Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2023ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4265

EBAZPENA, 2023ko irailaren 6koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita «Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Lehentasunezko arretako kolektiboak» finantzatzeko dirulaguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2023ko irailaren 5eko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, «Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Lehentasunezko arretako kolektiboak» finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren m) letran xedatutakoarekin bat etorriz, eta estatutu horiek bigarrenez aldatzen dituen abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuak emandako idazkeraren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Lehentasunezko arretako kolektiboak» finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2023ko irailaren 5eko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdia onartzeko hartu duen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea, deialdia onartzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 6a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
«BERROREKA ETA EKITATERAKO LURRALDE-PROIEKTUAK. LEHENTASUNEZKO ARRETAKO KOLEKTIBOAK» FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Berriki onartutako Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen xedea da Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea. Sistema horren bidez, pertsonak baztertuta geratzeko arriskuari aurrea hartu nahi zaio, bai eta bazterketa pertsonala, soziala eta laborala arindu, bizitza duinaren garapena bermatu eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak gizarteratzen lagundu ere.

Horrela, helburuetako bat du bazterketa jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden pertsonei zerbitzu eta programa egokiak eskaintzea gizarteratu eta laneratu daitezen, batez ere gizarte-zerbitzuek eta enplegu-zerbitzuek koordinatuta jardunez.

Ildo beretik, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideen helburua da, hain zuzen ere, laguntza eta orientazio pertsonalizatuak ematea enplegu-politika aktiboen funtsezko elementu gisa, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzea errazteko. Gainera, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian zehaztutako lan-merkatuaren eredu berria lurralde-orekaren printzipioan oinarritzen da, besteak beste, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen.

Ondorioz, deialdi honen bidez, enpleguko eta prestakuntzako ibilbide integral bat eskaini nahi zaie gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuen premia handiena duten biztanleei eta, bereziki, 45 urtetik gorakoei eta zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan daudenei. Izan ere, ibilbide horrek toki-erakundeekin lankidetzan lan-esperientzia bat izateko aukera emango die, eta horri prestakuntza-jarduerak eta banakako akonpainamendua eransten bazaizkie, lan-munduratzea egonkorragoa izango da. Ekitatearen eta lurralde-berrorekaren ikuspegitik, deialdi honen xede diren proiektuak gizarte-onurako eremuetan garatu beharko dira, eta asetu gabeko gizarte-premiak estaltzera eta arintzera edo kalitate eta interes publikoko ekoizpen-sinergia jasangarriak sortzera bideratuta daude.

Enplegu eta prestakuntzako programa integralen tresna egokia da deialdiaren xede diren lehentasunezko kolektiboentzat. Alde batetik, 45 urtetik gorakoak dira Lanbiden erregistratutako enplegu-eskatzaile langabe gehienak. EAEn lan bila dabiltzan 170.711 langabeen % 51k 45 urte baino gehiago zituen 2023ko maiatzean. Are gehiago, % 60 inguru (50.217 pertsona) luzaroko langabezia-egoeran zeuden. Hori dela eta, egokitzat jotzen da dirulaguntzen programaren lerro bat kolektibo horretara soilik bideratzea.

Deialdi honek «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Kolektibo kalteberak» ekimenarekin lortutako emaitza onetan du jatorria. Ekimen hura Europar Batasunaren NextGenerationEU delakoak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan kokatu behar da. Ekimen hura oinarritzat hartuta, Lanbideko Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdi bat onartu zuen 2021eko abenduaren 21eko bilkuran, enpleguko, prestakuntzako eta laneratzen laguntzeko 47 proiektu garatzeko. Proiektu horietatik, 462 pertsonak jaso dute onura.

Hori ikusita, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren SEM funtsen esparruan jarduketak egiteko epea amaituta, laguntzen deialdi berri hau bultzatzen da, lehentasunezko arreta behar duten kolektiboei zuzendutako berroreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektuak finantzatzeko dena, EAEko aurrekontuaren kargura soilik finantzatua.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2023. urterako Dirulaguntza Plan Estrategikoan daude aurreikusita. Erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2022ko abenduaren 21eko bileran hartutako erabakiaren bidez (www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratutakoa), eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa. Deialdia honako honetan sartzen da: 4.4. gako estrategikoa, «Enpleguaren arloko aukera-berdintasuna beste kolektibo zaurgarri batzuentzat».

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2023ko irailaren 5eko saioan, «Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Lehentasunezko arretako kolektiboak» finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, 2023. urterako, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak ematea da, «Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Lehentasunezko arretako kolektiboak» finantzatzeko. Dirulaguntzen bidez, arreta pertsonalizatua eman nahi zaie 45 urtetik goragoko langabetuei eta zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan daudenei.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 12.000.000 eurokoa da, eta, horietatik, 8.040.000 euro 2023. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 3.960.000 euro 2024. urteko konpromiso-kredituari (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretakoa).

2.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, osorik edo zati batean, 2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko EGIF+ Programaren esparruan.

3.– Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu kopurua edo hura handitzearen ondorioz ateratakoa, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, hala bada, hori guztia argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Deialdi horren esparruan, honako erakunde hauek izan ahalko dira laguntzen onuradunak, horretarako eskaera egin ondoren:

– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiak, mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak, bai eta aurrekoen mendeko edo haiei lotutako organismoak eta gainerako entitateak ere, autonomia- eta toki-erakundeen sektore publikoa osatzen dutenak. Era berean, nortasun juridikorik gabeko udalerrien taldeak ere onuradun izan ahalko dira, horietako bat ordezkari dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 11.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.

– Irabazi-asmorik gabeko landa-garapeneko elkarteak, bat etorriz ekainaren 25eko 158/2002 Dekretuarekin, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko landa-garapeneko elkarteen berariazko araudia.

2.– Erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta hura ordaindu baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzen arloko itzulketa-betebeharrak egunean izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA).

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administratiborik, honako arrazoi hauengatik ezarritakoak barne:

– Sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik edo, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako askotariko diskriminazioa eragiteagatik.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezarri izana, ebazpen irmo bidez.

d) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dion kausaren bat ez izatea legez ezarritako, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoak barne:

– Ez edukitzea berdintasun-planik indarrean, nahiz eta enpresa horretara behartuta egon Estatuaren araudiaren arabera.

– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena eta indarkeria sexualak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dauzkan legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu egiaztatzen lehengo apartatuan xedatutako eskakizunen bat, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatu beharko da; adierazpen hori eskabide-orrian jasota dago.

4.– Entitate onuradunek proiektu bakoitza bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkaritzak erantzukizunpeko adierazpen bat egingo du (eskabide honetara sartuko da). Edonola ere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzen xedea da 6. artikuluan adierazitako pertsonei zuzendutako ibilbide indibidualizatuak finantzatzea. Ibilbide horiek askotariko ekintzak konbinatzen dituzte, hala nola lan-orientazioa eta aholkularitza, funtsezko konpetentzien, zeharkakoen eta/edo profesionalen prestakuntza, laneratzea eta enplegua sortzea lanaldi partzialeko aldi baterako lan-kontratuen bidez, eta, aldi berean, benetako berdintasuna eta laneratzeko orduan diskriminaziorik eza indartzen dituzte.

Programaren onuradunen kontratazioak, artikulu honen 2.b) apartatuan aurreikusitakoak, 3. artikuluan adierazitako erakundeek egingo dituzte, eta haien mendeko erakundeek ere bai, bai zuzenean, bai Euskadiko hirugarren sektore sozialeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeen bidez (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), baldin eta haiekin hitzarmen bidez adosten bada edo kontratu bidez esleitzen bazaie proiektuak gauzatzea.

Erakunde onuradunak artikulu honetako 2.c) letran aurreikusitako ekintzak zati batean edo osorik (% 100era arte) azpikontratatu ahal izango ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege hori garatzen duen erregelamenduaren 68. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, hirugarrenekin hitzartutako jarduera, zeina % 100ekoa izan ahal izango baita, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.

2.– Diruz lagunduko diren proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hasieran, gutxienez 8 lagunekoak eta gehienez 12koak izango dira taldeak.

b) Parte-hartzaile bakoitzaren lan-kontratazioa honako baldintza hauekin egingo da:

– Egindako kontratuek ezin izango dute inola ere ekarri enplegua eskaintzen duen erakundearen ohiko jarduerak estaltzea edo ohiko zereginetan diharduten langileak ordeztea.

– Kontratuen iraupena 6 hilabetekoa izango da, lanaldi partzialean eta lanaldiaren % 75ean. Kontratu mota Enpleguaren Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian (505 kodea) ezarritako lan-aukerak eta laneratzea hobetzeko kontratua izango da.

– Lanpostu honetan garatuko diren eginkizunak eta edukiak, ahal dela, onura publikoko edo interes orokor eta sozialeko jarduerekin lotuta egon behar dira, garatzen diren inguruaren beharrizanei erantzun behar diete, eta honako jarduera-eremu hauetakoren batean garatu ahalko dira:

– Etxebizitza eta landa-ingurunearen hobekuntza eta birgaitzea egoera ahulenean edo gutxi garatuta dauden udalerri edo auzoetan.

– Hirugarren eta laugarren adineko pertsonei laguntzea eta arreta ematea (silver economy).

– Egoera ahulean dauden taldeak, desgaitasun fisiko edo psikikoa duten mendeko pertsonak edo gaixotasun kronikoa dutenak zaintzea eta laguntzea.

– Kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzea.

– Ondare artistiko eta historikoa bultzatzea eta berreskuratzea.

– Baliabideak birziklatzea eta berrerabiltzea.

– Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak bultzatzea.

– Espazio publikoetan mantentze-lanak egitea.

– Turismoarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako jarduerak.

– Naturaren kontserbazioa: zuhaitz-masak, animalia-espezieak, ibaien eta kostaldeen garbiketa.

– Arrakala digitala ezabatzea. Konpetentzia digital gutxiko pertsonei laguntzea bide elektronikoz egiten administrazio publikoekiko zereginak, erosketa elektronikoak, banku-eragiketak, etab.

– Enpresa emakidadunak lanak amaitu dituen harrobiak berreskuratzea.

– Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sareak instalatzea eta mantentzea.

– Eraikinen araudi energetiko berria birgaitu eta horretara egokitzea.

– Mugikortasun jasangarria.

– Jarduera soziokulturalak eta garapen komunitariokoak garatzea, lehentasuna emanez belaunaldiarteko komunikazio-kateak ezartzeko aukera dutenei.

– Erabilera publikoko edo interes orokor eta sozialeko beste edozein jarduera, lanpostuan ikaskuntza formala eta praktika profesionala bateragarri egitea ahalbidetzen duena.

c) Kontratuan zehar edo, gehienez ere, kontratazioa hasi aurreko bi hilabeteen barruan, eta, edonola ere, lan-jardueraren ordutegitik kanpo, hauek egingo dira:

– Aurrez aurreko prestakuntzako talde-ekintzak, konpetentzia giltzarriei, zeharkakoei eta/edo profesionalei buruzkoak, proiektuan jasotako lan-jarduera hobeto garatzeko direnak, eta gutxienez 100 ordu eta gehienez 200 irauten dutenak.

Programan baja ematen duten parte-hartzaileak ordezteko, proiektuan aurreikusitako prestakuntza-orduen % 25 eman aurretik egin beharko da ordeztea, eta hasierako hautagaien artean hautatutako pertsona batekin egin beharko da.

– Proiektuan zehar laguntza-prozesuak errazteko lan-orientazioko banako ekintzak, horien barruan sartu ahalko direlarik: eskumenen balantzea, lan-merkatuaren informazioa, irteera profesionalak, helburuen planifikazioa eta enplegua bilatzeko gaitasunak, gutxienez 6 orduz. Ekintza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laneratzeko informazio-sistemetan orientazio-erakunde gisa alta emanda dauden erakundeek gauzatu beharko dituzte.

Saio horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazioan erregistratuko dira, erabiltzaileek WACOM gailuaren bidez sinatuta.

3.– Proiektuak, edonola ere, 2023ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira, eta 2024ko irailaren 30a baino lehen amaitu.

Ondore horietarako, jardueraren hasiera jotzen da proiektuaren hasieratzat, edo, bestela, Lanbiden aurkeztutako lan-eskaintzaren kudeaketa-eskaria edo prestakuntzaren edo/eta orientazioaren azpikontratazio-prozeduraren hasiera.

5. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Prestakuntza-, orientazio- eta kontratazio-prozesu osoa amaitzen duen pertsona bakoitzak 16.855 euro jasoko ditu.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa konfiguratzeko, programan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko unitate-kostua hartu da kontuan. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izango da gastuaren benetako kostua baino handiagoa izan. Kostu hori justifikazioa egiteko unean egiaztatu beharko da, 12.1.c) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak honako hauek izango dira:

a) 9.375 euro, parte-hartzaileen lan-kontratu bakoitzeko. Dirulaguntza horiek kontratatzen diren pertsonen soldatak eta Gizarte Segurantza ordaintzeko erabiliko dira.

b) 1.794 euro, prestakuntza-ekintzetarako, eta 228 euro, orientazio-ekintzetarako, bat etorriz deialdi honen 4.2.c) artikuluarekin.

c) 3.320 euro, proiektuaren koordinazioaz eta jardueraren jarraipenaz arduratzen diren langileen soldatak eta Gizarte Segurantza ordaintzeko. Proiektuen koordinazio- eta jarraipen-lantzat hartuko dira, proiektuaren koordinazioari eta kudeaketari dagozkienez gain, tutoretza-eginkizunak, alegia, erabiltzaile-taldeak interes orokorreko jarduerak egiteko garatzen dituzten lan profesionalen tutoretza egitea.

Aurrekontu-partida honi dagokionez, dirulaguntza ematen den datatik sortzen diren gastuak onartuko dira.

d) 2.138 euro, jarduketa horiek exekutatzean eragindako kostuetarako (jarduketa horiek exekutatzeko erabilitako denboraren arabera ordainduko da): aseguruak, materiala, lokalaren alokairua, parte-hartzaileen kontziliazio-neurriak, eta abar.

4.– Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Pertsona bakoitzeko dirulaguntzaren likidazioak sei hilabeteko lan-kontratazio jarraitua eskatzen du, bai eta 4.2.c artikuluan aurreikusitako orientazioko eta prestakuntzako gutxieneko orduak betetzea ere.

Kontratua aldez aurretik iraungitzen bada, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera dirulaguntza osoa itzuli behar ez den kasuetan, kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntzaren likidazioa modu proportzionalean egingo da, benetan lan egindako aldia kontuan hartuta. Kasu horretan, 5.3 artikuluaren b) letran aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa likidatzeko, kontuan hartuko da proiektu bakoitzean aurreikusitako guztizko orduen gainean benetan eman edo egin diren prestakuntza- eta orientazio-orduen proportzioa.

Era berean, ez da ez-betetzat joko 4.2.a artikuluan aipatutako proiektu bakoitzeko gutxieneko pertsona kopurua, ordainketa proportzionala 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz egin behar den kasuetan.

6. artikulua.– Proiektuen hartzaile diren pertsonen betekizunak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako banakako ibilbideei dagokienez, proiektuaren hartzaile izan daitezke Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak, baldin eta EAEn bizi badira. Programa kolektibo hauetako bati zuzendu beharko zaio:

a) 45 urtetik gorako pertsonak.

b) Zaurgarritasun-egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonak.

Kalteberatasun-egoeran edo baztertzeko arriskuan daudela ulertuko da, besteak beste, honako hauek:

– DSBEa eta/edo BGE jasotzen duten titularrak edo onuradunak.

– Luzaroko langabetuak: Luzaroko langabetutzat joko dira hautagaitza bidali aurretiko 540 egunetan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian 360 egun eman dituztenak.

– Kualifikazio baxuko langabeak: 23. mailatik gorakoa ez den enplegu-eskaeran jakinarazitako bitartekotzako prestakuntza-maila duten pertsonak: DBHko graduatu titulua edo baliokidea.

2.– Hartzaileak izan daitezke, baldin eta ez badute parte hartu «Oreka eta ekitatea lortzeko lurralde-proiektu berriak. Kolektibo kalteberak» inbertsioaren 2022-2023 deialdian diruz lagundutako proiektu batean ere, salbu eta behar adina parte-hartzaile ez egoteak proiektua abian jartzea eragozten badu; kasu horretan, pertsona horien parte-hartze justifikatua baimenduko da.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/; eta hara iristeko esteka bat egongo da Lanbideren web-orrian.

Izapidetzeko jarraibideak jasotzen dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri dago https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210502 helbidean; eta fitxa horren bitartez eskura daiteke, halaber, eskabidea egiteko inprimakia.

Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, izapidetzea ordezkari baten bidez egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Dirulaguntzaren eskabideak laguntzaren xede den proiektuaren xehetasun hauek jaso beharko ditu:

1) Proiektuaren entitate sustatzailea.

2) Proiektuaren izena.

3) Eskabidearen memoria, 15 orrikoa gehienez ere, informazio xehatua ematen duena deialdi honetako 8. artikuluko 6. apartatuan jasotako eta dirulaguntzaren xede izan daitezkeen alderdiei buruz. Txostenean aipatzen ez diren alderdiak ez dira puntuatuko.

4) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k) eta bere(n) datuak.

5) Proiektuak hartzen dituen parte-hartzaileen kopurua: Gutxienez: 8 – Gehienez: 12.

6) Jarduteko lurralde-eremua (udalerria, eskualdea, lurralde historikoa edo Euskal Autonomia Erkidegoa).

7) Prestakuntza-ibilbidearen ordu-kopurua: Gutxienez 100 ordu – Gehienez 200 ordu.

8) Prestakuntza-ibilbidea ematen duen erakundea:

9) Lan-orientazioko ekintzak ematen dituen erakundea:

10) Proiektuan parte hartzen dutenen erakunde kontratatzailea.

11) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen legezko ordezkariak dirulaguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituela eta proiektu bakoitza berme osoz garatzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak dituela adierazten duena.

12) Onura publikoko jarduketa-eremua, deialdi honen 4.2 artikuluan aipatutakoen artean.

13) Nortasun juridikorik gabeko udalerrien taldeek aurkeztutako eskaeren kasuan, taldea eratzeko izenpetzen duten agiriaren kopia aurkeztu beharko dute. Bertan, berariaz jasoko dira, batetik, ordezkari gisa izendatutako udalerria; bestetik, taldeko udalerrietan diruz lagundutako jarduera garatzeko hartutako konpromisoak; eta, azkenik, horietako bakoitzean, hala badagokio, aplikatuko den dirulaguntzaren zenbatekoa.

Kasu horretan, 3.2 artikuluaren azken paragrafoan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena sinatu beharko dute taldean dauden udalerri guztiek.

3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

4.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 16an amaituko da.

8. artikulua.– Prozedura eta ebazpena Eskabideak ebaluatzeko irizpideak eta adjudikazioa.

1.– Prozedura izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendaria da.

2.– Prestakuntza-, orientazio- eta enplegu-ekintzak egiteko dirulaguntza emateko prozedura ondoz ondoko norgehiagoka izango da.

1) Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie dirulaguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte.

Aurrekontu-zuzkidura amaituta, hasierakoa edo handitutakoa, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen bidez.

2) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendari nagusiak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko du, bitarteko telematikoen bidez.

Dirulaguntzaren emate-ebazpenean datu hauek adieraziko dira: dirulaguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta justifikazioa, hala badagokio.

Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko da eskaera zergatik ukatu den.

3) Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea 2 hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari Laneratzea Aktibatzeko zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da jakitera zer enpresak jaso duten dirulaguntzen deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.

5.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

6.– Aurkeztutako proiektuak baloratzeko irizpideak.

1) Prestakuntza, orientazio eta enplegura bideratutako proiektuak garatzeko dirulaguntzak amaierako puntuazio baten arabera emango dira. Puntuazio hori proiektu-eskabide bakoitzerako zehazten diren helburuen balioespenean eskuratutako puntuen batuketaren emaitza izango da, jarraian zehazten diren ebaluazio-irizpideak kontuan hartuta:

Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren berariazko balioespena, eskaeran oinarritzen dena. 60 puntu, gehienez.

(Ikus .PDF)

2) Erakunde eskatzaileak 45 puntu lortu beharko ditu gutxienez artikulu honetako guztizko puntuazioan, dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektuen eskaerak ezetsi egingo dira.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Onartutako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Lehenengo zatia, hau da, proiektuaren guztirako dirulaguntzaren % 67, dirulaguntza-ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 33a edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua, diruz lagundutako jarduketak bukatu eta justifikatutakoan.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan adierazitako urratsak egin beharko ditu: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak bete direla.

Entitate onuraduna egiaztapen hori egitearen aurka agertzen bada, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

10. artikulua.– Partaideen hautaketa.

1.– Erakunde onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulego batean enplegu-eskaintza bat aurkeztuz eskatuko dituzte pertsonak. Pertsona horiek arestian adierazitako kolektiboetan sartuta egon beharko dute, eta inskribatuta eta langabezian egon beharko dute dagokion enplegu-eskaintzarako hautagaitza bidaltzeko unean eta lan-kontratuaren hasieran, eta erakunde kontratatzaileak izango du eskaintza hori egiaztatzeko ardura, deialdian xedatutakoa betetzeko.

Eskaintza-eskabidean, programan parte har dezaketen hautagaien egoitza geografikoa zehaztu beharko da, EAEn egongo dena beti. Lanbidek ez du hartuko esperientzia hautagaitzak kudeatzeko nahitaezko baldintza gisa.

2.– Hautagaitzak sartzeko, eskaintza kudeatzen duen Lanbideren bulegoak argitaratu egin beharko du, eta gutxienez zazpi egun naturaleko epean utzi beharko du argitaratuta Lanbideren webgunean.

3.– Ez dira deialdi honetako ekintza eta zerbitzuen hartzailetzat hartuko Estatuko lan-merkaturako sarbiderik ez duten pertsonak.

4.– Erakunde onuradunek hautatuko dituzte behin betiko hautagaiak. Erakundeak Lanbidek eskaintzaren kudeaketa dela-eta egindako inkestari erantzun beharko dio, jasotako hautagaitza guztien emaitzarekin.

5.– Ibilbide indibidualizatuaren barruan egin beharreko lan-kontratuak 4.3 artikuluan araututako proiektuak egiteko aldiaren barruan hasi eta amaitu beharko dira.

Ezarritako epearen amaieran benetan kontratatutako pertsonen kopurua eskabidean eta laguntza emateko ebazpenean ezarritakoa baino txikiagoa bada, erakunde onuradunak bere borondatez itzuliko du egin ez diren kontratazioei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa, eta uko egitearen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, zeinak dagokion ordainketa-gutuna emango baitio erakundeari, itzuli beharrekoa ordain dezan.

6.– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epean, eta «Berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuak. Lehentasunezko arretako kolektiboak» identifikazioa izan beharko dute, aplikazioan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Kontratazioak aldetiaz azkentzea.

Ibilbide pertsonalizatuaren barruan eta diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik azkentzen badira, horren berri eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 7 eguneko epean, kontratua azkentzen denetik hasita; eta azkendutako kontratuaren kontura jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, osorik. Halaber, dagokion prozedura izapidetuko da, 16. eta 17. artikuluek arautzen dituzten jarraibideak beteta. Nolanahi ere, kontratua azkentzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan baldin bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Dirulaguntzak jaso dituen erakundeak bi hilabeteko epea du, kontratazioak amaitu direnetik hasita, diruz lagundutako jardueren amaiera eta egindako gastuak justifikatzeko.

Justifikazio horretan, erakunde onuradunak aurkeztu beharreko dokumentazio hau jasoko da:

a) Justifikazio-memoria bat, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen xehetasuna.

– Komunitatearentzat interesgarria izan daitekeen jardueraren deskribapena.

– Hasieran aurreikusitako helburuen ebaluazioa eta betetze-maila.

b) Lanbidek emandako fitxak:

– Laburpena, parte-hartzaileka eta egindako jardueraka.

– Parte-hartzaile bakoitzak sinatutako dokumentua, prestakuntza-zerbitzuak jaso dituela justifikatzen duena eta emandako orduen kopurua jasotzen duena.

– Proiektua indarrean egon den bitartean begiralearen/arduradunaren zereginak eta orientazioko eta laguntzako zereginak garatu dituzten pertsonen zerrenda (5.3.b artikulua).

– Parte-hartzaileen nahiak betetzen diren jakiteko inkesta.

c) Erakunde onuradunaren idazkariak/kontu-hartzaileak emandako gastuaren ziurtagiria, toki-erakundeen edo sektore publikoko erakundeen kasuan. Gainerako erakundeek egindako gastua eta kontzeptu horrengatik egindako ordainketak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen xehetasun bat, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

e) Azpikontratatutako jardueren xehetasun bat.

2.– Erakunde onuradunek bost urtez gorde beharko dituzte jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke, kudeaketa-agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik aurrera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 82.1 artikuluaren arabera.

3.– Dokumentazioa ez bada aurkezten ezarritako epean, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada justifikatutako kopurua aurrerakin gisa jasotakoa baino txikiagoa dela, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 17. artikuluan arautzen den prozedurari jarraituz.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan orokorrean ezarritakoak eta deialdian ezarritako bereziak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskabideak aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

b) Kontratuen hasieraren berri ematea kontratua hasi eta hamabost egun balioduneko epearen barruan, kontratatutako langabetuen kopurua zehaztuta.

c) Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea kontratuen azkentzeak, 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Xede bererako beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu baten (Estatuko edo nazioarteko baten) dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, kostu beraren gainean finantzaketa bikoitzik ez gertatzeko.

f) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

h) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Lan eta Enplegu Saila, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko eskakizunak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

i) Jasotako dirulaguntzaren aplikazioan iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak saihesteko neurriak hartzea.

j) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da probetan edo elkarrizketetan eta pertsonak aukeratzeko prozesuetan.

– Zer hautagai aukeratu erabaki behar denean, gutxienez emakume batek parte hartu behar du erabakia hartzeko prozesuan. Ezinezkoa bada, justifikatu egin behar da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rolen eta genero-identitatearen pluraltasuna sustatzen dutenak.

k) Beren-beregi jasotzea edo adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa –EAEko EGF Plus 2021-2027 Programaren esparruan– deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduketen komunikazio, zabaltze, edo argitalpeneko material eta ekintza guztietan.

Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotako webgunean.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira kontzeptu eta helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin. Edonola ere, argi identifikatuta geratu beharko da gastuen trazabilitatea, eta laguntzen eta dirulaguntzen batura ezin izango da izan diruz lagundutako gastuen kostua baino handiagoa.

15. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eusten bazaie, eta horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak betetzen badira.

Emakida-ebazpena eman ondoren, onuradunak dirulaguntza aldatzeko eskatu ahal izango du. Aldaketa hori eskatzeko, ebazpena eman ondoren eta diruz lagundutako jarduera egiteko epearen barruan gertatutako inguruabarrak izango dira oinarri, eta erakunde onuradun bakoitzarentzat eskatu beharko da. Eskaera inguruabarra gertatu eta berehala formalizatu beharko da, eta, edonola ere, jarduera egiteko epe hori amaitu baino lehen.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak ebazpena eman beharko du proposatutako aldaketa onartzeko edo ukatzeko, aldaketa eskatu eta bi hilabeteko epean. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da. Ebazpen horien bidez, aldatzeko eskabidea aurkezten den unera eraman ahal izango dituzte ondorioak. Nolanahi ere, aldaketa egiteko baimena soilik eman ahal izango da hirugarrenei kalterik eragiten ez badie.

2.– Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 17. artikuluan araututako itzulketa-prozedura hasiko da.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen entitate onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako dirulaguntza itzultzeko kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta Euskadiko Ogasun Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako dirulaguntzei lotuta aplikagarriak diren berandutze-interesak itzuli behar zaizkiola xedatu ere, bidezkoak diren bestelako ekintzak eragotzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

Ez-betetze partzialen kasuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak zehaztuko du erakunde onuradunak itzuli beharreko zenbatekoa, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, justifikatutako kostuen eta egiaztatutako jarduketen arabera, hasieran aurreikusitako epean edo ezarritako moduan kontratatzeko betebeharra betetzen ez bada, salbu eta erabateko itzulketarako kausa izan badaiteke.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak entitate interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

2.– Alegazioak jasotakoan edo, halakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko epe horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera zorraren konpentsazioa aplikatu behar denean izan ezik.

18. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi xedapen hauen arabera jokatuko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra pertsegitzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpen bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

19. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntzei aplikatuko zaizkie dirulaguntzei buruzko araudi orokorra ezartzen duten arau hauek: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

Laguntzek Europako Plus Gizarte Funtsaren kofinantzaketa dutenez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren mende ere egongo dira. Hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen dira Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsasoko, Arrantzako eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak, bai eta funts horietarako finantza-arauak eta Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresnarako finantza-arauak ere. Era berean, laguntza hauek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1057 (EB) Erregelamenduaren mende ere badaude, eta, hain zuzen ere, erregelamendu horren bitartez ezartzen da Europako Plus Gizarte Funtsa (EGF+) eta indargabetzen da 1296/2013 (EB) Erregelamendua.


Azterketa dokumentala