Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2023ko irailaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
4321

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 22koa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako komisariondokoaren kategoriako zenbait lanpostu izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozedurarako (C279).

Ikusirik Ertzaintzaren lanpostu-zerrenda, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2023ko apirilaren 17ko Aginduaren bidez onetsia (maiatzaren 15eko EHAA, 90. zk.), beharrezkoa da hutsik daudenak behin betiko betetzea, betiere aginte-eginkizunak betetzen dituzten lanpostuei dagokienez –Betearazpen Eskalako komisariondokoaren kategoriarako daude erreserbaturik lanpostu horiek, eta izendapen askez hornitzen dira–.

Indarrean dagoen lanpostu-zerrendak, deialdi honen xede diren lanpostuetarako, haien zuzendaritza-izaeragatik eta erantzukizun bereziagatik, izendapen askeko hornidura-sistema ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 96. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Sistema horren araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 21. artikulutik 26.era bitartean dago jasota. Beraz, lanpostuak behin betiko adjudikatzeko, aurretiazko egokitasun-txosten batekin arrazoitu behar da proposamena, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak aintzat hartuta, eta Konstituzioaren 9.3, 23 eta 103.3 artikuluetako aginduak bete behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 535/2014 eta 89/2016 epaiei jarraikiz, besteak beste.

Prozedura honen artikulazioa bat dator denboran kategoria bererako gordetako lanpostuak merezimendu-lehiaketa bidez behin betiko betetzeko beste deialdi batekin, eta, horrenbestez, lehiaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira lanpostu bati izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko atxikitzen zaizkion langileak.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 14.2.d) artikuluak Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ertzaintzaren egiturazko lanpostuak, Betearazpen Eskalako komisariondoko kategoriako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden eta izendapen askearen bidez hornitzeko direnak, behin betiko hornitzeko deialdia onestea eta argitara ematea, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– 2. eranskinean daude zerrendatuta deialdi honen xede diren lanpostuak eta behin betiko zuzkidurak. Hain zuzen ere, hutsik dauden lanpostuak eta adjudikazioen ondoren hutsik geratzen direnak ditu xede, baita eranskinean izartxo batekin (*) nabarmendutako kodeekin hutsik geratzen direnak ere.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo apartatuan eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren kalterik gabe; baina onesten diren zerrenden eranskinak interesdunek bakarrik kontsultatu ahal izango dituzte Segurgune atarian.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarki bat argitaratuko da adierazteko Gurenet atarian zer datatan argitaratuko den behin betiko atxikipenak erabakitzen dituen ebazpena. Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasiko dira epeak kontatzen aurkarapen edo errekurtsoetarako.

Laugarrena.– 1.– Hautaketa-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira.

2.– Datu pertsonalak hauek ezartzen dutenaren arabera tratatuko dira: datu pertsonalak babesteari buruzko uneko araudia, 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

3.– Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasuneko Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsitako II. eranskinean (Segurtasun Neurriak) aurreikusitakoekin.

Bosgarrena.– Aurreikusi gabeko guztian, aplikatzekoa izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Seigarrena.– Ebazpen honek eta beronen oinarriek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean, EHAAn argitaratzen direnetik.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 22a.

Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARTZIA AZURMENDI.

I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozeduran (C279) parte hartzeko betekizunak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko lanpostu-zerrendan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte (II. eranskinean zehazten dira), eta jardunean, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian, genero-indarkeriagatiko eszedentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginaren 86. artikuluan aurreikusitako eszedentzian badaude. Testu bateginaren 92.2 artikuluan aurreikusitako moduan jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek ere parte har dezakete.

2.– Era berean, honako hauek ere parte har dezakete, eta deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bidez jarduneko zerbitzura itzuli: nahitaezko eszedentzian daudenak edo beste administrazio publiko batzuetan zerbitzua ematen ari direnak; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz birgaituta daudenak; sei hilabete baino gehiagorako etenda daudenak, eta borondatezko eszedentzian dauden gainerako guztiak, betiere halako egoeretarako ezarritako denbora bete badute.

3.– Deialdi honetan ezingo dute parte hartu honako hauek:

a) Eginkizun-gabetze irmoko administrazio-egoeran daudenak, egoera horretan dauden bitartean, hutsegite astuna edo oso astuna egiteagatik.

b) Lekualdaketarekin zehatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 140.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Norberaren intereserako borondatezko eszedentzian egonik, indarrean dagoen araudiak eskatzen duen gutxieneko denboran egoera horretan egon ez direnak.

d) Lanerako gutxieneko iraupena duen lanpostu bati behin betiko atxikita daudenek, betiere ez bada igaro gutxieneko aldi hori, salbuespen hauekin: organo eskudunak onartutako lanpostuari uko egitea, lotura eta arrazoi bereko beste lanpostu bat eskuratu nahi izatea, edo, barne-sustapenaren bidez, lanpostu hori uztea eragiten duen beste kategoria batera iristea –azken kasu horretan, salbuespen izango da sartu berri den kategoria horretan lotura eta arrazoi bereko lanpostu hutsak izatea–.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Hautaketa-prozedura hauetan parte hartu nahi dutenek hamabost egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute eskabidea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidea bide telematikoz aurkeztu behar da, Segurgune atariaren bitartez: https://segurgune.euskadi.eus

Segurgune atarian identifikatzeko, bi bide daude: txartel profesionaleko IZPari lotutako ziurtagiri digitala erabiltzea, Interneteko konexioa eta ziurtagiri digitalen txartel-irakurgailua dituen ekipo batekin, edo erabiltzaile-izena eta pasahitza erabiltzea, posta korporatibo pertsonalean OWA posta elektronikoko aplikazioaren bidez jasoko den identifikazio-kodearekin batera.

Prozedura honetan eskabideak, erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko aplikazioaren erabiltzaile-eskuliburua eskuragarri egongo da langilearen atarian eta polizia-zentroetako giza baliabideen bulegoetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

4.– Eskabidea aldatzeko edo prozeduran parte hartzeari uko egiteko, Segurgune atariaren bidez egin beharko dira izapideak, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Bigarren eskabiderik edo aurreragokorik eginez gero, epearen barruan egindako azkena bakarrik izango da baliozkoa; aurreko guztiak baliogabetuta geldituko dira, eta epe hori bukatuta aurkezten direnak ondoriorik gabe. Halaber, eskabideak aurkezteko epearen barruan atzera egiteak ondoriorik gabe uzten ditu egindako eskabideak.

5.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta merezimenduak balioesteko erreferentzia-data.

6.– Parte hartzeko betekizunak betetzen direla ofizioz egiaztatuko da, eta merezimendu orokorrak ere ofizioz baloratuko dira, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen langileen datu-baseetako datuen arabera.

7.– Nolanahi ere, gidabaimenak eta haien indarraldia, eskatzen diren LZko titulazioak zein Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen datu-baseetan erregistratuta ez dauden betekizunak eta merezimenduak egiaztatzeko, jatorrizko agiria aurkeztu beharko da Giza Baliabideen Zentroko Burutzan, erka dezan, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Giza Baliabideen Zuzendaritzako Plangintza Alorrera bidaliko da kopia erkatua.

Organo eskudunak egiaztatuko ditu alegatutako betekizunak eta merezimenduak; kasuaren arabera, kontsultak eginez bere erregistroetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako erregistroetan, administrazio publikoetako datuen bitartekotza-plataforman edo ziurtagiria eman duen erakundean.

Kontsulta horiek kasu guztietan egingo dira, salbu eta eskatzailearen aurkakotza arrazoitu bat jaso bada eta hura aintzat hartzen badu tratamendu-jardueraz arduratzen den organoak. Aurkakotza arrazoitua adierazten bada, harekin batera aurkeztu beharko dira, nahitaez, kontsultatzeari aurka egiten zaion jatorrizko agiriak.

8.– Langilearen atarian espediente pertsonalari buruzko informazioa dago eskuragarri (titulazioak, prestakuntza, hizkuntza-eskakizunak, etab.); izangaiek akatsak edo omisioak aurkitzen badituzte, eskabideak aurkezteko epearen barruan zuzendu ahal izango dituzte, jakinarazpen baten bidez. Jakinarazpen horri egiaztagirien kopia erantsiko zaio, eta postontzi honetara bidali: provisiondepuestos@seg.euskadi.eus

Prozedura honetan ez da kontuan hartuko eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren aurkeztutako zuzenketa-eskaerarik eta/edo -dokumentaziorik.

Hirugarrena.– Lanpostuak izendapen askez behin betiko betetzeko prozedura.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuen hornidurari buruzko Erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, norbait izendatzeko, hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo organoaren titularrak aldez aurretik txostena eman beharko du. Bertan, prozeduran onartutakoen artean egokitasun-proposamena egingo da, deialdi honetan aipatzen diren lanpostuak gordetzen diren kategoriako lanbide-gaitasunei dagokienez (Gurenet atarian argitaratuko dira), edo deialdia eman gabe uztea proposatuko da.

2.– Egokitasun-txostena ematerakoan alderdi hauek hartuko dira kontuan gutxienez: izangaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzea, lortu nahi den postuaren betekizunak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.

3.– Egokitasun-txostenak egiteko epea Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuan dago aurreikusita, eta, zehazki, dekretu horren 23. artikuluan.

Laugarrena.– Lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.

1.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez adjudikatuko dira izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko bete beharreko lanpostuak. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie adjudikaziodunei, eta prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

2.– Izendapenaren ebazpena arrazoitzeko orduan, hautatutako izangaiak deialdiko betekizunak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituela aipatuko da, bai eta izendapena egiteko eskumena ere. Nolanahi ere, hartutako ebazpenaren funtsezko oinarria izango da prozedura behar bezala bideratzea.

3.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenak zehaztuko du behin betiko atxikipenen ondorio-data.

4.– Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira, eta ez dute lantokiz aldatzeagatik kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.

Bosgarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetzen den lanpostua uztea.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez bete beharreko lanpostuen behin betiko adjudikaziodun suertatzen diren funtzionarioak nahierara kendu ahalko dira lanpostu horietatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bateginaren 103.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2.– Izendapen askeko lanpostutik kendutako langileak behin-behinean atxikiko dira beste lanpostu batera kargua utzi eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen apirilaren 4ko 58/2023 Dekretuaren 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Seigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea luzatu egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala