Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2023ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4269

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 29koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako tituluak erregistratzeko eta jaulkitzeko prozedura arautzeko dekretu-proiektua.

Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako tituluen erregistro- eta jaulkipen-prozedura arautzen dituen dekretu bat egitea.

Proiektu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko tituluen kudeaketan parte hartzen duten alderdi guztiei, titulu horiek erregistratu eta jaulki arte, titulu horiekin zerikusia duten gai guztiak errazago eta fidagarriago izapidetzeko modua ematea, kudeaketa-prozedura guztietan izapidetze elektronikoa ezarrita. Gainera, erregelamendu-garapenaren logikaren barruan, arau-euskarria eman nahi dio Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion tituluak erregistro autonomiko bakarrean inskribatzeari, titulu bakoitzari dagokion lege organikoa edozein dela ere.

Jendaurreko informazioaren ebazpen hau eman den egunera arte, honako izapide hauek egin dira:

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruz, arauaren testua egin aurretik kontsulta publikoa egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan iragarkia jarri da. Bertan, arauaren eraginpeko herritarren iritzia jaso da, bai eta arauaren eraginpean dauden eskubide edo interes legitimoak dituzten pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten erakunde edo elkarteena ere, baldin eta haien helburuek arauaren xedearekin lotura zuzena badute.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoa betetzeko, Hezkuntzako sailburuak prozedura hasteko agindua eman zuen 2023ko maiatzaren 18an, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 16. artikuluak esleitutako eskumenei jarraikiz.

Era berean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legean xedatutakoari jarraikiz, Hezkuntzako sailburuak, 2023ko ekainaren 20an, izapidetzen ari den dekretu-proiektua aldez aurretik onartzeko agindua eman zuen. Aginduan arauren testu-proposamena erantsi zen.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lege horretan aurreikusitako aurretiazko kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin behar dira, baldin eta herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten badie eta artikulu honetan aurreikusitako salbuespen-kausarik ez badago.

Horretarako, jendaurrean jartzen da unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako tituluak Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratzeko eta jaulkitzeko prozedura arautzeko dekretu-proiektua. Jendaurrean jarriko da hogei egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 16. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, hau:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistemako tituluak erregistratzeko eta jaulkitzeko prozedura arautuko duen dekretu-proiektua, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko, adierazitako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzan (Donostia-San Sebatián kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa /).

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 29a.

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,

EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.


Azterketa dokumentala