Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2023ko irailaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4219

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 25ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB laugarren aldiz aldatzeko.

AURREKARIAK

2023ko maiatzaren 10ean, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabide bat aurkeztu zion Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, hasiera emateko plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB laugarren aldiz aldatzeko. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-txosten estrategikoa, non jasotzen baitzen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Bergarako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, horren gaineko interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Kontsultei erantzuteko legezko epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB (aurrerantzean, Plana) laugarren aldiz aldatzea abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; lege horretan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzakelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB laugarren aldiz aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremua Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Barne Erreformako 4. Plan Bereziko (BEPB) 4. Egikaritze Unitatea (UE-4) da. 5.436 m2 -ko azalera duen lurzati bat hartzen du, Aranburutarren kaleko zati bat barne, Judimendi Gizarte Etxetik hasi, iparraldean, eta Federico Baraibar kaleraino, hegoaldean, Aranburutarren kalearen eta Judimendi parkean oinarria duten bizitegi-eraikinen artean gauzatzeko dauden lursailekin batera.

Arlo honetan indarrean dagoen hirigintza-antolamendua egin berri den Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Egiturazko Aldaketa Puntuala da, UE-4 garatzeko, «José Mardones» BEPBren barruan (ALHAO, 48. zk., 2021-05-05), zeinak UE-4 garatzeko tresna gisa Plan Berezi bat ezartzen baitu. Adierazi behar da UE-4 horrek 4 zenbakiko BEPB duela, hasiera batean 1998an egina eta, ondoren, hiru aldiz aldatua (2006., 2009. eta 2017. urteetan), baina oraindik ez da garatu.

Azaldutakoa kontuan hartuta, planaren xedea da indarrean dagoen HAPOren aldaketaren aurretik onartutako 4 zenbakiko BEPB aldatzea, HAPOren aldaketa horrek UE-4ri dagokionez sartutako hirigintza-zehaztapenak betetzeko.

HAPOren aldaketa horrek honela antolatzen ditu UE-4ko lurzati eraikigarriak:

– Erdialdean, ilaran, familia bakarreko zortzi etxebizitza atxiki daude (RU1), beheko solairua gehi bi solairu dituztela, eta garajeak beheko solairuan. Etxebizitzen fronte osoa 90 m ingurukoa izango da, UE-4tik kanpo dauden eta Judimendi parkean bermatuta dauden atzeko etxebizitzetarako ibilgailuentzako bi igarobideak barne.

– Iparraldean, zuzkidura-eraikinarekin jarraituz, eraikin kolektibo bat (RC1) dago, garajetarako hiru soto ere baditu, beheko solairua eta beste hiru, eta bizitegi-atikoa. Bizitegi- eta zuzkidura-erabilera ahalbidetzen da.

– Hegoaldean, familia anitzeko beste bizitegi-eraikin bat dago, bloke kolektibo gisa (RC2), sotorako hiru solairu ere baditu, beheko solairua eta beste lau solairu eta atikoa.

BEPBren aldaketa honek ez du aldaketarik sartzen 2021ean onartutako HAPOren aldaketarekiko. Eraikuntza-lurzati horien antolamendu xehatua baino ez du garatzen, lurzati guztiak okupatuko dituzten eraikuntza-bolumenak zehaztuta, eta gehieneko lerrokadurak, lerrokadura lotesleak eta hegalak ezarrita, indarrean dagoen plangintzaren zehaztapenak betetzeko.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak hiru aukera aztertzen ditu: 0. alternatiba, egungo egoerari eustekoa; 1. alternatiba, BEPB zaharraren zehaztapenen arabera garatzekoa; eta, azkenik, 2. aukera, UE-4 gauzatzekoa, HAPOren aldaketa puntualean, UE-4ari buruzkoan, jasotzen diren baldintzetan.

Baztertu egiten da 0 alternatiba, hiri-bilbean txertatutako lurzoru huts bat mantentzea ekarriko lukeelako.

1. aukera ere ez da eraginkortzat jotzen; izan ere, hasierako BEPB egin zenetik ezin izan da eremua garatu, eta, gainera, herritarrek proposamena baztertu dute.

Uste da 2. aukera dela egokiena, UE-4ri buruzko HAPOren aldaketan indarrean dauden xedapenak mantentzen baititu, eta aurreko BEPBrekin alderatuta, ez dakar ingurumen-aldaketa nabarmenik, erdiko eremuko familia bakarreko etxebizitzen kopurua murriztuz eta eremu horretan kontsumitu gabeko eraikigarritasuna etxebizitza kolektiboko eraikinetan banatuz, horrela barne-patioko bide-zortasunari eutsiz Judimendi parkearen ondoan dauden etxebizitzei dagokienez.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren antolamendu-eremua finkatu gabeko hiri-lurzorua da, Vitoria-Gasteizko hiri-bilbean sartuta dago eta egiteke dago. Planak ez dio aldaketarik egiten eremua antolatzen duen HAPOren aldaketari, 2021ean onartutakoari. Eraikuntza-lurzati horien antolamendu xehatua baino ez du garatzen, lurzati guztiak okupatuko dituzten eraikuntza-bolumenak zehaztuta, eta gehieneko lerrokadurak, lerrokadura lotesleak eta hegalak ezarrita, indarrean dagoen plangintzaren zehaztapenak betetzeko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo nabarmenik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Barne Erreformako 4. Plan Bereziko (BEPB) 4. Egikaritze Unitatea (UE-4) da. 5.436 m2-ko azalera duen lurzati bat hartzen du. Bertan, Aranburutarren kalea erabat urbanizatuta dago, eta kale horren eta Judimendi parkean oinarria duten eraikinen artean dauden lursailak baino ez dira geratzen egikaritzeke; lursail horiek eremu garatu baten barruan hutsik dauden lurzoru-zerrenda gisa konfiguratzen dira.

Eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan. Ez da ur-masarik igarotzen bere ingurutik.

Eremuaren iparraldeko erdia Gasteizko lurpeko ur-masa alubialaren eta lurpeko ur-masen ekialdeko sektorearen gainean dago, eta hegoaldeko erdia, berriz, Kuartango-Aguraingo masan. Azterketa-eremu osoa Interes Hidrogeologikoko Zona batean sartzen da. Ez dago Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko zona babestuen erregistroan sartutako elementu bakar bat ere.

Gauzatzeke dagoen lurzatian berezko landaredia dago, bai belarkarak, bai zuhaixkak eta tamaina ertaineko hostozabalak. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, lizarrak eta astigarrak dira nagusi, sasiakaziarekin eta tximeleta-zuhaixkarekin batera; azken horiek espezie aloktono inbaditzailetzat jotzen dira. Eremu horretako faunari dagokionez, ingurune urbanizatuetan izaten diren espezieak daude bertan. Ez da mehatxatutako flora-espezierik edo fauna-espezierik identifikatu.

Eremua ez dator bat naturagune babestuekin, ezta EAEko Korridore Sareko elementuekin edo interes geologikoko lekuekin ere. Halaber, ez dator bat beste katalogo batzuetako espazioekin ere (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrenda).

Kultura-intereseko elementuei dagokienez, eremua «Juduen Hilerria – Sataustegi» izeneko ustezko zona arkeologikoan dago, ageriko egiturarik gabe, eta Vitoria-Gasteizko ustezko zona arkeologikoen zerrendako 212. fitxari dagokio.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoek kutsatzeko arrisku handia dute.

Eremuak ez dauka arazorik uholdeetarako arriskuari dagokionez.

Ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan.

Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan ondorioztatzen da ez direla 60 dB (A) gainditzen eremuan soinu-eragin handieneko aldian (eguneko aldia), eta, gaur egun, bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak beteko liratekeela; eta ez da espero aldaketa esanguratsurik izango denik eremuko soinu-iturrietan datozen 20 urteetan.

Azaldutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak egikaritze-faseari lotuta daude. Jarduketa horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, makinak harat-honat ibiliko dira, landaredia kenduko da eta emisio atmosferikoak, hondakinak, isuriak, zaratak eta abar sortuko dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uren kalitatean (kasu horretan, zeharkako afekzioak gerta daitezke euri-urak biltzeko sistemen bidez), baita lurpekoetan, airean eta lurzoruetan ere. Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna handia dela kontuan hartuta, neurri egokiak hartu beharko dira lurpeko urei egin dakieken eragina saihesteko.

Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira. Era berean, garrantzi handiko lur-mugimenduak aurreikusten dira aurreikusitako sestra azpiko solairuak egiteko, eta horrek lur-soberakinen bolumen handia ekarriko du.

Bestalde, eremua Juduen Hilerria – Sataustegi Ustezko Zona Arkeologikoan sartzen denez, bete egin beharko dira Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legean ezarritako esku-hartze arkeologikorako irizpideak, ustezko zona arkeologiko gisa deklaratutakoen kontrol arkeologikorako.

Proposatzen diren jarduketak eta horien ondorioak mugatuak direnez, uste da inpaktu horiek, oro har, aldi baterakoak izango direla eta ez direla esanguratsuak izango, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta kultura-ondarea babesteari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Ustiapen-fasean, eremuko bizitegi- eta zuzkidura-jarduera handitzearen ondorio izango dira eraginak, eta, ziur aski, eremuko trafikoa eta mugikortasuna areagotuko dituzte, baita hondakinak, energia-iturrien erabilera eta abar ere. Nolanahi ere, inpaktu horiek txikiak izango dira, eta eremuaren inguruko egungo erabilerekin parekagarriak izan daitezke.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB laugarren aldiz aldatzeko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauei jarraikiz ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurriak sartu beharko dira Planean eta horien artean nabarmendu behar dira Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

a) Kultur ondarea babesteko neurriak:

• Eremua Juduen Hilerria – Sataustegi ustezko zona arkeologikoan dago; beraz, bete egingo da bai zona hori izendatzeko ebazpenean (EHAA, 129. zk., 1997-07-08koa) eta baita Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa.

• Hirigintza-lizentzia eman aurretik, orubearen balio arkeologikoari eta proiektuak obretan izan dezakeen eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu beharko da, hargatik eragotzi gabe Arabako Foru Aldundiak ezartzen duena.

b) Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

• Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatutako 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kalitate akustikoko helburu horiek betetzen kanpoan, salbu eta ez den Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat. Plana onesteko, zehazki bermatuko da 213/2012 Dekretuaren 36., 37. eta 45. artikuluak betetzen direla.

• Nolanahi ere, eraikinaren barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

c) Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –makinak gordetzeko gunea, obra-txabolak eta obrako materialak, landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne– ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-guneak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko zonetan.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

• Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

• Paisaia-integrazioa: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-kondizio zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira, harizti eutrofiko subatlantiarren ezaugarriak lehenetsita.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barneko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB laugarren aldiz aldatzeak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko 4 zenbakiko José Mardones BEPB laugarren aldiz aldatzea onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 25a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala