
179. zk., 2023ko irailaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (313 KB - 19 orri.)
- EPUB (154 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4324
AGINDUA, 2023ko irailaren 12koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen programa, Euskal Autonomia Erkidegoan inbertsioak egiten dituzten eta, deskarbonizazioaren bidez, beren ekoizpen-prozesu industrialetan ingurumenaren babes-maila hobetzen duten enpresentzat. «Deskarbonizazio Industrialeko Programa».
Europar Batasunaren Itun Berdeak, Europako Batzordeak 2019ko abenduan aurkeztu zuenak, helburutzat Europa klimaren aldetik neutroa den lehen kontinente bihurtzea hemendik 2050era bitartean. Klimari buruzko Europako legeriak (2021/1119 EB Erregelamendua) klima-neutraltasunerako konpromiso hori jaso du legeria loteslean, eta bitarteko helburu gisa ezarri du berotegi-efektuko emisioak gutxienez % 55 murriztea 1990eko mailekin alderatuta, 2030erako.
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020-2024 aldirako Gobernuaren XII. Legegintzaldirako «Euskadi martxan» programak, esplizituki hartzen du karbono gutxiko ekonomia baterantz aurrera egiteko konpromisoa, enplegua sortzeko eta industria- eta teknologia-garapena bultzatzeko aukera gisa. Horretarako, nazioartean adostutako klima-neutraltasuneko helburuak betetzeko konpromisoa hartzen du, eta batez besteko tenperatura globala 2 gradu zentigradutik gorakoa izan ez dadin eta 2050ean berotegi-efektuko gasen emisioan herrialde neutroa izan gaitezen laguntzen du.
Konpromiso horretan sartzen dira honakoak: alde batetik, «Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren 2021-2024 aldirako Plana (ETKAP 2021-2024)», Eusko Jaurlaritzak 2021eko azaroan onartu zuena; eta, bestetik, Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketari buruzko lege-aurreproiektua, 2050a baino lehen Euskadin klima-neutraltasuna lortzekoa, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2023ko maiatzaren 16an onartu zuena.
ETKAPak jarraipena ematen dio Euskadik klima-aldaketaren arloko politika aktiboen garapenean egindako ibilbide luzeari. 2008-2012 aldirako Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planaren ostean, 2015ean, 2050erako klima-aldaketaren Euskadiko estrategia argitaratu zen, BEGen isurketak gutxienez % 40 murriztekoa 2030era bitartean, eta gutxienez % 80 2050erako, 2005eko datuekin alderatuta.
Euskadik urtero egiten du Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioa, 2000. urtetik, orduan egin baitzen kalkulua lehen aldiz. 2020ko maiatzeko txostenaren arabera, Euskadiko BEGen isurketak % 2 murriztu ziren 2019an aurreko urtearekin alderatuta, eta % 27 2005arekin alderatuta. Euskadin, 2019an, 18,6 milioi tona BEG isuri ziren (isuri absolutuak).
Klima-neutraltasuneko helburuak lortzeko, ahalegin handia egin beharko da Euskadiko esparru ekonomiko guztietan, eta batez ere industria-sarean, ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioak egin beharko baititu. Inbertsio pribatu horiek funts publikoen laguntza beharko dute eta, aldi berean, Estatuko laguntzei buruzko Europako araudia errespetatu beharko dute.
Zeharka bada ere, klima-neutraltasunerako trantsizioak aukerak ematen ditu EAEko industria-sektore estrategikoak garatzeko, hala nola energia berriztagarriak, hidrogeno berdea eta energia-biltegiratzea balio-kate osoan zehar. Halaber, teknologia horiek hedatzeak energia-hornidura propioaren eta baliabideen erabilera efizienteagoaren alde egingo du, eta horri esker ingurumena zaindu eta klima-aldaketarekiko erresilientzia handiagoa eduki ahal izango da, bai eta kanpokoekiko energia-mendekotasun txikiagoa izan ere. Energia-aurrezpenak eta -efizientziak ere rol garrantzitsua izan behar dute, eta energia primarioaren eta azken energiaren kontsumoak murriztu behar dira.
Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak industria-enpresei eta industria-produktuarekin/-prozesuarekin lotutako zerbitzuei laguntzeko honako programa hau proposatzen du, ekoizpen-instalazioetan (berriak eta/edo lehendik daudenak) inbertsioak egin daitezen sustatzeko, haien industria-prozesuen ondorioz –bai energia-kontsumotik eratorritakoak, bai ekoizpen-prozesuetatik eratorritakoak– berotegi-efektuko gas (BEG) gutxiago isuri daitezen.
Laguntza-programa horrek inbertsio-erabakiak aurreratzea eta euskal industriari laguntzea ahalbidetuko du, klima-neutraltasuneranzko trantsizioko testuinguru europar nahiz globalean lehiakorra izaten jarrai dezan.
Programa hori ezartzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: 2022-2027rako eskualde-helburuko estatuko laguntzei buruzko gidalerroak (2021eko apirilaren 29ko AO, C 153); 651/2014 (EB) Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), 2023ko ekainaren 23ko Batzordearen 2023/1315 (EB) Erregelamenduan jasotako azken aldaketan jasotakoa, zeinaren bidez honako hauek aldatzen baitira: alde batetik, 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, ingurumena babestera bideratutako laguntzen ataleko 36. eta 38. artikuluetakoak; eta, bestetik, horri dagokion Batzordearen onarpena, zeinaren bidez 2022-2027 eskualdeko laguntzen mapa onartu baitzen (SA.100859, 2022ko martxoaren 17ko Erabakia).
Hala, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu kideek, dirulaguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez diote Europar Batasunaren baimena lortzeko Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar; hala, nahikoa da jakinarazpena egitea kasu bakoitzerako aurreikusitako epeetan.
Laguntzen Europako erregelamenduaren bertsio berriak aukera ematen du honako aukera hauen artean hautatzeko: batetik, ingurumenaren babes-maila txikiagoa duen inbertsio alternatibo baten kostu gehigarriak finantzatzea, edo inbertsioaren balio erantsi garbiarekiko kostu gehigarriak, gerora; edo, bestetik, kalkuluen konplexutasun hori saihestea, kostu hautagarritzat berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketen murrizketarekin zuzenean lotuta dagoen inbertsio hautagarri osoa hartuta, eta ez egoera alternatibo batekiko kostu gehigarria soilik. Inbertsio osoaren gaineko bigarren laguntza-aukera horretan, laguntzaren intentsitatearen ehunekoa txikiagoa da; haatik, laguntzaren intentsitate txikiago hori inbertsio osoari aplikatzen zaionez, eta ez soilik kostu gehigarri bati, termino absolutuetan ez dago alde nabarmenik laguntzaren zenbateko ekonomikoari dagokionez, eta, gainera, prozesua errazagoa bihurtzen da eskatzaileentzat.
Laguntzen kudeatzaile publikoentzako prozesua ere errazten du, ez dutelako erreferentziako balizko inbertsio bat ebaluatu behar.
Europako erregelamenduaren bertsio berriak aukera ematen du, halaber, laguntzaren intentsitatea areagotzeko enpresa txiki eta ertainen kasuan, bai eta laguntzaren xede den inbertsioa Ezkerralde Zabalduan kokatzen bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoko eremu kaltetuen konfigurazio berriaren arabera (2022-2027).
Klima-neutraltasuneko helburuak lortzeko, ahalegin handia egin beharko da esparru ekonomiko guztietan, eta batez ere industria-sarean, ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioak egin beharko baititu. Inbertsio pribatu horiek funts publikoen laguntza beharko dute eta, aldi berean, Estatuko laguntzei buruzko Europako araudia errespetatu beharko dute.
Deialdi honek kalkulu-orri bat planteatzen du, eskatzaile guztiek erabili beharko dutena eta enpresei aukera emango diena saihestutako isurketen kalkulua egiteko, CO2eq isuriak alderatuz, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren ondoren, inbertsioaren aurreko egoeran dauden CO2eq isuriekin.
Horrez gain, kalkulu-orriak bertan erabilitako isurtze-faktoreak estandarizatzen ditu, eta horrek aukera ematen du ebaluazio-fasean eskabideak alderatzeko. Eskatzaile bakoitzak inbertsioaren xede den prozesuan erabilitako erregaiak eta energia-iturriak hautatu beharko ditu, eta inbertsioa egin aurretik eta ondoren kontsumitutakoa sartu, saihestutako isuriak kalkulatzeko. Halaber, eskatzaile bakoitzak dirulaguntza eskatzen duen inbertsio hautagarriaren balioa sartu beharko du.
Laguntza-programa hau industria-sektore guztiei zuzenduta dago, betiere deskarbonizazioaren alde egiten duten inbertsioak babesteko, Europako araudia errespetatuz, jarduera-sorta zabala estaliz eta, aldi berean, ahalik eta errazena izaten saiatuz, bai enpresa eskatzaileentzat, bai laguntza-programaren kudeatzaile publikoentzat.
Dirulaguntzei buruzko agindu hori kontuan hartzen da 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzei buruzko Plan Estrategikoan, 2021eko martxoaren 17ko Agindu bidez onartua, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Plana 2021eko ekainaren 30eko, 2022ko otsailaren 17ko, 2022ko irailaren 7ko, 2023ko otsailaren 23ko eta 2023ko abuztuaren 10eko aginduen bidez aldatu da.
Deialdi hau Euskadiko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. eta VI. tituluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean, eta aipatu legearen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat egiten da.
Azaldutako guztiagatik, beharrezkoa da ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko inbertsioak egiten dituzten industria-enpresentzako dirulaguntzen programa baten deialdiaren baldintzak garatzea: Deskarbonizazio Industrialeko Programa, inbertsioen egikaritze dinamikoa errazteko eta, behin horiek amaituta, onuradunek mantentzen dituztela bermatzeko.
Eta, horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea industria-enpresei eta produktu/prozesu industrialari lotutako zerbitzuetakoei, deskarbonizazioaren bidez ingurumenaren babes-maila hobetu dezaten beren ekoizpen-prozesu industrialetan, eta, hala, berotegi-efektuko gasen isuriak murriztu ditzaten. Deialdiaren baldintzak hurrengo artikuluetan daude jasota.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak 2022-2027 aldirako eskualdeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroen eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 36. eta 38. artikuluetan ezarritakoaren mende egongo dira. Erregelamendu horren bidez, kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla adierazten da, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (EO, L 187, 2014-06-26koa), zeina 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatu baitzuen (EO, L 167, 2023-06-30ekoa), betiere errespetatzen bada Europako Batzordeak Espainiarentzat onartutako 2022-2027 aldirako eskualdeko laguntzen mapa.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, hizpide dugun dirulaguntza-deialdiak aurrekontu-estaldura nahikoa du; 1. artikuluaren xedea betetzeko, 10.000.000,00 euro bideratuko dira.
2.– Emango diren dirulaguntzen zenbateko osoa ez da izango aipatutako horretatik gorakoa edo hura eguneratzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan daitezke enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE), baldin eta erauzketa, produkzio edo eraldaketako industriak badira edo produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuak eskaintzen badituzte, betiere lagunduko diren inbertsioak Euskadin egiteko badira.
2.– Mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
ETE-en kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira, 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
ETE-en kategorian, mikroenpresatzat jotzen dira, 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak.
Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.
Aurretik adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, kontuan hartuko da 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 4., 5. eta 6. artikuluetan eta I. eranskinean ezarritakoa. Erregelamendu horretan, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167). Betiere Europako Batzordeak Espainiarentzat onartutako 2022-2027rako eskualdeko laguntzen mapa edo mapa hori ordezten edo aldatzen duten xedapenak errespetatu beharko dira.
3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:
– Euskadiko sektore publikoaren parte diren erakundeak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutakoaren arabera.
– Energia sortu eta banatzen duten enpresak.
– Energia-zerbitzuen enpresak.
4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.
1.– Honako hauek ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:
a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden enpresak, besteak beste:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta ez izatea.
– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal bat izatea, edota horretarako legezko debeku bat.
– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez duten enpresak, ez eta 50 langiletik gorako enpresak ere, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri ez badituzte, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan
b) Krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01), gutxienez honako baldintza hauetako bat betetzen bada:
– Erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz, metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino.
– Sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz.
– Enpresa porrot- edo kaudimengabezia-prozeduran dagoenean edo bere zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta.
– ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala-ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.
c) Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresek; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167). Erregelamendu horren 4 s) artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitezkeen 15 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.
d) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
e) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu egin beharko dute lege horretan onuraduna izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela.
2.– Aurreko apartatuetan adierazitako betekizunak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.
5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua.
Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honela definitu da Ezkerralde Hedatua: ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisiak beste leku batzuetan baino eragin handiagoa izan duelako edo egiturazko hondatze-egoeran daudelako, sustapen ekonomikoan oinarritutako tratamendu bereizia behar dute.
Hala, Ezkerralde Hedatua da Espainiarako 2022-2027 Eskualdeko Dirulaguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2022ko martxoaren 17ko SA 100859 (2021/N) zenbakidun Erabakian jasota dagoena.
Erabaki horretan oinarrituta, honako udalerri hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Hedatua: Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Erandio, Galdames, Gueñes, Karrantza Harana, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopuerta, Turtzioz, Trapagaran eta Zierbena.
6. artikulua.– Dirulaguntzak eskuratzeko irizpideak.
1.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioak agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, eskabidea aurkeztu beharko da, hori egin baino lehen ezingo baita hasi. Ondorio horietarako, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 2.23 artikuluaren arabera, «lanen hasiera» da edo inbertsioan eraikuntza-lanak hastea, edo ekipoak eskatzeko lehen konpromiso irmoa edo inbertsio atzeraezina egingo duen beste konpromisoren bat hastea, data hori lehenagokoa bada. Lurrak erostea eta prestaketa-lanak egitea, hala nola baimenak lortzea eta aurretiazko bideragarritasun-azterketak egitea, ez dira lanen hasieratzat hartuko. Egun horretatik aurrera egin beharko da, betiere 2023ko ekitaldian hasita eta, gehienez ere, 2024ko abenduaren 31ra arte, haien ezaugarrien eta enpresa-planen arabera; horrez gain, honako betekizun hauek bete beharko dira:
a) Enpresek gutxienez 100.000,00 euroko onartutako inbertsioa egin beharko dute.
b) Erakunde eskatzaileek inbertsioen bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa oinarritu beharko dute, 13.1 artikuluan adierazitako memoria xehatuaren eta Excel formularioaren bidez.
2.– Aurkeztutako proiektuak honako irizpide hauen arabera hautatu eta ebaluatuko dira:
a) Berotegi-efektuko gasen (BEG) isurketen murrizketarekin zuzenean lotuta dagoen inbertsio hautagarriaren kostuen efizientzia. Hori kalkulatzeko, inbertsio hautagarriaren balioa zati inbertsioaren bidez lortutako CO2 tona baliokideen murrizketa egin behar da, eta gehienez ere 10 urteko aldian kalkulatuko da. Hala, zenbat eta gutxiago kostatu CO2 tona bat murriztea, orduan eta efizienteagoa izango da egindako inbertsioa. Inbertsio-kostuen efizientzia kalkulatzeko, laguntza eskatzeko formularioarekin batera doan Excel orrian emandako datuak baliatuko dira.
b) Memoria teknikoaren kalitatea:
(Ikus .PDF)
3.– Balorazioak honako hauek izango dira:
– Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren kostuen efizientziari (KE) dagokionez, kalkulu-orriko koadrotik ateratzen den emaitza.
– Memoria teknikoari dagokionez (MT). Memoria teknikoaren kalitate-irizpidea aintzat hartzeko, gutxienez 6 puntu edo gehiago izan behar ditu.
4.– Kontuan hartu beharreko azken balioa (AB) formula honetatik ateratzen dena izango da
AB = Inbertsio-kostuen efizientzia, kalkulu-orriaren inprimakiaren araberakoa (KE)*((100-1,5 MT)/100) memoria teknikoaren kalitatearen puntuak
AB=(KE) * ((100-1,5 MT)/100)
Formula matematiko hori aplikatuta, eta Excel formularioaren kalkuluan oinarrituta, zenbat eta txikiagoa izan (AB) balioa, orduan eta balorazio hobea izango du proposamenak, eta horrek honako hau esan nahi du:
(i) Inbertsio berriak lortzen duen CO2 tona murrizketa bakoitzeko kostua txikiagoa dela eta, ondorioz, inbertsioaren efizientzia handiagoa dela.
(ii) Eskabidearen memoria teknikoak kalitate hobea duela.
Hauta daitekeen proposamen bakoitzerako balio bat aterako da (AB). Balio hori proposamenen zerrenda lehenesteko erabiliko da, eta balio txikienekoa (AB) izango da ondoen baloratutako dena.
5.– Lehiaketa bidez esleituko dira laguntzak: artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkerari jarraituz, 8. artikuluan aurreikusitako laguntzak esleituko dira, puntuazioaren arabera (balio txikiena (AB) proposamen onena), eta, kasu honetan, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortzen den arte.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehitzen zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko egiten den inbertsioa, baldin eta agindu honetan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaz gain, baldintza hauek betetzen baditu:
a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:
– 212 Instalazio teknikoak.
– 213 Makineria.
– 215 Beste instalazio batzuk.
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipamenduak.
Inbertsioek, ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzearen bidez, berotegi-efektuko gasak murriztera edo ezabatzera bideratuta egon behar dute zuzenean. Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 36.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, erregai fosilak (gas naturala barne) erabiltzen dituzten industria-prozesuetako ekipo, makina eta instalazioetan egiten diren inbertsioetan, dirulaguntza emango da soilik lehendik dauden ekoizpen-ekipo, -makina edo -instalazioen osagai gehigarriak instalatzeko, ingurumen-babesa hobetze aldera, betiere inbertsio berriak ez badu ekoizpen-ahalmena areagotzen, ez eta erregai fosilaren kontsumo handiagoa eragin ere.
Inbertsioek ingurumen-babesa handiagoa izan dadin lortu behar dute, Europar Batasunak onartutako eta indarrean dauden arauetatik harago, edo oraindik indarrean ez dauden baina hartutako arauak betetzeko balio behar dute (baldin eta laguntzaren xede den inbertsioa Europako araua indarrean sartu baino 18 hilabete lehenago amaituta badago, betiere), edo ingurumen-babesa handitu behar dute baldin eta ez badago Europar Batasunaren araurik.
Adibide gisa, eta izaera mugatzailerik gabe, honako inbertsio-tipologia hauek lagundu ahalko dira diruz: hondar-beroen berreskurapen-sistemak, erregai fosilen kontsumoa ordezteko edo murrizteko inbertsioak, hala nola jatorri berriztagarriko hidrogenoa edo biomasatik datozen erregaiak erabiltzea, prozesu termikoen elektrifikazioa (bero-ponpa eta beste batzuk), energia-kontsumoa kontrolatzeko eta aurrezteko sistema digitalak, eta abar.
Ez dira diruz lagunduko CO2 harrapatzeko, erabiltzeko edo bahitzeko inbertsioak.
Aktiboen preziotzat hartuko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari balio erantsiaren gaineko zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Honako hauek ere dirulaguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori konkurtso-prozedura bidezko likidazioagatik itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituzkeen).
c) Enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte irautea. ETE-en kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarrenei lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.
Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31.4 artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.
2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak berariaz adierazi beharko dira eskabidean, eta kanpo-kontroleko kontu-ikuskapenetan oinarrituta baloratuko dira.
Enpresa elkartuaren edo lotuaren ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria
3.– Dirulaguntzen eragin pizgarria bermatzeko, inbertsioa eskabidea aurkeztu ondoren hasten duten enpresek ere jaso ahal izango dute dirulaguntza, 6.1 artikuluan adierazitako baldintzetan, baldin eta 2023ko ekitaldi honetan hasten badute, betiere.
8. artikulua.– Dirulaguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Lehiaketa bidez emango dira laguntzak: 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkerari jarraituz, aurreikusitako laguntzak esleituko dira, puntuazioaren arabera (balio txikiena –AB– proposamen onena), eta, kasu honetan, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortzen den arte.
Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren –2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)– 36. artikuluaren 5., 7., 8. eta 11. apartatuetan eta 38. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoaren arabera, ehuneko hauek izango dituzte:
• Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 20.
• Laguntzaren intentsitatea 5 puntu handituko da enpresa ertainei emandako laguntzen kasuan, eta 10 puntu enpresa txikiei emandako laguntzen kasuan
• Laguntzaren intentsitatea ehuneko bi puntu eta erdi (% 2,5) handituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkerralde Zabalduan egiten diren inbertsioen kasuan.
Dirulaguntzak, gehienez ere 1.500.000,00 eurokoak izango dira, enpresa eta/edo enpresa-talde bakoitzeko.
Enpresa elkartu edo lotuen kasuan, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167)–, gehienez ere 1.500.000 eurokoak izango dira, eta gehieneko muga hori enpresa-taldearen mailan ezartzen da. Enpresa elkartu edo loturen batek esandako muga hori gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
9. artikulua.– Dirulaguntzen metaketa eta mugak.
Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen xede bera duten beste administrazio publiko batzuek emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta guztira ez badute gainditzen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 36. artikuluan ezarritako muga, betiere. Erregelamendu horren bidez, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatu zuen (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167). Dirulaguntza horien berri eman beharko zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.
Esandako muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
10. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Laguntzak emateko proposamena egiteko, zeina dirulaguntzak emateko ebazpena emateko eskumena duen organoari igorriko baitzaio, ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde horrek aurkeztutako eskabideak baloratuko ditu, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikariek egindako azterketa-txostenen bidez, eta 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordena zehaztuko du.
Balorazio-fasea amaitutakoan, ebaluazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo dio Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari. Proposamen horretan, eskatutako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea proposatuko du, eta, lehenengoen kasuan, pertsona edo erakunde onuradunen izena edo izen soziala, emandako zenbatekoa (urteka banatuta) eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adieraziko ditu. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza ukatu izanaren arrazoiak adieraziko ditu.
Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) bertan badaude, edo urrutitik parte hartzen badute, eta, gutxienez, gainerako kideetako batek ere parte hartzen badu. Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.
2.– Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Batzordeburua:
Agustín García Pérez, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Rosa M.ª Murillas Maza, Zuzendaritza horretako arduraduna.
Epaimahaikideak:
Cristina Oyón Echevarría, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Ainara Ratón Recart, SPRI Taldeko arlo bereko teknikaria.
Laura Izaguirre Lafuente, SPRI Taldeko garapen industrialeko arduraduna. Ordezkoa: Ignacio Castillo Ortiz de Zárate, SPRI Taldeko arlo bereko teknikaria.
Luís de Velasco Pérez, EEEko laguntza arloko arduraduna. Ordezkoa: Maite González Martínez, EEEko laguntza arloko arduraduna.
Ana Mezo Carro, proiektuaren arduraduna, IHOBEko ekonomia zirkularreko arloa. Ordezkoa: José María Fernández Alcalá IHOBEko ekonomia zrkularreko zuzendaria.
Idazkaritza: Cristina Amezaga Antepara, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Jon Echezortu Urretavizcaya, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria.
11. artikulua.– Prozeduraren hasiera eta eskabideak aurkezteko epea.
1.– Dirulaguntzak publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioen arabera emango dira, eta prozedura bakar batean ebatziko dira.
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da, eta 2023ko urriaren 20ko 12:00etan bukatuko.
3.– Eskabideak aurreko paragrafoan adierazitako epean aurkeztu beharko dira eta, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 23. apartatuaren arabera –erregelamendu horren bidez, 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduak aldatua (2023ko ekainaren 30eko AO, L 167), Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014ko ekainaren 26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria–, dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak.
12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-inprimakira). Honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027908.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak aurkezteko, eta eskabidearen ondorengo izapideak egiteko –jakinarazpenak barne–, hau izango da bidea: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabidea ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko agiriak. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiriok zer datatan, zer organo edo bulegotan eta zer espedientetan aurkeztu ziren.
6.– Laguntza-eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori, eta, hala egiten badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaion guztietan.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du (bitarteko elektronikoen bidez), eta, bertan, honako agiri hauek atxiki beharko ditu:
a) Eskatzaileak egin beharreko inbertsioen memoria xehea. Bertan, produktuari eta ekoizpen-prozesuari buruzko informazioa jasoko da, bai eta inbertsioaren aurreko eta osteko prozesua ere, CO2eq isurien murrizketa kalkulatzeko azalpen batekin eta ekonomia- eta finantza-planaren xehetasunarekin eta hori guztia egiteko epeekin batera. (Memoria teknikoaren eredu honen arabera: https://www.euskadi.eus/servicios/1236401).
b) Eskatzaileak bete beharreko kalkulu-orria, enpresei saihestutako isurien kalkulua egiteko aukera ematen diena. Kalkulu-orri horretan, dirulaguntzaren xede den inbertsioaren osteko CO2eq isuriak eta inbertsioaren aurreko egoeran zeuden CO2eq isuriak alderatzen dira. (Kalkulu-orriaren eredu honen arabera: https://www.euskadi.eus/servicios/1236401).
Kalkulu-orri horrek kalkuluan baliatutako isuri-faktoreak estandarizatzen ditu, eta, horri esker, ebaluazio-faseko eskabideak irizpide bateratuen arabera alderatu daitezke. Erregai eta energia-iturri bakoitzerako, kalkulu-orriak isuri-faktoreen zerrenda bat du, aurrez definitua eta erreferentzia hauetan oinarritua:
• Karbonoan oinarritutako erregaiak: Isuri-faktoreak, karbono-aztarnaren erregistroa, konpentsazioa eta karbono dioxidoa xurgatzeko proiektuak; Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa; 2022.
• Elektrizitatea: Penintsulako sistema elektrikoaren sorreraren CO2eq isuriak eta isuri-faktorea; Red Eléctrica de España, 2022.
• Hidrogeno grisa: Batzordearen Erabakia, isurketa-eskubideen doako esleipena harmonizatzeko Batasunaren arau iragankorrak zehazten dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/87/EE Zuzentarauaren 10 bis artikuluari jarraikiz.
Kalkulu-orrian, eskatzaile bakoitzak inbertsioaren xede den prozesuan erabilitako erregaiak eta energia-iturriak zein izan diren adieraziko du, eta inbertsioaren aurreko eta ondorengo kontsumoak sartuko ditu. Halaber, eskatzaile bakoitzak dirulaguntza eskatzen duen inbertsio hautagarriaren balioa sartu beharko du.
Kalkulu-orriak, saihestutako isuriak kalkulatzeko, eskatzaile bakoitzak sartutako kontsumoen datuak eta aurrez definitutako isuri-faktoreak baliatzen ditu, eta inbertsio hautagarriaren eta saihestutako isurien arteko erlazioa kalkulatzen du.
c) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada. Agiri horiek zer organori eta noiz aurkeztu zizkion adierazi behar du interesdunak, hori egiteari uko egiten dionean izan ezik. Uko egiten badio, espedienteari erantsi beharko dizkio (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada hori, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
d) Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.
e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).
Inbertsio berak lortzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu eta/edo jaso baditu, adierazi erakundeak eta zenbatekoak.
f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egoteari buruzko agiria.
g) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
1.– Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.
Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.
2.– Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena», zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.
Legearen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.
h) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena. Administrazio- nahiz zigor-araudiaren menpe geratuko da adierazpen hori, datu faltsuak eman ote diren egiaztatzeko honako alderdi hauei dagokienez:
• Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-agindu honen artikuluetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.
• Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei inbertsio berberetarako eskatu dizkien eta/edo haiengandik jaso dituen laguntzak adierazi dituela.
• Enpresa eskatzaileak, eskaera egiteko unean, ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
• Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean. Hala bada, dagokion prozedura identifikatu beharko du.
• Hartu dituela hartu beharreko neurri zuzentzaileak ingurumen-kalteak eta galerak konpontzeko eta horien ondoriozko kalte-ordainak ordaintzeko, eta, hala badagokio, ordaindu duela Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik jarritako zehapena, halakorik jarri badiote.
• Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legean xedatutakoa errespetatzen duela.
• 50 langile baino gehiago dituen enpresa bada, Euskadiko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan eta Gordailuan inskribatuta dagoela.
• Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
• Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, enpresa ez-finantzarioei laguntzeko eta halakoak berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko gidalerroen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
• Egoera erregularizatua duela Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin
• Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela.
2.– Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez badira adierazitako agiriak aurkezten, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio falta bitarteko berak erabiliz konpontzeko edo behar diren agiriak aurkezteko (bitarteko elektronikoen bidez eskatuko zaio). Horrez gain, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den moduan.
3.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauen organo kudeatzaileak (Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak) beste edozein agiri edo/eta informazio osagarri eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ematea.
1.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, ebaluazio-batzordeak hala proposatuta, egintza bakar baten bidez eman eta jakinaraziko du prozedura, deialdia argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean. Egintza horretan, emandako eta ukatutako laguntzak zein izan diren adieraziko da.
Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honetako 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz, harik eta deialdi honetako 2. artikuluan esleitutako kreditua agortzen den arte. Erakunde batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, espedientea osatu zen egunaren arabera ezarriko da esleipen-ordena.
Administrazio-ebazpenak honako hauek jasoko ditu: eskatzailearen identifikazioa, onartutako inbertsio-plana, diruz lagun daitekeen inbertsioa eta, ondorioz, emandako laguntza, urteka banatuta, edo, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak. Epe hori inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea administrazioaren isiltasunaz ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
2.– Urte anitzeko inbertsioen kasuan, ebazpenak dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa zein den adieraziko du, baita kostuen efizientziaren azken balioa eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere, ekitaldi bakoitzean onartutako inbertsio-planaren arabera emango dena.
3.– Ebazpena modu indibidualizatuan jakinaraziko zaio, bitarteko elektronikoak erabiliz, eskatzaile bakoitzari eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokie, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
5.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
15. artikulua.– Dirulaguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen hirugarren erregistro egokian jasota egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Dirulaguntzaren ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea xedatzen duen abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoaren araberakoa izango da, eta ordainketa hori artikulu honetan deskribatutako moduan egingo zaio enpresa onuradunari.
a) Lehen ordainketa aurreratua izango da, emandako dirulaguntzaren % 5ekoa, eta behin interesdunak laguntza onartu ondoren egingo da, edo emateko ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, berariaz uko egin ezean.
b) Gainerako ordainketak egin dakizkion, enpresa onuradunak honako apartatu hauek bete beharko ditu «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orrian:
– Dirulaguntzaren xede diren inbertsio gauzatuen adierazpena.
– Fakturen koadroa, inbertsioaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatuarekin (BEZa kanpora utzita).
– Adierazpen bat, zeinaren bidez adierazten baita ezen, laguntza jaso ondoren, onuraduna ez dagoela berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
– Enpresaren baliabide propioen prezioaren, jatorriaren eta aplikazioaren adierazpena, diruz laguntzeko moduko inbertsioaren zenbatekoaren % 25 edo gehiagokoei buruzkoa.
Deklaratutako inbertsioak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte. Aurkeztutako fakturek bat egin beharko dute lehen aipatutako fakturen koadroan zehaztutakoekin. Fakturek ikuskatzaileen esku egon beharko dute, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainagiriak ere, zenbatekoa (BEZa banakatua) eta ordainketa-data adierazita. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen diren agiriekin eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da, deklaratutakoa egiaztatzeko.
Bigarren ordainketarako, dagokion ikuskapena eginda, kontuan izango da aurrerapenez jasotakoa.
3.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Dirulaguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.
4.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak bi hilabete izango ditu inbertsioen azken adierazpena aurkezteko. Epe hori igarota, egindako inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen eta gastuen deklarazioetan oinarrituta, eta dirulaguntzak kudeatzeko zuzendaritzak dagokion laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, inbertsio justifikatuen partidari buruzkoa.
5.– Justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu diren gastuak hartuko dira egindako gastutzat. Onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindako diruz laguntzeko moduko gastuak sektoreko araudi aplikagarrian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko ditu edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.
6.– Enpresa batek laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, azken ordainketarako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da hura ezeztatzeko justifikazioa. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez baita ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
7.– Emandako laguntza ordaindu aurretik, enpresa onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaindu dituela ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Onuradunak, dirulaguntzaren ordainketa jaso aurretik, edozein momentutan uko egin ahal izango dio laguntzari, espresuki eta idatziz.
2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea.
3.– Inbertsioa betetzea eta bete dela justifikatzea.
4.– Inbertsioa egiteko aldian zehar, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri oro igortzea; hala, proiektua garatu eta egikaritzeari dagokienez, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izango ditu.
5.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, 5 urtez.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren funtzioak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.
8.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.
9.– Diruz lagundutako proiektuen finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, eta horretarako, ageriko toki batean jartzea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logo korporatiboa.
10.– Emandako laguntza indarrean dagoen bitartean, egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero, jasotako funtsak itzultzea.
11.– Enpresak deslokalizaziorik ez egitea 10 urteko denbora-tartean, laguntza emateko ebazpenaren egunetik aurrera; alegia, enpresak deslokalizaziorik ez duela egin joko da baldin eta ekoizpena osorik edo partzialki Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ez badu eraman.
12.– Lagundutako inbertsioek, enpresa handien kasuan, gutxienez bost urteko amortizazio-aldia izango dute, eta enpresaren aktiboan gutxienez bost urte iraun beharko dute. ETE-en kasuan, aldi horiek hiru urtekoak izango dira.
13.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan, lege hori garatzeko arauetan eta 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
17. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, behin laguntzaren xedea betetzen denean, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunen bat aldatzen bada, edota beste dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina, horretarako, agindu honetan onuradun izateko ezarritako betekizunak bete behar dira.
2.– Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak inbertsioa egiteko aurreikusitako epeak nahitaezkoak izango dira. Dena den, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, dirulaguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapenak eman ahal izango ditu –12 hilabete gehienez– egin beharreko inbertsioak egiteko, baldin eta alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute, betiere. Luzapen horrek –halakorik balego– ez du gehikuntzarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak betetzen ez baditu, organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eskaini eta gero, dirulaguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du, eta, hala badagokio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra ere, honako arau hauetan ezarritako baldintzetan, betiere: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.
Halaber, jasotako kopuruak itzuliko dira eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesak eskatuko dira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 53.1 artikulua.
2.– Erabateko ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) 100.000 euroko gutxieneko inbertsio onartua ez gauzatzea.
b) Onartutako inbertsioak ez hastea 2023ko ekitaldian.
c) Diruz lagundutako inbertsioetarako aurreikusitako epeak ez betetzea.
d) Enpresak deslokalizatzea, hots, enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea.
e) Laguntzen justifikazioari dagozkion agiriak ez aurkeztea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.