden erlezainentzat.

2.– Kostuen neurritasuna egiaztatzea. Kostuak neurritasun-printzipioa aplikatu izana bermatzeko, honako neurri hauek ezarriko dira:

2.1.– Laguntzaren ondorioetarako, diruz lagundu daitekeen kostuaren kalkulutik kanpo geldituko dira artikulu honen 1. apartatuan aipatutako gehieneko zenbateko lagungarriak gainditzen dituzten gastu proposatuak, edota programen funtzionamendurako alferrikakotzat edo ez-beharrezkotzat jotzen direnak. Eskatutako zenbatekoa gehieneko kostu diruz lagungarria baino txikiagoa bada, bi zenbateko horietatik txikienaren gainean kalkulatuko da laguntza.

2.2.– Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 40.000,00 eurotik gorakoa bada, BEZik gabe, obren kasuan, eta 15.000,00 eurotik gorakoa bada, BEZik gabe, zerbitzu eta horniduren kasuan, onuradunak, eskabidearekin batera, hornitzaile desberdinei gutxienez hiru eskaintza eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta hori hornitzen edo ematen duten nahiko erakunde merkatuan egon ezean. Aurkeztutako eskaintzen arteko proposamen ekonomikorik onena aukeratuko da, betiere eskatzaileak beste aukera bat berariaz justifikatzen ez badu eta dagokion aldundiko organo eskudunak hura onartzen ez badu.

4. oinarria.– Lehentasun- eta haztapen-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen bidez emango dira, eta lehentasun-irizpide hauen arabera ezarriko da eskabideen lehentasun-hurrenkera:

a) Zenbat erlauntz dituen laguntzaren xede diren neurriak aplikatzen zaizkion elkarteak edo pertsona fisiko edo juridikoak. Gehienez 5 puntu, irizpide honi jarraikiz:

1.a Bost (5) puntu erlauntz gehien duen eskabideari.

2.a Gainerako eskabideen balorazioa egiteko, honako formula hau aplikatuko da: Puntuak = (Baloratu beharreko proposamenaren erlauntz kopurua x 5) / Erlauntz kopuru handiena duen proposamenaren erlauntz kopurua.

b) Kalitate bereiziko figuren araubideetan parte hartzea, arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritza- eta elikadura-produktuen kalitatearen araubideei buruzkoa, Kontseiluaren 834/2007 (EE) Erregelamendua, 2007ko ekainaren 28koa, produktu ekologikoen ekoizpenari eta etiketatzeari buruzkoa, eta 2092/91 (EEE) Erregelamendua indargabetzen duena, edo autonomia-erkidegoan aitortutako kalitate-marken araudia: 1 puntu. Ustiategien titularrek edo legez onartutako elkarteek aurkeztutako eskabideei aplikatuko zaizkie. Elkarteko kide eta erlauntz guztiak kalitate-figurari atxikita ez badaude, atxikitako erlauntzen ehunekoaren arabera kalkulatuko da puntuazioa.

c) Legez onartutako Abeltzaintzako defentsa sanitarioko elkarte bateko kide izatea eskatzailea, edo arduradun teknikoak zuzendutako programa sanitarioa aurkeztea: 1 puntu: Irizpide hori aplikatuko zaie bai ustiategien titularrek aurkeztutako eskabideei, bai legez ezagututako erlezainen erakundeek edo elkarteek aurkeztutako eskabideei, atal honetan ezarritako irizpidea betetzen badute.

d) Eskatzailea erlezaintza-kooperatiba edo -elkarte bateko kide izatea: 1 puntu.

e) Ustiategi eskatzaileek titulartasun partekatua izatea, Nekazaritzako Ustiategien Titulartasun Partekatuari buruzko urriaren 4ko 35/2011 Legean ezarritako ondorioetarako, edo nekazari gazte batek badu haien titulartasuna, bat etorriz honako araudi honetan ezarritako definizioarekin eta baldintzekin: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1307/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan jasotako laguntza-araubideak betez nekazarientzako zuzeneko ordainketei aplikatu beharreko arauak ezartzen dituena, eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena. Irizpide horiek ustiategietako titularrek aurkeztutako eskabideei aplikatuko zaizkie, bai eta legez onartutako erlezain-erakunde edo -elkarteek aurkeztutako eskabideei ere, atal honetan ezarritako irizpidea betetzen badute: 1 puntu.

f) Emakumea. Titularra emakumezkoa duten nekazaritza-ustiategiak. Eskatzailea pertsona juridikoa denean, eta irizpide hori ezin bada zuzenean egiaztatu, baldintza hori bete beharko du, gutxienez, pertsona juridiko horren barruan erabakitzeko ahalmena duten pertsona fisikoen % 50ek, edo, bestela, hau bete beharko da: irizpide hori betetzen duen edo duten pertsona fisikoek kapital sozialean % 50etik gorako partaidetza izatea, edo haren barruan boto-eskubideen erdiak baino gehiago izatea. 2 puntu.

g) Laguntzaren xede den neurria aplikatzen zaion elkartea osatzen duten bazkideen kopurua. Gehienez 2 puntu emango dira, irizpide honi jarraikiz:

1.a Bazkide erlezain profesionalen kopurua (150 erlauntz baino gehiago): 0,1 puntu erlezaineko, gehienez 0,5 puntu.

2.a Jarduera nagusia erlezaintza duten kideen kopurua: 0,2 puntu erlezain bakoitzeko; gehienez puntu 1.

3.a Bazkide kopurua, guztira: 0,1 puntu 10 kideko; gehienez 0,5 puntu.

2.– Gehienez 13 puntu lor ditzakete eskabideek, eta beharrezkoa izango da gutxienez 5 puntu lortzea laguntzak eskuratzeko.

3.– Aurkeztutako eskabideak elkarren artean alderatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera. Eskabideen zerrenda laguntza-lerroaren arabera ezarri ondoren, artikulu berean ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko da.

5. oinarria.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honek ondorioak sortzen dituen hurrengo egunetik hasi eta 2023ko irailaren 30ean amaituko da.

Horrez gain, aintzat hartuko dira eta baliozkoak izango dira 2023ko irailaren 1etik hasi eta aurkezteko epea amaitu arte xede horrekin aurkeztutako laguntza-eskabideak. Nolanahi ere, eskabideak agindu honetan eskatutako agiriekin osatu beharko dira, aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan.

Eskabidearekin batera, oinarri honen 6. apartatuan ezarritako agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Nekazaritza Politika Bateratua eta harekin lotutako beste gai batzuk kudeatzeko sistema arautzen duen abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira.

3.– Eskabideak eta haien ondorengo izapideak erlezaintza-ustiategia erregistratuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundian aurkeztuko dira, edo, erlezain-elkarteen kasuan, helbide fiskala duen lurraldean, eskabidea zuzentzen den haietako bakoitzaren egoitza elektronikora sartuz, honako helbide hauen bitartez:

– Arabako Foru Aldundia: https://egoitza.araba.eus/eu/hasiera

– Bizkaiko Foru Aldundia: https://www.ebizkaia.eus/eu/hasiera

– Gipuzkoako Foru Aldundia: https://egoitza.gipuzkoa.eus/eu/erregistroa

Era berean, dagokion foru-aldundiak ezarritako lekuetan eta orduetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak, hala Aldundiek berek hala xedatuz gero.

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori dagokion administrazio publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da.

5.– Laguntza hauen eskabide-eredua; eskuragarri egongo da oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.

6.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, honako informazio eta agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskatzailearen identifikazioa, haren IFZ barne, eta, kooperatiba edo ordezkaritza bidezko erakundeek aurkeztutako eskabideen kasuan, hura osatzen duten pertsona fisikoen zerrenda, IFZ eta eskatzailearen edo haren ordezkari izateko baimendutako pertsonaren identifikazioa adierazita.

b) Eskatzaileak zenbat erlauntzen titulartasuna duen, edo, elkarteek aurkeztutako eskabideen kasuan, elkartea osatzen duten pertsonei zenbat erlauntz dagozkien guztira, bai eta elkarte horiek osatzen dituzten ustiategien zerrenda ere.

c) Erlezaintza-ustiategiaren erregistro-liburuko orrien kopia, zeinetan erlauntz kopuruari eta ustiategi mota eta klaseari buruzko agiriak jasotzen diren. Elkarteek aurkeztutako eskabideen kasuan, erlezaintza-ustiategiaren erregistro-liburuko orrien kopia, zeinetan jasotzen diren erlauntz kopuruari eta laguntza eskatzen duten ustiategi bakoitzaren ustiategi mota eta klaseari eta hura osatzen duten erlezainen jabetzari buruzko agiriak. Informazio hori ofizioz egiaztatu ahal izango du dirulaguntzaren organo kudeatzaileak, dagokion baimenaren ondoren, dirulaguntzaren eskatzailea berariaz aurka agertzen ez bada; kasu horretan, aurkeztu egin beharko du eskatzaileak.

d) Agindu honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direlako egiaztagiriak.

e) Erantzukizun zibileko aseguruaren fotokopia.

f) Hala badagokio, agindu honetako 4. oinarrian aipatutako baldintzetatik zein betetzen duen egiaztatzea.

g) Memoria deskribatzailea, honako hauek zehaztuta: garatutako jardueren eta ekimenen edukia, diruz lagundu daitekeen aldian 3. oinarrian jasotako jarduera-ildoen arabera; jarduerak egiteko datak; giza baliabideak eta baliabide materialak; bazkideen kopurua eta zerrenda; laguntza-eskabidean jasotako erlezainen zerrenda; elkarteko zuzendaritza-organoetan dauden emakumeen kopurua; bazkide bakoitzaren ekarpen-kuota; eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak diren gainerako alderdi guztiak.

h) Egindako gastuei buruzko txosten xehatua, fakturekin edo froga-balio baliokidea duten agiriekin eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriekin batera.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

j) Banku-helbideratzearen fitxa.

7.– Foru-aldundiek honako hauek automatikoki egiaztatuko dituzte: NANa, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera.

8.– Eskatutako agiriak beste administrazio batean entregatzen direnean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu agiri horietan ez dela aldaketarik egin, aurkeztutzat joko dira, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoarekin. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan aurkeztu dituen eta noiz. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, agiriak aurkeztu beharko ditu.

9.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

10.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako baldintzak edo aplikatzekoa den Europako edo estatuko legediak eskatutako beste edozein baldintza, eskatzaileei hamar eguneko epea emango zaie gabezia hori zuzentzeko edo aurkeztu ez dituzten nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak horri buruzko ebazpena eman ondoren –hura baita Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailearen zuzendaria–, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin.

Nolanahi ere, beste edozein agiri eta/edo informazio eskatu ahal izango zaie eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen bada aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

6. oinarria.– Dirulaguntzak emateko prozedura eta ebazpena.

6.1.– Dirulaguntza emateko prozedura norgehiagoka izango da. Horrela, onargarritzat jotako eskabideek aurrekontua gainditzen badute, hiru lurralde historikoetako eskabide onargarriak aztertu eta balioetsiko dira, agindu honen 4. oinarrian (lehentasun- eta haztapen-irizpideei buruzkoa) jasotako lehentasun-irizpideen arabera:

– Ezetsi egingo dira 5 puntutik beherako haztapena duten eskabide onargarriak.

– Dagokien laguntzaren % 100 emango zaie urriaren 15eko 8/2015 Legearen 15.c) artikulua (emakumeak) betetzen duten eskatzaileei.

– Gainerakoei dagokienez, laguntzaren helburu kolektiboa kontuan hartuta, eta haren helburua betetzeko, erabilgarri dagoen zenbatekoa laguntza jaso ahal izateko beharrezko baldintzak betetzen dituzten onuradun guztien artean banatuko da, eta laguntzaren zenbatekoaren murrizketa proportzionala aplikatuko zaie hainbanaketa bidez, urriaren 27ko 930/2017 Errege Dekretuaren 6.4 artikuluaren arabera.

6.2.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da erlezaintzarako laguntza-lerro honetan parte hartzen duen foru-aldundi bakoitzean. Balorazio-batzorde horietan parte hartzeko izendatutako pertsonek gaitasuna izan beharko dute bete beharreko eginkizuna betetzeko.

Horrela eratutako batzordeek aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatuko dituzte, agindu honetan ezarritako kuantifikazio-irizpideen arabera eta, hala badagokio, foru-aldundien aurrekontu-mugen arabera. Lan hori egiteko, haien ezagutza espezifikoak kontuan hartuta beharrezko iritzitako pertsonek parte har dezaten eskatu ahal izango du batzordeak, eskabideak hobeki baloratzeko.

Balorazio-batzorde bakoitzak balorazio-akta edo -txosten bat idatziko du ordainketa-proposamen teorikoarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Erakunde Ordaintzaileari jakinaraziko dio dagokion Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak.

NBEF funtsetatik erabilgarri dagoen zenbatekoa aski bada foru-aldundiek jakinarazitako zenbatekoen baturari aurre egiteko, dagozkion eskabideak onartzeko ebazpena emango du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak. Ebazpen bakarra emango da foru-aldundi bereko eskatzaile-talde bakoitzarentzat. Era berean, foru-aldundi bakoitzak bere esparruko eskatzaileen laguntzaren zati kofinantzatuari buruzko ebazpena emango du.

NBEF funtsak nahikoak ez badira, oinarri honetako 1. apartatuan ezarritakoa beteko da, eta erabilgarri dauden NBEF funtsetara egokituko dira laguntzak. Ondoren, laguntzak onartzeko ebazpenak emango dira, aurreko lerrokadan jasotzen den bezala.

Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1. apartatuko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da.

Hala ere, ebazpena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietan nekazaritzaren arloan eskumena duten zuzendaritzetara bidaliko da, interesdunei banan-banan jakinaraz dakien. Nolanahi ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.

6.3.– Ebazpenak honako informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Aintzat hartutako eskabideei buruz:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena, IFK edo NANa, edo, hala badagokio, eskatzaileen ordezkariaren izena edo sozietate-izena.

2) Lortutako puntuazioa.

3) Emandako laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi diren eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo sozietate-izena, IFK edo NANa, edo, hala badagokio, eskatzaileen ordezkariaren izena edo sozietate-izena.

2) Laguntza ezesteko arrazoiak.

6.4.– Dirulaguntza jasotzeko, ezinbestekoa izango da izapidetan den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen babesean hasitakoa, amaitzea.

6.5.– Ebazpena gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori bukatu eta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

6.6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

6.7.– Eskatzaileak hamar eguneko epea izango du, laguntza onartzeko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, onartutako eragiketei ukoak aurkezteko. Berariaz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.

7. oinarria.– Laguntza kalkulatzea eta ordaintzea.

1.– Laguntzaren zenbatekoa kofinantzatua da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 55. artikuluan ezarritakoaren arabera. Beraz, onuradun bakoitzarentzat kalkulatutako laguntzaren % 50 ordainduko da NBEF funtsen kontura. Gainerako % 50a dagokion foru-aldundiak emango die bere lurralde historikoko onuradunei.

2.– Laguntza kalkulatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da foru-aldundi bakoitzean, lurralde historiko bakoitzeko onuradunen ordainketa-eskaera onartuak aztertzeko. Balorazio-batzorde horrek txostena egingo du, eta honako hauek jasoko ditu:

2.1.– Egindako administrazio-kontrolen eta lekuan bertan egindako kontrolen adostasun-txostena.

2.2.– Onuradun bakoitzari eta benetan egindako jarduera bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatzea, agindu honen 3. oinarrian jasotakoa kontuan hartuta, eta, bereziki, diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak, laguntzaren intentsitatea eta aurkeztutako kostuen neurritasunaren egiaztapena.

2.3.– Kalkulatutako laguntza-zenbatekoaren % 50 NBEF funtsen kontura ordaintzeko proposamena.

2.4.– Kalkulatutako laguntza-zenbatekoaren gainerako % 50a finantzatzeko konpromisoa.

3.– Lekuan bertan egindako ikuskapenetan egiaztatzen bada ustiategian dauden erlauntzen kopurua txikiagoa dela dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen kopurua baino, egiaztatutako erlauntzen arabera kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa, honako zigor-ehuneko hauek aplikatuta:

a) Dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen eta egiaztatutako erlauntzen arteko aldea % 5 edo txikiagoa bada, erlauntzengatik bideratutako zenbatekoari diferentzia-ehunekoaren pareko zigor-ehunekoa aplikatuko zaio.

b) Dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen eta egiaztatutako erlauntzen arteko aldea % 5 baino handiagoa eta % 20 edo txikiagoa bada, diferentzia-ehunekoaren bikoitza izango da erlauntzengatik bideratutako zenbatekoari aplikatu beharreko zigor-ehunekoa.

c) Dirulaguntzaren ondorioetarako onartutako erlauntzen eta egiaztatutako erlauntzen arteko aldea % 20tik gorakoa bada, eskatzailea kooperatiba bat edo ekoizle-elkarte bat denean, ez dira kontuan hartuko erlezain horren erlauntzak laguntzaren azken kalkulua egiteko. Ukitutako erlezainak laguntza banaka eskatu badu, ez zaio inolako laguntzarik emango.

4.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), oro har, ez da gastu diruz lagungarritzat hartuko.

BEZa gastu diruz lagungarritzat hartu ahal izateko, onuradunaren merkataritza-peritu batek edo legezko auditore batek egiaztatu beharko du ordaindutako zenbatekoa ez dela berreskuratu eta gastu gisa kontsignatu dela onuradunaren kontabilitatean, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 69. artikuluko 3. apartatuko c) letrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin.

5.– Laguntza- eta ordainketa-eskabideak aldi berean aztertu ahal izango dira, betiere bi eskabideak aldi berean aurkezten badituzte. Kasu horretan, laguntzak onartzeko ebazpenetan laguntzak ordaintzeko agindua jaso ahal izango da, izapideak arinagoak izan daitezen.

6.– Gastuak ez dira diruz lagungarriak izango sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan edo, bestela, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan ordaindu ezean.

8. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, onartu egiten dutela joko da, baldin eta onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost eguneko epean, bai eta ildo horretako ekintza nabariak eginez gero ere.

b) Dirulaguntza eman zaion horretarako erabiltzea, eta bat etorriz emateko ebazpenean ezarritako baldintzekin.

c) Dagokion foru-aldundiari bere eginkizunetan eskatzen duen informazioa ematea agindu honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

d) Berdintasunaren arloko betebeharrak:

d.1.– Pertsona fisiko edo juridikoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu beharko dute lanpostuen definizioan, lanpostuetarako sarbidean, kontratazioan eta azkentzean, lanbide-sailkapenean, sustapenean, prestakuntzan, laneko segurtasun eta osasunean, ordainsari-politikan, erantzunkidetasunean eta bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzean, lanaren kalitatean eta egonkortasunean, lanaldiaren iraupenean eta antolamenduan, eta ekintza sindikalean, ordezkaritzan eta negoziazio kolektiboan, lan-baldintza duinak, zintzoak eta ez-diskriminatzaileak ziurtatuz.

d.2.– Pertsona fisiko edo juridikoek zaindu beharko dute emakumeen eta gizonen tratamendua, protagonismoa eta balorazioa baliokideak direla, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta rol eta genero-identitate anitzen balioak dituen irudia sustatzen dutela, bai idatzizko informazioan, ahozkoan, ikonografikoan, publizitate-ekintzetan, barne- eta kanpo-komunikazioan, formalean eta informalean, bai proiektua edo jarduera gauzatzearekin lotutako materialetan.

e) Erakundeen laguntza bat jasotzen duten elkarteek euskara erabili beharko dute diruz lagundutako jardueraren ondoriozko esku-hartze publiko guztietan, bai eta liburuxka, kartel edo jardueraren publizitatea egiteko erabilitako beste euskarri orotan ere.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazi asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela apartatu honetan xedatzen den bezala.

Egiaztagiriak eskabidea egiten den unean aurkeztu beharko dira. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu hura aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da eta, hura lortu eta gero, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.

Betekizun horren betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:

g.1.– Pertsona fisikoek eta juridikoek, baldin eta, kontabilitate-araudiaren arabera urteko kontu laburtua aurkez badezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsonaren ziurtagiriaren bidez, zeinean abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duten. Horrez gainera, hurrengo b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

g.2.– Kontabilitate-araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iritsi izana.

Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.

2) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

Kasu horretan, eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. bis artikuluan ezarritakoa betez egingo da adostutako prozedurei buruzko txostena.

h) Dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiak eta oinarri arautzaile hauek ezarritako gainerako betebeharrak.

9. oinarria.– Ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, baldin eta dirulaguntza ematea ekarri zuten baldintzak aldatzen badira, horiek onuradunari buruzkoak izan edo Administrazioaren erabaki baten ondorioz.

10. oinarria.– Bidegabeki jasotako zenbatekoak ezeztatzea eta itzultzea.

a) Dirulaguntza emateko ebazpena baliogabetzeko arrazoiak dira, eta jasotako zenbatekoak itzultzeko betebeharra dakarte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak.

b) Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta dirulaguntza ordaindu den unetik hura itzuli behar dela adosten den datara arteko berandutza-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan.

11. oinarria.– Bateragarritasuna.

Batzordearen 2015eko maiatzaren 11ko 2015/1366 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntza hau bateraezina da jarduera beragatik jasotzen den beste edozeinekin, eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera Landa Garapenerako Programaren esparruan ematen direnekin.

12. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

1.– Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-aldundiek egingo dituzte administrazio-kontrolerako eta lekuan bertan egindako kontroletarako jarduerak, beren lurralde-eremuko eskatzaileei dagokienez. Kontrol horiek Batzordearen 2015eko abuztuaren 6ko 2015/1368 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 8. artikuluaren arabera egingo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak egindako Kontrol Planean egongo dira jasota.

a) Laguntza- eta ordainketa-eskabide guztien administrazio-kontrol sistematikoa egingo da.

b) Gutxienez laguntza-eskatzaileen % 5i egingo zaizkie kontrolak lekuan bertan. Lekuan bertan kontrolatu beharreko eskatzaileen lagina konfiguratzeko, laginaren % 50 ausaz hautatuko da. Gainerako % 50aren hautaketa zuzendua egingo da, honako faktore hauek kontuan hartuta:

– onuradunei esleitutako finantzaketaren zenbatekoa,

– erlezaintza-neurrien bidez finantzatutako jardueren izaera,

– lekuan bertan egindako aurreko kontrolen ondorioak.

c) Gainera, beharrezkotzat jotzen diren beste kontrol batzuk egin ahal izango dira, laguntza ematea justifikatzen duten datuak egiaztatzeko eta laguntzaren xede diren jarduketak ikuskatzeko, oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzen xedea, betekizunak eta konpromisoak betetzen direla egiaztatzeko, bai eta onuradunak emandako informazioa egiazkoa dela egiaztatzeko ere, hirugarrenek dituzten datuetan edo agiri komertzialetan oinarrituta.

2.– 38/2003 Legearen 46.2 artikuluaren arabera, onuradunek edo hirugarrenek laguntza emateko duten betebeharra betetzeari uko egitea eta ikuskapen- eta kontrol-eginkizun horiek betetzean eskatzen dizkieten agiriak emateari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukotzat hartuko da, eta, ondorioz, laguntza ezeztatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko arrazoia izango da, dagozkion zehapenak alde batera utzi gabe.

13. oinarria.– Zehapenak.

1.– Laguntza-lerro honi aplikatu beharreko zehapen-araubidea abenduaren 24ko 3/2002 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezartzen dutena da, aplikatzekoa den araudi sektorialaren ondoriozko berezitasunak hargatik eragotzi gabe.

2.– Erantzukizunpeko adierazpenei dagokienez, Administrazioak egiaztatzen badu aitortutako datuak ez direla zehatzak edo faltsuak direla, ondoriorik gabe utziko du dagokion izapidea, interesdunari aldez aurretik entzunda. Jokabide hori arau-hauste gisa tipifikatuta badago legeria aplikagarrian, dagokion zehapen-espedientea irekiko da, aurreko apartatuan aipatzen den zehapen-araubidearen arabera.

3.– Arduradunen iruzurraren edo zabarkeria larriaren kasuan, onuradunek ordainketa bidegabeak eta dagozkien interesak itzuli beharko dituzte, bat etorriz 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 63. artikuluko 3. apartatuarekin, eta, horrez gain, hasieran ordaindutako zenbatekoaren eta jasotzeko eskubidea duten zenbatekoaren arteko aldearen zenbateko baliokidea ordaindu beharko dute.

14. oinarria.– Datu pertsonalen babesa.

Erakunde nazionalek eta Europar Batasunekoek onuradunen datu pertsonalak tratatu ahal izango dituzte, kudeaketa-, kontrol-, jarraipen- eta ebaluazio-betebeharrak betetzeko, landa-garapenerako laguntzak arautzen dituen araudiaren arabera. Horretarako, honako araudi hauetan jasotako eskubideak dituzte: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteari buruzko erregelamendu orokorra) indargabetzen duena, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

15. oinarria.– Iruzurraren aurkako neurriak eta interes-gatazka.

Kudeaketan zuzenean, zeharka eta modu partekatuan aurrekontua gauzatzen parte hartzen duten finantza-eragile guztiek –horri buruzko prestakuntza-ekintzak, auditoretza edo kontrola barne hartuta–, interes-gatazkarik ez dagoela adierazteko funtzionarioentzako eredu bat sinatu beharko dute.

Halaber, interes-gatazkarako arriskua dagoenean, pertsona horrek hierarkian gorago dagoen pertsonari helaraziko dio gaia, eta hark idatziz berretsiko du interes-gatazkarik dagoen ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileak zainduko du dena delako pertsonak bertan behera uzten duela laguntza-deialdi honen inguruko jarduera oro. Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren finantza-interesak babesteko, erakunde ordaintzaileak iruzurraren aurka borrokatzeko politika indartuko du NBEF funtsekin finantzatutako NPBaren esku-hartzeen eremuan.


Azterketa dokumentala