Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2023ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4266

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Basurtuko (Bilbao) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen hiri-antolamenduko plan berezia (HAPB) aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita.

AURREKARIAK

2023ko maiatzaren 10ean, Bilboko Udalak bete egin zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari zuzendutako eskaria, UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen HAPBa (aurrerantzean, plana) aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egin dadin. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz, 2023ko ekainaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bilboko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Bestalde, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun guztiek aukera izan zezaten ingurumenari buruz egin nahi zituzten ohar guztiak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2. artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Honako hauek ikusi dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatu beharreko gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen HAPBa aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da aldatzea UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea antolatzeko hiri-antolamenduko plan berezian ezarritako antolamendu xehatua; plan hori Bilboko Udalbatzak onetsi zuen 2021eko martxoaren 25ean (2021eko apirilaren 28ko 78. Bizkaiko Aldizkari Ofiziala). Indarreko plan berezia ingurumen-ebaluazio estrategikoaren pean jarri zen eta, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2021eko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez, dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egin zen.

Planak indarreko HAPBren P2_SZ-EQ-SAN lurzatia ukitzen du, honako hauei dagokienez: eraikigarritasuna, eraikin-profila eta sestra gaineko nahiz azpiko eraikigarritasuna. Aurreikusitakoaren arabera, lurzati honetan bi eraikin eraikiko dira: horietako bat, planaren xedea dena, oin berriko obra izango da eta Kaputxinoen kalearen ondoan kokatuko da (E.2.1. eraikina), eta gaur egun aparkaleku gisa erabiltzen den gunea hartuko du; bigarren eraikinak, berriz, gaur egungo unibertsitate-eraikina ordeztuko du eta ez da planaren bidez aldatuko. Aipatutako bi eraikinak sestra azpiko galeria baten bidez egongo dira lotuta.

Honako hauek dira planaren helburuak:

– Sestra azpiko aparkalekuko plazen kopurua handitzea, gaur egun ospitalearen zerbitzura dauden gainazaleko plaza guztiak galduko baitira.

– Kaputxinoen kalearen aurrean jarri nahi den eraikin berriaren forjatuen arteko altuera handitzea; izan ere, indarreko plan bereziak emandako eraikin-profila ez da nahikoa ezarri beharreko neurri berrietarako.

– Osasun-ekipamenduko azpizonaren eraikigarritasun gordina handitzea, antzemandako beharrizanak aintzat hartuta ospitalea handitu ahal izateko.

Helburu horiek betetzeko, honako jarduketa hauek proposatzen ditu planak:

– Kaputxinoen kalearen aurrean dagoen E2.1 izeneko eraikinaren eraikin-profila aldatzea, sestra gaineko sei altuera ordez bost izan ditzan. Horrela, forjatuen arteko altuera handituko da, eraikin berriari esleitutako altuera osoa mantenduko baita.

– Lerrokadurak eta eraikinaren hondoa pixka bat doituko dira; hala, 23,31 m-koa ordez 24,50 m-koa izango da. Halaber, P2 lurzati osoko beheko solairuan eraikinaren lerrokadurak aldatuko dira, bai eta sestra azpiko eraikin-profila ere (lurzati osoak lau soto-solairu zeuzkan).

– E2.1 eraikinaren eta Revilla pabiloiaren arteko guneak, zeinak HAPBn sestra azpiko solairu bat baitzeukan esleituta, sestra azpiko lau solairu izango ditu.

Halaber, planaren araudia aldatuko da, sestra azpiko solairuetan patioak irekitzea ahalbidetzeko, sotoak argitu nahiz aireztatzeko, eta aipatutako P2_SZ-EQ-SAN lurzatian azken solairuaren gainean instalazioen nahiz elementuen tratamendua arautzeko zehaztapenak betetzeko (14. eta 21. artikuluak, hurrenez hurren).

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo esku-hartzerik eza aztertu da (baztertu egin da, UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko hurrengo urteetako beharretarako konponbidea ez ematearren). 1. alternatiba ere aztertu da, planean jasotako antolamendu-proposamenari buruzkoa; Kaputxinoen kalearen aurrean planifikatu den eraikin berriaren eraikin-profila aldatzea hartzen du barne, solairu-kopurua murriztuz; era berean, eraikinaren altuera mantendu nahi da, eraikin berriko forjatuen arteko altuera handitze aldera; eta sestra azpiko eraikin-profila handituko da eta lau solairukoa izango da, aparkaleku-kopurua areagotzeko. Proposatutako antolamendua justifikatuta dago, UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak hurrengo urteetan izango dituen beharrak beteko baititu.

Eraikuntza-proiektuaren bidez gauzatuko da plana, zeina urbanizazioko obra osagarrien proiektuarekin batera aurkeztuko baita.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3. artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: planak doikuntzak egingo ditu indarrean dagoen HAPBren P2_SZ-EQ-SAN lurzatian mugaketari, eraikin-profilari eta sestra gaineko nahiz azpiko eraikigarritasunari dagokienez. Bilboko HAPOren esparruan idatzi da hizpide dugun HAPBa. Zehazki, E2.1 izeneko eraikina ukitzen du planak, UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Osakidetzaren ustez hurrengo urteetan izango dituen beharrak betetzeko. Planak ez du barne hartzen lurzoruaren sailkapena edo kalifikazioa aldatzea eta, planaren xede den eremuaren kokapena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, kultur ondarearen babesari, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta hots-kutsadurari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ukituko den zonaren ezaugarriak eta ondorioak:

Planaren eremua Basurtu auzoan dago, Bilboko udal-mugartean. Hauexek dira bere mugak: hego-mendebaldean, Montevideo etorbidea; ekialdean, Gurtubay kalea; iparraldean, Basurtuko Kaputxinoen kalea; eta mendebaldean, Basurtuko Ospitalea. Ospitale-erabilerako hiri-lurzorua da, erabat antropizatua dagoena.

Dagoen antropizazioa aintzat hartuta, nagusiki orografia laua daukaten lurzoruek ez daukate gaitasun agrologikorik. Eremuan ez dago ur-ibilgurik.

Planaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko naturagune babestuekin, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestuekin edo natura-interesekoekin ere. Halaber, ez dauka inbentarioan edo katalogoan jasotako paisaia-baliorik eta ez dator bat EAEko geologia-interesguneen inbentarioan sartu diren geologia-interesguneekin. Bestalde, planaren eremuan eta hurbileko ingurunean ez da antzeman onetsitako Faunaren Galzoriko Espezieak Kudeatzeko Planean aipatutako eremurik, eta ez da ikusi Batasunaren intereseko habitatik, ezta mehatxatutako florarik ere.

Planaren eremua Basurtuko Ospitalearen ondoan dago eta urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan jasota dagoen ondasun kulturala da, zeinak Kultur Ondasun Kalifikatu gisa sailkatzen baitu, EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen pasabidean kokatutako monumentu-multzoaren kategorian. Monumentu-multzo izendapen horren barruan, Basurtuko Ospitaleak maila ertaineko babesa du, Donejakue Bideari atxikitako ondasun higiezin gisa.

Egoera akustikoari dagokionez, planaren xede den eremuan hobetuko dira aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak (KAH), eta Bilboko Udalak babes akustiko bereziko zona izendatu du eremu hori.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da arrisku esanguratsurik hauteman; izan ere, eremuak ez du uholde-arriskurik, ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik, eta akuiferoak kutsatzeko kalteberatasuna txikia da.

Azaldutakoa aintzat hartuta, indarreko plangintzari dagokionez planak eragindako ondorio nagusiak indusketako material soberakin gehiago sortzeari lotuta dago; izan ere, baimendu da E2.1 izeneko eraikinean lau soto-solairu egitea bat ordez. Halaber, hotsaren ikuspegitik sentikorra den eremuan, zeinetan osasungintzako eta irakaskuntzako erabilerak egiten baitira, obraren bolumena handitzeak sortuko dituen isuri atmosferikoek eta soinu-igorpenek herritarrei eragindako eragozpenei lotuta daude ere aipatutako ondorioak. Horrez gain, obren ondorioz, hondakinak sortuko dira, makinak aldatuko dira, ustekabeko isurketek azaleko jariatze-urak edo lurzoruak ukitzeko arriskua sortuko da, etab. Fase horretan, halaber, kultur ondarea ukitzeko arriskua dago, Basurtuko Ospitalearen jarduketa-eremutik hurbil baitago, zeina ondasun kulturala baita, bat etorriz urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia monumentu-multzo kategoriako kultur ondasun sailkatua izendatzekoan) ezarritakoarekin. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2023ko uztailaren 14an egindako espedientean jasotako txostenean ezarritakoari jarraikiz, E2.1 eraikinak indarreko HAPBn ezarritako gutxieneko atzerapenak beteko ditu, zeinak 2/2012 Dekretuan (Donejakue Bideari atxikitako ondasunen babesguneari buruzkoan) ezarritakoari jarraikiz hizpatu baitira; horrenbestez, E2.1 eraikinaren sestra gaineko solairu guztiek gutxienez 10 metroko atzerapena izango dute ospitalearen itxiturara, ipar-mendebaldean, Revilla pabiloiaren norabidean, eta 15 metro ospitalearen farmaziara (kasu horretan, ez da espero kultur ondarea ukitzea).

Bestalde, eremuko hots-egoera zuzentzeko, nahitaezkoa izango da zonako plana betetzea Bilboko Udalak deklaratutako babes akustiko bereziko zonan. Nolanahi ere, barne-espaziorako ezarritako KAH bete behar da.

Ingurumen-efektuen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoeraren arabera egin behar da. Hortaz, proposatutako jarduketak eta eremuaren ezaugarriak aintzat hartuta, uste da eragin horiek txikiak izango direla, betiere baldin eta indarreko legeria betetzen bada, bereziki zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, aurreko paragrafoan adierazi bezala, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta afektazio-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, kultur ondareari, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen HAPBaren aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira garapen-plana eta -proiektua egikaritzeko:

a) Kultur ondarea babesteko neurriak:

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluari jarraikiz, Basurtuko Ospitale Zibilean edozein esku-hartze egiteko, Donejakue Bideari atxikitako ondasun higiezina den aldetik (urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuaren bidez monumentu-multzo kategoriako kultur ondasun sailkatua), nahitaezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Sailaren baimena izatea.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2023-07-14an egindako txostenean adierazitako zehaztapen lotesleak bete beharko ditu planak, zeinak planak azkenean hartuko dituen zehaztapenetan jaso beharko baitira. Horien artean, honako hauek ditugu:

– Sestra azpiko landareak areagotzeak ez du eraginik izan behar ez babestutako pabiloien kultura-balioetan, ez ospitalearen mugen barruan dauden sestra gaineko espazio libreetan eta igarotze-guneetan.

– E.2.2. eraikinaren altuera (instalazioen solairua barne) inguruko babestutako pabiloien (Revilla pabiloia) antzekoa dela bermatuko da.

– E2.1. eraikineko sestra gaineko solairuek gutxienez 10 metroko atzerapena izango dute ospitalearen itxiturara, ipar-mendebaldean, Revilla pabiloiaren norabidean, eta 15 metrokoa ospitalearen farmaziara.

Revilla pabiloiaren eta itxituraren arteko zirkulazio-espazioak ezingo dira inola ere ukitu; izan ere, urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoak) babesten ditu espazio horiek.

– Ospitalearen itxitura perimetrala gaur egungo egoeran mantendu behar da, tarte jakin bat izan ezik, zeinetan baimendu baita trazatua aldatzea, indarrean dagoen HAPBren II.07 planoan («Hormaren osaera») adierazi bezala.

– Sestra azpiko solairuak argitu eta aireztatzeko xedez patioak irekitzeari dagokionez, ezingo dira ukitu ospitalearen mugen barruan dauden zirkulazio-espazioen ondare-balioak edo funtzionaltasuna.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2023ko uztailaren 14an egindako txostenaren arabera, ospitaleari erasandako kaltea gutxitu dadin gomendatu da E2.2 eraikinaren atzeraemangunea 3,5 m-koa izatea, bai plazara ematen duen aldean, bai ospitalera ematen duen aldean.

b) Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek sei hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoaren azterketan neurri zuzentzaileak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Obra-fasearen ostean, eta eraikina erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira eraikinaren barnealdean, barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzen diren egiaztatzeko.

– Ustiapen-fasean: etorkizuneko garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrenbestez, etorkizunean ezingo dira hirigintza-garapenak gauzatu kanpoko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

c) Lurzoruen eta jariatze-uren kalitateari buruzko neurriak:

Obretan erabiliko diren makinen erregai-hornidura, olio-aldaketa, etab., plataforma iragazgaiztu batean egin beharko dira, eta plataforma horrek hondakinak biltzeko sistema bat izango du, gehienbat erabilitako oliorako, jariatze urak ez kutsatzeko. Bestalde, hondakin-biltegia jariatze-eremuetatik bereiz kokatu beharko da, azaleko uren sarea ez kaltetzeko. Gainera, neurri babesleak hartu beharko dira, lur-mugimenduetan jalkinik, lurrik eta/edo lohirik ez iristeko azaleko jariatzera.

d) Beste prebentzio-neurri eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoa gorabehera, eraikuntzako eta eraikuntza-obra osagarrien proiektua egikaritzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoak, aurreikusitakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta haien kudeaketa xedapen hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Bilboko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2. artikuluarekin bat.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Garapen-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Hondakin-urak udalerriko hondakin-uren kolektore orokorrera konektatuko dira.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

– Espazio libreen tratamendua: hala badagokio, espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Loreztatze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotakoari jarraikiz, eta betiere baldin eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak nahiz sustatzaileak planteatutakoak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen HAPBa aldatzeak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Bilboko Udalari jakinaraziko zaio Ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila aginduko da.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5. artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, UPV/EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen HAPBaren aldaketa onetsiko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 9a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala