Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2023ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4267

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 30ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, Donostiako MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko dena.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2023ko ekainaren 9an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Donostiako MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, non jasotzen baitzen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko ekainaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horren gaineko interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Donostiako «MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremua da, Donostiako Martutene auzoan dagoena. Hiri-lurzoru finkatugabeko eremua da, 25.598 m2-ko azalerakoa, eta, funtsean, Tranbia kalearen eta Martutene pasealekuaren arteko lursailak biltzen ditu, Urumea ibaiaren eskuineko ertzeko lur-zerrenda batekin batera. Beraz, eremu urbanizatu bat da, Urumearen ibilguaren zati bat ere barne hartzen duena, ibai-tarte horren hobekuntza hidraulikoa egiteko obrak egin ondoren haren sekzioa handituta duena.

Eremuan indarrean dagoen plangintza Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da (2010eko azaroaren 19ko GAO, 222. zk.), eta, zehazkiago, Urumea ibarrean Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onespenaren etetea partzialki kentzeko dokumentua (2014ko maiatzaren 29an behin betiko onartua). Dokumentu horrek arearen egiturazko hirigintza-antolamenduaren araubidea zehazten du.

Planaren helburu nagusia da indarrean dagoen plangintza garatzea eta aipatutako azpieremuaren hiri-berroneratzearen eta antolamendu xehatuaren baldintzak zehaztea, Urumeako ibarrean Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onarpenaren etetea zati batez bertan behera uzteko dokumentuan zehaztutako kalifikazio orokorra finkatzeko.

Jarraian, Planaren proposamen nagusiak laburtzen dira.

– Bide-sarearen antolamendua egokitu egingo da, Martuteneko pasealekuan dagoen chicane edo bihurgune itxia kenduta, haren eta Tranbia kalearen trazadura lineala berreskuratzeko.

– Martutene pasealekuko 65., 67., 69., 71., 73. eta 77. zenbakietan dauden eraikinek hartzen duten espazioan, bide-soluzio berriarekin bateragarria izango den bizitegi-eraikin berri bat ezartzea agintzen da. Eraikin horiek eraitsi egingo dira. Eraikuntza irekiko bizitegi-lurzati horretan, sestra gaineko guztizko hirigintza-eraikigarritasuna 11.315 m2 (t) izango da, eta 1.400 m2 (t) -ko eraikigarritasun fisikoarekin osatuko da (irabazi-asmorik gabekoa), ekipamendu publikorako. Aurreikusitako profila BS+6/7 izango da, eta sestra azpiko hiru solairu izango ditu.

– Esparruaren mendebaldeko muturrean dauden eraikinak finkatu egingo dira, Martutene pasealekuaren hegoaldean, eta garapen txikiko bi bizitegi-lurzati gisa antolatuko dira. Era berean, Tranbia kalearen eta Martutene pasealekuaren (Martutene pasealekua 79) artean bakartutako eraikin bat hartzen duen lurzatia finkatu da, baina gaur egungoa baino azalera txikiagoa du.

– Dauden gainerako zuzkidura publikoak finkatzen dira. Zehazki, hiri-espazio libretzat hartzen dira lorategiak dituzten lursailak eta Martutene pasealekuko 79. zenbakiko eraikinaren ondoko parkea, bai eta eremuan sartzen den Urumea ibaiaren ertzeko zerrenda ere. Bestalde, eremuaren hego-mendebaldeko muturra, ibaiarekin bat datorrena, ibai-ibilgutzat jotzen da zehatz-mehatz.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremua urbanizatzeko jarduketa-programaren eta urbanizazio-, birpartzelazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da.

Alternatibei dagokienez, bi garapen-alternatiba aztertu dira, 0 edo ezer ez egiteko alternatibarekin batera.

– 0 alternatiba baztertu egiten da; izan ere, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez delako egokitzen indarrean dagoen HAPOren aurreikuspenetara, eta ez dielako erantzuten azpieremuaren hiri-berroneratzeko beharrei.

– 1. alternatiba bat dator Sarruetako eta haren inguruko Plan Berezian planteatutako antolamendu-proposamenarekin. Proposamen hori 2016an egin zen, baina ez da behin betiko onartu. Plan berezi horrek zehaztapenak ezartzen ditu orain izapidetzen ari den planaren eremuaren iparraldeko muturrerako. Zehazki, Tranbia kalearen eta Martutene pasealekuaren ibilbidea neurri handiagoan mantentzen du, baina chicane horren ondoan dauden eraikinak ordezten ditu, eta, horren ordez, bizitegi-bloke bi antolatzen ditu: guztira 9.465 m2 (t) bizitegi-eraikigarritasun urbanistikorako, 1.790 m2 (t) beste erabilera batzuetarako, eta 90-100 etxebizitza gutxi gorabehera.

– 2. aukera bat dator erabakitako antolamenduarekin, eta haren aurreikuspenak aurreko paragrafoetan deskribatu dira. Bizitegirako hirigintza-eraikigarritasuna guztira 9.465 m2 (t) eta 1.850 m2 (t) da, eta 1.400 m2 (t) ditu ekipamendu publikorako. 1. alternatibaren aldean, alde nagusia da chicanea ezabatzen duela, bide-ibilbide zuzena sortuta. Trazadura-tipologia horrek bide-bilbe argiagoa, garbiagoa eta seguruagoa sortzen du, egungo bihurgunea itxita mantentzetik eratorritakoak baino. Era berean, eraikuntza-garapen berria baldintzatzen du, eta bizitegi-eraikin berri bakarra justifikatzen du, kontserbazio-egoera txarrean dauden eraikinen ordez.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planaren antolamendu-eremua dagoeneko garatuta dagoen hiri-lurzoruko lurzati bat da, Donostiako Martutene auzoko hiri-bilbean sartuta dagoena. Planaren helburu nagusia da indarrean dagoen plangintza garatzea eta aipatutako azpieremuaren hiri-berroneratzearen eta antolamendu xehatuaren baldintzak zehaztea, Urumeako ibarrean Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko onarpenaren etetea zati batez bertan behera uzteko dokumentuan zehaztutako kalifikazio orokorra finkatzeko. Indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako eraikigarritasun-parametroak ere mantentzen ditu. Hortaz, planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

«MA.05.1» azpieremua Donostiako udal-mugartearen hego-ekialdeko muturrean dago, Martutene auzoan. Gaur egun, erabat urbanizatuta dago, eta okupaziorik gabeko espazioak honako hauek dira: Tranbia kalearen eta Martutene pasealekuaren artean dagoen parkea, eta, haren ondoan, Martutene pasealekuko 79. zenbakian dagoen lurzatiaren zati eraikigabea, eta, bestetik, Urumea ibaiaren ibilguaren eta haren ondoko ibaiertzaren lursailak.

Ildo horretan, jarduketa-eremua Urumeako Unitate Hidrologikoan sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan, eta Urumea ibaiarekin muga egiten du, eskuineko ertzean, 700 m inguru. Zehazki, eremuaren zati batek egungo ibilguaren sekzio bat barne hartzen du, eta obren ondoren handitu egin zen, ingurunean uholde-arriskua saihesteko. Era berean, eremuak itsas-lehorreko jabari publikoko muga du mugakide, eta zati batean bat dator haren babes-zortasunarekin.

Eremua Andoain-Oiartzun lurpeko ur-masaren eta Oiartzungo Kuaternarioko lurpeko ur-masen sektorearen gainean dago, eta Interes Hidrogeologikoko Eremua da. Ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan jasotako elementurik.

Eremuan dagoen landaredia lehen identifikatutako espazio libreetan dago, zehazki, platano ilunak, intxaurrondoak, fruta-arbolak eta pinuen, palmeren eta zuhaixken ale apaingarriak. Bestalde, Urumearen ertzean zehar, eremuaren iparraldean tamarizak garatzen dira; hegoaldean, berriz, GeoEuskadiren DEAn eskuragarri dagoen kartografiak Eurosiberiako ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarraren EBko habitata (91E0* kodea) identifikatzen du. Bestalde, eremuan dagoen fauna hiri-inguruneetako berezko espezieak dira, batez ere deskribatutako espazio libreetan daudenak. Ez da mehatxatutako flora-espezierik edo fauna-espezierik identifikatu.

Eremua ez dator bat babestutako ezein naturgunerekin, ez eta EAEko Korridoreen Sareko elementuekin edo interes geologikoko lekuekin ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere.

Planaren eremuan ez dago kultura-ondare arkitektoniko eta arkeologikoko elementu babesturik. Oion etxea eraisteko asmoa dago, eta Eusko Jaurlaritzak babestu nahi dituen higiezinen zerrendan sartu da, babes ertaineko proposamenarekin. Eraikinak itxura degradatua du gaur egun.

Egoera akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat aurkeztu da. Bertan adierazten denez, zarata-foku nagusia ondoko kaleetako ibilgailu motordunen trafikoa da. Azterlan horren arabera, bizitegi-garapen berrietarako araudian ezarritako Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH) gainditzen dira, bai eremuan, bai etxebizitzaren fatxadetan, gaur egungo eta etorkizuneko egoeran; 10 dB(A)-ra irits daitezkeen gainditzeak, eta, batzuetan, 15 dB(A)-ra ere bai, hautatutako 2. alternatiban, baldintza txarrenetan: gauez eta altuera txikieneko eta mendebaldeko bidetik hurbilen dauden fatxadetan. Era berean, IDEren arabera, eremua «Urumea» eremuko Babes Akustiko Bereziko Eremu izendatutako eremuan dago, zeinak zonako plan bat baitu.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da, eta eremua ez dator bat uholde-arriskuko eremuekin, ezta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiekin ere.

Horrez gain, eremuaren ingurunea Urumea-2 arrisku potentzial esanguratsuko eremu gisa identifikatzen da (ES017-GIP-URU-01 kodea). Alde horretatik, adierazi behar da «Donostiako Martutene auzoaren parean Urumea ibaia uholdeetatik babesteko proiektuan» aurreikusitako obra hidraulikoen xede izan dela eremua, eta obra horiek guztiak eginda daudela. URA – Uraren Euskal Agentziaren txostenaren arabera (IAU-2023-0249), jarduketa horien ondoren, Urumearen eskuinaldea, «MA.05.1» azpieremua barne hartzen duena, uholde-arriskuko eremutik kanpo geratu da.

Azaldutakoa kontuan hartuta, planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak eraikinak eraisteari, lur-mugimenduei eta urbanizazio- eta eraikuntza-obrei lotuta daude nagusiki. Jarduera horien ondorioz, makinak han hemenka ibiliko dira, landaredia lantzean behin kenduko da, eta atmosferara hondakinak, isurketak eta zarata, besteak beste, isuriko dira. Horrek eragina izan dezake lurrazaleko uren kalitatean (kasu honetan, euri-urak biltzeko sistemen bidez zeharkako eraginak gerta daitezke) eta lurpeko uren, airearen eta lurzoruen kalitatean; hori guztia hiri-eremu batean.

Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Ustiapen-fasean, eremuko bizitegi-jarduera handitzearen ondorio izango dira eraginak, eta, ziur aski, eremuko trafikoa eta mugikortasuna areagotuko dituzte, baita hondakinak, energia-iturrien erabilera eta abar ere. Nolanahi ere, eragin horiek txikiak izango dira, eta eremuaren inguruko egungo erabilerekin pareka daitezke.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako analisi akustikoaren emaitzak kontuan hartuta, eta kontuan hartuta Planaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu baten barruan dagoela, zeinak Planaren eremuan aplikatu beharreko Zonako Plan bat duen, ez da aurreikusten proposatzen diren jarduketen ondorioz ingurumen-eragin esanguratsurik izango denik eremuaren kalitate akustikoan, betiere aipatutako Zonako Planaren zehaztapenak garatzen badira eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasotako barneko espazioetarako kalitate akustikoko helburuak (bizitoki-erabilera) betetzea bermatzen bada.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Emandako informazioaren arabera, planak egindako aldaketa nagusia da Martuteneko zubitik MA.05.1 azpieremura sartzeko eremua berrantolatzea. Zehazki, Martutene pasealekuko bidearen zati bat aldatzen du, eta bizitegi-lurzati bat antolatzen du. Bertan, bizitegi-bloke berri bat egitea aurreikusten du, lehendik dauden eraikinak ordezteko. Planak ez ditu aldatzen indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako kalifikazio orokorra eta eraikigarritasun-parametroak, eta ez dakar lurzoru berriak okupatzea.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Donostiako MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauei jarraikiz ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

– Zaratarekin zerikusia duten neurriak:

Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

• Paisaia-integrazioa: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-kondizio zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, ez dela aurreikusten Donostiako MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, baldin eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri Donostiako Udalari ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila aginduko da.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako MA.05.1 Trinketa-Urumea Erribera azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz gehienez ere lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Gasteiz, 2023ko abuztuaren 30a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria falta izanik, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin bat etorriz.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala