Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2023ko irailaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4264

AGINDUA, 2023ko abuztuaren 31koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, «Euzkaraz, Koop. E.» sozietate kooperatiboa onura publikokoa dela deklaratzeko dena.

EGITATEAK

Lehenengoa.– 2023ko maiatzaren 30ean, Ińaki Urquijo Velasco jaunak sinatutako idazki bat sartu zen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailera. Idazkia «Euzkaraz, Koop. E.» sozietate kooperatiboko idazkari gisa aurkeztu zuen, bertako lehendakaria den Aitziber Balanzategi Ibargoitia andrearen oniritziarekin, 2023ko martxoaren 17ko erabakia betez erakunde hori onura publikokoa dela deklara dadila eskatzeko. Besteak beste, 2021. eta 2022. urteetako jarduera-memoria eta 2021. eta 2022. urteetako kontuak erantsi zizkion idazkiari.

Herri-onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko den otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan ezarritako arauzko baldintzak betetzean oinarritzen da onura publikoko deklaratzeko eskaera. Izan ere, 5.c) artikuluan adierazitako betekizuna barne, erakunde hori irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa sortu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kooperatiben Erregistroan dago inskribatuta 2002. urteaz geroztik.

Bigarrena.– 2023ko ekainaren 28an, iragarkia argitaratu zen EHAAn, Herri-onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko den otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuko 9. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoa betez. Horrela, jendaurreko informaziorako epea ireki zen, interesdunek espedientea aztertu eta egoki iritzitako alegazioak egin zitzaten hogei eguneko epean. Epe hori igaro da, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Hirugarrena.– 2023ko ekainaren 14an, 64/1999 Dekretuko 9. artikulua betez eta 7. artikuluarekin lotuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren txostena eskatu zen. Zuzendaritza horrek adierazi zuen ezagutzen zuela erakundea, dirulaguntzen programan sartuta dagoela eta euskararen erabilera normalizatzeko lan egiten duela.

2023ko ekainaren 30ean, onura publikoko aitortzeari buruzko txostena egin zuen Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, txosten hori egin zezala eskatu baitzitzaion.

Aurreko egitateei zuzenbideko oinarri hauek aplikatu behar zaizkie:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legeko 156.2 artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzak onura publikoko kooperatibatzat joko ditu beren funtzioak garatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorra sustatzen laguntzen duten kooperatibak, betiere erregelamenduz ezartzen diren prozedura, araubide eta betekizunen arabera.

Bigarrena.– Aipatutako erregelamenduzko araua 64/1999 Dekretua da, otsailaren 2koa, Herri-onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartzeko dena.

Hirugarrena.– Espedientean jasotako dokumentazioa oinarritzat hartuta, 64/1999 Dekretuko 7. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura-izapideak bete dira onura publikokotzat deklaratzeko, bai eta erregelamenduzko arau horretako 5. artikuluan ezarritako betekizunak ere, onura publikoaren deklarazio hori lortzeko.

Laugarrena.– Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren eskumena da sozietate kooperatiboak onura publikokoak direla deklaratzea, hala xedatuta baitago 64/1999 Dekretuko 11. artikuluan, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko den urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuko 3.2.l) artikuluari lotuta.

Hori guztia dela-eta, aipatutako legegintza-manu horiek eta orokorrean ezartzekoak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Euzkaraz, Koop. E.» izeneko sozietatea onura publikokoa dela deklaratzea.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar daiteke egintza hau eman duen organoari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 31.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala